EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019105

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 6koa, Ingurumen Administrazioko zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Arrasateko «AE-54 Etxe Txikiak» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-05-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201902713
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Arrasateko Udalak, 2018ko irailaren 24an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko, honako plan honen ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari: Arrasateko «AE-54 Etxe Txikiak» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2018ko azaroaren 28an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Uraren Euskal Agentziari, Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzkizaleak elkarteari. Era berean, Arrasateko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Halaber, espedientean jasotzen den dokumentazioa eskuragarri ipini zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egiteko.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren nahiz Uraren Euskal Agentziaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDE-OINARRIAK:
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Arrasateko «AE-54 Etxe Txikiak» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia (aurrerantzean, Plana) abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du, eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Arrasateko «AE-54 Etxe Txikiak» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezirako ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, ondoren adierazitako eran:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Hauxe da Arrasateko «AE-54 Etxe Txikiak» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren xedea: eremu horretako hiri-egituraren antolamendu xehatua ezartzea, alde batetik, industria-iraultzaren garaiko langileen etxebizitzen tipologiaren erakusgarri diren eremuko etxebizitza nagusiak sendotzeko, gorputz erantsi desegokiak eraitsiz eta eraikin osagarriak eraikitzeko baimena emanez; eta, beste aldetik, eremua berrurbanizatzeko zerbitzu-sareak berrituz (euri-uren drainatzea, saneamendua, ur-hornidura, energia elektrikoa, gasa, argiak eta telekomunikazioak), baita eremuko barne-kalezuloak ere.
Garapenerako hirigintza-tresna horren helburu nagusiak hauek dira:
– Toki-sistemak zehaztea, eta horien eta eremuaren kanpoaldearen arteko konexioak, toki-sistemen sare horretan indarrean den araudian ezarritako gutxieneko zuzkidurak beteta.
– Eratorritako partzelazioa zedarritzea, eta sor litezkeen beharretara egokitzeko mekanismoak zehaztea, gutxieneko lurzatia adierazita.
– Lurzatian lurzatiko eraikigarritasun fisiko xehatuak ezartzea, erabilera onargarriak adierazita, eta erabilera bakoitzaren gehieneko eta gutxieneko ehunekoak zehaztuta.
– Eraikuntzen eta eraikinen oinarrizko elementu bereizleak zehaztea.
– Antolamendutik kanpo geratu beharreko eraikuntzak eta eraikinak identifikatzea.
– Antolamendu-esparru orokorra sortzeko behar diren guztiak.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak neurri honetan ezartzen du proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparrua: planaren helburua eremuko etxebizitza nagusiak sendotzea da, eraikin atxikiak eraitsiz, eta etxebizitza nagusiei atxikitako eraikin osagarriak eraikitzea. Okupazio berriak egun dagoena ordeztuko du, baina azalera eta kokapen desberdinarekin. Gainera, aurreikusten da zerbitzu-sareak (euri-uren drainatzea, saneamendua, ur-hornidura, energia elektrikoa, gasa, argiak eta telekomunikazioak) eta eremuko barne-kalezuloak berrituko direla.
Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak neurri honetan eragiten die beste plan edo programa batzuei: planeko eremua ES017-GIP-DEB-09 Arrasate izeneko Uholde Arrisku Handiko Eremuan (UAHE) dago. 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (UAKP) UAHE hori III. taldean sartzen du. Talde horrek arrisku handiko UAHEak biltzen ditu, eta haien egitura I. eta II. taldeekin lotutako arazoak konpondu ondoren babestu behar da. Ondorioz, UAKPk ez du egiturazko jarduketarik aurreikusten eremu horretan indarrean dagoen plangintzaren barruan.
Arrisku horri dagokionez, Planak kontuan hartu behar du 2015-2021 aldirako Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoaren araudiko 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa, baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzak eta Errekaertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Planeko E.2 apartatuko uholdeen babesari buruzko berariazko araudian ezarritakoa ere. Halaber, kontuan hartu behar ditu Arrasateko HAPOko Arau Partikularreko 4. apartatuan «54-Etxe-txikiak» eremurako ezarritako baldintzak; apartatua Planaren I. eranskinean dago jasota.
Gainerakoan, Plana bateragarria da maila handiagoko lurraldeko, arloko eta hirigintzako planekin.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-kontsiderazioak integratzeko, bereziki, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: planaren helburua da, besteak beste, eremua berroneratzea narriatuta dauden eta balio historiko nahiz arkitektonikoa duten familia bakarreko eraikinei atxikitako eraikuntzak eraitsiz. Gainera, zerbitzuen azpiegitura-sareak zehazten dira, izan ere, gaur egun, urbanizazioan ez dago gasik edo telekomunikazio-sarerik, eta elektrizitate- eta ur-sareak zaharkituta daude. Plana garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-arloko kontsiderazioak integratzeko egokia dela irizten da.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo handiak: antzemandako arazo nagusia da eremuak 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua izatea, eta horrek, indarreko araudiari jarraikiz, ezarri beharreko erabilerak edo instalazioak baldintzatzen ditu, bizitegi-erabilerak barne. Bestalde, ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: eraikin atxikiak eraistea, balizko lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, zoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa eta abar. Zaratari dagokionez, kasuan kasuko kalitate akustikoarekin loturiko helburuak betetzea bermatzeko beharrezko neurriak hartu behar dira.
e) Era berean, Plana egokitzat jotzen da ingurumen arloko Europar Batasuneko edo nazio-mailako legedia txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Planaren xedea den eremua 6.189 m
Etxe Txikiak etxebizitzen multzoa kultura-ondasun izendatzeko dago proposatuta, eta ondo kontserbatutako Gipuzkoako langile-etxebizitzen adibide bakarra da, hiri-lorategiaren ereduaren arabera. Bestalde, Arrasateko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak eraikinen multzo hori biltzen du bere katalogoan, eta «Interes historiko eta arkitektonikoa duten eraikinak eta eraikitako elementuak» mailan sartzen du, «1.3 Toki-babeseko ondasun higiezinak» epigrafean.
Bestalde, eremuan ez da intereseko landaredirik identifikatu. Dagoen landare-estaldura bakarra etxebizitzetako ortuetako eta lorategietako landaredia eta landaredia erruderal-nitrofiloa da. Eremua baso-igel iberiarraren (
Zaratari dagokionez, inpaktu akustikoaren azterketan aipatutako foku nagusiak kontuan hartuta (GI-627 errepidea, eremutik 200 metro hegoaldera dagoena, Gipuzkoa Etorbidea eta Nafarroa Hiribidea hiri-bideak eta lurzatiaren gertuko beste batzuk), kalitate akustikoarekin lotutako helburuak (aurrerantzean, KAHak) eremuaren ekialdeko mugan gainditu egiten dira, eta zarata-iturri nagusia aipatutako GI-627 errepidea da. Egindako modelizazioaren arabera, balioesten da KAHak ez direla beteko aurreikusitako etorkizuneko 18 eraikuntzetatik 3tan.
Eremuarekin lotutako arrisku handiena uholdeena da; aurreikusten da bizitegi-erabilera duten oin berriko eraikinak eraikiko direla 100 eta 500 urteko errepikatze-denborako uholde-arriskua duen eremuan.
Bestalde, Planeko eremua akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handia duen gune batean dago, baina ez du interes hidrogeologikorik. Horri dagokionez, ez da eragin esanguratsurik espero, betiere babes-neurriak hartzen badira obren fasean.
Ondorio txikiagoak eragingo dituzte egungo eranskinak suntsitzean, eraikuntza berriak gauzatzean eta egungo zerbitzuak hobetzeko jarduketak egitean sortutako eraispen- eta eraikuntza-hondakinek eta ekintza horiekin lotutako eragozpenek (igorpen atmosferikoa handitzea: zarata eta igorpen lausoak, eta obraren fasean hondakinak eta lur-mugimenduak sortzea). Edonola ere, aipatutako inpaktuak obren gauzatze-fasea bukatzearekin batera amaituko dira.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzerakoan, bete beharko dira egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, bai eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta Plana bera ere. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ikus ebazpen honen I. eranskina, non zerrendatzen baitira zenbait neurri babesle eta zuzentzaile, Planetik eratorritako proiektuko obrak exekutatzeko bete behar direnak).
Aurrez aipatu den bezala, indarrean dagoen legeriari jarraituz, ezingo da uholde-arriskua duten eremuetan erabilerak ezartzera bideratutako hirigintza-jarduketarik egin, baldin eta Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren alderdi espainiarraren Plan Hidrologikoa (2015-2021) onartzeko urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren I. eranskinaren 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoa hausten badute. Zehazki, aipatutako Plan Hidrologikoaren 40.4 artikuluan, oro har, ezartzen da, lehentasunezko fluxu-gunetik kanpoko eta uholde-arriskuko zaintza-eremuan, lurzoru urbanizatuko oinarrizko egoeran dagoen lurzoruan, 500 urteko errepikatze-denborako uholde-kotatik gora dauden bizitegi-erabilera berriak baino ezingo direla baimendu. Euskal Agentziak jarrera hori agertu du eraginpeko administrazio publikoei egindako kontsulta-izapidean, ondorioztatu baitu Plan Berezi honetan proposatutako eraikuntza osagarriak ezingo direla baimendu; izan ere, 500 urteko errepikatze-denborako uholdearen sakonera 2,40 eta 1,50 metrokoa da.
Era berean, kontuan hartu behar da «54-Etxe-txikiak» eremurako Arrasateko HAPOko Arau Partikularra, Planaren I. eranskinean jasota dagoena, baldintza hori biltzen duena 4. apartatuan. Hala, honako hau ezartzen du: «Indarrean dagoen araudiak ezarritako T500 babes-kota bete beharko da uholde-arriskua ekiditeko».
Bestalde, 2019ko otsailaren 28ko Uraren Euskal Agentziaren aipatutako txostenean adierazitakoaren arabera, egiten diren ibilguen alboko obrek urari igarotzen utzi behar diote, oztoporik jarri gabe. Gainera, ahal den neurrian, jabari publiko hidraulikoko zortasun-eremuko lurzoru naturala aldatzeko esku-hartzeak ekidin behar dira (hala nola edozein motatako eraikuntzak, instalazioak edo eraikinak, lur-mugimenduak eta betegarriak), eta, nolanahi ere, horiek egoera onean dagoen ur-bazterreko landarediari eragitea ekidin behar da. Ikusi da Planaren eremuko tarte batzuetan zortasun-eremua itxita dagoela; zortasun-eremu eraginkorra egoteko, ireki beharko litzateke. Bestalde, jabari publiko hidraulikoarekin lotutako babeseko eremuetan (zortasun- eta zaintza-eremuak) egiten diren obretan, beharrezkoa izango da Uraren Euskal Agentziaren nahitaezko baimena.
Zaratari dagokionez, kasuan kasuko kalitate akustikoaren helburuetara iristeko proposatutako neurri zuzentzaileak hartuko dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuko 36. artikuluan zehaztutakoa izango da aplikatzekoa.
Bestalde, eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen behar diren ezaugarriei dagokienez,
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energiaren kopurua edo kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzei jarraituz, ingurumenean eragin handirik egongo denik ez dela aurreikusten zehaztea; hortaz, ez da beharrezkoa «AE-54 Etxe Txikiak» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntaren prozedura aplikatzea, betiere 500 urteko errepikatze-denborako uholdea irits daitekeen kotan eraikuntza osagarri berriak aurreikusten dituzten Planeko jarduketa guztiak bertan behera uzten badira, Kantauri Ekialdeko Demarkazio Hidrografikoaren alderdi espainiarraren Plan Hidrologikoaren (2015-2021) 40. artikuluko 4a) apartatuan ezarritakoari eta Arrasateko HAPOko «54-Etxe-txikiak» eremurako Arau Partikularraren 4. apartatuan ezarritakoari jarraituz.
Hirugarrena.– Arrasateko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Arrasateko «AE-54 Etxe Txikiak» eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).
– Olio erabiliak, berriz, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea: urbanizazio-, eraispen- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte.