EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2019121

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 29a, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira 2019ko ekitaldiko dirulaguntzak emateko deialdiko oinarriak Euskal Autonomia Erkidegoko tokian tokiko parte-hartze komunitarioko prozesuen esparruan garatzen diren osasuna sustatzeko jarduketak burutzeko.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2019-05-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201903169
Maila: Agindua
Euskadiko Osasun Antolamenduari buruzko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 2. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, EAEko aginte publikoei dagokie osasuna sustatu eta indartzea jarduera sozio-ekonomikoan diharduten sektore guztietan, honako helburu hauek lortzeko: bizi-ohitura osasungarriak suspertzea, arrisku-faktoreak desagerraraztea, ondorio kaltegarrien eragina deuseztatzea, eta, batik bat, osasunaren garrantziaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea. Zehatzago, artikulu horren bigarren apartatuak dioenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren ardura da osasun-arloko esparru instituzionala zaintzea EAEn, gomendioak emanez edo neurriak hartuz, sektore politiko guztietan osasuna aintzat har dezaten, eta, era berean, diziplina anitzeko ekintza positiboen diseinua bultzatuz, ekintza sanitarioen osagarri, biztanleen osasun-maila etengabe hobetzeko.
Aipatutako legearen 3. artikuluan adierazten da osasun-arloko euskal administrazioari dagokiola osasun publikoaren babes orokorra bermatzea, osasuna sustatzeko neurrien bidez. Halaber, lege horren 14. artikuluan adierazten da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko organo guztiak, bakoitza dagokion sektoreko ikuspuntutik, elkar hartuta arituko direla osasun-hezkuntzaren eremuan sistematikoki gauza ditzaketen ekintzetan, funtsezkoak baitira pertsona bakoitzaren eta komunitatearen osasuna hobetzeko.
Azkenik, 15. artikuluan xedatzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-korporazioek osasunaren eta osasungarritasunaren kontrolerako eskumenak gauzatuko dituzte, zehazki antolamendu juridikoak esleitzen dizkienak, jarduera osagarriak gauzatzeko duten ahalmen instituzionala eragotzi gabe, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoak haiei eskuordetutako eskumenak ere gauzatuko dituzte. Toki-korporazioak, halaber, Euskadiko Osasun Planaren helburuetara egokituko dira halako jarduketa guztietan, eta EAEko Osasun Sailaren koordinazioaren eta goi-mailako ikuskaritzaren mende jarriko dira. Eginkizun horiek gauzatzeko, toki-korporazioek EAEko osasun-sistemako langileen laguntza teknikoa eta bitartekoak jaso beharko dituzte. Halaber, lankidetza-tresnak sustatuko dira, eta, hala badagokio, behar diren koordinazio-organo espezifikoak sortuko.
Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 80/2017 Dekretuaren 9.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, hauek dira Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren egiteko espezifikoak, besteak beste: ingurune egokia dakarten gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-baldintzak sortzeko ekintzak sustatzea, eta komunitatearen ekimenak indartzea komunitateei aukera emanez aktiboki parte har dezaten euren osasun-premiei erantzuten dieten prozesu komunitarioak diseinatzen, abian jartzen eta ebaluatzen.
Toki-gobernuek eragin zuzena dute herritarren osasunean, zenbait arlotan garatzen duten politikaren bidez, hala nola osasunean, hezkuntzan, gizarte-ongizatean, garraioan, ingurumenean, kulturan, hirigintzan, etxebizitzan, kirolean, segurtasunean eta abar. Zenbait politika, ordea, ez dira erabat toki-gobernuen eskumenekoak, baina, hala ere, halako politiken zerbitzuak tokian-tokian ematen dira; hortaz, politika horiek koordinatuz gero, sinergia positiboak lortuko dira osasunaren alde.
Agindu honen xedea da, beraz, osasuna indartzea tokian tokiko jarduketetan eta osasun-arlokoak ez diren gainerako eremuetan. Ekimen hau loturik dago Europar Batasunak gomendaturiko «Osasuna politika guztietan» estrategiarekin, bai eta Osasunaren Mundu Erakundearen Osasunaren Determinatzaile Sozialen gainean Batzordeak egindako txostenarekin ere. Osasuna politika guztietan estrategiaren oinarrian, egiaztapen hau dago: osasunean eragiten duten faktoreak, funtsean, osasun-sektorearen eragin-eremutik kanpo daude.
Osasuneko 2013-2020 Planaren 1.2 helburua da ekitatea indartzea Euskadiko Osasun Sisteman. Hainbat ekintzetan garatzen dira helburu horiek. 2.6 ekintzan ezartzen da osasunean ekintza komunitarioa garatuko dela herritarren osasunaren gaineko esku-hartzeen bidez, zeinetan toki-eragile guztiak barne hartzen baitira.
Halaber, plan horren 1.4 helburua da pertsonen parte-hartzea eta ahalduntzea indartzea, genero-ezberdintasunak eta kolektibo eta egoeren aniztasuna aintzat hartuta. 1.4.6 ekintzaren xedea da parte-hartze komunitarioa artikulatzea eta indartzea esparru guztietan, bai existitzen diren tresnen bidez, bai mekanismo berrien bidez, herritarrek parte har dezaten osasuna sustatzeko esku-hartze komunitarioen planifikazio- eta inplementazioa-faseetan.
Osasuneko sailburuaren 2019ko martxoaren 5eko Aginduaren bidez onartu zen Osasun Sailaren dirulaguntzen 2019ko ekitaldiko plan estrategikoa, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratu. Plan horretan honako hau jasotzen da I. eranskineko 3.1.2 epigrafean: «Tokiko eremuan osasuna sustatzeko dirulaguntzak».
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 2ko 5/2017 Legean jasotzen da, 2019rako luzapenean, laguntza hauetarako aurrekontu-kreditua.
Horregatik, eta aurreko urteetan erdietsitako esperientzian oinarrituta, deialdi honen ardatza da parte-hartze komunitarioko prozesuak era daitezen ahalbidetzea, bertatik artikulatzeko osasuna sustatzeko estrategiak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete. Parte-hartze komunitarioa da komunitateak parte hartzea bere beharrizanei erantzuten dien prozesuak aztertzen, diseinatzen, martxan jartzen eta ebaluatzen, helburu partekatuak ezarriz eta era kooperatiboan jardunez, horrela, baliabideak hobeto aprobetxatzeko.
Deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jarduketen esparru juridikoa bat dator honako xedapen hauek emandako oinarrizko arauekin: 1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, dirulaguntzei buruzkoa; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duena, eta 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena.
Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (EBFT) 107.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, deialdi honen xede diren laguntzak ezin dira Estatuko laguntzatzat hartu, izan ere, deialdiak diruz lagun ditzakeen xedea edo jarduerak urrun daude jarduera ekonomikotzat har daitekeenetik eta erakunde onuradunak ez dira enpresak, publikoak baitira. Horregatik, espedienteari ez zaio inolako izapiderik egin behar Europar Batasunaren aurrean.
Horren arabera, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Dirulaguntzaren esparrua eta xedea.
1.– Agindu honen xedea da EAEko toki-erakundeentzako, toki-erakunde autonomoentzako eta tokiko merkataritza-sozietateentzako laguntza ekonomikoak iragartzea, tokiko ekintza komunitarioa indartzeko eta, 2019an, osasuna sustatzeko proiektuak garatzeko, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete.
2.– Laguntza hauen xedea da honako hauek finantzatzea 2019ko ekitaldian:
a) PKPk sortzera eta/edo dinamizatzera bideratutako jarduketak, osasuna sustatzeko ekintzak eta estrategiak tokian-tokian planifikatu eta garatzeko.
b) Osasuna sustatzeko jarduketak, zeinek, helburu komunitarioak izanda, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuten baitiete eta PKPen esparruan garatzen baitira.
Parte-hartze komunitarioko prozesua, aurrerantzean PKP, egitura inklusibo eta partaidetzazko gisa definitzen da, eta komunitateko hainbat eragile biltzen ditu, hala nola, administrazioak, hainbat esparru edo sektore (hezkuntza, gizartea, osasuna, kultura, ekonomia...) eta herritarrak, gizarte-erakundeak barne, komunitatearen beharrizanei, asmoei, arazoei edo bere interesekoak diren gaiei erantzuteko xedearekin.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako hauek eska ditzakete laguntzak PKPk eta prozesu horien ondoriozko osasuna sustatzeko jarduketak garatzeko: Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, mankomunitateek, bestelako toki-erakundeek, toki-erakunde autonomoek eta tokiko merkataritza-sozietateek.
2.– Baldintza hauek bete beharko dituzte tokiko merkataritza-sozietateek: euren kapitala titulartasun publikokoa izatea; parte hartzen duten udaletako osoko bilkurek izendatuak izatea eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko, eta merkataritza-erregistroan eratuta eta inskribatuta egotea.
3.– Erakunde onuradun izatera iristeko eta onuradun-egoera horri eusteko, erakundeak beteta izan beharko ditu legezko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, baita dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak ere.
4.– Ezin izango dira erakunde onuradun izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 13. artikuluan jasotako egoeraren batean daudenak.
5.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte dirulaguntzen onuradun deklaratuak izateko laguntzak emateko ebazpenaren bidez. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira eskakizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.
6.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.
7.– Erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute erakundeek –eskabide-formularioan jasota dago–, eta, han, honako hauek justifikatu: ez dutela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik eta, bereziki, dirulaguntzak itzultzeko obligazioak ordainduta dituztela. Hori guztia, agindu honen 7. eta 10. artikuluetan aipatutako egiaztatze-jarduketak eragotzi gabe.
8.– Ezingo dituzte laguntza hauek eskuratu zigor- eta administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden entitateek, ez eta horretarako ezgaitzen dituen debekuren baten eraginpean daudenek ere, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legea dela-eta, sexuaren inguruko diskriminazioa egiteagatik gertatutakoak barne.
3. artikulua.– Dirulaguntzaren aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.
Guztira 292.000 (berrehun eta laurogeita hamabi mila) eurokoa izango da 1. artikuluan adierazitako jarduketetarako aurrekontu-zuzkidura.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Diruz lagundu daitezke hauen ondoriozko gastuak:
a) PKP dinamizatzea, helburu hauekin:
1)Komunitateko eragileak erakartzea eta PKP ahalbidetzen duten aliantzak ezartzea.
2) Komunitateko aktiboak identifikatzea pertsonen eta komunitateen gaitasuna indartzen duten faktore eta errekurtso gisa, osasunari eta ongizateari eusteko (aktiboen mapatzea).
3) Komunitatearen beharrizanak, asmoak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea.
b) Osasuna sustatzeko jarduerak egitea, jarduerok PKPren eraginez sortuak izanik eta jarduketa-esparru ezberdinetara bideratuak, komunitatearen beharrizanen, asmoen, arazoen edo bere interesekoak diren gaien arabera, hala nola, jarduera fisikoa, elikadura osasuntsua, ongizate emozionala, osasuna edo ongizatea ahalbidetzen duten inguruneak, etab.
c) Toki-hedabideetan zabaltzea PKPren edo burutzen ari diren jarduketen berri, herritarren parte-hartzea sustatze aldera.
2.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Langile-kostuak ordaintzera bideratuak, langile-egiturak sortzea edo horiek egonkor mantentzea ekartzen dutenak.
b) Banku-kontuen interes zordunak; finantza-gastuak; administrazio-lizentziak; errekarguak, eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne direla: ordainketetan berandutzearen ondoriozko zehapenak; zerga, tributu eta tasak edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozeduren gastuak.
c) Balioespen-batzordearen ustez, laguntzaren xedearekin edo jardueraren exekuzioarekin bat ez datozen bestelako gastuak, edo ekonomia- eta efizientzia-printzipioen kontrakoak direnak.
3.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2013 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 83. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
5. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekin bateragarri izatea.
1.– Agindu honen bidez iragarritako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek –Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada (gainfinantzaketa).
2.– Baldin eta lortutako laguntza guztien batura handiagoa bada jardueraren aurrekontu osoa baino, dirulaguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez ditu muga hauek gaindituko: eskatutako zenbatekoa; diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100; proiektu bakoitzeko 8.000 euroko zenbatekoa; erakunde onuradun bakoitzeko 15.000 euroko zenbatekoa, proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero.
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
1.– Proiektu bakarra aurkeztuko da PKP bakoitzeko. Proiektu horren barnean sartuko dira dirulaguntza eskatzen duten jarduketak.
2.– PKPri dagokion proiektu bat baino gehiago eskatu ahal izango du erakunde eskatzaile bakoitzak.
3.– Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –I. eranskinean zehazten da argibideetarako eredua, eta eskuragarri dago 21.4 artikuluan adierazten den zuzeneko sarbidean–, eta gainera, honako dokumentu hauek aurkeztu:
a) Jarduketaren azalpen-memoria, agindu honen II. eranskinaren arabera, behar bezala beteta. Eranskin hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitza elektronikoan, agindu honen 21. artikuluan adierazitako moduan –izapideak elektronikoki egiteari buruzkoa–.
b) Onespen-akordioa, hau da, eskatutako dirulaguntzaren xede den jarduketa bera eta jarduketa hori finantzatzeko erakunde eskatzaileak egingo duen ekarpena onestekoa.
c) Proiektua PKP baten barnean egiten ari dela azaltzen duen dokumentazioa, inplikatutako eragileek sinatua; hor erantsiko da, halaber, proiektu hori egiteko konpromisoa, inplikatutako eragileak eta jardueren kronograma jasotzen dituen Dokumentua/Akta.
d) Erakunde eskatzailea tokiko merkataritza-elkarte bat bada, aurreko ataletan eskatutako dokumentazioaz gain, jarduketa gauzatuko den udalerriko edo udalerrietako osoko bilkuraren onarpen-akordioak aurkeztu beharko ditu, hau da, jarduera hori erakunde horrek gauzatuko duela adierazten dutenak.
e) Eskatutako finantzaketaren xede den jarduketa hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Eskabide bat aurkeztu behar da proiektu bakoitzeko.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, agindu honen izapide elektronikoei buruzko 21.4 artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez.
4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten erakundeen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz, baldintza hauek betez gero:
a) Ordezkariak, baldin eta erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez identifikatu baldin bada, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.
b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka, ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.
5.– Erakunde eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Orobat, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu eta ondorengo jarduketetan, eta prozedura osoan, Euskararen erabilera normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.
Eskabidean oinarri hauetako eskakizunak betetzen ez badira, osorik ez badago edo akatsik badauka, eskatzaileari errekerimendua egingo zaio, eta hamar eguneko epea eman, gabezia zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, aurretik Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena emanda.
Eskabidea aurrez aurre aurkezten bada, ezarritako bide elektronikoa erabili gabe, akatsak aurkezpen elektronikoaren bidez zuzentzeko eskatuko zaio. Horretarako, zuzenketa egin den eguna hartuko da eskabidearen aurkezpen-eguntzat.
10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.
Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, honek dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan betekizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, aldiz, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez. Eskabide horretan barne hartzen dira erantzukizunpeko adierazpenak, hauei buruzkoak gutxienez:
1.– Erakunde eskatzaileak egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
2.– Erakunde eskatzaileak egunean ditu dirulaguntzak itzultzeko obligazioen ordainketak.
3.– Erakunde eskatzailea ez dago Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren batean.
4.– Ea erakundeak xede bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideak eskatu dizkien bestelako administrazio publikoei edo entitate publiko edo pribatuei –Espainiakoak, Europar Batasunekoak edo nazioartekoak–, eta ea horiek jaso dituen; erantzuna baiezkoa izanez gero, zenbatekoa zehaztu.
5.– Ea erakundea itzultze- edo zehapen-prozeduraren baten pean dagoen, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetzen ari den itzultze- edo zehapen-prozeduraren baten pean; erantzuna baiezkoa izanez gero, prozedura hori edo horiek identifikatu.
Tratamendu horretatik salbuetsita daude 7. artikuluaren d) eta e) letretan adierazten diren dokumentuen bidez egiaztatzekoak diren betekizun eta baldintzak; dokumentu horiek eskabidearekin batera aurkeztu behar ditu erakundeak.
Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo dira.
Funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago erantzukizunpeko adierazpen batean edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Halaber, egoera horren berri ematen duen administrazio publikoaren ebazpenak ezar dezake erakunde interesdunak itzuli behar duela dirulaguntza –hala balegokio– eta denbora-tarte jakin batez ezin izango duela helburu bereko beste prozedura bat abian jarri; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehazten dira, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagozkion esaten. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen, eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko:
a) PKP bat sortu eta/edo dinamizatzeko jarduketak: 40 puntu, gehienez.
Prozesu inklusibo eta partaidetzazkoak erabiltzea, honako hauetara bideratuak:
1) PKP bat sortu eta dinamizatzea: 10 puntu, gehienez.
2) Osasuna era positiboan bideratzea. Mankomunitatearen osasunerako aktiboak identifikatzea (aktiboen mapatzea): 15 puntu, gehienez.
3) Komunitatearen beharrizanak, arazoak edo bere interesekoak diren gaiak identifikatzea: 10 puntu, gehienez.
4) Jarduketak lehenestea: 5 puntu, gehienez.
b) Osasuna sustatzeko, PKP baten esparruan garatutako jarduketak: 40 puntu, gehienez.
1) Proiektuaren egokitasuna eta garrantzia. 20 puntu, gehienez.
a) Proposatutako jardueraren justifikazioa, zer egoeratan eragin asmo duen identifikatuta eta deskribatuta: 5 puntu, gehienez.
b) Xede zehatzak eta aginduaren helburuarekin lotutakoak: 5 puntu, gehienez.
c) Jarduera garatzeko faseen deskribapena: 5 puntu, gehienez.
d) Jarduera ebaluatzeko proposamena: 5 puntu, gehienez.
2) Partaidetza-oinarria. Herri onuradunak era aktiboan parte hartzen du proiektuaren garapen-etapetan, eta ez jarduketaren jasotzaile soil gisa: 10 puntu, gehienez.
3) Gizarte-, hezkuntza-, osasun-esparruko eta/edo esparru soziosanitarioko eragile komunitarioekin koordinatzea osasuna sustatzeko jarduketa diseinatu, garatu eta ebaluatze ebaluatzeko garaian: 10 puntu, gehienez.
c) Zabalkunde-plana: hitzaldiak, parte-hartzea sustatzeko jardunaldiak, informazio inprimatua, toki-hedabideetan publizitatea egitea: 10 puntu, gehienez.
d) Ekitate-ikuspegia aplikatzea proiektuaren garapenean: 10 puntu, gehienez.
1) Desberdintasun sozioekonomikoak, MEDEA indizearen arabera neurtuak: 5 puntu, gehienez.
a) 4. eta 5. kintilak: 5 puntu.
b) Gainerako kintilak: 0 puntu.
2) Arreta berezia desberdintasun-ardatzei: klase soziala, generoa, adina, etnia/kultura, lurraldea, dibertsitate funtzionala, orientazio/identitate sexuala, ideologia/sinesmenak: 5 puntu, gehienez.
2.– Guztira 30 puntu edo gehiago lortzen dutenak soilik lagundu ahal izango dira diruz.
12. artikulua.– Eskabideak balioestea, dirulaguntzak emateko prozedura eta horien kuantifikazioa.
1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak, eta honako kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Juan Jose Aurrekoetxea Agirre), batzordeburu jardungo duena, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck, Elena Albisua Cortazar eta Juan Carlos Fernández Crespo).
2.– Balioespen-batzordeak dagokion artikuluan ezarritako balioeste-irizpideen arabera balioetsiko ditu eskabideak.
3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.
4.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa izanik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.
5.– Deialdi honetan ezarritako laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 51.4 artikuluari jarraituz.
6.– Hau da zenbatekoak zehazteko prozedura:
a) Garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskabide bakoitzari, 11.1 artikuluan ezarritako irizpideen eta haztapenen araberako puntuazioa esleituko zaio.
b) 11.2 artikuluan ezarritako gutxieneko puntuazioak lortzen dituzten eskabideak handienetik txikienera ordenatuko dira, lortutako puntuazioaren arabera.
c) Banakako zenbatekoa zehazteko, kontuan hartuko dira: ordena hori, 6. artikuluan aurreikusitako mugak eta eskatutako aurrekontu diruz lagungarriaren zenbatekoa, 3. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura agortu arte.
d) Banaketan erakunde batentzat ezarritako muga gainditzen bada, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko proportzionalki murriztuko da zenbatekoa.
7.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua egin ondoren ezarritako irizpideen arabera, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera ebazpen-proposamena egingo dio, balioespen-batzordeak Osasuneko sailburuordeari, eta honako hauek adieraziko dizkio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, zein diren elkarte onuradunak, finantzatuko den proiektu bakoitzari zenbat diru emango zaion, eta, hala badagokio, zein diren dirulaguntza ukatu zaien proiektuak eta zergatik ukatu zaien.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publizitate-prozedura.
1.– Aurkeztutako eskabideak prozedura bakar batean izapidetuko dira, eta interesdunek azaldutako gai guztiak erabakiko dira haren ebazpenean. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
2.– Ebazpenean ezarriko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren erakunde onuradunak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatzen bada, zergatia azaldu beharko da.
3.– Gehienez ere lau hilabetekoa izango da prozedura ebatzi eta ebazpena erakunde interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ez bada, dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 25.5 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta hori izango da erakunde interesdunei jakinarazteko modua.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak erakunde onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakundeek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.
14. artikulua.– Dirulaguntza justifikatzea.
1.– Diruz lagundutako jarduera benetan burutu dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatu izanaren deskribapen-memoria, izapide elektronikoei buruzko 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoko III. eranskinean jasotakoa. Gizonen eta emakumeen egoeran duen eragina ezagutzeko, informazioa sexuaren arabera bereizita emango da memoria horretan, hala badagokio, betiere.
b) Dirulaguntzaren xede den proiektuaren helburua eta asmoa bete direla dioen ziurtagiria, toki-erakundeko idazkariarena edo erakunde eskatzailea ordezkatzen duen pertsonarena.
c) Faktura edo baliozko beste ordainketa-egiaztagiri batzuen kopiak, toki-erakundeko idazkariak edo erakunde eskatzailearen ordezkariak sinatuak. Dokumentu horiek egiaztatu behar dute justifikatzeko aldia amaitu baino lehen benetan ordaindu dela dirulaguntza eta haren xede den proiektua benetan gauzatu dela.
d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.
e) Dokumentu osagarriak, proiektua egin dela egiaztatzen dutenak, honako hauek barne direla: material grafikoa, bileren aktak eta bertaratutakoen zerrenda edo prozesuan sortutako beste agiri batzuk.
2.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jarduketetan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2019. urtean sortutakoak badira.
3.– Justifikazio-agiriak aurkezteko epea 2020ko urtarrilaren 31n amaituko da, eta egun horixe izango da dokumentu horiek onartzeko azkena.
4.– Dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da, 21.5 artikuluan azaltzen den moduan.
5.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
15. artikulua.– Justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetako akatsak zuzentzea.
Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak ikusten badu justifikatzeko aurkeztutako dokumentuetan akatsak daudela edo datuak falta direla, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango dio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, akatsa zuzendu edo falta diren dokumentuak aurkez ditzan.
Eskakizun hori ez badu garaiz eta behar bezala betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntzaren % 70, ematen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu eta gero, eta onuradunak laguntza onartu eta gero.
2.– Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin eta gero, erakunde onuradunak justifikatu eta gero diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
3.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.
17. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk alde batera utzi gabe, eta, batez ere, ezertan galarazi gabe Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluek ezarritakoa, honako betebehar hauek izango dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren erakundeek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek, dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hamar egun balioduneko epean, berariaz laguntzari uko egiten ez badiote.
2.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta jasotako laguntza guztia horretara bideratzea.
3.– Eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean aldaketaren bat izan bada dirulaguntzak ematean, horren berri ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
4.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean gehienez ere.
5.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzan justifikatzea dirulaguntza emateko edo baliatzeko bete beharreko eskakizunak eta baldintzak betetzen dituztela, bai eta jarduketa egin dutela ere.
6.– Osasun Sailari laguntzea jarduketa horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.
7.– Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten dokumentuak –dokumentu elektronikoak barne– bost urtez gordetzea, egiaztapen- eta kontrol-jarduketen xede izan baitaitezke.
8.– Osasun Sailaren babesa dutela aipatzea egiten dituzten agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: http://goo.gl/z10BRe
9.– Aurkeztutako dokumentazioaren informazio tekniko eta grafikoa erabiltzeko eskubidea ematzea Osasun Sailari, dohainik eta era ez-esklusiboan, eta argitaratzeko moduko formatuan, Osasun Sailaren informazio-sisteman sartu eta erabiltzeko, eta bai zabaldu eta/edo argitaratzeko ere formatu bibliografiko, ikus-entzunezko, informatiko edota teknika erabiltzen uzten duen edozein bide baliatuz.
10.– Euskadi Aktiboa plataforman, https://goo.gl/KgiJDU orrian, baliabide komunitario gisa ikusaraztea PKP, eta jarduera gisa horren ondoriozko jarduketak.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta aldatzen badira dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:
a) Dirulaguntza emateko aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontua baino baxuagoa bada gastuen justifikazioa, % 25 edo gutxiagoko aldearekin, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, proportzio beraren arabera murriztuko da emandako dirulaguntzaren zenbatekoa, dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.
b) Aurkeztutako aurrekontua baino handiagoa bada, aldiz, % 25 baino gehiagoko aldearekin, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, dirulaguntzen alorreko berandutze-interesa gehituta.
Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Dirulaguntza jaso duen jarduketaren segimendua.
Komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu Osasun Sailak, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jarduketen edukiari eta emaitzei.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorreko (EB) eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoko xedapenekin bat, agindu honetako dirulaguntzak eskatzeko ematen diren datuak ez zaizkio lagako ez beste pertsona ez beste erakunde bati, eta, soil-soilik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak laguntzok kudeatzeko erabiliko dira, haren ardura baita datuok tratatzea. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin bat egin behar da interes publikoaren alde egindako misioa edo tratamenduaren arduradunari emandako botereak baliatzeko egindako misioa betetzeko behar den tratamendua.
Nahi duen orok datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubideak egikari ditzake, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko eskubideak ere, informazio gehigarrian azaldu bezala. Web-orri honetan dago informazio hori: https://goo.gl/qn4as2
21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliz eskatu, kontsultatu eta egin beharko dituzte prozedura honen izapide guztiak.
2.– Ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa eskuragarri dago euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan: https://goo.gl/A544R9
3.– Sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira erakundeak. Identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan: https://goo.gl/pLkRtJ
4.– Laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude: https://goo.gl/qn4as2
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: http://www.euskadi.eus/micarpeta
22. artikulua.– Ez-betetzeak eta diru-itzulketak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen entitate onuradunak eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea galduko du. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berarekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den betebeharren bat bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.
3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.
4.– Era berean, itzulketa egin beharko da baldintzak aldatzen badira, era honetan: gastuen justifikazioa aurkeztutako aurrekontua baino baxuagoa bada, 18. artikuluan adierazten den bezala:
Artikulu horretako a) apartatuan aipatzen den kasuan, laguntzaren zenbatekoari dagokionez, soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da laguntza aldatzeko ebazpenaren arabera, zeina deialdiaren 11. artikuluan jasotzen diren eskabideak balioesteko irizpideei jarraituz bideratuko baita.
b) apartatuan aipatzen den kasuan, itzulketa erabatekoa izango da; hau da, osorik itzuli beharko dira jasotako zenbatekoa edo zenbatekoak.
5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da, zeinetan arautzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen.
6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Honako xedapen hauen mende egongo dira agindu honen bidez iragarritako deialdia eta hura garatzeko jarduketak: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 29a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.
I. ERANSKINA
TOKI-EREMUAN JARDUERA FISIKOA SUSTATZEKO LAGUNTZAK ESKATZEKO FORMULARIO-EREDUA
II. ERANSKINA
TOKI-EREMUAN OSASUNA SUSTATZEKO PROIEKTUAREN AZALPEN-MEMORIA
III. ERANSKINA
TOKI-EREMUAN OSASUNA SUSTATZEKO PROIEKTUA GAUZATU DELA JUSTIFIKATZEKO MEMORIA