EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019115

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 28koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa, «ZU.02 Aldatxeta eta ZU.03 Katanbide» (Zubieta) hirigintza-eremuetarako.

Xedapenaren data: 2019-05-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201902980
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko abenduaren 11n, Donostiako Udalak ingurumen-organoari eskaera egin zion ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko, «ZU.02 Aldatxeta eta ZU.03 Katanbide» (Zubieta) hirigintza-eremuetarako (aurrerantzean, Plana), Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-agiri estrategikoa, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Planaren eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideak abiarazi zituen 2019ko martxoaren 13an, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, ingurumen-organo honek oinarritzat har baititzake oharrok ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, behar izanez gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako helmena, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar dituen ingurumen-azterketa estrategikoak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza; Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kultura, Turismo, Gaztedia eta Kirola Departamentua; Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkartea, eta Eguzki, «Eguzkizaleak» elkartea.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzea «ZU.02 Aldatxeta eta ZU.03 Katanbide» (Zubieta) hirigintza-eremuetarako. Lege horretan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenaren gaineko eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, «ZU.02 Aldatxeta eta ZU.03 Katanbide» (Zubieta) hirigintza-eremuetarako, Donostiako Udalak sustatuta, honako hauen arabera:
A) Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
Aurkeztutako dokumentazioarekin bat, Zubieta XXI-eko kirol-instalazioak zabaltzeko beharrizanari erantzuten dio Planaren xedeak, arauzko neurria izango duten bi futbol-zelai berri eraikita (Z2 eta Z3 zelaiak); instalazio horiek Real Sociedad de Fútbol SADrenak dira.
Planak bi hirigintza-eremuri eragiten die, eta biek hirigintza-sailkapen ezberdina dute: «ZU.02 Aldatxeta», lurzoru urbanizagarri sektorizatu gisa sailkatua, eta «ZU.03 Katanbide», hiri-lurzoru gisa sailkatua eta Ekipamendu komunitarioko G.00 Gune (S.G) gisa kalifikatua.
«ZU.03 Katanbide» eremuan daude Real Sociedad de Fútbol SADren jabetzakoak diren kirol-erabilerako lursail gehienak, baina jabetzaren zati bat «ZU.02 Aldatxeta» eremuaren barnean dago, oraindik garatu gabe dagoena eta bizitegi-izaera duena.
Aipatutako eremuen mugaketa bat ezartzen du Planak, eta horri jarraikiz, Aldatxeta eremuan barne hartutako 17.397 m2 lurzoru Katanbide azpieremukoak izatera igaroko dira, zehazki, «ZU.03.2 Real Sociedad» azpieremura. Ondorioz, eremu hori birsailkatzen da, eta bizitegi-lurzoru urbanizagarri izatetik ekipamendu komunitario gisa kalifikatutako hiri-lurzoru izatera igarotzen.
Aldaketa hori dela eta, Aldatxetako bizitegi-eraikigarritasuna gutxitzen da eremuaren azalera gutxitzen den proportzio berean (eremu osoaren % 5,38). Katanbiden, azalera handitzeak ez du ekarriko eraikigarritasuna handitzea, eta indarreko Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusitakoari eutsiko zaio.
Jadanik existitzen diren bide-azpiegituretan oinarritzen da ordenamendua. Z2 zelaian ez da ezer eraikiko, eta Z3 zelaian, aldiz, komunak, aldagelak eta harmailak eraikitzea aurreikusia dago. Z1 eta Z4 zelaien artean (existitzen direnak) dagoen espazio libre bat gordetzen da etorkizunean aparkaleku bat egiteko. Orain dagoen aparkalekutik ematen dira zerbitzuak. Euri-urak eta zelai berrietako drainatze-urak biltzeko sare berri bat sortzen da, sare orokorrera bideratua.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentuak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Ingurumenaren ikuspuntutik, Planak ez du aipatzeko moduko ondoriorik izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Planaren xedea da, besteak beste, lurzoruaren erabilera era eraginkorrean babestea eta optimizatzea. Lursailen okupazioa eta landarediaren gaineko eragina minimizatzen ditu hautatutako aukerak. Gainera, lehenesten da horma berde bat eta harri-lubetazko horma bat eraikitzea, hormigoizko euste-hormak eraiki ordez; horrela, futbol-zelai berriak askoz hobeto integratuko dira paisaian. Horregatik da egokia garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpenak integratzeko, bereziki hondakinen kudeaketari eta integrazioari dagokionez. Horri dagokionez:
– Planak aztertu beharko du futbol-zelai berriak ezartzeko proiektuaren dokumentu gehigarri gisa paisaia-integrazioko azterlana jasotzeko aukera, zeina ezarria baitago Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Ez dago natura-espazio babesturik Planaren eremuan, ezta hondatu daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik.
Bi futbol-zelai berri egiteko, bi zabalgune hautatu dira, ia-ia horizontalak, Errealaren jabetzen barnean daudenak. Horietako bat entrenamendu-zelai gisa erabiltzen dute gaur egun. Tokia aukeratzeko, aintzat hartu da dagoen landarediaren gaineko eragina minimizatzea (hariztia) eta eraikitzeko kota egokiena hautatzea, lur-mugimenduak gutxitzeko eta ahalik eta gutxien jo behar izan dadin fabrikako obretara.
Hauekin lotuta daude Plana burutzeak ekarriko dituen eragin nagusiak: futbol-zelaiak ezartzeko lur-mugimendu zehatzak, ondoriozko paisaia-inpaktua, eta landaredia kentzea.
22 haritz botako dira guztira. Donostiako HAPOren ingurumen-baldintzatzaileetan barne hartuta daude zuhaitz-eremu horiek, zehazki «C.1d Intereseko landaredien habitatak. Zuhaiztiak, parkeak eta hiri-baratzeak» izenekoan. Ordain-neurri gisa, 50 haritz landatuko dira. Latxaga errekari atxikitako ibaiertzeko landarediak ez du eraginik jasango.
Ez dago hondatu daitekeen ingurune naturaleko beste elementurik, eta ez da antzematen Plana aplikatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arrisku nabarmenik.
Funtzionamendu-fasean, uste izatekoa da orain baino jende gehiago bertaratuko dela, horrek ekar ditzakeen eragozpenekin. Eragin horiek eta kirol-ekipamenduen erabileraren ondorioz egun daudenak ez dira ezberdinak izango.
Hirigintza-garapen berri baten aurrean toki horrek izango duen egoera akustikoari dagokionez, sustatzaileak aurkeztutako Inpaktu Akustikoari buruzko Azterlanarekin bat, betetzen dira Euskal Autonomia Erkidegoko kutsadura akustikoari buruzko urriaren 16ko 213/2013 Dekretuan ezarritako kalitate-xedeak. Halaber, aurreikusten da Zubieta XXI-eko kirol-instalazio berriek eragingo duten inpaktu akustikoak ez dituela gaindituko aipatutako 213/2012 Dekretuak jarduera berrientzat zehaztutako muga-balioak.
Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-agiri estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik Planak.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat; hauek dira neurri horiek, besteak beste:
Natura-ondarea babesteko neurriak.
Arau hauetan xedatutakoa alde batera utzi gabe: Gipuzkoako Mendien urriaren 20ko 7/2006 Foru Araua; Gipuzkoako Lurralde Historikoko zenbait flora-espezieren babesa finkatzen duen urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretua, eta bertako baso-espezie zenbaiten araubide espezifikoari buruzko urriaren 14ko 11/1997 Foru Araua, neurri babesle eta zuzentzaile hauek hartuko dira:
– Oro har, zuzenean okupatzea aurreikusten ez den eremuetan, landaredi autoktonoa kentzea saihestu beharko da. Lanek eragindako eremua in situ mugatuta geratu beharko da, eta obra-ingurunetik hurbil dauden balio handiko elementu naturalak (ibaiertzeko landaredia eta hariztia) behar bezala babestuta egongo dira, nahi gabeko eraginik jasan ez dezaten.
– Eremuren bat egokitu behar bada bertan makinak uzteko, materialak bolada batean biltzeko, edo zerikusia duen beste edozein jarduera gauzatzeko, ingurumen-inpaktu txikieneko irizpideei jarraikiz hautatuko dira eremu horiek. Eremu horiek ezin izango dira inolaz ere kokatu intereseko landare-formazioak dituzten espazioetan eta ubidetik hurbil diren lurretan.
– Eremuan berean eragindako azalera berean edo handiagoan ezarriko dira espezie autoktonoak, kentzen den intereseko landaredia leheneratzeko.
– Horma berdeak edo harri-lubeta landareztatuak eraikitzea lehenetsiko da, hormigoizko hormak eraiki ordez.
– Proiektua burutzearen ondorioz kaltetutako eremu guztiak leheneratuko dira. Espezie autoktonoak landatuko dira, ahalik eta lasterren, erosio-prozesuak eta ibilguetarako solido-arrasteak ekiditeko; horrela, habitat naturalak sortzen lagunduko da, eta, ahal dela, horiek inguruan dagoen landaredia naturalarekin lotzen.
– Landare-estaldura leheneratzeko jardueretan, biodibertsitate autoktonoa sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, horrela, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» deritzon argitalpenean emandako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.
Hondakinak kudeatzeko neurriak.
– Hondakinei eta Zoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean araututako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek agindutako moduan kudeatuko dira obretan sortutako hondakinak, hondeaketetatik eratorriak eta ebaketak prestatzeko eragiketen ondoriozkoak barne.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek), eta itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
– Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko da sortutako olio erabilia.
– Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean jasotako egoeraren bat jazoz gero, lurzoruaren kalitateari buruzko deklarazioa, arau honetan aurreikusitakoa, izapidetu beharko da. Horrez gainera, kutsadura-zantzurik detektatuz gero, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluan xedatutakoaren arabera jokatu beharko da.
Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu-irtenerako erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Jardunbide egokien eskuliburua. Jardunbide egokien sistema bat hartu beharko dute, eta lanetako langileek erabiliko dute helburu hauek ahalik eta gehien bermatzeko:
– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
– Natura-intereseko landaredi-guneen gaineko eragina kontrolatzea.
– Hondakinen isurketa eta olioen isurketen eta lurren arrastatzearen ondoriozko lurzoruaren eta uren kutsadura ekiditea.
– Planaren eraginpeko herriguneko biztanleei enbarazurik ez eragitea zarata eta hautsarekin.
Mugikortasun jasangarria.
Kirol-eremuan sartzeko, mugikortasun jasangarria bultzatu beharko da, eta, garraio pribatua erabili ordez, garraiobide jasangarrien erabilera sustatu.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria.
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikigintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz (2017rako lehentasuna). Horrenbestez, eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko dagokion gidan jasotako gomendioak.
Bigarrena.– Zehaztea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten ingurumen arloko ondorio kaltegarri garrantzitsurik izango duenik Donostiako «ZU.02 Aldatxeta eta ZU.03 Katanbide» (Zubieta) hirigintza-eremuetarako Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeak, eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du, eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, baldin eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko epean, onartzen ez bada Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala «ZU.02 Aldatxeta eta ZU.03 Katanbide» (Zubieta) hirigintza-eremuetarako. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 28a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.