EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2019117

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 10ekoa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, zeinaren bidez behin betiko onartzen baitira «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora arte luzatzeko informazio-azterlana. 2. fasea» eta «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko informazio-azterlana. 2. fasea. Salburua iparraldea izeneko lanean eginiko aldaketa puntuala» dokumentuak.

Xedapenaren data: 2019-06-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201903043
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/11/30rean argitaratutako 2017/11/15eko EBAZPENA [201705800]
  • Ikus 2018/01/31n argitaratutako 2018/01/22ko EBAZPENA [201800556]
  • Ikus 2019/03/08an argitaratutako 2019/02/27ko EBAZPENA [201901259]

2001eko otsailaren 27ko 41/2001 Dekretuan, behin betiko onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Plana, eta bertan dago jasota, nahiz eta modu oso zehatzean ez izan, Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea ekialdera-Salburua auzora luzatzeko proposamena, hedapen zentzuzkoena delakoan.
Tranbiarako proposatzen den linea-luzatzeari esker, hobetu egingo da hiriaren ekialdean dauden auzoen –zehazki, Santa Luzia eta Salburua auzoen– zuzeneko lotura erdigunearekin, Lakuako autobus-geltokiarekin eta gaur egun garraio-lineak dituzten aldeekin. Halaber, auzo horiek lotu ahal izango dira hiriaren hegoalderantz doan linea berriarekin, eta unibertsitatearekiko lotura ere ezarri ahal izango da.
Aurreikuspenok kontuan izanik idatzi zen «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko informazio-azterlana. 2. fasea» dokumentua.
Dokumentu horretan, informazio-azterlanaren mailan dago definituta zer obra behar diren Vitoria-Gasteizko tranbiaren ibilbidea Salburua auzoraino luzatzeko, bermatuta dago tranbia-luzatze horretako hiri barruko bidegunea bideragarria eta bateragarria dela, zenbatetsita dago helmenari doitutako aurrekontu bat, eta haren barruan sartu dira indarreko legeek informazio-azterlana izapidetzeko ezartzen dituzten gainerako azterlan eta eduki guztiak.
Ibilbidea 2.450 metro luze da, eta Florida kaleko geralekuko maniobra-eremuaren ostean hasten da; bertan, trazadurak kale horren iparraldetik jarraitzen du. Bide horretan, Jacinto Benavente kalearekiko bidegurutzearen ostean zehazki, dago kokatuta tranbiaren lehenengo geralekua.
Geraleku horren ostean, tranbiaren ibilbideak Florida kalearen iparraldetik jarraitzen du –kale horrek Iliada pasealekua izena hartzen du aurrerago–; bigarren geralekua Salburua auzoko gizarte-etxearen aurrean dago.
Jarraian, ezkerretara 40 metroko erradioko bira emanez, trazadura Salburua bulebarraren mendebaldean kokatzen da; tranbiaren hirugarren geralekua Valletta kalearekiko bidegurutzearen ostean dago. Aurrerago, aipatu bulebarrean zuzen 430 metro egin ostean, laugarren geralekua dago, Europar Batasunaren plaza baino lehen.
Brusela hiribidearekiko bidegurutzearen ostean, 550 metrora, tranbiaren luzapenaren azken geralekua dago, Joan Karlos I.aren hiribidearen eta Salburua bulebarraren arteko elkargunean.
Tranbia Salburua auzoraino luzatzeko tartea osatzen duten bost geralekuetan, alboko nasa jartzea planteatu da, hirian ondoen txertatzen den aukera delako gaur egungo hiri-eremua kontuan hartuta.
Aipatu informazio-azterlana eta bertan jasotako ingurumen-inpaktuaren azterketa (Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36.1 artikuluaren arabera) jendaurrean jarri ziren, informazio publikorako, Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.5 artikuluak xedatu bezala. Horretarako, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2017ko azaroaren 15eko Ebazpena onartu, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean eta dagozkion prentsa-iragarkietan argitaratu zen 2017ko azaroaren 30ean. Horrez gain, Gasteizko Udalaren iragarki-taulan ere egon zen ikusgai hogeita hamar egun balioduneko epean.
Proiektua konplexutasun tekniko handikoa zela-eta hura behar bezala aztertzeko data onenak ez zirela kontuan izanik, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2018ko urtarrilaren 22ko Ebazpena onartu zen, informazio publikoko beste epe bat zabaltzearren. Ebazpen hori 2018ko urtarrilaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2018ko otsailaren 2ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, baita dagozkion prentsa-iragarkietan ere. Horrez gain, Gasteizko Udalaren iragarki-taulan ere egon zen ikusgai hogeita hamar egun balioduneko epean.
Aipatu izapideetan zehar, erakundeek hiru txosten aurkeztu zituzten eta 11 alegazio ere izan ziren, erakundeek, elkarteek eta norbanakoek aurkeztuak; era indibidualizatuan erantzun zitzaien guztiei.
Alegazio horietako batzuk aintzat hartuta, Salburua iparraldeko azken zatian tranbiaren ibilbidea aldatzea erabaki zen; hori bai, horrek ez zuen proiektuaren funtsezko aldaketarik ekarri, eta, beraz, ez zen ingurumen-inpaktuaren azterketa aldatu behar izan. Aldaketa hori Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamendua betez izapidetzeko asmoz, «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko informazio-azterlana. 2. fasea. Salburua iparraldea izeneko lanean eginiko aldaketa puntuala» dokumentua idatzi zen. Bertan, Salburua Burdinbide Auzo Elkarteak egindako alegazioan jasotako proposamena kontuan hartzen da, hau da, lineako azken geltokia, Joan Karlos I.a, lekuz aldatzea; informazio-azterlanean Joan Karlos I.a hiribidearen eta Salburua bulebarraren arteko bidegurutzean jartzea aurreikusten zen, eta auzokideek Joan Karlos I.a hiribidearen erdialderago jartzea proposatu zuten, bidaiari gehiago hartzeko asmoz. Gasteizko Udalak aurkeztutako alegazioko proposamena ere hartu zen kontuan aipatu dokumentuan; hain zuzen ere, azken geltokia Joan Karlos I.a hiribidean jartzea, Paris hiribidearen ondoan, bertara Aerodromoko ibilbidetik sartuz, behin Salburua bulebarretik irten eta Europar Batasunaren plaza igarota.
Aurreikusitako azken ibilbideak 2.500 metro ditu gutxi gorabehera eta informazio-azterlanean jasotako lehen zatia errespetatzen du, zehazki Bruselako hiribidearen bidegurutzeraino; bertatik aurrera, ibilbideak Salburua bulebarrean barna jarraitzen du, jarraian Aerodromoko ibilbidetik desbideratu, Erromako hiribidea zeharkatu eta Joan Karlos I.a hiribidean sartuko da, azken geltokiraino.
Aldaketa puntual horrek interes handia eragin zezakeela kontuan izanik, jendaurrean jarri zen Trenbideen Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 10.8 artikulua aplikatuta. Horretarako, Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2019ko otsailaren 27ko Ebazpena onartu, eta 2019ko martxoaren 8ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2019ko martxoaren 11ko Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, baita prentsa-iragarkietan ere, 2019ko martxoaren 8an. Horrez gain, Gasteizko Udalaren iragarki-taulan ere egon zen ikusgai hogeita hamar egun balioduneko epean.
Izapide horretan zehar alegazio bat jaso zen, eta erantzun indibidualizatua eman zitzaion.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 25eko Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena eman zitzaion «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora arte luzatzeko informazio-azterlana. 2. fasea» dokumentuari; betiere, eraikitze-proiektua gauzatzeko zenbait baldintza ezarriz eta obrak egiteko eta zerbitzua ustiatzeko zenbait babes-neurri eta neurri zuzentzaile finkatuz.
Garraio Azpiegituren Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek gainbegiratu dute proiektuaren idazketa, eta egiaztatu dute teknikoki zuzena dela eta trenbideen arloko legeria betetzen duela, bai eta Trenbide Sektoreari buruzko Erregelamenduaren 11. artikulutik 16.era bitartekoetan eta indarrean diren gainerako lege-xedapenetan ezarritakoa ere.
Organo honek eskumena dauka Gobernu Kontseiluarentzat gordeta ez dauden trenbide-sareko proiektuak idatzi eta onartzeko, hala xedatzen baitu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1 b) artikuluak.
Azaldutako xedapenak eta horiekin bat datozen eta osagarri diren gainerako xedapen aplikagarriak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Informazio Publiko eta Entzunaldiko Espedientea onartzea eta behin betiko onarpena ematea «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora arte luzatzeko informazio-azterlana. 2. fasea» eta «Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzora luzatzeari buruzko informazio-azterlana. 2. fasea Salburua iparraldea izeneko lanean eginiko aldaketa puntuala» izeneko dokumentuei.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; idazkia organo honi edo Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari bidali beharko zaio.
Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi (2) hileko epean; hargatik eragotzi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako gisan eta epean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 10a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MIKEL GURUTZEAGA ZUBILLAGA.