EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2019110

AGINDUA, 2019ko ekainaren 4koa, Hezkuntzako sailburuarena, Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko Programarako laguntzak berritzea eta laguntza berriak ematea arautu eta horietarako deialdia egiten duena 2019-2020 ikasturterako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-06-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201902852
Maila: Agindua
Hezkuntza Sailak badaki aktiboki parte hartu behar duela Euskadin ikerkuntzan diharduten giza baliabideak ugaritzen eta haien kalitatea hobetzen lagunduko duten programen sustapenean. Horretarako, zenbait jarduera gauzatu ditu azken urteotan, eta horien artean daude ikertzaile doktoreen hobekuntzarako laguntzak.
Ikertzailearen Europako Gutunean (EEE/2005/251/CE), ikertzaileak definitzen dira jakintza, ezagutza, produktu, prozesu, metodo eta teknika berriak sortzen diharduten profesional multzo modura. Sailkapena gorabehera, definizio horretan biltzen dira karrerako edozein etapatan ikerkuntzan eta garapenean ari diren pertsona guztiak. Horrela, doktoretza-ondoko aldiaren aurreneko etapetan ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio zientifikoa sustatu nahi hori Eusko Jaurlaritzak arlo horretan ematen duen bigarren urratsa da. Lehenengoa, ordea, doktoretzari lotutako konpetentziak eta trebetasunak eskuratzea da.
Ikerketako giza baliabideak sustatzeko politikan kokatzen da programa hau, 2015-2018 Unibertsitate Planaren eta Eusko Jaurlaritzaren Euskadi 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren esparruan, eta horren helburua ikertzaile doktoreen prestakuntza eta espezializazio profesionala sustatzea da. Ekintza hori oso garrantzitsua da, Euskal Autonomia Erkidegoak ahalegin handiak egin behar baititu oraindik Europako beste herrialde batzuetan ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren alorrean dituzten giza baliabideak berdintzeko, bai eta zientziaren eta teknologiaren alorrean belaunaldi berri bat sortzeko ere. Hori guztia Ikertzailearen Europako Gutunari eta Ikertzaileak Kontratatzeko Jokabide Kodeari (EEE/2005/251/CE) buruzko Europako Erkidegoko Batzordearen Gomendioaren eta 2011ko ekainaren 1eko Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Legearen arabera (aurrerantzean, ZTBL).
Deialdi honetan, jarraipena ematen zaio iaz hasitako laguntza-lerro espezifikoari, neutronikan eta partikula-azelerazioan ikerketa indartzeko; izan ere, gaur egun, interes bereziko arloa da hori Europar Batasunean, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoan. EAEren etorkizun zientifiko, teknologiko eta industrialerako balio estrategikoa du arlo horrek, euskal I+G+b etorkizunean garatzeko aukera bat izateaz gain. EAEn arlo horretako komunitate zientifikoa indartzea eta zabaltzea lehentasunezko xedea da Europako Batzordeak Europako ESS Lund neutroi bidezko espalazio-iturriaren eragiketari dagokionez ezarritako xede zientifikoak finkatzeko.
Deialdi honen bidez, ikerlarien hobekuntza-programa eskaintzen da doktoretza-ondoko lehen fasean; hiru urteko iraupenekoa izango da gehienez, eta doktoreak lan-kontratu bat sinatu beharko du ikerkuntzan diharduen euskal erakunderen batekin. Unibertsitatea, ikerketa-zentroa eta/edo osasun-ikerketako institutua izan beharko da erakunde hori, publikoa edo pribatua, baina irabazi asmorik gabekoa, eta I+Gn egiaztatutako gaitasuna eta jarduna duena, sozietatearen egoitza Euskadin, eta kontratatzeko gaitasuna duena. Hala, lehen bi urteetan, atzerriko ikerketa-zentro batera lekualdatutzat hartuko da.
Programa horrekin, Hezkuntza Sailak eredu bat proposatzen du, ikertzaileen prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna zaindu eta onuradunak lan-mundura hurbilduko dituena, lan-kontratu bat izango dutelako, urtero ebaluagarria izango dena.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak –EAEko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenak eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenak– sail honi eskumenak eman dizkio zientzia-alorreko politikan eta ikerketa teorikoa eta aplikatua sustatu eta koordinatzeko arloan.
Deialdi hau ebazteko, kontuan izango dira administrazio publikoen dirulaguntzak emateko jarduera arautzen duten printzipioak –publikotasuna, lehia, objektibotasuna, ezarritako helburuak lortzeko eraginkortasuna eta baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia–, betiere EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari jarraikiz (azaroaren 11ko arazoaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartu zuen), eta kontuan hartuta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra (dirulaguntzen lege orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuak garatu zuen lege hori) eta dirulaguntzei aplikatzekoak zaizkien gainontzeko xedapenak; era berean, erabilgarri dauden baliabide ekonomikoak aplikatuko dira, agindu honetan ezarritako irizpideei jarraikiz. Halaber, adierazi behar da Hezkuntza Sailaren 2019rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoak deialdi hau jasotzen dutela 1. helburu estrategikoa betetzeko dirulaguntza-lerroen barruan. Plan hori helbide honetan eskura daiteke: https://www.euskadi.eus/dirulaguntzen-plan-estrategikoa/web01-s2hhome/eu/
Horren ondorioz, eta kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldirako aurrekontu orokorrak onartzen dituen abenduaren 22ko 5/2017 Legea onartu dela, zeina maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren IX. titulua aplikatuz luzatu baitzen –legegintzako dekretu horrek Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen du–, honako hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
PROGRAMAREN XEDEA ETA BALDINTZAK
1. ATALA
XEDEA, ZENTROAK ETA FINANTZAKETA
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Agindu honen bidez, EAEko ezarpen-zentroetan hobekuntzarako programetan izango diren ikertzaile doktoreentzako eta 2019-2020 ikasturtean atzerrira joango diren ikertzaile doktoreentzako laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia ezarri nahi dira. Deialdiak barne hartzen ditu bai laguntza berriak eta bai 2018-2019 ikasturterako emandakoen laguntza-berritzeak.
2.– Programaren xedea ikertzaile doktoreen hobekuntza sustatzea da.
2. artikulua.– Ezarpen-zentroak eta atzerriko zentroak.
1.– Ezarpen-zentroak: laguntzak irauten duen artean, ikertzaile doktoreak kontratu bidez jardungo diren zentroak unibertsitateak, ikerketa-zentroak eta/edo osasun-ikerketako institutuak izan beharko dira, publikoak edo pribatuak, baina irabazi asmorik gabekoak; era berean, egoitza soziala EAEn izanda, I+Gn egiaztatutako jarduna eta kontratatzeko gaitasuna izan beharko dute, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) agente gisa akreditatuta egon beharko dute ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuaren arabera. Laguntza hau indarrean den bitartean akreditazio hori galtzen bada, ezarpen-zentroa ZTBESen beste agente akreditatu batek ordeztuko du, laguntzaren onuradunak proposatuta.
Ikerbasque Fundazioak agente kontratatzaile gisa parte hartu ahalko du eskatzailearen eta ezarpen-zentroaren arteko kontratua zuzenean gauzatu ezin daitezkeen kasuetan. Horretarako, Ikerbasque fundazioak hitzarmenak sinatu beharko ditu EAEn egoitza duten unibertsitate publiko nahiz pribatuekin eta ikerketa-zentroekin eta/edo osasun-ikerketako zentroekin (publiko nahiz pribatuekin).
2.– Atzerriko zentroak: ikertzaile doktoreak bolada baterako ikerkuntzan jardutera doazen atzerriko zentroak irabazi-asmorik gabeko unibertsitateak edo ikerketa-zentro publiko eta pribatuak izango dira, eta ez dira izango doktoretza-ikasketak egin dituzten zentroak. Eskatzaileak atzerritarrak badira, atzerriko zentroa ez da egongo beren jaioterrian.
3. artikulua.– Jarduera lerroak eta ezagutza esparruak.
1.– Programan honako jarduteko ildo hauek biltzen dira:
a) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa-arlo orokorretan.
b) Berritzeen lerroa, zeinaren bidez berritzen baitira 2018-2019 deialdian emandako laguntza berriak eta lehenengo berritzeak.
c) Laguntza berrien lerroa, zeinaren bidez finantzatzen baitira ikertzaile doktoreen kontratu berriak ikerketa-arlo espezifikoetan.
Lehiakide bakoitzak laguntza berrien lerro bakar batean –orokorrak ala espezifikoak– aurkeztu beharko du eskabidea.
2.– Agindu honetako I. eranskinean daude zerrendatuta laguntza berriak eskatzeko aukera ematen duten ezagutza orokorraren arloak.
Lehiakide bakoitzak arlo bakar batean aurkeztu beharko du eskabidea, eta arlo horretan aztertuko da eskabidea.
Ikerketa Zuzendaritzak, interesdunak hala onartu ondoren, hautatutako arloa aldatu ahal izango du, betiere, eskabidearen ezaugarriak direla-eta hala komeni bada, edo kasuan kasuko aholku-batzorde espezifikoak horrelakorik gomendatzen badu.
3.– Ikerketa-arlo espezifiko hauetarako eska daitezke laguntza berriak:
– Polimeroen eta sistema makromolekularren ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Energiarako materialen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Material funtzionalen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
– Sistema biologikoen eta material bio-inspiratuen ikerketari aplikatutako neutroien teknikak.
4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Programaren guztizko zenbatekoa, deialdi honi dagokionez, 2.551.100 eurokoa da, eta aurrekontu-ekitaldien eta jarduteko lerroen arabera banakatuta ageri da taula honetan:
2.– Gehienez ere 24 laguntza berri emango dira ikerketa orokorraren lerroan.
3.– Gehienez ere 2 laguntza berri emango dira ikerketa espezifikoaren lerroan.
4.– Gehienez ere 41 laguntza-berritzeak emango dira ikerketa orokorraren lerroan.
2. ATALA
ONURADUNAK, EZAUGARRIAK, ZUZENDARITZA ETA IKERKETA-PROIEKTUA
5. artikulua.– Onuradunak.
1.– Sozietatearen egoitza EAEn duen unibertsitate batekin, ikerketa-zentro batekin, osasun-ikerketako zentro batekin edo Ikerbasque fundazioarekin Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratua sinatzen duen ikertzaile doktorea izango da laguntza hauen onuraduna.
2.– Ezingo dira agindu honek araututako dirulaguntzen onuradun edo erakunde laguntzaile izan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2. eta 13. artikuluek eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Dekretu Legegilearen 50. artikuluak ezarritako egoeretako batean daudenak.
6. artikulua.– Ezaugarriak.
1.– Kontratua.
Laguntzek Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman sartzeko kontratu baten ezaugarriak izango dituzte. Kontratu hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legearen 22. artikuluan eta indarreko lan-araudian ezarritakoaren babesean egingo dira.
Enplegu-emailearen eta ikertzaile doktorearen arteko harremana Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legean eta Langileen Estatutuan ezarritakotik ondorioztatzen dena izango da.
Kontratu hori sinatuta, ikertzaile doktoreak konpromisoa hartzen du esklusiboki jarduteko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen Ebazpenaren bidez laguntza eman zaion ikerketa-proiektuan.
Hala ere, ezarpen-zentroek edozein kontratu sinatu edo daudenak luzatu ahal izateko, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenetan ezarritakoari helduko zaio, horrek ebatziko dituelako laguntza berriak esleitzeko eta daudenak berritzeko prozedurak, 29. eta 34. artikuluetan ezarrita daudenak, hurrenez hurren.
2.– Iraupena: Kontratuak urtebete iraungo du, 9. artikuluaren 1. atalean ezarritako laguntzaren hasiera-egunetik hasita, eta urtebeteka luzatu ahal izango da, laguntza agindu honetako 31. artikuluan ezarritakoaren arabera berrituz gero. Laguntza, gehienez ere, 36 hilabeterako eman ahal izango da.
Jarduera eten gabe, 36 hilabete horiek bi fasetan antolatuko dira: lehenengoa 24 hilabetekoa izango da, eta ikertzailea atzerriko ikerketa-zentro batera joango da, bere ezarpen-zentroa utzita, ikerketa-proiektu bat gauzatzeko. Bigarren fasea, berriz, 12 hilabetekoa izango da; fase horretan, ikertzailea EAEko ikerketa-talde batean sartuko da.
Egoera hauetakoren bat jazoz gero, ikertzaileen kontratuaren iraupena eten egingo da: aldi baterako ezintasuna, haurdunaldiko arriskua, amatasuna, adopzioa edo harrera, edoskitzaroko arriskua edota aitatasuna. Horrelakoetan, etendako denbora berreskuratu ahal izango du interesdunak, emandako laguntzaren 36 hilabeteak amaitzean, baldin eta Ikerketa Zuzendaritzak horretarako baimena eman eta onuradunak laguntzari uko egin ez badio edo eskaeran atzera egin ez badu; bestalde, berreskuratzeko aldiak 60 egunekoak izango dira, gutxienez, eta aurrekontuek horretarako aukera eman behar dute.
3.– Zuzkidura: ezarpen-zentroak izenpetzen diren kontratu guztiei emandako laguntzak erabili beharko ditu ikertzaileen ordainsari gordinak eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko enpresa-kuotak ordaintzeko.
Enplegatzaileek eta enplegatuek honako zuzkidura hauek jasoko dituzte 2019-2020 ikasturtean:
(*) nominaren zenbateko gordina, langile bakoitzak jasan behar dituen atxikipenak eta kotizazioak kendu baino lehen.
Zarpen-zentroarekin izenpetutako doktoretza-ondoko kontratuak jasoko ditu kopuru horiek gutxieneko ordainsari gisa, erakunde kontratatzailearen kontura osatu daitezkeela baztertu gabe; hala bada, gehikuntza horri dagokion enpresa-kuotaren zati proportzionala ordaindu beharko du erakunde kontratatzaileak.
4.– Asegurua: laguntzen onuradunek, dagokien Gizarte Segurantzako estalduraz gain, erantzukizun zibileko, istripuen eta bidaia-laguntzako aseguru bat izango dute, interesdunarekin batera atzerrira joango diren ezkontideari eta 25 urte baino gutxiagoko seme-alabei ere luza dakiekeena interesdunak hala eskatzen badu. Aseguru hori antolamendu juridikoak onartzen dituen edozein frogagiriren bitartez egiaztatutako izatezko bikoteentzat ere baliagarria izango da.
Aseguru horren estaldurak aldaezinak dira.
5.– Bidaia- eta bisa-gastuak: laguntza-aldiko lehen bi urteetan, osagarri bat ezarriko da lekualdatutako zentrora joan-etorriko bidaia bat finantzatzeko urtean. Bidaia horren zenbatekoa honako taula hau kontuan hartuko da ezarriko da:
Agindu honen ondorioetarako, eskatzailea EAEn erroldatuta dagoen probintziako hiriburua hartuko da jatorri-hiritzat.
Alaber, laguntzaren lehenengo urtean, joan-etorriak egiteko bisa izapidetu behar izanez gero, 200 euroko diru-osagarri bat emango da.
Bi zenbatekoak ezarpen-zentroari ordainduko zaizkio. Ezarpen-zentroak ordainketa bakar batean ordainduko dizkio onuradunari zenbateko horiek, bigarren hileko ordainsarian.
6.– Ordainbidea: ezarpen-zentroei lau zatitan ordainduko zaie laguntza: % 10 jasoko dute laguntza ematea ebatzi eta laguntza hori onartu ostean; % 30, 2020ko otsailean; % 30, 2020ko maiatzean; eta gainerako % 30a, 2020ko irailean.
Bigarren ordainketa egiteko, kontratuaren kopia aurkeztu beharko dute onuradunek, edo, hala badagokio, haren luzapenak, aplikazio informatikoaren bidez.
Ezarpen-zentroek, dagokionean, kasuan kasuko konturako atxikipenak eta diru-sarrerak gauzatuko dituzte prestatzen ari diren ikertzaile doktoreek egindako ordainketengatik.
7. artikulua.– Zuzendaritza eta proiektuak.
Harrera-taldean ikerketa-proiektuaren zuzendaritzaren ardura hartzen duena ezin izango da egon deialdi honen eskaera berri batean baino gehiagotan.
Proiektuetan, diziplinei dagozkien funtsezko printzipio etikoak eta jardunbide etiko onartuak jaso beharko dira, baita kode deontologiko nazional, internazional, sektorial edo instituzionaletan jasotako arau etikoak ere.
3. ATALA
ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
8. artikulua.– Ikertzaile onuradunen eskubideak.
1.– Lankidetza eta beharrezko laguntza jasotzea ezarpen-zentroarengandik, horrek ahal duen neurrian, bere hobekuntza-programa gauzatu ahal izateko.
2.– Sailetan eta erakundeetan integratuta egotea eta horietan parte hartzea, bere ezarpen-zentroko estatutuak onartzen duen neurrian.
3.– Ikerketa-proiektua egiten ari den zentroko estatutuak laguntza-fase bakoitzerako zehazten dituen opor-erregimena, lizentziak eta baimenak hartzea.
4.– Dagokion laguntza ekonomikoa jasotzea deialdi honetan adierazitako moduan.
5.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, zientzia-jarduera gauzatzeko orduan, erakunde horien izenak erabiltzea.
6.– Norberaren ekarpenarekin bat etorriz, ikerketako jardueratik eratorritako jabetza intelektualaren eskubideak baliatzea, Jabetza Intelektualaren Legearen Testu Bateginak –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoak– ezarritakoari jarraikiz. Eskubide horiek ez dute menpekotasunik izango egindako ikerketak sorrarazi ditzakeen beste eskubide batzuekiko, eta horiekin osagarri eta metagarri izango dira. Horrek ez du eraginik izango lan kolektibotik eratorritako baldintzatzaileetan, ikertzaile doktorea ikerketa-proiektu kolektibo batean parte hartzen ari denean edo horri lotuta dagoenean.
7.– Industria-jabetzaren gaineko eskubideei dagokionez, patenteei buruzko martxoaren 20ko 11/1986 Legearen esparruan xedatutakoa hartuko da kontuan. Horrez gain, urtarrilaren 18ko 55/2002 Errege Dekretuak –ikerkuntza-erakunde publikoetan egindako asmaketak ustiatzeari eta lagatzeari buruzkoak– xedatutakoa ere hartuko da kontuan, hala dagokionean. Aipatutako eskubide horiek ez dute, inola ere, soldata-izaera izango.
8.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko Legeak bere 14. artikuluan aitortzen dizkien beste guztiak.
9.– Beren ezarpen-zentroak onartzen dizkien beste eskubide guztiak, betiere bateragarriak badira deialdi honetako xedapenekin.
9. artikulua.– Ikertzaile onuradunen betebeharrak.
1.– Kontratu berriak formalizatzea ezarpen-zentroarekin 2020ko urtarrilean; eta baita horien luzapenak ere, une horretan indarrean den kontratua bukatu ondoren. Kontratua ez bada egun horietan formalizatzen, errebokatu egin ahal izango da emandako dirulaguntza, Ikerketa Zuzendaritzak lanean hastea atzeratzeko baimen-eskabideari baietza ematen dion kasuetan izan ezik.
2.– Sinatutako kontratuen kopia –berriena edo luzapenena– igortzea Ikerketa Zuzendaritzara, sinatzen den egunetik hasita 21 egun naturaleko gehieneko epean.
3.– Zentroan jarduten hasteko data hauek betetzea:
a) Laguntza berri baten onuraduna kontratua sinatu eta hurrengo hilabetearen barruan hasiko da lanean atzerriko zentroan.
Onuraduna lanean hasi dela egiaztatu beharko da atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki bidez. Bertan, zein egunetan hasi den jaso beharko da.
b) Lehen laguntza-berritzeen onuradunek atzerriko zentroan jarraitzen dutela egiaztatu beharko dute atzerriko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez.
c) Bigarren laguntza-berritzeen onuradunek ezarpen-zentroan lanean hasi direla egiaztatu beharko dute taldeko ikertzaile-buruak eta onuradunari dagokion saileko zuzendariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan, zein egunetan hasi diren adierazi beharko da.
Atal honetan aipatutako agiriak Ikerketa Zuzendaritzara bidali beharko dira 2020ko lehen hiruhilekoan, onuradunak doktoretza-ondoko laguntza eskatzeko erabili duen aplikazio informatikoaren bidez.
4.– Bai laguntza berrien onuradunek bai lehenengo berritzeen onuradunek, aplikazio informatikoaren bidez, honako hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) helmugako herrialdean bizi dela justifikatzen duen alokairu-kontratuaren kopia, atzerriko zentroan sartzen den hilabetearen barruan.
b) garraio publikoan egindako bidaiaren jatorrizko fakturak eta txartelak, laguntza bukatzen den hilabetearen barruan.
5.– Lekualdatutako zentrotik zein ezarpen-zentrotik egiten diren aldi baterako irteerak –ikerketa-beharrak direla-eta eginikoak– jakinarazi egin beharko dira, eta Ikerketa Zuzendaritzak baimendu beharko ditu.
Eskaera egiteko, idazki arrazoitu bat aurkeztu beharko da, aplikazio informatikoaren bidez, gutxienez aurreikusitako irteera-data baino hamar egun lehenago, eta proiektuko ikertzaile nagusiak sinatu beharko du. Irteera laguntzaren lehenengo 24 hilabeteen barruan egiten bada, atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariak ere sinatu beharko du eskaera.
6.– Laguntza-aldia amaitu eta ondorengo hilabetean, aplikazio informatikoaren bidez, aurkeztu beharko dituzte curriculum vitae eguneratua eta amaierako txostena, 10 orrialdekoa gehienez, zeinak barnean hartuko baititu finantzatutako aldian egindako jarduera akademikoak eta lanak eta izandako lorpenak, ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatuta.
7.– Laguntzari uko eginez gero, aplikazio informatikoaren bidez, Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari jakinarazi beharko diete, 12. artikuluan zehaztutako baldintzen arabera.
8.– Laguntza ematea ekarri zuten hasierako baldintzetan izandako edozein aldaketa (proiektua, proiektuaren zuzendaritza, hartzailea, etab.) jakinarazi beharko diete Ikerketa Zuzendaritzari eta ezarpen-zentroari.
Baldintzetan aldaketaren bat egiteko Ikerketa Zuzendaritzaren baimena beharko da. Aldaketa eskaera idazki arrazoitu bidez egingo da, aplikazio informatikoa erabilita; eskatzaileak sinatu beharko du eta proiektuaren ikertzaile nagusiaren oniritzia izan beharko du.
Dena dela, baimentzen diren aldaketek bermatu beharko dute laguntza ematea eragin zuen eta orduko sasoiko kalifikazioak lortzea eragin zuen kalitatearen antzekoa izango dela kalitatea.
9.– Hobekuntza-programan aurreikusitako jarduerei probetxu ateratzea, bere lanak gizarteari onura ekar diezaion.
10.– Zientzia-alorreko prestakuntza eta esperientzia-trukea sustatzeko politikaren esparruan Ikerketa Zuzendaritzak antolatutako jardueretan parte hartzea.
11.– Zientzia hedatzeko kanpainetan parte hartzea, ezarpen-zentroko zein atzerriko zentroko komunikazio-politikaren esparruan.
12.– Erakunde batzuentzat diharduela kontuan hartuta, ikerketa-jarduera gauzatzeko orduan erakunde horien izenak erabiltzea, barne-araudien eta erakundeek sinatutako akordio eta hitzarmenen arabera.
13.– Laguntza-aldian argitaratutako lan guztietan adieraztea Eusko Jaurlaritzak doktoreei eskainitako doktoretza-ondoko hobekuntza-programari atxikitako ikertzailea dela.
14.– Diharduen diziplinako arau eta printzipio etikoak onartu, ezagutu eta betetzea, hala nola ezarpen-zentroetan eta atzerriko zentroetan aplikagarri zaizkion laneko osasun eta segurtasuneko arauak eta funtzionamendu-arauak.
15.– Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio oro ematea.
16.– Edonola ere, diru-zenbatekoak jasotzeko eta laguntza berritzeko, artikulu honetan jasotako betebeharrak bete beharko dira.
17.– Era berean, agindu honetako laguntzen onuradunei ez zaie laguntzarik emango, ezta emandakoa ordainduko ere, baldin eta EAEko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan itzultze- edo zehatze-prozeduraren bat bukatu gabe eta izapidetzen badute.
18.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14.1 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute.
19.– Ikerketa-jarduera dedikazio esklusiboko erregimenean gauzatu beharko dute, Agindu honetako 13.3 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
10. artikulua.– Ezarpen-zentroaren betebeharrak.
1.– Ezarpen-zentroak honako betebehar hauek izango ditu, kontratu-aldian ikertzailearekiko kontratu-harremanetik sortzen direnez gainera:
a) Ikertzaile onuradunari lan-kontratua egitea, indarreko laneko legediaren arabera, agindu honetan zehaztutako iraupenarekin, ordainsariekin eta gainerako betekizunekin.
b) Ikerketa Zuzendaritzari jakinaraztea, baldin eta laguntza emateko hasierako egoera aldatzen bada, egoera hori eten edo aldatzen bada, edo bateraezintasuna dakarren beste edozein kausa sortuz gero; gainerako gorabeheren berri ere eman beharko da, baldin eta laguntzaren xedea normaltasunez betetzea eragotz badezakete. Gehienez ere, egutegiko 21 eguneko epean eman beharko da gorabehera horien berri, gertatzen diren egunetik aurrera.
c) Onuradunei behar duten laguntza ematea, eta beren jarduera ongi gauzatzeko behar dituzten bitartekoak, tresnak edo ekipoak erabiltzeko aukera ematea.
d) Programa behar bezala garatzen dela zaintzea; onuradunari ezin zaio eskatu bere ikerketaren garapenarekin lotuta ez dagoen beste jarduerarik egitea.
e) Ikertzaileari aukera ematea, ikertzen ari den departamentuetan, institutuetan eta erakunde publiko edo pribatuetan integratzeko.
f) Laguntza-programa honen babesean ezarpen-zentroaren eta ikertzailearen artean egindako kontratuek adierazi beharko dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko finantza-laguntza dutela Ikertzaile Doktoreentzako Hobekuntzarako doktoretza-ondoko Programaren bitartez.
g) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak dirulaguntzen destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatzen dieten informazio guztia aurkeztu beharko dute.
h) Ezarpen-zentroak 2020ko lehen hiruhilekoan justifikatu beharko du zertan erabili dituen agindu honetan araututako laguntzengatik jasotako funtsak. Helburua da erregularizatzea zentro horiei ikertzaileen ordainsari gordinetarako ordaindutako zenbatekoen eta, agindu honetan jasotako egoera guztiak aplikatuta, azkenean ematen direnen arteko aldea.
Horretarako, ezarpen-zentroak ziurtagiri bat helarazi beharko du Ikerketa Zuzendaritzara, eta ziurtagiri horretan adieraziko da zeintzuk diren erakunde horrek laguntzaren onuradun bakoitzari emandako urteko soldata gordina eta Gizarte Segurantzari emandako zenbatekoak. Zenbateko horien artean alderik badago, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez ebatziko da.
Hala ere, onuradunak bere kontratua amaitu baino lehenago amaitzen badu laguntzaren aldia, aldi hori amaitzen duenean justifikatuko du ezarpen-zentroak, aurreko paragrafoan aipatzen den moduan.
i) Dirulaguntza jasotako egoeraren xedea edo izaera asko aldatzen duen edozein gorabeheraren berri ematea, baita Hezkuntza Sailari laguntzea ere, jarduera horien egiaztapen-, inspekzio-, jarraipen- eta kontrol-prozeduretan.
2.– Ezarpen-zentroak nahitaez bete beharko du EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua (EAEko administrazio publikoen laguntzen eta dirulaguntzen araubideari buruzkoa), erakunde kolaboratzaile den aldetik, baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 15. artikuluan adierazitakoa ere.
4. ATALA
LAGUNTZA ONARTZEA, HARI UKO EGITEA ETA BATERAEZINTASUNAK
11. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Programa honetan araututako laguntzen onuradun den doktore ikertzaileak 10 egun balioduneko epea izango du laguntzari berariaz eta idazki bidez uko egiteko, kontzesio-ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan jakinarazten denetik aurrera, hala egin ezean, onartutzat joko da.
2.– Ikertzaile doktoreek dirulaguntza onartzen badute, 8. eta 9. artikuluetan jasotzen diren eskubideak onartzen dituztela eta betebeharrak betetzeko konpromisoa hartzen dutela ulertuko da, hurrenez hurren.
12. artikulua.– Laguntzari uko egitea.
1.– Uko-egiteen berri idatziz jakinarazi beharko da, ikertzaileak eta ezarpen-zentroko legezko ordezkariak izenpetutako idazki baten bidez. Bertan adieraziko da zein diren uko-egitearen arrazoiak, eta zein izango den horren eraginetarako data. Idazkia bide telematikoz bakarrik aurkeztu beharko da, laguntza egiteko erabili den aplikazio informatikoaren bidez. Uko-egitearen ondorioak hasteko eguna baino 10 egun baliodun lehenago egingo da jakinarazpen hori, beranduenez.
2.– Uko-egiteak Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez onartuko dira.
3.– Doktore ikertzaileak uko egiten badu, ezarpen-zentroak itzuli egin beharko ditu kontratua finantzatzeko erabili gabeko zenbatekoak. Uko egitearen ondorio ekonomikoak hasiko dira uko egite hori gauzatzen den egun berean, bidegabeko ordainketak gauzatu badira egin beharko diren itzultzeak eragotzi gabe. Onuradunak uko egin arte jasotako diru guztia itzuli egin beharko da, baldin eta laguntza erabiltzeko lehen hiruhilekoan uko egiten bada.
13. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.
1.– Programa honetako laguntza jasoz gero, oro har, ezin izango da funts publikoekin edo pribatuekin finantzatutako beste laguntzarik jaso –xede bera baldin badu–, ez eta soldatarik ere.
2.– Aurreko apartatuan ezarritakoa gorabehera, programa honetako laguntza bat jasotzea bateraezina da ZTBLren 22. artikuluan xedatutakoaren babesean eginiko Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sistemara sartzeko kontratu bat edukitzearekin edo eduki izanarekin, zeinaren bidez doktoreen hobekuntzarako programa bat –atzerriko ikerketa-zentroetan bi urteko edo denbora gehiagoko egonaldiak aurreikusten dituena– baliatu bada edo baliatzen ari bada, agindu hau ebatzi baino lehen..
3.– Salbuespen gisa, eta laguntzaren 12 hilabeteko hirugarren aldian bakarrik, Ikerketa Zuzendaritzak baimena eman ahal izango du irakasle-lanetan laguntzeko, prestakuntza-helburuei jarraikiz; urtean 30 orduz, gehienez ere, eta laguntzaren ikerketa-helburuari inolako kalterik eragin gabe.
Lankidetza hori masterreko (lehentasunez) edo graduko irakaskuntzan egingo da, eta ez du ordezkapenik eragingo irakasgaiaren ardura duen irakasleen irakaskuntzan, eta irakasgaiaren ardura duen irakasleekin batera egingo da. Ikertzailea ezin da inolaz ere aipatutako ikasgaiaren erantzulea edo koordinatzailea izan.
Lankidetzaren baimen-eskaera egiteko erabili den aplikazio informatiko beraren bidez eskatuko da lankidetza-baimena. Horretarako, aplikazio horretan dagoen txantiloia bete beharko da; kontratua hasteko aurreikusitako eguna baino hamabost egun lehenago gutxienez eskatu beharko da baimen hori, eta, ikerketa-arloan eskumena duen errektoreordearen onarpena izateaz gain, atxikitako departamentuko zuzendariak eta ikertzaileak sinatu beharko dute eskabidea.
4.– Halaber, laguntza horiek ikertzaileak prestatzeko direnez, ezingo da ikertzaileen hobekuntzarako laguntza berririk jaso Eusko Jaurlaritzatik, baldin eta diruz lagundutako programa amaitzen bada –balizko berritzeak barnean hartuta– edo hari uko egiten bazaio.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatu badira, edo, hala dagokionean, administrazio honek edo beste Administrazio Publiko batzuek emandako beste laguntza batzuk aldi berean lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere dirulaguntzari buruzko arauan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen baldin badira. Ondorio horietarako, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, zeinetan emandako zenbatekoak berriz doituko baitira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 18. artikuluan araututako itzulketa-espedientea hasiko da.
15. artikulua.– Jarraipena.
Ikerketa Zuzendaritzak egin beharko du ikertzaile doktoreek egin duten lanaren jarraipen zientifiko eta teknologikoa. Horretarako, prozedura egokiak ezarriko ditu, eta egoki irizten dituen organo, batzorde edo adituak izendatu ahal izango ditu, laguntzaren aplikazioaren beharrezko jarraipen- eta egiaztapen-jarduerak gauzatzeko, eta beharrezkotzat jotzen duen informazio osagarria aurkez dadila eskatzeko, Agindu honetan kasu bakoitzerako berariaz ezartzen den informazioaz gainera.
16. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.
Hezkuntza Sailak be-harrezko diren ikuskapenak eta kontrolak egin ahal izango ditu agindu honen helburuak betetzen direla bermatzeko, betiere Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eginkizunen kalterik gabe.
17. artikulua.– Ez-betetzea.
Laguntza itzultzeko prozedurari ekingo zaio laguntzaren onuradunak eta/edo ezarpen-zentroak edo erakunde kontratugileak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53.1 artikuluan adierazitako kasuetako batean sartzen badira, edo Agindu honetan eta bete beharreko gainerako arauetan aipatutako baldintzak edo betebeharrak betetzen ez badituzte, edo dirulaguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez badituzte –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikuluan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoaren arabera– eta laguntzak emateko ebazpenean arautzen diren baldintza edo betebeharrak betetzen ez badituzte.
18. artikulua.– Laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela deklaratzeko eta, hala badagokio, laguntza itzultzeko prozedura.
Agindu honetan xedatutakoa betetzen ez den kasuetan, hau izango da prozedura:
a) Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak emango dio hasiera prozedurari, eta Ikerketako zuzendariak jakinaraziko du. Prozedura hasiz gero, eten egingo dira oraindik egiteke dauden ordainketak.
b) Prozedura hasteko ebazpenak prozedura bera hastearen arrazoiak jasoko ditu eta 15 eguneko epean emango du egoki iritzitako alegazioak aurkezteko.
c) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro bada alegaziorik jaso gabe, amaiera emango zaio prozedurari, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen baten bidez.
Hamabi hilabetekoa izango da itzulketa-prozedura ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea.
Ebazpenak ulertzen badu arauak ez direla bete, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela aitortuko du, eta, hala badagokio, adieraziko du kopuruak EAEko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola, gehi laguntza ordaindu zenetik dagozkion legezko interesak; horretarako epea, gehienez ere, bi hilabetekoa izango da, ebazpena jakinarazten denetik aurrera. Epe hori borondatezko aldiaren epea izango da.
d) Borondatezko aldian laguntza itzultzen ez bada, horren berri emango zaio Ogasun eta Ekonomia Saileko Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu Sailburuordetzari, aplikatu beharreko legezko arauek xedatutakoari jarraikiz jardun dezan.
19. artikulua.– Datu pertsonalak.
Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan –Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa– eta otsailaren 25eko 2/2004 Legean –Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzkoa– ezarritakoari jarraikiz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatzeko eta argitaratzeko. Datuok Hezkuntza, Unibertsitate eta Kulturako sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduan jasotzen den «Bekadunentzako laguntzak» izeneko fitxategian sartuko dira (Ikerketa Zuzendaritzako 3. fitxategia da); agindu horren bidez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren datu pertsonalen fitxategi jakin batzuk arautzen dira.
Ikerketa Zuzendaritzan erabili ahal izango dira eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta aurka egiteko eskubideak; horretarako, idazki bat bidali beharko da agindu honetako 21.3 artikuluan adierazitako egoitzetatik edozeinetara.
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Ikerketa Zuzendaritzari, beste organismo publiko batzuetan egiaztatzeko aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
II. KAPITULUA
LAGUNTZEN IZAPIDEAK ETA EBAZPENA ETA LAGUNTZAK ARGITARATZEA
20. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Ikerketa Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.
21. artikulua.– Eskaerak formalizatzea eta aurkezteko epeak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan (https://www.euskadi.eus/zerbitzu_elkartzea/2019/posdoc/web01-tramite/eu) telematikoki eskuragarri egongo den inprimakiaren bitartez baizik ezingo da egin eskabidea. Helbide horretatik, izangaia aplikazio informatikoan sartuko da, eta bertan alta hartu beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazioan zehaztutako jarraibideak bete. Eskatzailearen identitatea egiaztatu egingo da, pertsona horren esanbidezko baimenarekin, datuak egiaztatzeko zerbitzuaren bitartez. Zerbitzu hori Administrazio Elektronikoari buruzko 21/2012 Dekretuaren bigarren xedapen gehigarrian jasota dago.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa bide elektronikoa erabiliz soilik aurkeztuko da, eta laguntza Berrietarako Agindu honetako 25. artikuluan eta Berritzeetarako 33. artikuluan azaltzen den dokumentazioa izango da.
2.– Eskabide telematikoa guztiz betetakoan, egoitza elektronikoak onartutako sinadura elektronikoaren edozein sistema erabiliz identifika badaiteke eskatzailea, eskabidea erregistratzeko prozesu elektronikoa osatu ahal izango du eskatzaileak.
3.– Eskatzailea ezin bada sinadura elektroniko bidez identifikatu, eskabide telematikoa bete eta amaitu ostean eta eskabidearekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa aurkeztu ondoren, eskabidearen inprimaki ofiziala lortuko da papereko euskarrian dokumentu hori soilik aurkezteko. Dokumentu hori honako bulego hauetako edozeinetan sinatuko da:
a) «Zuzenean» herritarren zerbitzuko bulegoetan:
– Bizkaia (Kale Nagusia, 85, 48011 Bilbao).
– Gipuzkoa (Andia 13, 20003 Donostia).
– Araba (Ramiro de Maeztu 10, behea, 01008 Vitoria-Gasteiz).
b) Euskal Herriko Unibertsitatearen Erregistro Bulegoetan, baldin eta Unibertsitate hori ezarpen-zentroa bada:
– Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz).
– Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia)
– Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z.g., 48940 Leioa).
– Bizkaiko 04 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
c) Posta-zerbitzua. Kasu horietan, gutun-azal irekian aurkeztuko da, igorri nahi den dokumentuaren lehen orriaren goiburuan argi eta garbi azaltzeko igorpen-data. Helbide honetara igorriko da:
Eusko Jaurlaritza-Gobierno Vasco.
Hezkuntza Saila (Ikerketa Zuzendaritza).
Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz (Araba).
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein lekutan.
e) Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatutako lekuetarik edozeinetan.
Inprimaki ofizialak eskabidea identifikatzeko zenbaki bat izango du. Inprimaki ofiziala eskuz edo elektronikoki aldatuz gero, eskabidea automatikoki baztertuko da.
4.– Eskabideak (berriak zein berritzeenak) aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
5.– Izangai bakoitzak eskabide bakar batekin parte hartu ahal izango du deialdi honetan.
6.– Behin eskabidea aurkeztuta, ezin izango da aldatu, aginduan zehazten diren salbuespenetan izan ezik.
7.– Agindu honetako II., III. eta IV. eranskinetan azaltzen dira eskabide-ereduak.
22. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Laguntzen eskabideak oso-osorik beteta etorri ezean, edo manuzko agiri guztiekin batera aurkezten ez badira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 artikuluaren arabera, interesdunari eskatuko zaio akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak telematikoki aurkezteko hamar laneguneko epe luzaezinean, 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan ezarritako prozeduraren arabera. Hala egiten ez bada, eskatzaileak eskaera egiteari uko egin diola ulertuko da; hala ere, Administrazioak uko edo atzera egite hori adierazten duen berariazko ebazpena eman beharko du. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 68.1 eta 21.1 artikuluetan arautzen den moduan jakinarazi beharko da ebazpen hori.
Zuzenketak egiteko errekerimenduak 30. artikuluko 4. apartatuan ezarritako prozedurari jarraikiz jakinaraziko dira.
III. KAPITULUA
LAGUNTZA BERRIAK, IKERKETA OROKORREKOAK ETA IKERKETA ESPEZIFIKOKOAK
1. ATALA
BETEKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
23. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
1.– a) Eskabidea aurkezterakoan EAEko udalerri batean erroldatuta egotea, gutxienez 2015eko urtarrilaren 1az geroztiko antzinatasunarekin.
b) Hala ere, onartu egingo dira, aurretik EAEn erroldatuta egonda, doktoretza-tesia doktoretza-programa batean egiteagatik baldintza hori betetzen ez duten eskatzaileak, bai eta, egoera horretan egonda, doktoretza-titulua eskuratu ostean beren ikerketa eten ez dutenak ere.
2.– Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, bizileku-baimena eduki behar dute.
3.– Doktoretza-titulua edukitzea, 2016ko urtarrilaren 1ean edo geroago lortutakoa, honako salbuespen hauekin:
a) Salbuespen gisa, eskatzaileak beharrezko titulua ez badauka baina titulu hori 2019ko urrirako lortzekotan badago, onartu egingo zaio eskabidea, eta behin-behinean ebaluatu ahal izango da, baldin eta gainerako nahitaezko agiriekin batera aurkezten badu tesia deposituan erregistratu delako ziurtagiria, edo proiektuaren zuzendariaren gutuna, eskatzailea 2019ko urrirako doktore-titulua ateratzeko moduan egongo dela ziurtatzen duena. Aipatutako titulua lortu delako ziurtagiria aurkezteko epea 2019ko azaroaren 4an amaituko da, egun hori barnean dela. Laguntza jaso ahal izateko, eskatzaileak doktore-titulua lortu duelako egiaztagiria aurkeztu beharko du. Horretarako, doktoretza-tituluaren eskubideak ordaindu izanaren agiriaren kopia aurkeztu beharko du, aplikazio informatikoaren bidez.
b) Doktoretza eskuratu zeneko data 2015eko urtarrilaren 1a edo geroagokoa ere izan daiteke, betiere egiaztatzen bada honako arrazoi hauetakoren baten ondorioz etenaldi bat egon zela:
– Amatasun edo aitatasun-atsedenaldiagatik; Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera.
– Eskatzailearen gaixotasun edota istripu larriagatik; hiru hilabete edo gehiagoko baja medikoarekin.
– Mendeko pertsonak 3 hilabetean edo luzaroagoan zaindu izanagatik, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean adierazitakoarekin bat etorriz.
Etenaldiak oso-osorik 2015eko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean gertatutakoak izan beharko dira. Era horretako etenaldirik gertatu bada, eskabidea aurkezteko unean hura jakinarazi eta egiaztatu beharra dago. Eskatzaileak doktoretza eskuratu zuenetik igarotako epearen zenbaketa soilik behin eta urtebetez atzera daiteke hizpide dugun etenaldiagatik.
24. artikulua.– Betekizunak betetzea.
1.– Onuradunek laguntza-eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute betekizunak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako betekizunak betetzen ez dituztenak edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez dutenak. Prozesuan parte hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea ekarriko du horrek.
25. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.
Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio informatiko bidez aurkeztu beharko da, eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.
1.– a) Eskatzailea gaur egun eta gutxienez 2015eko urtarrilaren 1etik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatzen duen agiria.
b) Doktoretza lortzeagatik edo doktoretza-ondoko ikerketaren bat egiteagatik baldintza hori beteko ez balu, ikasketa horien matrikula edo doktoretzako edo doktoretza-ondoko jardueren ikertzaile arduradunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko ditu, hala nola aurrez EAEn erroldatuta egon delako agiria, eta, justifikatu beharreko denbora horretan guztian beste autonomia-erkidego batean erroldatuta egon delako agiria, edo, atzerrian bizi bada, enbaxadako erregistroa.
2.– Bizileku-baimena. Europar Batasunetik kanpoko pertsonek bakarrik aurkeztu beharko dute agiri hau.
3.– Doktoretza-titulua edo horren eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria, doktoretza eskuratu zeneko data adierazita.
4.– 23.3.b) artikuluan zerrendatutako baldintzak direla medio, doktoretza 2015ean eskuratu delako ziurtagiria.
5.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (ikerketako errektoreordeak edo haren baliokideak, unibertsitateen kasuan), doktore ikertzailearekin lan-kontratua formalizatzeko.
6.– Atzerrian garatutako proiektuaren zuzendariak emandako ziurtagiria, espresuki honako hauek jasoko dituena: a) atzerriko zentroak eskatzailea onartuko duela 2020. eta 2021. urteetan, programa honen laguntza jasoz gero, eta b) aldi horri dagokion hobekuntza-programa baliozkotu dezala.
7.– Atzerriko ikerketa-proiektuaren zuzendariaren curriculum vitaea (azken 6 urteetakoa).
8.– Proposatutako hobekuntza-programa, eskatzailea hirugarren urtean sartuko den zentroko ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatua, eta eskatzaileak, ikerketa-prestakuntza osatu eta espezializazioan sakontzeko, laguntza-aldiko 36 hilabeteetan egin beharreko jarduerak jasotzen dituena (6 orrialdekoa izango da gehienez). Honako hauek jaso beharko ditu proposamenak:
a) Titulua eta laguntza-aldian gauzatu beharreko ikerketa-proiektuaren memoria zientifiko-teknikoa (gehienez, 3 orrialdekoa). Bertan adierazi beharko ditu atzerriko egonaldian eta hiru urteren buruan ezarpen-zentrora itzultzen denean bete nahi dituen helburuak, gauzatuko dituen lanak eta espero dituen lorpenak, hala nola sortzea espero dituen ekarpen zientifikoak.
b) Lortu nahi diren helburuen eta garatu nahi diren konpetentzien zerrenda.
c) Hobekuntza-programaren interes zientifikoaren eta /edo sozialaren laburpena.
d) Hiru urte horietan aurreikusitako jardueren kronograma edo egutegia.
e) Ezarpen-zentroko eta EAEko beste ikerketa-zentro batzuetako eta atzerriko zentroetako ikertzaileen artean hasi eta/edo sendotu nahi diren lankidetzen proposamenak, hala nola laguntzaren eskatzaileak zein hirugarren urtean kidetuko den ikerketa-taldeak eskuratzea espero ditzaketen etekinak.
9.– Memoria (gehienez ere, 3 orrialdekoa), eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldeari buruzkoa, haren zientzia-kalitatea eta prestakuntza-ahalmena adierazita.
10.– Ezarpen-zentroko proiektuaren zuzendariaren curriculum vitae laburtua (azken 6 urteetakoa). Bertan, soilik azken 6 urteetako merezimendu zientifikoak bilduko dira. Ingelesez edo EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu ahal izango da hori.
CV hori 6 urtetik gorakoa izan ahalko da, betiere ikerketa-proiektuaren zuzendariak honako hauen ondorioz izandako etenaldiak egiaztatzen baditu: amatasun- edo aitatasun-atsedenaldiak, Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean jasotako babespeko egoeren arabera hartuak. Kasu horretan, 6 urteko muga hori luzatu egingo da, aipatutako etenaldiaren iraupenaren arabera.
Eskabideak zuzentzeko izapidea –bidezkoa bada– egin ostean, artikulu honen 7. eta 10. apartatuek aipatzen duten nahitaezko agiria –denbora-muga gainditzen duten edukiak jasotzen dituena– ez da onartuko, eta, ondorioz, interesdunak hautaketa-prozesutik baztertuko dira.
11.– Eskatzailearen curriculum vitae normalizatua.
12.– Ikertzaileen bi aipamen-gutun, eskatzailearen ibilbide zientifikoaren berme gisa.
13.– Programa honetako laguntza jasoz gero, eskatzailea hirugarren urtean sartuko den ikerketa-proiektuaren zuzendariak sinatutako egiaztagiria, non espresuki adieraziko baita eskatzailea 2022. urtean onartuko dela.
14.– Eskabidean azaltzen den erantzukizunpeko adierazpenean jasotakoak egiaztatzen dituen dokumentazioa, halakorik behar izanez gero.
15.– Aplikazioan horretarako dauden txantiloien bidez aurkeztu beharko da 5., 8., 9., 10. eta 11. artikuluetan eskatutako dokumentazioa.
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak, edo ingelesez. Era berean, dokumentazioa normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo agindu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
2. ATALA
HAUTAPEN- ETA ESLEIPEN-PROZESUA
26. artikulua.– Hautapen-prozesuko onarpen-prozedura.
1.– Eskabideak zuzentzeko epea igaro eta eskabideok ebatzi ostean, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak ebazpena emango du, hautapen-prozesuan onartutako eta baztertutako pertsonen gainekoa. Era berean, ebazpen horretan adieraziko da noiz egingo dituzten elkarrizketa pertsonalak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi beharrekoak.
Ebazpena jakinarazteko, 30. artikuluaren 4. apartatuan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
2.– Elkarrizketa pertsonaletara joan ahal izango dira, badaezpada, aurreko paragrafoan adierazitako ebazpenean baztertutako pertsonak, arlo bakoitzeko aholku-batzorde espezifikoek balioetsi ditzaten; horretarako, egiaztatu beharko dute errekurtsoa jarri nahi dutela baztertzearen aurka. Errekurtso hori ezesten bada, elkarrizketa pertsonalak ez du baliorik izango, eta aholku-batzorde espezifikoak ematen duen balorazioak ere ez.
27. artikulua.– Aholku-batzorde espezifikoak, ebaluazio-irizpideak eta baremoa.
1.– Hautapen-prozesurako onartutako pertsonak I. eranskinean definitutako arlo bakoitzari dagokion aholku-batzorde espezifikoak balioetsiko ditu.
2.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak sona handiko pertsonak izango dira ikasketa- eta ikerketa-eremuan, eta Hezkuntzako sailburuak izendatuko ditu.
3.– Aholku-batzorde espezifikoek ebaluatuko dituzte onartutako eskabideak, eta txosten zientifiko-tekniko bat emango dute, irizpide hauen arabera hautagai bakoitzari emandako puntuazioekin:
– Eskatzailearen curriculum vitaea. 25 puntu gehienez.
– Hobekuntza-programa.– Laguntza-aldiko 36 hilabeteetarako aurreikusitako hobekuntza-programaren kalitatea, interesa, koherentzia eta bideragarritasuna eta ikertzaile eskatzailearen hobekuntza, espezializazioan eta nazioartekotzean izango duen eragina, hala nola hirugarren urtean sartuko den ikerketa-taldean izango duena, eta EAEko ikerketa-sistemak horretaz guztiaz espero ditzakeen etekinak. 25 puntu gehienez.
– Atzerriko zentroa eta atzerrian gauzatzekoa den ikerketa-proiektuaren zuzendaria.– Zentro hartzaileak proiektuaren arloan duen prestigioa eta proiektu-buruaren zientzia-historia. 20 puntu gehienez.
– Ezarpen-zentroa eta EAEko ikerketa-proiektuaren zuzendaria.– Ezarpen-zentroak proiektuaren arloan duen prestigioa, eta ikerketa-proiektuaren eta taldearen zuzendariak duen zientzia-historia. 10 puntu gehienez.
– Elkarrizketa pertsonala.– Aurrez aurrekoa izango da elkarrizketa, eta eskatzailearen prestakuntzari eta curriculumari, hobekuntza-programari eta ikerketa-proiektuari edo egoki irizten den beste edozein alderdiri buruz hitz egingo da bertan. 20 puntu gehienez.
4.– Prozesutik ateratzeko arrazoi izango da hautagaia elkarrizketara ez agertzea edo 75 puntu baino gutxiago eskuratzea.
28. artikulua.– Nola jokatu elkarrizketetan.
1.– Aholku-batzorde espezifikoetako kideak ez badira ondo moldatzen ebaluatu behar duten pertsonak aukeratzen duen hizkuntza ofizialean –EAEko hizkuntza ofizialean–, Ikerketa Zuzendaritzak bermatu beharko du, batetik, intereseko agiriak itzultzeko zerbitzua, eta, bestetik, aldibereko itzulpen-zerbitzua, elkarrizketa pertsonalerako.
2.– Ikerketa Zuzendaritzak giza baliabide eta baliabide material osagarriak emango dizkie desgaitasuna duten pertsonei, egingo dituzten elkarrizketetan aukera berak izango dituztela bermatuko dizkieten baliabideak, hain zuzen ere.
3.– Ikerketa Zuzendaritzak, hautapen-probetan aukera- eta tratu-berdintasuna bermatzeko xedez, deialdiaren baldintzak egokitu ahal izango ditu, proba egingo den lekura iristeko ezintasuna duten pertsonak daudenean (osasun-eragozpen larriak dituztenean, batzordeak askatasunez balioetsiak). Batzordeari egoera horren berri eman ahal izango zaio proba egin baino lehen, eta mediku-ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da. Elkarrizketara joan ezina dakarren eragozpena aurreikusteko modukoa denean, astebete lehenago jakinarazi eta egiaztatu beharko da.
29. artikulua.– Laguntzak esleitzeko prozedura.
1.– Agindu honetan araututako laguntza berriak emateko prozedura lehiaketa izango da.
2.– Ebaluazioaren emaitzak hautapen-batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Ikerketako zuzendaria, zeina batzordeburu izango baita; Unibertsitate Politika eta Koordinazioko zuzendaria, eta Ikerketa Zuzendaritzako teknikari bat, zeinak idazkari-lanak egingo baititu.
3.– Hautapen-batzordeak deialdiaren oinarriak zuzen aplikatzen direla gainbegiratuko du, baliabideak esleituko ditu eta dagokion ebazpen-proposamena emango dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.
4.– Hau izango da laguntzok esleitzeko prozedura:
1) Laguntza berriak ikerketa orokorrean: arlo guztietan onuradunak izateko gisan eta arlo bakoitzean emandako laguntza-kopurua portzentualki uniformea izateko gisan egingo da esleipena, arlo bakoitzean eskabide hautagarrien kopuruak hala ahalbidetzen badu, betiere. Honela egingo da esleipena:
a) Aholku-batzordeak egindako balorazioaren ordenari jarraituz ordenatuko dira arlo bakoitzeko eskabide hautagarriak, eta portzentaje hau emango zaie puntuazio handiena erdietsi duten baina gainditu ez duten eskabideei: laguntza berrien kopurua (24) / eskabide hautagarrien kopurua.
b) Aurreko prozedura egin eta gero, laguntza guztia esleitu ez bada, emandako laguntzen azken portzentajea a puntuan zehaztutako portzentajera gehien hurbiltzen den arloetan emango dira laguntzak.
2) Laguntza berriak ikerketa espezifikoan: puntuazio handienetik txikienera ordenatuko dira eskabide hautagarriak, eta puntuazio handiena erdietsi duten biei emango zaie.
5.– Honako hauek jasoko ditu ebazpen-proposamenak: pertsona onuradunen zerrenda eta dagokien zenbateko ekonomiko xehatua, eskuragarri dagoen kreditu-mugara arte; ordezkoen zerrenda, arlokako puntuazio handienetik txikienera ordenatua, 75 puntu edo gehiago eta aholku-batzorde espezifikoaren balioespen positiboa jaso badute ere, laguntza-proposamenean sartu ez diren eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta; eta, baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
30. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez emango edo ukatuko dira laguntza berriak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta hauek jasoko ditu: pertsona onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak; ordezkoen zerrenda, 75 puntu edo gehiago jasota ere , laguntzarik jaso ez duten eskabideak; ukatutako eskabideen zerrenda, ukatzeko arrazoiak adierazita; eta baztertutako eskabideen zerrenda, baztertzeko arrazoiak zehaztuta.
3.– Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da ebazpena, beranduenez. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena. Gainera, ebazpenak publikotasuna izan dezan, EHAAn ere argitaratuko da, jakinarazpen horretatik aurrera 6 hilabeteko epean.
5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.
6.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute interesdunek Hezkuntzako sailburuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bidez. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen egunaren biharamunetik hasita.
7.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez, laguntzak emango zaizkie ordezkoen zerrendetan azaltzen diren eskatzaileei honako kasu hauetan: laguntzak emateko ebazpena argitaratu eta hurrengo 10 egunetan uko egiten den kasuetan, eta eskatutako dokumentazioa ez aurkeztearren laguntza eman gabe geratzen denean (23.3 artikuluan adierazitako kasuetan).
Hutsik geratutako plazari dagokion arloan emandako azken laguntzaren ondorengo lekuan dauden pertsonei emango zaizkie laguntza horiek. Arlo horretan erreserbarik ez badago beste arlo batzuetako eskatzaileei eman ahal izango zaizkie, lortutako balioespenaren eta EAErentzat duen interes zientifikoaren arabera.
Ondorio horietarako, laguntzak emateko proposamena jakinaraziko die laguntzak emango dituen organoak interesdunei, 10 eguneko epe luzaezinean onar dezaten. Behin proposamena onartutakoan, laguntza emateko ebazpena emango du, eta interesdunei jakinaraziko.
V. KAPITULUA
LAGUNTZAK BERRITZEA
1. ATALA
BETEKIZUNAK ETA DOKUMENTAZIOA
31. artikulua.– Betekizunak.
1.– 2018-2019 ikasturtean emandako doktoretza-ondoko laguntza baliatzen aritzea (laguntza berria edo lehenengo berritzea), Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenaren arabera, agindu honek ondorioak dituen egunean.
2.– Ikerketa-proiektuko lanerako planean aurreikusitako jardueren aprobetxamendua egiaztatzea, aldeko txosten baten bidez, modalitatearen arabera dagokion egiaztagiriaren bitartez.
32. artikulua.– Betekizunak betetzea.
1.– Onuradunek eskaera aurkezten dutenean egiaztatu beharko dute baldintzak betetzen dituztela, berariaz aipatutako salbuespenetan izan ezik.
2.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira eskatutako betekizunak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten pertsonak. Prozesuan parte hartzeagatik sor daitezkeen eskubide guztiak galtzea ekarriko du horrek.
33. artikulua.– Nahitaez aurkeztu beharreko agiriak.
Ondoren adieraziko den dokumentazioa aplikazio bidez aurkeztu beharko da eskabide-orriarekin batera, 21. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan adierazitakoaren arabera.
1.– Laguntza jaso zuenez geroztik ikerketa-hobekuntzaren alorrean gauzatutako jardueren txostena (hiru orrialde gehienez). Ingelesez idatzitako txostenak onartuko dira.
2.– Txostena, atzerriko proiektuaren zuzendariak izenpetua, berritzea eskatu duenaren ikerketa- eta prestakuntza-jarduerei, errendimenduari eta hurrengo ikasturterako aukerei buruzkoa (lehenengo berritzea eskatzen dutenen kasuan bakarrik azken hori).
3.– Ezarpen-zentroaren konpromisoa, bertako lege-ordezkariak sinatua (Ikerketako errektoreordeak, unibertsitateen kasuan), indarreko lan-kontratua luzatzeko.
4.– Eguneratze-memoria (gehienez, orrialde 1ekoa), ikerkuntza-hobekuntzako programari buruz, eskatzaileak 2020an gauzatu beharreko jarduerak jasota dituena (bakarrik bigarren luzapenaren eskatzaileek aurkeztekoa). Memorian adierazita egon behar da ezarpen-zentroarekin, eta hala badagokio, EAEko beste ikerketa-zentro batzuekin zein atzerriko zentroarekin izandako lankidetza-modalitatea.
5.– Ezarpen-zentroak lan-kontratuaren luzatze-konpromisoa emateko, eskatzaileak 2020an sail batek onartzen duela egiaztatu beharko du (bakarrik bigarren luzapenaren eskatzaileek aurkeztekoa).
EAEko hizkuntza ofizialetako batean aurkeztu beharko dira memoriak, edo ingelesez. Era berean, dokumentazioa normalizatu gabeko formatuetan aurkeztuz gero edo agindu honetan zehaztutakoak baino orrialde gehiago izanez gero, eskabidearen zuzendu beharreko hutsunetzat joko dira.
2. ATALA
ESLEIPEN-PROZEDURA ETA EBAZPENA
34. artikulua.– Esleitzeko prozedura.
Laguntzak berritzeko ez da lehiaketa-prozedura bidez gauzatuko. Horrenbestez, aurrekontu-aukerak kontuan izanik, berritzea onartuko da eskaera garaiz eta forma egokian aurkezten denean, betiere 31. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badira.
35. artikulua.– Ebazpena, ebazteko epea, jakinarazpena, errekurtsoak eta publikotasun-prozedura.
1.– Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen esanbidezko ebazpen bakarraren bidez eman edo ukatuko dira berritzeak, hautapen-batzordeak emandako ebazpen-proposamena aintzat hartuta.
2.– Ebazpen hori arrazoitu egin beharko da, eta onuradunen zerrenda eta dagozkien zenbateko ekonomiko xehatuak jasoko ditu; halaber, eskabide ukatu eta baztertuen zerrenda bana jasoko du, eta ukatzeko eta baztertzeko arrazoiak azalduko.
3.– Ebazpena sei hilabeteko epean eman eta jakinarazi beharko da beranduenez, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera. Adierazitako epe horretan ebazpena jakinarazten ez bada, eskabideak ez direla onartu ulertuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 24. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuz egingo da jakinarazpena. Gainera, ebazpenak publikotasuna izan dezan, EHAAn ere argitaratuko da, jakinarazpen horretatik aurrera 6 hilabeteko epean.
5.– Alde batera utzi gabe aurreko 4. apartatuan ezarritakoa, Ikerketa Zuzendaritzak argitalpenen berri bidali ahal izango die interesdunei, SMS edo posta elektroniko bidez. Abisu horiek ez dute, inolaz ere, egindako jakinarazpen balioa izango.
6.– Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dute interesdunek Hezkuntzako sailburuaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoaren bidez. Horretarako, hilabeteko epea izango dute, ebazpena www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratzen egunaren biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Aplikatu beharreko araudia.
Agindu hau honako hauetan xedatutakoaren mende egongo da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, horretarako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112. artikuluan eta ondorengoetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautu duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko ekainaren 4a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
EBALUAZIO-ARLOAK
Oinarrizko Zientziak
1. arloa.– Lurraren zientziak. Lur-sistemari buruzko ikerketak dagozkio, Biosferaren, Litosferaren, Hidrosferaren eta Atmosferaren historia eta bilakaera, haien arteko elkarreraginak, egungo egoera eta etorkizunean izan dezaketen eboluzioa barne hartuta. Honako hauek barne hartzen ditu: Mineralogia, Petrologia, Paleobiologia, Tafonomia, Geomorfologia, Hidrologia, Barne Geodinamika, Geofisika, Estratigrafia, Sedimentologia, Meteorologia, Klimatologia eta Atmosfera, eta Ingurumenaren Geokimika.
2. arloa.– Fisika eta Espazioaren Zientziak. Fisika eta Espazioaren Zientziei buruzko ikerketak dagozkio, Fisika modernoaren berezko jakintza-arloekin batera: Fisika Kuantikoa eta materiaren eta unibertsoaren egituran dauzkan aplikazioak. Alor hauek barne hartzen ditu: Biofisika, Optika, Sistema Konplexuak, Fenomeno ez-linealak, Nanoteknologia, Konputazio Kuantikoa, Energia Handiko Fisika Esperimentala, Materia Kondentsatuaren Fisika, Astrofisika eta Astronomia.
3. arloa.– Matematikak. Matematikaren ikerketa-esparrua dagokio, eta alor hauek barne hartzen ditu: Geometria, Topologia, Zenbakizko Analisia, Matematika Aplikatua, Aljebra, Analisi Matematikoa, Estatistika eta Ikerketa Operatiboa.
4. arloa.– Kimika. Honako alor hauek ikertzea du xede, molekula-mailatik maila makroskopikoraino: substantzia naturalen, sintetikoen eta haiek dauzkaten laginen konposizioa, egitura, prestaketa eta propietateak, esperimentatzen dituzten elkarreraginak eta transformazioak, haien mekanismoa, haiek aztertzeko beharrezko tresneria eta ikertzeko beharrezko metodologia esperimentala eta/edo teorikoa. Alor hauek barne hartzen ditu: Kimika Ez-organikoa, Kimika Organometalikoa, Katalisia, Kimika Supramolekularra, Material Molekularrak, Nanokimika, Kimika Biologikoa, Kimika Bioteknologikoa, Kimika Fisikoa, Kimika Analitikoa eta Kimika Organikoa.
Bizitza- eta osasun-zientziak
5. arloa.– Funtsezko Biologia eta Sistemena. Oinarrizko zenbait ikerketa-esparru hartzen ditu: Biologia Molekularra eta Zelularra, Genetika, Neurobiologia eta Garapena, Mikrobiologia, Birologia, Landareak, Minbizia eta Desberdintzea, Fisiologia, Immunologia eta Biologia konputazionala, estrukturala eta sistemena, honako salbuespen hauek kontuan hartuta: xede nagusiak patologiekin lotura zuzena izatea eta/edo gizakien osasuna hobetu nahi izatea.
6. arloa.– Biomedikuntza. Eragin biomediko handiko oinarrizko azterketak eta ikerketak dagozkio: gaixotasunen oinarrizko ereduak eta mekanismoak, diagnostiko molekularra edo zelularra, estrategia terapeutikoak, farmakologia molekularra eta sistemena, eta molekula bioaktiboak identifikatzea eta aurkitzea. Arlo hauek barne hartzen ditu: Mikrobiologia, Immunologia, Birologia, Gizakiaren Fisiologia, Farmakologia, Nutrizioa eta beste hainbat gai, arazo medikoei gehienbat esparru klinikora hurbildu gabe heltzen badiete, hala nola Biologia Zelularra eta Molekularra, Kardiobaskularra, Neurozientziak, Anatomia, Hepatologia, Heriotza Zelularra, Genetika, Minbizia, Endokrinologia, Gaixotasun Metabolikoak, Farmakoak aurkitzea, Farmakologia Molekularra, Farmakologia Orokorra eta Sistemena, Fisiologia Zelularra eta Sistemena.
Batez ere giza jatorriko materiala barne hartzen duten edo gizakiengan esperimentatzea eskatzen duten ikerketak Medikuntza Kliniko eta Epidemiologiako arloari dagozkio.
7. arloa.– Medikuntza Klinikoa eta Epidemiologia. Helburutzat gaixotasuna, haren mekanismoak edo izan litzakeen tratamenduak hobeto ezagutzea duten ikerketa guztiak dagozkio, eta ikerketen zati handi bat gizakietan egiten bada, batez ere giza jatorriko materiala barneratzen du, edo beharrezkoa da proba klinikoak egitea. Honako hauek hartzen ditu: Kirurgia eta Aurpegi-masailetakoa, Epidemiologia, Osasun Zerbitzuak, Gaixotasun Metabolikoak, Gaixotasun Kardiobaskularrak, Minbizia, Gaixotasun Infekziosoak, Neurologia, Psikiatria, Miszelanea.
Kirolaz eta osasunaz egiten diren ikerketak zeharkakoak izaten dira, eta arlo hau gomendatutakoa izan arren, litekeena da proiektuari beste arlo batetik heltzea egokiago izatea, eta aukera hori kontuan hartu behar da.
8. arloa.– Landare eta Animalia Biologia, Ekologia, Ingurumena. Organismo bizidunen dibertsitateari buruzko ikerketa-esparrua dagokio, bai eta, biosferaren eremuan, haien bilakaera eta elkarreragina ere. Egitura-, funtzio- eta dinamika-alderdiak organismoen eta ekosistemen biologiaren zenbait espazio- eta denbora-eskalatan kontuan hartzen dira: Itsas Ekologia, Mikrobiologia, Eboluzio Sistematikoa, Genetika, Landareen Kontserbazioa, Lurreko Ekologia, Fisiologia, Landare Bioteknologia, Animalien Sistematika.
9. arloa.– Elikagaien Zientzia eta Teknologia. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza. Elikagaien Zientzia eta Teknologiari elikagaien kalitateak zer ezaugarri dituen jakiteko ikerketak dagozkio; besteak beste, hauek jakitekoak: oinarri fisikoak, kimikoak eta biokimikoak, elikagaien mikrobiologia eta bioteknologia, osagai funtzionalak nola lortu eta haien bioeskuragarritasuna eta ebaluazioa. Honako hauek barne hartzen ditu: Metabolismoa, Nutrizioa, Analisi Teknika Aurreratuak, Makromolekula Biologikoen Kimika, Elikagaien Segurtasuna, Elikagai Funtzionalak, Herdoilaren aurkako Ezaugarriak eta Osasunarentzako Ondorioak, Analisia Sistema Biologikoetan, Elikagaien Mikrobiologia, Prozesu Teknologikoak, Kontserbazio Teknologia Berriak, inplikatutako entzima-sistemen Ezaugarri Biokimikoak eta Molekularrak. Nekazaritzari landareen fitotekniarekin eta erabilerarekin eta nekazaritza- eta baso-sistemen kudeaketarekin zerikusia duten ikerketak dagozkio; besteak beste: erlazio hidrikoak eta lurraren eta landarearen arteko elkarreragina, landareen hobekuntza genetikoa, landaketen fisiologia eta produktibitatea, gaixotasunak, izurriteak eta belar txarren ikerketa, hala nola Nekazaritza Ekonomiaren eta Politikaren esparruko beste batzuk. Abeltzaintzari eta Arrantzari, berriz, xedetzat honako alor hauek dituzten ikerketak dagozkie: ekoizpena, gaixotasunak eta haiei aurrea hartzeko estrategiak, abeltzaintzarako interesekoak diren animalia-espezieen ugalketa eta genetika, akuikultura eta basa-fauna.
Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura.
10. arloa.– Teknologia Mekanikoak eta Ekoizpenerakoak.
Ingeniaritza mekanikoen eta ekoizpen-ingeniaritzen alorreko ikerketa guztiek osatzen dute, bai funtsezkoek bai aplikatuek; ikerketa horien artean hauek aipa daitezke: Materialen Zientzia eta Teknologia, Materialen Modelaketa, Biomekanika, Aleazio Magnetikoak, Sentsore Magnetikoak, Termoenergetika, Termoteknia eta Energia Mekanikoa, Mekanika Estrukturala, Mekanika Konputazionala, Energia, Energia Termikoaren Biltegiratzea, Optimizazio Energetikoa, Fabrikazioa, Konformazio Plastikoa, Xafla Konformazioa, Haustura eta Nekea, Makinak eta mekanismoak, Haustura Konputazionalaren Mekanika, Elementu Finituen Metodoa. Arlo honetakoak dira industria- eta ingurumen-prozesuak osatzen dituzten operazio fisiko, kimiko edo biokimikoen sorrera eta funtzionamendua hobetzeko Ingeniaritza eta Teknologia Kimikoan egiten diren ikerketak, baina kontuan izan behar da proiektuak kokapen egokiagoa izan dezakeela beste arlo batean.
11. arloa.– Komunikazio, Konputazio eta Elektronikaren Ingeniaritzak.
Ingeniaritza Elektriko, Elektroniko eta Automatikoak Ingeniaritza Elektriko klasikoaren eta kontrolaz diharduenaren gaikako eduki osoak eta Ingeniaritza Elektronikoaren edukien zati bat barne hartzen dute. Ingeniaritza Elektriko klasikoaren barruan makina elektrikoen diseinu eta erabilerari, energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko prozesuei eta haien kudeaketari lotutako ikergaiak daude. Kontrolaren ingeniaritzak sistemen modelaketari, kontrol-teoria sistemetan aplikatzeari eta industria- eta etxe-prozesuak automatikoki kontrolatzeko gailuen eta ekipoen garapen eta erabilerari lotutako gaiak hartzen ditu barnean. Ingeniaritza Elektronikoaren barruan honako alor hauek daude: Kontrolaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektrikoa, Gailu Elektronikoak, Mikroelektronika. Konputazioaren eta Teknologia Informatikoaren Zientzietan egiten diren ikerketek alor hauekin dute zerikusia: Softwarearen Ingeniaritza; Datu Basea eta Segurtasuna; Konputagailuen eta Banatutako Sistemen Arkitektura; Sistema Adimendunak; Prestazio Handien Konputazioa eta Irudiaren Prozesaketa, Elektronika, Teknologia Fotonikoa, Komunikazio Optikoak, Telematika, Seinalearen Prozesaketa.
12. arloa.– Arkitektura, Ingeniaritza Zibila, Eraikuntza eta Hirigintza. Ingeniaritza Zibilak eta Arkitekturak barne hartzen dute azpiegitura zibilak hobeto planifikatu, diseinatu, eraiki, kontserbatu eta kontrolatzeko ikerketa guztia, bai eta arkitektura-eraikuntzei, hirigintzari eta lurraldearen antolaketari lotutakoa ere.
Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak
13. arloa.– Hezkuntza Zientziak. Psikologia. Psikologian egiten diren ikerketa guztiek osatzen dute, bai eta honako hauek ere: oro har, didaktikarekin zerikusia duten ikerketak; hezkuntza-gaietako didaktika espezifikoak; eta hezkuntzaren alderdi historikoak, psikologikoak eta metodologikoak. Alor hauek barne hartzen ditu: Pedagogia, Didaktika, Hezkuntzaren Psikologia, Nortasuna, Ebaluazio eta tratamendu psikologikoak, Psikobiologia, Oinarrizko Psikologia, Psikologia Ebolutiboa eta Hezkuntzarena, Psikologia Soziala, Portaera Zientzien Metodologia.
14. arloa.– Gizarte Zientziak. Diziplina hauekin zerikusia duten zientzia-helburuak aztertzen ditu: Soziologia, Gizarte Ikerketarako Teknikak, Zientzia Politikoa eta Administrazioarena, Kazetaritza, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Publizitatea, Giza Geografia.
15. arloa.– Zuzenbidea. Ordenamendu juridikoko sektore eta diziplina guztiak biltzen ditu, ikuspuntu nazionaletik bezala nazioarteko ikuspuntutik ere. Arloan gai hauek sartzen dira: Zuzenbide Konstituzionala, Zuzenbide Administratiboa, Zuzenbide Zibila, Zuzenbide Prozesal Zibila, Zuzenbide Penala, Zuzenbide Prozesal Penala, Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Nazioarteko Zuzenbide Pribatua, Europako Erkidego Zuzenbidea.
16. arloa.– Ekonomia. Ikerketa-esparrutzat honako hauek ditu: ekonomiaren oinarri teorikoak, metodo kuantitatiboen erabilera eta garapena eta haien aplikazio enpirikoa askotariko arazo ekonomikoetan. Diziplina ekonomikoek honako alor hauek hartzen dituzte: Ekonomia Aplikatua, Mikroekonometria, Lan Ekonomia, Familien Ekonomia, Enpresen Antolaketa, Gobernu Korporatiboa, Aplikazioak bankuetan eta zerbitzuetan, Erakundeen Ekonomia, Enpresen erregulazioa, konkurrentzia eta portaera, Gizarte Erantzukizun Korporatiboa, Analisi Ekonomikoaren Oinarriak, Teoria Ekonomikoa, Ekonomia Matematikoa, Informazioaren Ekonomia, Jokoen Teoria, Ekonomia Industriala, Makroekonomia, Nazioarteko Ekonomia, Finantza Enpirikoak.
17. arloa.– Filologia eta Filosofia. Filologia-esparruan Hizkuntza- eta Literatura-ikerketak sartzen dira, bai eta haiek kulturarekin eta gizartearekin dituzten harremanak ere. Diziplina horiei ikuspuntu teorikotik heltzen dieten lanak eta edozein historia-alditako hizkuntza edo literaturei buruzkoak biltzen dira arlo honetan. Bai eta Itzulpena eta Interpretazioa gaitzat dituzten ikerketak eta hizkuntzarekin eta literaturarekin zerikusia duten aplikazio eta baliabide teknologikoak garatzen dituztenak ere. Filosofiaren esparruari dagokionez, honako gai hauek ikertzen dira: errealitateari buruzko gai orokorragoak, haiek ezagutu ote ditzakegun, giza izaera eta gizakiak munduan betetzen duen lekua, bai eta zientzia partikularretan planteatzen diren eztabaida metodologiko eta kontzeptual orokor guztiak ere. Alor hauek barne hartzen ditu: Literatura, Espainiar Literatura, Filosofia, Logikaren eta Hizkuntzaren Filosofia, Literatura Konparatua, Hizkuntza, Hizkuntzalaritza Orokorra, Filologia Klasikoa, Greziar Hizkuntzalaritza, Euskal Filologia, Filologia Modernoak, Literatura Ingelesa, Genero Ikasketak, Logika, Zientziaren Filosofia.
18. arloa.– Historia eta Artea. Historia-diziplina guztiak sartzen dira, garaien eta espezialitateen arabera, hala nola Arkeologia, eta Zientzia eta Teknika Historiografikoak. Artearen esparruan gai hauek biltzen dira: Artearen Historia, Estetika eta Arteen Teoria, Musikaren Historia, Zinemarena eta Ikus-entzunezkoena, Konposizio Arkitektonikoa, Hirigintza eta Lurraldearen Antolaketa, Eskultura, Pintura eta Marrazketa, bai eta arte-ondarea zaharberritu eta kontserbatzearekin zerikusia duten zientziak eta teknikak ere.
II. ERANSKINA
IKERKETA OROKORREKO LAGUNTZA BERRIEN ESKABIDE INPRIMAKIA
III. ERANSKINA
IKERKETA ESPEZIFIKOKO LAGUNTZA BERRIAK ESKATZEKO INPRIMAKIA
IV. ERANSKINA
LAGUNTZA BERRITZEKO ESKABIDE-INPRIMAKIA