EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019109

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 21ekoa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuarena, «Retail Training» merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programa arautzen eta deitzen duena 2019ko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2019-05-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201902817
Maila: Agindua
XI. legegintzaldi honetako Euskadi 2020 gobernu-programan, I.1 ardatzaren barruan. 31. konpromisoan («Euskal merkataritza-sektorearen lehiakortasuna sustatzea»), enplegu gehiagokoa eta hobeko hazkunde irmoa aipatzen da; han dago jasota toki-merkataritzari lagundu egin behar zaiola, eta, horretarako, haren lehiakortasuna sustatu behar dela, enplegua finkatzeko eta herri nahiz hiriak dinamizatzeko funtseko osagaia delako, hiriko espazioak eraginkortasunez kudeatuta.
2017-2020 aldirako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Plan Estrategikoan, Jaurlaritzak turismoan, merkataritzan eta kontsumoan sustatu beharreko jarduera publikoko arlo lehenetsiak zehazten dira, betiere XI. legegintzaldirako gobernu-programan oinarrituta. Izan ere, plan estrategiko hori da sailaren politika publikoen plangintza egiteko lanabesa eta administrazio honi arlo horretan dagozkion jarduerak antolatzeko eta koordinatzeko bitarteko egokia.
Barne-merkataritzari dagokionez, plan estrategikoaren helburuetako bat honako hau da: sektore-lehiakortasuna sustatzea, elkarteekin elkarlanean jardunez, eta ikuspegi berritu eta eraginkor baten bidez. Horretarako, hainbat lan-ardatz eta jarduketa-lerro zehaztu dira, horietako bakoitzaren helburuaren arabera. IV. esparruan edo ardatzean (Politikak sektorera eta lurraldera eramateko erremintak), honako helburu hau geneukan finkatuta: merkataritza-politiken efikazia hobetzea, lidergo publikoa indartuta politika horien diseinuari, aplikazioari eta segimenduari dagokienez, eta ahaleginak eta optimizazio operatiboa horretarako eskura diren giza baliabideetara eta baliabide teknikoetara bideratzea.
Bestetik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Dirulaguntzen 2019rako Plan Estrategikoan dago jasota laguntzen programa hau.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren helburuetako bat honako hau da: programen bidez, behar diren inguruabarrak ematea merkataritza-banaketaren sektoreko gaikuntza, prestakuntza eta profesionaltasuna hobetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan; helburu horretarako, ezinbestekoa izango da enpresa-kudeaketako arloetan behar bezala kualifikatutako profesionalak izatea.
Merkataritzako beka-programa honek iazko bide berean egiten du aurrera, hainbat azterlan eta hausnarketaren emaitza izan ziren eta aurreko ekitaldian egin ziren aldaketak barnean dauzkala, helburua izan baitzen: egungo egoeretara hobeto egokitutako proposamen erakargarriago bat egitea, esparru berritzaile batean zabalduta eta asmo handiko planteamenduak jasota.
Deialdi honetan, hogeita zazpi beka eskaintzen zaizkie Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-banaketarekin zerikusia duten enpresa eta erakundeei, baita nazioarteko bi beka ere Espainiak Parisen eta Milanen dituen merkataritza-ganberetan bederatzi hilerako.
Aberastasuna sortzeko eta enplegu jasangarri eta kalitate onekoa sortzeko helburuz taxutu behar ditugu politikak, jakinik globalizazioak eta kontsumo-ohitura hauek marraztutako agertokian mugitu beharko dugula: gure ingurua gero eta lehiakorragoa eta profesionalagoa da, eta produktu nahiz zerbitzuen bikaintasuna eta kalitatea gero eta erabakigarriagoak dira zer erosi aukeratzerakoan, bai eta, ondorioz, lortzen diren emaitzetan ere. Horretarako, sektoreko teknikari gehiago trebatzea sustatu behar dugu, merkatu-beharrizan berri hauetarako ibilbide egokiarekin, hori baita programa honen azken xedea.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Oinarri arautzaileak onartzea, merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programaren 2019ko deialdirako, eranskinean jasotzen den legez.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Oinarrietan aurreikusita ez dagoen guztirako, hauek aplikatuko dira: 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzko Orokorra; 887/2006 Errege Dekretua, uztailaren 21ekoa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duena; eta, prozedura-arloan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraz, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean. Bi kasuetan, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hasiko dira epeak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 21a.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua,
SONIA PÉREZ EZQUERRA.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea hau da: merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beken programa arautzea.
Merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikarien prestakuntza ikastaro baten bidez gauzatuko da; ikastaro hori hautapen-prozesuan egongo da sartuta. Horren ostean, bekadunek praktikak egingo dituzte, ikastaroan ikasitako eduki teorikoen gaineko praktikak, alegia.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Laguntza hauek itzuli beharrik gabeko laguntzatzat joko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzak arautzeko indarrean dauden arauen mende egongo dira; izan ere, 2019rako aurrekontu luzatuak dira, eta 351.940,00 euro daude horretara bideratuta.
3. artikulua.– Pertsona onuradunak.
1.– Betekizun hauek betetzen dituzten pertsona fisikoek eskura ditzakete merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko bekak.
a) Administrazio-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea eta, eskabidea aurkezteko epea ixten den egunean, 3 urte baino gehiagoko antzinatasuna izatea. Hiru urte baino gutxiagoko egoitzaldia onartuko da baldin eta eskatzaileak ikasketak direla-eta irten badira behin-behinean erkidego honetatik. Halakorik gertatuz gero, behar bezala egiaztatu beharko da egoera hori.
b) Hauek izatea edo egiteko eskubideak ordainduak izatea:
b.1) graduko edo lizentziako unibertsitate-titulua.
b.2) goi-mailako teknikariaren titulua, hauetan:
● Marketina eta Publizitatea.
● Salmenten Kudeaketa.
● Nazioarteko Merkataritza.
● Garraioa eta Logistika.
Curriculuma baloratzeko, agindu honen 10. artikuluarekin bat etorriz, hauek lehenetsiko dira: Gizarte Zientzien adarreko unibertsitate-tituluak, merkataritzaren eta enpresaren arloaren barrukoak eta Soziologiaren arlokoak, eta b.2 puntuko goi-mailako teknikarien tituluak.
Atzerrian eskuratutako titulazioek Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak homologatuta egon beharko dute onartu ahal izateko, betiere eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.
c) Euskararen B2 maila gutxienez egiaztatuta edukitzea (hizkuntzetarako Europako erreferentzia-esparru bateratuaren arabera).
d) Aurretik, eduki eta helburu bera edo antzekoa izan duen bekaren baten onuradun izan ez izana.
e) Programa honen lehenagoko deialdietan egin diren prestakuntza-ikastaroak egin ez izana, ez osorik, ez partzialki.
f) 32 urte baino gehiago ez izatea eskabidea aurkezteko unean.
g) Nazioarteko bekak eskuratu ahal izateko, jomuga bakoitzeko hizkuntza jakiteko betekizuna ere bete beharko da.
● Espainiako Merkataritza Ganberaren Milango egoitzaren kasuan, ingelesaren edo italieraren B2 maila (hizkuntzetarako Europako erreferentzia-esparru bateratuaren arabera).
● Espainiako Merkataritza Ganberaren Parisko egoitzaren kasuan, ingelesaren edo frantsesaren B2 maila (hizkuntzetarako Europako erreferentzia-esparru bateratuaren arabera).
h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako betekizunak.
2.– Ezin izango dira aurkeztu agindu honen bitartez araututako beketara pertsona hauek: dirulaguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratibo edo penalik dutenak, edo horretarako legezko debekurik dutenak, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barnean hartuta, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedaturikoari jarraikiz. Egoera hori egiaztatzeko, eskabideko erantzukizunpeko adierazpena beteko da.
3.– Dirulaguntzak eta laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaitu egin beharko dira itzulketa- edo zehapen-prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren organismo autonomoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasitako prozedurak eta izapideetan dauden prozedurak, alegia.
4.– Bateraezina da beka hauek baliatzea eta ordaindutako beste edozein lan egitea edo beste beka bat jasotzea.
4. artikulua.– Beken ezaugarriak.
Destino nazionaleko 27 bekatarako deialdia da; bederatzina hileko bekak dira, 2020ko urtarriletik urrira bitartekoak.
Halaber, nazioarteko beste bi bekatarako deialdia da; bederatzina hileko bekak dira, 2020ko urtarriletik urrira bitartekoak, eta haien praktikak Espainiako Merkataritza Ganberaren Milango eta Parisko egoitzetan egingo dira.
5 artikulua.– Beken zenbatekoa.
1.– Destino nazionalak.
1.1.– Bakoitzak 11.250,00 euroko funtsa izango du.
2.– Nazioarteko destinoak.
2.1.– Espainiako Merkataritza Ganberaren Milango egoitzarako bekak 15.300 euroko funtsa izango du.
2.2.– Espainiako Merkataritza Ganberaren Parisko egoitzarako bekak 18.450 euroko funtsa izango du.
3.– Zenbateko horretan sartutakotzat jotzen dira bekadunak izan ditzakeen edozein eratako betebehar guztiak, Gizarte Segurantzari dagokion langile-kuota eta PFEZaren atxikipena barnean hartuta, hala badagokio.
4.– Praktikaldia egiteko tokirainoko bidaia-gastuak, ostatua, mantenua eta bestelako gastuak bekadunaren kontura izango dira, eta, horietarako, bekaren zuzkidura baliatuko du.
5.– Nazioarteko bekei dagokienez, 2.000,00 euroko zuzkidura izango dute lekualdaketetarako eta ostaturako.
6. artikulua.– Gizarte-babesa.
Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak beken onuradunei alta emango die Gizarte Segurantzan, eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren kargura finantzatuko da enpresa-kuota.
Halaber, bekadun egiten direnetik eta programa amaitu arte, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak istripuetako eta erantzukizun zibileko asegurua sinatuko du bekadunen alde, bekadunen jardueraren ondorioengatik eta hirugarrenei sortu ahal dizkieten kalteen aurrean; horrez gain, bidaiako laguntza-aseguru osagarria ere sinatuko du, atzerriko beken kasuan.
II. KAPITULUA
PROZEDURA
7. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta amaitu, berriz, 2019ko uztailaren 12an.
2.– Agindu honetako eskabideak, errekerimenduak, jakinarazpenak eta gainerako kudeaketak bitarteko elektronikoez beharko dira, betiere Administrazio Elektronikoaren otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuarekin bat eta E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa (Platea) onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenarekin bat etorriz.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainerako ereduak nola izapidetu jakiteko xehetasunak euskadi.eus egoitza elektronikoko helbide honetan eskuratu daitezke:
http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/bec-2019/web01-tramite/eu/
Espedientera iristeko eta gainerako izapideak egiteko, beste helbide hau ere erabil daiteke:
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira: erakunde eskatzailearen izenean jarduteko lege-gaitasuna duen pertsonaren sinadura elektronikoa ez ezik, harekin batera aurkeztu beharreko agiri guztiak eta Administrazioak eskatzen dituen guztiak ere, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak xedatu bezala.
Ordezkari batekin jardun nahi izanez gero, ordezkaritza beste pertsona bati eman dakioke norberaren izenean bitarteko elektronikoz jardun dezan agindu honi dagozkion prozedura guztietan, Eusko Jaurlaritzaren Ordezkarien Erregistro Elektronikoaren bitartez (egoitza elektronikoan):
https://www.euskadi.eus/ordezkarien-erregistro-elektronikoa/web01-sede/eu/
Ordezkariak (fisikoak zein juridikoak) identifikazio-bitarteko elektroniko onartu bat eduki beharko du.
8. artikulua.– Eskabideari erantsi beharreko agiriak.
1.– Eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
a) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, hauei buruzkoa:
1) Betetzen ditu deialdia arautzen duten oinarrietan ezarritako betekizunak.
2) Prestasuna, aurrehautaketako ikastarotik eta bekaren esleipenetik eratortzen diren jarduera guztiak egiteko.
3) Hautatutako destinoan praktikak egiteko gaitasun fisiko egokia.
4) Ez da bekadun izan antzeko eduki eta helburuko beketan.
5) Bekak dirauen bitartean lan ordaindurik ez egitekoa.
6) Ez dago inolako itzulketa- edo zehapen-prozeduretan.
7) Ez dago zigor- edo administrazio-arloko dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zehatuta, eta ez dago horretarako ezgaitzen duen legezko debekuren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legearen arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
8) Ez du egin programa honen lehenagoko deialdietako prestakuntza-ikastarorik, ez osorik, ez partzialki.
b) Curriculum vitaea, hauek adierazita: prestakuntza akademikoa, egindako ikasketen eta jarduera profesionalen zerrenda, euskarazko, ingelesezko eta frantsesezko jakintza-maila, eskatzaileak interesekotzat jotzen duen bestelako merezimendu oro, hala nola egindako lanak, prestakuntza osagarria, eta abar.
c) Titulu akademikoaren kopia, edo titulua egiteko eskubideak ordaindu izanaren egiaztagiriaren kopia. Dokumentu hori eskabidea egin ondoren ere aurkeztu ahal izango da, 2019ko abuztuaren 5era arte.
d) Espediente akademikoaren ziurtagiria, hauek jasota: ikasturte guztietako kalifikazioak, ikasketak noiz amaitu ziren eta, hala badagokio, ikasketen amaierako proiektua. Dokumentu hori eskabidea egin ondoren ere aurkeztu ahal izango da, 2019ko abuztuaren 5era arte.
e) Euskaraz, ingelesez, frantsesez eta italieraz badakiela egiaztatzea, hizkuntza-ziurtagiriak emateko baimena duen erakunde ofizial batek emandako ziurtagiriaren edo tituluaren kopiaren bidez.
f) Beste edozein prestakuntza akademikoren egiaztagiriak, baita egindako ikastaroenak ere, non jaso beharko baita zenbat irakastordu egin diren, eta, hala badagokio, zer praktika egin diren. Ez dira kontuan hartuko ordu kopurua adierazita ez daukaten ikastaroak.
g) Lan-bizitzaren ziurtagiria, Gizarte Segurantzak egina, lan-esperientzia egiaztatzeko.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-egoitza egiaztatzen duen errolda-ziurtagiria izatea egiaztatzen duen dokumentazioa, agindu honen 3.1.a) artikuluan zehaztutakoari jarraikiz. Egoitzaldiari dagokion epea hiru urte baino txikiagoa bada, ikasketak direla-eta behin-behinean bizilekua aldatzeagatik, 3.1.a) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, egoera hauek egiaztatu beharko dira:
1) EAEn erroldatuta egotea, eskabideak aurkezteko epea ixten den unean.
2) Ikasketak egitera joan den hirian erroldatuta egon izana.
3) Hiri horretako ikastetxe batean matrikulatuta egon izana.
4) EAEko egoiliarra izatea, ikasketak zirela-eta aldatu zen unean.
i) Eskatzailearen NANa.
j) Ordezkari batekin jardun nahi bada eta ordezkaritza emanda badago, pertsona edo erakunde eskatzailearen legezko ordezkaritza-ahala.
Baldin eta ez badute ordezkaritzarik eman eta ez badute Ordezkarien Erregistro Elektronikoa erabili nahi, ordezkaritza emateko inprimaki arautua erantsi beharra egongo da (http://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/-/eskabidea/borondatezko-legezko-ordezkaritza-egilestea-inprimaki-normaldua/), eta, horrekin batera, ordezkatuaren egiaztagiriak (NANa pertsona fisikoa bada, eta ahalordetze-eskriturak pertsona juridikoa bada).
2.– Dirulaguntza kobratzeko, pertsona edo erakunde onuradunaren egoitza sozialaren edo bankuaren datuak aurretik adierazi ez baldin badira, edo aldatu nahi badira, informazio hori «Hirugarrenen Erregistro Telematikoa» deritzon bide telematikoaren bitartez eman beharko da, Ogasun eta Ekonomia Sailak ezarritako eredu eta prozedura erabiliz:
http://www.euskadi.eus/hirugarrenaren-datuen-aldaketa/web01-s2oga/eu/
3.– Laguntza hauen onuradunek egiaztatu beharko dute zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela. Automatikoki egiaztatuko da, laguntza eman aurretik eta ordainketa-proposamena egin aurretik. Eskabidea aurkeztean, eskatzaileak organo emaileari baimena ematen dio zuzenean egiazta ditzan Dirulaguntzen Erregelamenduaren 18. eta 19. artikuluetan (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua) aurreikusita dauden egoerak, ziurtagiri telematikoen bidez; kasu horretan, eskatzaileak ez ditu ziurtagiri horiek aurkeztu beharko.
4.– Laguntza jasotzeko eskabidea eta horrekin batera aurkezten den dokumentazioa norberak aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango da. Halaber, laguntza-eskabidetik eratorritako jarduketetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza baliatuko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean ezarritakoaren arabera.
5.– Ez dira nahitaez aurkeztu beharko Administrazioak badauzkan indarreko dokumentuak. Kasu horretan, eskabidean bertan adierazi beharko da zer datatan eta zer organo edo bulegotan aurkeztu ziren.
9. artikulua.– Eskabideen analisia eta ebaluazioa.
1.– Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoari dagokio aurkeztutako eskabideak aztertzea, eskatzailea bizi den lurralde historikoaren arabera. Aurkeztutako eskabideak behar bezala ulertzeko eta ebaluatzeko, lurralde-bulegoak beharrezkotzat jotzen dituen dokumentu edo informazio osagarriak eskatu ahal izango ditu, izapideetako edozein unetan.
2.– Zuzenketak.
Turismo eta Merkataritzako lurralde-bulegoak, ikusten badu aurkeztutako dokumentazioan akatsen bat dagoela edo zehaztasunen bat falta dela, eskatzaileei horren berri emango die, eta 10 egun balioduneko epea ezarriko du zuzen dezaten; horretaz gain, jakinaraziko die, hala egin ezean, ulertuko dela eskaeran atzera egin dutela. Epe horretan zuzendu ezean, ebazpena emango da adierazteko eskatzaileak eskaeran atzera egin duela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. eta 68. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
3.– Hautaketa-batzorde batek baloratuko ditu aurkeztutako eskabideak, eta proposamen bat egingo dio ebazteko eskumena duen organoari. Honako hauek osatuko dute batzordea:
a) Antolamendu, Sustapen eta Lehiakortasuneko arduraduna izango da batzordeburua, eta, berdinketarik izanez gero, berak erabakiko du bere botoaz.
b) Bi bokal, hauek ordezkatzeko:
● Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.
● Hautaketa-prestakuntzako ikastaroaren esleipena daukan erakundea.
c) Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak izendatutako teknikari bat, hautaketa-batzordeko idazkariaren eginkizunak egingo dituena, hitzarekin eta botoarekin.
4.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak arautuko ditu epaimahaiak gauzatzen dituen jarduketak eta mahaikideen abstentzio- eta errekusazio-araudia.
5.– Batzordearen osaeran, trebezia, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua gordeko da.
10. artikulua.– Hautatzeko irizpideak eta prozedura.
1.– Agindu honetan araututako bekak lehia-prozeduraren bidez ebatziko dira.
2.– Hautaketa-prozesuak hiru zati izango ditu: curriculumaren balorazioa, aurretiko jakintzen proba eta prestakuntza-ikastaroa. Hiru fase horien puntuazioen batura 200 puntu izango dira gehienez.
Probetarako eta prestakuntza-ikastarorako deialdiak eta emaitzen argitalpena webgune honetan egingo da: www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/merkataritza/
1. fasea: Curriculuma baloratzea.
Curriculumaren gehienezko balorazioa 50 puntu izango dira, honela banatuta:
– Espediente akademikoa: 24 puntu, gehienez.
Deialdian sartzeko adierazi den titulua lortzeko behar diren ikasketetako ikasgaietan izandako puntuazioen arabera baloratuko da.
Ohorezko matrikula: 10 puntu.
Bikaina: 9 puntu.
Oso ondo: 8 puntu.
Nahikoa: 6 puntu.
Batezbestekoa lortu ostean, apartatu honengatik dagokion puntuazioa koadro honetatik lortuko da:
BATEZBESTEKOA (B) Puntuazioa
9 < B = > 10 30 puntu
8 < B = > 9 26 puntu
7 < B = > 8 22 puntu
6 < B = > 7 18 puntu
5 < B = > 6 15 puntu
4 < B = > 5 12 puntu
3 < B = > 4 9 puntu
2 < B = > 3 6 puntu
1 < B = > 2 3 puntu
0 < B = > 1 0 puntu
Lehenetsi ez diren titulazioak badira, eragiketa hau egingo da: lortutako puntuazioa bider 0,9 koefizientea.
– Hizkuntzak: 16 puntu, gehienez. 4 puntu, C1 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero, hizkuntza hauetan: euskara, ingelesa, frantsesa edo italiera. 2 puntu, B2 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero, hizkuntza hauetan: ingelesa, frantsesa edo italiera. Puntu 1, B1 maila edo baliokideren bat egiaztatuz gero, hizkuntza hauetan: ingelesa, frantsesa edo italiera.
– Prestakuntza osagarria: 5 puntu, gehienez.
Honela baloratuko dira: 0,1; 25 ordu baino gehiagoko eta 200 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko.
0,2; 200 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzeko.
Ez dira baloratuko 25 ordutik beherako ikastaroak.
Bestelako tituluak eta masterrak honela baloratuko dira:
Beste titulu batzuk: puntu 1.
Masterrak: 0,35 puntu.
2. espezialitatea: 0,25 puntu.
500 orduko edo gehiagoko ikastaroak (irakastorduak + praktikak) = masterra
– Lan-esperientzia: 5 puntu, gehienez.
Merkataritzaren sektorean. Lanean emandako hilabete bakoitzeko 0,2 puntu emango dira, agindu hau argitaratzen den eguna epemuga izanik.
Beste sektore batzuetan. Lanean emandako hilabete bakoitzeko 0,1 puntu emango dira, agindu hau argitaratzen den eguna epemuga izanik.
2. fasea: aurretiko jakintzen proba: 50 puntu, gehienez.
Curriculumari baremoa ezarri ostean, curriculumen balorazio-fasean puntuaziorik onena eskuratu duten 150 hautagaiei deituko zaie, kultura ekonomikoko alderdi orokorrei buruzko jakintzen proba bat egiteko, baita txikizkako merkataritza-banaketaren jarduerari buruzkoa ere. Deialdiko eskatzaileak 150 baino gutxiago badira, jakintza-proba egiteko ez da itxaron behar aurreko fasea amaitu arte; edonola izanda ere, curriculumak baloratuko dira eta puntuazio hori eskatzaile bakoitzaren balorazioari gehituko zaio.
3. fasea: prestakuntza-ikastaroa: 100 puntu, gehienez.
Aurreko 2 faseetako puntuazioen baturan goreneko 40 balorazioak lortu dituzten pertsonei deialdi bat egingo zaie, prestakuntza- eta hautaketa-ikastaroa egin dezaten. Ikastaroak 180 ordu inguru iraungo du. Azken ebaluazio-proban lortutako puntuazioa gehituko zaio eskatzailearen balorazioari. Ikastaroko justifikatu gabeko absentziak edo azken ebaluazioaren proba ez egiteak eskatzailea hau hautapen-prozesutik kanporatzea ekarriko dute.
3.– Prestakuntza-ikastaroa amaitu eta ebaluatuta, hautaketa-batzordeak hautagai bakoitzari emandako balorazioa emango da argitara, puntuazio gorenetik beherako hurrenkeran ordenatutako zerrenda batean; hautaketa-prozedurako 3 faseetako puntuazioen batuketaren emaitza izango da puntuazio hori.
11. artikulua.– Destinoa hautatzea.
Hautaketa-prozedura amaitu ostean eta 10.2 artikuluan aipatutako zerrenda-hurrenkerari jarraituta, bekadunek nahien duten destinoa aukeratu ahal izango dute, aukeraketa egitea dagokien datan libre dauden destinoen artetik.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– Agindu honetan araututako bekak emateko –merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko bekak, alegia–, hautaketa-batzordeak proposamena egingo du, eta Merkataritzako zuzendariak emango du ebazpena, non hauek adieraziko baitira:
● nori esleituko zaizkion bekak eta, prestakuntza-ikastaroa gainditu dutenen artean, nor dagoen ordezko eta zein hurrenkeratan.
● zein den beken zuzkidura ekonomikoa.
Ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Epe hori igaro eta inolako ebazpenik eman edo jakinarazi ez bada, ulertu daiteke laguntza-eskaera ez dela onartu, hargatik eragotzi gabe organo eskudunak ebazpen espresua eman beharra, eskatutako laguntzari dagokionez.
3.– Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea amaitzen, eta haien aurka gorako errekurtsoa jar dakioke Turismo eta Merkataritza Sailburuordetzari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Agindu honetan adierazitako dirulaguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako dirulaguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
5.– Merkataritzako zuzendariaren ebazpena, bekak ematekoa, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
6.– Uko-egiteak edota bestelako gorabeherak gertatzen badira, Merkataritzako zuzendariak ebazpen bidez eman ahal izango die prestakuntza-ikastaroa egin duten pertsonei, bekaldiari geratzen zaion aldirako, hautaketa-batzordeak adierazitako ordezkapen-hurrenkeraren arabera.
13. artikulua.– Bekaldian egin beharreko jarduerak.
1.– 2020an onuradunek bederatzi hilez jardungo dute, urtarriletik urrira bitartean, honako hauetan: merkataritza-enpresetan edo merkataritza-banaketarekin lotutakoetan, EAEko merkataritza-ganberetan, Espainiako Merkataritza Ganberak Europako beste herrialde batzuetako hirietan dituen egoitzetan, edota Merkataritza Zuzendaritzak diruz lagundutako merkataritza-bulego teknikoetan.
2.– Praktiketan, erakunde laguntzaile bakoitzerako onartutako prestakuntza-plan bat garatuko da, berak proposatuta. Haren barruan sartu ahal izango dira merkataritzako aholkularitza teknikoari loturiko lanak, bezeroen etorrera areagotzeko dinamizazio-ekintzak, merkataritza-enpresen lehiakortasuna handitzen laguntzen duten ekintzak, edo jasotako prestakuntzarekin zerikusia duten bestelako ekintza teknikoak, betiere kontuan hartuta prestakuntza-esperientzia bat dela eta bekadunak ez dituela bereganatu behar lanpostu bati dagozkion lanak eta erantzukizuna.
3.– Beka eman eta hartu arren, ez da inolako kontratu- edo estatutu-harremanik sortuko bekadunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.
14. artikulua.– Baimenak, oporrak eta norberaren aukerako egunak.
Prestakuntza-praktikak egingo diren bederatzi hil horietan, bekadunak atxikitako erakunde eta enpresa laguntzaileen mende egongo dira funtzionalki.
Bekadunen oporraldietarako eta baimenetarako araubidea, kasu bakoitzean, mendekotasun funtzional horrek zehaztuko du. Nolanahi ere, gutxienez 16 laneguneko oporraldia ezartzen da, eta norberaren aukerako bost egun ere bai.
15. artikulua.– Beka ordaintzea.
1.– Bekak hamar ordainketatan kitatuko dira: lehendabizikoa, bekaren zenbatekoaren % 10ekoa, esleitzen denean aurrerapen gisa; eta, gainerakoak, zenbateko bereko 9 kuotatan, bekaldiko bederatzi hil horietako bakoitzaren amaieran.
2.– Nazioarteko beketarako, 2.000,00 euro gehigarri ordainduko dira, aurrerakin gisa, beka esleitzeko unean.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Beken esleipendunek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, beka onartzen dutela ulertuko da, baldin eta onuradunek ez badiote espresuki eta idatziz uko egiten laguntza eman izanaren ebazpena jaso eta 5 egun balioduneko epean.
2.– Laguntza eman den xede zehatzerako erabiltzea.
3.– Praktika-tokietan emandako lanak leial egitea, tutoreen esanak jarraitzea eta ezarritako ordutegiak betetzea, betiere aurkeztutako prestakuntza-planarekin bat.
4.– Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazio guztia ematea, laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten eginkizunak betetzen dituztenean.
5.– Agindu honetan finkatutako arauak betetzea.
6.– Jasotako funts publikoen erabilera justifikatzeko araudian zehaztutako arauak betetzea.
7.– Helburu bererako edo antzeko helburu baterako dirulaguntzarik edo laguntzarik edo diru-sarrerarik edo baliabiderik eskatuz gero beste administrazio bati edo erakunde publiko edo pribatu bati, edo halakorik lortuz gero erakunde horietatik, horren berri eman beharko diote Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailari.
8.– Merkataritza Zuzendaritzaren jarraibideak betetzea.
9.– Hiru hilerik behin, hiruhilekoa amaitu eta hurrengo 15 egunetan, Merkataritza Zuzendaritzari praktikaldiari, egindako jarduerei eta jasotako prestakuntzari buruzko txostena helaraztea, sinatuta.
10.– Nazioarteko bekei dagokienez, 2010ko urriaren 30a baino lehenago, lekualdaketen eta ostatuaren gastuak justifikatu behar dira; horretarako, alokairu-kontratuak, egoitzaren fakturak, garraio-txartelak, etab. emango dira.
11.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak betetzea.
17. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Baldin eta aldatzen badira beka emateko kontuan hartutako baldintzak, eta, edozelan ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, laguntza emateko ebazpena aldatuko da, betiere dirulaguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako gutxieneko baldintzak beteta.
Horrelakoetan, Merkataritza Zuzendaritzak behar den likidazio-ebazpena emango du, emandako dirulaguntzen kopuruak egoera berriaren arabera egokitzeko.
18. artikulua.– Uko egitea.
Onuradunak, bekari uko eginez gero, galdu egingo ditu sortu ez diren eskubide ekonomiko guztiak, eta itzuli egingo ditu jaso baina ez dagozkionak.
19. artikulua.– Bateraezintasunak.
Beka hartuz gero, ezin izango da ez inolako lan ordaindurik egin, ez bestelako bekarik hartu; salbu eta laneko egunak sortutako aukera libreko egunak baino gutxiago badira.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
Onuradunak ez badu betetzen beka emateko ebazpenean, agindu honetan edo aplikagarri diren beste arauetan ezarritako baldintzaren bat, ebazteko eskumena duen organoak ebazpen bidez adieraziko du onuradunak jasotzeke duen zenbatekoa eskuratzeko eskubidea galdu duela, eta jasotakoa eta dagozkion legezko berandutze-interesak –dagozkien bestelako ekintzei kalterik egin gabe– Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar dizkiola, hala ezartzen baitute honako lege-testu hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urtarrilaren 19ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin lotuta (Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako dirulaguntzen berme eta itzulketetarako araubide orokorra eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizun, araubide eta betebeharrak zehazten dituena).
21. artikulua.– Erakunde laguntzaileak. Programan parte hartzeko betekizunak.
1.– Merkataritza-banaketa kudeatzeko teknikariak prestatzeko beka-programa egokiro garatu dadin, ezinbestekoa izango da merkataritza-banaketarekin lotutako enpresen eta erakundeen partaidetza, enpresetan egindako praktikaldia eginda prestakuntza-ibilbide integrala lortu dadin.
2.– Honako hauek izango dira, programa honen ondorioetarako, erakunde laguntzaileak: bekadunei enpresa-izaerako praktika profesionalak egiteko aukera ematen dieten erakunde eta enpresak.
3.– Praktikaldiaren eskaintza bat onartu ahal izateko, erakunde eta enpresa interesdunek betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Honako tipologia hauetako baten barruan egotea: merkataritza-enpresa edo merkataritza-banaketarekin lotutako enpresa, EAEko merkataritza-ganbera, Espainiako Merkataritza Ganbera, edota Merkataritza Zuzendaritzak diruz lagundutako merkataritza-bulego tekniko bat duen erakundea.
b) EAEko lantoki batean prestakuntzarako praktikaldi bat eskaintzea, edota Espainiako Merkataritza Ganberak atzerrian dituen egoitzaren batean, bestela.
c) Bekadunaren prestakuntzaren ardura izango duen tutore bat edukitzea langile-taldean.
d) Bekadunaren prestakuntza- eta jarduera-plana izatea. Plan horrek praktikaldi osoa jaso behar du, esleituko zaizkion funtzioak eta zereginak zehatz azalduta. Planean, honako eduki hauek zehatu beharko dira: ebaluazio- eta tutoretza-sistema, lanaldia eta ordutegia, zer lantokitan egingo diren praktikak, eta zein den tutorearen izena eta lanpostua.
e) Programako izen-ematea formalizatzea, lankidetza-eskaintzarekin, eta prestakuntza-plana 2019ko irailaren 16tik urriaren 18ra bitartean aurkeztea helbide elektroniko honetan:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/bec-2019
4.– Eskabideak bekadunentzako erabilgarritasun-irizpideen arabera aztertuko dira, eta eskatutako gutxieneko mailak betetzen badituzte onartuko dira. Onartuz gero, enpresa edo erakunde horiek bekadunek aukera ditzaketen destinoen artean bilduko dira, betiere hautaketa-prozesuan eskuratu duten puntuazioaren ordenari jarraikiz. Entitate baten prestakuntza-proiektua azkenean bekadun izan den bati esleitzen bazaio, entitate hartzaileak lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko du Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzarekin. Hitzarmen horretan, esleitutako bekaduna identifikatuko da, baita alderdiek prestakuntza-planari egingo dioten ekarpena ere, eta zehaztuko da ez dela lan-harremanik izango bekadunaren eta erakundearen artean.
Merkataritza Zuzendaritzak zaindu beharko du entitate hartzaileekin sinatutako lankidetza-hitzarmenetan ezarritako baldintzak betetzen direla, eta, era berean, erabaki ahal izango du beste destino bat ematea baldin eta baldintzak behar bezala betetzen ez direla egiaztatzen badu.
5.– Erakunde laguntzaileek Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorreko 13. eta 15. artikuluetan zehaztutako baldintzak eta betebeharrak bete beharko dituzte.
22. artikulua.– Erakunde laguntzaileen betebeharrak.
Bekadun bat aukeratzen duen erakunde laguntzaileak honako konpromiso hauek hartuko ditu:
● Lantoki egoki bat prestatzea bekadunari, espazioari, argiari, kokapenari, ekipo informatikoari eta garbitasunari dagokionez.
● Erakundeko tutore bat izendatzea, praktikaldi osoan prestakuntza-plana betetzeaz arduratzeko, eta bekadunari beharreko integrazioa eskaintzeko erakundearen proiektuetan, prestakuntza-esperientzian ahalik eta errendimendu handiena eskura dezan; Tutore hori erakundeko langile-taldekoa izango da.
● Merkataritzako Zuzendaritzara hiru hiletik behin txosten bat bidaltzea praktikei buruz, praktikaldiaren hiruhileko bakoitza amaitzean, tutoreak sinatuta.
● Erakunde laguntzaileak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritzako zuzendariak sinatutako lankidetza-hitzarmenean ezarritako betebeharrak eta konpromisoak betetzea.
● Merkataritzako Zuzendaritzaren gainbegiraketa erraztea, bekadunaren tutorea beka-programaren Zuzendaritzako teknikariekin koordinatuta, hitzartzen diren txostenen, bileren edo bisiten bidez.
● Bekadunak lantokira joateko desplazamendu handia behar duen kasuetan, lan-ordutegia malgutu egingo da, garraioaren beharrizanetara egokitzeko.
23. artikulua.– Kontrola eta segimendua.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko Merkataritza Zuzendaritzak egingo du bekadunek aurrera eraman beharreko jardueren kontrola eta jarraipena.
Merkataritza Zuzendaritzak egoki iritzitako ikuskapenak egin ditzake, bekak nola doazen egiaztatzeko, eta eskatutako argibide gehigarri guztiak eman beharko dituzte.
24. artikulua.– Datu pertsonalak.
Eskatzaileen datu pertsonalak «Merkataritza-arloko laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartu eta tratatuko dira.
Datu pertsonalak honako arau hauen arabera tratatuko dira: 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa; 2016/679 (EB) Erregelamendua, 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa.