EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2019122

AGINDUA, 2019ko ekainaren 19koa, Lan eta Justiziako sailburuarena, uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan 2019. urterako aurreikusitako laguntzen deialdia egiteko dena. Dekretu horrek enpresaburuen elkarteei eta erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko modua arautzen du, enpresa-elkarteen eta sindikatuen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko.

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-06-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201903211
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2003/09/01ean argitaratutako 2003/07/29ko 200300191 DEKRETUA

Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuak (2003ko irailaren 1ean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua, 169. zenbakia) Enpresaburuen Elkarteei eta Erakunde Sindikalei dirulaguntzak emateko aukera arautzen du, Enpresaburuen Elkarteen eta Erakunde Sindikalen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko. Dekretu horrek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak 1996ko urriaren 29ko 244/1996 Dekretuarekin hasitako laguntza-neurriei jarraipena emateko helburua du. Adierazitako neurriak prestakuntza-jarduerak gauzatzen laguntzeko dira, Enpresaburuen Elkarteen eta Erakunde Sindikalen berezko helburuen barnean. Dekretu horren bitartez enpresaburuen elkarteen eta erakunde sindikalen prestakuntzako barne-programak indartzera, integratzera eta koherentzia ematera zuzendutako finantzaketa publikoko sistema bat ezartzen da, horiek beren koadroen eta langileen prestakuntzarako tresna egoki izan daitezen, modu horretan egoera soziolaboralari beharrezko laguntza emanez.
Aipatutako arauak indarraldi mugagabea du, hain zuzen ere arauaren 9.3 artikuluak ezartzen du Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren Aginduaren bitartez urtero aipatutako Dekretuan aurreikusitako laguntzen deialdia egingo dela, horiek finantzatzeko erabiliko diren eskaeren eta gehienezko kopuru globalaren aurkezteko epea adieraziz, entitate onuradunen bi kategorien artean banatuta.
Xedapen honen bidez iragarritako dirulaguntza lerroa Lan eta Justiziako sailburuaren 2019ko otsailaren 8ko Aginduan (Lan eta Justizia Saileko 2019. urterako Dirulaguntza Plan Estrategikoa onartzen duena) dago xedatuta, Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 8.1 artikuluan ezartzen duen moduan, eta manu horretan aipatutako edukiarekin.
Lan eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuaren 9.1.w) artikuluarekin bat etorrita, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzari dagokio gizarte-eragileek dituzten giza baliabideen kualifikazioa sustatzea, zenbait prestakuntza-planen bitartez, zehazki giza baliabide horiek gizartearen garapen ekonomikoaren eta ongizatearen alde egin dezaten sustatuko duten prestakuntza-planen bitartez.
191/2003 Dekretuaren 16. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira dekretuaren helburua betetzeko behar diren aurrekontu-baliabideak.
Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluan ezarrita dagoenez –Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartu zen dekretu horren bidez–, Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorrak indarrean jartzen direnean, dirulaguntzak arautzeko behar diren xedapenak emango dira, eta egon daudenak gaurkotu edo aldatu egingo dira; orobat, bere garaian indarraldi mugagabekotzat jo ziren dirulaguntzak iragarriko dira.
Abenduaren 22ko 5/2017 Legearen bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrei dagokien aurrekontu-luzapenean esleitu da 3112 Lana, 11 zerbitzua, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza programan, 45499 azpikontzeptua, Transferentziak eta dirulaguntzak irabazteko asmorik gabeko beste instituzioei, 004 partida, 191/2003 izenekoa, Formakuntza-planak enpresa-elkarteak eta sindikatuentzat; guztira, zenbatekoa 710.000 eurokoa da.
Dirulaguntza horiek ez zaizkio aldez aurretik Europako Batzordeari jakinarazi behar, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. artikuluko betekizunak betetzen ez direlako; izan ere, emandako dirulaguntza publikoak, bere izaera dela eta, ez du abantaila ekonomikorik ekartzen, ez du lehia edo estatu kideen arteko merkataritza-trukeak faltsutzen eta ezin du halakorik faltsutu.
Hori guztia dela-eta, eta aipatutako uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuaren 9.3 artikuluan aurreikusitako gaikuntza baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Helburua.
Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan xedatutako laguntzak eskuratzeko 2019ko deialdia egitea. Dekretu horren bidez, enpresarien elkarteei eta erakunde sindikalei beren jarduera eremuetako berezko gaiei dagokienez, giza baliabideen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-planak egiteko emango zaizkien dirulaguntzak arautu ziren.
Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu honek ondorioak sortzen dituenetik aurrera.
Hirugarrena.– Diru-baliabideak.
Deialdi honen xede den finantzaketari bideratutako baliabide ekonomikoak, 2019rako, 710.000 eurokoak dira; horietatik 497.000 euro 2019. urteko aurrekontu arruntetik ordainduko dira eta 213.000 euro 2020rako konpromisoko aurrekontutik, 3112 Lana 11 zerbitzua, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza programaren kontura.
Zenbateko hori entitate onuradun izan daitezkeen kategoria bien artean banatuko da, eta banaketarako formula honako hau izango da:
a) Enpresaburuen elkarteei gehienezko kopuru globalaren % 40 emango zaie, hau da, 284.000 euro.
b) Erakunde sindikalei gainerako % 60a emango zaie, hau da, 426.000 euro.
Laugarrena.– Dirulaguntzak emateko eta eskuratzeko baldintzak.
1.– Honako hauek dira aipatutako dirulaguntzak jasotzeko baldintzak:
– Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan aurreikusitakoak. Dekretu horrek enpresaburuen elkarteei eta erakunde sindikalei dirulaguntzak emateko modua arautzen du, enpresa-elkarteen eta sindikatuen giza baliabideen kualifikazioa haien jarduera-eremuen berezko gaietan hobetzera zuzendutako prestakuntza-planak garatzeko.
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean eduki beharko dituzte.
– Ezingo dute eduki zigor- edo administrazio-mailako zehapenik, laguntza publikoak edo dirulaguntzak eskuratzeko aukera galarazten dienik, eta, halaber, ezingo dira egon horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuren batean, ezta sexu-diskriminazioaren zioz sortu direnetan ere ez, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera.
– Ezingo dira egon Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. apartatuan aurreikusten duen egoera batean ere.
2.– Nolanahi ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak) 50.4 atalean ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak betetzeke dituztenak ezingo dira onuradun izan.
3.– Artikulu honetan onuradun izateko ezartzen diren baldintzak betetzen direla justifikatzeko, bestalde, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu ahalko da. Salbuespen bakarra zerga-betebeharrak edo Gizarte Segurantzarekikoak egunean direla ziurtatzeko agiria izango da.
Bosgarrena.– Kudeaketa-organoa.
Lan eta Justiziako Saileko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritza da eskaerak kudeatzeko eta izapidetzeko ardura duen organoa, eta ebazteko eskumena duena Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendaria.
Seigarrena.– Ebaluazio-batzordea.
Agindu honetan ezarritakoaren babesean aurkeztutako proiektuak analizatu eta ebaluatzeko, ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Lan eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritzako hiru teknikarik, titularrak izendatuak, osatuko dute.
Batzorde horrek ebazpen-proposamena egingo dio Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendariari, uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuaren 12.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Dirulaguntzen izapidetze telematikoa.
1.– Bitarteko elektronikoen bidez egingo dira eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta diru laguntzen deialdi honekin zerikusia duten gainerako gestioak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluak ezarri bezala.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskuratu daitezke:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/formakuntzarako-enpresaburuen-elkarteei-eta-erakunde-sindikalei-dirulaguntzak-191/2003-dekretua-2019/y22-izapide/eu
3.– Eskaeraren ondorengo izapideak honako helbide honen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
4.– Elektronikoki egingo dira erakunde interesdunei egin beharreko jakinarazpenak, eta Eusko Jaurlaritzako egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» delakoan kontsultatu beharko dira.
Jakinarazpena egin dela balioetsiko da, erakunde interesduna edo, bestela, haren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona edukira sartzen denean.
Jakinarazpena eskuragarri jartzen denetik hamar egun natural igarotzen badira erakunde interesduna edo, bestela, haren legezko ordezkaria edo baimendutako pertsona edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertu egin dela eta izapidea egin dela balioetsiko da, prozedurarekin jarraituz. Ez da hala jokatuko, ofizioz edo pertsona zein erakunde hartzaileak hala eskatuta sarbidearen ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen bada.
5.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41.6 artikuluaren arabera, ohar bat bidaliko da interesdunak emandako gailu elektronikora edota posta elektronikoaren helbidera, eta, horren bidez, dagokion administrazioaren edo erakundearen egoitza elektronikoan edo prestatutako helbide elektroniko bakarrean jakinarazpen bat dagoela adieraziko zaio interesdunari.
Zortzigarrena.– Eskaeren aurkezpena eta egiaztagirien ekarpena eta dokumentazioa.
1.– Eskabidea webguneko inprimakian egin beharko da, euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan. Bertan jasoko dira, hain zuzen ere, erantzukizunpeko adierazpenak.
2.– Dirulaguntzaren eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Prestakuntza-planaren inprimaki deskribatzailea, dekretuaren 10.a) artikuluan ezartzen dituenak barnebilduta eta agindu honen 1. eranskinak jasotzen duen formatuan. Memoria horrek 1. eta 2. dokumentuak jasoko ditu, baita 3. dokumentuaren ale bat ere eskatzen den prestakuntza-jarduera bakoitzeko.
– Eskabidearen sinatzaileak erakunde eskatzailea ordezkatu, bere izenean diru laguntza eskatu eta berau jasotzeko duen legezko gaitasuna egiaztatzen duten agiriak.
3.– Honako hauek jasoko erantzukizunpeko adierazpenak:
1) Erantzukizunpeko adierazpena, beste dirulaguntza batzuen egoerari buruzkoa, baldin eta horiek administrazio batzuei nahiz erakunde publiko nahiz pribatuei eskatu bazaizkie, eta jadanik edo izapidetzeke badaude, prestakuntza -plan berbera betetzeko edota eskabidepeko plan horren alderdietatik edozein betetzeko.
2) Erantzukizunpeko adierazpena, itzulketa-prozeduren edota prozedura zehatzailearen egoerari buruzkoa: baldin eta halako prozedura hasi badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomiadunek izaera bereko dirulaguntza eman eta gero, eta prozedura horiek oraindik izapidetzeke badaude.
3) Erantzukizunpeko adierazpena, sexu-arrazoiengatiko bereizkeria egin izanagatik administrazioaren nahiz zehapenen eremuan zigorra jaso ez izana eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen izenean debeku horrekin zehaturik ez egotea adierazten duena.
4) Erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten duen administrazio-zehapenik ez izatea edo horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik ez izatea adierazten duena.
5) Dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketa egunean duelako erantzukizunpeko adierazpena, araudiaren arabera zehazten den moduan.
6) Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13.1 eta 2. artikuluan xedatutako ezein inguruabarretan ez dagoelako erantzukizunpeko adierazpena.
7) Uztailaren 19ko 191/2003 Dekretuan eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritako betekizun eta baldintza guztiak betetzeko konpromisoa.
8) Abenduaren 17ko 698/191 Dekretuaren 2.3 artikuluan ezarritako formetatik edozein erabiliz, berme erreala eratzeko konpromisoa hartzea.
4.– Dirulaguntza jasotzeko eskaera aurkeztean baimena emango diote organo kudeatzaileari zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egon behar duela dioen betekizuna betetzen duela egiaztatzeko behar beste ziurtagiri eskatzeko. Horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik. Kasu horretan, ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, araudian aurreikusitako baldintzetan.
5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Hirugarrenen Erregistroan egon beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden bankuko datuak aldatu nahi baditu, honako helbide honetan agertzen den formularioa bete beharko du:
http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/
Bederatzigarrena.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuak ezartzen dituen betebeharrez gain, laguntza hauen onuradun suertatzen diren erakundeek bete egin beharko dute Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. 18. eta 46. artikuluetan ezarritakoa, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena) 50. artikuluan ezarritako betebeharrak ere.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Uztailaren 29ko 191/2003 Dekretuan (dekretu horren bidez, beren jarduera-eremuetako gaiei dagokienez giza baliabideen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-planak gara ditzaten, enpresa-elkarteentzako eta sindikatuentzako dirulaguntzen emakida arautzen da) ezarritakoari ez ezik honako hauek xedatutakoari ere men egingo diote agindu honek hizpide dituen dirulaguntzek: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua) VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Dirulaguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta 887/2006 Errege Dekretuan (azken horren araudia onartzen duena) jasotako oinarrizko arauketa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Deialdi honen izapidean jasotzen diren datu pertsonalak (parte-hartzaileek tratatzeko baimendutakoak) fitxategi batera sartuko dira. Dirulaguntzen deialdi hau edo honekin zerikusia daukan bestelako edozein administrazio-prozedura edo -espediente kudeatzea izango da fitxategi horren xedea, bai eta deialdian parte hartu duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea ere. Lan eta Justizia Sailaren Laneko eta Gizarte Segurantzako Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuak begiratzeko, zuzentzeko eta ezeztatzeko eskubideak erabili ahalko dira, http://www.euskadi.eus web-orrialdean datuen babesari buruz jasotzen den informazio gehigarri eta xehean azaltzen den bezala.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka, berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarri ahalko diote interesdunek Lan eta Justiziako sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, edo zuzenean administrazioarekiko auzietarako errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan, aldizkari ofizial berean argitaratu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123. eta 124. artikuluek ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 19a.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.