EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2019121

AGINDUA, 2019ko ekainaren 18koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntza berriak eta laguntza-berritzeak arautu eta horietarako deialdia egiten baita 2019-2020 ikasturterako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-06-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201903167
Maila: Agindua
Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Kalifikazioa gorabehera, definizio horretan biltzen dira, haien karrerako edozein etapatan, ikerkuntzan eta garapenean profesionalki ari diren pertsona guztiak. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzak arlo horretan daraman zientzia-politikako beste urrats bat da ikerketa-jarduerak sustatzea, prestakuntza-aldiko hasierako etapetan ikertzaileak kontratatuz. Doktoregoa, berriz, ikerkuntza-karreran sartzeko atea da, eta zientziako edozein arlotan ikerketa erabat garatzera bideratu behar du.
Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko programa hau ikerkuntzako giza baliabideak sustatzeko politikan sartzen da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako 2019-2022 Unibertsitate Planean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planean; ildo horretatik, programaren helburua da lanbide-jarduera ikerkuntzara bideratu nahi duten goi-mailako tituludunen berariazko prestakuntza bultzatzea. Ekintza hori garrantzi handikoa da; izan ere, EAEk oraindik ahalegin handiak egin behar ditu ikerketarako giza baliabideak Europako beste herrialde batzuetan emendatu diren adina emenda daitezen. Halaber, errelebo-belaunaldi baten prestakuntza sustatu behar du zientzia- eta teknologia-gaietan. Hori guztia Ikertzailearen Gutun Europarrari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren arabera.
Deialdi honetan, jarraipena ematen zaio 2018an atera zuten neutronikan eta partikula-azelerazioan ikerketa indartzeko laguntza-lerro espezifikoari; izan ere, gaur egun, interes bereziko arloa da hori Europar Batasunean, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan. EAEren etorkizun zientifiko, teknologiko eta industrialerako balio estrategikoa du arlo horrek, euskal I+G+b etorkizunean garatzeko aukera bat izateaz gain. EAEn arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko xedea da Europako Batzordeak Europako ESS Lund neutroi bidezko espalazio-iturriaren eragiketari dagokionez ezarritako xede zientifikoak finkatzeko.
Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen (aurrerantzean, ZTBL) 20. artikuluan, ikertzaileen lan-izaerako lan-kontratuen modalitateak eta horiei aplika dakiekeen araubide juridikoa definitzen dira, eta, 21. artikuluan, berriz, doktoratu aurreko lan-kontratuaren modalitatean egindako kontratuen egoera juridikoa, kontratuen betekizunak, ordainsariak, dedikazioa eta aipatutako kontratuaren iraupena. Halaber, Doktoratu aurreko prestakuntza jasotzen ari diren langile ikertzaileen estatutua onartzen duen martxoaren 1eko 103/2019 Errege Dekretuaren (aurrerantzean EPIF) xedea izango da aurreko idatzi-zatian zehaztutako lan-harremanaren araubide juridikoa garatzea eta Doktoratu aurreko prestakuntza jasotzen ari diren langile ikertzaileen izaera definitzea.
Eskaera egiteko, Saileko egoitza elektronikoaren bitartez eskura daitekeen inskripzio-inprimakia bete beharko da, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 28.1 artikulua aplikatuz; izan ere, dekretu horrek ezartzen duenez, interesdunak derrigorrez elektronikoki komunikatu beharko dira, baldin eta pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen kolektiboak badira, eta pertsona horien gaitasun ekonomikoa edo teknikoa, lanbide-jarduera edo egiaztatutako bestelako arrazoiak direla-eta, pertsona horiek bermatuta badaukate sarbidea eta beharrezko bitarteko teknologikoak badituztela.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak –EAEko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak– sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzeko arloan.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz (arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuena), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (Dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2019rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen duela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/
Horren ondorioz, eta kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu dela, zeina maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. titulua aplikatuz luzatu baitzen –legegintzako dekretu horrek Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen du–, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. ATALA
XEDEA, ZENTROAK ETA FINANTZAKETA
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen xedea da 2019-2020 ikasturterako doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu aurreko Programako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea eta deialdia egitea. Doktorego-tesia gauzatzera zuzendutako ikerketa finantzatzera daude zuzenduta laguntzok. Deialdiak barne hartzen ditu bai laguntza berriak eta bai 2018-2019 ikasturterako emandako laguntza-berritzeak.
2.– Programaren helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktorego-programa baten bidez, doktore-titulua lor dezaten eta kalitatezko zientzia-ikerketari lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskura ditzaten.
3.– Doktore titulua lortzeak esan nahi du laguntzaren xedea amaitu dela; beraz, horren gaineko eskubideak ere amaitu egingo dira. Kasu horretan, laguntza amaitzeak ondorio administratibo eta ekonomikoak izango ditu, doktorego-tesia defendatu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunetik aurrera.
2. artikulua.– Ezarpen-zentroak.
1.– Ezarpen-zentroak izango dira irabazi-asmorik gabeko unibertsitate edo ikerketa-erakunde publiko edo pribatuak; I+Gko ahalmen eta jarduera izango dute, eta egoitza soziala izango dute deitutako modalitate bakoitzean zehaztutakoarekin bat datorren lurralderen batean.
2.– Laguntzaren onuradun direnek eta ezarpen-zentroa atzerrian dutenek doktoratu aurreko kontratua sinatu beharko dute Zientziaren Euskal Fundazioarekin (aurrerantzean, Ikerbasque). Fundazio horrek zentro kontratugile gisa jardungo du kasu horietan.
3. artikulua.– Jarduteko ildoak, modalitateak eta ezagutzaren arloak.
1.– Programan honako jarduteko ildo hauek biltzen dira:
a) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatuko baitira ikerketa orokorrean prestatzen ari diren ikertzaileen kontratuak.
b) Berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2018-2019 deialdian emandako laguntza berriak eta lehenengo berritzeak.
c) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikerketa-arlo espezifikoetan prestatzen ari diren ikertzaileen kontratu berriak.
d) Berritzeen lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikerketa-arlo espezifikoetan 2018-2019 deialdian emandako laguntza berriak eta lehenengo berritzeak.
Lehiakide bakoitzak laguntza berrien lerro bakar batean –orokorrak ala espezifikoak– aurkeztu beharko du eskabidea.
2.– Lehen deskribatutako lerroek modalitate hauek barne hartzen dituzte:
3.– Agindu honetako I. eranskinean daude zerrendatuta ikerketa orokorreko laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutza-arloak.
Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea.
Ikerketa Zuzendaritzak, interesdunak hala onartu ondoren, hautatutako arloa aldatu ahal izango du, betiere, eskabidearen ezaugarriak direla-eta hala komeni bada, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak horrelakorik gomendatzen badu.
4.– Ikerketa-arlo espezifiko hauetarako eska daitezke laguntza berriak:
– Polimeroen eta sistema makromolekularren ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Energiarako materialen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Material funtzionalen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Sistema biologikoen eta material bio-inspiratuen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programaren zenbateko osoa, deialdi honetan, 8.740.352 eurokoa da, aurrekontu-ekitalditan eta jarduera-lerrotan banatuta taula honen arabera:
2.– 100 laguntza berri emango da gehienez ikerketa orokorraren lerroan, eta horietatik 3 gehienez I modalitateari dagozkio.
3.– 2 laguntza berri emango da gehienez ikerketa espezifikoaren lerroan, eta dauden hiru modalitateetan eman ahal izango dira.
2. ATALA
ONURADUNAK, EZAUGARRIAK, ZUZENDARITZA ETA TESI-PROIEKTUA
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Laguntza eskatu duten eta tesi-proiektua egingo duten pertsona fisikoak onuradunak izango dira.
2.– Ezingo dute agindu honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan adierazitako betekizunak betetzen ez dituztenek.
6. artikulua.– Ezaugarriak.
1.– Kontratua:
a) Laguntzek doktoratu aurreko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte laguntzak erabiltzeko aldi osoan. Kontratuaren xedea izango da proiektu espezifiko eta berrietan ikerketa-lanak egitea, lanaldi osoko erregimenean. Doktoratu aurreko kontratu hori duten ikertzaileen kotizazioan, ZTBLren hemezortzigarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, % 30eko murrizketa izango da gertakizun arruntetarako Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotan.
A eta B modalitateetan, kontratua idazki bidez egingo da ezarpen-zentroaren (enplegu-emaile gisa) eta prestatzen den ari den ikertzailearen artean (langile gisa).
I modalitatean, kontratua idazki bidez egingo da Ikerbasqueren (enplegu-emaile gisa) eta prestakuntza-aldian den ikertzailearen artean (langile gisa).
Kontratu horiek ZTBLren 21. artikuluan eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo dira.
Enplegu-emailearen eta prestatzen ari den ikertzailearen arteko harremana ZTBLn eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.
2.– Iraupena. Kontratuak urtebete iraungo du, laguntza hasten denetik hasita, agindu honen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz; hala ere, laguntza berrituz gero, urtebeteko beste hiru luzapen izan ahal izango du, agindu honen IV. kapituluan xedatutakoaren arabera.
Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideen eta haien Gizarteratzearen Lege Orokorraren testu bateginak –azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua– ezarritako baldintzak betetzen dituen pertsona batekin sinatzen denean kontratua, gehienez ere sei urteko iraupena izango du, luzapenak barne.
Laguntzaz baliatzeko 4 urteak (desgaituen kasuan, 6 urteak) elkarren segidakoak izango dira.
ZTBLn ezarritakoaren arabera, 48 hilabeteko laguntza eman ahalko da gehienez (72 hilabetekoa desgaitasuna duten pertsonei). Komenigarria da gogoratzea, ordea, Doktoregoko irakaskuntza ofizialak arautzen dituen urtarrilaren 28ko 99/2011 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren 2. puntuan ezartzen dela doktorego-ikasketen iraupena hiru urtekoa izango dela gehienez, lanaldi osoko dedikazioan, doktoregaia programan onartzen denetik hasi eta doktorego-tesia aurkezten den arte. Programaren ardura duen batzordeak baimena eman ahal izango du beste urtebetez luzatzeko, baldin eta, hiru urteko epea igaro ondoren, ez bada aurkezten tesia gordailutzeko eskabidea.
Hortaz, honako alderdi hauek baldintzatuko dute laguntzen hirugarren berritzea: alde batetik, agindu honetako IV. kapituluan ezarritakoa betetzeak, eta, bestetik, laguntzaren onuradunak tesia inskribatuta daukan doktorego-programaren ardura duen Batzorde Akademikoak ikasketak urtebetez luzatzeko baimena emateak.
Desgaitasunen ondorioz hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleentzat, unibertsitateek laguntza eta aholkularitza emateko zerbitzu egokiak eduki behar dituzte, eta zerbitzu horiek ebaluatuko dute curriculuma egokitzearen edo ibilbide edo ikasketa alternatiboen beharra.
Egoera hauetakoren bat jazoz gero, ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua edota aitatasuna. Kasu horietan, etendako denbora berreskuratu ahal izango da interesdunak hala eskatzen badu, laguntza amaitzen denean, betiere laguntzari uko egin ez badio eta errebokatu ez bada. Eskaera hori Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko du, baldin eta aurrekontu-baliabideek hori ahalbidetzen badute.
3.– Zuzkidura.
Laguntza hori erabiliko da zentro enplegatzaileak ordainsari gordina eta enpresa-kuota ikertzaileen Gizarte Segurantzari ordaintzeko.
2019-2020 ikasturterako zuzkidurak, edozein modalitatetan, honako hauek izango dira:
(*) nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu baino lehen.
Enplegatuak jasotzen dituen zenbatekoak hamabi edo hamalau hilekotan banatuko dira, zentro enplegu-emailearen araudiak ezartzen duenaren arabera.
Ezarpen-zentroarekin izenpetutako doktoratu aurreko kontratuak jasoko ditu kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, erakunde kontratatzailearen kontura osatu daitezkeela baztertu gabe; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko du erakunde kontratatzaileak.
4.– Asegurua. Hargatik eragotzi gabe onuradunei dagokien Gizarte Segurantzaren estaldura, laguntzek erantzukizun zibileko eta istripuen aseguru bat barne hartuko dute, zeina EAEko Administrazio orokorrak kudeatuko baitu. Horrez gain, I modalitateko ikertzaileak bidaiako asistentzia-aseguruaren onuradun izango dira. Aseguru horren estaldurak aldaezinak dira.
5.– Bidaia-gastuak. I modalitatearen onuradunak diren ikertzaileentzat osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Bidaia horren zenbatekoa honako taula hau kontuan hartuta ezarriko da:
Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.
Bidaiarako bideratutako zenbatekoa ezarpen-zentroari ordainduko zaio, eta ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dio onuradunari zenbateko hori, bigarren hileko ordainsarian.
6.– Ordaintzeko modua. Laguntzaren ordainketa zatikatua izango da, eta ezarpen-zentroei eta zentro kontratugileei ordainduko zaie: laguntzaren % 10 emate-ebazpena eman eta laguntza onartu ondoren ordainduko da. Eta gainerakoa % 30eko hiru zatitan ordainduko da; ordainketa bakoitza 2020ko otsailean, maiatzean eta irailean egingo da.
Bigarren ordainketa egiteko, kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, aplikazio informatikoaren bidez.
Prestakuntza-aldian diren ikertzaileei egindako ordainketak direla-eta, ezarpen-zentroek eta Ikerbasquek kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak aplikatuko dituzte.
7. artikulua.– Doktorego-tesien zuzendarien eskakizunak.
1.– Laguntzaren onuraduna atxikita dagoen unibertsitatearekin edo ikerketa-zentroarekin lotura iraunkorra izan eta zerbitzu aktiboan dagoen doktore batek zuzendu ahal izango du doktorego-tesiaren proiektua.
Ondorio horietarako, iraunkortzat joko da Ikerbasquek «Research Professor» kategorian kontratatutako ikertzaileen eta haiek atxikita dauden erakundeen arteko lotura.
Ikerketa espezifikoko laguntza berrien lerroan, B eta I modalitateetan, derrigorrezko eskakizun izango da doktorego-tesian zuzendarikide izatea, eta, halaber, Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistemako ikertzaile batek zuzentzea.
2.– Tesiaren zuzendariak kontratu-lotura ez-iraunkorra baldin badauka ezarpen-zentroarekin, eskatutako proiektuak beste edo gehiago iraun beharko du kontratu horrek. Proiektuaren zuzendariak ez badu baldintza hori betetzen, laguntzaren aldi osoa betetzen duen zuzendarikide batek lagundu beharko dio nahitaez.
3.– Eskabide bakoitzean tesi-proiektua zuzenduko duten bi pertsona agertuko dira, gehienez, zuzendari eta zuzendarikide modura; eskubide eta betebehar berak izango dituzte bi pertsona horiek.
Zuzendarikide bat baldin badago, hark ere sinatu beharko ditu agiri guztiak, alegia, deialdi honen arabera proiektuaren zuzendariak sinatu behar dituen agiri guztiak.
4.– Doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendariak edo zuzendarikideak ezingo du eskabide batean baino gehiagotan azaldu deialdi honetako modalitateetan.
5.– Doktorego-tesiaren proiektu baten zuzendaritza edo zuzendarikidetza bere gain hartzen duenak, eskatzaileak hautatutako doktorego-programak ezarritako eskakizunak ere bete beharko ditu doktorego-tesien zuzendaritza eta zuzendarikidetzari dagokionez.
6.– Zuzendariek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela, eta laguntza amaitu arte eutsi beharko diote horri.
8. artikulua.– Proiektua.
Proiektuetan, diziplinei dagozkien funtsezko printzipio etikoak eta jardunbide etiko onartuak jaso beharko dira, baita kode deontologiko nazional, internazional, sektorial edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.
3. ATALA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.
1.– Ikerketa-proiektua gauzatzeko behar duten laguntza jasotzea ezarpen-zentrotik, zentro horrek ahal duen neurrian.
2.– Sailetan eta institutuetan integratuta egotea, eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak adierazten duen moduan.
3.– Ezarpen-zentroko estatutuak ematen dizkion opor-erregimena, lizentziak eta baimenak erabiltzea.
4.– Beste ezarpen-zentro batzuetan hiru hileko egonaldi bat egitea laguntzaren lau urteetan zehar, kontuan hartuta Hezkuntzako sailburuaren urteroko agindua, zeinaren bidez egiten baita Hezkuntza Sailak finantzatutako ikertzaileen prestakuntzarako programako beken ezarpen-zentroetatik kanpo egonaldi laburrak egiteko laguntzen deialdia. Beste administrazio edota ezarpen-zentro batzuek ematen dituzten antzeko aginduak ere hartuko dira kontuan.
5.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketan egindako prestakuntza-jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Jabetza Intelektualaren Legearen testu bateginak ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menpekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, prestatzen ari den ikertzailea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.
6.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokienez, deialdi bakoitzak xedatutakoa hartuko da kontuan, Patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.
7.– ZTBLk 14. artikuluan ikertzaileentzat onartutako guztiak.
8.– Ezarpen-zentroak aitortutako, eta deialdi honetan ezarritakoarekin bat datozen eskubide guztiak.
9.– Prestakuntza jasotzen ari diren Ikertzaileen Estatutuak aitortzen dizkien beste guztiak.
10. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.
1.– Jarraian adierazten diren egunetan sartzea ezarpen-zentroan:
a) Laguntza berri baten onuraduna 2020ko urtarrilean hasiko da lanean. 2020ko otsailaren 1a baino lehen hasi beharko du aldiak, bai ondorio ekonomikoetarako, bai denbora zenbatzeko, baita Gizarte Segurantzan alta emateko ere.
Onuraduna 2020ko otsailaren 1a baino geroago hasten bada lanean, emandako laguntza baliogabetu egingo da Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
b) Laguntza berritzea lortzen duten ikertzaileek prestakuntza-jarduerarekin jarraitu beharko dute, etenaldirik egin gabe, eta dagokien ezarpen-zentroaren lan-egutegia bete beharko dute.
c) Onuradun berriak eta berrituen onuradunak ezarpen-zentroan sartu direla egiaztatu beharko da, zentroko atxikipen-departamentuaren zuzendariak eta ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako agiri bidez. Agiriak atxikipenerako aurreikusitako data berbera izan beharko du. Idazki hori Ikerketa Zuzendaritzara bidaliko da, 2020ko otsailaren 15a baino lehen, onuradunak laguntza-eskabidea egiteko erabili duen aplikazio informatikoaren bidez.
2.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko da, agindu honetako 14. artikuluan ezarritakoa bazter utzi gabe.
3.– Laguntza erabiltzeko epea amaitu eta hurrengo hilabetean, gehienez 10 orrialdeko txostena aurkeztea, aplikazio informatikoaren bidez, egindako ikerketa-jarduera guztiei eta haien emaitzei buruz. Txostenak proiektuaren zuzendariaren bermea izan beharko du.
4.– Ezarpen-zentroarekin sinatutako kontratuen kopia igortzea, informatika-aplikazioaren bidez, Ikerketa Zuzendaritzara, kontratua sinatzen den egunetik hasita 21 egutegi-eguneko epean beranduenez.
5.– Laguntzari uko eginez gero, Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari jakinaraztea, informatika-aplikazioaren bidez, 13. artikuluan xedatutako baldintzei jarraikiz.
6.– Doktore-titulua lortuz gero, Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari jakinaraztea, informatika-aplikazioaren bidez, 10 egutegi-eguneko epean beranduenez, titulua lortzen den egunetik aurrera.
7.– Doktorego-araudietan aurreikusitako epeetan lortzea doktoregoa. Lortu ezean, itzultzeko prozedura hasiko da.
8.– Laguntza erabili bitartean egiten diren argitalpen guztietan eta doktorego-tesian azaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko duen doktoratu aurreko programaren onuradun dela.
9.– Aprobetxamenduz gauzatzea ikerketa-proiektuko lan-planean eta doktorego-programan aurreikusitako jarduerak.
10.– Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, informatika-aplikazioaren bidez, ikerketa-premiek eragindako irteerak, astebete baino denbora gutxiagorako direnean eta Espainiara egiten direnean. Ikerketa-arrazoien ondorioz, ezarpen-zentrotik aldi baterako atera behar izanez gero, Ikerketa Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio.
Baimena eskatzeko, azalpen-idazki bat aurkeztu beharko da, aplikazio informatikoaren bidez, gutxienez, aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta departamentuko zuzendariak, proiektuko zuzendariak eta prestatzen ari den ikertzaileak sinatu beharko dute.
11.– Ezarpen-zentroaren funtzionamenduko, segurtasuneko eta lan-osasuneko arauak onartzea, ezagutzea eta betetzea.
12.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.
13.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko komunikazio-politikaren esparruan.
14.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, ezarpen-zentroa, etab.) jakinaraztea Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari, aplikazio informatikoaren bidez.
Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa egiteko eskaera idazki arrazoitu bidez egingo da, eskatzaileak sinatu beharko du, eta aldaketa horretan zerikusia duten guztien oniritzia beharko da.
Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa izango dela kalitatea.
15.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Ikerketa Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.
16.– Dirulaguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
17.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.
18.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, prestatzen ari den ikertzaileak bere betebeharrak bete beharko ditu. Betebehar horiek ez badira betetzen, laguntza ezeztatzeko dagokion prozedura bideratu ahal izango da, baita, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura ere.
19.– Era berean, agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ezta emandakoa ordainduko ere, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.
20.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
21.– Prestakuntza jasotzen ari diren Ikertzaileen Estatutuak aitortzen dizkien beste guztiak.
11. artikulua.– Ezarpen-zentroaren eta erakunde kontratugileen betebeharrak.
1.– Ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:
a) Laguntzaren onuradun den ikertzaileari lan-kontratua egitea ZTBLn helburu horretarako ezarritakoaren arabera, betiere indarrean dagoen lan-arloko legeriari jarraikiz, eta agindu honetan adierazten diren iraupen, ordainsari eta gainerako eskakizunak kontuan hartuta.
b) Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Beranduenez 21 egutegi-eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.
c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.
d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
e) Ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.
f) Laguntza-programa honen barruan ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko finantza-laguntza dutela Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko doktoratu aurreko Programaren bitartez.
g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
h) Ezarpen-zentroak 2021eko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen agindu honetan araututako laguntzengatik jasotako funtsak. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea.
Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Ikerketa Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren erakunde horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak. Zenbateko horien artean alderik badago, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da.
Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, aldi hori amaitzen duenean justifikatuko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.
i) Dirulaguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
2.– I modalitateko onuradunen ezarpen-zentroek 1.d), 1.e) eta 1.f) apartatuetan adierazitakoa soilik hartuko dute kontuan.
3.– Ezarpen-zentroak nahitaez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (EAEko administrazio publikoen laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzkoa), erakunde kolaboratzaile den aldetik, baita dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan adierazitakoa ere.
4. ATALA
LAGUNTZA ONARTZEA, HARI UKO EGITEA ETA BATERAEZINTASUNAK
12. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Agindu honetan araututako doktoratu aurreko laguntzaren onuradunak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari espresuki eta idazki bidez uko egiteko, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera. Horrelakorik egin ezean, laguntza onartutzat hartuko da.
2.– Prestakuntza-aldian diren ikertzaileek laguntza onartzen badute, ulertuko da 9. eta 10. artikuluetan jasotako eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak beteko dituztela.
13. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko-egiteen berri eman beharko zaio Ikerketako zuzendariari, aplikazio informatikoaren bidez, prestatzen ari den ikertzaileak, ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak eta zein izango den horren eraginetarako data. Uko-egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egun baliodun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenez.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.
3.– Ikertzaileek uko eginez gero, zentro enplegatzaileak itzuli egin beharko du kontratua finantzatzeko erabili ez duen dirua, eta, hori gorabehera, ordainketa desegokirik egin bada, hori ere itzuli beharko da. Onuradunak uko egin arte jasotako diru guztia itzuli egin beharko da, baldin eta laguntza erabiltzeko lehen hiruhilekoan uko egiten bada.
14. artikulua.– Bateraezintasunen araubidea.
1.– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezin izango da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso –xede bera baldin badu–, ez eta soldatarik ere.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraikiz; urtean 60 orduz, gehienez ere, eta laguntzaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragin gabe.
Lankidetza hori eskatzailea doktorego-programa egiteko matrikulatuta dagoen gradu-irakaskuntzan eta unibertsitatean egingo da. Gainera, ez du inolaz ere ordezkapenik egingo irakasgaiaren ardura duen irakasleen irakaskuntzan, eta irakasgaiaren ardura duen irakasleekin batera egingo da, talde txikitan (mintegietan, laborategi edo ordenagailuko praktiketan, edo antzekoetan). Prestakuntzako ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren arduraduna edo koordinatzailea izan.
Unibertsitateaz kanpoko zentroetara atxikitako laguntzen onuradunek doktorego-programan matrikulatuta dauden unibertsitatean gauzatu ahal izango dituzte lan horiek.
Lankidetzaren baimen-eskaera egiteko erabili den aplikazio informatiko beraren bidez eskatuko da lankidetza-baimena. Horretarako, aplikazio horretan dagoen txantiloia bete beharko da; irakaskuntzan laguntzen hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez eskatu beharko da baimen hori, eta, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordearen onarpena izateaz gain, atxikipen-saileko zuzendariak, doktorego-tesiaren proiektuaren zuzendarikideak, hala badagokio, eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskabidea.
3.– Programa honen babesean emandako laguntza bat erabiltzea bateragarria da prestatzen ari diren ikertzaileen ezarpen-zentroak ez diren zentroetan egonaldi laburrak egiteko laguntzekin, 9.4 artikuluan jasota ageri den bezala.
4.– Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du onuradunak ordainsariak jaso ditzan onuradunak berak gauzatzen duen ikerketarekin zuzenean lotutako irakaskuntza-zereginengatik (ikastaroak, hitzaldiak edo txostenak) edo ikerketa-lanengatik (liburuak, artikuluak edo erakusketak) jasotzen baditu, baldin eta horiek guztiak aldizkakoak eta ezohikoak badira. Ordainsari horiek ezin izango dute laguntzaren urteko zenbateko gordin osoaren % 30 gainditu.
Baimen-eskaera aplikazio informatikoaren bidez egingo da, eta lana hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Atxikitako departamentuko zuzendariak, proiektuaren zuzendariak eta onuradunak sinatu beharko dute baimen hori.
Halaber, laguntza horiek ikertzaileak jardunean hasteko eta prestatzeko direnez, ezingo da ikertzaileak prestatzeko laguntza berririk jaso, baldin eta diruz lagundutako programa amaitzen bada –balizko berritzeak barne hartuta– edo hari uko egiten bazaio.
5.– Programa honen babesean emandako laguntza bat erabiltzea ez da bateragarria, agindu honen ebazpena baino lehen, ZTBLren 21. artikuluan xedatutakoaren babesean egindako doktoratu aurreko kontratu bat erabiltzearekin.
15. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betez gero. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, zeinetan emandako zenbatekoak berriz doituko baitira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 19. artikuluan araututako itzulketa-espedientea hasiko da.
16. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin beharko du prestakuntza-aldian diren ikertzaileek gauzatutako lanaren jarraipen zientifikoa eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta, agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gain, beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko.
17. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak beharrezko ikuskatze- eta kontrol-lanak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko, hargatik eragotzi gabe Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari esleitutako egitekoak.
18. artikulua.– Ez-betetzea.
Jasotako zenbatekoak eta horiei dagozkien berandutza-interesak itzultzeko prozedurari ekingo zaio pertsona onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratugileak egoera hauetakoren bat suertatuz gero: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean erortzea; agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak ez betetzea; dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak ez betetzea –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera–, edo laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak ez betetzea.
19. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.
1.– Agindu honetan aurreikusitakoak betetzen ez direnean, prozedura hau beteko da:
a) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango dio hasiera prozedurari, eta Ikerketako zuzendariak jakinaraziko du. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Ebazpen horretan, prozedurari hasiera emateko arrazoiak jasoko dira, eta 15 eguneko epea emango da egokitzat jotako alegazioak egiteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion berandutze-interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Aldi hori borondatezko alditzat joko da.
d) Borondatezko aldian laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ogasuneko eta Finantza Politikako Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
20. artikulua.– Datu pertsonalak.
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan –Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa– eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean –Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoa– ezarritakoari jarraikiz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Kulturako sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduan jasotzen den «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira (Ikerketa Zuzendaritzako 3. fitxategia da); agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.
Ikerketa Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, idazki bat bidali beharko da agindu honetako 22.3 artikuluan adierazitako egoitzetatik edozeinetara.
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA
21. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Ikerketa Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea.
22. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/predoc/web01-tramite/eu) telematikoki eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin eskabidea. Helbide horretatik, izangaia ikerketako aplikazio informatikoan sartuko da, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak elektronikoki soilik aurkeztuko dira, eta laguntza berrietarako agindu honen 27. artikuluan eta laguntzak berritzeko 35. artikuluan azaltzen diren agiriak izango dira horiek. Agiri horiek Elkarreragingarritasun-eskema nazionala onartzen duen 4/2010 Errege Dekretuan eta hura garatzen duen araudian arautzen diren formatuetara egokituko dira.
2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz identifika badaiteke eskatzailea, eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du eskatzaileak.
3.– Eskatzailea ezin bada sinadura elektroniko bidez identifikatu, eskabide telematikoa bete eta amaitu ostean eta eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ondoren, eskabidearen inprimaki ofiziala lortuko da papereko euskarrian dokumentu hori soilik aurkezteko. Dokumentu hori honako bulego hauetako edozeinetan sinatuko da:
a) «Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:
– Bizkaia (Kale Nagusia, 85, 48011 Bilbo).
– Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia).
– Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
b) Euskal Herriko Unibertsitatearen Erregistro Bulegoetan, baldin eta unibertsitate hori ezarpen-zentroa bada:
– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)
– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
– Bizkaiko 04 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
c) Posta-zerbitzua. Kasu horietan, gutun-azal irekian aurkeztuko da, igorri nahi den dokumentuaren lehen orriaren goiburuan argi eta garbi azaltzeko igorpen-data. Helbide honetara igorriko da:
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza Saila (Ikerketa Zuzendaritza).
Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein lekutan.
e) Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako lekuetarik edozeinetan.
Eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du inprimaki ofizialak. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.
4.– Eskabideak –berriak zein berritzeenak– aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Izangai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.
6.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, ezingo da eskabiderik aldatu, aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.
7.– Agindu honetako II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.
23. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak telematikoki aurkezteko hamar laneguneko epe luzaezinean, 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako prozeduraren arabera. Eskatzaileak hala egiten ez badu, eskaera egiteari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko-egite edo atzera-egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.
32. artikuluaren laugarren zenbakian ezarritako prozedura erabiliko da zuzentzeko errekerimendua jakinarazteko.
24. artikulua.– Laguntzak emateko prozedurak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza berriak lehiaketa bidez emango dira, publizitateari, gardentasunari, objektibotasunari, berdintasunari eta bereizkeriarik ezari buruzko printzipioen arabera.
Horretarako, aurkeztutako eskaerak alderatuz emango dira laguntzak, laguntzen artean hautapen-irizpideen araberako hurrenkera bat ezartzeko. 65 puntu lortzen dutenei soilik emango zaie laguntza, hurrengo kapituluetan jasotzen diren baldintzetan.
2.– Laguntzak dagoen aurrekontua kontuan izanik berrituko dira, betiere, eskabidea garaiz eta forma egokian aurkezten bada, eta 33. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen direla agirien bidez egiaztatzen bada. 4.1 artikuluan aurreikusitako zenbatekoa kalkulatzeko, oinarritzat hartu da programa honetan legez jardunean diren gaitutako onuradun guztiek berritzea eskatuko dutela.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK
1. ATALA
BETEKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
25. artikulua.– Eskatzaileek bete beharreko eskakizunak.
1.– EAEko udalerriren batean erroldatuta egotea eskabidea aurkezteko unean; 2019ko urtarrilaren 1etik hasita A modalitatean aurkeztuz gero, edo 2017ko urtarrilaren 1etik hasita B edo I modalitateetan aurkeztuz gero.
Hala eta guztiz ere, onartu egingo dira EAEn erroldatuta egon ohi diren pertsonen eskabideak, baldin eta eskakizun hori betetzen ez badute deialdi honen xedearekin lotutako graduko edo graduondoko unibertsitate-ikasketak EAEtik kanpo egin dituztelako.
2.– Erkidegotik kanpoko atzerritarren kasuan, bizileku-baimena edukitzea.
3.– Doktorego ofizialeko programa batean matrikulatuta edo onartuta dagoela egiaztatzea.
Hala eta guztiz ere, deialdian parte hartzeko eskabidea onartuko zaie 2019ko azaroaren 15erako doktorego-programan onartuak izatea espero duten pertsona guztiei. Eskabide hori behin-behinean ebaluatuko da, eta, behin betiko onartzeko, eskatzaileak Ikerketa Zuzendaritzara programan onartu dutela egiaztatzen duen dokumentazioa igorri beharko du.
4.– Honako titulazio hauetakoren bat duela egiaztatzea:
a) Graduko eta unibertsitate-masterreko Espainiako titulu ofiziala. Ikasketa horien guztien iraupena 300 ECTS kreditukoa izango da gutxienez.
b) Espainiako unibertsitate-titulu ofiziala (Lizentziatura, Arkitektura, Ingeniaritza, Arkitektura teknikoa, Ingeniaritza teknikoa, Diplomatura), edo Europako Goi-mailako Hezkuntzaren Esparrua osatzen duen beste herrialde batekoa, masterrerako sarbidea lortzeko gaitzen duena, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 16. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta unibertsitate-ikasketa ofizial guztietan gutxienez 300 ECTS kreditu gainditu izana; horietatik, gutxienez 60 master-mailakoak izango dira.
Nolanahi ere, kautelaz onartuko dira eskabidea egiten den unean, master amaierako lanaren kalifikazioaren zain daudelako soilik, masterreko ikasketak bukatu ez dituzten eta doktorego-programan sartzeko master-titulua 2019ko urrirako lortzea espero duten pertsonen eskabideak. Eskabidea behin betiko onartuko da, eskatzaileak 2019ko urriaren 31 baino lehen Ikerketa Zuzendaritzara masterra amaitu duela egiaztatzen duten agiri ofizialak igortzen dituenean.
c) Doktorego-ikasketetan sartzeko titulua ematen duen herrialdean ahalmena ematen duten atzerriko hezkuntza-sistemen arabera lortutako titulua.
d) Goi-mailako hezkuntzarako kualifikazioen espainiar esparruko 3. mailari dagokion baliokidetasuna eskuratu duen unibertsitate-titulu ofiziala, azaroaren 21eko 967/2014 Errege Dekretuarekin bat etorriz. Errege-dekretu horrek ezartzen ditu Unibertsitateko titulazio eta ikasketa-maila ofizialarekin homologatzeko eta haren baliokidetzat jotzeko zein ikasketak baliozkotzeko baldintzak eta prozedura, atzerrian egindako goi-mailako ikasketei dagokienez, baita kualifikazioen espainiar esparruaren baitako mailen baliokide direnak zehazteko prozedura ere, arkitekto, ingeniari, lizentziatu, arkitekto teknikoa, ingeniari teknikoa zein diplomadun goi-mailako titulu ofizialei dagokienez.
5.– Gradu, lizentziatura, arkitektura, ingeniaritza, arkitektura tekniko, ingeniaritza tekniko edo diplomatura ikasketen amaiera-data 2015eko ekaina izango da, edo geroagoko data, honako salbuespen hauekin:
a) Amaiera-data 2013ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke 2013ko ekainetik 2015eko ekainera bitarte, gutxienez 3 hilabetez, 3 urtetik beherako seme-alabak artatzen eta zaintzen aritu diren eskatzaileen kasuan.
b) Ikasketak amaitzeko data 2011ko ekaina edo geroagoko data izan daiteke Medikuntza, Farmazia, Biologia, Kimika edo Psikologia lizentziadunentzat, baldin eta laguntza eskatzen dutenean Medikuntzako Espezialitateko titulu ofiziala (BABE) edo Farmaziako Espezialitatekoa (BAFE) badute, edo Biologia, Kimika edo Psikologiako espezialitateetako ziurtagiri ofiziala (BABE, BAKE edo BAPE, hurrenez hurren).
6.– Batez besteko nota hau izatea, edo hortik gorakoa:
a) 6 puntu 10., 11. eta 12. arloak egiteko.
b) 6,5 puntu 1., 2., 3., 8., 9., 13., 15. eta 16. arloak egiteko.
c) 7 puntu 4., 5., 6., 7., 14., 17., eta 18. arloak egiteko.
d) 6,5 puntu ikerketa espezifikoko arloak egiteko.
Ikasketen espedienteak ez badu jasotzen batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan, honela kalkulatuko da: asignatura bakoitzean lortutako kalifikazio numerikoa bider ikasgai horretako kreditu-kopurua zati kalifikazioarekin guztira lortutako kreditu guztien batura. Berritu ez diren planen kasuan, batez besteko nota izango da lortutako kalifikazioen batuketa zati gainditutako ikasgai guztien kopurua.
Espedientearen batez bestekoa kalkulatu ahal izateko, baliozkotu edo egokitu dituen unibertsitateak kalifikatu ez dituen baliozkotutako edo egokitutako ikasgaien edo kredituen kasuan, jatorrizko ikastetxean edo ikasketetan lortutako kalifikazioak zenbatuko dira, agiri bidez egiaztatuta baldin badaude, betiere. Dokumentu bidez egiaztatu ezean, gainditutzat joko dira.
Era berean, espedienteko batez besteko nota kalkulatzeko, ez dira kontuan hartuko beste espezialitate batzuetako ikasgaietan lortutako notak, ezta master-ikasketen notak ere.
Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileen kasuan, Espainiako Gobernuko Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak emandako «Batez besteko notaren baliokidetasun-adierazpena» delakoan edo ANECAren ziurtagiri ofizialean ageri den espediente akademikoko batez besteko nota hartuko da aintzat.
26. artikulua.– Betekizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela –espresuki aipatutako salbuespenetan izan ezik–, eta ezarpen-zentrora sartu edo kontratua sinatu arte bete beharko dituzte eskakizunok.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez dutenak. Prozesuan parte hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea ekarriko du horrek.
27. artikulua.– Laguntza berrietarako nahitaezko dokumentazioa.
Ondoren adieraziko diren agiriak aplikazio informatiko bidez aurkeztu beharko dira eskabide-orriarekin batera, 22. artikuluaren 1., 2., eta 3. zenbakietan adierazitakoaren arabera.
1.– Eskatzailea, egun, EAEko udalerriren batean erroldatuta dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. 2019ko urtarrilaren 1etik, gutxienez, erroldatuta egon behar du A modalitatean aurkeztuz gero, eta, 2017tik, B edo I modalitatean aurkeztuz gero.
Deialdi honen xedearekin lotutako unibertsitate-ikasketak direla-eta, eskakizun hori betetzen ez duenak ikasketa horien matrikula edo beste edozein egiaztagiri ofizial aurkeztu beharko du; halaber, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu egiaztatzeko aurrez EAEn erroldatuta egon dela, eta, justifikatu beharreko aldi horretan guztian beste autonomia-erkidego batean edo atzerrian erroldatuta egon dela (atzerrian egon bada, enbaxadako erregistroa aurkeztu beharko du).
2.– Bizileku-baimena, hala badagokio.
3.– 25.4 artikuluan eskatzen den titulua edo titulua emateko eskubideak ordaindu direla egiaztatzen duen agiria.
4.– 25.4 artikuluan aipatutako titulazioa lortzeko ikasketen jatorrizko ziurtagiri akademikoa, unitatearen arduradunak emana. Ikasketen ziurtagirian honako datu hauek jasoko dira: ikasketen izena, titulazioaren programako ikasgai guztiak, gainditutako ikasgaiak eta lortutako kalifikazioak eta kalifikazio horiek noiz eskuratu diren. Espedienteak 1etik 10era bitarteko batez besteko nota adierazi behar du.
Ikasketak atzerrian egin badira, ziurtagiri akademiko ofiziala aurkeztuko da, baita ziurtagiri horren zinpeko itzulpena ere, baldin eta ziurtagiria EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean ez badago. Edonola ere, espediente akademikoaren ziurtagirian edo espedienteari atxikitako beste dokumentu batean jaso beharko da zein diren dagokion ebaluazio-sistemako gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak, eta zein den ikasgai bakoitza gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa. Gainera, Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Estatuko Agentziaren «Batez besteko notaren baliokidetasun-adierazpena» edo ANECAren ziurtagiri ofiziala aurkeztu beharko du, eta adierazi zein den espediente akademikoaren batez besteko kalifikazioa Espainiako ebaluazio-sistemaren barruan.
Unibertsitateko goi-mailako titulu bat baino gehiago izanez gero, espediente akademikoa eta titulazioa eskuratzeko data kalkulatzeko, hautatutako doktorego-programarekin zerikusirik handiena duena soilik hartuko da kontuan. Gainerako titulazioak ere kontuan hartu ahal izango dira curriculum vitaea balioesteko.
Lehen zikloko espediente bat eta bigarren zikloko beste bat izanez gero, bietan oinarrituta kalkulatuko da batez besteko nota, bietan lortutako kalifikazioak kontuan hartuta.
5.– Unibertsitateen kasuan, eskatzailea ezarpen-zentroari atxikitako departamentuan onartu dutela adierazten duen idazkia, departamentuko zuzendariak sinatuta. Departamentu hori bat etorriko da proiektuko zuzendariaren edo zuzendarikidearen departamentuarekin.
6.– Ezarpen-zentroaren konpromiso idatzia, bertako legezko ordezkariak izenpetua –Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak unibertsitateen kasuan–, laguntza lortzen duen doktore ez den ikertzailearen doktoratu aurreko kontratua formalizatzeko.
Idazki horretan espresuki adieraziko da agindu honetako 11. artikuluan ezartzen diren betebeharrak beteko direla.
Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.
7.– Doktorego-programa ofizial baterako matrikula edo onarpena, 25.3 artikuluan ezarritako eran, programa horren arduradunak sinatua.
Onarpena 2019ko azarorako lortzea espero denean, eskatzaileak behin betiko onarpenaren ziurtagiria bidali beharko dio Ikerketa Zuzendaritzari 2019ko azaroaren 15a baino lehenago, egun hori barne dela.
8.– Eskatzailea onartu duten edo eskatzaileak onartua izatea espero duen doktorego-programaren ezaugarri adierazgarrienak bilduko dituen memoria, formatu normalizatuan, eta doktorego-tesiak proiektuarekin duen lotura. Ezaugarri horien artean espresuki nabarmenduko dira eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako hautatutako doktorego-programaren oinarri direnak (3 orrialde, gehienez).
9.– Eskatzailea hartuko duen ikerketa-taldeari buruzko memoria formatu normalizatuan, eskatzailearen zientzia-kalitatea, prestakuntza-ahalmena eta finantzazio konpetitiboa eskuratzeko gaitasuna adierazita (3 orrialde, gehienez).
Horretarako, I+G proiektu batean edo ikerketa-lerro jakin batean, egindako edo egiten ari diren kolaborazioen bidez egiaztatuta, ikertzaile gisa lankidetzan diharduten eta hautagaiaren prestakuntza-programaren garapenean parte hartzeko engaiatuak diren pertsona edo pertsonak joko dira ikertzaile-taldetzat –formalki edo informalki eratutako taldea izan–.
10.– Doktorego-tesiaren proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa formatu normalizatuan, proiektuaren zuzendariak sinatua, eta zuzendarikideak, halakorik balego. Memoria horrek eduki hau izango du: proiektuaren izenburua, laburpena, aurrekariak, helburuak, metodologia eta lan-plana interes zientifikoa eta/edo soziala, eta bibliografia nabarmenena (3 orrialde, gehienez). Memoria horretan honako hauek jasoko dira espresuki:
a) Espero daitekeen ala ez eskatzaileak doktorego-tesiaren proiektuaren eta haren defentsaren helburuak lortzea laguntza jasoko duen lanaldi osoko 3 urteetan.
b) Agindu honetako 8. artikuluaren arabera aplikatzekoak diren printzipio etikoak hartuko dituela kontuan proiektuak.
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak. Era berean, memoriak normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo artikulu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua eta curriculum vitaean alegatzen diren merezimendu akademikoak eta zientifikoak egiaztatzen dituzten agirien kopia aurkeztuko da; argitalpenak egin baditu, lehenengo orrialdearen fotokopia, eta, laguntzak lortu baditu, laguntzak emate-ebazpenaren fotokopia.
12.– Sinatutako doktorego-tesiaren proiektuko zuzendariaren curriculum vitae laburtua (azken 6 urteak), eta, hala badagokio, baita zuzendarikidearena ere. Bertan, soilik azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bilduko dira. Ingelesez edo EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu ahal izango da hori.
Eskabideak zuzentzeko izapidea –bidezkoa bada– egin ostean, artikulu honen 7. eta 10. apartatuek aipatzen duten nahitaezko agiria –denbora-muga gainditzen duten edukiak jasotzen dituena– ez da onartuko, eta, ondorioz, interesdunak hautaketa-prozesutik baztertuko dira.
13.– B eta I modalitateetarako soilik, eta hala badagokio, dokumentu ofiziala edo EUS Euskal unibertsitate-sistemako unibertsitateekin egindako hitzarmena, non berariaz jasoko baita hautatutako doktorego-programarako lankidetza.
14.– Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.
15.– Masterraren espediente akademikoa, eskabidea aurkeztu arte lortutako kalifikazioekin. Espediente horretan kalifikazio horiek noiz lortu ziren azalduko da.
16.– 25.5 artikuluan bildutako salbuespenak egiaztatzen dituen dokumentazio ofiziala, halakorik behar izanez gero.
17.– Aplikazioan horretarako dauden txantiloien bidez aurkeztu beharko da 6., 8., 9., 10. eta 12. artikuluetan eskatutako dokumentazioa.
2. ATALA
HAUTAPEN- ETA ESLEIPEN-PROZESUA.
28. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.
1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta eskabideok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpena emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi beharrekoak.
Aipatutako ebazpena egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena.
2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri nahi dutela baztertzearen aurka. Errekurtso hori ezesten bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta aholku-batzorde espezifikoak ematen duen balorazioak ere ez.
29. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.
1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion aholku-batzorde espezifikoak balioetsiko ditu.
2.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak sona handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan, eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu.
3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:
– Espediente akademikoa: puntuazioa kalkulatzeko, espedientearen batez bestekoa hartuko da oinarritzat, 25.6 artikuluan adierazitakoari jarraikiz, eta zenbaki hori bider 3 kalkulatuko da. 30 puntu, gehienez ere.
– Eskatzailearen curriculum vitaea. 5 puntu gehienez. Atal honetan, puntu 1 eskuratu ahal izango da Ikasiker programaren lankidetza-beka baten onuradun izateagatik.
– Doktorego-programa: eskatzailearen ikerketa-prestakuntzarako kalitatea eta egokitasuna (3 puntu, gehienez), eta zenbateraino datorren bat EAEko I+G+B estrategiarekin (7 puntu, gehienez).
Euskal unibertsitate-sistemako (EUS) doktorego-programak eta, sistema horretakoak ez izanagatik ere, EUSeko unibertsitateekin egindako hitzarmenetan jasota dauden programak, EAEko I+G estrategiarekin % 100 bat datozela iritziko da (7 puntu).
Iritziko da gutxienekoa dela EUSetik kanpoko gainerako doktorego-programen bat-etortze maila, salbu eta egiaztatzen bada Zientzia eta Teknologiarako Euskal Sistema osatzen duten ikertzaileak inplikatuta daudela proposatutako tesi-proiektuaren zuzendaritzan (2 puntu), edo zuzendarikide horiek zuzenean parte hartzen dutela doktorego-programa horietan (4 puntu).
– Doktorego-tesiaren proiektua: kalitate zientifiko-teknikoa, aurkeztutako proiektuaren eta ikerketa-planaren interesa eta bideragarritasuna. 10 puntu gehienez.
– Zientzia Zuzendaritza: ikerketa-proiektuaren zuzendariaren historia zientifikoa, eta eskatzailea sartuko den ikerketa-taldearen prestakuntza-ahalmena eta kalitate zientifikoa. 20 puntu gehienez.
– Elkarrizketa pertsonala: aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da. 25 puntu gehienez.
4.– Laguntza ukatzeko arrazoi izango da eskatzailea elkarrizketara ez agertzea edo 65 puntu baino gutxiago erdiestea.
30. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.
1.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialean–, Ikerketa Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko agiriak itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, elkarrizketa pertsonalerako.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak, hautapen-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean, epaimahaiak askatasunez balioetsiak). Epaimahaiari egoera horren berri eman ahal izango zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.
31.– artikulua.– Laguntza berriak esleitzeko prozedura.
1.– Lehiaketa izango da agindu honetan araututako laguntza berriak esleitzeko prozedura.
2.– Ebaluazioaren emaitzak hautapen-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, zeina batzordeburu izango baita; batzordeburua), Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.
3.– Hautapen-batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, baliabideak esleituko ditu eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
4.– Hau izango da laguntzok esleitzeko prozedura:
1.– Laguntza berriak ikerketa orokorrean: arlo guztietan onuradunak izateko gisan eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki uniformea izateko gisan egingo da esleipena, arlo bakoitzean eskabide hautagarrien kopuruak hala ahalbidetzen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:
a) Aholku-batzordeak egindako balorazioaren ordenari jarraituz ordenatuko dira arlo bakoitzeko eskabide hautagarriak, eta portzentaje hau emango zaie puntuazio handiena erdietsi duten baina gainditu ez duten eskabideei: laguntza berrien kopurua (100) / eskabide hautagarrien kopurua.
b) Aurreko prozedura egin eta gero, laguntza guztia esleitu ez bada, emandako laguntzen azken portzentajea a) puntuan zehaztutako portzentajera gehien hurbiltzen den arloetan emango dira laguntzak.
2.– Laguntza berriak ikerketa espezifikoan: puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira eskabide hautagarriak, eta puntuazio handiena erdietsi duten biei emango zaie.
5.– Honako hauek jasoko ditu ebazpen-proposamenak: pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte; ordezkoen zerrenda, arlokako puntuazio handienetik txikienera ordenatua, 65 puntu edo gehiago eta aholku-batzorde espezifikoaren balioespen positiboa jaso badute ere, laguntza-proposamenean sartu ez diren eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta; eta, baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
6.– Puntuazio-berdinketak ebazteko, oinarritzat hartuko da eskabideak betetzeko aplikazioak txikitik handira ematen duen ausazko zenbaki bat. Aplikazio telematikoan sortzen den eskabidean agertuko da zenbaki hori.
32. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira laguntza berriak, Hautapen Batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak; ordezkoen zerrenda, 65 puntu edo gehiago jasota ere, laguntzarik jaso ez duten eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita; eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena, beranduenez. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena. Gainera, ebazpenak publikotasuna izan dezan, EHAAn ere argitaratuko da, jakinarazpen horretatik aurrera 6 hilabeteko epean.
5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. zenbakian ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.
7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez, laguntzak emango zaizkie ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei honako kasu hauetan: laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko egiten den kasuetan, eta 25.3 eta 25.4 artikuluetan jasotako kasuetan eskatutako agiriak ez aurkeztearren laguntza eman gabe geratzen denean.
Hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Ez badago ordezkoen zerrendarik arlo horretan, laguntza eman ahalko zaio baldintza hau betetzen duen eskatzaileari: lehenengoa izatea emandako laguntzen azken portzentajea 31.4.1.a) puntuan ezarritako portzentajeari gehien hurbiltzen zaion arloko ordezkoen zerrendan.
Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango da, eta interesdunei jakinaraziko zaie.
IV. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA
1. ATALA
BETEKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
33. artikulua.– Betekizunak.
1.– Agindu honek ondorioak dituen egunean, 2018-2019 ikasturtean emandako doktoratu aurreko laguntza erabiltzen egotea, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera.
2.– Doktorego-programan jarraitutasuna eta ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea modalitatearen arabera dagokion egiaztagiriaren bitartez.
34. artikulua.– Betekizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute eskakizunak betetzen dituztela –espresuki aipatutako salbuespenetan izan ezik–, eta ezarpen-zentrora sartu edo kontratua sinatu arte bete beharko dituzte eskakizunok.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako eskakizunak betetzen ez dituztenak edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez dutenak. Prozesuan parte hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea ekarriko du horrek.
35. artikulua.– Laguntzak berritzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Ondoren aipatzen diren agiriak telematikoki aurkeztu beharko dira Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoaren bidez, http://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/predoc/web01-tramite/eu helbide elektronikoan, eskaera egiteko inprimakiarekin batera, 22. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan esandakoaren arabera.
1.– Laguntzaren azken berritzetik, edo, lehenengo berritzearen kasuan, laguntza eman zenetik, egindako jarduera akademiko eta ikertzaileen orri bateko memoria, kalifikazio akademikoak sartuta, halakorik balego, eta tesiaren zuzendariak sinatua, eta zuzendarikideak sinatua, halakorik balego.
2.– A eta B modalitateetan, lehenengo berritzerako, konpromiso-agiria.
3.– A eta B modalitateetan, bigarren berritzerako, azken ebaluazio positiboaren akta.
4.– A eta B modalitateetan, hirugarren berritzerako, laguntzaren onuradunak tesia inskribatuta daukan doktorego-programaren ardura duen ikasketa-batzordearen baimena, doktorego-ikasketak beste urtebetez luzatu ahal izateko.
5.– I modalitatean, ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako aldeko txostena, eskatzaileak egindako ikasketa- eta/edo ikerketa-jarduerei buruzkoa eta pertsona horren errendimenduari buruzkoa.
6.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa –bertako legezko ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan)–, egungo lan-kontratua hamabi hilabete gehiagoz luzatzeko, hala badagokio. Ezarpen-zentroa UPV/EHU duten eskabideei dagokienez, Ikerketa Zuzendaritzak ofizioz eskatuko du konpromiso hori.
2. ATALA
EBAZPENA
36. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira berritzeak, Hautapen Batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu; halaber, eskabide ukatu eta baztertuen zerrenda bana jasoko du, eta ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduko.
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da beranduenez, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena. Gainera, ebazpenak publikotasuna izan dezan, EHAAn ere argitaratuko da, jakinarazpen horretatik aurrera 6 hilabeteko epean.
5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.
6.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, Hezkuntza, www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu honetan aurreikusi ez denerako, honako xedapen hauek hartuko dira kontuan: EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartua); Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; eta Diru Laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko oinarrizko aginduak (dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatua).
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 18a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.