EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-19 Aldizkari honetan argitaratua: 2019115

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko otsailaren 28ko bilkuran hartua, «Euskal Herriko Unibersitatea 2016» txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2019-02-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201902978
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2019ko otsailaren 28an egindako bilkuran honako hau
ERABAKI DU:
«Euskal Herriko Unibersitatea 2016» txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2017ko otsailaren 28a.
HKEEren lehendakaria,
JOSÉ LUIS BILBAO EGUREN.
HKEEren idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA, 2016
Laburdurak.
APKLE: 1098/2001 Errege Dekretua, urriaren 12koa, Administrazio Publikoen Kontratuen Legearen Erregelamendu Orokorra onartzeko dena.
APOL: 33/2003 Legea, azaroaren 3koa, Administrazio Publikoen Ondareari buruzkoa.
AZL: Administrazio eta zerbitzuetako langileak.
BEZA: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
BGAE: Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EAEAN: Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusia.
EAEKPP: Euskal Autonomia Erkidegoko Kontabilitate Publikoaren Plana.
EAOL: 22/2013 Legea, abenduaren 23koa, 2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzkoa.
ED: Errege Dekretua.
EDL: Errege Dekretu Legea.
EEP: Enpleguaren Eskaintza Publikoa.
EFPL: 6/1989 Legea, 1989ko uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
EHAA: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria.
EHU: Euskal Herriko Unibertsitatea.
EJ: Eusko Jaurlaritza.
EOL: Euskadiren Ondareari buruzko Legea (2/2007 Legegintzako Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiren Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko dena).
EUSL: 3/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Euskal unibertsitate sistemari buruzkoa.
IETB: Ikerketen Emaitzen Transferentzia Bulegoa.
II: Irakasleak eta ikertzaileak.
KEAO: Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
PGPN: Publikotasunik Gabeko Prozedura Negoziatua.
PPN: Publikotasundun Prozedura Negoziatua.
SPKLTB 3/2011: Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onesten duena.
TVCP/HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
UE: Unibertsitate Eskola.
ULO: 6/2001 Lege Organikoa, abenduaren 21ekoa, Unibertsitateei buruzkoa.
ULOALO: 4/2007 Lege Organikoa, apirilaren 12koa, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa aldarazten duena.
UUKK: Urteko kontuak.
XG: Xedapen Gehigarria.
ZBM: Zientzia eta Berrikuntza Ministerioa.
I.– Sarrera.
EHUren ekonomia-finantza jardueraren 2016ko txosten hau Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 1/1988 Legeari jarraikiz mamitu dugu eta Epaitegi honen Urteko Lan Programan barne hartua dago.
Alderdi hauek aztertu ditu fiskalizazioak:
– Legezkotasuna: Legezkotasun, aurrekontu, langileria eta administrazio kontratazioaren ataletan.
– Kontularitzakoak: EHUren urteko kontuak ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu.
– Gure lana kanpoko enpresa batek gauzatutako EHUren kontularitzako aurrekontu eta ondare egoeren kanpoko auditoria-txostena aztertzea izan da eta horretarako, auditoreen lan paperetan euskarrituak egotea egiaztatu dugu eta beharrezko iritzitako proba osagarriak edo auditoretzako beste zenbait prozedura bideratu ditugu.
– EHUren finantza analisia.
– Lanean ez da jaso gastuaren eraginkortasunari eta efikaziari buruzko analisia. Hala ere, aurkitu diren hutsak «Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak» epigrafean azaldu dira xehetasunez.
Gainera, lanaren zabalak EHUk fundazio-zuzkiduraren % 100 eman dien fundazioen gaineko fiskalizazio-lana barne hartu du; horien Urteko Kontuak eranskin modura jaso dira EHUren 2016ko Txosten Ekonomikoan:
– Medikuntza eta Zientzien Historiaren Euskal Museoa Fundazioa.
– EHUren Uda Ikastaroak Fundazioa.
Berebat, EHUk fundazio-zuzkiduraren % 50 eman dio Unibertsitatea-Enpresa Ikerkuntza Fundazioaren, Jakintza Lanezko Ikerkuntzari (Euskoiker Fundazioa); eta % 33 Euskampus Fundazioari.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Langileria.
1.– EHUk 2016ko ekitaldian 672.888 euro ordaindu ditu osagarrien eta ordainsarien parekatze kontzeptuan, unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan aurreikusi gabe daudenak.
2.– 2016ko abenduaren 31n aldi baterako lan kontratua zuten Irakasle eta Ikertzaileek irakasle-plantillaren % 40ko muga gainditzen zuten, ULOren 48.5 artikuluan finkatutakoa, ULOALOk ematen dion idazkeran.
Administrazioko kontratazioa.
3.– 1,8 eta 1,4 milioi euroren zenbatekoan esleitutako bi espedientetan (21. eta 24. zenbakiak.), fakturatutako zenbatekoak gainditu egin du urteko gehienezko aurrekontua 118.215 eta 267.585 euroan, hurrenez hurren, eta lizitazioaren eta esleipenaren oinarrizko baldintzak eraldatu dira (SPKLTBren 107. artikulua).
Bestalde, indarreko kontratuak dituzten prestazioetan, esleitutako zenbatekoa 878.630 euroan gainditzen duten gastuak azaleratu dira.
4.– Uda Ikastaroak Fundazioak 366.948 euroren ondasun eta zerbitzuak kontratatu ditu publikotasun eta lehia printzipioak gorde gabe.
Epaitegi honen ustetan, aurreko 1etik 4ra bitarteko paragrafoetan aipatutako salbuespenak alde batera, EHUk eta haren fundazioek zuzentasunez bete dute 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– EHUk Berariazko Geldikinaren atala osatzen duten aurrekontuko aplikazio ugarien eta ikerkuntza kontratuen amaieraren gaineko kontrol ezaren ondorioz (ikus III.1), ezin ondoriorik atera dezakegu horren zuzentasunaz 2016ko abenduaren 31n. Nolanahi dela ere, hori osatzen duten kontu-sail eta programen lagin bat aztertzetik ondorioztatu dugu horietako zenbaiti Gastu Orokorretarako Geldikin izaera eman behar litzaiekeela. Ondare-kontabilitateko terminoetan, horrek esan nahi du «Dirulaguntza bihur daitezkeen epe laburreko zorrak» balantzeko kontu-sailaren saldo zati batek, zenbatetsi ezin denak, ondare garbiaren atal behar lukeela izan.
2.– Ibilgetu materialak bibliografia funtsei dagokien idazpuru bat barne hartzen du, ekitaldi itxieran 22,3 milioi euroren kontularitzako balio garbia zuena erregistraturik. EHUk ez du funts horien gaineko inbentario banakatu eta balioztatua, 2012tik 2016ra bitarteko ekitaldietan egindako erosketetarako izan ezik, eta honenbestez, ez dezakegu kopuru horren zuzentasunari buruzko ondoriorik atera.
Epaitegi honen iritzira, 1. eta 2. paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, EHUren eta bere fundazioen Urteko Kontuek alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa, 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan, alde batetik, jarduera ekonomiko eta finantzarioa arautzen duten printzipioak betetzeari modu nabarmenean eragiten ez dioten hutsak adierazten dira; eta bestetik, kudeaketa hobetzeko agerian jartzen diren prozeduraren alderdiak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
Aurrekontuko aldaketak.
– Aurrekontuko aldaketen erregimena baliatuta 2016ko aurrekontuan 12,6 milioi euroren kredituak zuzkitu ziren eta ekitaldi itxieran kopuru hori kapituluan jasoa gordetzen zen aurrekontuko kontu-sail jakinei esleitu gabe. Hona hemen xehapena:
Aldaketa horiek berariazkotasun printzipioa urratzen dute, zeinaren arabera haien eraginpeko aurrekontuko kontzeptuak zeintzuk diren berariaz adierazi behar duten.
– 2016ko ekitaldian 7,8 milioi euroren kreditu-transferentziak egin dira eta horiei birbanaketentzat aurreikusita dagoen izapide erraztua ezarri zaie; ez zegokion, baina, araubide erraztu hori baliatzea, aurrekontuko kapitulu ezberdinen artean egin direlako kreditu aldaketak.
– Aurrekontuko aldaketak arautzen dituen araudiari jarraikiz, 2016ko aurrekontuarekin batera onartutakoa, hiru hilean behin Ekonomia Batzordeari gaitutako kredituen xehapena jasotzen duen zerrenda aurkeztu behar zaio. 2016ko lehen, bigarren eta hirugarren hiruhileko gaikuntzak 2016ko azaroaren 3ko Batzorde Ekonomikoari aurkeztu zaizkio eta 4. hiruhilekoak 2017ko uztailaren 10ekoari.
Gastu Unitate Organikoak.
EHUk kudeaketa Gastu Unitate Organikoetan deszentralizaturik dauka; unitate horiek aurrekontuaren kudeaketaz, kontabilizazioaz eta horiei lotutako gastuak euskarritzen dituzten agiriez arduratzen dira. Deszentralizazio maila honek zaildu egiten du gastua zuzen kontabilizatzea eta ondorengo kontrola egitea. 2014ko abenduaren 31n GUO kopurua 3.191koa zen eta horietatik 3.213, nagusiki, ikerkuntza, kanpoko kontratu edo kanpoko ekarpenekin finantzatutako ikastaroei dagozkie. Honekin baterako taulak funtzionamendu gastuek eta inbertsio errealek azken ekitaldietan izan duten bilakaera erakusten du, unitate mota hauen bidez kudeatu direnak:
Aurrekontua eta Ekonomia Txostena onestean atzerapena.
Gobernu Kontseiluak 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Proiektua 2016ko otsailaren 4an onartu zuen eta Kontseilu Sozialak aurrekontua urte horretako martxoaren 17an onartu zuen; ordea, ekitaldia hasi aurretik onartu behar zatekeen. Ekonomia txostenari dagokionez, Kontseilu Sozialak 2017ko urriaren 25ean onetsi zuen, EUSLren 106.2 artikuluan aurreikusitako epea gaindituta, urte bakoitzaren lehenengo seihilekoan egitea aurreikusten baitu.
Berariazko Geldikina.
EHUk aurkeztutako txosten ekonomikoaren arabera, berariazko geldikina 77,3 milioi euro zen 2016ko abenduaren 31n, eta haren % 37,4 ikerketa programen «funtzionamendu gastuak» izeneko kapituluari dagokio, kanpoko finantzaketa bidez gauzatutako ikerketa kontratuak jasotzen dituena.
Geldikina osatzen duten kontu-sail eta programen lagin esanguratsua aztertuta, honako huts hauek azaleratu dira:
– Errepikariak diren kanpoko kontratuei dagozkien zenbatekoak ekitaldiz ekitaldi gero eta handiagoak dira, jasotako finantzaketak kontratuaren kontura egikaritutako gastua gainditzen baitu.
– Kanpoko kontratuen kontzeptuko diru-sarreren atxikipena (% 5), EHUko gastu orokorrak finantzatzera emandakoak; horiek, baina, ez dira gastatzen eta zuzenean berariazko geldikin modura txertatzen dira.
– Itzultzeko dauden dirulaguntza soberakinak; ez dago horien osaera eta saldoaren antzinatasunaren xehetasunik.
– Proiektu zaharren geldikinei dagokienez (lehenagoko ekitaldietan abiarazitakoak) exekuzio egoera eta ikerketa kontratuaren azken egoera aztertu beharko litzateke, izan ere, EHUren Estatutuen 233.3 artikuluari jarraikiz (aurrerantzean Estatutuak), geldikin hauek berariazko izaera galduko dute egotzi zitzaien jarduera amaitu eta hurrengo ekitaldia bukatzen denean.
Barne kontrola.
EHUren Estatutuen 238. artikuluak agintzen du unibertsitateak gastu eta sarreren barne kontrola ziurtatuko duela legezkotasun, eraginkortasun eta efizientzia printzipioei jarraikiz eta horretarako, Barne Kontrolerako Zerbitzua baliatuko duela, errektorearekiko mendekotasun zuzena eta gerentziarekiko autonomia funtzionala izango duena.
Barne Kontrolerako Zerbitzuaren jarduteko urteko planek EHUren gastu eta sarreren gaineko azterketa mugatua aurreikusten dute. Hori dela eta, Barne Kontrolerako zerbitzua indartzeko gomendioa luzatzen dugu eta Gastu Unitate Organiko guztien gaineko eskumena izango duen gastuen aldez aurretiko kontu ikuskaritza egiteko figura sortzekoa, figura hau duten gainerako erakundeen izaera, ezaugarri eta egiteko antzekoekin, duen izaerari dagokion izen edo egitura emanez.
Langileria.
– EHUk 2016ko ekitaldiko Kontu Orokorraren Oroitidazkian ez du jasotzen 2012ko abenduko ordainsari aparteko eta osagarria kendu izanaren ondorioz bere zerbitzura diharduen langileriak jaso ez duen zenbatekoari buruzko informaziorik; aparteko ordainsaria ordaingabe utzi zen uztailaren 13ko 20/2012 Legearen Errege Dekretuaren ondorioz, aurrekontuaren egonkortasuna eta lehia sustatzeko neurriei buruzkoa. 2016ko abenduaren 31n, kontzeptu honengatik ordaintzeko dagoen zenbatekoa 5,6 milioi euro da, oso-osorik 2017an ordaindu dena.
– 2016ko azaroaren 3an EHUren Gobernu Kontseiluak Irakasle eta Ikertzaile lan kontratupeko eta funtzionarioen LZ gaurkotzea onartu zuen, EHAAn argitaratu ez dena. Irakasle eta Ikertzaileen LZren azken argitalpena 2015eko uztailaren 23koa da.
III.2.– Administrazioko kontratazioa.
Aztertutako kontratuetako akatsak.
2016an esleitutako 18 kontratazio-espediente aztertu dira, zeinetan esleitutako balioek guztira 10,8 milioi euro egin dituzten, eta aurreko urteetan fiskalizatutako beste 11 espediente, 2016an 18,5 milioi euroren egikaritza izan dutenak. Honako alderdi hauek nabarmendu ditugu:
– 2016an aldizkako argitalpen elektronikoetara harpidetzeko hiru kontratu esleitu zaizkie (6, 7 eta 8 espedienteak) esklusibitateagatik publikotasunik gabeko prozedura negoziatua baliatuta argitalpen horien banaketa-eskubideak zituzten argitaletxeei, guztira 2,6 milioi euroren zenbatekoan. Gomendagarria litzateke espedientean argitalpen elektroniko horiekiko interesa dokumentatzea, merkatuan izan daitezkeen beste batzuen aldean.
– Guztira 5,2 milioi euroren zenbatekoarekin esleitutako zortzi espedientetan (4, 5, 10, 11, 13, 15, 17 eta 18 zenbakia espedienteak) prezio irizpidea puntuatzeko baliatzen den formulak prezio baxuenarekiko proportzioa hartzen du abiaburu eta honenbestez, eskaintza aurkezte hutsak puntuak bermatzen ditu, baita eskaintzak tipoa berdintzen duenean ere; horrek desitxuratu egiten du irizpide hau eta balio judizioen araberako irizpideen bidez balio-neurtu beharreko ehuneko-proportzioan eragiten du (SPKLTBren 150. artikulua).
– Guztira 1,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutako hiru espedientek (2, 13 eta 15 zenbakia espedienteak) ez dute betetzen aurreikusitako aldaketetarako bereizten diren mugak eta/edo baldintzak modu argi eta zehatzean zehazteko eskakizuna.
– 2 milioi euroan esleitutako lau espedientetan (2, 10, 13 eta 15 zenbakia espedienteak) balio zenbatetsiaren kalkulua okerra da (SPKLTBren 88. artikulua), ez baitira balizko espediente-aldaketak barne hartzen eta horietako batean ezta mantentze-lanaren balorazioa ere.
– Guztira 2,1 milioi euroan esleitutako hiru espedientetan (2, 4 eta 5 espedienteak) «hobekuntzak» esleipen irizpideen garapena ez da behar hainbatekoa ez karatulan, ez pleguetan ere (SPKLTBren 150. artikulua).
– Springer argitaletxearen aldizkako argitalpen elektronikoetara harpidetzeko espedientean, 699.562 euroren zenbatekoan esleitutakoan (7. espedientea), pleguetan aurreikusitako prezioen berrikusketa ez zaio EAOLren 88. xedapen gehigarriari egokitzen, ez baita kostuetara lotzen.
– Guztira 14,6 milioi euroan esleitu eta 2016an 8,2 milioi euroan egikaritutako sei espedientetan (2, 20, 21, 24, 26 eta 29 zenbakia espedienteak) ez dago jasoa esparru-akordioaren arabera egindako esleipenen harrera-akta (SPKLTBren 222.2 artikulua).
– 1,5 milioi euroan esleitutako zerbitzu-espediente batean (17. espedientea), zerbitzua eman aurreko fase batean lanaren plangintza eta antolamendua balioztatzen duen esleipen irizpideak aurreko esleipendunaren ezagutzaren balorazioa eragin du, izan ere, gogoan hartu da kasu horretan ez dela beharrezkoa EHUko teknikarien esku-hartzea aldez aurreko fase horretan.
– Erakundearen back-a mantendu eta eguneratzeko espedientea publikotasunik gabeko prozedura negoziatu bidez esleitu zen 543.465 euroren zenbatekoan (14. espedientea) eta zerbitzu honen oroitidazkiak justifikatzen du zerbitzu hau soilik egin dezakeela aplikazioen esleipendunak. Aplikazioen erosketa/berritzea mantentze lanekin batera lizitatzeko aukera aztertzea gomendatzen dugu.
Azkenik, azpimarratu behar da gastu-unitate organikoen sakabanatzea aintzat hartuta, beharrezkoa dela EHUk gastuaren egikaritzaren ikuskapena areagotzea, erosketa eta prestazioek legezko estaldura egokia izan dezaten eta, izatez, ez dadin gainditu esleipenen zenbatekoa.
Beste batzuk.
– 2016ko ekitaldian zehar izaera bertsuko ondasun eta zerbitzu erosketak egin dira guztira 2,2 milioi euroren zenbatekoan; gure iritzira, EHUk aztertu egin behar lituzke horiek, berdindu daitezkeen hornigaiak eta aurreikusgarriak diren zerbitzuak bereiziz, kontratazioa prozedura bakar batean egiteko moduan.
– EHUk 2016an zehar 14 espediente egikaritu ditu zerbitzu publikoak emateko, jabari publikoko ondasunak erabiltzea dakarrena berekin eta denbora zehatz baterako eman ez zirenak (SPKLTBren 23. eta 278. artikuluak eta EOLren 72. artikulua eta APOLen 93. artikulua). Gainera, kontratuaren prestazioak eta/edo prezioa justifikatuko duen azterketa ekonomiko-administratiborik ez da egin (APKLEOren 183. eta SPKLTBren 87. artikuluak); ez eta ondasunak eskura uzteko akta ere, EHUk eta kontratistak izenpetutakoa (EOLen 69.4 artikulua).
– EHUk 2016ko ekitaldian izenpetu dituen lankidetza hitzarmenak aztertzean ikusi dugu lau hitzarmenek euren baldintzetan jasotzen dutela kontratu horiek berariaz adierazi gabe urteko aldietan luzatuko direla, iraupen zehatzik finkatu gabe.
III.3.– Bestelakoak.
– Merkataritzako eragiketetan berankortasunaren aurkako neurriak ezartzen dituen uztailaren 5eko 15/2010 Legeak eskatutako informazioari dagokionez, eta uztailaren 25eko 635/2014 ED aplikatuz, zeinak administrazio publikoetako hornitzaileei batez besteko ordainketa aldia kalkulatzeko metodologia garatzen duen, EHUk 2016ko ekitaldian bete du merkataritzako eragiketen batez besteko ordainketa aldia. Nolanahi den ere, 1,1 milioi euroren zenbatekoarekin egindako 286 ordainketek ez dute SPKLTBren 216. artikulua, 4. atala betetzen, ordainketa epeei dagokiena.
IV.– Finantzaren analisia eta aurrekontuaren egonkortasuna.
IV.1.– Finantza analisia.
EHUren kontuak.
Azken ekitaldietako bilakaera finantzaria honakoa izan da:
Emaitza arrunta.
Gastu arruntak 4,3 milioi euroan (% 1,1) murriztu dira 2015eko ekitaldiaren aldean, nagusiki, funtzionamendu gastuak 4,6 milioi euroan murriztu izanaren ondorioz.
2016ko sarrera arruntak 11 milioi euroan gehitu dira, batik bat Eusko Jaurlaritzaren transferentzia arrunten ondorioz, zeinak 2,9 milioi euroan gehitu diren eta Estatuarenak 9,3 milioi euroan.
Emaitza arrunta 2015ean 8,2 milioi euroren mozkina izatetik 2016an 23,5 milioi eurorena izatera aldatuko litzateke.
Kapitalezko eragiketak.
Fiskalizazio-gai izan den ekitaldian gora egin dute kapital-transferentziek eragindako sarrerak 2015eko ekitaldiaren aldean (% 45,8) eta inbertsio errealak, berriz, % 26,7 murriztu dira, 11 milioi euroren defizita eraginez 2016an, eragiketa arrunten superabit bidez finantzatu dena.
Zorpetzea.
EHUk ez du zorpetzea baliatu 2016ko ekitaldian. Izatez, zorpetzeak berriz egin du behera 2016an, seigarren urtez jarraian.
Diruzaintzako geldikina.
2016an gora egin dute berariazko geldikinak eta gastu orokorretarako geldikinak 2015eko ekitaldiaren aldean.
Ondorioa.
Emaitza arruntak gora egin du, batik bat, transferentzia arruntek gora egin dutelako. Berebat, kapital-eragiketengatiko defizitak behera egitea, nagusiki, egindako inbertsioak murriztu izanaren ondorio da. Honenbestez, EHUren inbertsio gaitasuna ez da nabarmen hobetu eta inbertsioak etorkizunean egin ahal izatea finantzaketa eskuratzeko gaitasunaren baitakoa da, dela kapitalezko dirulaguntza bidez, dela beste zorpetze mota bat baliatuta.
IV.2.– Aurrekontuaren egonkortasuna eta finantzaren iraunkortasuna.
Unibertsitateen Lege Organikoaren 81. artikuluak, 2. atalean agintzen du unibertsitateen aurrekontuek eta horien likidazioek berariazko aipamena egin behar diotela finantza oreka eta iraunkortasun printzipioak betetzeari.
Komeni da azpimarratzea Estatuko Administrazioaren Kontu Hartzailetza Nagusiak adierazi duela EHU, EAEren Administrazio Publikoak Sektorearen atal dela. EHUren 2016ko urterako Urteko Kontuek gai honi buruzko berariazko atala besarkatzen dute eta bertan ondorioztatzen da «EHUren 2016ko ekitaldiari dagokion aurrekontuaren likidazioak finantza oreka eta iraunkortasun printzipioak betetzen dituela».
V.– Urteko kontuak.
V.1.– EHU-ren kontuak.
V.2.– Fundazioen kontuak.
V.2.1.– Medikuntza eta Zientzien Historiaren Euskal Museoa Fundazioa.
V.2.2.– EHU-ren Uda Ikastaroak Fundazioa.
UPV/EHU-REN ALEGAZIOAK 2016 EKITALDIKO FISKALIZAZIO EMAITZEI
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren otsailaren 5eko 1/1988 Legean adierazitakoari jarraikiz, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak dokumentu honetan jaso diren alegazioak egin nahi ditu.
Unibertsitatearen antolakuntza egituran, Ikastegiak, Sailak eta Zerbitzuak kudeatzaile ekonomikoak dira, baita ikerketa proiektuez eta kontratuez arduratzen diren pertsonak ere. Hori horrela, egitura horren ezaugarri nagusia da sistema oso deszentralizatu bat edukitzea, aukera ematen diena kudeatzaileei, ikertzaileei eta proiektu sustatzaileei tresna arin eta eraginkorrak erabiltzeko, horrek zaildu egiten badu ere kontrola, eta horretan egiten ari da, hain zuzen ere, prozesuak normalizatzeko eta homogeneizatzeko ahaleginik handiena. Alde horretatik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiarekin elkarlanean aritzeak aukera eman du pixkanaka hobetzeko administrazio eta kontabilitateko prozesuak.
Hona hemen egin diren alegazioak, txostenaren ordenari jarraikiz:
II.– Iritzia.
II.1.– Legezkotasuna betetzeari buruzko iritzia.
Langileak.
1.– EHUk 2016ko ekitaldian 672.888 euro ordaindu ditu osagarrien eta ordainsarien parekatze kontzeptuan, unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko abuztuaren 28ko 1086/1989 Errege Dekretuan aurreikusi gabe daudenak.
Alegazioak.
Osagarri horiek ez daude jasota Unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko Errege Dekretuan (abuztuko 1086/1989); hala ere, osagarriak ordaindu egin dira Gobernu Batzarrak eta kasu batzuetan Gizarte Kontseiluak onetsi dituztelako, unean-unean irakasle eta ikertzaileen eskakizunei erantzuteko.
2.– 2016ko abenduaren 31n aldi baterako lan kontratua zuten Irakasle eta Ikertzaileek irakasle-plantillaren % 40ko muga gainditzen zuten, ULOren 48.5 artikuluan finkatutakoa, ULOALOk ematen dion idazkeran.
Alegazioak.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitakoa egia da zenbaki global edo absolutuei dagokienez. Hala ere, ezin dira zenbaki horiek interpretatu honako kontu hauek aintzat hartu gabe:
Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak (abenduaren 21eko 6/2001) honako hau ezartzen du 48. artikuluko 4. eta 5. ataletan:
4.– Ekibalentzien arabera arduraldi osorako kontratatutako irakasle eta ikertzaileen kopuruak ezingo du gainditu unibertsitateko irakasle eta ikertzaile guztien ehuneko 49a. Ez dira irakasle kontratatu gisa zenbatuko titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasgairik irakasten ez duten irakasleak, ez eta unibertsitateari loturiko ikerketa-institutuetako berezko langileak eta doktorego eskolei loturiko langileak ere.
5.– Aldi baterako lan kontratua duten irakasle eta ikertzaileek ezin izango dute irakasleen plantillaren ehuneko 40a gainditu.
Halaber, Eusko Unibertsitate Sistemari buruzko Legeak (otsailaren 25eko 3/2004), 15. artikuluan, garatu egiten du esan berri den hori. Hau dio:
«Irakasle eta ikertzaile kontratatuen ehunekoa.
1.– Oinarrizko legedian ezarritakoaren ondorioetarako, hauek izango dira unibertsitateko funtzionarioen kidegoetako langileen arteko eta irakasle eta ikertzaile kontratatuen arteko ehunekoa zehazteko irizpideak:
a) Unibertsitate osoa kontuan hartuta kalkulatuko da. Horretarako, unibertsitateko plantilla osoa hartuko da, onartutako lanpostuen zerrenden arabera, lanpostu hutsak barne direla, erregelamenduz ezarritako salbuespenak salbuespen.
b) Zenbaketa egiteko, denbora osoa izango da neurria, eta denbora-zati batez diharduten irakasleen eragina haztatu egingo da.
c) Ez dira kontratatutako irakasle moduan zenbatuko titulu ofizialak lortzeko bideratutako irakaskuntza ofizialak irakasten ez dituztenak. Ez dira zenbatuko ehuneko horretan Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoko 12. xedapen gehigarrian aipatzen diren unibertsitateari atxikitako ikerketa-institutuetako langileak ere, ez ikertzaile lotetsiak, ez irakasle elkartuak».
Bestalde, Osasunari buruzko Lege Orokorrak (apirilaren 25eko 14/1986) hau ezartzen du 105. artikuluko 2. atalean:
«2.– Hitzarmenetan, halaber, hitzarmendun osasun-erakundean zerbitzuak ematen ari diren langile laguntzaileek bete beharko dituzten irakasle lotetsien plaza kopurua ere zehaztu ahal izango da. Kopuru hori ez da kontuan hartuko unibertsitate publikoetan aplikagarria den kontratudunen ehunekoaren ondorioetarako».
Horixe bera aurreikusten da Unibertsitateen Legearen (abenduaren 21eko 6/2001) hamargarren xedapen gehigarrian eta EHU eta Osakidetzaren arteko osasun-hitzarmenaren seigarren klausulan (2009ko urtarrilaren 9ko EHAA).
Hau da, indarrean dauden legeek gutxi esaten dute edo ez dute ezer esaten aldi baterako kontratu batekin edo kontratu iraunkor batekin zerbitzuak ematen dituzten langileak kontratatzeko moduari buruz; hala ere, ez da zentzugabea pentsatzea kasu horretan hitzez hitz emandako araudian ezartzen diren irizpide berberak aplikatu behar direla langile kontratudunen ehunekoa kalkulatzeko.
Administrazioko Kontratazioa.
1,8 eta 1,4 milioi euroren zenbatekoan esleitutako bi espedientetan (21 eta 24 zenbakiak), fakturatutako zenbatekoak gainditu egin du urteko gehienezko aurrekontua 118.215 eta 267.585 euroan, hurrenez hurren, eta lizitazioaren eta esleipenaren oinarrizko baldintzak eraldatu dira (SPKLTBren 107. artikulua).
Alegazioak.
Aldez aurretik esan beharra dago HKEEk SPKLTBren 107. artikuluari buruz egiten duen aipamenak lizitazioa zuzentzen duen dokumentazioan aurreikusi ez diren aldaketei egiten diela erreferentzia. Esparru akordioak dira, eta 2015eko ekitaldiko fiskalizazio txostenean alegaturikoa errepikatzen da:
«Ius variandi izenekoak erreferentzia egiten dio Administrazioak kontratuaren xedea aldebakarrez aldatzeko duen eskumenari; dena den, kasu guztietan, aldaketak egiteko eskumenak muga formal zein materialak ditu, eskumen hori erabiltzeari dagokionez. SPKLTBren bi aldaketa mota hauek aurreikusten dira: pleguan edo lizitazio iragarkian aurreikusten diren aldaketak eta agiri horietan aurreikusten ez direnak. Aldaketa bakoitzerako, araudi, muga eta prozedura bereiziak ezartzen dira.
SPKLTBren 106. artikuluak kontratua modu konbentzionalean aldatzeko aukera aurreikusten du, hau da, aukera ematen du kontratuaren baldintzak aldatzeko, betiere zehaztasun osoz betetzen badira arau horretan aurrez ezarritako baldintzak. Hain zuzen ere, hau esaten du: «Aukera izango da sektore publikoko kontratuak aldatzeko, betiere pleguetan edo lizitazio-iragarkian aukera horren berri berariaz eman bada, eta alderdi hauek modu argi, zehatz eta ezin nahasizkoan zehaztu badira: kontratua zein baldintza betez aldatu ahal izango den, aldaketek zer helmen eta muga izango dituzten, kontratu-prezioaren zer ehunekori eragin ahal dioten gehienez, eta zein prozedurari jarraitu behar zaion».
Gainera, SPKLTBren 88.1 artikuluak honako hau esaten du: «Baldin eta, 106. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, pleguetan edo lizitazio iragarkian kontratua aldatzeko aukera aurreikusi bada, aurreikusitako aldaketa guztiak kontuan hartuta kontratuak gehienez ere izan dezakeen zenbatekoa joko da balio zenbatetsitzat».
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 21.
Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatulako 39. puntuak honako hau aurreikusten du:
«39.– Prozedurari buruzko klausula gehigarriak: (...)
UPV/EHUk, ikastegietan sortutako premien arabera, behar dituen elementuak eskatuko dizkio enpresa adjudikatariari. Hau da, unibertsitateak ez du bere egingo, adjudikatariari, kontratuak indarrean dirauen bitartean, eskatu beharreko unitateen gutxieneko edo gehieneko kopuruaren gaineko konpromisorik.
UPV/EHUk, bere premien arabera, kontratua aldatu ahal izango du, hornitu beharreko ikastegi eta bulegoen kopurua murriztuz zein gehituz, kontratuaren prezio berean eta kontratu epearen barruan, legeak ezarritako betekizun eta mugak betiere errespetaturik. Produktu berrien hornidura ere kontratatu ahal izango du, kontratuaren helburuko produktuen antzekoak eta aldeak ados jartzen badira.»
Alegazioak.
Espediente zenbakia: 24.
Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatulako 12. puntuak honako hau aurreikusten du:
« (...) Esparru akordioaren indarraldian zehar entrega puntuak gehitu edo gutxitu ahalko dira, eta horren berri emango zaio dagokion lotearen enpresa adjudikaziodunari.
Unibertsitateak beharrezkotzat joz gero, 2. lotean adierazitako biltegiratze tangaren bat kendu ahalko da, betiere arrazoituta.
Aurkezpenak honako hauen arabera egingo dira: Tangaren instalazioa, muntaketa eta doikuntza, baita produktua entregatzea ere jarraian adierazitako espazioan eta lekuan:
1. lotea: eskatzen duten 3 campusetako UPV/EHUko ikastegiak.
2. lotea: biltegiratze tangak Plegu Teknikoaren eranskinean adierazitakoa izango da.
3. lotea: eskatzen duten 3 campusetako UPV/EHUko ikastegiak.
4. lotea: Zientzia eta Teknologia Fakultatea, Sarriena auzoa, z.g., Leioa 48940.»
Esandako hori gorabehera, HKEE erreferentzia egiten ari bada aurrekontu mugatudun hornidura eta zerbitzu kontratuak arautzen dituen SPKLTBren 34. xedapen gehigarriari, honako paragrafo hauetan adierazten dena argudiatzen da.
Aurretik, beharrezkoa da azpimarratzea erreferentziako kontratuaren xedea unitateko prezioaren araberako hornidura dela, eta, SPKLTBren 9.3 artikuluko a) ataleko legezko agindua zehaztasunez betetze aldera, horren esleipena enpresari bakar batekin egiten diren esparru akordioak arautzen dituen III. liburuko II. tituluko II. kapituluan aurreikusitako arauen arabera egin zela.
Hori adierazi ondoren, aztertu beharko litzateke ea SPKLTBren 34. xedapen gehigarria esparru akordioei aplikatu behar zaien ala ez.
Horri dagokionez, aintzat hartu beharra dago Andaluziako Juntaren Kontratazio Administratiboaren Aholkularitza Batzordeak uztailaren 15eko 2/2015 txostenean adierazitakoa; horrek erreferentzia egiten zion SPKLTBren 9.3.a) artikuluan arautzen den unitateko prezioko segidako traktudun hornidura kontratuari.
Andaluziako Juntako Kontu Hartzailetza Nagusiak Batzordeari galdetu zion, besteak beste, ea SPKLTBren 34. xedapen gehigarria esparru akordioei aplikatu behar zaien, edo horietatik eratorritako kontratuei soilik. Eratorritako kontratuak izapidetzea derrigorrezkoa ez den kasuetan xedapen hori zein kasutan aplikatu behar den ere galdetu zion.
Batzordeak hau erantzun zuen: (...)
«3.– Hirugarren galderan esaten da ea SPKLTBren 34. xedapen gehigarria esparru akordioei aplikatu behar zaien edo horietan oinarritutako kontratuei soilik.
SPKLTBren 34. xedapen gehigarriak honako hau esaten du:
Administrazio Publikoek eta sektore publikoko beste erakunde batzuek izapidetzen dituzten aurrekontu mugatuko hornidura eta zerbitzu kontratuetan, enpresariak askotariko ondasunak eman behar dituenean edo zerbitzua behin eta berriz eman behar duenean, unitateko prezioa kobratuta, eta kontratua egiteko unean haren xede diren entrega edo prestazioen kopuru zehatza adierazi ez bada, horiek Administrazioaren beharren araberakoak direlako, gehieneko aurrekontu bat onetsi beharko da.
Kontratuak indarrean dirauen bitartean benetako beharrak hasiera batean aurreikusitakoak baino handiagoak balira, dagokion aldaketa izapidetu beharko da. Horretarako, lizitazioa arautzen duten agirietan aurreikusi beharko da egoera hori dela eta kontratua aldatzeko aukera, lege honen 106. artikuluan aurreikusitako baldintzetan. Aipatutako aldaketa hasieran onartutako gehieneko aurrekontua agortu baino lehen izapidetu beharko da, eta behar besteko kreditua gorde beharko da behar berrien gehieneko zenbatekoa estaltzeko».
Xedapen hori birgaitzeari eta hiri berroneratzeari eta berrikuntzari buruzko ekainaren 26ko 8/2013 Legearen azken xedapenetako hamahirugarrenak txertatu zuen, honako hau dio haren hitzaurreak:
«Azken xedapenetako hamahirugarrenaren bitartez, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina aldatzen da (azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori), eta hogeita hamalaugarren xedapen gehigarria eransten zaio; xedapen horren arabera, unitateko prezioko zerbitzuak eta ondasunak hurrenez hurren emanez gauzatzen diren kontratuetan, kontratua esleitzeko lizitazio xede izan zen gehieneko aurrekontua gainditzen duten Administrazioaren eskariak kontratu horren lizitazioa arautzen duen dokumentazioan aurreikusitako aldaketatzat hartuko dira».
SPKLTBren hogeita hamalaugarren xedapen gehigarri horrek zehatz islatzen du lehenago aipatu den hornidura kontratuaren eta esparru akordioaren arteko konexio falta, Administrazio Publikoen kontratazioa arrazionalizatzeko sistema gisa; izan ere, ezaugarri horiek dituen hornidura kontratu bat eta «kontratua esleitzeko lizitazio xede izan zen gehieneko aurrekontua» baino ez ditu aipatzen, esparru akordioei erreferentziarik egin gabe.
Hori dela eta, garbi dago xedapen hori ez zaiela esparru akordioei aplikatu behar, baizik eta hornidura kontratuei, batez ere, kontuan hartzen bada horixe bera mantentzen dela Sektore Publikoko Kontratuen Legearen aurreproiektuaren zirriborroan, eta hornidura kontratuei buruzko arauetan esparru akordioei buruzko erreferentzia desagertzen dela.
Ildo horretan, Kontratu Baliabideen Administrazio Auzitegi Zentralak, 2014ko otsailaren 5eko 88/2014 ebazpenean (1026/2013, 1028/2013 eta 1038/2013 errekurtsoak), honako hau esan zuen:
«Helegile guztien alegatu honek erreferentzia egiten dio Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bateginaren 34. xedapen gehigarriari; haren ustez, prozedura honi xedapen hori aplikatu behar zaio, hura argitaratu eta hurrengo egunean jarri baitzen indarrean (ekainaren 26ko 8/2013 legea, birgaitzeari eta hiri berroneratze eta berrikuntzari buruzkoa). Arau horren denboraren araberako aplikagarritasuna gorabehera, berriz ere aipatu beharra dago aurreko oinarri juridiko batzuetan ere esan dena. Aurkaratzen diren pleguek eta hautaketa prozedura irekiaren bitartez gauzatzen direnek esparru akordio bati egiten diote erreferentzia, eta ez hornidura kontratu bati.
Esparru akordioa kontratazio publikoaren arrazionalizazio teknikoko sistema gisa definitzen da, eta ez hornidura kontratu gisa; ondorioz, ezin zaio aipatutako xedapen gehigarria aplikatu, horrek hornidura eta kontratu zerbitzuei baino ez baitie egiten erreferentzia».
Erreferentziazko kontratuaren xedea unitateko prezioaren araberako hornidura da, ondorioz, SPKLTBren 9.3 artikuluko a) ataleko legezko agindua zehaztasunez betetze aldera, enpresari bakar batekin egiten diren esparru akordioak arautzen dituen III. liburuko II. tituluko II. kapituluan aurreikusitako arauen arabera egin zen horren esleipena. Hori dela eta, zalantza handirik gabe adieraz daiteke unitateko prezioko segidako traktudun hornidura, hornidura kontratu modalitate gisa konfiguratuta gelditzen dela, eta SPKLTBk ezarritako ezaugarri espezifiko bat aurkezten duela; izan ere, kontratu horren esleipena enpresari bakar batekin egiten diren esparru akordioetarako aurreikusitako arauekin bat egin da, besteak beste kontratuaren gehieneko balio zenbatetsia ezartzeko arauak (hemendik aurrera GBZ).
Horri dagokionez, adierazpen doktrinal ugari saiatu dira argitzen ea esparru akordioen GBZ eratorritako kontratuen muga kuantitatiboa den. Hala, aho batez ondorioztatu da esparru akordioetan ez dela agertu behar kontratuaren edo kontratuen aurrekontua, eta hori zentzuzkoa da; izan ere, ez dago esparru akordio batetik ondorioztatzen diren kontratuentzako edo kontratatzen diren zenbatekoentzako mugarik (balio zenbatetsia ez da muga). Lehenik eta behin, aipatu beharra dago 2012ko azaroaren 20ko 17/2012 txostena, Estatuko Kontrataziorako Batzorde Aholkuemailearena, non ondorioztatzen baita esparru akordioaren GBZ ez dela gainditu ezin daitekeen sabai juridiko eta ekonomikoa.
«Ondorioz, bere funtzioa balio zenbatetsiarena, alegia aurrekontuaren funtzioaren bestelakoa da. Kontzeptu horrek tradizioa du kontratazio publikoari buruzko Espainiako zuzenbidean; hain zuzen ere, erreferentzia egiten dio kontratuaren arabera kontratazio organoak konprometitu dezakeen gehieneko mugari. [...] Horren xedea da kontratuan hasiera batean aurreikusitako gehieneko gastuaren zenbatekoa zehaztea eta behar besteko zenbatekoan eskuragarri egon behar duen kreditu egokiarekin estaltzen dela egiaztatzea. Horren ondorioz, zuzenean nahiz zeharka gastua dakarten kontratu edo negozio guztietan finkatu behar da aurrekontua, baina ez baldintza hori betetzen ez dutenetan, eta hori da esparru akordioen kasua. Esparru akordioak ez du muga kuantitatiborik gastuari dagokionez; izan ere, betebehar ekonomikorik ez dakarrenez, ez du aurrekonturik. Hala ere, espedientean zenbatespenak ager daitezke, beharrizan publiko batzuk estaltzeko esparru akordio bat justifikatze aldera, eta baliteke akordioa araudi harmonizatupeko kontratuen erregimenera ekartzea».
Ildo beretik, Balearretako Kontrataziorako Batzorde Aholkuemaileak, 9/2013 txostenean, argi eta garbi adierazten du honako hau: «Esparru akordioaren balio zenbatetsia ez da muga kuantitatiboa akordio horretatik eratorritako kontratuetarako; ondorioz, baliteke eratorritako kontratuek, osotara, esparru akordioan adierazitako balio zenbatetsia gainditzea.»
Interpretazio horri berari erantzuten dio duela gutxi Madrilgo Erkidegoko Kontu Hartzailetza Nagusiaren esparru akordioei buruzko txostenak, 2017ko martxoaren 13an argitaratu zenak. Txosten horretan, Estatuko Administrazio Kontrataziorako Batzorde Aholkuemailearen azaroaren 20ko 17/2012 txostenean adierazitako iritzia jasotzen zen; besteak beste, hau esaten zen:
«Esparru akordioetan, balio zenbatetsia adieraziko da. Balio zenbatetsia komunitate kontzeptu bat da, eta, besteak beste, araudi harmonizatuaren mendeko kontratuak (SARA kontratuak izenekoak) zehazten ditu. SPKLTBren 88.8 artikuluaren arabera, ‘Esparru akordioetarako eta eskuratzeko sistema dinamikoetarako, horiek iraun bitartean aurreikusitako kontratu guztien gehieneko balio zenbatetsia hartuko da kontuan, balio erantsiaren gaineko zerga sartu gabe’. Hori dela eta, esparru akordioaren balio zenbatetsia esparru akordioaren kontratazio espedientearen prestaketa eta esleitze faseetan aritzen da, komunitate publizitatearen atalaseari dagokionean eta, bere kasuan, baliabideen erregimenerako».
Bestalde, indarreko kontratuak dituzten prestazioetan, esleitutako zenbatekoa 878.630 euroan gainditzen duten gastuak azaleratu dira».
Alegazioak.
Adierazitako gehiegizko fakturazioari dagokionez, esparru akordioak direnez, azaldutakotzat jo dadila aurreko puntuan eginiko alegazioa («fakturatutako zenbatekoak urteko gehiengo aurrekontua gainditzen du»), zeinak indargabetu egiten duen oharra, are gehiago aintzat hartzen badugu UPV/EHUk gastuaren dezentralizazioarekin lotuta duen berezitasuna.
Uda Ikastaroak Fundazioak 366.948 euroren ondasun eta zerbitzuak kontratatu ditu publikotasun eta lehia printzipioak gorde gabe.
Alegazioak.
2015ean, UPV/EHUk erabaki zuen aldatzea Fundazioaren Zuzendaritzaren antolakuntza; kargu akademikoak sortzeaz gainera (zuzendaria, zuzendariordea, idazkaria), administrari orokor bat kontratatu zen. Azken figura hori ez zen existitzen, eta aurreko mugek ez zioten aukerarik eman Fundazioari urratsak egiteko kudeaketaren hainbat alorretan.
Zuzendaritza talde berria lanean hasi zenean, neurriak hartu ziren Fundazioaren kudeaketa eguneratzeko.
Honako neurri hauek, besteak beste:
● 2016an, ez zegoen publizitate tresnarik (hala nola kontratugilearen profila). Urte horretan, web orria eta kontratugilearen profila sortu ziren.
● 2016ko martxoan, kontrataziorako barne jarraibideak onartu ziren, eta jarraibide horiek egokitu egin dira 9/2017 Lege berrira, lege horren bosgarren xedapen iragankorrak ezarritakoaren arabera.
● Bidaia Agentzia:
– Aspalditik ari zen lanean bidaia agentzia batekin eta ez zen denborarik izan 2016ko ediziorako lehiaketa prestatzeko, urtebete lehenago hasi baitzen haren antolakuntza. Fundazioak edizioka lan egiten du, eta haren lana ekainetik irailera bitarteko epean kontzentratzen da.
– 2017ko ediziorako atera zen lehiaketara, publizitate eta konkurrentzia baldintzak betez.
● Catering:
– Bidaia agentziaren kasuan bezala, aspalditik ari zen lanean enpresa batekin eta ez zen denborarik izan 2016ko ediziorako lehiaketa prestatzeko. Fundazioak edizioka lan egiten du eta haren lana ekainetik irailera bitarteko epean kontzentratzen da.
– Miramar Jauregiaren egoera ezegonkorra zen -Udako Ikastaroen egoitza-; berritze/bideragarritasun proiektu batean sartuta zegoen, eta horrek zalantzak sortzen zituen eskaini beharreko zerbitzuei buruz. Bazirudien jauregiak lehiaketara atera behar zuela bere catering zerbitzua, eta ondorioz erabaki zen 3 gonbidatzea edizio bakoitzerako, 2017tik hasita, ez zuelako denborarik eman 2016rako egiteko. Une honetan, luzatzen ari denez jauregiaren etorkizunari buruzko erabakia, erabaki da 5 urterako ateratzea lehiaketara, baldintza hori aintzat hartuko duen klausula batekin.
– 2017 eta 2018ko bolumena 2016koa baino txikiago izan da, zuzenean fakturatu zaizkielako babesleei kongresuen catering-ak. (2017: 42.037,81 / 2018: 67.076,31).
– Une honetan, luzatzen ari denez jauregiaren etorkizunari buruzko erabakia, erabaki da 5 urterako ateratzea lehiaketara, klausula batekin, Miramar Jauregiak edo beste egoitzek catering zerbitzurik izanez gero.
● Kudeaketa plataformaren garapena.
– 2015ean, 5 eskaintza eskatu ziren. Konkurrentzia egon zen; ez zen egon publizitaterik, besterik gabe.
– Ez zen ezagutzen plataformaren garapenaren egiazko irismena, ezta erabil genezakeen aurrekontua ere. Proiektua planteatu zitzaien 5 enpresari, eta soilik batek egin zuen eskaintza (onartu egin zen). Hortik aurrera, ad hoc garapen bat izanik, aurrekontu erabilgarriaren arabera garatuz joan da, eta orain asistentzia teknikoarekin gaude.
● Irudi korporatiboa eta 2016ko kanpaina.
– Zerbitzu batzuk kontratatu ziren irudi korporatiboa eta 2016ko kanpaina garatzeko, beharren arabera; kontzeptu eta zenbateko desberdinak.
– Erabilgarri zegoen aurrekontuaren eta beharren arabera egin zen.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– EHUk Berariazko Geldikinaren atala osatzen duten aurrekontuko aplikazio ugarien eta ikerkuntza kontratuen amaieraren gaineko kontrol ezaren ondorioz (ikus III.1), ezin ondoriorik atera dezakegu horren zuzentasunaz 2016ko abenduaren 31n. Nolanahi dela ere, hori osatzen duten kontu-sail eta programen lagin bat aztertzetik ondorioztatu dugu horietako zenbaiti Gastu Orokorretarako Geldikin izaera eman behar litzaiekeela. Ondare-kontabilitateko terminoetan, horrek esan nahi du «Dirulaguntza bihur daitezkeen epe laburreko zorrak» balantzeko kontu-sailaren saldo zati batek. zenbatetsi ezin denak, ondare garbiaren atal behar lukeela izan.
Alegazioak.
Unibertsitateak baditu berariazko geldikinaren atala osatzen duten aurrekontu aplikazio guztiak kontrolatzeko eta bakoitzaren xehetasunak adierazteko sistemak. Nolanahi ere, kontu sail horietako batzuk hurrengo ekitaldian sartu ala ez balioesterakoan egon daitezke irizpide desberdinak.
2.– Ibilgetu materialak bibliografia funtsei dagokien idazpuru bat barne hartzen du, ekitaldi itxieran 22,3 milioi euroren kontularitzako balio garbia zuena erregistraturik. EHUk ez du funts horien gaineko inbentario banakatu eta balioztatua, 2012tik 2016ra bitarteko ekitaldietan egindako erosketetarako izan ezik, eta honenbestez, ez dezakegu kopuru horren zuzentasunari buruzko ondoriorik atera.
Alegazioak.
Unibertsitateak hasiera-hasieratik ditu bertako ondare bibliografikoa osatzen duten liburu guztien fitxak. Finantza kontabilitatea ezarri zenetik, beharrezkoa da unibertsitatearen funts bibliografikoak balioestea, eta ordutik ondare bibliografikoaren erregistroaren osagarri den kontabilitateko prozesu arrunt gisa egiten da. Lehen, balioespen hori ez zen beharrezkoa aurrekontuaren kontabilitatean.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
III.1.– Aurrekontua eta kontabilitatea.
Aurrekontuko aldaketak.
Aurrekontuko aldaketen erregimena baliatuta 2016ko aurrekontuan 12,6 milioi euroren kredituak zuzkitu ziren eta ekitaldi itxieran kopuru hori kapituluan jasoa gordetzen zen aurrekontuko kontu-sail jakinei esleitu gabe. Hona hemen xehapena:
Aldaketa horiek berariazkotasun printzipioa urratzen dute, zeinaren arabera haien eraginpeko aurrekontuko kontzeptuak zeintzuk diren berariaz adierazi behar duten.
Alegazioak.
Ikerketa proiektuetako funtsak esleitzean, ez dakigu zer partida zehatz erabiliko den gastua ordaintzeko, kapitulua zehaztuta egon arren, eta horixe da hain zuzen horrela jardutearen arrazoia.
Gastua kontabilizatzen denean, dagokion aurrekontu kontzeptua erabiltzen da; ondorioz, gastua dagokion kontzeptuan jasota geratzen da.
Aurrekontua eta Ekonomia Txostena onestean atzerapena.
Gobernu Kontseiluak 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Proiektua 2016ko otsailaren 4an onartu zuen eta Kontseilu Sozialak aurrekontua urte horretako martxoaren 17an onartu zuen; ordea, ekitaldia hasi aurretik onartu behar zatekeen. Ekonomia txostenari dagokionez, Kontseilu Sozialak 2017ko urriaren 25ean onetsi zuen, EUSLren 106.2 artikuluan aurreikusitako epea gaindituta, urte bakoitzaren lehenengo seihilekoan egitea aurreikusten baitu.
Alegazioak.
EAEko aurrekontuen onespena atzeratzearen ondorioz, ez genituen garaiz eskuratu EHUko aurrekontu araudiak ezarritako epean prest izateko behar genituen datu guztiak.
Langileria.
2016ko azaroaren 3an EHUren Gobernu Kontseiluak Irakasle eta Ikertzaile lan kontratupeko eta funtzionarioen LZ gaurkotzea onartu zuen, EHAAn argitaratu ez dena. Irakasle eta Ikertzaileen LZren azken argitalpena 2015eko uztailaren 23koa da.
Alegazioak.
2017ko abenduaren 14an UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak irakasle-ikertzaile lan kontratudunen eta funtzionarioen lanpostuen zerrenda eguneratua onartu zuen, baina ez da argitaratu EHAAn.
III.2.– Administrazioko kontratazioa.
Aztertutako kontratuetako akatsak.
2016an aldizkako argitalpen elektronikoetara harpidetzeko hiru kontratu esleitu zaizkie (6, 7 eta 8 espedienteak) esklusibitateagatik publikotasunik gabeko prozedura negoziatua baliatuta argitalpen horien banaketa-eskubideak zituzten argitaletxeei, guztira 2,6 milioi euroren zenbatekoan. Gomendagarria litzateke espedientean argitalpen elektroniko horiekiko interesa dokumentatzea, merkatuan izan daitezkeen beste batzuen aldean.
Alegazioak.
Espedienteak: 6, 7 eta 8.
Esan beharra dago argitalpen horiek erosi direla, eta ez beste batzuk, UPV/EHUren berezitasuna dela eta; izan ere, goi mailako hezkuntzaren eta ikerketaren arloko erakundea da eta horien beharra du bere jarduerak gauzatu ahal izateko, gainera, haien kontratazioa irakasle-ikertzaileen eskaerak jasotzen dituen Ikerketaren Arloko Errektoreordetzaren mende dagoen Unibertsitateko Liburutegiak agintzen du.
Guztira 1,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutako hiru espedientek (2, 13 eta 15 zenbakia espedienteak) ez dute betetzen aurreikusitako aldaketetarako bereizten diren mugak eta/edo baldintzak modu argi eta zehatzean zehazteko eskakizuna. (SPKLTBren 106. artikulua).
Alegazioak.
Aldez aurretik adierazi beharra dago SPKLTBk egiten duen 106. artikuluaren aipamenak lizitazioa arautzen duten dokumentuetan aurreikusitako aldaketei egiten diela erreferentzia:
«Aukera izango da sektore publikoko kontratuak aldatzeko, betiere pleguetan edo lizitazio iragarkian aukera horren berri berariaz eman bada, eta alderdi hauek modu argi, zehatz eta ezin nahasizkoan zehaztu badira: kontratua zein baldintza betez aldatu ahal izango den, aldaketek zer helmen eta muga izango dituzten, kontratu prezioaren zer ehunekori eragin ahal dioten gehienez, eta zein prozedurari jarraitu behar zaion.
Ondorio horietarako, kontratua alda daitekeen kasuak zehatz-mehatz definitu beharko dira, erreferentzia eginez objektiboki egiazta daitezkeen egoerei, eta balizko aldaketaren baldintzak ere behar adinako zehaztasunez adierazi beharko dira, lizitatzaileek balioetsi ahal izan ditzaten beren eskaintza egite aldera, eta aintzat hartu ahal izan daitezen, lizitatzaileen gaitasun baldintzak eskatzeari eta eskaintzak balioesteari dagokionez».
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 2.
2012ko ekainean lizitaturiko Esparru Akordioaren luzapen bat da, beraz, ez dagokio espedientearen hasierako konfigurazioaren balioespenak egitea.
2016ko ekitaldian orduko Esparru Akordioan oinarrituriko kontratuen berritzearen eta adjudikazioaren izapidetzea fiskalizatu beharko litzateke.
Nolanahi ere, adierazi beharra dago lizitazioa zuzentzen duten dokumentuetan ez dagoela kontratua modu konbentzionalean aldatzeko inolako aurreikuspenik, SPKLTBren 106. artikuluan ezarritako baldintzetan, ez espediente horren Administrazio Baldintza Partikularren Pleguan, ez lizitazio iragarkian; hori dela eta, erabaki zen legez onartutako gaitasun hori ez erabiltzea, beste edozein aukera bezala, askatasuna baitago erabiltzeko zein ez erabiltzeko.
Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatularen 3. puntuan bakarrik aipatzen da honako hau:
«Esparru akordioa izanik, ez da ezarri lizitazio aurrekonturik. Honako datu hauek eskaintzen dira, informazio gisa: urteko gastu orientagarria 165.289,26 euro + 34.710,74 euro BEZ dira, guztira 200.000 euro obretarako, eta mantentze lanak izandako matxuren araberakoak izango dira. Aurreko esparru akordioaren iraunaldian ez da konponketarik egin behar izan.
Adierazitako aurrekontua orientagarria da eta ez dakar berekin urteko gastuarekin loturiko konpromisorik, aldi bakoitzean suertatzen diren premien mende egongo baita.
Prezioa zerbitzuaren betetze unitateen arabera ezartzen denez, gastu efektiboaren zenbateko osoa Administrazioaren egiazko beharrek baldintzatzen dute, eta ondorioz, ez dago behartuta ez unitate kopuru jakin bat eskatzera ez aurrekontu osoa gastatzera».
Alegazio gisa har bedi 21. eta 24. espedienteetarako eginikoa.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 13.
Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatulako 18.1 puntuan aurreikusitakoaren arabera kontratistaren betebeharra izango da kontrataturiko mantentze lanei eragiten dien legezko edo arauzko edozer aldaketa berehala jakinaraztea.
18.2 puntuak honako hau dio: «UPV/EHUk beretzat gordetzen du argibide teknikoak eskatzeko eskubidea, ikastegietarako bisita gehiago eskatzekoa, baita enpresa kontratistak bidalitako dokumentuak berrikusi ostean aldaketak eskatzekoa ere».
18.4 puntuan honako hau: «Kontatuaren indarraldian edo haren luzapenetan zehar Gipuzkoako campuseko egungo instalazioei edo etorkizunean izan ditzakeen instalazio berriei eragiten dieten aldaketek kontratua aldatzea eragin ahalko dute. Mantentzean bildutakoak baino ekipamendu gehiago eskuratuko balira, eskuratu diren horiei dagozkien kostuak adjudikazioan jasotako prezioei lotuta egongo dira».
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 15.
Ez adierazitako espedientearen Administrazio Baldintza Partikularren Plegu direlakoetan ez lizitazio iragarkian ez dago kontratua modu konbentzionalean aldatzeko inolako aurreikuspenik, erabaki baitzen legez onartutako gaitasun hori ez erabiltzea, beste edozein aukera bezala, askatasuna baitago erabiltzeko zein ez erabiltzeko.
2 milioi euroan esleitutako lau espedientetan (2, 10, 13 eta 15 zenbakia espedienteak) balio zenbatetsiaren kalkulua okerra da (SPKLTBren 88. artikulua), ez baitira balizko espediente-aldaketak barne hartzen eta horietako batean ezta mantentze-lanaren balorazioa ere.
Alegazioak.
Lehenik eta behin «balio zenbatetsi» kontzeptua erreferentzia gisa erabiltzen da kontratazio prozeduraren erregimen juridikoaren zenbait alderdi mugatzeko, zehazkiago:
– Erregulazio harmonizatuaren mende dauden kontratuak zehazteko.
– Lizitazioen publizitate erregimena.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 2.
2012ko ekainean lizitaturiko Esparru Akordioaren luzapen bat da, beraz, ez dagokio espedientearen hasierako konfigurazioaren balioespenak egitea.
2016ko ekitaldian orduko Esparru Akordioan oinarrituriko kontratuen berritzearen eta adjudikazioaren izapidetzea fiskalizatu beharko litzateke.
Nolanahi ere, zegokiona baino balio zenbatetsi handiagoa zuela azpimarratu nahi dugu, kontratuaren xedearen eta akordioaren 3 urteko iraupenaren gehi urtebeteko aurreikusitako luzapenaren arabera eginiko urteko gastuaren zenbatespenari jarraikiz.
Balizko aldaketarik jaso ez dela dioen puntuari dagokionez, berriz ere diogu Balearretako Kontrataziorako Batzorde Aholkuemaileak, 9/2013 txostenean, argi eta garbi adierazten duela honako hau: «Esparru akordioaren balio zenbatetsia ez da muga kuantitatiboa akordio horretatik eratorritako kontratuetarako; ondorioz, baliteke eratorritako kontratuek, osotara, esparru akordioan adierazitako balio zenbatetsia gainditzea.» eta ius variandiari buruz eginiko alegazioa.
Dagokigun kasuan, lizitazioaren esleipen prozeduraren eta publizitatearen ondorioetarako, ez da arau hausterik egon, bai prozedura, bai publizitatea, SPKLTBren 142. artikuluan aurreikusitakoari egokitu baitzitzaizkion.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 10.
Kasu honetan, Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatulako 18. puntuan aurreikusitako aldaketa honako baldintza hauetan ezartzen da:
18.1.– Kontratuaren aldaketak:
«Kontratuaren indarraldian zehar erabiltzaile kopurua handitu edo txikitu egiten bada, prezio gisa hartuko dira aintzat enpresa adjudikaziodunak eskainitakoak, betiere SPKLTBn ezarritakoaren % 10aren gehieneko mugarekin».
Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatulako 21. puntuaren balio zenbatetsia kontratuaren hasierako 24 hilabeteko iraupenari eta 12 hilabete gehiagoko luzapenari dagozkio. Ez da % 10a sartu, baina lizitazioaren esleipen prozeduraren eta publizitatearen ondorioetarako, ez da arau hausterik egon, bai prozedura, bai publizitatea, SPKLTBren 142. artikuluan aurreikusitakoari egokitu baitzitzaizkion.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 13.
Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatulako 21. puntuaren balio zenbatetsia zuzena da, kontratuaren hasierako 12 hilabeteko iraupenari eta 12 hilabete gehiagoko luzapenari dagozkio. Ez da kontratuaren balizko aldaketarik aurreikusten. Lizitazioaren esleipen prozeduraren eta publizitatearen ondorioetarako, ez da arau hausterik egon, bai prozedura, bai publizitatea, SPKLTBren 142. artikuluan aurreikusitakoari egokitu baitzitzaizkion.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 15.
Administrazio Baldintza Partikularren Pleguaren karatulako 21. puntuaren balio zenbatetsia kontratuaren hasierako 3 hilabeteko iraupenari eta 3 hilabete gehiagoko luzapenari dagozkio. Ez da kontratuaren balizko aldaketarik aurreikusten. Lizitazioaren esleipen prozeduraren eta publizitatearen ondorioetarako, ez da arau hausterik egon, bai prozedura, bai publizitatea, SPKLTBren 142. artikuluan aurreikusitakoari egokitu baitzitzaizkion.
Guztira 2,1 milioi euroan esleitutako hiru espedientetan (2, 4 eta 5 espedienteak) «hobekuntzak» esleipen irizpideen garapena ez da behar hainbatekoa ez karatulan, ez pleguetan ere (SPKLTBren 150. artikulua).
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 2.
2012ko ekainean lizitaturiko Esparru Akordioaren luzapen bat da, beraz, ez dagokio espedientearen hasierako konfigurazioaren balioespenak egitea. 2016ko ekitaldian orduko Esparru Akordioan oinarrituriko kontratuen berritzearen eta adjudikazioaren izapidetzea fiskalizatu beharko litzateke. (Ikus HKEEren dokumentuaren bukaeran).
Springer argitaletxearen aldizkako argitalpen elektronikoetara harpidetzeko espedientean, 699.562 euroren zenbatekoan esleitutakoan (7. espedientea), pleguetan aurreikusitako prezioen berrikusketa ez zaio EAOLen 88. xedapen gehigarriari egokitzen, ez baita kostuetara lotzen.
Alegazioak.
SPKLTBren 20. artikuluan aurreikusitakoen arteko kontratu pribatuetako bat da. Artikulu horren arabera «kontratu pribatutzat joko dira Administrazio Publiko batek egiten dituenak eta xedetzat dutenak aldizkari, aldizkako argitalpen eta datu baseetarako harpidetzak». Eta eransten du, prestakuntzari eta esleipenari dagokienez, eta arau espezifikorik ezean, adierazitako legean eta hura garatzen duten xedapenetan ezarritakoaren arabera arautuko direla, eta osagarri gisa, zuzenbide administratiboko gainerako arauetan edo, hala badagokio, zuzenbide pribatuko arauetan ezarritakoa aplikatuko zaiela, subjektu edo erakunde kontratugilearen arabera. Haien eraginei eta iraungitzeari dagokionez, kontratu horiek zuzenbide pribatuari jarraituko diote.
Ez dezagun ahaztu SPKLTBko bederatzigarren xedapen gehigarria, prestakuntzari eta esleipenari dagokionez:
«Datu-baseetarako sarbidea kontratatzeko eta argitalpenen harpidetza egiteko arau bereziak.
1.– Aldizkarien eta beste argitalpen batzuen harpidetza –euskarria dena delakoa izanik ere– eta datu-base berezituetan jasotako informazioan sartu ahal izatea kontratatzea –zenbatekoa edozein delarik ere– erregulazio harmonizatuko kontratuen multzokoa ez denean, lege honetan kontratu txikietarako zehaztutako baldintzen arabera egiteko modua egongo da, betiere hornitzaileen baldintza orokorrak beteta, ordaintzeko modua ere horien artean dela. Kasuotan, zenbatekoa kontratuaren baldintzetan esandako moduan ordainduko da, eta posible izango da entrega egin edo prestazioa gauzatu aurretik ordaintzea, hori baldin bada merkatuko ohitura.
2.– Aurreko paragrafoan aipatzen diren kontratuak bide elektronikoak, informatikoak edo telematikoak erabiliz egiten direnean, kontratua egingo duten sektore publikoko ente, organismo eta erakundeak kontsumitzailetzat joko dira, informazioaren gizarteko zerbitzuei eta merkataritza elektronikoaren arloko zerbitzuei buruzko legerian aurreikusitako ondorioetarako».
Hortaz, aintzat hartu behar dira berezitasun horiek eta espedientearen karatulan aurreikusitakoa, zeinetan honako hau adierazten den esanbidez: «Horrekin lotuta, aintzat hartu behar da kontratuaren izaera pribatua, baita ohiko merkatuko erabilerak halako produktuak kontratatzerakoan, eta hurrengo urteko luzapena egingo den baldintzei dagokienez, UPV/EHUren eta kontratistaren artean adostuko dira, urteko lehenengo hiruhilekoan, baina, adosten ez diren bitartean, kontratazio honetatik eratorritako itunei eutsiko zaie.
Horretaz gain, adierazi beharra dago haren luzapenak berekin ekarriko lukeela kontratuaren xede diren edukiak eguneratzea, eta horrek honako hau ekarriko lukeela berekin:
– SPKLTBk ezarritako mugen barruan zehaztu beharreko prezioaren gorakada bat, 2016. urteko oinarri zenbatekoaren % 10era arte.
– Argitaletxeak erabilera lizentzia berriak igortzea.
Aurrekoa gorabehera, jasota geratzen da kontratuaren luzapenak ez diela, inola ere, haren oinarrizko elementu edo ezaugarriei eragingo, eta beraz aldaezin eutsiko zaiela haiei, SPKLTBren 23. artikuluan aurreikusitakoarekin bat».
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak erreferentzia egiten dion 2014ko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legaren 88. xedapen gehigarriak dioenez, berrikuspena egitea badagokio, kostuen bilakaera islatu beharko du, baina jarraitzen du esanez berrikuspen hori zerbitzu publikoen kudeaketari aplikagarri zaizkion tarifa edo moneta balioak berrikusteko sistemen onarpenari izango zaiola aplikagarria, edozein dela ere hautatutako prestazio modalitatea, zuzenekoa ala zeharkakoa; eta dagokigun kontratua ez da zerbitzu publikoak kudeatzekoa.
Guztira 14,6 milioi euroan esleitu eta 2016an 8,2 milioi euroan egikaritutako sei espedientetan (2, 20, 21, 24, 26 eta 29 zk. espedienteak) ez dago jasoa esparru-akordioaren arabera egindako esleipenen harrera-akta (SPKLTBren 222.2 artikulua).
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 2.
2012ko ekainean lizitaturiko Esparru Akordioaren luzapen bat da, beraz, ez dagokio espedientearen hasierako konfigurazioaren balioespenak egitea.
2016ko ekitaldian orduko Esparru Akordioan oinarrituriko kontratuen berritzearen eta adjudikazioaren izapidetzea fiskalizatu beharko litzateke.
Nolanahi ere, Aragoiko Autonomia Erkidegoko kontratazio Administratiboetako Aholkularitza Batzordearen irailaren 25eko 19/2013 txostenaren arabera, zeinetan SPKLTBren kontratuak jaso eta likidatzeari buruzko 222.2 eta 222.4 artikuluetan xedatutakoa kontratu txikiei aplikagarri zaien zalantza aztertzen den.
Kontratu txikien izaera dela eta, Batzorde Aholkuemaile honek aukera izan zuen gai hori aztertzeko irailaren 19ko 16/2012 txostenean. Bertan, hau esaten zen:
«Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Zioen Azalpenean bertan prozedura sinplifikatu Gisa ageri da kontratu txikia, eta honela definitzen da: 50.000 eurotik beherako kontratua, obra kontratuen kasuan, edo 18.000 eurotik beherako kontratua, gainerako kontratuen kasuan (betiere BEZik gabe). Kontratu txiki horren prezioa ezin da berrikusi, eta kontratuak ezin du urtebete baino gehiagoko iraupen luzaezina izan; kontratuaren espedientea egiteko eta formalizatzeko, nahikoa izango da gastua onestea eta horri dagokion faktura eranstea, bai eta, obren kasuan, aurrekontua eranstea ere.
Beraz, kontratu txikiaren xedea da administrazio publikoei aukera ematea euren beharrizanei erantzuteko, beharrizan horien zenbatekoa eta iraupena txikia denean. Hala, kontratu txikien bitartez, esleipena jarduteko gaitasuna eta beharrezko prestakuntza profesionala duen edozein enpresariri zuzenean egin ahalko zaio, prozedura sinple eta bizkor baten bitartez, zerbitzu hori eman dezan. Kasu horietan, kontratua publizitate eta konkurrentzia printzipioetatik salbuetsita egongo da».
Kontratu txikiek bete beharreko arauak APKLANen 72. artikuluan zehazten dira. Hau esaten da bertan: «1. Kontratu txikietan, dagokion faktura kontratu agiri gisa hartu ahal izango da; fakturak abenduaren 18ko 2402/1985 Errege Dekretuak, Arauaren salbuespenak enpresariek eta profesionalek ordainagiria egin eta emateko duten obligazioa arautzen duenak, ezartzen dituen datuak eta ezaugarriak izan beharko ditu (gaur egun, dekretu hori azaroaren 30eko 1619/2012 Errege Dekretuak, fakturazio betebeharrak arautzeko erregelamendua onartzen duenak, indargabetu du).
Edozein kasutan, fakturan honako hauek agertu beharko dira: a) Zenbakia eta, hala badagokio, seriea. Fakturen zenbakiak elkarren hurrenekoak izango dira. b) Faktura igortzen duenaren izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea. c) Kontratua egiten duen organoa, haren helbidea eta identifikazio fiskaleko zenbakia. d) Kontratuaren xedearen deskribapena; zer zerbitzutara bideratuko den adierazi beharko da. e) Kontratuaren prezioa. f) Faktura egin den lekua eta eguna. g) Jaso izana ziurtatzen duen funtzionarioaren sinadura».
Hori dela eta, kontratu mota honetarako, prozedura sinplifikatu egin da; hala, espedientea honako hauek osatuko dute: organo eskudunak gastua onetsi izanaren ziurtagiriak eta dagokion fakturak. Ekintza horretan kontratuaren likidazioa ere sartuko da. Hori kontuan hartuta, ondoriozta daiteke, prozedura sinplifikatu eta bizkorra denez, SPKLTBren 222.2 artikuluak aurreikusten duen formalismoa zenbateko handiagoak dituzten eta ondorioz garrantzitsuagoak diren kontratuentzat dela; kontratu garrantzitsuago horien kasuan, beharrezkoa da jaso izana edo adostasuna adierazten duen ekintza formal bat gauzatzea, hala dagokionean esku hartzailetzaren ordezkariaren laguntzarekin. Kontratu txikien kasuan, ekintza formal horren ordez funtzionario baten sinadura beharko da, prestazioarekin adostasuna dagoela adierazteko.
Laburbilduz, ez da beharrezkoa eskaera bakoitza jaso izanaren akta egotea; izan ere, gorago transkribatu den txostenean adierazitakoarekin bat, ulertzen da bete dela prestazioa behar bezala eman dela ziurtatzeko betebeharra, faktura eta emate-agiria sinatu baitira (emate agiria ohiko agiria da merkataritza jardunean). Agiri horien bitartez, Administrazioak garbi erakusten du jaso duen edo eman zaion zerbitzua bat datorrela adostutakoarekin.
Akordioaren iraupenaren epea bukatzen denean, dagokion onespen akta sinatuko da, SPKLTBren 222.4 artikuluan aurreikusitako izapidea, hau da, kontratua likidatzea, betetze aldera.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 20.
Xedetzat segidako traktua unitateko prezioaren arabera hornitzea duen esparru akordio baten ondorena da, eta baldintza teknikoen agirian eta administrazio baldintza partikularren pleguetan ezarritako baldintzei jarraikiz, eratorritako kontratuen xedea akordioak irauten duen bitartean laborategien eta ikerketa departamentuen premien arabera eginiko hornidurak dira.
Azaldutakotzat ematen da hutsune horri berari buruzko 2 espedientearentzat eginiko alegazioa, eta Aragoiko Autonomia Erkidegoko kontratazio Administratiboetako Aholkularitza Batzordearen irailaren 25eko 19/2013 txostena.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 21.
Hasteko, SPKLTBren 9.3 artikuluaren arabera, hornidura kontratuak dira enpresaburua hainbat ondasun hurrenez hurren eta unitateko prezioka entregatzera behartzen duten kontratuak, ondasun kopuru osoa kontratua egiteko unean zehaztasunez mugatu gabe, ondasunak eskuratu behar dituenaren premien arabera egiteagatik entregak. Hala ere, kontratu horien esleipena enpresaburu bakarrarekin eginiko esparru akordioetarako III. liburuko II. tituluko II. kapituluan aurreikusitako arauen arabera egingo da.
Espedientearen izena «Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzako ikastegietarako laborategi eta instalazio altzarien hornidura» bada ere eta «esparru akordioa» terminoa agertzen ez bada ere, ez du baztertzen hala izatea, aipatutako artikuluak hala ezartzen duelako eta espedientearen konfigurazioak, karatulak nahiz PPTak (prezio unitarioak eta ezarritako eskaeren araubidea) horixe akreditatzen dutelako. Nahikoa da aipatzea aho batez onartzen den nomen iuris irrelebantzia printzipioa, «errealitatearen lehentasunaren» printzipioa ere deitua, honako hau esan nahi duena: «gauzak diren bezalakoak dira, eta ez aldeek direla dioten bezalakoak».
Ondorioz, harrera aktei buruzko azalpenari dagokionez, esparru akordioen kasuetarako berberak izango lirateke. Errepikatu egiten da gabezia honi berari buruz 20. espedientearentzat eginiko alegazioa, eta 19/2013 Txostena, irailaren 25ekoa, Aragoiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Kontratazioko Kontsulta Batzordearena.
Gainera, luzatu egiten da kontratistaren betebeharra, eskainitako bermearen epea amaitu arte (20 urte); beraz, 2034-08-13an amaitzen da.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 26.
Lote bakoitzeko enpresaburu bakar batekin esparru akordio itxi bat burutzea da, xedetzat duena segidako traktu hornidura bat prezio unitario bidez, kontuan izanik baldintza teknikoen orrian eta administrazio klausula partikularretan ezarritakoa. Eratorritako kontratuen helburua hornidura eskaerak dira, laborategien eta ikerketa sailen beharren araberakoak, kontratuaren exekuzio epean zehar eginikoak, 18.000,00 eurotik beherakoak (BEZ gabe) guztiak.
SPKLTBren 222. artikuluak, kontratuak betetzeari eta prestazioa jasotzeari buruzkoak, jasotze edo adostasun egintza formal eta positibo bat egin beharra aipatzen du. Arau hori bateratu egin behar da kontratu txikien arintasun eta malgutasunarekin, halako moldez, non ez den trabarik izango tramitaziorako (kontratu horien munta txikiak determinatzen duena).
Beraz, errepikatu egiten da gabezia honi berari buruz 20. espedientearentzat eginiko alegazioa, eta 19/2013 Txostena, irailaren 25ekoa, Aragoiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Kontratazioko Kontsulta Batzordearena.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 29.
Azaldutakotzat ematen da aurreko alegazioa.
1,5 milioi euroan esleitutako zerbitzu-espediente batean (17. espedientea), zerbitzua eman aurreko fase batean lanaren plangintza eta antolamendua balioztatzen duen esleipen irizpideak aurreko esleipendunaren ezagutza balioztatzea eragin du, izan ere, gogoan hartu da kasu horretan ez dela beharrezkoa EHUko teknikarien esku-hartzea aldez aurreko fase horretan.
Alegazioak.
Espediente-zenbakia: 17.
Zerbitzua ematen duen enpresa izanik, beste abiapuntu batean dago, zerbitzua lehen aldiz eman behar duen enpresarena ez bezalakoa, desberdinak direlako zerbitzuaren baldintzak, hobeak ala txarragoak diren baloratzen hasi gabe.
Ebaluatu beharreko irizpideak alor subjektibokoak izanik, ezin daiteke esan zerbitzuak ematen zituen enpresak puntuazio gorena eman dion abantaila izan duenik, arlo bakoitzean aurkeztutako eskaintzaren ebaluazioak puntuazio hobea lortu duela baizik, honako hauek kontuan izanik:
● abiapuntu egoerara heltzea lortzeko behar den jakintza transferentziak unibertsitateari dakarkion kostua: orduetan eta giza baliabideetan.
● inguruaren ezagutza eta zerbitzua emateko erabili beharreko tresnak.
● eskainitako hobekuntzak inplementatzeko modua.
Beste batzuk.
2016ko ekitaldian zehar izaera bertsuko ondasun eta zerbitzu erosketak egin dira guztira 2,2 milioi euroren zenbatekoan; gure iritzira, EHUk aztertu egin behar lituzke horiek, berdindu daitezkeen hornigaiak eta aurreikusgarriak diren zerbitzuak bereiziz, kontratazioa prozedura bakar batean egiteko moduan.
Alegazioak.
Gastu unitate organikoen sakabanaketa bera da –HKEEk aipatutakoa– gainbegiratze eta agregazio egokia eragozten duena. Hala ere, dagozkion neurri zuzentzaileak hartzen ari dira.
A.14.2 ataleko 2. laukian jasotako gehiegizko fakturazioari dagokionez, Esparru Akordioak direnez, azaldutakotzat ematen da A.14.1 atalean eginiko alegazioa, indargabetu egiten duena oharra, are gehiago kontuan izanik UPV/EHUren berezitasuna gastuaren deszentralizazioari dagokionez.
EHUk 2016an zehar 14 espediente egikaritu ditu zerbitzu publikoak emateko, jabari publikoko ondasunak erabiltzea dakarrena berekin eta denbora zehatz baterako eman ez zirenak (SPKLTBren 23. eta 278. artikuluak eta EOLren 72. artikulua eta APOLen 93. artikulua). Gainera, kontratuaren prestazioak eta/edo prezioa justifikatuko duen azterketa ekonomiko-administratiborik ez da egin (APKLEOren 183. eta SPKLTBren 87. artikuluak); ez eta ondasunak eskura uzteko akta ere, EHUk eta kontratistak izenpetutakoa (EOLen 69.4 artikulua).
Alegazioak.
Nabarmentzekoa da ezin daitezkeela fiskalizaziorako erreferentzia gisa erabili kontraturen oinarrian dagoen araudiaren ondorengo araudi bateko parametroak eta kontzeptuak. Oharra kentzeko eskatzen da, aipatzen diren hirugarrenak UPV/EHUren kontratistak direlako, bere garaian aplikagarria zen araudiaren arabera izapidetutako kontratazio prozeduren esleipendunak. Hala, A.14.2 ataleko azken laukian transkribatutako zerrendan, lehenengo bederatzi espedienteak aurreko kontratu araudiaren mende daude.
EHUk 2016ko ekitaldian izenpetu dituen lankidetza hitzarmenak aztertzean ikusi dugu lau hitzarmenek euren baldintzetan jasotzen dutela kontratu horiek berariaz adierazi gabe urteko aldietan luzatuko direla, iraupen zehatzik finkatu gabe.
Alegazioak.
A.14.2 atalean, ez dira oharrak aipatzen dituen hitzarmenak identifikatzen. Urriaren 1eko 40/2015 Legea indarrean sartu aurretik sinatutako hitzarmenak badira, errepikatu egiten da 2015eko ekitaldiaren fiskalizazioaren harira eginiko alegazioa:
Urriaren 1eko 40/2015 Legea (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa, BOE 236, 2015eko urriaren 2koa) aldarrikatu arte, ez zegoen hitzarmenen indarraldia arautzen zuen inolako aurreikuspen espezifikorik. Aipatutako legea izan da, hitzarmenen edukia arautzean, indarraldiari buruzko arau argiak ezarri dituena. 49. artikuluaren h) letrak hauxe dio:
49. artikulua.– Hitzarmenen edukia.
Aurreko artikuluko 1. zenbakian aipatzen diren hitzarmenek barnean hatu beharko dituzte gai hauek, gutxienez:
a) (....)
h) Hitzarmenaren indarraldia, honako erregela hauek kontuan hartuta:
1) Hitzarmenek iraunaldi zehaztua izan beharko dute, gehienez ere lau urtekoa, non eta epe luzeagoa aurreikusten ez den arau bidez.
2) Aurreko zenbakian aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.
Legeak ez du ezartzen luzapenek berariazkoak izan behar dutenik, eta ez du debekatzen isilbidezko edo ustezko luzapenik. Egia da administrazio jarduera gidatzen duten printzipio orokorrek idatzizkoa lehenesten dutela, eta, ondorioz, kasu askotan berariazko luzapena dela gomendagarriena. Dena dela, egia da ere isilbidezko luzapena izan daitekeela, horrela ezartzen baldin badu hitzarmenak.
Beraz, kontuan izanik aipatutako legea 2016ko urrian sartu zela indarrean (BOEn argitaratu zen urtea), argiak dira zirriborroan aipatutako hitzarmenei buruzko ondorioak:
● 2015eko ekitaldiari dagokionez, ezin zaizkie inolako eragozpenik jarri hitzarmenen indarraldiari edo isilbidezko luzapenei.
● Hala eta guztiz ere, unibertsitateak jada adierazi die hitzarmen bidez lotutako erakundeei hitzarmen berriak sinatzeko duen asmoa –edo, hala badagokio, indarrean dauden hitzarmenei dagokion adenda eranstekoa–, non lau urteko iraunaldia aurreikusiko den, 2016ko urritik 2020ko urrira, eta beste lau urtez luzatzeko aukera.
Aurretik adierazitakoagatik, eskatzen da txostenaren zirriborroan aipatutako hitzarmenei buruzko aipamenik ez egiteko 2016ko ekitaldiaren fiskalizazio txostenean.
IV.– Finantzaren analisia eta aurrekontuaren egonkortasuna.
IV.1.– Finantza analisia.
EHU-ren kontuak.
Ondorioa.
Emaitza arruntak gora egin du, batik bat, transferentzia arruntek gora egin dutelako. Berebat, kapital-eragiketengatiko defizitak behera egitea, nagusiki, egindako inbertsioak murriztu izanaren ondorio da. Honenbestez, EHUren inbertsio gaitasuna ez da nabarmen hobetu eta inbertsioak etorkizunean egin ahal izatea finantzaketa eskuratzeko gaitasunaren baitakoa da, dela kapitalezko dirulaguntza bidez, dela beste zorpetze mota bat baliatuta.
Alegazioa.
Ondorio honek ez du islatzen unibertsitateak egin duen ahalegina ekitaldiko gastuak ahalik eta gehien arrazionalizatu eta murrizteko, eta horregatik izan da murrizketa esanguratsu bat gastu atal guztietan, pertsonaleko gastuetan izan ezik.
HKEE-REN OHARRA:
HKEEk aztertu duen espedientea 2016ko azaroan esleitu zena da eta ez 2012an esleitu zenaren luzapena, alegazioan esaten den moduan.