EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019106

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-05-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201902743
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Hernaniko Udalak, 2018ko uztailaren 3an, eskabide bat aurkeztu zuen Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari ekiteko (aurrerantzean, Plana); horren sustatzailea Cintas Adhesivas UBIS enpresa da. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola xehetasun-azterketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak identifikatu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko azaroaren 13n kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari, Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritzari eta Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiari, Ihoberi, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari. Era berean, Hernaniko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten interesdunek.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren nahiz Osasun Sailaren eta Ihoberen txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
2019ko urtarrilaren 17an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak Hernaniko Udalari ebazteko beharrezkoak ziren alderdi batzuei buruzko informazioa eskatu zion.
2019ko urtarrilaren 31n eta otsailaren 28an, Hernaniko Udalak erantzuna eman zion eskaerari.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa aztertu da, bai eta Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, Plana) ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak ere, eta egiaztatu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta bat datorrela indarreko araudian ezarritako alderdiekin. Horrenbestez, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak (organo eskuduna baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera) ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak adierazten baitu ingurumen-arloko alderdiak egoki integratu direla Planaren proposamenean, eta aipatzen baitu zein izan daitezkeen Plana aplikatzearen ondoriozko inpaktu adierazgarriak eta zein diren sartu behar diren azken oharrak, soilik ingurumen-arlokoak.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren xehetasun-azterketari dagokion ingurumen-txosten estrategikoa egitea, baldintza hauetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren helburua Cintas Adhesivas Ubis SA enpresaren ekoizpen-beharrei erantzutea da, eta, horretarako, Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren oinplanoko eraikigarritasunaren okupazio-maila handitzea, egungo % 40tik % 46ra igaro dadin. Partzelak 12.800 m
Era berean, Plana baliatuko da, alde batetik, partzelaren mendebaldean dauden bi bolumenak berrantolatzeko; horiek bere garaian ezarri ziren lerrokaduretatik kanpo daude eta antolatutako okupazio berrira eramango dira, hortaz, egungo azalera libre geratuko da. Beste alde batetik, Plana baliatuko da beste bolumen bat legeztatzeko, zeinari, onartutako eraikigarritasunaren barruan egon arren, bere garaian ez zitzaion udal-lizentziarik eman.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Xehetasun-azterketaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektu eta beste jarduera batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioa ikusita, planaren helburua Cintas Adhesivas Ubis SA enpresaren ekoizpen-beharrei erantzutea da. Horretarako, oinplanoko eraikigarritasunaren okupazio-maila handitzea proposatzen du, eta planari jarraituz gauzatuko den bolumen berria bukatutako bobinak manipulatzeko eta ebakitzeko makinak instalatzera bideratuko da, hortaz, lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-proiektuaren esparrua da. Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko. Hortaz, Plan honen esparruan, ezingo da ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiten ari zaien proiekturik baimendu.
b) Plana zer neurritan den bateragarria beste plan eta programa batzuekin: ez da hauteman bateraezintasunik hierarkiako goragoko plangintzarekin.
Donostiako Eremu Funtzionaleko Lurralde Plan Partzialak erabilera industriala planteatzen du lurzoru horretarako; bestalde, Hernaniko udal-planeamenduko Arau Subsidiarioek lekua hiri-lurzorutzat jotzen du eta erabilera industriala duela zehazten du.
Plan Bereziak beste plan batzuekin dituen bateragarritasunak aztertu dira ingurumen-dokumentu estrategikoan, hala nola EAEko Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialarekin (LPS); halaber, ondorioztatzen da LPS horretan jasotako erabakiak kontuan hartu direla.
c) Plana edo programa egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: planeko jarduketetako bat da Urumea Ibaiko KBEraino dauden 50 metroen mugaren barruan dagoen eraikinaren zati bat urruntzea; horrela, KBE hori kudeatzeko tresnek ezarritako urruntzea errespeta daiteke. Bestalde, planak oinplanoko eraikigarritasuna handitzen du dagoeneko existitzen den hiri-ehun batean (industriala); hortaz, garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen arloko kontsiderazioak integratzeko egokia dela irizten da.
d) Planarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako airearen kutsadura eta abar. «Urumea Ibaia» KBE (ES2120015) gertu badago ere, espero da aurreikusitako jarduketek ez eragitea ingurumen-kalte esanguratsurik, ez Natura 2000 Sareko eremu horri, ez ingurumenari, oro har, betiere aurreikusitako jarduketak, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Planaren xede den eremua Hernaniko udal-mugartean dagoen hiri-lurzoru industrialeko partzela bat da; hirigunearen ekialdean dago, Lastaola Industrialdean. Urumea ibaiaren ezkerraldeko meandro batean dago.
Partzelaren ipar-mendebaldeko gunea lekualdatu beharreko eraikinaren eremu berean dago. Muturreko higadura-prozesuak dauden eremua da, eta jabari publiko hidraulikoaren lerroraino gorde behar den gutxieneko 50 metroko urruntzearen barruan dago, Urumea Ibaia KBEtik (ES2120015) 21 metro ingurura. Jarduteko partzela eta eremuak, hortaz, Urumea Ibaia KBEren kanpoaldeko mugatik 100 metroko babes-eremu periferikoan daude. Adierazi behar da Urumea Ibaia KBE lotura-interes bereziko ibai-tartea dela, eta gune hori igaraba eurasiarraren (
Handituko den eremua, gaur egun, ezponda batean dago, eraikina baino gorago. Eremuko landaredia belardia da nagusiki, eta ezpondaren eremuan hostozabalak daude (urkiak eta sahatsak). Mendebaldetik 30 metro ingurura, Urumea ibaiaren ibaiertzean, «91EO*
Egun Cintas Adhesivas Ubis SAren instalazioek hartzen duten azalera lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten Lurzoruen Inbentarioan dago jasota (Agindua, 2017ko abenduaren 21ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, zeinaren bidez lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten lurzoruen inbentarioa eguneratzen den), eta 20040-00184 kodea du. Eraikuntza berria eraikitzeko lurra, berriz, ez dago lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten Lurzoruen Inbentarioan katalogatuta.
Partzela dagoen eremu industrialak zarataren araudiak ezarritako mugetatik gertu dauden balio akustikoak ditu, eta une jakin batzuetan gainditu ere egiten ditu.
Bestalde, planaren esparruan ez da bestelako ingurumen-arriskurik antzeman, hala nola akuiferoen uholde- edo urrakortasun-arriskurik; era berean, ez dago elementu kultural esanguratsurik.
Eragin nagusiak seguru asko lotuta egongo dira Plana garatzeko ekintzekin: mendebaldean, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruetan dauden instalazioak eraisteko lanak eta aurreikusitako handitzea eraikitzeko lanak. Hortaz, jendearen lasaitasunean izango ditu eraginak (lurzoru-okupazioa, lur-mugimenduak, landaredia kentzea, ondorioak biztanleen osasunean kutsatzaileen eta zaraten immisioagatik, hondakinak sortzea, eta abar), eta obren gauzatze-fasea amaitzen denean bukatuko dira.
Planaren xede den eremua Natura 2000 Saretik eta, zehazki, «Urumea Ibaia» KBEtik (ES2120015) oso gertu dagoen arren, dokumentazioan Planak KBEri nola eragiten dion balioesten da, Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legean aurreikusitako baldintzetan. Ondorioztatu da KBEri ez zaiola eragingo, izan ere, ez du eraginik izango funtsezko elementuetan, ezta espazio hori kudeatzeko helburuetan ere.
Emandako informazioaren arabera, instalazio berriak ez ditu aldatuko igorpen atmosferikoak, ezta horren fokuak ere. Era berean, ez du aldaketarik eragingo ur- eta energia-kontsumoan edo isurian, eta hondakinen sorkuntza ez da aldatuko, errekuntza-instalazioen potentzia termikoa ez da handituko eta prozesuan ez da substantzia edo prestakin arriskutsurik txertatuko.
Zaratari dagokionez, beharrezkoa da adieraztea, oinplanoa hegoalderantz handituz gero, jarduera hurbilduko dela eremuan sakabanatuta dauden etxebizitzetara.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-agiri estrategikoan eta Planean bertan jasotakoarekin bat etorriz. Aplikatu beharreko neurrien artean, proiektua gauzatzearen ondoriozkoak nabarmentzen dira, zeinek loturik egon beharko baitute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin (bereziki inbentarioan kutsatutako lurzoru gisa sartutako partzeletatik datozenak), hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikusi Planaren proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk jasotzen diren eranskina).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Iraunkorrari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energiaren kopurua edo kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Zaratari dagokionez, behar diren neurri zuzentzaileak hartuko dira foku akustiko berriei aplikatu beharreko muga-balioak bete daitezen, hala badagokio, EAEko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren 51. artikuluetan eta hurrengoetan adierazitakoari jarraikiz.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren xehetasun-azterlanak ingurumenean ondorio nabarmenik ekarriko duenik, eta, beraz, ez dagokiola ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren mende jartzerik.
Hirugarrena.– Hernaniko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Hernaniko Arau Subsidiarioen (UG) LS-Lastaola azpieremuaren b.10/LS.01.2 partzelaren xehetasun-azterlana onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 8a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta baliarazteko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurrak kontrolatzea: Hernaniko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto berri guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
Lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasaten edo jasan dituzten Lurzoruen Inbentarioan sartutako partzelari dagokionez (20040-00184 kodea), bertan indusketak egiten badira, lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c eta 5. apartatuetan ezarritakoa bete beharko da; hortaz, induskatu beharreko materialen bolumenaren arabera izango da beharrezkoa ala ez da izango indusketa-plan bat aurkeztea, zeina ingurumen-arloko organoak onartu beharko duen. Edonola ere, induskatutako materialak kudeatu eta/edo berrerabili aurretik bereizi beharko dira.
– Obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
– Landaredia babesteari dagokionez: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.
Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.
Obrak hasi baino lehen eta horien zuinketak dirauen artean, ibilbide sakon bat egingo da eragindako azaleran honako hauek detektatu eta markatzeko, baldin eta halakorik balego: aurreikusitako lanak oztopatzen ez dituzten zuhaitzak eta, behar bezala babestuz gero, kontserba daitezkeenak edo, behar izanez gero, birlandatu daitezkeenak.
Ahal dela baliabide mekanikoak erabiliz kenduko dira sastrakak, herbiziden erabilera minimizatuz.
Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.
– Obrak bukatutakoan, aldatutako eremuak guztiz garbituko dira, aldi baterako okupazioek eragindako gainazalak kontuan hartuz.