EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2019119

89/2019 DEKRETUA, ekainaren 18koa, «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena eratzen eta arautzen dituena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201900089
Xedapenaren data: 2019-06-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201903098
Maila: Dekretua
Egungo mundu globalean, mundu globalean, Euskadiren izena nazioartera eramatea erronka handia da, gaurko egunean nahiz etorkizunean erro-errotik aldaketa kultural handia ekarriko duena. Horren guztiaren jakitun, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Basque Country, 2020-Nazioartekotze Esparru Estrategia garatu du. Estrategia integral horren bidez, lehentasuna ematen zaio nazioartekotzeari, kanpoko proiekzioa sakontzeko eta mundura irekitzeko; horrela, Euskadiren irudia zabalduko dugu, gure sendotasunak eta berezitasunak azpimarratuz, bikaintasunaren erreferente izan gaitezen munduan, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu eta lurralde lehiakor eta berritzaile.
Euskadiko gizarteak dagoeneko dituen balioekin identifikatu nahi da: ahaleginaren kultura, konpromisoa, gainditzeko gaitasuna, emakumeen eta gizonen aukera-berdintasuna eta justizia soziala; hori guztia Euskadiren irudiarekin bat egitea delako: nazioartean gure burua aurkezteko txartela, alegia.
Helburu hori lortzeko, ezinbestekoa da kanpoko euskal komunitatearekiko lokarriak eta loturak indartzea, baita euskal munduarekin kidetasuna sentitzen duten pertsonekiko ere, gure herrialdearen nazioarteko jarrera sendotzeko funtsezko aktiboa baitira.
2018-2020 Kanpo Harremanetarako Planak «Euskadi Aktore global izateko» helburua ezartzen du, Euskadi Basque Country irudia kanpoan zabaltzeko ekintza-ildoa zehaztuz, Euskadiko gizartearen indarrak, balioak eta ezaugarri positiboak proiektatze aldera.
Euskadi Basque Country irudiaren garapena eta proiekzioa bultzatzeko jardueren artean, «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena sortu da, Euskadiren zabalkundea eta ezagutza atzerrian zabaltzeko eta ezagutarazteko, baita nazioartean gure balioak aditzera emateko ere.
Hori dela eta, erakunde-aitorpen bat egin behar da, aipatutako ezaugarriak biltzen dituena, Euskadik atzerrian espazio propioa izan dezan lagundu dutenei aitorpen bat egiteko.
Horren arabera, Lehendakariak hala proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Dekretu honen helburua «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena eratzea eta hura emateko prozedura arautzea da.
2. artikulua.– Xedea.
Euskadi Basque Country irudia kanpoan zabaltzen eta indartzen egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsona fisiko edo juridikoei publikoki lan hori aitortzea da «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpenaren xedea.
3. artikulua.– Erakunde-aitorpenaren hartzaileak.
1.– Erakunde-aitorpena Euskadi Basque Country-ren irudia atzerrian zabaltzen eta nazioartean ezagutzera ematen laguntzen dutenei zuzenduko zaie.
2.– Pertsona fisikoei nahiz juridikoei –publiko zein pribatuei– eman ahal izango zaie erakunde-aitorpena.
4. artikulua.– «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena.
«Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena, urrezko zirkulu formako intsignia bat da; Ikurrinaren logoa du goi- eta behe-erliebean, hiru altuera bereizitan, eta zilar kolorea erliebearen gainean.
Atzealdean, «Euskadi Basque Country Laguna» idazkuna izango du, baita emate-data ere.
5. artikulua.– «Euskadi Basque Country Laguna» aintzatespena emateko prozeduraren hasiera.
1.– «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena emateko prozedura ofizioz hasiko da. Horretarako, dagokion espedientea abiaraziko da, eta erakunde-aitorpena emateko arrazoiak zehaztuko dira espediente horretan..
2.– Administrazio publikoek, erakunde edo entitate publiko zein pribatuek eta pertsona fisikoek proposamen arrazoituak egin ahal izango dituzte dekretu honetan araututako aitorpena emateko.
3.– Pertsona fisikoek eta juridikoek ezingo dute haien burua proposatu erakunde-aitorpena jasotzeko.
4.– Proposamenek honako datu eta agiri hauek jaso beharko dituzte:
a) Proposamena egiten duen pertsonaren identifikazioa.
b) Erakunde-aitorpena jasotzeko proposatzen den pertsona fisikoaren edo juridikoaren datuak.
c) Proposatzen den pertsona fisiko edo juridikoaren jakinarazpenetarako helbidea.
d) Proposatutako pertsonaren edo entitatearen merezimenduak eta lorpenak zehatz jasotzen dituen memoria, eta, harekin batera, merezimendu horiek egiaztatzen dituzten agiriak.
e) Egokitzat jotzen den beste edozein dokumentazio.
6. artikulua.– Izapidetzea.
1.– Egiten diren proposamenak batzorde batek aztertuko ditu. Batzorde horretako kideak hauek izango dira:
a) Kanpo harremanen arloan eskumena duen zuzendaria.
b) Europako gaietarako arloan eskumena duen zuzendaria.
c) Kanpoan den Euskal Komunitatearen arloan eskumena duen zuzendaria.
d) Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko hiru goi-mailako teknikari. Horietako bat idazkaria izango da, eta hitz egiteko eskubidea izango du baina botoa emateko eskubiderik ez.
2.– Batzordearen erabakiak batzordekideen botoen gehiengo sinplez hartuko dira.
3.– Batzordekideen izendapenari dagokionez, emakumezkoen eta gizonezkoen ordezkari kopurua orekatua izan dadin ahalegindu behar da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 legearen 3.7 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
4.– Batzordekideak izendatzeko, kontuan hartuko da, ahal den heinean, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan nahikoa gaitasun edukitzea. Batzordekideek hizkuntza ofizialetako edozein erabili ahal izango dute beren jardunean.
5.– Batzorde horrek, hurrengo artikuluan adierazitako irizpideen arabera, ebazpen-proposamena egingo du, eta ebazteko eskumena daukan organoari igorriko dio.
7. artikulua.– Ebazteko irizpideak.
Ebazpen proposamena egiteko, batzordeak honako irizpide hauek aztertuko ditu:
a) Euskadi Basque Country irudia kanpoan sortzeko edota sendotzeko proposatutako pertsona edo erakundeen inplikazioa..
b) Proposatutako pertsonek edo erakundeek bai Euskadiko gizartean bai nazioartean garatutako jardueraren edo ibilbidearen garrantzia eta oihartzun publikoa.
8. artikulua.– Ebazpena.
1.– Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak ebatzi behar du «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena emateko ebazpena.
2.– Erakunde-aitorpena emateko ebazpena zuzenean jakinaraziko zaie pertsona edo erakunde hartzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek jakin dezaten.
9. artikulua.– Erakunde- aitorpenaren banaketa.
Erakunde-aitorpenaren banaketa Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari dagokio, edo, bestela, hark bere ordez ebazpenean izendatzen duenari.
10. artikulua.– «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpenaren erregistro- liburuaren sorrera
1.– Lehendakaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari atxikita eta hark kudeatuta, dekretu honen bidez araututako «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpenaren erregistro-liburu elektronikoa sortzen da.
2.– Bi sekzio izango ditu, bat pertsona fisikoentzat eta bestea pertsona juridikoentzat, eta, erregistro-liburu horretan, honako hau jasoko da ofizioz:
a) Onuradunaren datuak; pertsona fisikoa bada, haren sexua zehaztuko da.
b) Espedientearen hasiera-data.
c) Erakunde-aitorpena emateko prozedurari lotutako datuak, eta ebazpenari eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeari lotutako informazioa.
d) Erakunde-aitorpena emateko prozedurari buruzko datuak: non eta zein egunetan emango den adieraziko da
e) Espediente-artxiboaren data, hala badagokio.
f) Beharrezkotzat jotzen diren gainerako datuak.
3.– Erregistro honetako datuak ezin zaizkio beste inori laga, salbu eta datu pertsonalak babesteko araudian aurreikusten diren kasuetan. Datu horiek ikerketa estatistikoetarako erabili ahal dira, modu despertsonalizatuan.
11. artikulua.– Erakunde-aitorpenaren ezeztapena.
1.– Erakunde-aitorpena eman duen organoak aitorpen hori ezezta dezake, baldin eta inongo zalantzarik gabe frogatzen bada «Euskadi Basque Country Laguna» erakunde-aitorpena jaso duenaren jokabide publikoa edo pribatua ez dela ohoragarria.
2.– Ezeztatze-ebazpena egiteko, aitorpena egiteko erabilitako prozedura bera erabiliko da, egoera horretan den pertsonari edo erakundeari entzun ondoren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honetan berariaz jasotzen ez den guztirako, honako hauek izango dira aplikagarri: urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko ekainaren 18an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.