EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2019118

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 3koa, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariarena, zeinaren bidez onartzen eta argitaratzen baitira «Basque Industry 4.0» 2019 laguntza programa arautzen duten oinarriak, eta beketarako deialdia egiten baita.

Xedapenaren data: 2019-06-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201903083
Maila: Ebazpena
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko Zuzenbide Pribatuko Erakunde Publikoak, hainbat ekintza egiten ditu bultzada bat emateko Euskal Autonomia Erkidegoko industria eta enpresen jarduerari, inbertsioari, garapenari, industria arloko dibertsifikazio eta lehiakortasunari, berrikuntzari, nazioartekotzeari, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizarteari eta enpresen ekintzailetzari.
Horri dagokionez, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia hainbat ekintza garatzen ari da 2020ko Euskadiko Agenda Digitala eta 2020ko Europako Agenda Digitala bultzatzera bideratuta. Ekintza horien artean aipatzekoak dira Elektronika, Informazio eta Komunikazio Teknologiak (EIKTak) euskal enpresetan txertatzea helburu duten laguntza programak.
Ondorioz, Laguntza Programa hau diseinatu da Ikerketa Industrialeko eta Garapen Esperimentaleko Proiektuak babesteko, zeintzuen bidez «teknologi hornitzaileen» teknologia manufakturako enpresa industrialei transferituko baitzaie Fabrikazio Aurreratuari aplikaturiko EIKTen esparruan.
Gorago adierazitakoaren arabera, hauxe
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Estatutuak onartzen dituen eta, beraz, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren organo nagusien funtzioak arautzen dituen azaroaren 13ko 160/2018 Dekretuan ezarritakoaren arabera, «Basque Industry 4.0.» 2019 Laguntza Programari dagozkion oinarri arautzaileak eta deialdia onartzea, zeinen edukia atxikita baitago ebazpen honen I. eranskinean.
Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 49.2 artikuluari jarraikiz, «Basque Industry 4.0» 2019 laguntza programaren oinarri arautzaileak onartzen dituen Ebazpen hau osorik argitaratzea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Hirugarrena.– Ebazpen honen kontra, hautazko izaeraz, berraztertzeko errekurtsoa jar daiteke SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusiaren aurrean, hilabete bateko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, administrazioarekiko epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratzen den egunaren hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bilbao, 2019ko ekainaren 3a.
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendari nagusia,
ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.
ERANSKINA
BASQUE INDUSTRY 4.0 PROGRAMA 2019
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko zuzenbide pribatuko entitate publikoak, hainbat ekintza egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) industria, lehiakortasuna, enpresen arteko lankidetza, ikerketa eta enpresen garapena sustatzeko.
«Basque Industry 4.0» programa bat dator 2020ko Euskadiko Agenda Digitala (ADE2020), Informazio Gizartea Garatzeko Plan Estrategikoan definitutako ekintza-politikekin. Agenda hori programako Zuzendaritza Batzordeak onartu du, eta Batzorde hori osatzen dute Informazio Gizartearen kudeaketan eta sustapenean eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako Sail guztiek.
AD@2020 plana 4 jarduera-ardatzetan egituratuta dago, eta horien barruan 11 erronka handi finkatu dira. Erronka horiek erdiesteko, AD@2020 planak bere baitan hartzen ditu 60tik gora ekintza zehatz (laguntza programak, zerbitzuak eta askotariko ekimenak). Hauek dira AD@2020 planaren ardatzak:
– Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan ardatza.
– Gizarte Lehiakorra eta Aktiboa ardatza.
– Administrazioa Ingurune Digitalean ardatza.
– Lurralde Adimenduna eta Kohesionatua ardatza.
«Enpresak Merkatu Global Digitalizatuan Ardatza» da AD@2020 programaren 4 jarduera-ardatzetako bat.
Enpresak Merkatu Digital Globalizatuan ardatzaren helburua da aurrera egitea industria adimendunaren garapenean, jomugatzat harturik Basque Industry 4.0 estrategia eta Euskadiko RIS3 Espezializazio Adimenduneko Estrategian definitutako sektoreak. Horretarako, garapen teknologiko berriek eta negozio-eredu berriek eskaintzen duten potentziala aprobetxatuko da. Hona hemen Ardatz horretako Erronkak:
1. erronka: EIKT aurreratu eta irisgarriak sektore estrategiko industrialen esku jartzea, hasi I+G fasetik eta industrian aplikatzeko teknologiak eta konponbideak garatzeraino.
2. erronka: industria adimenduna bultzatzea, EIKTak sartuz fabrikazioan, balio-kateak integratuz, eta balio erantsi handiko produktuak eta zerbitzuak garatuz.
3. erronka: EIKTen erabilpena sustatzea, enpresa, negozio-eredu eta merkatura sartzeko modu berriak sortzeko, hazteko eta sendotzeko.
Zentzu horretan, SPRIk hainbat ekintza garatzen ditu erronka horiek erdiesteko. Basque Industry 4.0 programaren helburua da erantzuna ematea Industria adimenduna bultzatzeko erronkari, eta horretarako, babesa ematea «teknologi hornitzaileen» teknologia (esaterako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileena) manufakturako enpresa industrialei Transferitzeko Proiektuei, beti ere Fabrikazio Aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien) esparruan, demostrazio-balioa dutenean eta, hortaz, lagungarri direnean EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago merkaturatzeko.
Esan beharra dago, Programa hau, SPRIko Dirulaguntza Plan Estrategiko barruan dagoela.
1. artikulua.– Helburua.
Programa honen helburua da babesa ematea «teknologi hornitzaileen» teknologia (esaterako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileena) manufakturako enpresa industrialei Transferitzeko Proiektuei, beti ere Fabrikazio Aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien) esparruan, demostrazio-balioa dutenean eta, hortaz, lagungarri direnean EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago merkaturatzeko.
2. artikulua.– Laguntzen izaera.
1.– Programa hau gauzatzean eta ebaztean, publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak bete behar dira.
2.– Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek daukate norgehiagoka-prozedura bete behar dute.
3.– Programa honen bidez ematen diren dirulaguntzak fondo galdurako dirulaguntzak dira.
4.– Programa honen barruan emandako dirulaguntzek ez dute lotura zuzenik esportatutako kopuruekin, banaketa sare bat sortu eta ustiatzearekin, edo esportazio jarduerarekin lotutako beste gastu arrunt batzuekin.
3. artikulua.– Aplikatzekoa den araudia.
Programa honi araudi hau aplikatuko zaio:
1.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, zeinaren bidez arautzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen berme eta ordainketen araubide orokorra eta ezartzen baitira berorren kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak.
2.– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duena.
3.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta Lege hori garatzen duen Araudia (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua), dirulaguntza arloko oinarrizko legeriari dagokion guztian (38/2003 Legea).
4.– Europako Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 Araudia (EB), zenbait laguntza-kategoria barne merkatuarekin bateragarriak direla aitortzen duena, Ituneko 107 eta 108. artikuluak aplikatuz. (EBAO L 187/1).
5.– Europako Legebiltzarraren eta Batzordearen abenduaren 17ko 1303/2013 Araudia (EB), laguntza programa honentzat aplikatzekoa den guztirako.
4. artikulua.– Terminoak eta definizioak.
Programa honen ondorioetarako, definizio hauek finkatzen dira:
1.– «SPRI», SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren izen komertziala (Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari atxikitako zuzenbide pribatuko ente publikoa).
2.– Erantzukizunezko aitorpena. Erakundearen lege-ordezkariak egindako erantzukizunpeko aitorpena, eskaerari atxikitako ereduaren arabera egina, hauek egiaztatzen dituena:
a) Erakundeko lege-ordezkariaren izen-abizenak eta Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia (NAN) edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia (AIZ).
b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ) eta baltzuaren helbidea.
c) Gutxienez jarduera ekonomikoko zentro baten helbidea Euskal Autonomi Erkidegoan izatea, bertan egingo direlarik Laguntza-eskaeran deskribatutako diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
d) Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafean alta emanda egotea.
e) Egunean egotea Ogasunarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko edota haren kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekin dauzkan betebeharretan, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein enpresarekin.
f) Proiektu hori bera gauzatzeko beste erakunde publiko zein pribatu batzuei eskatutako edo/eta haiek emandako dirulaguntzak, bertan adieraziz laguntza hori noiz eskatu zen, eta, hala badagokio, zein organismok eman zuen, zein programaren baitan eta laguntzaren zenbatekoa.
g) Enpresaren tamaina neurtzeko zehaztasunak.
h) Arau honen 6.2.d artikuluan aurreikusitako egoeraren batean ez egotea.
i) Armarik ez produzitzea, merkaturatzea edo finantzatzea, Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz.
j) Konpromisoa hartzea jasotako laguntzaren aurrerakina enpresaren kontabilitatean pasibo gisa islatzeko eta SPRIri itzultzeko, baldin eta itzultzea agintzen duen ebazpen bat ematen bada.
k) Konpromisoa hartzea araudia honen 9.6 artikuluan adierazitakoa betetzeko.
3.– Enpresa. Jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.
4.– Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, gastu edo/eta inbertsio hautagarrien gehienezko aurrekontuen ehunekoaren arabera.
5.– Baimena SPRIri, ziurtagiriak eska diezazkien Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiari, Zerga Administrazioko Estatu Agentziari eta Araba, Bizkaia nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiei, ziurtagiri horien bidez bermatzeko ordezkatutako enpresak zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela eta alta emanda dagoela Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren dagokion epigrafean edo epigrafeetan. Horrela, aurkeztutako laguntza-eskaerak aztertu edota ordaindu ahal izango dira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50.3 artikuluari jarraiki, zeinak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen baitu.
6.– Ikerketa industriala. Ikerketa planifikatua edo ikasketa kritikoak dira, helburutzat dutenak produktu, prozesu edo zerbitzu berriak garatzeko edo lehendik existitzen direnak nabarmen hobetzeko baliagarriak izan daitezkeen ezagutza eta gaitasun berriak barneratzea; bere baitan hartzen du sistema konplexuen sorkuntza eta bere baitan har dezake baita ere prototipoak eraikitzea laborategi batean edo interfaze simulatuetan lehendik existitzen diren sistemekin, edo linea pilotuak sortzea ikerketa industrialerako eta, zehazki, teknologia generikoa baliozkotzeko.
7.– Garapen esperimentala.
a) Lehendik existitzen diren ezagutza zientifikoak, teknologikoak, enpresa arlokoak edo beste mota batekoak barneratzea, konbinatzea, konfiguratzea eta aplikatzea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak egiteko; bere baitan har dezake baita ere, esaterako, produktu, prozesu edo zerbitzu berrien kontzeptuak definitzeko, planifikatzeko eta dokumentatzeko jarduerak.
b) Garapen esperimentalak bere baitan har ditzake ondoko hauek: prototipoak sortzea, demostrazioa eta proiektu pilotuak egitea, produktu, prozesu edo zerbitzu berriak edo hobetuak probatu eta baliozkotzea funtzionamendu baldintza errealak ordezkatzen dituzten inguruneetan, betiere helburu nagusitzat badute hobekuntza teknikoak txertatzea behar bezala errotuta ez dauden produktu, prozesu edo zerbitzuetan. Era berean, bere baitan har dezake komertzialki erabil daitezkeen prototipo edo proiektu pilotuen garapena, baldin eta amaierako produktu komertziala badira eta horiek fabrikatzea garestiegia bada soilik demostrazio eta baliozkotze prozesuetan erabiltzeko.
c) Garapen esperimentalak ez ditu bere baitan hartzen produktuetan, produkzio ildoetan, fabrikazio prozesuetan, lehendik existitzen diren zerbitzuetan eta aribidean dauden beste operazio batzuetan egiten diren ohiko edo aldizkako aldaketak, nahiz eta aldaketa horiek hobekuntzak ekarri;
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programa honen xederako, hots, dirulaguntzak emateko erabiliko diren baliabide ekonomikoak 2.552.873 eurorainokoak dira, eta, SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak bere aurrekontuetan horretarako sortutako zuzkiduretakoak izango dira, zeintzuk sartuta baitaude Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
2.– Programa honen finantzaketarako funts publikoak eskatzaileen artean banatuko dira eta horretarako balioztatuko dira haiek aurkezten dituzten merezimenduak eta araudi honetan ezarritakoaren arabera bakoitzari dagokion dirulaguntzaren kopurua.
3.– Dirulaguntza hauek Eskualdeen Garapeneko Europako Funtsak lagunduta finantzatzen dira (EGEFen ekarpena diruz lagundutako zenbateko osoaren % 50ekoa izango da). Horregatik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Araudian ezarritakoaren mende daude laguntzak, eta hauek dira EGEFen laguntzarekin finantzatutako proiektuek bete beharreko baldintzak:
– Kontrol, erantzukizun, zehapen-araubide eta ez-betetzeei dagokienez, onuradunak Estatuko eta EBko legeria bete behar ditu.
– Euskadiko 2014-2020 EGEF Programa Eragilearen esparruan kofinantzatuko dira laguntza hauek, eta horren berri eman beharko da jendaurrean, 1303/2013 (EB) Araudiaren 115. artikuluko 3. atalaren eta XII. eranskineko 2.2 atalaren arabera. Alde horretatik, baldin eta diruz lagundutako jarduerei buruzko informazio eta komunikazio ekintzak egiten badira, EGEF bidezko kofinantzaketa komunitarioa aipatu beharko da hedapenerako erabilitako material edo euskarrietan, Batasunaren ikurra eta Europar Batasunaren erreferentzia txertatuta. Operazioa garatzen ari den bitartean, haren deskribapen labur bat egin beharko da bere webgunean, Batasunaren dirulaguntza nabarmenduz bertan, eta gutxienez proiektuari buruzko informazio kartel bat –A3ko gutxieneko tamainan– jarriko da, non Batasunaren diru laguntza aipatuko baita jendeak ikusteko moduan.
– Laguntza onartuz gero, onartu egingo da, halaber, 1303/2013 (EB) Araudiaren 115. artikuluko 2. atalean jasotako operazioen zerrenda publikoan sartzea.
– EGEFen kofinantzaketa jasotzen duenak finantzaketari, administrazioari eta ekintzen garapenaren jarraipenari buruzko informazioa artxibatu behar du, harik eta operazioaren gastuak barne hartzen dituzten kontuak aurkeztu eta hurrengo abenduaren 31tik 3 urte igarotzen diren arte. Testuinguru horretan, onuradunak erraz eskuratzeko moduan izan beharko du informazio hori (kontabilitate-sistema bereizia edo berariazko kodeketa).
6. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Programa honetan ezartzen diren laguntzak eskuratu ahal izango dituzte proiektuak banaka edo lankidetzan aurkezten dituzten manufakturako enpresa industrialek. Bigarren kasu honetan, «balio-katea» osatzen duten enpresak izan beharko dira. Lankidetzako proiektuak izango dira gutxienez 2 enpresak elkarrekin aurkezten dituztenak.
Ez dira onartuko elkarri lotutako enpresen arteko lankidetza-proiektuak.
2.– Onuradunek gainera ondoko baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Kanpoko/barruko gastuak eta inbertsioak kontuan hartuta, 75.000 eurotik gorako aurrekontua duten proiektuak garatzen dituzten enpresak.
b) Jarduera industrialeko zentro bat edukitzea Euskal Autonomi Erkidegoan, eta diruz lagundu daitekeen jarduera bertan gauzatzea.
c) Enpresa egunean egotea Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrarekiko eta bere kolaboratzaileekiko zerga betebeharretan, eta baita ere Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharretan, eta ez izatea iraungitako, erreklamatutako edo ordaindu gabeko zorrik SPRI Taldeko ezein entitateekin.
d) Alta emanda egotea Euskadiko Jarduera Ekonomikoen Zergaren kasuan kasuko epigrafe industrialean.
e) Ondoko egoeraren batean ez egotea:
Lehenengoa.– Dirulaguntza publikoak lortzeko edota Euskal Autonomi Erkidegoko Administrazioarekin edo bere sektore publikoarekin kontratatzeko legezko debekua edo gaitasun gabetzea izatea, horren barruan sartzen direlarik sexu bazterkeriagatik egoera horretan daudenak Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera.
Bigarrena.– Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela.
Hirugarrena.– Legegintzako 1/1997 Dekretuaren 50. artikuluko egoeretan eta 13/2003 Legearen 13. artikulukoetan egotea, zeinaren ondorioz ezin baita izan laguntzen onuradun, eta bereziki ondoko hauetan:
Oraindik bete gabe izatea edozein administraziotatik edo sektore publikoko edozein erakundetatik jasotako laguntza edo dirulaguntzei dagozkien zenbatekoak itzultzeko betebeharrak. Ezingo dute, halaber, deialdi honetan parte hartu zehapen-prozedura batean zehapen irmo bat jaso dutenek (betiere, laguntza publiko batetik datorren zehapena bada), edo horrelako programetan lehiatzea galarazten duten zehapenak dituztenek, baldin eta zehapena betetzen ari badira. Eskatzailea dirua itzultzeko prozedura batean edo mota horretako zehapen-prozeduran badago, horren emaitza ikusita emango da –edo, hala badagokio, ordainduko da– laguntza.
Prozedura batean kaudimengabetzat joak izatea, konkurtsoa eskatu izana, konkurtsoan egotea, esku-hartze judizial batean egotea edo Konkurtso Legearen arabera desgaituak izatea, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe egonik.
Dirulaguntzen deialdi hau egin aurreko 5 urteetan enpresa edota haren lege-ordezkariak epai irmo baten bidez kondenatuak izatea, laneko osasunaren aurkako delituren bat egiteagatik, eta, halaber, zehapen irmoa jasotzea, arlo horretan arau-hauste administratibo oso larria egiteagatik.
Laugarrena.– Agintaritza eskudunak egiaztatzea ezen erakunde horrek lehia galarazten, murrizten edo faltsutzen duten jarduerak egiten dituela.
Bosgarrena.– Armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen aritzea, betiere abenduaren 28ko 14/2007 Legean, Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzkoan, ezarritakoari jarraiki.
Seigarrena.– Bere jarduera garatzea sektore hauetakoren batean: (i) arrantza eta nekazaritza, (ii) nekazaritzako produktuen lehen mailako produkzioa, eta (iii) nekazaritza produktuen eraldaketa eta merkaturatzea, 1407/2013 Araudiaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetan.
3.– Laguntza-eskaerak aurkezten diren unetik likidaziora arte, laguntzen onuradun izateko baldintzak bete beharko dira.
7. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
«Teknologi hornitzaileen» teknologia (esaterako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileena) manufakturako enpresa industrialei Transferitzeko Proiektuak, beti ere Fabrikazio Aurreratuari aplikaturiko EIKTen (Elektronikaren, Informazioaren eta Telekomunikazioen Teknologien) esparruan, demostrazio-balioa dutenean eta, hortaz, lagungarri direnean EIKTen arloko I+G-ko proiektuen emaitzak azkarrago merkaturatzeko.
Proiektuek arlo hauetakoren batekin lotuta egon behar dute, fabrikazio aurreratuari aplikaturiko CPS (Cyber Physical Systems) sistemen arloan:
1.– Zibersegurtasuna eta industria-komunikazioak.
2.– Hodei-informatika.
3.– Datu handiak – Analitika Aurreratua eta Business Intelligence.
4.– Machine Learning.
5.– Robotika kolaboratiboa.
6.– Errealitate areagotuko proiektuak.
7.– Ikusmen artifizialeko proiektuak.
8.– Sentsorika.
9.– Metalezko materialekin eta material aurreratuekin eginiko diseinua eta fabrikazio gehigarria (zeramikak, compositeak, e.a.).
10.– Material eta prozesu aurreratuen proiektuak.
Proiektuen TRL (Technology Readiness Levels) maila 5etik 9ra bitartekoa (biak barne) izan behar da.
Proiektuak gutxienez 75.000 euroko guztizko aurrekontua aurkeztu beharko du dirulaguntza jaso ahal izateko. Proiektuak 16 hilabeteko iraupena izango du gehienez.
Ez dute dirulaguntzarik jasoko SPRIri lehenago aurkeztutako proiektuak eguneratzeko edota mantentzeko jarduerek, SPRIk edo Eusko Jaurlaritzak sustatuko programa honen edo beste edozeinen laguntzaren bat jaso badute.
TRL (Technology Readiness Levels) mailen deskribapena Europako Batasunak erabiltzen duena izango da, eta jarraian azaltzen da, laburpen gisa:
– TRL 1: Oinarrizko printzipioak hauteman eta jasotzen dira.
– TRL 2: Kontzeptu eta/edo aplikazio teknologikoa adierazten da.
– TRL 3. Funtzio kritiko analitikoa eta esperimentala eta/edo kontzeptu-proba bereizgarria.
– TRL 4: Osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek laborategiko ingurunean jartzen dira.
– TRL 5: Osagaia baliozkotzen da eta/edo osagai horiek ingurune adierazgarri batean jartzen dira.
– TRL 6: Sistema- edo azpisistema-eredua edo prototipoa ingurune adierazgarri batean probatzen da.
– TRL 7: Sistema edo prototipoa ingurune erreal batean probatzen da.
– TRL 8: Sistema osatua eta ziurtatua dago, proba eta demostrazioen bidez.
– TRL 9: Ingurune errealean arrakastaz probaturiko sistema da.
Nolanahi ere, diruz lagundu daitezkeen jarduerek, gastu eta inbertsio hautagarriek eta horien guztien intentsitateak EBko 651/2014 Araudiaren 25. artikuluan ezarritakoa beteko dute.
Nolanahi ere, ez da diruz laguntzeko moduko ekintza izango Europar Batasuneko beste Estatu kide batzuetara edo hirugarren herrialdeetara esportatzea, eta ondorioz, Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezingo dute lotura zuzenik izan esportatutako kopuruekin, banaketa-sare bat sortu eta ustiatzearekin edota esportazio jarduerarekin lotutako bestelako gastu arruntekin.
Programa honen esparruan emandako dirulaguntzek ezin dute baldintza bezala jarri bertako produktuak erabiltzea inportatutakoak erabili beharrean.
8. artikulua.– Gastu hautagarriak.
1.– Gastu eta inbertsio hautagarritzat hartuko dira kontzeptu hauek, aurreko puntuan zehazturiko diruz lagun daitezkeen jarduerekin lotuta:
– «I+G-ko agenteak» (esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek) eskainitako orduen gastuak, barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza.
– «Inplantariaren» ordu-dedikazioaren gastuak, horren barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza. Hornitzaile horiek enpresa onuradunaren aholkularitza independente edota ingeniaritza independenteak izan behar dira, hau da, akziodunen zuzeneko edo zeharkako harremanik ez dute edukiko enpresa onuradunarekin. Partaidetza-harreman bat egongo balitz, gastu horiek dirulaguntza kalkulatzeko helburuarekin «enpresa onuradunaren barneko langileen gastuak» kontuan hartu ahal izango dira.
– «I+G-ko agente» batek eskainiriko jabetza industriala eskuratzeko gastuak.
– Hardwareko eta softwareko inbertsioak eta/edo gastuak. Baldin enpresa onuradunak erabiltzen baditu RIS3 Fabrikazio Estrategia Aurreratuaren Gidaritza Taldeak «1. Ekimen Estrategikoa – 1EE» delakoaren barruan bultzatutako «Euskadiko Fabrikazio Aurreratuko aktiboen sare konektatua»ren azpiegiturak edo hardwarea eta softwarea, azpiegitura hori erabiltzeagatik sortutako gastuak diruz laguntzeko modukoak izango dira, eta «Hardware eta software propioan eginiko inbertsio edota gastu» gisa hartu ahal izango dira, inbertsio hautagarriak kalkulatzeko.
– Enpresa onuradunaren barneko langileen gastuak, diruz lagundutako proiektuari egoztekoak direnak, gehienez 30 euro/orduko balioa duen kostu hautagarria onartuko delarik.
2.– Gastu eta inbertsio hautagarriek ezingo dituzte gainditu gehieneko ehuneko hauek, diruz lagun daitekeen proiektuaren aurrekontu osoa kontuan hartuta kalkulatu direnak:
– «Inplantariaren» (aholkularitza eta ingeniaritza enpresak) ordu-dedikazioaren gastuak, horren barnean sartuz fabrikan ematen den laguntza eta aholkularitza: gehienez % 20.
– Jabetza industriala eskuratzeko gastuak: gehienez % 20.
– Hardwareko eta softwareko inbertsioak eta/edo gastuak: gehienez % 20.
– Enpresa onuradunaren barneko langileen gastuak: gehienez % 10.
3.– Gastu eta inbertsio hautagarriek laguntza-eskaera SPRIn aurkezten denetik aurrera eta proiektu exekutatzeko epe barruan sortuak edo fakturatuak izan behar dute.
4.– «I+G-ko agenteak» (esaterako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek) eskainitako orduen gastu hautagarriek baldintza hauek beteko dituzte:
– Fabrikazio aurreratuari aplikaturiko EIKTen esparruan -5etik 9ra bitarteko TRL mailan- I+G-ko jarduerak gauzatzen dituzten erakundeek eginikoak izango dira.
– Enpresa eskatzailearekin edo eskatzaileekin akzio edo partaidetzen bidez loturarik ez duten (ez zuzenean ez zeharka) erakundeek eginikoak izango dira.
9. artikulua.– Gastu eta inbertsio hautagarriei aplikatzeko baldintzak.
Gastu eta inbertsio hautagarriak baloratzeko, irizpide hauek izango dira kontuan:
1.– Lotura zuzena izango dute programa honen helburu den lankidetza-jarduerarekin.
2.– Deskontuak eta antzekoak izanez gero, gastua gutxitu egingo da.
3.– Gastu hautagarriaren balioespena kutxako irizpidearen araberakoa izango da.
4.– Proiektuaren gastu-aurrekontua handiegia bada antzeko proiektuen batez besteko gastuekin alderatuta, gastu hautagarrien oinarria murriztuko da, gastu egokitzat eta proportzionatutzat jotzen den zenbatekoaren arabera.
5.– Fakturan aplikatutako Balio Erantsiaren gaineko Zerga ez da izango gastu hautagarria.
6.– Dirulaguntzen Lege Orokorreko 31.3 artikuluan aurreikusitakoa betez, diruz lagun daitekeen zenbatekoak gainditu egiten baditu kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiak kontratu txikirako ezarritako kopuruak, onuradunak gutxienez hiru hornitzaileren eskaintzak eskatu beharko ditu lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta, baldintza bereziak tarteko, merkatuan ez badago lana egiteko, zerbitzua emateko edo ondasuna entregatzeko behar beste erakunde edo gastua dirulaguntza eman baino lehen egin bada (azken kasu horretarako salbuespenak izango dira 651/2014 Araudia bete behar duten enpresak).
10. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.
Deialdi honen xede diren laguntzak dirulaguntza gisa egituratuko dira onartutako gastu eta inbertsio hautagarriekiko portzentaje hauetan:
– Oro har, proiektuan onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 25.
– Horrez gain, proiektuan onartutako gastu eta inbertsio hautagarrien % 15, lankidetza efektiboa garatzen denean enpresa baten eta ikerketa organismo baten edo batzuen artean eta ezagutzaren zabalkundea egiten denean, betiere beren gain hartzen badute diruz lagundu daitezkeen kostuen gutxienez % 10 eta garatutako ikerketaren emaitzak argitaratzeko eskubidea gordetzen badute.
Bakarkako proiektuek gehienez 150.000 euroko dirulaguntza jaso dezakete, eta lankidetzan eginiko proiektuek, berriz, gehienez 300.000 euro proiektuan parte hartzen duten enpresa guztientzat.
Diruz laguntzeko moduko jarduera bat edo gehiago egiteko ekitaldian zehar, enpresa bakoitzak urtean 200.000 euroko dirulaguntza jasoko du gehienez.
11. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.
1.– Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten erakundeek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere gastu hautagarri berberetarako gehienezko laguntzaren muga errespetatzen bada.
2.– Laguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izango erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo horien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta. Baldin eta beste laguntza publiko batzuk eta programa honen bidez emandakoa metaturik lortzen den zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den neurrian.
12. artikulua.– Laguntza-eskaera.
1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek laguntza-eskaera egiteko formularioa bete beharko dute SPRIren web-gunean.
2.– Eskaera hori sinadura elektroniko aurreratuaren bidez (ziurtagiri elektroniko errekonozitu batekin) sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. SPRIren sistemetan emandako sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
3.– Erakunde eskatzailearen eta bere lege-ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira laguntza-eskaeran.
4.– Laguntza-eskaera ondoko hauekin batera aurkeztuko da:
a) Erakundearen lege-ordezkariaren erantzukizunezko aitorpena.
b) Lege-ordezkariaren notario-ahalordearen kopia. Onuraduna langile autonomoa baldin bada, dagokion Foru Aldundiaren edo Udaleko Ogasun Sailaren ziurtagiri eguneratua, jarduera ekonomikoa egiaztatuko duena.
c) Erakunde onuradunaren IFZ.
d) Proiektuaren memoria, hor sartuz:
– Hornitzaile teknologikoen eta inplantarien eskaintza teknikoa.
– Eskaintza ekonomikoa, zehaztuz helburuak, eginkizunak eta kostuak eta barnean sartuz hornitzaile teknologikoaren gastuen banakapena eta hardwareko eta softwareko inbertsioak.
– Proiektuaren laburpen exekutiboa (2 orrialde gehienez).
– Arrazoiturik azaldu enpresan espero diren lehiakortasun-arloko hobekuntzak.
– Ezarri behar den teknologiak duen gaitasuna enpresak duen fabrikazio aurreratuko arazo bat konpontzeko.
– Teknologia hori ezartzeak enpresan eragin ditzakeen hobekuntzak edo konpon ditzakeen arazoak.
– Arrazoiturik azaldu proiektuak duen gaitasuna helarazi behar den teknologiaren TRL maila sustatzeko, emaitzak merkatura azkarrago helaraziz (merkaturatuz), ingurune erreal batean eta berrikuntzaren esparruan jardunez.
– Proiektuak honako hauetan duen inpaktuaren justifikazioa: zuzeneko eta zeharkako enplegu sorkuntzan (kuantifikatu enplegu berriak zenbakitan) eta enpresa onuradunen fakturazio handiagoan edota esportazio ugariagoetan (kuantifikatu portzentajeetan aurreko urtearekin alderatuta eta termino ekonomikoetan, hots, eurotan).
– Proiektua ezartzen duen lan-taldea (atxiki proiektuan inplikatuta dauden pertsonen CVa). Txosten bat, arrazoituz proiektuaren lan-taldean badaudela EIKTen ezarpenean adituak direnak, nahiz enpresa onuradunaren barnean bertan nahiz kanpoko aholkularitza-enpresa aditu baten bidez; horrela bermatuko da manufakturako enpresa industrialean ezarri den proiektuaren iraunkortasuna eta mantenimendua.
– Proiektuak euskal ekonomian duen trakzio-eragina, eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara zabaltzeko aukera.
e) Transferituko den teknologiaren azalpen-memoria. Azaldu zeintzuk diren hornitzaile teknologikoaren ezagutza teknikoak («aktibo teknologikotzat» hartzen direnak); hortik bereizi egin behar da hornitzaileak enpresa industrialari helarazi nahi dion ezagutza horren zatia. Azaldu teknologia horiek dituzten gaitasunak diseinuari laguntzeko eta ondasun eta zerbitzu berriak sortzeko. 4-5 orriko laburpen exekutibo bat sartu behar da, teknologia horiek deskribatuz.
f) Baimena SPRIri honek eska dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak eguneratuak izatea eta, era berean, kontsulta dezan enpresa JEZen (jarduera ekonomikoen gaineko zergan) alta emanda dagoen epigrafea.
g) «Jabetza industriala erosteko gastuak» gastu hautagarri gisa aurkezten badira, alderdi biek sinatutako «kontratuaren» kopia atxiki beharko da, non jabetza industrial hori transferitzeko baldintzak eta prezioa jasoko baitira.
h) Halakorik izanez gero, Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria, erakunde eskatzailearen izenean dagoena.
5.– Laguntzen pizgarri efektua bermatzeko, laguntza-eskaeraren aurkezpen-dataren ondoren hasten diren proiektuek bakarrik jaso ahal izango dituzte laguntzak.
6.– Enpresa onuradunak eta SPRIk baliozkotzat joko dituzte dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora posta elektronikoz bidaltzen diren jakinarazpen guztiak. Laguntzaren onuradun gisa agertzen den enpresaren posta elektronikoa bakarrik onartuko da harremanetarako helbide gisa.
7.– Eskatzaileek bermatuta izango dute beren hizkuntza –euskara edo gaztelania– ahoz nahiz idatziz erabiltzeko eskubidea, Programa honen ondorioz SPRIrekin izango dituzten harreman guztietan.
13. artikulua.– Laguntza-eskaerak aurkezteko epea.
Laguntza-eskaera aurkezteko epea oinarri hauek Euskadiko Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren lanegunaren biharamunean hasiko da eta 2019ko irailaren 17ko eguerdiko 15:00etan (penintsulako ordua) amaituko da.
Laguntza-eskaera eta horrekin batera aurreko artikuluan eskatzen den dokumentazioa, diruz lagundu beharreko jarduera hasi baino lehen aurkeztu beharko dira.
14. artikulua.– Ebaluaketa eta ebazpen prozedura.
1.– Dirulaguntzak onartzeko eskaera guztiak konparatuko dira, araudi honetan ezarritako balorazio irizpideei jarraiki horien arteko lehentasuna erabakitzeko, eta irizpide horien arabera balorazio handiena lortu dutenei esleituko zaie laguntza.
2.– Ebaluazio Erakundeari dagokio, aurkeztu eta onartutako eskaeren azterketa eta ebaluazioa. Aipatutako Ebaluazio Erakundeak honako hauek osatuko dute:
a) SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Zuzendaritza Nagusiari edo haren esku delegatutakoa, Ebaluazio Erakundearen Lehendakaritza izango du eta bere botoak berdinketak apurtuko ditu.
b) Aitor Uzelai Inza jauna (Eusko Jaurlaritza Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria), Aitor Cobanera Rodriguez jauna (SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Tekonologia eta Berrikuntzaren zuzendaria), Alberto Fernández González (SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Tekonologia Arduraduna) eta Iñaki Suarez Arauzo (SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren Informazio Gizartearen Arduraduna), idazkari gisa arituko dena. Guztiek, SPRI – Euskal Enpresen Garapenerako Zuzendaritza Nagusiko ebazpenaren bidez izendatutakoak.
Ebaluazio Erakundeak izango da, zuzendari nagusiari ebazpena proposatuko diona.
3.– Laguntza eskaerak ebaluatzeko proposamena. Laguntza-eskaerak ebaluatzea, espedientea osorik dagoen unearen arabera. SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Sailak banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskaerak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Programan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskaerak gaitzetsi egingo dira SPRIko zuzendari nagusiaren banan-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek enpresa eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.
4.– Proiektuen ebaluazioa egingo da honako irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz:
– Enpresa onuradunaren edo onuradunen lehiakortasunaren hobekuntza, teknologia transferitzeko proiektua ezartzearen ondorioz. Hobekuntza horiek neurtuko dira enpresaren edo enpresen produktu, prozesu (ekoizpen-aurreko, ekoizpen eta ekoizpen-ondorengo), bitarteko eta sistemekin modu orokorrean loturiko hobekuntzen bidez. Teknologia ezartzeak duen gaitasuna enpresak duen fabrikazio aurreratuko arazo bat konpontzeko (20 puntu).
– Proiektuak duen gaitasuna helarazi behar den teknologiaren TRL maila sustatzeko, emaitzak merkatura azkarrago helaraziz (merkaturatuz), ingurune erreal batean eta berrikuntzaren esparruan jardunez (20 puntu).
– Proiektuak duen gaitasuna enpresan bertan enplegua sortzeko (zuzenean eta zeharka), fakturazioa handitzeko edo enpresa onuradunen esportazioa areagotzeko (10 puntu).
– Transferitu behar den aktibo teknologikoak duen gaitasuna produktuak eta ekoizpen-prozesuak hobetzeko manufaktura aurreratuaren esparruan, Euskadiko manufaktura sektoreko enpresa industrialetan. Aktibo horiek diruz lagun daitezkeen CPSen esparruak hartuko dituzte (Zibersegurtasuna eta industria-komunikazioak, Hodei-informatika, Datu handiak – Analitika Aurreratua eta Business Intelligence, Robotika Kolaboratiboa, Errealitate areagotua, Ikusmen artifiziala, Sentsorika eta Diseinua eta fabrikazio gehigarria metalezko materialetan eta material aurreratuetan) (15 puntu).
– Proiektua ezartzen duen lan-taldea. Proiektuaren lan-taldean EIKTak ezartzen adituak egotea, nahiz enpresa onuradunaren barnean bertan nahiz kanpoko aholkularitza-enpresa aditu baten bidez; horrela bermatuko da manufakturako enpresa industrialean ezarri den proiektuaren iraunkortasuna eta mantenimendua (10 puntu).
– Proiektua aurkezteko dokumentazioaren kalitatea. Helburu, eginkizun eta kostuen zehaztapen-maila. Hornitzaile teknologikoek eta enpresa industrial onuradunek proposaturiko lan-taldea (10 puntu).
– Proiektuak euskal ekonomian duen trakzio-eragina, eta proiektua beste enpresa-jarduera batzuetara zabaltzeko aukera (15 puntu).
Irizpide bakoitzak puntuazio bat lor dezake gehienez. Puntuazioa lortzeko, irizpide bakoitza betetzen den ala ez begiratuko da.
Baztertu egingo dira dirulaguntza eskaerak, baldin eta bertako jarduerek puntuazio hau ez badute lortzen gutxienez: 10 puntu, «Lehiakortasuna hobetzea» irizpidean; 10 puntu «Proiektuaren gaitasuna teknologiaren TRL maila sustatzeko» irizpidean, eta 5 puntu «Proiektua ezartzeko lan-taldea» irizpidean.
Horrez gain, enpresan euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa akreditatzeko «Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria» dutela frogatzen duten enpresek aurkeztutako proiektuek 5 puntu gehiago jasoko dituzte ebaluazio teknikoaren emaitza globalean.
5.– Ebazpena SPRIko zuzendari nagusiak emango du, norgehiagoka erregimenean.
6.– Ebazpen epea. Sei hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, eskaerak dokumentazio guztiarekin aurkezten diren unetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik eman ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
7.– Ebazpenak jakinaraziko du zenbateko dirulaguntza ematen den, zein baldintzatan eta zein epetan egin behar den; halaber zehaztuko du jarduera hori garatzeko beharrezkoa den beste edozein baldintza.
8.– Erakunde eskatzaileak baliozkotzat joko ditu dirulaguntza eskaeran adierazitako harremanetarako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk posta elektronikoz bidaltzen dituen jakinarazpen guztiak. Laguntza eskatzen duen enpresaren edota proiektuko liderraren posta elektronikoa bakarrik onartuko dira harremanetarako helbide gisa.
9.– Ebazpena SPRIren web-gunean argitaratuko da, denek izan dezaten eman diren laguntzen berri.
15. artikulua.– Likidazio-eskabidea. Aurkezteko epea.
1.– Diruz lagundu daitekeen jarduera amaitu eta 90 egun naturaleko epearen barnean, erakunde onuradunek proiektua gauzatu izana justifikatu beharko dute, SPRIren web-guneko likidazio-eskabidearen inprimakiak betez.
2.– Eskabide hori sinadura elektronikoaren bidez sinatu beharko du erakundea ordezkatzeko ahalorde nahikoa duen pertsona batek. Sinadura elektronikoaren eguna hartuko da aurkezpen-egun modura.
3.– Erakunde eskatzailearen eta bere lege-ordezkariaren identifikazio-datuak jaso beharko dira likidazio-eskabidean.
4.– Likidazio-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Teknologia transferentziarako proiektuaren exekuzio memoria zehatza eta lortutako emaitzena.
b) Hornitzaile teknologikoen fakturen barruan sartzen diren kontzeptuen deskribapen-txostena, hardwarearen, softwarearen, dedikazio orduak... Eskainitako orduetan proiektuan parte hartzen duten pertsonek, haien ardurak eta pertsona bakoitzak egiten dituen eginkizunak adieraziz.
c) Gastu eta inbertsio hautagarrien fakturen kopia.
d) Finantza-erakundeak ordaindu izanaren egiaztagirien kopia.
e) Finantza-erakundearen egiaztagiriaren fotokopia, kontu korrontearen titulartasuna onuradunaren izenean dagoela frogatzeko eta zenbakia zein den zehazteko.
f) Baimena SPRIri zerga administrazioekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betearaz daitezen eskatzeko.
g) Halakorik izanez gero, Kudeaketa Linguistikoaren Bikain Kalitate Ziurtagiria, erakunde eskatzailearen izenean dagoena.
16. artikulua.– Laguntza- edota likidazio-eskabideak zuzentzea.
Laguntza- edota likidazio-eskabideak ez badaude behar bezala beteta puntu guztietan edo ez bada eskatutako dokumentazio osoa aurkezten, SPRIk 10 egun balioduneko epea emango dio erakundearen lege-ordezkariari akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko.
Epe hori igaro eta erakunde onuradunak ez badu zuzenketarik egin, SPRIko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, bertan behera utzi ahal izango du espedientea eta erakunde eskatzaileari jakinaraziko dio.
17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak SPRIk gauzatuko ditu, bi ordainketa eginez. Lehenengo ordainketa dirulaguntza ematearen erabakia jakinarazi ondoren egingo da, eta dirulaguntzaren % 70ekoa izango da, ezar lekiokeen berme-erregimenarekin. Bigarren ordainketan gainerako % 30a ordainduko da, likidazio-eskabidea eta aurreko artikuluan eskatzen den froga-dokumentazioa aurkeztu ondoren.
2.– Baldin eta gastu hautagarria dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuan adierazitakoa baino txikiagoa bada, dirulaguntza proportzionalki egokituko zaio gastuari.
3.– Likidazio-eskabidean eskatutako egiaztagiriak aurkeztu eta gehienez 60 egun naturaleko epean egingo dizkie ordainketak SPRIk erakunde onuradunei, betiere egiaztagiri horiek ebaluatu eta oniritzia eman ondoren. Ez da zenbatuko SPRIren berrikuspenaren ondoriozko epea, ezta abuztua ere, ez baita jotzen hil balioduntzat.
18. artikulua.– Erakunde Onuradunen Betebeharrak.
1.– Onuradunek bete beharreko obligazioak dira Dirulaguntzen Lege Orokorreko 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzazko Dekretuaren 50. artikuluan xedatutakoak, eta, bereziki, hauek:
a) Emandako laguntza onartzea. Hartara, dirulaguntza eman izanaren jakinarazpena jasotzen denetik hamabost eguneko epean eta SPRIren aurrean espresuki horri uko egin ezean, ulertuko da erakunde onuradunak laguntza onartu duela.
b) Dirulaguntza ekintza plana garatzeko erabiltzea.
c) Onartzea SPRIk agiri osagarriak eska ditzakeela eta SPRIk izendatutako pertsonalak beharrezko eta komenigarri jotzen dituen egiaztapen eta azterketak egin ditzakeela instalazioetan, horrela egiaztatzeko proiektua gauzatu dela eta eskatutako baldintzak bete direla.
d) Faktura osoak gordetzea eta SPRIren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez, gastu hautagarriak gauzatzen direnetik aurrera.
e) Laguntzen erabilera fiskalizatzeko eginkizuna betetzen duten aldetik, eskatutako informazioa ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari edo Estatu zein Europa mailako beste kontrol-organo eskudun batzuei.
f) SPRIri berehala jakinaraztea laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso dutela xede berbererako beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuetatik.
g) Dirulaguntza esleitzeko aintzat hartu den arrazoiren bat aldatu bada, horren berri ematea SPRIri.
h) Programa honetan onartutako dirulaguntzaren jatorriari buruzko publizitate egokia egitea.
i) Hizkuntzaren eta irudien erabilera ez-sexista bermatzea, diruz lagundutako proiektua gauzatu bitartean sortzen diren dokumentu eta euskarri guztietan.
19. artikulua.– Laguntzak aldatzea.
1.– Laguntza emateko baldintzetan edozein aldaketa gertatzen bada eta, edozein kasutan, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak edota beste edozein diru-sarrera edo baliabide jaso badira xede berbererako, laguntza esleitzeko Ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Programa honetan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen jarraitzen badira.
2.– Halaber, programaren kudeatzaileak jarduerak gauzatzeko luzapen bat eman dezake, baldin eta erakunde eskatzaileek hala eskatu eta behar bezala justifikatzen badute; luzapen horren ondorioz, gehienez, 9 hilabetez atzeratu ahal izango da programak gauzatzeko epea (16 hilabetekoa da epe hori). Salbuespen bezala, SPRIk epe-luzapen osagarriak onar ditzake, betiere, behar bezala justifikatuta badaude.
3.– Gauzatutako ekintzak Laguntza-eskaeran jasotakoak izango dira ezinbestean, nahiz eta aukera egon aldaketak baimentzeko, baldin eta onuradunak behar bezala justifikatu baditu jarduerak amaitu aurretik eta Programa honen hasierako helburuak hutsaltzen ez badira.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ikusiko balitz erakunde onuradunak ez duela bete Programa honetan, aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta laguntzen ebazpenean ezarritako baldintzetakoren bat, emandako laguntza eskuratzeko eskubidea galduko du eta SPRIri itzuli beharko dizkio ordura arte kobratu dituen laguntzen diru kopuruak gehi dagozkien legezko interesak, eta behar balitz, legezko jarduketak abiaraziko dira diru kopuru horiek itzul ditzan.
2.– Laguntza itzultzeko arrazoiak dira Dirulaguntzen Lege Orokorreko 37. artikuluan eta aplikatzekoak diren gainerako araudietan aurreikusitakoak.
3.– Zehazki, erakundeak laguntza exijitzeko eskubidea galduko du, edo, hala badagokio, jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, honako kasu hauetan:
a) Laguntza eskuratzea Programa honetan ezarritako baldintza eta eskakizunak edo laguntza emateak berekin zekartzan baldintzak bete gabe.
b) Programan edo laguntza emateko ebazpenean aurreikusitako kontrol neurriak ez onartzea edo horien garapena oztopatzea.
c) Gastu hautagarriak epe barruan ez justifikatzea edo Programa honetan eta laguntza emateko ebazpenean jasotako eskakizunak ez betetzea.
d) Diruz lagundutako jarduera betetzeko epeak gainditzea, aldatzeko baimena edo luzapena eman ez bada.
e) Proiektua beste zerbaitera desbideratzea edo laguntzak emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.
4.– Ez badira betetzen deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan jasotako betekizunak edo, hala badagokio, dirulaguntza emateko ebazpenean ezartzen direnak, dirulaguntza ezeztatuko da ez-betetze espedientea ireki ondoren, eta, dirulaguntza eta berandutze-interesak itzuli beharko zaizkio SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari, 1/1997 Dekretu Legegilean eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko II. tituluan (zeinaren bidez arautzen baitira EAEko Aurrekontu Orokorren kargura emandako dirulaguntzen araubide orokorra, bermeak eta itzulerak eta zeinaren bidez ezartzen baitira dirulaguntza horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileen baldintzak, araubidea eta betebeharrak) ezarritakoari jarraiki, nahiz eta horrek ez duen eragotziko kasuan kasuko ekintza legalak abiaraztea eta dagozkion zigorrak jartzea. SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiari dagokio dirulaguntza ezeztatzeko –eta, hala badagokio, partzialki edo guztiz itzularazteko- espedienteak abiarazi eta ebaztea.
5.– Halaber, gainfinantzaketa badago ordainketaren ostean beste laguntza batzuk jaso izanagatik, programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki. Kasu horretan, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Baldin espediente bat tramitatzen ari bada aurreko deialdi batean zehaztutako baldintzetan, baldintza beretan tramitatzen jarraituko da, burutu arte.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Erakunde onuradunek programa honi buruzko sustapen jarduera eta argitalpen guztietan adierazi beharko dute SPRIren laguntza jaso dutela.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Datuen Babeserako 2016/679 (EB) Araudian eta datu pertsonalen babesari dagokionez aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarritakoari jarraiki, jakinarazten da jasotako datuak tratatuko ditugula eskatutako laguntza-espedientea kudeatzeko, kontuan izanik datuen tratamenduaren oinarri juridikoa dela SPRIren xedea betetzeko interes legitimoa, berau sortzen duen legeari eta garatzen duen araudiari jarraiki.
Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa kolaboratzaileei, gai honetan eskumenak dauzkan Administrazio Publikoari eta SPRI taldeko enpresei (ikusi http://www.spri.eus/es/quienes-somos/sociedades-del-grupo-spri).
Interesatu guztiek gaitasuna dute datuen babeserako araudiak SPRIren aurrean ematen dizkion eskubideak erabiltzeko, idatzizko mezu bat bidaliz lopd@spri.eus helbidera.
SPRIren Datu Pertsonalen Babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza kontsultatzeko, irakurri www.spri.eus/privacidad webguneko Pribatutasun Politika.
Jakinarazten da Datuen Babeserako Espainiako Agentzia dela kontrolerako autoritatea duena zure datuen babesa eskatu behar baduzu.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
SPRI – Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak oinarri hauei buruz hartzen dituen erabaki guztiak administratiboak dira eta, beraz, administrazioarekiko auzien jurisdikzioa da jurisdikzio eskuduna.