EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2019122

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 13koa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, «René Cassin» sarirako 2019ko deialdia egiten duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2019-06-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201903202
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/10/24an argitaratutako 2013/10/16ko 201300427 DEKRETUA

2013ko urriaren 16ko 427/2013 Dekretuak arautzen du Giza Eskubideen «René Cassin» saria, zeinaren helburua baita jendaurrean aitortzea eta nabarmentzea pertsonek eta elkarteek giza eskubideen arloan egin duten lan esanguratsua eta ibilbide pertsonal edo profesionalaren bidez giza eskubideen sustapen, defentsa eta zabalkundean hartu duten konpromisoa.
Dekretu horren 3. artikuluan jasotzen denez, urtero, Giza Eskubideen arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak saria emateko deialdia egingo du, ebazpen bidez; halaber, deialdian ezarriko da zenbat diru emango den sariaren bidez, eta hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia zein diren.
Halaber, aipatutako dekretuaren 6.1 artikuluak ezartzen duenez, saria zein hautagaik merezi duen erabakitzeko, epaimahai bat eratuko da, eta, bertan, giza eskubideekin zerikusia duten ospe handiko 9 pertsonak hartuko dute parte. Giza eskubideen gaian eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen baten bidez izendatuko dira epaimahaikideak.
Horrenbestez, 2019ko ekitaldian, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du sarirako deialdia, eta epaimahaikideak izendatu.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da «René Cassin» sarirako 2019ko deialdia egitea.
2. artikulua.– Diru-zenbatekoa.
Sariaren diru-zenbatekoa 12.000 eurokoa da.
3. artikulua.– Izapidetze presentziala edo elektronikoa.
1.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona juridikoek bitarteko elektronikoen bidez kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Hautagaitzak aurkeztu nahi dituzten pertsona fisikoek kanal presentziala edo elektronikoa erabili ahal izango dute. Kanal bat edo bestea erabiltzeak ez du esan nahi prozeduraren hurrengo izapideetan bide bera erabili behar denik, edozein unetan alda baitaiteke.
3.– Hautagaitzak aurkezteko moduari buruzko xehetasunak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke:
https://www.euskadi.eus/renecassinsaria/2019/y22-izapide/eu
4.– Eskabidea egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta
4. artikulua.– Hautagaitzak aurkezteko eta formalizatzeko epea.
1.– Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkezten diren hautagaitzak euskadi.eus-eko egoitza elektronikoan sartuta egingo dira.
3.– Hautagaitzak kanal presentzialen bidez aurkezten badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan zehaztutako tokietan aurkeztu ahal izango dira.
5. artikulua.– Hautagaitzak eta aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari bidali beharko zaio hautagaitza, eta inprimaki normalizatuan bete beharko da, zeina euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuragarri baitago.
2.– Hautagaitza horrekin batera, hauek aurkeztu behar dira:
– Sarirako hautagaiak egindako ekarpena zehazten duen dossierra.
– Proposatutako pertsonaren aldeko atxikimenduak edo abalak.
6. artikulua.– Epaimahaia.
Hauek izango dira epaimahaiko kideak:
Mahaiburua: Jonan Fernández jauna, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia.
Bokala: Silvia Escobar Moreno andrea, Giza Eskubideen inguruko gaietarako Espainiak 2011ra arte izandako misio bereziko enbaxadorea.
Bokala: Jon Mirena Landa Gorostiza jauna, UPV/EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Katedraren zuzendaria.
Bokala: María Oianguren Idígoras andrea, Gernika Gogoratuz-en zuzendaria.
Bokala: Juan José Alvarez Rubio jauna, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedraduna eta Zuzenbidean doktorea.
Bokala: Izaskun Landaida Larizgoitia andrea, Emakunde - Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendaria.
Bokala: Mikel Mancisidor de la Fuente jauna, Nazio Batuen Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kidea.
Bokala: M.ª del Carmen Hernández andrea, Jesus María Pedrosa jaunaren alarguna.
Bokala: Francisco Javier Galparsoro García jauna, CEAR- Euskadi-ren presidentea.
Idazkaria: Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan berariaz arautzen ez den guztirako, honako hauetan xedatutakoa aplikatuko da: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, zeinaren bidez onartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua; eta 427/2013 Dekretua, 2013ko urriaren 16koa, zeinaren bidez arautzen baita Giza Eskubideen «René Cassin» Saria.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 13a.
Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,
MÓNICA HERNANDO PORRES.