EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019105

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 15ekoa, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariarena, Euskadiko Kanoe Federazioaren Estatutuetan aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen dituena.

Xedapenaren data: 2019-05-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201902716
Maila: Ebazpena
Euskadiko Kanoe Federazioa EAEko Kirol Elkarteen eta Federazioen Erregistroan inskribatu zen 1986ko apirilaren 25ean, 85. zenbakiarekin. Federazioaren Estatutuen aldaketak aurkeztu dira orain.
Euskadiko Kanoe Federazioak, 2019ko otsailaren 11n egindako Ezohiko Batzar Orokorrean, Estatutuen 27 eta 30.2 artikuluak moldatzeko eta 37. artikulua eta bigarren xedapen gehigarria ezabatzeko erabakia hartu zuen eta onarpen hori agiri bidez frogatu da.
Estatutuen aldaketak bat datoz urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.
Ondorioz, nire eskumenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskadiko Kanoe Federazioaren Estatutuen 27 eta 30.2 artikuluen aldaketak, eta 37.artikuluaren eta bigarren xedapen gehigarriaren ezabatzea onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Artikuluen erredakzioak ondoko moduan geldituko lirateke:
27. artikulua.– «Zuzendaritza Batzordeko kideak Federazioko lehendakariak hautatuko ditu, bere agintaldia bukatu arte, behin Batzar Nagusia berritutakoan. Batzarreko kideen hautaketa librean lurralde federaziotako lehendakariak salbuesten dira»
30.– 2. artikulua.– «2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek banaka utziko dute kargua, arrazoi hauengatik:
a) Dimititzeagatik edo hiltzeagatik.
b) Gaitasunik gabe uzteagatik edo gaitasuna galtzeagatik.
c) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.
d) Presidenteak kargu-uztea agintzeagatik.»
Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.
Hirugarrena.– Ebazpen hau euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Laugarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen eta, honen aurka, pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazten den hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 15a.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria,
JON REDONDO LERTXUNDI.
EUSKADIKO Kanoe FEDERAKUNTZAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioa nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmena duen irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatua da zeinek kirolariak, teknikariak, epaileak, klubak eta kirol elkarteak biltzen baititu Kanoe modalitatea Euskal Herriko Autonomia Erkidegoan praktikatu, sustatu eta antolatzeko. Kirol modalitatea ondorengo diziplinez osatuta dago:
Ur lasaiak
Igoerak, jatsierak eta zeharkaldiak
Maratoia
Slaloma
Ur-amiletako jaitsiera
Jolas-piraguismoa
Kayak Poloa
Raftinga
Itsas kayaka
Kayak surfa
Estilo librea
Herensuge itsasontzia
Piraguismo egokitua
2. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioa Euskal Herriko Kirolari dagokion ekainaren 11ko 14/1998 Legeak zuzentzen du; Euskal Herriko kirol federaziotako urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuari, eta Legeari dagozkion gainerako garapen-xedapenei jarraiki; estatutu eta arautegi zehatz hauei, hala nola dagozkion organoek baliozkotasunez hartutako hitzarmenei jarraiki.
3. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioaren helbidea hau da: Errotaburu Pasealekua 1, 3. solairua 20018 Donostia, Gipuzkoa.
4. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioak eremu autonomikoan kirol modalitateari dagozkion jarduera eta lehiaketa ofizialak sustatzen, kalifikatzen, baimentzen, agintzen eta antolatzen ditu.
5. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioak estatu eremuan bere kirol modalitateari dagokion euskal kirol federatuaren ordezkaritza darama.
6. artikulua.– Bere eginkizunak betetzeko, federazioak ondorengo funtzioak izango ditu:
a) Estatuan dagokion kirol modalitatea ordezkatzea, eta, hala dagokionean, federazioa beste erakunde batzuetara atxikitzeko araubidea zehaztea.
b) Bere barne dauden lurralde federazioen jarduera koordinatzea.
c) Autonomia erkidegoan kirol modalitatearen lehiaketa ofizialak eta jarduerak antolatzea.
d) Parte hartzeko eta lehiatzeko arau propioak ezartzea; betiere bere eremuaz gaindiko lurraldeko federazioek ezarritako arauen aplikazioari dagokionean kalterik eragin gabe, hala dagokionean.
e) Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan bere estamentu guztien partaidetza antolatzea.
f) Dagokion kirol modalitatearen federazio lizentziak ematea.
g) Bere jarduera garatzean sortutako kirol gatazkak ezagutu eta konpontzea; organo judizial eta arbitraje-organoen eskumenari kalterik egin gabe.
h) Bere arauak betetzen direnaz arduratzea, eta horiei jarraiki, duen diziplina ahalmena burutzea.
i) Administrazioarekin kirolean debekatuta dauden substantzia, talde farmakologiko eta arauz kanpoko metodoen erabilera prebenitzen, kontrolatzen eta zigortzen elkarlanean aritzea, horretarako zehazten den araudiari jarraiki.
j) Horretarako ezartzen den araudiari jarraiki, dagokion kirol modalitateko teknikariak eta epaileak prestatzea.
k) Bere baliabide ekonomikoen helburua zehaztu eta esleitzea; bere jarduerarako beste erakunde batzuek transferitzen dizkion baliabideak kudeatzea, eta bere baliabide guztien erabilera zuzena dela kontrolatzea.
l) Lurralde federazio, eta atxikita dituen klub eta kirol elkarteentzako dirulaguntzak esleitu eta aplikazioa kontrolatzea.
m) Euskal Herriko administrazioekin kirol-sustapeneko bere helburuetan elkarlanean aritzea, eta, bereziki, 14/1998 Legeak federazioei zuzenean ezartzen dizkien lankidetza eta aholkularitzako funtzioetan.
n) Bere estatutuak eta kirol araudiak lantzea.
ñ) Dagokion kirol modalitatean eta lurralde eremuan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea, eta ahal den neurrian, bermatzea.
o) Eta, oro har, dagokion kirol modalitatearen jarduera sustatzeko eta hobetzeko komeni den guztia ezartzea.
7. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioak, funtzioak bere lurralde federazioekin batera garatuko ditu.
8. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioan ezin izango da inolako bereizkeriarik burutu arraza, sexu, erlijio, iritzi eta sineskeria, ala beste edonolako zirkunstantzia pertsonal nahiz sozialagatik.
II. TITULUA
FEDERAZIOKO KIDE EGITEA. LIZENTZIAK
9. artikulua.– 1.– Federazio lizentzia, titularrari Euskadiko Kanoe Federazioari dagokion kide izaera eta lehiaketa ofizialetan parte hartzeko ahalmena ematen dion agiri pertsonal eta besterezina da, betiere lehiaketa bakoitzean dauden arauei jarraiki.
Estamentu guztiek ezinbesteko baldintza dute federazio lizentzia edukitzea, bai Euskadiko Kanoe Federazioak eta bere lurralde federazioek, eta bai lurraldez gaindiko beste edozein erakundek antolatutako lehiaketa ofizialetan parte hartu ahal izateko.
Federazio lizentzia duten estamentu guztiek Euskadiko Kanoe Federazioak bere lehiaketei dagokionean ezartzen dituen arau, arautegi eta xedapen guztiak bete beharko dituzte.
Euskadiko Kanoe Federazioak, araudiari jarraiki, estamentu ezberdinetako mailak, eginkizunak eta baldintzak zehaztuko ditu.
2.– Federazio lizentzia bakarra izango da Euskal Herrian, eta, horren bidez, titularra bai euskal federazioari eta bai dagokion lurralde federazioari atxikita egongo da.
3.– Aldi berean bi federaziotako kide izatea, dagokion baimena lortzearen bidez gauzatzen da.
4.– Euskal Herriko federazioak eta lurralde federazioek elkarrekin adostu ahal dute borondatezko harpidetza duen, eta ofiziala izango ez den txartela sortzea, zeinen barne ez baitago lehiaketa ofizialetan parte hartzeko eskubidea, ezta titularra federazio honetako kide izatea ere. Txartel horrek ofizialak ez diren zenbait kirol jardueretan parte hartzeko, eta zerbitzu jakin batzuk eskuratzeko aukera soilik darama barne.
5.– Federazio honek emandako lizentziak, autonomia erkidegoaz gaindiko eremuko lehiaketetan parte hartzeko gaituko du bere titularra, indarrean dagoen araudiak ezarritako kasu eta baldintzetan.
10. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoan Euskadiko Kanoe Federazioak du dagokion kirol modalitateko federazio lizentziak emateko eskumena, eta lurralde federazioak horiek bideratzeko eskumena duten erakundeak dira.
2.– Federazio honek, lizentziak emateko duen eskumenaren babesean, honakoak ezarriko ditu araudiari jarraiki: lizentzien agiri, kirol eta ekonomia erregimena, bere eskubide eta betebeharrak, iraupena, indarrean sartzeko data, kategoriak, kuotak, prozedura, formatua eta gainerako antzeko kontuak. Funtzio horrek barne hartuko du halaber nahitaezko arrisku-estaldurak bermatzen dituzten aseguru kolektiboak kontratatzea.
3.– Euskadiko Kanoe federazioak borondatezko kuota gehigarria jaso ahal izango du federatuengandik, zerbitzu eta jarduera jakin batzuk finantzatzeko.
4.– Federazioak lizentzia bakoitzaren zenbateko garbia lurralde federazioen artean banatuko du Batzar Nagusiak onartutako terminoen arabera, eta urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 24.5 artikuluan xedatutakoari jarraiki. Zenbateko garbi hori era honetan lortuko da: zenbateko gordinari aseguruei eta lurralde eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuotei dagozkien zenbatekoak kenduz.
11. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak onartuko ditu lizentzien formatua eta edukia, eta lizentzia horietan, nahitaez, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili beharko dira.
2.– Lizentziak komunikazioaren teknologiak era egokian aprobetxatzeko moduko baldintza teknikoak dituen euskarri batean, eta Eusko Jaurlaritzak euskarri horiei dagokionean onartutako ezaugarri teknikoekin bat etorriaz igorriko dira.
3.– Lizentziaren agirian ondorengo kontzeptuak jasoko dira:
a) Nahitaezko aseguruen kuota.
b) Euskal federazioarentzako kuota: zenbateko garbiaren % 60 izango da.
c) Lurraldeko federazioarentzako kuota: zenbateko garbiaren % 40 izango da.
d) Federazioaren eremuaz gaindiko lehiaketa ofizialetan parte hartzeko kuota, hala dagokionean.
4.– Lizentziaren agirian, halaber, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25.4 artikuluan ezarritako edukiak jasoko dira.
12. artikulua.– Federazioak igortzen dituen lizentzien iraupena urtebetekoa izango da, hots, denboraldi osorako, azaroaren 1etik, urriaren 31rte.
13. artikulua.– Federazioak pertsona federatu berak izan ditzakeen lizentzien bateragarritasunari dagozkion hipotesi, baldintza eta eraginak zehaztuko ditu Lizentzien Arautegian.
III. TITULUA
GOBERNU, ADMINISTRAZIO ETA ORDEZKARITZA ORGANOAK
14. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioan ondorengo gobernu, administrazio eta ordezkaritza organoak egongo dira:
a) Batzar Nagusia deitutako gobernu organoa
b) Zuzendaritza Batzordea deitutako kide anitzeko administrazio organoa.
c) Batzorde Betearazlea deitutako administrazio organoa
d) Ordezkaritza organoa zeinen titularra federazioko Lehendakaria izango baita.
I. KAPITULUA
BATZAR NAGUSIA
15. artikulua.– Batzar Nagusia federazioaren gobernu organo nagusia da, eta, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:
a) Lehendakaria hautatzea.
b) Federazioko kontuak eta aurrekontuak onartzea.
c) Estatutuak onartzea edo aldatzea.
d) Zentsura-mozioa onartzea.
e) Lehiaketa ofizialen egutegia onartzea.
f) Federazioaren jarduera-plana onartzea.
g) Federazioaren arautegiak onartzea edo aldatzea.
h) Ondasun higiezinak izatea, besterentzea eta zergapetzea; maileguak adostea, eta zorraren edo ondare zati alikuotaren tituluak jaulkitzea, estatutu hauetan xedatutakoari jarraiki.
j) Federazioaren desegitea erabakitzea.
j) Bere garrantzia dela eta Batzar Nagusiaren oniritzia eskatzen duten beste erabaki guztiak hartzea.
16. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioaren Batzar Nagusia lau urtean behin hautatuko da, boto libre, zuzen, berdin eta sekretuaren bidez. Hautaketa hori, lurralde federaziotako Batzar Nagusi bakoitzean egingo da.
2.– Edozein kasutan, hauteskundeak kirol modalitatearen joko olinpikoak egiten diren urteetan egingo dira beti, eta lurralde federaziotako batzar nagusiak berritu eta gero.
3.– Salbuespen gisa, eta Eusko Jaurlaritzak berariazko baimena eman eta gero, hauteskunde-prozesuaren hasiera atzeratu edo aurreratu daiteke, aurreikusitako hasiera-egunean ezinezkoa gertatzen bada.
17. artikulua.– 1.– Batzar Nagusia klub, kirol elkarte, kirolari, teknikari eta epaileen estamentuetako ordezkariek osatuko dute, ondorengo proportzioan:
a) Batzarreko kide guztien % 70, klub eta kirol elkarteen estamentuan, Klub bakoitzeko 2 ordezkari izanik.
b) Batzarreko kide guztien % 15 , ordezkari bat kirolarien estamentuan.
c) Batzarreko kide guztien % 8, ordezkari bat teknikarien estamentuan. Era berean, ordezkaritza eta hauteskundeak deitzeko unean dauden estamentu bakoitzaren lizentzia kopurua proportzionalak izango dira.
d) Epaileen estamentuaren ordezkariak batzarreko kide guztien % 7 an ezarritako ehunekoan egongo dira, ordezkari bat. Ordezkaritza eta hauteskundeak deitzeko unean dauden estamentu bakoitzaren lizentzia kopurua proportzionalak izango dira.
2.– Aurreko erregela aplikatu eta gero estamentu bakoitzean geratzen den ehuneko osoa honela banatuko da: estamentu bakoitzeko, Euskal Federazioan erroldatutako pertsona guztiei dagokionean, atxikita dituen kide kopuruarekin proportzionala den ordezkari kopuru jakin bat esleituko zaio lurralde federazio bakoitzari.
18. artikulua.– 1.– Lurralde Federazioetako Batzar orokorreko kide diren klub eta kirol elkarte guztiak, Euskadiko Kanoe Federakuntzako Batzar orokorreko ordezkari izateko eskubidea ezarriko zaie, estamentu horretarako hautaketarik burutu behar izanik gabe.
2.– Kirolarien estamentuko ordezkariak, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurrekoan lizentzia indarrean duten hamazortzi urtetik gorako kirolarien artean hautatuko dira. Lehen azaldutako baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dituzte ordezkariak.
3.– Teknikarien ordezkariak, lizentziaren kategoria edozein dela ere, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean dutenen artean hautatuko dira.
4.– Epaileen ordezkariak, lizentziaren kategoria edozein dela ere, hauteskundeak egingo diren denboraldian nahiz aurreko denboraldian lizentzia indarrean dutenen artean hautatuko dira.
5.– Aukeratuak izan diren denboraldian Batzar Nagusiko kideen artean plaza librerik geratzen bada, Batzar Nagusirako azken hauteskundeetan estamentu bakoitzari dagokion ordezkoen zerrendan agertzen den lehenengo pertsonak beteko du, Hauteskunde Arautegiak hartarako xedatutako prozedurari jarraiki.
6.– Lurralde federazioren batean estamentu jakinik ez badago, edo estamentua osatzen duten pertsona kopuruarekin lurralde federazio horri esleitutako gutxieneko ordezkaritza lortzen ez bada, estamentuaren plaza libreak lurralde federazio horren gainerako estamentuei proportzionalki esleituko zaizkie.
19. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak ohiko eta ez ohiko bilerak egiten ditu:
2.– Ekitaldi bakoitzean, gutxienez, ohiko bilera bat egingo du Batzar Nagusiak, urteko lehen seihilekoan. Xedea hauxe izango da:
a) Kontuen eta aurrekontuen egoera onartzea.
b) Jarduera-plana onartzea.
c) Lehiaketen egutegi ofiziala onartzea.
3.– Bere eskumeneko gainerako gaiak, hurrengo paragrafoan aurreikusitakoak izan ezik, halaber ohiko bileran tratatuko dira.
4.– Batzar Nagusiak ez ohiko bilera ospatuko du ondorengo gaiak tratatzeko:
a) Hauteskundeak burutzea.
b) Zentsura-mozioa.
c) Arautegiak onartzea edota aldatzea.
d) Estatutuak onartzea edota aldatzea.
e) Federazioa desegitea.
20. artikulua.– 1.– Ohiko eta ez ohiko batzarrak biltzeko deia egitea federazioko Lehendakariari dagokio ofizioz; bestela, Zuzendaritza Batzordeak edo Batzar Nagusiko kideen % 5ek eskatzen dutenean egingo du. Hori egin ezin bada, edo Lehendakariak batzarrerako deialdiari dagokion betebeharra betetzen ez badu, deialdia Zuzendaritza Batzordeak ala Batzarreko kideen % 5a ordezkatzen duen kide talde batek egin ahal izango du.
2.– Horretarako eskumena duten edozein organo edo taldeek, eskaera egin eta gehienez 15 egun naturaletako epean egin beharko du lehendakariak Batzar Nagusirako deialdia.
21. artikulua.– Ohiko nahiz ez ohiko Batzar Nagusirako deialdia eta gai zerrenda, Batzarreko kideei, idatziz, gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin jakinaraziko zaizkie. Eta web orrialdean ipinia.
22. artikulua.– 1.– Batzarreko kideek Lehendakariari bere ustez interesgarriak diren gaiak gai zerrendan sartzea eskatu ahal izango diote, gutxienez, hamar eguneko aurrerapenarekin, eta betiere, eskaera gutxienez Batzarreko kideen % 5ak proposatzen badu, sartu beharreko gaia federazioarentzat interesgarria bada; ala estamenturen bateko kideen % 5ak eskatzen badu, sartu beharreko gaiak dagokion estamenturako lehentasunezko interesa badu.
2.– Proposatutako gaia gai zerrendan sartzea onartzen ez bada, eskatzaileari jakinarazi beharko zaio, ukatzearen arrazoiak azalduz.
23. artikulua.– Batzar Nagusia lehen deialdian baliozkoa izango da baldin eta kideen erdiak gehi bat joaten badira. Bigarren deialdian, berriz, baliozkoa izango da bilerara joandako kide kopurua edozein dela ere.
24. artikulua.– Batzar Nagusian botoaren eskuordetzea ez da onartuko.
II. KAPITULUA
ZUZENDARITZA BATZORDEA
25. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea federazioko administrazio-organoa da, eta federazioko gaien administrazio- eta ekonomia-kudeaketaz arduratuko da. Horiek, Batzar Nagusiaren arauei jarraiki garatu beharko ditu.
26. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kide kopuru bakoitia izango du, eta gutxienez honakoek osatuko dute:
a) Lehendakariak, Federazioko Lehendakaria ere izango denak.
b) Lehendakariordeak, Lehendakarien funtzioak hartuko dituena ez badago, edo kargua uzten badu.
c) Diruzainak.
d) Batzordekideak. Batzordekide bana egongo da kirol diziplinaren arabera federazioan eratzen den batzorde bakoitzeko.
2.– Lurralde Federazioetako Lehendakariek eskubide osoa dute Zuzendaritza Batzordeko kideak izango dira.
3.– Zuzendaritza Batzordeari Federazioko Idazkariak lagunduko dio; hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Pertsona berak lehendakariordearen eta diruzainaren karguak izan ditzake.
5.– Zuzendaritza Batzordearen kargu guztiak ohorezkoak dira, Idazkariaren eta Diruzainaren karguak izan ezik, zein ordaindu ahal izango baitira.
6.– Batzar Nagusiko kideak ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiak joan ahal izango dira batzarretara; hitza izango dute baina botorik ez.
27. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeko kideak Federazioko lehendakariak hautatuko ditu, bere agintaldia bukatu arte, behin Batzar Nagusia berritutakoan. Batzarreko kideen hautaketa librean lurralde federaziotako lehendakariak salbuesten dira.
28. artikulua.– 1.– Federazioko Lehendakariari ala, hori izan ezean, Zuzendaritza Batzordeko kideen % 25ari egokituko zaio federazioaren bileretarako deia egitea.
2.– Deialdiarekin batera gai zerrenda aurkeztu beharko da, eta hor eztabaidatu behar diren gaiak, nahiz horien inguruko dokumentazioa adierazi beharko dira.
3.– Gai zerrenda hori, gutxienez, bilera egin baino bi egun lehenago jakinarazi beharko zaie Batzarreko kideei, idatziz, behar bezala justifikatutako premia dagoenean salbu.
4.– Hala ere, deialdia egon ez arren, baliozkotzat hartuko da kide guztiak joaten badira, eta aho batez hala erabakitzen badute.
29. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordea baliozkotasunez eratuta geratuko da lehen deialdira kideen erdia gehi bat bertaratzen direnean, eta bigarren deialdira, gutxienez, kideen % 25a bertaratzen denean. Nolanahi ere, Federazioko Lehendakaria edo Lehendakariordea ere bertaratuko beharko dira.
2.– Federazioko Lehendakaria, edo, hau egon ezean, Lehendakariordea, Zuzendaritza Batzordeko bileretako buru izango da, eta bere jarduera zuzendu eta koordinatuko du.
30. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak modu kolektiboan ondorengo arrazoiren batengatik utziko du kargua:
a) Zentsura mozioa onartzeagatik.
b) Lehendakariaren kargu-uzteagatik.
c) Kideen % 50 baino gehiago hiltzea, edo horiek dimisioa aurkeztea.
d) Kideen % 50 baino gehiago gaitasunik gabe uztea edo ezgaitzea.
e) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.
2.– Zuzendaritza Batzordeko kideek banaka utziko dute kargua, arrazoi hauengatik:
a) Dimititzeagatik edo hiltzeagatik.
b) Gaitasunik gabe uzteagatik edo gaitasuna galtzeagatik.
c) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.
d) Presidenteak kargu-uztea agintzeagatik.
3.– Zuzendaritza Batzordeko kide batek edo gehiagok kargua banaka uzten badute, Lehendakariak horien ordezkoak izendatu ahal izango ditu, eta esleipen horiek Batzar Nagusiak egiten duen lehenengo bileran horretan jakinarazi beharko dira.
4.– Lehendakariak kide berriak gehitu ditzake federazioko Zuzendaritza Batzordera, egoki deritzonean.
5.– Aurreko puntuetan xedatutakoa ezin izango da aplikatu Lurralde Federazioetako Lehendakarien kasuan, eta kargua uzteko arrazoiak dagozkien federazioen estatutuetan ezarritakoak izango dira.
31. artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordearen erantzukizuna eskatu dezake zentsura-mozio baten bidez, zeinek xede horretarako deitutako bileran Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoa alde izan beharko baitu.
2.– Zentsura-mozioa onartzen denean Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek kargua utzi beharko dute, Federazioko Lehendakariak barne, Lurralde Federaziotako Lehendakariek izan ezik, zein Zuzendaritza Batzordean eskubide osoko kide bezala sartuko baitira Zuzendaritza Batzorde berrira.
32. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordeak kargua uzten duenean, jardunean jarraituko du, eta Hauteskunde Batzordeari gehienez hilabete bateko epean bilera egiteko deituko dio, hauteskunde-prozesuari hasiera eman diezaion. Han, beste Lehendakari bat hautatuko da, eta hark bere Zuzendaritza Batzordea izendatuko du.
2.– Hori ezinezkoa balitz, Federazioko Batzar Nagusiko kide guztietatik gutxienez % 5a ordezkatzen duen edozein kide-taldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.
33. artikulua.– Federazioko Idazkariak, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:
a) Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileren aktak egitea.
b) Federazioaren liburuak eta gainerako dokumentuak zaintzea, kontabilitatekoak salbu.
c) Aipatu liburuen edukien inguruko ziurtagiriak egitea.
34. artikulua.– Federazioko Diruzainak, gutxienez, ondorengo funtzioak bete beharko ditu:
a) Federazioaren kontuak eta ekonomi arloko eragiketak zuzentzea.
b) Federazioaren kontabilitate-liburuak zaintzea eta horietaz arduratzea.
c) Beharrezkoak diren Kontabilitateko dokumentu guztiak prestatzea, bereziki, urteko aurrekontuaren zirriborroa eta ekitaldi bakoitzaren balantzea, gero Batzar Nagusiak onar ditzan.
III. KAPITULUA
LEHENDAKARIA
35. artikulua.– Federazioko Lehendakariak federazioaren legezko ordezkaritza hartzen du bere gain; Batzar Nagusiak eta Zuzendaritza Batzordeak hartutako erabakiak gauzatzen ditu; Biek egindako saioen buru izango da, eta saio hauek zuzenduko ditu. Bestalde, berdinketa gertatzen bada, bere kalitateko botoaz baliatuz erabakiko du.
36. artikulua.– 1.– Federazioko Lehendakaria izango da Batzar Nagusiak hautatu duen pertsona hura.
2.– Lehendakariaren kargua uzteko arrazoiak ondorengoak dira:
a) Dimititzeagatik ala hiltzeagatik.
b) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 104. artikuluan aurreikusitako zentsura-mozioa onartzeagatik.
c) Gaitasunik gabe uzteagatik edo gaitasuna galtzeagatik.
d) Estatutuetan aurreikusitako gainerako arrazoiengatik.
3.– Lehendakariak kargua uzten badu hautaketa berria egin beharko da. Kasu horretan, jardunean jarraituko du eta Hauteskunde Batzorderako deia egingo du, gehienez, hilabete bateko denbora-epean. Epe horretan deialdirik egiten ez bada, Batzar Nagusiko kide guztien % 5a ordezkatzen duen edozein kide-taldek Hauteskunde Batzorderako deialdia burutu ahal izango du.
IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
37. artikulua.– Estatutu hauetako 14. artikuluan jasotzen diren organoetako kideek dagozkien funtzioak betetzen jarraituko dute bere ondorengoek kargua hartu arte.
38. artikulua.– 1.– Federazioko kide anitzeko organoen erabakiak bertaratutako kideen gehiengo soilarekin hartuko dira, lege edo estatutu xedapenek gehiengo kualifikatuak eskatzen dituzten kasuetan izan ezik.
39. artikulua.– Batzar Nagusiko edo Zuzendaritza Batzordeko kidea izateko baldintzak ondorengoak dira:
a) Adin nagusikoa izatea.
b) Administrazio-egoitza federazioaren jarduera-eremuan izatea. Ez ohiko egoeretan Batzar Nagusiak baldintza hori barkatu ahal izango du.
c) Karguak edo funtzioak betetzeko gaitasuna kentzen duen diziplinazko zigor irmorik bete behar ez izatea.
d) Epai judizial irmoaren bidez kargu publikoak betetzeko gaitasuna baliogabetzen duen zigorrik ez izatea.
e) Erabaki judizial irmoaren bidez ezgai deklaratuta ez egotea.
40. artikulua.– 1.– Federazioko organoek hartu dituzten erabaki guztien akta jaso behar du idazkariak. Aktan ondorengoak jaso beharko dira, gutxienez: bertaratutako pertsonen izena, bilera non eta noiz egin den; eztabaidatu diren puntu nagusiak; bozketa nola egin den eta haren emaitza, eta erabakien edukia.
2.– Onartutako erabakiaren aurkako botoek, betiere arrazoituak badira, kide anitzeko organoen erabakietatik ondoriozta daitezkeen erantzukizunetik aske utzi ahal dute.
41. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak nahi beste batzorde eta antzeko organo eratu ditzake, federazioaren kirol jardueraren sektore bat garatzeko nahiz federazioko talde edo estamentuen funtzionamendua hobetzeko.
42. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioak dopingari dagokionean ezar daitekeen arautegiak xedatzen dituen organoak izan beharko ditu.
2.– Euskadiko Kanoe Federazioak batzorde tekniko bat izango du, eta batzorde horrek federazioaren kirol zuzendaritza teknikoa bere gain hartuko du.
3.– Halaber, Federazioa bide onetik joateko komenigarriak diren bestelako Batzordeak izan ditzake, eta dagozkien Arautegietan garatuko dira.
43. Artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioko zuzendariek ondorengo eskubideak dituzte:
a) Eusko Jaurlaritzak federaziotako zuzendariak etengabe prestatzea, eta doako aholkularitza teknikoa ematea bere funtzioak era egokian bete ditzan.
b) Jardueretan izandako gastuak itzultzea, federazioak berak aurretik ezarritako mugen barruan.
c) Federazioaren bitartez, borondatezko jardueratik ondoriozta daitezkeen istripu arriskuetarako eta erantzukizun zibilerako asegurua izatea.
d) Bere jarduera baldintza egokietan burutzea, duintasunari, segurtasunari eta higieneari dagokionean, bere funtzioen izaera eta ezaugarrien arabera.
e) Zuzendariak direla egiaztatzen duen ziurtagiriren bat izatea.
f) Kirolaren esparruan egindako ekarpen sozialarengatik errespetua eta esker ona jasotzea.
g) Federazioko zuzendaritza organoetan parte hartzeko informazio eta dokumentazio guztia eskura izatea.
h) Esleitzen zaizkion funtzioak behar bezala betetzeko beharrezkoak diren materialak era iraunkorrean jasotzea.
i) Federazioaren arauetan aurreikusitako bestelakoak.
44. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioko zuzendariek ondorengo betebeharrak dituzte:
a) Bere betebeharrak garatzean jasotako eta ezagututako informazioaren konfidentzialtasuna gordetzea, hala badagokio. Konfidentzialtasuna gordetzeko betebeharrak kargua uzten duenean ere iraungo du.
b) Funtzioak betetzean behar bezalako arduraz jokatzea, hots, uneoro federazioaren estatutuetako helburuen arabera jokatzea.
c) Dagozkien kirol federazioek beren eskura jartzen dituzten baliabide materialak errespetatzea eta zaintzea.
d) Federazioarekin hartutako konpromisoak betetzea.
e) Funtzioak behar bezala betetzeko antolatzen diren prestakuntza-jardueretan parte hartzea.
f) Urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan debekatuta dagoen edozein ordain ekonomikori uko egitea.
g) Funtzioak betetzen jarraitzea bere ondorengoek kargua hartu arte, ezinbestean utzi behar ez duenean salbu.
h) Eskumeneko organoek hartutako erabakiak eta ebazpenak ontzat hartzea.
i) Kargua uzten duten zuzendarien ordezkoei beharrezkoa den dokumentazio eta informazio guztia ematea.
j) Euren interes pertsonalarekin zerikusia duten gaiei buruzko deliberamendutan parte ez hartzea. Interes pertsonala egongo da gaiak zuzendariaren ezkontideari edota antzeko afektibitate harremana duten pertsonei, edo haren ondorengoei edo aurrekoei, eragiten badie, edota zuzendaritzako kargua zein neurri bateko partaidetza duen sozietateari eragiten badio.
k) Organoek antolatutako bileretara joatea, zeinetako kidea baita, eta hauen deliberamendutan parte hartze aktiboa izatea, bere irizpideak erabaki egokiak hartzen lagun dezan.
l) Emandako egiaztagiria behar bezala erabiltzea.
m) Federazioak onartu duen Kode Etikoa betetzea.
n) Federazio honen estatutu edo arautegietan aurreikusitako bestelakoak.
45. artikulua.– 1.– Kirol federazioaren Lehendakari kargua bateraezina da beste kirol federazio bateko Lehendakari karguarekin, nahiz eta beste kirol modalitate batekoa izan.
2.– Kirol federazioaren Lehendakari kargua bateraezina da federazio horretan dagoen klub edo kirol elkarte bateko Lehendakari karguarekin. Lehendakaritza betetzen duen pertsona titularra, hain zuzen, klub edo kirol elkarte bateko ordezkari gisa batzarrean egotegatik aukeratzen badute, federazioko edo klubeko kargua aukeratu beharko du, eta klubean duen karguari uko egiten diola ulertuko da, bietako bat espresuki aukeratzen ez badu.
3.– Kirol federazioaren lehendakaritza bateraezina izango da Foru Administrazioaren edota Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorraren barne dagoen federazio-eremuarekin zuzenean lotutako kargu ala enplegu publikoak betetzearekin.
4.– Kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da erakunde bereko kontseilari edo aholkulari profesional izatearekin. Era berean, kirol federazioaren zuzendaritza kargua bateraezina da bertarako lan harremana, harreman zibila ala merkataritzakoa dela medio zerbitzu profesionalak eskaintzearekin.
46. artikulua.– Federazioko zuzendariek debekatuta dituzte ondorengoak:
a) Kargua utzi edo dimititu eta gero kalte-ordainak jasotzea.
b) Hirugarren pertsonengandik edo erakundeengandik komisioak edo antzeko mozkinak jasotzea, kirol erakundeak ondasunak eta zerbitzuak kontratatzeagatik.
c) Kirol edo ekonomi helburuak lortzeagatik pizgarriak jasotzea.
d) Bere enpresen bitartez ala hirugarren pertsonen nahiz erakundeen izenean kirol federazioarekin berarekin kontratuak egitea. Autokontratatzeko debeku horrek eragina du ezkontideengan, antzeko afektibitate harremanen bidez lotutako pertsonengan eta ondorengo nahiz aurrekoen enpresengan.
e) Kirol federazioaren ondarea erabiltzea ala ondare-abantaila bat lortzeko bertan duen postuaz baliatzea.
IV. TITULUA
FEDERAZIOKO ESTAMENTUAK
47. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioaren estamentuetako kideek, gutxienez, ondorengo eskubideak izango dituzte:
a) Federazio organoetan ordezkaritza izatea eta horietako kide izatea, estatutu hauen eta aplikagarria den arautegiaren arabera ezarritako eran eta proportzioan.
b) Federazioak antolatutako jarduera guztietan parte hartzea, federazioak horren inguruan ematen dituen arauei jarraiki.
c) Kirol hau hobeto garatu dadin eskatzen duten beste informazio jasotzea, eta federazioko gaien inguruan bere irizpide nahiz iritziak modu askean adieraztea.
d) Federazioaren arauak bete daitezela eskatzeko federazioko eskumeneko organoetara jotzea.
e) Egoki iruditzen zaizkien kontsultak eta erreklamazioak egitea, federazioaren arauei jarraiki.
f) Lizentzia egiaztatzen duen dokumentua eskuragarri izatea.
48. artikulua.– Federazioaren estamentuetako kideek ondorengo betebeharrak izango dituzte:
a) Ezartzen diren kuotak ordaintzea.
b) Federazioko organoek hartutako erabaki guztiak betetzea, hartarako eskumena duen organoak baliogabetzen edo kentzen ez dituen bitartean.
c) Federazioaren helburuak lortzeko, era aktiboan parte hartzea.
d) Hala dagokionean, dituzten karguei atxikitako betebeharrak leialki betetzea.
e) Euskal selekzioek kirol-lehiaketetan parte hartzeko edo horiek prestatzeko egiten dituzten deialdietara joatea.
49. artikulua.– Estatutu hauei dagozkien xedeetarako, klub edo kirol elkarteak dira ekainaren 11ko Euskadiko Kirolari buruzko 14/1998 Legearen III. Tituluan aurreikusitakoari jarraiki eratutako elkarteak.
50. artikulua.– Klubak eta elkarteak, Federazioak antolatutako edo baimendutako lehiaketa ofizialetan parte hartzeko federazio horri atxiki beharko dira, lurraldeko federazioaren bitartez. Era berean, klub eta kirol elkarteetako estamentuari dagokion federazio lizentzia eskuratu beharko dute.
51. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioko kirolariak dira kirolarien estamentuari dagokion federazio lizentziaren titularrak diren pertsona fisikoak.
52. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioko teknikariak federazioak eskatutako titulua, eta estamentu honi dagokion federazio lizentzia duten pertsonak dira.
2.– Teknikariak, hala dagokienean, federazioaren teknikarien elkargoan elkartuko dira.
53. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioko epaileak eskumeneko organoak emandako beharrezko titulua, eta dagokion federazio lizentzia duten pertsona fisikoak dira.
2.– Epaileak, hala dagokienean, federazioaren epaileen elkargoan elkartuko dira.
V. TITULUA
DIZIPLINA ERREGIMENA
54. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioaren diziplina erregimenean honako hauek aginduko dute: ekainaren 11ko 14/1998 Legearen X. Tituluan xedatutakoak; urtarrilaren 10eko 7/1989 Dekretuak, edo ordezkatzen duen xedapenak; estatutu hauek; eta federazioaren beraren Kirol Diziplinazko Arautegiak.
55. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioak bere organo-egiturako kide diren pertsona guztiei dagokionean, eta federazio horretako kide diren pertsona fisiko edo juridikoei dagokionean soilik izango du diziplina ahalmena.
2.– Federazioak ezin izango du diziplina ahalmenik burutu kirol jarduera bereko beste lurralde eremuetako federaziotako kideei dagokionean, nahiz eta bere kirol jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan garatu.
56. artikulua.– 1.– Diziplina Batzordea eta Apelazio Batzordea kirol diziplina ahalmena duten Euskadiko Kanoe Federazioko organoak dira, gainerako federazio organoak alde batera utzita.
2.– Diziplina Batzordea Euskadiko Kanoe Federazioari dagokion eremuaren barneko jardueren arduraduna izango da.
3.– Apelazio Batzordea, Euskal Federazioaren eta bere Lurralde Federazioen Diziplina Batzordearen epaien aurka aurkezten diren helegiteetan egin beharreko jarduerez arduratuko da.
57. artikulua.– 1.– Diziplina Batzordea eta Apelazio Batzordea Zuzendaritza Batzordeak izendatutako kide kopuru bakoitiak osatuko du. Pertsona bakarreko organoa ahal izango da.
2.– Batzordeko kideak 4 urteko denbora-eperako izendatuko dira, eta kargua betetzeko nahikoak diren ezagutzak izan beharko dituzte.
3.– Diziplina eta Apelazio Batzordeetako kideak Zuzendaritza Batzordeko kide ere izan daitezke, eta federazioko Lehendakariaren irizpideen arabera beren kargutik mugiarazi daitezke.
58. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioaren Apelazio Batzordearen aurrean Diziplinazko Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.
2.– Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean Apelazio Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.
VI. TITULUA
HAUTESKUNDE ERREGIMENA
59. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioaren hauteskunde erregimenean ondorengoek aginduko dute: urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren VII. Tituluan xedatutakoak; hori garatzean ematen diren xedapenek; estatutu hauek; eta hauteskunde-arautegiak, zein derrigorrez Batzar Nagusiak onartu beharko baitu.
60. artikulua.– Federazioaren Batzar Nagusia aukeratzeko, hautesleak euskal federazioa osatzen duten lurraldeko federaziotako batzar nagusietako kideak izango dira. Aukeraketa honek ez ditu hauteskunde-prozesu baten ezaugarriak izango, eta Lurraldeko Batzar bakoitzean burutu beharko da, berritu eta gero deitzen den lehenengo bileran, indarrean dagoen arautegiari jarraiki.
61. artikulua.– Federazioan hauteskunde prozesua sustatzeaz eta haren garapen egokiaz arduratzen den Hauteskunde Batzordea egongo da. Hauteskunde Batzordea pertsona bakarrekoa izan daiteke. Taldeko organoa bada hiru kiderekin osatuta egongo da.
62. artikulua.– Hauteskunde Batzordearen funtzioak lau urteko denbora-eperako izango dira; hala ere, Batzar Nagusiak denbora-epe hori bukatu baino lehen kargutik ken dezake, edo beste bat izendatu.
63. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeko kideak nahiz ordezkoak zozketa publikoaren bidez hautatuko dira, hautagai izango ez diren pertsonen artean.
Boluntarioak ere hautatu daitezke, betiere Batzar Nagusira bertaratutako kideen bi herenek onesten badute.
2.– Hauteskunde Batzordeko lehendakari eta idazkari gisa, adin handienetakoa eta txikienekoa arituko dira, hurrenez hurren.
3.– Hautagai gisa aurkezten direnak inola ere ezin izango dira izan Hauteskunde Batzordeko kideak. Izendatutako Hauteskunde Batzordeko kideren batek kargu hori hartzen badu, utzi egin beharko du, eta bere lekua izendatutako ordezkoak hartuko du.
64. artikulua.– 1.– Hauteskunde Batzordeak ondorengo funtzioak izango ditu:
a) Hautesleen errolda eta hauteskundeetako egutegia onartzea.
b) Aurkeztutako hautagaiak izendatzea eta argitaratzea.
c) Hauteskunde-mahaia izendatzea.
d) Hautetsiak zein diren izendatzea.
e) Aurkezten diren inpugnazioak, erreklamazioak, eta eskaerak ebaztea, eta hauteskunde-mahaiaren erabakien aurka jartzen diren errekurtsoak ere bai.
f) Hauteskundeak burutzeari eta bere emaitzei zuzenean eragiten dion edozein auzi.
2.– Kirol Justiziako Euskal Batzordearen aurrean Hauteskunde Batzordeak hartzen dituen erabakien aurka egin ahal izango da.
65. artikulua.– Hauteskunde Batzordeak, hautagai izango ez diren hautesleen artean zozketa egin eta gero, hiru kiderekin osatutako Hauteskunde Mahaia izendatuko du; eta ordezkoen kopuru baliokidea ere bai. Lehendakaria eta idazkaria kiderik zaharrena eta gazteena izango dira, hurrenez hurren.
66. artikulua.– 1.– Hauteskunde Mahaiak ondorengo funtzioak izango ditu:
a) Bozketak behar bezala egitea bermatzea.
b) Boto-emaileak nortzuk diren, eta hautesleak direla egiaztatzea.
c) Emandako botoak baliozkoak diren ebaztea.
d) Bozketa bukatu eta gero botoak zenbatzea.
e) Bozketarekin zerikusia duen beste edonolako gairen inguruan erabakitzea.
2.– Hauteskunde Mahaiak hartutako erabakien aurka, Hauteskunde Batzordean egin ahal izango da.
VII. TITULUA
EKONOMIA ETA ONDARE ERREGIMENA
67. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioak berezko aurrekontu eta ondare erregimena du.
2.– Federazioaren ondarea hainbat ondasunek osatuko dute zeinen titulartasuna baitagokio.
3.– Federazioak ondorengo baliabideak ditu:
a) Federatuen kuotak.
b) Erakunde publikoek eman ditzakeen dirulaguntzak.
c) Dohaintzak, herentziak, legatuak eta sariak.
d) Antolatzen dituen kirol jardueretan eta lehiaketetan ateratako mozkinak.
e) Industria eta merkataritza-jardueretan, jarduera profesionaletan edo egindako zerbitzuetan ateratako mozkinak.
f) Bere ondarearen emaitzak, eta ondarea besterentzetik edo zergapetzetik lortutakoa, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko 138. artikuluan ezarritako baldintzen arabera.
g) Lortzen dituen mailegu eta kredituak.
h) Bere jarduera garatzerakoan lor ditzakeen bestelakoak.
68. artikulua.– 1.– Federazioaren diru-sarrera guztiak, kirol jardueretan nahiz industria, merkataritza, zerbitzu izaerako edo izaera profesionaleko jardueretan lor ditzakeen irabaziak eta sariak, osorik bere helburu soziala garatzeko erabiliko dira.
2.– Irabaziak ezin izango dira inola ere federazioko kideen artean banatu.
69. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioak ondasun higiezinak zergapetu edo besterendu ditzake, dirua maileguan har dezake, eta zorraren eta ondare zati alikuotaren titulu ordezkatzaileak jaulki ditzake, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 138 eta 139. artikuluetan ezarritako kasu eta baldintzei jarraiki.
70. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioak goi zuzendaritzako lan kontratuak izenpetu ahal izango ditu, betiere erabakia eta ordainsaria zein kontratuaren gainerako baldintzak Batzar Nagusira bertaratutakoek gehiengo osoarekin onartzen badute, eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak kontratu hori egiteko baimena ematen badu.
71. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioak ekitaldi bakoitzaren aurrekontua urtero onartuko du.
2.– Zuzendaritza Batzordea arduratuko da aurrekontuaren proiektua egiteaz, eta Batzar Nagusiari dagokio onartzea.
3.– Federazioak gehienez onartu ditzakeen betebeharrak, eta dagokion ekitaldian likidatzea aurreikusten diren eskubideak aurrekontuan adieraziko dira. Euskadiko Kanoe Federazioaren aurrekontuan, halaber, kirol modalitate horretan emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzearekin zerikusia duten betebeharrak adierazi beharko dira.
4.– Aurrekontu bakarra egongo da, eta federazioaren gastu eta diru-sarrera guztiak barne hartuko du, organo osagarrienak edo horien tresna erakundeenak barne. Kudeaketa edo antolamenduko beharrek hala eskatzen dutenean, Euskadiko Kanoe Federazioak kontabilitateko azpierakundeak sortu ahal izango ditu zein sistema zentralean behar bezala integratuta egongo baitira.
5.– Aurrekontua orekatua izango da, eta ez da inola ere defizita duen aurrekonturik onartuko, Eusko Jaurlaritzaren aldez aurretiko baimena eskuratu gabe.
6.– Behin Batzar Nagusiaren onespena lortutakoan, aurreko ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaio.
7.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak aurrekontu osoaren % 25 gainditzen ez duten aurrekontuari dagozkion aldaketak egitea erabaki dezake.
72. artikulua.– 1.– Ekitaldi bakoitza itxi eta hurrengo hiru hilabeteren barruan, Federazioaren Zuzendaritza Batzordeak urteko kontuak aurkeztu beharko ditu Batzar Nagusian, eta kontu horietan agertu beharko dira: balantzea, galeren eta irabazien kontua, eta memoria ekonomikoa.
2.– Zuzendaritza Batzordeak egiten dituen urteko kontuak lehendakariak, eta hala dagokionean, diruzainak izenpetu beharko dituzte.
3.– Federazioaren urteko kontuen egitura bat etorriko da Kontabilitateko Plan Orokorraren egokitze arauekin. Arau hauek, erakunde horien berezitasunak aintzat hartuz, arautegietan ezarriko dira. Arauak ezartzen ez diren bitartean urteko kontuak Kontabilitateko Plan Orokorrarekin egokituko dira.
73. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioan, hala dagokionean, finantzen eta kudeaketaren kontu ikuskaritza burutu beharko da, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 144. artikuluan xedatzen denari jarraiki.
VIII. TITULUA
AGIRI ERREGIMENA
74. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioa nahitaez ondorengo liburuez arduratuko da:
a) Federazioko estamentuen liburua, zein estamentu bakoitzari dagokion ataletan banatuta baitago. Liburu horretan eguneratutako atalen zerrenda, eta federazioan sartu diren eta handik atera diren data agertuko dira.
b) Federazioaren akten liburua. Bertan, Batzar Nagusiak, Zuzendaritza Batzordeak eta Federazioaren gainerako organoek hartzen dituzten erabakiak azalduko dira.
c) Kontabilitate liburuak.
d) Hala badagokio, zor tituluen edo ondare parte alikuotaren Erregistro Liburua.
e) Dokumentuen sarreren eta irteeren erregistro liburua.
f) Estatutu hauetan aurreikusitako arbitrajeari egindako uko egiteen erregistro liburua.
Lehenengo lau liburuak Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan bideratu beharko dira.
IX. TITULUA
FEDERAZIOA DESEGITEA ETA LIKIDATZEA
75. artikulua.– 1.– Euskadiko Kanoe Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegingo da:
a) Ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek hala erabakitzen badute, eta artikulu honen bigarren atalean aurreikusitako arrazoiren bat egoten bada.
b) Epaileak erabakitzen badu.
2.– Euskadiko Kanoe Federazioa ondorengo arrazoiengatik desegin beharko da:
a) Federazioaren onarpen ofiziala baliogabetzen bada.
b) Administrazioko funtzio publikoak behar bezala betetzea guztiz ezinezkoa bada.
c) Federazioko organoak gelditzeagatik, eta horren ondorioz, bere funtzionamendua ezinezkoa izateagatik.
d) Eskuordetutako funtzio publikoak betetzen ez baditu.
e) Beste kirol federazio batekin bat egiten badu.
f) Beste kirol federazio batean sartzen bada.
g) Indarrean dagoen legedian aurreikusitako beste edozein arrazoirengatik.
76. artikulua.– 1.– Lehendakariak Batzar Nagusiari deituko dio desegiteko erabakia har dezan. Erabakia bi hilabeteko denbora-epean hartu beharko du, desegitea eragiten duen arrazoia ezagutzen den unetik aurrera.
2.– Pertsona federatuek eta Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak lehendakariari Batzar Nagusira deitzea eskatu ahal izango diote, beren ustez aurreko artikuluan aipatutako arrazoiren bat egoten bada.
3.– Batzar Nagusirako deirik egiten ez bada, edo adostasunik lortzen ez bada, edozein federatuk ala eskumena duen kirol Administrazioak berak federazioaren desegite judiziala eskatu ahal izango du.
4.– Federazioaren Zuzendaritza Batzordea behartuta dago desegite judiziala eskatzera, federazioaren erabakia desegitearen aurkakoa bada, ala desegitea lortu ezin bada.
77. artikulua.– Behin federazioa deseginda, likidatze aldia hasiko da, bat-egitea ala desegiten den federazioaren aktibo eta pasiboaren lagapen orokorra gertatzen den kasuetan izan ezik.
78. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioa desegindakoan, likidatzen ari den bitartean bere nortasun juridikoa mantenduko du. Fase horretan bere izenaren ondoan «likidazioan» jarri beharko du.
79. artikulua.– Federazioak likidatzen ari dela adierazten duen unetik aurrera Zuzendaritza Batzordeak bere funtzioak utziko ditu, eta likidatzaileek hartuko dituzte haien funtzioak. Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza Batzordeko kideek likidazio eragiketak burutzerakoan parte hartu beharko dute.
80. artikulua.– 1.– Federazioaren Batzar Nagusiak likidatzaileak izendatu beharko ditu, eta kopurua beti bakoitia izango da.
2.– Likidatzaileak izendatzen nahiz kargutik kentzen direnean Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatu beharko da.
81. artikulua.– Federazioko likidatzaileen funtzioak ondorengoak izango dira:
a) Administrazio organoarekin batera bere funtziotan hastean federazioak duen hasierako balantzea onestea.
b) Federazioko liburuez eta gutunez arduratzea eta horiek zaintzea. Era berean, ondarearen segurtasuna bermatzea.
c) Federazioa likidatzeko egiteke dauden eragiketak, nahiz egin beharreko berriak burutzea.
d) Federazioaren ondasunak eta eskubideak besterentzea. Ondasun higiezinak nahitaez enkante publikoan salduko dira. Zuzeneko salmenta Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen kasuetan bakarrik egin ahal izango da.
e) Transakzioak eta arbitrajeak adostea, federazioaren interesentzat komenigarria bada.
f) Hartzekodunei ordaintzea.
g) Federazioaren ordezkari izatea.
82. artikulua.– Likidazioa amaitutakoan, likidatzaileek azken balantzea egingo dute, eta Batzar Nagusian aurkeztuko da, hauek onartu dezaten. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio.
83. artikulua.– Likidatzaileen funtzioa ondorengo arrazoiengatik bukatuko da:
a) Likidazioa egitea.
b) Batzar Nagusiak emandako botereak baliogabetzea.
c) Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzak botereak baliogabetzea edo gaitasunik gabe uztea.
d) Epaileak erabakitzen badu.
84. artikulua.– Federazioak kaudimenik ez badu, likidatzaileek dagokion lehiaketa adierazpena berehala eskatu beharko dute.
85. artikulua.– Federazioa desegiten bada, batzorde likidatzaileak Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroari jakinaraziko dio honek inskripzioa bertan behera uzteari ekin diezaion.
X. TITULUA
ESTATUTUAK ETA ARAUTEGIAK
86. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioaren estatutuak ezohiko Batzar Nagusira bertaratutakoen bi herenek onartzen badute soilik aldatu ahal izango dira.
87. artikulua.– Estatutuen proiektua onartutakoan, Euskal Herriko Kirol Zuzendaritzari bidaliko zaio, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak erabakia hartzen duen unetik aurrera.
88. artikulua.– Aipatutako estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzetan, eta Eusko Jaurlaritzak eskatzen duen euskarri informatikoan aurkeztu beharko dira.
89. artikulua.– Federazioaren estatutuak indarrean sartzeko administrazioak onartu egin beharko ditu, eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.
90. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioak, gutxienez, ondorengoak arautu beharko ditu:
a) Lehiaketa ofizialak antolatzeko eta garatzeko erregimena.
b) Diziplina erregimena.
c) Hauteskunde erregimena.
d) Gatazken judizioz kanpoko ebazpenen erregimena.
e) Lizentzien erregimena.
91. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioaren arautegiak Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritzari aurkeztuko zaizkio honek onar ditzan, hirurogei egun naturaleko denbora-epean, Batzar Nagusiak onartzen dituen unetik aurrera.
92. artikulua.– Arautegiak onesteko eta aldatzeko xede horretarako deitutako ez ohiko Batzar Nagusira bertaratutako kide gehienen aldeko botoa beharko da.
93. artikulua.– 1.– Federazioaren zirkularrak estatutuen eta arautegien indarraldia, ezarpena, interpretazioa nahiz federazioari dagozkion bestelako gaiak jakinarazteko erabiliko dira, baina ez dute berezko arau izaerarik izango.
2.– Federazioaren zirkularrek ez dute aurretiko administrazio onarpenik behar izango.
94. artikulua.– 1.– Lurralde eremuz gaindiko federazioetako estatutuak eta arautegiak federazioari eta horretako kideei zuzenean aplikatu ahal izango zaizkie, soilik euskal federazio hau federazio horietako kidea izateaz gainera hauen eskumeneko arloen inguruan bada. Kasu horretan, Euskadiko Kanoe Federazioak arau horiek zabaldu egin beharko ditu, federazioaren estamentu ezberdinek behar bezala ezagutu ditzaten. Arau horiek federazio honetako hizkuntza ofizialetakoren batean idatzi beharko dute.
2.– Lurralde eremuz gaindiko kirol federazioetako gainerako arauak, ez dira zuzenean aplikagarri izango euskal federazioei eta bere kideei. Federazioaren beraren arautegira erantsiko dira, federazioak eta administrazioak arau horiek onartzen dituztenean, eta Euskal Herriko Kirol Erakundeen Erregistroan izen-ematea burutzen denean soilik.
3.– Erkidegoaz gaindiko kirol federazioen arautegiak ezin izango dira Euskadiko Kanoe Federazioan era osagarrian aplikatu. Hala ere, arau horiek era osagarrian aplikatu ahal izango dira, betiere bere arautegietan aipamen berezi bat ezartzen bada, federatuek arau horiek egoki itzulita eskuragarri badituzte, eta behar bezala zabalduta badaude.
XI. TITULUA
HIZKUNTZA NORMALIZAZIOA
95. artikulua.– Euskara eta gaztelera Euskadiko Kanoe Federazioaren hizkuntza ofizialak dira.
96. artikulua.– Euskadiko Kanoe Federazioko organoek federazioaren baitan hizkuntza normalizazioko pixkanakako prozesua bermatuko dute, urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren Hirugarren Xedapen Iragankorrean xedatutakoari jarraiki.
97. artikulua.– Federazioaren ziurtagiriak bi hizkuntzetan edo Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean eman ahal izango dira, interesdunak hala eskatzen duenean.
XII. TITULUA
GATAZKEN JUDIZIOZ KANPOKO EBAZPENA
98. artikulua.– Federazioaren eta bere federatu edo kideen artean, nahiz kideen artean gerta daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Zuzenbide Arbitrajearen bidez ebatzi beharko dira, indarreko legedian, Estatutu hauetan eta garatzen ari den Arautegian ezarritako baldintzei jarraiki.
99. artikulua.– Arbitraje bidez, edo, oro har, gatazken judizioz kanpoko ebazpenen bidez konpon daitezkeen desadostasunak edo gai eztabaidagarriak Kirola Arbitratzeko Euskal Epaimahaian aurkeztuko dira.
100. artikulua.– Administrazioak Federazioari eskuordetutako funtzio publikoak betetzearekin zerikusia duten gaiak, eta legeriak espresuki kanpo utzitako arbitrajekoak nahiz lege arlokoak ez beste guztiak bide horren bidez ebatziko dira.
101. artikulua.– Federazioko federatu ala kide orok zeinek Estatutu hauek onartzen diren egunetik, edo lizentzia lortzen duen egunetik hilabete batera kargua espresuki uzten ez baitu, Estatutu hauetan nahiz garatzen ari den Arautegian aurreikusitako arbitraje-sistemaren eta gatazken judizioz kanpoko ebazpenaren mendean egongo da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Eusko Jaurlaritzak urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren 25. artikuluan aurreikusitako lizentzien zehazpen teknikoak onartu arte federazioak lizentziak egoki deritzon formatuarekin ematen jarraitu ahal izango du.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetuta geratzen dira 2018ko urtarrilaren 29an onartutako federazioaren estatutuak.
AZKEN XEDAPENA
Estatutu hauek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean indarrean sartuko dira.