EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2019113

AGINDUA, 2019ko ekainaren 3koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez laguntza-programa bat ezartzen baita, Euskal Autonomia Erkidegoko salgaien eta bidaiarien errepideko garraio publikoan teknologia berrien eta segurtasunaren sistemak bultzatzeko.

Xedapenaren data: 2019-06-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201902921
Maila: Agindua
Honako hauen bidez, zerbitzu seguruagoa, hobea, gardenagoa eta arinagoa eman nahi da: Euskal Autonomia Erkidegoan salgaien eta bidaiarien garraio publikorako diren ibilgailuetan teknologia berriak ezartzea, ibilgailu-floten lokalizazio eta kudeaketako sistemak, kudeaketa eta kontrol-zentro batekin lotuta, eta segurtasun-elementuak, eta eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak jartzeko sistemak; hori, alde batetik, positiboa da garraiolariarentzat, puntako teknologia erabiliz zerbitzua modernizatzeko aukera emango diolako; eta, bestetik, erabiltzailearentzat ere onuragarria da, kalitate, gardentasun eta segurtasun handiagoa jasoko duelako.
Teknologian egiten ari diren aurrerabideei esker, posible da kalitate eta segurtasun maila handitzea, merkatuan kudeaketa, lokalizazio, kontrol, komunikazio eta segurtasuneko puntako teknologia eskuratu baitaiteke, ibilgailu-floten kudeaketa eta segurtasuna eraginkorragoa egiteko aukera ematen dutenak.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2019ko martxoaren 6ko Aginduaren bitartez onartu zen 2019ko Dirulaguntzen Plan Estrategikoan sartuta dago laguntza-programa hau. Euskadi.eus-eko atal honetan dago Plana eskura: www.euskadi.eus. Horrenbestez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren helburuetako bat da, garraio iraunkorragoa lortzeko, garraioen modernizazioa bultzatu eta merkantzien eta bidaiarien garraio publikoaren modernizazioa sustatzea, erabiltzaileei eskaintzen zaien zerbitzuen kalitatea hobetuz. Era berean, sektoreko kudeaketa- eta merkaturatze-sistemak hobetu nahi dira, zerbitzua ematerakoan gardenagoa izateko.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera (2019ko ekitaldirako aurreko urteko aurrekontuak luzatu ziren), eta Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak IX. tituluan aurrekontuen luzapen-araubidearen gainean ezarritakoaren arabera, honako dirulaguntza-deialdi honek nahiko a aurrekontu-estaldura dauka.
Herritarrei Administrazioarekin dituzten harremanak errazteko, eta laguntzen barne-kudeaketa eraginkorrago egiteko, prozedurako izapideak telematikoki egiteko aukera ematen duen aplikazio bat egin da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluari jarraituz. Aginduan izapidetze telematiko horren xehetasun guztiak jaso dira.
Laguntza hauek Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 3.1 artikuluak ematen didan aginpidea erabiliz, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartua– VI. titulua eta VII. tituluko II. eta III. kapituluak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ordaindu beharreko laguntza eta dirulaguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan harturik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2019an zehar eta betiere 2019ko azaroaren 30a baino lehen egin beharreko ekintza hauetarako laguntzak nola eman arautzea:
a) Ibilgailu-floten lokalizaziorako eta kudeaketarako (GPS edo antzekoak) sistemak jartzeko, kudeaketa eta kontrol-zentro batekin lotuta, dela ibilgailu astunetan egiten den salgaien garraio publikorako, dela gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan egiten den bidaiarien garraiorako. Ez da emango dirulaguntzarik ibilgailu-floten kudeaketa eta kontrol-zentro batean sartuta ez daudenen lokalizaziorako elementu bakarrak erosteko.
b) Salgaien garraio publikoko ibilgailu astunetan eta, gidaria barne dela, bidaiarientzat bederatzi jarleku baino gehiago dituztenetan, gidatze efiziente eta seguruari laguntzen dioten sistemak jartzeko, hala nola, artaziarena ez egiteko sistemak, istripuak erregistratzekoak edo antzeko sistemak.
c) Eskola-umeak eta adin txikikoak errepidez garraiatzeko linea erregular erabilpen berezikoetan aritzen diren ibilgailuetarako segurtasun-uhalak eta bestelako euskarri homologatuak erosi eta jartzeko.
2.– Agindu honetan aurreikusitako laguntzak emateko berrogeita hamar mila (50.000,00) euroko diru kopurua baliatuko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako kontu-sailetatik hartuta.
3.– Diruz lagundutako gastuek azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedaturikoa bete beharko dute. Onuradunek dirulaguntzen ekintza guztiak egitea azpikontratatu ahal izango dute, aipaturiko 38/2003 Legearen 29. artikuluan seinalatutako mugekin.
2. artikulua.– Onuradunak.
Dirulaguntza jasotzeko, pertsona fisiko nahiz juridikoek, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.
b) Salgaien eta bidaiarien errepideko garraioaren, trafikoaren edo mugimenduaren sektorean lan egitea.
c) Aginduaren 1.1.a) artikuluan aurreikusitako kasurako, pertsona fisikoek, sozietateek eta elkarlaneko kooperatibek bere izenean gutxienez hiru kopia dituen baimen bat behintzat izatea, ibilgailu astunetan salgaien garraio publikoan aritzeko edo gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiagoko ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko. Merkaturatze-sozietateek edo garraiolari-kooperatibek, beren bazkideek edo kooperatibistek aipatutakoaren moduko hiru baimen gutxienez izan beharko dituzte.
d) Aginduaren 1.1.b) artikuluan aurreikusitako kasurako, salgaien garraio publikoan ibilgailu astunekin edo bidaiarienean, gidaria barne dela bederatzi jarleku baino gehiago dituzten ibilgailuekin, jarduteko gutxienez baimen bat izan beharko dute.
e) Aginduaren 1.1.c) artikuluan aurreikusitako kasurako, eskola-umeen edo adin txikikoen erabilpen bereziko garraio publiko erregularrean jarduteko gutxienez baimen bat izatea, eskola-umeen eta adin txikikoen garraiorako segurtasun-baldintzei buruzko apirilaren 27ko 443/2001 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako eran.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak ordainduta izatea.
g) Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Azken Xedapenenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan xedaturikoa bete.
3. artikulua.– Laguntzen izapidetzea.
1.– Laguntzen izapidetze elektronikoa Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan arautzen da.
2.– Pertsona fisikoek baliabide elektronikoen bidez egin ahal izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak. Pertsona juridikoek baliabide elektronikoen bidez egin behar izango dituzte eskaera, kontsultak eta prozedurako izapide guztiak.
Laguntza hauek izapidetzeko baliabide elektronikoak erabiltzeko zehaztasunak euskadi.eus-eko atal honetan jarriko dira: http://www.euskadi.eus.
Pertsona fisikoentzat, eskabidea egiteko eta agiriak aurkezteko bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzeak ez du esan nahi, prozeduraren hurrengo izapideetan horiek erabili behar direnik; aitzitik, edozein momentutan aldatu ahal izango da horien erabilera.
4. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Pertsona fisikoen kasuan, eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren zuzendaritzari zuzendu ahal izango zaizkio (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz); eta bertatik bertara, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuetan aurkeztu ahal izango dira; edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoetan aurkeztu ahal izango dira; betiere, normalizatutako arauzko orrian eta behar bezala beteta. Eskabidearen eredua agindu honen eranskinean dator, eta garraioen arloan eskumena duen organoak euskadi.eus-en barruan duen egoitza elektronikoak ere eskuratu ahal izango da.
Era berean, baliabide elektronikoak ere erabili ahal izango dira eskabideak eta gainerako agiriak aurkezteko. Informazioa, prozedura eta eskakizunak egiaztatzeko era garraioen arloan eskumena duen organoaren egoitza elektronikoan jarriko dira eskura, 3. artikuluan izapidetze elektronikorako aurreikusitako zehaztapenetan garatutako prozedura eta jarduketei jarraituz. Eskabidearen ondorengo izapideak, baliabide elektronikoa erabiltzekotan, www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunearen bidez egingo dira.
Pertsona juridikoen kasuan, deialdi honetako eskaerak, eskakizunak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bakarrik egin behar izango dira baliabide elektronikoen bidez.
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.
3.– Aginduan araututako laguntzak eskuratzeko, agindu honen eranskinean ageri den inprimakia ez ezik, dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia eta identifikazio fiskaleko zenbakia edo IFK.
b) Eskatzailea pertsona juridikoa bada, ahalordea ematen dion notarioaren agiria aurkeztu beharko du haren ordezkariak.
c) Aurrekontua edo faktura, proformakoa edo behin betikoa.
d) Proiektuaren azalpen-memoria.
e) Exijitutako baimen kopuruaren titular dela egiaztatzea.
f) Aukerakoa, eta dirulaguntza eman eta gero aurkez daiteke, hirugarrengoen alta edo horren aldaketaren fitxa, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako ereduaren araberakoa; betiere, lehengoaz aurkezten diren edo banku-datuak aldaturik dituzten eskatzaileei dagokienez, baina beti laguntzak ordaindu baino lehen.
g) Behar izanez gero, ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute laguntza-eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Gainera, laguntza-eskabidetik eratorritako jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeraturiko hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
5.– Eskabideak aurkeztearekin batera, eskatzaileak berariaz onartu ahal izango du laguntzak kudeatzen dituen organoak dokumentazioaren zati bat eskuratzeko edo egiaztatzeko aukera, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen eskumenen kalterik gabe.
6.– Laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta gizarte-segurantzarekikoak egunean dituztela egiaztatzen duen dokumentazioa automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, eta horretarako ez du eskatzaileen baimenik beharko, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.3 artikulua aplikatuz. Hala ere, eskatzaileak espresuki ukatu ahal izango du baimena eta, orduan, dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
7.– Ondoren zehaztuko diren betebeharrak egiaztatzeko aski izango da erantzukizunpeko adierazpen eskabidearekin bat aurkeztea; eredua eskabidearekin batera dator:
a) Helburu bererako urte berean eta aurreko bi urteetan, bestelako dirulaguntza edo laguntzarik eskatu edo jaso badu, nork eman dion eta zenbat eman dion zehaztuko duen zinpeko aitorpena.
b) Ez egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko ezein prozeduratan sartuta. Eskatzailea prozedura horietan sartuta egotekotan, dirulaguntzaren ematea edo ordainketa itzultzeko edo zigortzeko prozedurak amaitu arte baldintzatua geratuko da.
c) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen penalik edo administratiborik jaso ez duela eta horretarako legezko inolako debekurik ez duela agertzen dituena (Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren araberako sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta daude).
Erantzukizunpeko adierazpen batekin edo barnean hartuta doan edozein daturen, adierazpenen edo dokumenturen zehaztasunik ezak, faltsukeriak edo ez-egiteak, funtsezkoa bada, prozedurarekin ezin jarraitzea ekarriko du gertakari horiek jakiten diren unetik, ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea behar bezala balioesteko beharrezko jotzen duen beste edozein agiri edo argibide eskatu ahal izango du.
5. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ardura izango da agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
6. artikulua.– Agirien gaineko okerrak zuzentzea.
Eskatzaileak aurkezturiko agiriek agindu honetan eskatutako baldintzak ez dituztela betetzen ikusiz gero, hala jakinaraziko dio organo kudeatzaileak eskatzaileari, eta hamar egun balioduneko epea utziko dio, okerrak zuzendu edo behar diren agiriak aurkezteko; gainera, adieraziko dio, hala egiten ez badu, bere eskaria besterik gabe atzera botako duela, ebazpen bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan ezarritako eran.
7. artikulua.– Zenbatekoa.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak izango dira:
a) Agindu honen 1.a) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, kostu orokorraren % 25, eta kopuru hori % 30era iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu. Nolanahi ere, dirulaguntza gehienez ere 5.000 eurokoa izango da, onuradun bakoitzeko.
b) Agindu honen 1.b) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, kostu orokorraren % 25, eta kopuru hori % 30era iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu. Nolanahi ere, dirulaguntza gehienez ere 5.000 eurokoa izango da, onuradun bakoitzeko.
c) Agindu honen 1.c) artikuluan aurreikusitako kasuetarako, hamabost euro (15,00), ekipaturiko jarleku bakoitzeko, eta kopuru hori hogei eurora (20,00) iritsiko da, eskatzaileak ekonomikoki eta ingurumen aldetik eraginkorra eta jasangarriak diren ibilgailuen kudeaketari buruzko egiaztagiria badu.
2.– Agindu honen 1.2 artikuluan ezarritako diru kopurua aski ez bada aurkeztutako eskabide guztiei artikulu honen 1. puntuan jasotako gehieneko laguntza ordaintzeko, ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskabide guztien artean banatuko da dirua. Banaketa egiteko, bakoitzari eman beharko litzaiokeenak guztiei eman beharrekoarekiko izango lukeen proportzio berari eutsiko zaio.
8. artikulua.– Bateragarritasuna.
Agindu honen arabera emandako dirulaguntzak bateragarriak izango dira helburu bererako beste pertsona fisiko edota juridikoek emandako beste batzuekin, baina guztira jasotako diru kopuruak ezin izango du gainditu diruz laguntzekoa den jardueraren kostua. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak ezin izango du hiru urteko epean 100.000 euro baino gehiago jaso
Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntza batzuk lortzen badira, eta horren ondorioz dirulaguntzek proiektuaren kostua gainditzen badute, Agindu honi esker emandako dirulaguntza gutxitu egingo da, ezarritakoa betetzeko moduan.
9. artikulua.– Dirulaguntza eman, jakinarazi eta argitaratzea.
1.– Dirulaguntzak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren zuzendariaren ebazpenaren bidez emango dira. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, beraz, hilabeteko epean gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio administrazio bereko Azpiegitura eta Garraioetako sailburuordeari.
Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluan ezarritako modua erabiliz, eta sei hilabeteko epean, agindu honek ondorioak izaten dituen egunetik hasita. Ebazpen horrek zehaztuko du dirulaguntza ematen den ala ukatu egin den; aldekoa bada, onuraduna zein den eta zenbat eman zaion azalduko da, eta kontrakoa bada, ukatzeko arrazoiak.
2.– Aurreko paragrafoan ezarritako epearen barruan ez bada jakinarazten laguntzak esleitzeko ebazpena, eskabideak ezetsiak izan direla ulertu ahal izango dute interesdunek, 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan aurreikusitako ondorioei dagokienez.
3.– Laguntzak esleitzeko prozedura amaitzeko ebazpena interesdunei jakinarazteaz gain, onuradunak eta emandako zenbatekoak jasotzen dituen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
4.– Agindu honetan berariaz aurreikusi gabekoari dagokionez, honako hauen bitartez eraenduko da dirulaguntzak emateko prozedura: 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua; eta dirulaguntzari buruzko oinarrizko araudia, hau da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hau garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
10. artikulua.– Ordainketa.
Dirulaguntza jaso behar duen jarduketa burutu eta dirulaguntza jasotzeko eskubidea ematen duen gasturen bat faktura edo bestelako agiri bidez egiaztatutakoan ordainduko da dirua, dena batera. Nolanahi ere, eskabidearekin aurkeztu ez bada behintzat, behin betiko faktura 2019ko azaroaren 30a baino lehen aurkeztu beharko da.
11. artikulua.– Dirulaguntza jasotzen dutenen betebeharrak.
1.– Agindu honetan azaltzen diren dirulaguntzak eskuratzen dituztenek honako betebehar hauek izango dituzte kasu guztietan:
a) Dirulaguntza eskuratzeko beharrezko diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatu beharko diote dirulaguntza eman behar duen Administrazioari.
b) Emandako dirulaguntza onartu beharko dute. Dirulaguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso, eta hamabost eguneko epean onuradunek uko egiten ez badiote, onartu egiten dutela ulertuko da.
c) Dirulaguntza, eman zaion horretarako erabili beharko du.
d) Helburu bererako beste laguntza edo dirulaguntzaren bat lortu badu, lortu duela eta nork eta zenbat eman dion jakinarazi beharko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Garraio Plangintzaren Zuzendaritzari.
e) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako dirulaguntzen inguruan eskatzen dieten informazioa ematea.
f) Dirulaguntzen publizitatearen inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14 eta 18. artikuluetan ezarritakoa betetzea.
2.– Artikulu honen 1.e) puntuan adierazitako organoen ahalmena gorabehera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak dirulaguntza jaso duen jarduerari buruz bidezko jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.
12. artikulua.– Dirulaguntzak emateko baldintzak aldatzea.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako egoeraren bat aldatuz gero, onuradunak beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatuk emandako laguntza edo dirulaguntzak jasotzen baditu batera edo-eta helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabiderik eskuratzen badu, dirulaguntza emateko agindua ere aldatu egin ahal izango da, betiere deialdi honetan onuradun izateko ezarritako eskakizunak betetzen jarraitzen badu.
13. artikulua.– Dirulaguntzak itzultzea.
Onuradunak Agindu honetan, dirulaguntza emateko Aginduan edo aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badu, organo aginpidedunak, onuradunari entzun ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat deklaratuko du, eta, halakorik izanez gero, dagokion diru kopurua Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzera behartuko du, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, eta dirulaguntzetarako betebeharrak betetzen direla zaintzeko gainontzeko arauek ezarritakoa betetzeko. Kopuru hori diru-sarrera publikotzat joko da legezko ondoreetarako. Horrek guztiak ez du galaraziko, ordea, bestelako zehapenak jartzea, eta kalteengatiko ordainak eta, halakorik izanez gero, erantzukizun penala ere eskatzea.
Halaber, itzultze-arrazoien inguruan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan xedatukoa aplikagarria izango da; kasu honetan jasotako zenbatekoak, osorik edo partez, eta dagozkien berandutze-interesak itzuli beharko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen kontra, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 3a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.