EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2019111

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 30ekoa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearena, Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen arteko kudeaketa-gomendioko hitzarmena argitaratzea xedatzen duena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-05-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201902873
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/03/07an argitaratutako 2019/03/01eko AGINDUA [201901228]

Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 2019ko maiatzaren 29an hitzarmen bat izenpetu zuten. Hitzarmen horren bidez gomendatzen da HAEEk bere gain har dezan Hezkuntzako sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduan jasotako hautaketa-prozedurako oposizio-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitzen dira.; EHAA, 47. zk., 2019ko martxoaren 7koa).
Hitzarmena Ebazpen honen I. eranskinean argitaratzea erabaki da, jendeak horren berri izan dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 30a.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
I. ERANSKINA
HEZKUNTZA SAILAK ETA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAK SINATUTAKO KUDEAKETA-GOMENDIOKO HITZARMENA
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 29a.
BILDURIK
Alde batetik, Olatz Garamendi Landa, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, eta, bestetik, María Teresa Iruretagoyena Ibarguren, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitatekoez kanpoko Irakaskuntzarako Irakasleen Kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen 4. artikuluak dioenez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari (gaur egun, Hezkuntza Sailari) dagokio «karrerako irakasle funtzionarioa edo lan-legepeko behin betiko irakaslea izan ahal izateko hautaproben oinarri-arauak, egitarauak eta edukiak finkatu, deialdiak egin, proben epaimahaikideak izendatu eta probak gainditu dituztenak izendatu eta lanpostua ematea edo, hala behar badu, kontratatzea.»
Bigarrena.– Hezkuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 79/2017 Dekretuaren 10.2.a) artikuluak dioenez, Langileria Kudeatzeko Zuzendaritzak «lan-kontratuko langile finko edo karrerako funtzionario kondizioa lortzeko hautaketa-proben oinarriak, programak eta edukiak prestatzea, betiere bat etorriaz Hezkuntza Sailburuordetzak eta Lanbide Heziketako Sailburuordetzak –bakoitzak bere eskumenpeko arloan– zehaztutakoarekin; eta, halaber, proba horietarako epaimahai kalifikatzaileak izendatzea, eta hautaketa-prozesua antolatu eta kudeatzea».
Hirugarrena.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak onartzen du 2019ko otsailaren 22an emandako Aginduaren bidez (EHAA, 42 zk., 2019ko otsailaren 28koa) Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Administrazioaren 2019 urteko lan-eskaintza publikoa. Hauek dira eskainitako lan-postuak:
Laugarrena.– Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuak 61.4 artikuluan ezartzen duenez, «Herri Administrazioek organo espezializatuak eta iraunkorrak eratu ahal izango dituzte hautaketa-prozesuak antolatzeko, edo Herri Administrazioen Institutu edo Eskolen esku utzi ahal izango dituzte zeregin horiek».
Bosgarrena.– Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legeak hautaketa-probak homogeneizatzeko zeregina esleitu zion Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari, bai epaimahai kalifikatzaileen osaketan nahitaez parte hartuz, bai, batez ere, legeak berak 29. artikuluan herri administrazioei ematen dien aukera –langileen hautaketa erakunde autonomiadunaren bitartez egitea- erabiliz.
Seigarrena.– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen egitura eta eginkizunak arautzen dituen urriaren 16ko 200/2012 Dekretuak ere ideia hori berresten du, izan ere, 2.b) artikuluan, erakundearen helburuen artean, honako hau aipatzen du: «Beste euskal administrazio publiko batzuetako langileak hautatzea, administrazio horiek berek eskatzen badiote, eta euskal administrazio publiko guztiek sustatutako hautaketa-prozesuetako epaimahaietan parte hartzea, funtzio publikoari buruzko legerian esaten denaz bat».
Zazpigarrena.– Hori guztia ikusita, eraginkortasun-arrazoiengatik, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak eskatu egiten dio Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari bere gain har dezan Hezkuntza sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bidez deitutako hautaketa-prozeduretako oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitzen dira.; EHAA, 47. zk., 2019ko martxoaren 7koa). Beraz, esparru horretan, erakunde biek kudeaketa-gomendioko hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, betiere 40/2015 Legearen 11. artikuluaren arabera.
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 11. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako Sailburuordetzak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak hitzarmena egitea erabaki dute. Horren bitartez, eraginkortasun arrazoiengatik, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak bere gain hartzen du Hezkuntza sailburuaren 2019ko martxoaren 1eko Aginduan jasotako hautaketa-prozedurako oposizio-aldiko lehen probaren A eta B zatiak garatzeko behar diren jarduketen kudeaketa materiala (Agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko maisu-maistren eta Musikako eta Arte Eszenikoetako irakasleen kidegoetan sartzeko eta hizkuntza-eskola ofizialetako irakasleen kidegoan sartzeko eta horra iristeko hautaketa-prozedurak deitzen dira; EHAA, 47. zk., 2019ko martxoaren 7koa).
Bigarrena.– Kudeaketa materialerako gomendio honetan, jarduera hauek sartuko dira, kasu bakoitzean zehazten den neurrian:
a) Lokalen kontratazioa kudeatzea.
b) Lokalak behar bezala hornitzea, hautatze-prozedurako lehen probaren A eta B zatiak egiteko.
c) Hautaketa-prozesu jendetsu bat behar bezala burutzeko behar diren jarduketa guztiak: mediku-arreta, polizia-zaintza, urrituen arreta.
d) Hautaketa-prozesuaren oposizio-aldiarekin lotutako beste edozein kudeaketa-lan, betiere, eskumenaren titulartasuna aldatzen ez bada eta, eskumen hori gauzatzean, funtsezko elementuak aldatzen ez badira.
Hirugarrena.– Gomendio honen helburu den kudeaketa materialak sortzen dituen gastuak Hezkuntza aurrekontu-atalaren kontura izango dira.
Laugarrena.– Hitzarmen hau sinatzen denean jarriko da indarrean, eta amaitu, berriz, arestian adierazitako 2019ko martxoaren 1eko Aginduaren bidez onartutako hautatze-prozeduratik datorren oposaketa-aldiko lehen probaren A eta B zatiak burutzean.
Bosgarrena.– Kudeatzeko gomendioa sinatzeak ez du esan nahi eskumenen titulartasuna lagatzen denik edota, eskumen horiek gauzatzean, funtsezko elementuak lagatzen direnik, horiek denak Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzak baititu esleituta.
Seigarrena.– Administrazio eta Zerbitzuen Sailburuordetzaren erantzukizuna da izaera juridikoko ebazpenak edo egintzak ematea, kudeatzeko gomendio honen xedea den jarduera material zehatzaren euskarri izan daitezen edo jarduera bera ebazpen edo egintza horietan integra dadin.
Alderdi biak agiri honen edukiarekin ados daudenez, eta horrela jasota gera dadin, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna hau sinatzen dute.
Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea,
OLATZ GARAMENDI LANDA.
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,
MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.