EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019115

EBAZPENA, 2019ko ekainaren 4koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Administrazio Publikoarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerketa sustatzeko 2019-2020ko aldirako bi dirulaguntza emateko merezimendu-lehiaketarako.

Xedapenaren data: 2019-06-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201902979
Maila: Ebazpena
Administrazio-jardunbideen plangintza ona egiteko ezinbestekoa da Administrazio Publikoa, Zuzenbide Publikoa eta Administrazio Zientzia aztertu eta ikertzea.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea sortzeko uztailaren 27ko 16/1983 Legeak erakunde horri, besteak beste, honako xede hauek aitortzen dizkio: EAEko administrazio publikoek lege, finantzaketa eta estatistika arloetan dituzten berezitasunak ikertzea, irakastea eta zabaltzea; eta Administrazio-zientzia ikertzea, irakastea eta zabaltzea, EAEko Administrazio ezberdinetan ezartzearekin batera.
Deialdi hau Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan gauzatzen den dirulaguntza lerro bat da; deialdiaren helburua ikerketa-arlo horiek suspertzea da, eta, burutuko diren lanen bitartez, EAEko administrazio publikoen eraginkortasuna eta efizientzia areagotzea.
Aurreko deialdietako esperientziari, eta baita Gizarte Zientzien inguruko ikerketan gaur egun dagoen errealitateari bagagozkio, taldekako ikerketa nabarmen indartzen ari dela ikus dezakegu. Hori dela eta, taldekako ikerketak emaitza aberasgarriak lor ditzakeela aintzat har dezakegu, pertsona ezberdinen ekarpenez hornitzen dela kontuan izanik, pertsonok ikuspuntu ezberdinak dauzkatelako eta proiektu berean ikasketa ikuspegi ezberdinak aintzat hartzea ekar dezaketelako.
Hortaz, deialdi honetan, Administrazio Publikoarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerlanak gauzatzeko bi dirulaguntzatarako deialdia egiten da. Dirulaguntzak ikerketa taldeei zuzenduta daude; taldeok finkatuak izan daitezke, edo deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuko duten proiektuari ekiteko ad hoc eratuak.
Hori horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Bi dirulaguntzatarako deialdia egitea, Administrazio Publikoarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten ikerlanak burutzeko, ebazpen honen eranskinean agertzen diren oinarri-arauen arabera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluaren eta hurrengoen arabera. Horretarako, hilabete bat izango da, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtso hori ebazpena eman zuen organoari aurkez dakioke edota, bestela, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari. Gora jotzeko errekurtsoa jarri zenetik hiru hile igarota erantzuna ematen ez bazaio, errekurtsoa ez dela onartu ulertu beharko da, eta administrazioarekiko auzietako bidera joateko aukera irekita egongo da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.
Sinatuta IVAPeko zuzendaria kanpoan dagoelako (200/2012 Dekretuaren 8.2.f artikulua; eta 40/2015 Legearen 13. artikulua).
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia,
FULGENCIO ALEDO AMORÓS.
ERANSKINA, ADMINISTRAZIO PUBLIKOAREKIN, ZUZENBIDE PUBLIKOAREKIN EDO ADMINISTRAZIO ZIENTZIAREKIN ZERIKUSIA DUTEN GAI BATZUEI BURUZKO IKERLANAK EGITEKO BI DIRULAGUNTZATARAKO DEIALDIA EGITEN DUEN EBAZPENARENA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Helburua.
Deialdi honen helburua da, norgehiagoka-prozeduraren araubidez, bi dirulaguntza emateko oinarri-arauak ezartzea, Administrazio Publikoarekin, Zuzenbide Publikoarekin edo Administrazio Zientziarekin zerikusia duten gai batzuei buruzko ikerlanak egitearren. Aurkez daitezkeen azterketek eta ikerlanek aitaturiko gaiak jorra ditzakete hainbat ikerkuntza ikuspuntutik, EAEko instituzio eta administrazio publikoen jardun publikoaren arloarekin lotura izan beharko dute.
Bigarrena.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
Ikerketa sustatzeko bi dirulaguntzatarako deialdia egiten da; dirulaguntzak ikerketa taldeei zuzenduta daude. Horietako bakoitzak hogei mila (20.000) euroko ordainsaria izango du.
Betiere, dirulaguntzen zenbatekoa kobratzeko eskubidea baldintzatuta dago bukatutako ikerlanek jasoko duten baloraziora, hamaikagarren oinarri-arauaren arabera.
Dirulaguntza horien esleipena eta jarraipenaren kudeaketa Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuak egingo du.
Hirugarrena.– Parte-hartzaileen betekizunak.
Dirulaguntzak eskatu ahal izateko, eskatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Ikerketa taldea gutxienez bi ikertzailez osaturik egongo da. Taldea honelakoa izan daiteke: finkatua, edo deialdi honetan parte hartzeko aurkeztuko duen proiektuari ekiteko ad hoc eratua. Eskaeran espresuki adierazi beharko da taldearen kide bakoitzak duen partaidetzaren ehunekoa.
b) Ikerketa taldearen partaideen erdiak, gutxienez, administrazio-auzotartasuna Euskal Autonomia Erkidegoan izatea 2018ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik.
c) Ikerketa taldearen partaide guztiak goi-mailako unibertsitate-tituludunak izatea. Atzerrian eskuratutako tituluei dagokienez, homologazioa izan ezean, Unibertsitate edo agintari-akademiko eskudun batek emandako ziurtagiria aurkeztu behar du, alegatutako titulua eman zen estatuan goi-mailako unibertsitate-titulua dela egiaztatzeko.
Laugarrena.– Baztertzeko arrazoiak.
Deialdi honetako dirulaguntzak eskatzeko kanpo geratuko dira ondorengoak:
a) Dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekua, administrazio-zehapen edo penalen bat izan duten pertsona fisikoak. Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehapenak ere barruan direla.
b) Dirulaguntza hauek edo Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerketa sustatzearren deitutako bestelako dirulaguntzak hartu dituztenak, azken hiru urteetan. Epe hau dirulaguntza ematen duen ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera zenbatuko da. Era berean, dirulaguntza hauek bateraezinak izango dira, proiektu berbera burutzeko beste edozein laguntza edo dirulaguntza publiko nahiz pribaturekin, doktore-tesiak egitera zuzendutako bekak eta dirulaguntzak barne.
c) Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako beste kasuren batean dauden pertsonak.
Oinarri-arau honetan jasotzen diren baztertzeko arrazoiak eskatzaile batengan ematen badira, akatsak zuzentzeko epearen barruan, ikerketa-proiektua eta ikerketa taldea egokitzeko aukera emango zaie, deialdian ezarritako betekizunei egokitzeko. Zuzendu ezean, baztertzeko arrazoi horiek ikerketa taldeko kide guztiei eragiten dietela ulertuko da.
Bosgarrena.– Betebeharrak.
Dirulaguntzak jasotzen dituztenek betebehar hauek dituzte:
a) Deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituen ikerlana garatu, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean aurkeztu beharko dute; ikerlana monografia bat izan behar da, eta dirulaguntzaren esleipena jaso zuen ikerketa-proiektuaren memorian proposatuko gaia garatu beharko du, memorian bertan azaldutakoaren arabera. Halaber, ikerketa taldeko kide bakoitzak burutuko duen lana ikerketa-proiektuaren memorian adierazitako moduan gauzatu beharko du.
b) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin bildu beharko dira, hala eskatzen bazaie.
Era berean, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren arabera, dirulaguntza hauen jasotzaileen betebeharrak honako hauek ere izango dira:
a) Dirulaguntza jasotzeko baldintzak betetzea.
b) Dirulaguntza ematen duen erakundeari frogatu behar dio eskatzen diren beharkizunak eta baldintzak bete direla eta dirulaguntza emateko helburua den jarduera egin dela.
c) Erakunde emaileak beharrezko ikusten dituen egiaztatze-jarduketak onartu behar ditu jasotzaileak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren laguntza eta dirulaguntzei dagokienez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak egiten dituen kontrol-jarduketen esanetara egon behar du, bai eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi espezifikoenetara ere.
d) Erakunde emaileari jakinarazi behar dio bestelako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak lortu dituela helburu berbererako, edozein dela ere administrazio edo erakunde (publiko zein pribatu) emailea.
e) Dirulaguntza emateko kontuan hartu zen arrazoiren bat, bai objektiboki, bai subjektiboki, aldatzen bada, erakunde emaileari jakinarazi behar dio.
Seigarrena.– Eskabidearen edota proiektuaren aldaketak.
Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzen edozein aldaketa izanez gero eta, nolanahi ere, helburu berarentzat beste Administrazio edo erakunde publiko edo pribatuek emandako laguntzak edo dirulaguntzak aldi berean jasoz gero, idatziz jakinarazi behar zaio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari; eta, horren ondorioz, gerta liteke dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea honako era honetan:
a) Emandako dirulaguntza galtzea dakarten dirulaguntzaren baldintzen aldaketak honako hauek izango dira:
a.1.– Deialdi honetako oinarri-arauak bere osotasunean edo zati batean ez betetzea.
a.2.– Datuak ezkutatzea, haiek aldatzea, edo eskabidean edozein manipulazio egitea.
a.3.– Ikerketa-proiektu berean beste erakunde publiko edo pribatuetatik datorren finantzaketa metatzea.
a.4.– Ikerketa-proiektuaren edo ikerketa taldearen osaeraren aldatzea, deialdian parte hartzeko nahitaezko baldintzak galtzea badakarte.
a.5.– Esleipendunek ez mantentzea esleitzeko prozesuan, dirulaguntzak esleitzeko puntuazioak emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk, galera hori prozesuaren hasieran gertatu izan balitz, dirulaguntza esleitzeko ezintasuna ekarriko lukeenean.
b) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak aztertu egingo ditu, ikerketa-proiektuaren aldaketa esanguratsuak eta ikerketa taldearen osaerak izandako aldaketak, aldaketa horiek ezarritako baldintzak ez mantentzea edo esleipena egiteko beharrezkoa den puntuazioa ez mantentzea ez badakarte; eta, horren ondorioz, erabakiko du emandako dirulaguntza –guztiz edo zatika– itzultzeko espedienteari hasiera eman behar zaion.
Zazpigarrena.– Eskabideak: aurkezteko epea eta modua.
1.– Aurkezteko modua.
Dirulaguntza hauek eskuratzeko eskabideak izapidetze elektroniko bidez aurkeztu beharko dira, honako arau hauekin bat etorriz: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua.
Eskabidea egiteko inprimakiak nahitaez erabili beharko dira, eta honako erantzukizunpeko adierazpen hauek jasoko dituzte: laugarren oinarri-arauan zehazten diren inguruabarrak –deialdian parte hartzea eragozten duten inguruabar moduan– aldi berean gertatzen ez direla adierazten dutenak.
Eskabideen izapidetze elektronikoa honako helbide elektroniko honetan egingo da: www.ivap.euskadi.eus/ikerketa_sustatzea_2019/z16-h2home/eu
2.– Aurkezpena egiteko baldintzak.
Eskabidea egiten duten pertsonek norbere burua honako hauen bidez identifikatu beharko dute:
– NAN elektronikoa.
– Izenpe-ren Herritarraren ziurtagiria.
– Izenpe-ren Langile publikoaren ziurtagiria.
– Izenpe-ren Itsasontzi-jokoaren sinadura elektronikoko tresna.
– «Fábrica Nacional de Moneda y Timbre»-ren pertsona fisikoaren nortasun ziurtagiri elektronikoa (CERES).
– Camerfirma-ren pertsona fisikoaren ziurtagiria.
– Firma Profesional-en pertsona fisikoaren ziurtagiria.
Aipatutakoez gain, eskabideak aurkezteko epearen bukaera datan erabilgarri den edozein ziurtagiri elektroniko onartuko da. Ziurtagiriok Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa) kontsultatu ahalko dira, honako atal honetan: Identifikazio elektronikorako bitartekoak.
3.– Deialdian ezarritako parte-hartzaileen betekizunak eta baloratzen diren merezimenduen alegazioa eta egiaztapena:
A) Nahitaezko agiriak.
1) Eskabideekin batera, Ikerketa taldeak honako nahitaezko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
1.1.– Currículum vitae.
Atal hauek izango ditu:
– Datu pertsonalak.
– Prestakuntza akademikoa.
– Ikerketa-lanarekin zerikusi zuzena duten argitalpen zientifikoak.
– Hizkuntzak.
Ikerketa taldea osatzen duen pertsona bakoitzaren curriculum-a aurkeztu beharko da. Eredu normalizatuan aurkeztu daiteke, besteak beste, eskabideak burutzeko helbide elektronikoan dagoen eredu normalizatua erabiliz.
1.2.– Ikerketa-proiektuaren memoria.
Hauxe nahitaez eredu normalizatuan aurkeztu beharko da. Eredu hori interesdunek eskuragarri izango dute eskabideak burutzeko dagoen helbide elektronikoan. Agiri honek ezingo ditu 10 orrialde baino gehiago izan.
Ikerketa taldeak ordezkari bat izendatu beharko du; ordezkari honek ahalorde askietsia izango du, ikerketa-taldeari onuradun gisa dagozkion betebehar guztiak betetzeko. Ordezkaririk izendatzen ez bada, ikerketa taldearekin egin beharreko ekintza guztiak, lehen tokian dagoen kidearekin egingo dira.
Memoria honetan, berariaz adierazi beharko dira: ikerketa proiektuaren izenburua; Ikerketa proiektua egitearen justifikazioa eta interesa; ikertu nahi den gaiaren aurrekariak eta egungo ezagutza-maila; ikerketaren helburu zehatzak; metodologia, lan-plangintza eta kronograma.
Era berean, adierazi beharko dira ikerketa taldeko kide bakoitzak burutuko duen lana eta baita jasoko duen dirulaguntzaren ehunekoa ere. Ikerketa taldeko kide guztiak onuraduntzat joko dira, dirulaguntza jasotzen badute.
1.3.– Unibertsitate-titulua, ikerketa taldea osatzen duten pertsona bakoitzarena, titulu hori estatu honetatik at eskuratu baldin bada, ikerketa taldeak aurkeztu beharko du homologazioa egiaztatzen duen agiria, edo dagokion Unibertsitatearen edo aginte akademikoaren ziurtagiria, alegatutako titulua eman zen estatuan goi-mailako unibertsitate-titulua dela jasotzen duena.
Ikerketa taldea osatzen duten pertsonen titulua estatu honetan eskuratu baldin bada, zazpigarren oinarri-arau honetako 3.A.2.1 atalean adierazten denez egiaztatuko da.
2.– IVAPek elektronikoki eskuratuko edo kontsultatuko dituen nahitaezko agiriak, interesdunek espresuki aurka egiten ez badute, betiere zazpigarren oinarri-arau honetako 6. atalean adierazitakoaren arabera eta han adierazitako baldintza eta ondorioak aplikatuta:
2.1.– Unibertsitate-titulua, ikerketa taldea osatzen duten pertsona bakoitzarena, betiere estatu honetan eskuratu baldin bada.
Ikerketa taldeko kideek beste estatuetan eskuratutako Unibertsitate-tituluak, alegatu eta egiaztatu beharko dira zazpigarren oinarri-arau honetako 3.A.1.3 atalean ezarritakoaren arabera.
2.2.– Ikerketa taldearen partaideen erdiak, gutxienez, Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-auzotartasuna duela, 2018ko urtarrilaren 1az geroztik edo lehenagotik, adierazten duen edo duten erroldatze-ziurtagiria edo ziurtagiriak.
B) Merezimenduen inguruko agiriak.
1) Merezimenduen inguruko agiriei dagokienez, ikerketa taldeak, eskabideekin batera, alegatu eta dagokien agiriak aurkeztu beharko ditu, gai hauei buruzko merezimendu direnean:
1.1.– Zazpigarren oinarri-arau honetako 3.B.2.1 atalaren lehenengo paragrafoaren barruan gelditzen ez diren euskararen titulu eta ziurtagiriak.
1.2.– Autonomia Erkidego honetan ofizialak ez diren hizkuntzak.
1.3.– Argitalpenak.
Zazpigarren oinarri-arauko 3.B.1 atal honetan aipatutako merezimenduak, aintzat hartu ahal izateko, behar bezala frogatu beharko dira. Horrela egiten ez bada edo eskabideak aurkezteko epez kanpo aurkezten badira, merezimenduen egiaztagiriek ez dute baliorik edukiko.
2) Jarraian aipatuko diren merezimenduen inguruko agiriak ikerketa-taldeak, eskabidearekin batera, alegatu beharko ditu eta IVAPek elektronikoki eskuratuko edo kontsultatuko ditu, interesdunek espresuki aurka egiten ez badute, betiere zazpigarren oinarri-arau honetako 6. atalean adierazitakoaren arabera eta han adierazitako baldintza eta ondorioak aplikatuta:
2.1.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak (HABE) eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzua erakundeak emandako euskararen titulu eta ziurtagiriak.
Aurreko paragrafoaren barruan gelditzen ez diren euskararen titulu eta ziurtagiriak alegatu eta egiaztatuko dira, zazpigarren oinarri-arau honetako 3.B.1.1 atalean adierazitakoaren arabera.
2.2.– Doktoretza.
4.– Aurkeztutako epea.
Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
5.– Eskabideak zuzentzea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluen arabera, eskabideak edo ikerketa taldeak aurkeztu behar dituen nahitaezko agiriek deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badituzte, edo horien edukia nahikoa ez balitz, eskatzaileari jakinaraziko zaio hamar lanegun dituela nahitaezko dokumentazioa osatzeko edo akatsa zuzentzeko; eta horrela ez egitekotan, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, eta horretarako administrazioak dagokion erabakia hartu eta jakinaraziko duela.
IVAPek eskuratu edo kontsultatu beharko dituen agiriak –bai nahitaezko agiriak izanda, bai ikerketa taldeak alegatutako merezimenduen inguruko agiriak izanda–, IVAPek ezin baditu eskuratu edo kontsultatu, salbuespenez, interesdunari agiri horiek aurkeztea eskatu ahal izango zaio.
6.– IVAPek agiriak eskuratzeko edo kontsultatzeko interesdunak aurka egitea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 28.2 artikuluaren arabera, eta indarrean dagoen Datu babesaren inguruko araudiaren arabera, IVAPek agiriak elektronikoki eskuratu edo kontsultatu behar dituen kasuetan interesdunak aurka egiteko espresuki adierazi beharko du. Kasu horretan, IVAPek dagokion agiria eskuratzearen edo kontsultatzearen aurka egiteko eskabidean dagoen laukitxoa markatu beharko du interesdunak.
7.– Gainerako izapideak.
Norberaren espedientean sartzeko eta haren jarraipena eta izapideak egiteko https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atal berezira jo behar da.
Zortzigarrena.– Eskabideen balorazioa.
Aurkeztutako eskabideen balorazioa, xede horretarako eratuko den balorazio-batzorde batek burutuko du.
I.– Balorazio-baremoa.
Esleipena burutzeko baremoa hau izango da:
a) Ikertzailearen curriculuma: 20 puntu, gehienez.
Ikerketa taldea osatzen duten pertsonen ikerketa-kalitatea egiaztatzeko balioko du.
Curriculum-aren balorazio-irizpideak honakoak izango dira:
1) Doktoregoa. 6 puntu, gehienez. Pertsona bakoitzaren doktorego-tituluak batuko dira, aipatu mugaraino, jarraian zehaztutakoaren arabera:
– 2 puntu: «cum laude» kalifikazioa.
– Puntu 1: aurreko puntuan jasotako kalifikazioa baino txikiagoa lortzea.
2) Ikerketaren helburuarekin zuzenki lotutako argitalpenak: 8 puntu, gehienez. Puntuazioa honako modalitate hauek baloratuz lortuko da:
– Monografiak.
– Liburuen kapituluak.
– Aldizkarien artikuluak.
– Bestelako argitalpenak.
3) Euskara: 4 puntu, gehienez.
4) Bestelako hizkuntzak: 2 puntu, gehienez. Hizkuntza bakoitzeko puntu bat.
Hizkuntzak dokumentu bidez egiaztatu beharko dira, balorazioan kontuan hartzeko. Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markoaren arabera, ezagutza-maila C1 edo handiagoa izan beharko da.
b) Ikerketa-proiektua: 80 puntu, gehienez.
1.1.– Proiektuaren enuntziatuaren interesa: 5 puntu, gehienez. Arlo horretan ikertzeko beharra, Administrazioarena eta gizartearena, eta gai horren berrikuntza.
1.2.– Ikerketa-proposamenaren argitasuna, zuzentasuna, ordena eta egitura: 15 puntu, gehienez. Honako alderdi hauek baloratuko dira:
– Proiektuaren garapenean ideien argitasuna.
– Memoria idazterakoan, hau zuzentasunez eta argi azalduta egotea.
– Ordena eta egitura egokia.
2) Ikerketa-proposamenaren izaera berritzailea: 20 puntu, gehienez. Honako alderdi hauek baloratuko dira:
– Ikerketa-gaiaren eta bere helburuen egokitasuna eta berritasuna, hori guztia deialdiaren baldintzekin eta eskabidea mugatzen den arloaren ezagutza propioaren egoerarekin lotuta.
– Beste taldeen ikerketarekin gainezarpenik gerta ez dadin baloratuko da.
– Proiektuak zientziaren eta gizartearen aurrerapenari ekar diezazkioken onurak.
3) Ikerketa-proposamenaren kalitatea, interesa eta garrantzia: 20 puntu, gehienez. Honako alderdi hauek baloratuko dira:
– Ikerketa-proposamenaren kalitate zientifikoa.
– Helburuen interesa eta garrantzia, eta haien deskribapen zehatza.
– Lortutako emaitzen erabilgarritasuna nahiz eragina, administrazio-teorian nahiz praktikan.
4) Ikerketa-proposamenaren diseinua, bideragarritasuna eta metodologia: 20 puntu, gehienez. Honako alderdi hauek baloratuko dira:
– Proiektua eta lan plangintzaren egokitzea deialdiaren denbora-mugetara.
– Proposatutako planteamendu metodologikoak proiektuaren helburuei eta hasierako hipotesiari egokitzea.
– Lanaren faseen eta haien iraupenaren plangintza eta deskribapen doitua, betiere deialdian aurreikusitako epeen barruan. Kronograma nahiz lan-egitasmo bat aurkeztea baloratuko da.
Balorazio baremoko b) atalean gutxienez 50 puntu lortu ez duten eskabideei ezin izango zaie inolako dirulaguntzarik esleitu.
Merezimenduak hobeki balioesteko egokitzat jotzen bada, elkarrizketa egin ahal izango zaie ikerketa taldeak osatzen dituzten pertsonei.
II.– Balorazio-batzordea.
1.– Eginkizunak.
Deialdi honen esparruan, balorazio-batzordeak honako eginkizun hauek izango ditu:
– Aurkeztutako eskabideak baloratzea, dirulaguntzen esleipen proposamena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzara helarazteko xedearekin.
– Esleipendunek egindako ikerlanen kalifikazioa, ikerketa taldeari esleitu behar zaien diru-kopurua eta argitalpenaren inguruan esleipen-proposamena emateko helburuarekin, deialdiaren hamaikagarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.
2.– Osaketa.
Honako hauek izango dira balorazio-batzordeko kideak:
Batzordeburua:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko idazkari nagusia edo berak izendatutako ordezkoa.
Batzordekideak:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen arduraduna edo berak izendatutako ordezkoa.
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo berak izendatutako ordezkoa.
– Deialdian adierazten diren gaietan aditu bi, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez izendatuak izango direnak.
Idazkaria:
– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Azterlan eta Argitalpen Zerbitzuko teknikari bat edo berak izendatutako ordezkoa. Idazkariak hitza eta botoa ditu.
Balorazio-batzordea osatzerakoan, ahaleginak egingo dira trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua egon dadila bermatzeko. Ondorio horretarako, ordezkaritza orekatua izango da sexu bakoitzak gutxienez % 40ko ordezkaritza baldin badu.
Edozein sexuri dagokionez, aurrean adierazitako ehunekoa betetzea ezinezkoa edo oso zaila gertatzen bada, ezintasun edo zailtasun hori zurituko da balorazio-batzordea osatzen duten aditu biak izendatzen dituen ebazpenean.
Halaber, balorazio-batzordeak, egoki baderitzo, aholkulari espezialistak edukiko ditu bere kideei laguntza emateko. Aholkulariok beren espezialitate teknikoetara mugatuko dute jarduna, izaera horrekin bakarrik elkarlanean arituko baitira balorazio-batzordearekin.
3.– Funtzionamendua.
Balorazio-batzordeak erabakiak botoen gehiengo soilez hartuko ditu. Kide anitzeko organoa den heinean, oinarri-arau hauetan berariaz jasotzen ez denerako, bere araubidea urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 15-24 artikuluetan jasotakoa izango da.
Batzordeburua eta/edo Idazkaria, edo izendatutako ordezkoa, balorazio-batzordeko bilera batera agertu ezean, eta quorum nahikoa betetzen bada, bilerara azaldutako kideen gehiengoaz erabakiko da haien artean nork beteko dituen Batzordeburuaren eta/edo Idazkariaren eginkizunak.
Bederatzigarrena.– Dirulaguntzak esleitzea eta onartzea.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak, ebazpen baten bidez, dirulaguntzaren esleipena egingo du, edo dirulaguntza horien esleipena erabat edo partzialki hutsik geratu dela adierazi.
1.– Esleipena.
Dirulaguntzak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen bidez esleituko dira. Ebazpenak honako hau jasoko du:
– Dirulaguntzen esleipendun gisa aukeratutako ikerketa-proiektuak, eta hala badagokio, hutsik gelditu diren dirulaguntzak.
– Hala badagokio, ordezkoak izango diren ikerketa-proiektuen zerrenda.
Dirulaguntzak esleitzen dituen ebazpena, edo deialdia hutsik uzten duena, egun berean deialdiaren interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, argitalpena egin den eta biharamunetik kontatzen hasita sei hilabeteko epea igaro baino lehenago.
2.– Onarpena.
Dirulaguntza bakoitzaren onarpena esleipendun diren ikerketa taldeen aldetik, https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, hamar laneguneko epean. Epe hori esleipen Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta deialdiaren interneteko helbide elektronikoan argitaratu eta biharamunetik hasiko da. Argitalpena egun berean egingo da.
Lehenago aipatutako dirulaguntzaren onarpen-idatzian zehaztu beharko da taldekide bakoitzak zein ehunekotan parte hartzen duen ikerketa-proiektuan, dagozkion ordainketak egite aldera.
Balorazio-batzordeak esleipendunei egin ahalko dizkie egoki deritzon oharrak, ikerketa-proiektuaren memoria garatuko duen aurkeztu beharreko lanari dagokionez.
Esleipendun diren ikerketa taldeen aldetik dirulaguntza bakoitza onartzeak, deialdi honetako oinarri-arauetan ezartzen diren baldintzak onartu beharra dakar; eta baita, ikerlanaren jarraipenari begira, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaritzak har litzakeen ebazpenak onartu beharra ere.
Hamargarrena.– Emandako dirulaguntzen ondoriozko lanak aurkeztea.
Dirulaguntza bakoitzaren xede diren ikerketa-proiektuak aurkezteko epea 2020ko uztailaren 24an amaituko da. Lan horiek https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa egoitza elektronikoan, «Nire Karpeta» izeneko atalaren barruan aurkeztuko dira.
Hamaikagarrena.– Dirulaguntzak ordaintzea. Haien zenbatekoa zehazteko sistema.
1.– Ordainketak.
Dirulaguntzak bi ordainketetan burutuko dira:
1) Lehenengo ordainketa, bost mila (5.000) eurokoa, dirulaguntza onartzearekin batera. Zenbateko honek ikerketa-jarduera garatu ahal izatea xede du.
2) Bigarren ordainketa, hamabost mila (15.000) eurokoa.
2.– Ikerlanen kalifikazioa eta dirulaguntzen bigarren ordainketa.
Bigarren ordainketaren zenbateko zehatza aurkeztu diren ikerketa-monografiek lortutako kalifikazioaren araberakoa izango da. Balorazio-batzordeak irizpide hauen arabera egingo du bere kalifikazioa:
– Deialdiaren xedea.
– Monografiaren egokitzapena, aurkeztutako proiektuari dagokionez; bereziki, proposatutako helburuen garapenari dagokionez, helburu bakoitzaren garrantzia haztatuta, hala badagokio.
– Ikerketa taldeko kide bakoitzak ikerketa-proiektuaren memorian beren gain hartutako konpromisoa betetzea.
– Ikerketaren kalitate zientifikoa; planteamendu metodologikoen egokitzapena eta zuzentasuna.
– Ideien argitasuna, zuzentasuna eta monografiaren azalpenen zehaztasuna.
– Monografiak ikertutako alorrean proposatu dituen berrikuntzak.
– Lortutako emaitzen erabilgarritasuna nahiz eragina, administrazio-teorian nahiz praktikan.
Kalifikazioa balorazio-batzordeak monografia horien inguruan eginiko analisiaren ondoren emango da, eta gehienez ere hamar puntu jaso ahal izango dira.
Esleitutako dirulaguntza bakoitzak jasotako kalifikazioa eta bigarren ordainketaren zenbatekoa elkarloturik daude, ondoren adierazten den moduan:
a) 8,5 edo hortik gorako puntuazioa jaso duten monografiek:
Hamabost mila (15.000) euro.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lan horiek argitaratuko ditu, deialdi honetako hamabosgarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.
b) 5 eta 8,4 bitarteko puntuazioa (biak barne) jaso duten monografiek:
Ez dute bigarren ordainketarik jasoko.
Lan hauek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gorde egingo dira, deialdi honetako hamalaugarren oinarri-arauan ezarritakoarekin bat etorrita.
c) Ez-gai kalifikazioa (5etik beherako puntuazioa) jaso duten monografiek:
Ez dute bigarren ordainketarik jasoko eta lehenengo ordainketa atzera botatzeko prozedurari hasiera emango zaio.
Emandako dirulaguntza atzera botatzea, dagozkion kasuetan, honako arau hauetan ezarritakoarekin bat etorriz egingo da: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53. artikulua; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
Hamabigarrena.– Dirulaguntzei uko egitea.
Dirulaguntzari ikerketa talde osoak uko egitea, https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko da, eta esleipenari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galtzea ekarriko du. Ukoa beste izapiderik gabe onartuko da. Kasu horietan, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak erabakiko du, uko egitearen data kontuan hartuta, puntuazioaren hurrenkeraren araberako hurrengo talde ordezkoari dirulaguntza emango zaion.
Ikerketa talde bateko kide baten edo batzuen aldetik ikerketa-proiektuari zati baten uko egitea, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari https://www.euskadi.eus/egoitza-elektronikoa egoitza elektronikoko «Nire Karpeta» atalean telematikoki aurkeztutako idatzi bidez jakinarazi beharko zaio, eta eskabidearen aldaketatzat joko da. Hortaz, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ebaluatu beharko du, deialdiaren seigarren oinarri-arauan jasotakoaren arabera, emandako dirulaguntza guztiz edo zati baten baliogabetu behar dela zehazteko, baita jasotako zenbatekoen itzulketa burutzeko ere.
Hamahirugarrena.– Ikerlanak jabetza intelektualaren erregistroan inskribatzea.
Ikerketa taldearen ordezkari gisa izendatutako pertsonak esleitutako ikerlana jabetza intelektualaren erregistroan jaso beharko du, ikerlana Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundean jaso eta biharamunetik kontatzen hasita urtebeteko epean, gehienez ere. Esandako epean inskripzioa egitea ezinezkoa izango balitz, eta betiere epe hori igaro aurretik, jasotzaileak, arrazoiturik, agerian jarriko du ezintasuna. Lehen aipatutako urte beteko epean inskribatzeko ezintasuna guztiz egiaztatzen den kasuetan, inskripzioa egiteko epe berri bat ireki ahal izango da. Lehen aipatutako epean inskribatzeko ezintasuna adierazten duen jakinarazpena jasotzen ez bada, eta betiere epe hori igaro eta gero, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak ikerlana inskribatu egin duela ulertuko du.
Hamalaugarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordetako ikerlanak.
11.2 oinarri-arauaren arabera, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko liburutegian gordeko diren burututako ikerlanak, jabetza intelektualerako eskubideari buruzko arauei loturik baino ezin izango dira erabili.
Ikerlan horietakoren bat beste argitaratzaile edo argitaletxe batek argitaratzen badu, egileak argitalpen horren berri eman beharko dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari eta bi ale bidaliko dizkio. Argitalpenaren berri eta bi aleak jaso eta gero, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak lehen liburutegian gordetako ikerlana kenduko du.
Hamabosgarrena.– Deialdi honen barruan egindako ikerlanen argitaratze eskubideak.
Dirulaguntza onartzeak berekin dakar Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari egile-eskubideak dohainik lagatzea, hamar urteko eperako eta edozein hizkuntzatarako, balorazio-batzordeak ikerlanari argitaratzeko kalifikazio nahikoa emanez gero. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak urtebeteko epean ikerlanaren argitalpena aurrera eramateko konpromisoa hartzen du; epe hori zenbatzeko, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak edo-eta Erakunde horren argitalpen zerbitzuen esleipendunak diren enpresek bete behar dituzten izapideak eta betebeharrak burutzeko denborak besterik ez dira kontuan hartuko.
Egindako ikerlana beste lan zabalago baten atal bada, IVAPek eta lanaren egileek testua oso-osorik argitaratzea adostu dezakete; hori dela eta, egileek IVAPi lan osoa ustiatzeko eskubideak lagako dizkiote.
Edozein modutan ere, deialdi honetatik sortutako ikerlanen edizio guztietan, bai lan osokoa izanda bai zati batekoa, egileek Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundetik dirulaguntza eskuratu dutela adierazi behar dute.
Hamaseigarrena.– Lan-kontratu lotura eza Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin.
Aipaturiko dirulaguntzak ez dakar inolako kontratu-loturarik Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen eta jasotzaileen artean.
Hamazazpigarrena.– Administrazio-isiltasuna.
Deialdiak eragina izan duen egunetik sei hilabete igarota, deialdiaren interneteko helbide elektronikoan eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ez badago esleipena egiteko erabakirik argitaratuta, interesdunek ezezkotzat hartu beharko dute beren eskaera. Hori dena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluaren arabera.
Hemezortzigarrena.– Datu pertsonalen babesa.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua (Datu Babeserako Erregelamendu Orokorra) pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa eta datuak babesteari buruz indarrean dagoen gainerako legeria betez, jakinarazten dugu datu pertsonalak tratamendu-jarduera honen barruan sartuko direla: «Ikerketen sustapena». Tratamendu horren helburua da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea.
Tratamenduaren arduraduna da Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritza. Datuetarako iristeko eskubidea, datuak zuzentzeko, ezabatzeko edo emateko eskubideak, tratamendua mugatzeko eskubidea, tratamenduari aurka egiteko eskubidea eta emandako adostasuna errebokatzeko eskubidea, edo aplikagarria zaion araudiak arautzen dituen gainerako eskubideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko Zuzendaritzaren zein Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren Datuak Babesteko ordezkariaren aurrean balia daitezke.
Deialdi honetako parte-hartzaileei buruzko balorazio-batzordekideei jakinaraziko zaizkie. Irabazleen datuak difusio-jardueretan erabil daitezke, eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailari eta dagokion Zerga-administrazioari jakinaraziko zaizkie. Datu pertsonalak ez dira lagako, lege-betebeharra existitzen ez bada, eta ez zaizkie transferituko hirugarren herrialdeei.
Hemen kontsulta dezakezu datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatz guztia: http://www.ivap.euskadi.eus/ikerketen-sustapen-tratamendua/z16-h2home/eu/