EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2019118

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 4koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez deialdi hau argitaratzen baita: musika, arte eszenikoak, ikus-entzunezkoak eta liburugintza sustatzen diharduten pertsona fisiko eta pertsona juridiko pribatuek, euskararen eremu geografikotik kanpo, 2019. urtean antolatutako merkatu, azoka edo ekitaldi profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzak emateko deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa.

Xedapenaren data: 2019-06-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201903082
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua / Instituto Vasco Etxepare / Etxepare Basque Institute (EEI aurrerantzean) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) letrak ondoko helburua xedatzen du aipatutako EEIrentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) zatiak EEIren funtzioen artean aipatzen du euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea.
Hori dela eta, EEIren jarduera arloekin bat etorriz, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo ikus-entzunezkoen, musikaren eta arte eszenikoen inguruan antolatzen diren merkatu izaerako azoka eta jaialdietan parte hartzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.
2019ko martxoaren 22an, Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza deialdi hau onartu zuen, honen irizpideekin batera.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea
Ebazpen honen xedea erabaki hau argitaratzea da: musikaren, arte eszenikoen, ikus-entzunezkoen eta liburuaren sektoreetako profesionalei, 2019. urtean eta euskararen eremu geografikotik kanpo, merkatu, azoka edo ekitaldi profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzen dituen Zuzendaritza Kontseiluaren erabakia.
2. artikulua.– Deialdiko modalitateak.
II. kapitulua – Musika.
III. kapitulua – Arte eszenikoak.
IV. kapitulua – Ikus-entzunezkoak.
V. kapitulua – Liburua.
3. artikulua.– Diru-baliabideak eta laguntza-mugak.
1.– Deialdi honetarako gehienezko zenbateko orokorra laurogeita hamar mila (90.000) eurokoa izango da, eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa honakoa izango da:
a) Ikus-entzunezkoetarako, berrogeita bost mila (45.000) euro.
b) Musikarako, hamabost mila (15.000) euro.
c) Arte eszenikoetarako, hamabost mila (15.000) euro.
d) Liburuaren sektorerako, hamabost mila (15.000) euro.
2.– Deialdi honen bidez diruz lagundutako gastuek lotura zuzena izan beharko dute azokaren batean parte hartzearekin. Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, dirulaguntzaren onuradunak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.
a) Onartuko diren gastuak:
Talde edo enpresaren ordezkari baten joan-etorriak, ostatua, dietak, stand-aren alokairua eta azoketan akreditatzeko edo instalatzeko gastuak.
b) Laguntzen zenbatekoak:
– Ostatu eta otorduetarako gehienezko gastuak, eskatzaileko eta eguneko: Espainian, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogei (40) euro dietarako. Espainiatik at, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogei (60) euro dietarako.
– Norberaren automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autopista eta parkinga. Kilometro kopurua kalkulatzeko, dirulaguntza-eskatzailearen egoitza, sozietate egoitza edo establezimendua hartuko da abiapuntutzat.
– Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren kostua, erregaia, autopistako gastuak eta parkinga.
– Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, maila arrunteko txartela soilik onartuko da.
– Hori guztia, azaroaren 17ko 38/2003 Dirulaguntzen Lege Orokorrak 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
3.– Gehieneko dirulaguntzak azoka bakoitzeko:
a) Arte eszeniko, musika eta liburu modalitateetan:
– 5.000 km-tik harago egitekoak diren azokak: mila (1.000) euro.
– 1.201 km-tik 5.000 km artean egitekoak diren azokak: zortziehun (800) euro.
– Gehienez ere 1.200 km-tara egitekoak diren azokak: bostehun (500) euro.
b) Ikus-entzunezkoen modalitatea:
– Gehieneko dirulaguntza honakoa izango da azokako: mila (1.000) euro.
Eskatzaile batek azoka guztietarako jasotako dirulaguntzen batura ez da inoiz izango bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa.
4.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek edo entitate pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
5.– Aurrekontu-zuzkidura eskaera guztietarako iritsiko ez balitz, hainbanaketa bidez esleituko litzateke bakoitzari legokiokeena.
6.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako dirulaguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Horretarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du. Kasu horretan, eskaera kopuruaren eta dagoen diru-kantitatearen arteko desoreka handiena duen modalitateak izango du lehentasuna.
4. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
Ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako pertsona fisiko edo bertan egoitza soziala duen pertsona juridiko pribatua izatea. Merkatuan ikusgai edo salgai jarritako obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.
Ondokoa joko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa.
b) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean.
c) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
d) Dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.
e) Dirulaguntza edo laguntza publikoak jasotzea galarazten dion legezko debekurik ez izatea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.
f) Erakunde-mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak, fundazioak edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.
g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo dirulaguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da dirulaguntza eman eta, hala dagokionean, ordaindu.
h) Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13.2 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
i) Baldintza guzti horiek, onuradun izateko ezezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.
5. artikulua.– Eskatzaileen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesatuak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesatuak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoan erroldatutako eskatzaileek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, baita eskatutako beste edozein agiri ere.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
Halaber, eskatzaileak honakoak adieraziko ditu eskabidean: dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela.
6. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartua egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epe eta modua.
1.– Epeak:
Modalitate guztietan, irailaren 6ra arteko epea izango da eskabideak aurkezteko, EHAAn ebazpen hau argitara eman eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Modua:
1) Pertsona fisikoek eskaerak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre: eskabidea helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3.a, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus gunean artikulu honetako 2.3 atalean adierazitako helbidean.
Eskaera egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiliz gero –presentziala edo elektronikoa–, horrek ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
2) Pertsona juridikoek eskaerak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 2.3 atalean adierazitako helbide elektronikoan. Sabuespenez, Iparraldeko Euskal Herri Elkargoko pertsona juridikoak aurrez aurre ere aurkeztu ahalko dituzte.
3) Eskaerak nola tramitatu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/nazioarteko_azokak/y22-izapide/eu
Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz, hemen egin daitezke:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
4) Eskatzaileek euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak zein atxikitako agiriak Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arbera.
5) Identifikazio elektronikorako, onartutakoa den eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat eduki beharko du eskatzaileak.
6) Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
7) Azoka guztietarako eskabide bakar bat aurkeztuko du eskatzaile bakoitzak.
8. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentuaren bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela, aurretiazko ebazpen baten bidez.
9. artikulua.– Ebazpena.
1.– Dirulaguntzak esleitzeko prozedura konkurtso gabeko konkurrentziarena izango da eta EEIko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloari dagokio ebazpen proposamena egitea, EEIko zuzendariak ebazpena eman dezan.
Esleipen-ebazpena eskaerak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabetera emango da gehienez.
2.– Esleipen-ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluarekin bat etorriz.
3.– Ebazteko epea inolako jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaera ez onartutzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.
2.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2019. urtean burutzea.
3.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, eskatuz gero.
4.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, EEIren babesa jaso dutela berariaz eta argi adieraztea katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Nolanahi ere, dirulaguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.
5.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz ematea EEIri edo «nirekudeaketak» helbidearen bitartez –izapide elektronikoaren kasuan–. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Halaber, aplikagarria izango da, dirulaguntzei buruzko azaroak 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoaren kalterik gabe.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Esleitutako dirulaguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.
Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio, indarreango araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.
Kasua bada, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena, onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori justifikazio unean aurkeztu behar da.
12. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
Ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek jarraian zerrendatzen diren agiriak 2019ko abenduaren 31 aurretik aurkeztu beharko dituzte. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2020ko urtarrilaren 31 arteko epea izango dute agiriok aurkezteko.
1.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte helbide honetan: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileen Plaza 1, 3.a, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta gunean.
2.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, goian adierazitako helbide elektronikoan. Salbuespenez, Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek, justifiazioak, aurrez aurre ere aurkeztu ahalko dituzte.
3.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, hurrengo helbidean:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/nazioarteko_azokak/y22-izapide/eu
4.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.
b) Diruz lagundutako gastuen egiaztagirien zerrenda ordenatua (fakturak, ticketak... ). Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen araudi fiskalaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa ere adieraziz.
c) Diruz lagundutako stand-aren alokairua, joan-etorriak, ostatua, autopista, parking-a eta akreditatzeko eta instalatzeko gastuak fakturen bidez justifikatuko dira.
d) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion formularioan jasotzen den taula bete eta sinatzearekin.
e) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion zuriketa formularioan kilometraje taula bete eta sinatzearekin. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten den herritik eskatzailearen egoitzara, sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan etorriko distantzia.
f) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren aleak, hala badagokio, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.
g) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena aurkeztuko da.
h) Halaber, aplikagarria izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
13. artikulua.– Likidazio ebazpena.
Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada, gainfinantzaketa izan bada edo, dena delako zioarengatik, dirulaguntzaren kopurua gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, proportzionaltasun printzipioaren baitan, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean.
14. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako laguntza ez itzultzea horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatuko dela ulertuko da eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraiki, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
5.– Halaber aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrak, 37 eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
II. KAPITULUA
MUSIKA
15. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskabide bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako dirulaguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den dirulaguntza 3.3 zenbakian ezarritakoa izango da.
III. KAPITULUA
ARTE ESZENIKOAK (ANTZERKIA – DANTZA)
16. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztuko du, nahi beste azoketara joateko, baina azoka guztietarako jasotako dirulaguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den dirulaguntza 3.3 artikuluan ezarritakoa izango da.
4.– Deialdi honetan ez dira emanaldiak lagunduko.
IV. KAPITULUA
IKUS-ENTZUNEZKOAK
17. artikulua.– Onuradunen berariazko betebeharrak.
1.– Ekoizpen- eta banaketa-enpresa edo pertsona fisiko zein juridiko pribatu independente izatea. Alegia, ekimena izan eta ikus-entzunezko obra burutzeko erantzukizuna hartzea. Gainera, enpresaren partaidetzaren zatirik handiena ez izatea, zuzenean nahiz zeharka, telebistako zerbitzuak kudeatzen dituen erakunde batek.
18. artikulua.– Diru-baliabideak eta esleipena.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa berrogeita bost mila (45.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskaera bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako dirulaguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den dirulaguntza 3.3 zenbakian ezarritakoa izango da.
4.– Dirulaguntzak ondorengo zinemaldi eta azoketan parte hartzera bideratutakoak izango dira:
a) FIAPF federazioaren (Film-ekoizleen Nazioarteko Federazioak) Nazioarteko Zinemaldi Ziurtagiria dutenak.
b) Nazioarteko Ikus-entzunezko Merkatu eta Jaialdiak, sektoreko profesionalei zuzenduriko azoka bat dutenak. Baldintza hauek bete beharko dituzte: weborrian akreditatu edo profesionalentzako atal berezi bat izatea, weborri horrek ingelesezko bertsioa izatea, akreditatuentzako ekitaldiak edo programazio bat izatea zinema emankizunez gain, eta merkataritza harremanetarako edo bilera profesionaletarako gune berezitu bat izatea.
V. KAPITULUA
LIBURUA
19. artikulua.– Diru-baliabideak eta mugak.
1.– Modalitate honetarako gehienezko zenbatekoa hamabost mila (15.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileak eskabide bakarra aurkeztuko du, nahi beste azokatara joateko, baina azoka guztietarako jasotako dirulaguntzen batura ez da inoiz bi mila berrehun eta berrogeita hamar (2.250) euro baino handiagoa izango.
3.– Azoka bakoitzerako gehienez emango den dirulaguntza 3.3 zenbakian ezarritakoa izango da.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta EEIren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, EHAAn argitaratuko dena.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako diru laguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (EBAO, L 352 zenb. 2013-12-24) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europako Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Diru laguntza hauek de minimis izaera dute; hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen diru laguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru ekitaldi fiskaletan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko diru laguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan sartzen.
Diru laguntzaren onuradunak dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bi ekitaldi fiskaletan jasotako de minimis izaerako diru laguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, beti ere jasotako diru laguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko helburuarekin.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalen babeserako informazio klausula.
Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.
Helburua: 2019. urtean eta euskararen eremu geografikotik kanpo, merkatu, azoka edo ekitaldi profesionaletan parte hartzeko dirulaguntzak ematea.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorrra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko zein ezabatzeko eskubidea duzu; baita haien tratamendua mugatzeko nahiz haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
Musika: www.euskadi.eus/dbao/1031907
Arte eszenikoak: www.euskadi.eus/dbao/1031910
Ikus-entzunezkoak: www.euskadi.eus/dbao/1031908
Liburua: www.euskadi.eus/dbao/1031909
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen akordio honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Donostian, 2019ko ekainaren 4an.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.