EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-06-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2019104

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 21ekoa, Osasuneko sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baitira EAEko gaixoen eta haien familien kolektiboen bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteei zuzendutako laguntzak, eta laguntza horietarako deialdia iragartzen.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren data: 2019-05-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201902691
Maila: Agindua
Gaixoek eratutako irabazi-asmorik gabeko elkarteak pertsona fisikoen taldeak dira, eta, horietan elkartzen dira patologia bera pairatzen duten pertsonak. Honako helburu hauek dituzte gisa horretako elkarteek: dena delako gaixotasuna eta berau sendatzeko tratamenduak hobeto ezagutzeko lan egitea; gaixoek elkarri laguntzea; herritarrei gaixotasuna prebenitzeko argibideak ematea, eta herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea.
Elkartzeko, komunikatzeko eta laguntza emateko guneak dira elkarte horiek, gaixoentzat nahiz haien familientzat.
Osasun Sailak bereziki nabarmentzen du elkarte horiek pertsona gaixoen eta haien senideen osasun fisikoaren, psikologikoaren eta sozialaren alde egiten duten ekarpena, zeina hainbat alorretan islatzen baita, hala nola, gaixotasunen errealitate sozial eta afektiboarekiko zuzeneko kontaktua, eta zerbitzu eta autolaguntza programen bidezko zuzeneko asistentzia eta laguntza enpatikoa.
Osasun Sailaren 2019ko ekitaldirako Dirulaguntzen Plan Estrategikoan –2019ko martxoaren 5ean onartua Osasuneko sailburuaren agindu baten bidez, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratua–, «Osasuna sustatzea eta gaixotasunak prebenitzea» arloaren barruan jasota dago «Gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko dirulaguntza».
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 2ko 5/2017 Legean, 2019an luzapenean, jasotzen da laguntza hauetarako aurrekontu-kreditua.
Honako xedapen hauekin bat dator deialdi honen zein beraren ebazpen- eta izapidetze-jardueren esparru juridikoa: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzekoa; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren oinarrizko arauak; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren oinarrizko arauak, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea.
Deialdi honen laguntzek ez dute lehia faltsutzen edota faltsutzeko arriskurik eragiten. Hortaz, bateragarriak dira barne-merkatuarekin, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren eremua eta xedea.
1.– Agindu honen helburua da laguntzetarako deialdia egitea EAEko gaixoek eta haien familien kolektiboek osatzen dituzten eta haien bizi-kalitatea hobetzen diharduten irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko elkarteentzat.
2.– Laguntza hauen xedea da 2019ko urtarriletik abendura bitartean eginiko jarduerak finantzatzea, jarduera horien helburuak hauek izanik:
a) Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei eta haien familiei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzera bideratutako jarduerak, beren burua zaintzeko ahalmena maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.
b) Gaixotasunen bat dutenen beharrizan soziosanitarioak asetzen laguntzea eta horiek bideratzea, ikuspegi salubrista batetik, osasuna sustatzearren eta helburu komunitarioekin.
c) Gaixoek eta haien familiek gaixotasunari buruz, haren arrisku-faktoreei buruz eta bizi-ohitura egokienei buruz duten ezagutzan eta informazioan sakontzea.
d) Gaixotasunen bat duten pertsonen berdintasun- eta ekitate-ezak murriztea osasunean, eta genero-ikuspegia txertatzea.
3.– Deialdi honen bidez finantzatu daitezkeen ekintzetatik kanpo geldituko dira:
a) Osakidetzak edo Osasun Sailak horretarako ituntzen dituen zentroek garatutako jardueren parekoak diren ekintzak.
b) Hiesaren eta adikzioen arloko jarduerak, baita ikerketa-lanak eta Osasun Sailean horretarako berariazko laguntza-deialdiak dituzten guztiak ere.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Eskakizun hauek betetzen dituzten elkarteek eskuratu ahal izango dituzte deialdi honetan jasotako laguntzak:
a) EAEko pertsona gaixoen kolektiboek eta haien familiek osatuak eta legez eratuak izatea, eta egoitza soziala duten lurraldeko elkarteen administrazio erregistro ofizialean behar bezala inskribatuak izatea, dirulaguntzen deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu baino urtebete lehenagotik gutxienez.
b) Irabazi-asmorik ez izatea.
c) Gaixotasunen bat duten pertsonen eta/edo haien familien bizi-kalitatea hobetzeko asmoz jardutea, elkartzeko, hitz egiteko eta laguntzeko guneak eratuz.
d) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta izatea.
e) Zehapen administratibo edo penala izateagatik dirulaguntzak eta laguntza publikoak jasotzeko aukera galdu duten elkarteek ezin izango dute deialdian parte hartu, epai edo ebazpen irmoak ezarritako aldian. Era berean, ez dute parte hartzerik izango horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren bat duten erakundeek, sexu-bazterkeriagatik ezarritako debekuak barne.
f) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan ezarritako egoeraren baten.
2.– Erakundeek artikulu honetan xedatzen diren eskakizunak bete beharko dituzte laguntza ematen duen ebazpenaren bidez dirulaguntzen onuradun gisa aitortuak izateko. Gainera, prozesu osoan zehar bete beharko dira eskakizunak, emandako dirulaguntza likidatu arte.
3.– Organo kudeatzaileak, ordainketa bakoitza egin aurretik, egiaztatuko du erakunde onuradunak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari lotutakoak beteta dauzkala, eta ez dela zordun dirua itzuli behar duela dioen ebazpenen batean.
4.– Erakundeek erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko dute –eskabidearen inprimakian jasota dago–, eta, han, honako hauek adierazi: ez dutela onuradun izateko ezgaitzen duen debekurik, eta, bereziki, dirulaguntzen alorreko itzulketa-obligazioak ordainduta dauzkatela. Hori guztia, ezertan eragotzi gabe agindu honetako 7. eta 10. artikuluetan aipatutako egiaztatze-jarduerak.
3. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta deialdiaren organo kudeatzailea.
1.– Agindu honen helburua betetzeko, 300.000 euro (hirurehun mila) bideratuko dira.
2.– Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria da deialdiaren organo kudeatzailea.
4. artikulua.– Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Jarduerak ordaintzeko dira laguntzak, eta ez dira erabiliko langile-egitura egonkorra mantentzeko edo elkarteen azpiegitura fisikoetan inbertitzeko.
2.– Jarduerarako dirulaguntza erabil daiteke erakundeko soldatapeko langileen kostuak ordaintzeko, langileek jarduera horretan egindako lanari dagokion proportzioan, eta zenbateko osoaren % 10 erabili ahal izango da zeharkako kostuak ordaintzeko. Hauek dira zeharkako kostuak: erakundearen egiturazko gastuak, azpiegitura fisikoenak barne, baita dieta-, desplazamendu- eta kudeaketa-gastuak ere, beharrezkoak direnak dirulaguntza jaso duen jarduera bat egiteko, nahiz eta ez dagozkion jarduera jakin horri zuzenean.
3.– Horretarako, egindako gastutzat hartuko dira justifikatzeko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak.
4.– Diruz laguntzen diren jarduerak ezingo dira azpikontratu.
5.– Honako gastu hauek ez dira diruz lagunduko: finantza-gastuak; inbertsio-gastuak; administrazio-lizentziak; berandutze-errekarguak eta administrazio- eta zigor-zehapenak, honako hauek barne: zerga, tributu eta tasen ordainketetan berandutzearen edo halakoak ez ordaintzearen ondoriozko zehapenak, edo Gizarte Segurantzako kuotak ez ordaintzearen ondoriozkoak, eta prozedura judizialen gastuak, eta gatazkak borondatez konpontzeko bestelako prozedurek eragindakoak.
6.– Artikulu honetan zehaztu gabeko kontuetarako, oinarrizko legedi gisa, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
5. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Agindu honen bidez araututako dirulaguntzak ematea bateragarria izango da beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek –Espainiakoek, Europar Batasunekoek edo nazioartekoek– xede bererako emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo -baliabideekin, baldin eta, bakarka hartuta edo batera, diruz lagundutako jardueraren kostua gainditzen ez bada.
2.– Baldin eta jardueraren aurrekontu osoa baino handiagoa bada lortutako laguntza guztien batura, dirulaguntza txikiagoa emango da, gehiegizko zenbatekoa kenduta.
3.– Agindu honetan araututako dirulaguntzak ez dira bateragarriak gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko, osasuna sustatzeko eta gaixotasunak prebenitzeko proiektu, programa eta/edo jarduerak aurrera eramateko Osasun Sailak emandako dirulaguntza izendunak jasotzearekin.
6. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoaren mugak.
Deialdi honen babesean emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez ditu gaindituko honako muga hauek: eskatutako zenbatekoa; diruz lagun daitekeen gastuaren aurrekontu osoaren % 100; 10.000 euro proiektu bakoitzeko; 15.000 euro elkarte onuradun bakoitzeko (elkarte batek proiektu bat baino gehiago aurkeztuz gero).
7. artikulua.– Eskabidea eta aurkeztu beharreko dokumentuak.
Proiektu bakoitzeko, eskabide telematikoa bete beharko da –I. eranskinean zehazten da argibideetarako eredua, eta eskuragarri dago 21.4 artikuluan adierazten den zuzeneko sarbidean–, eta honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Dirulaguntza zer jardueratarako eskatu den, hari buruzko azalpen-memoria, agindu honen II. eranskineko eredua erabiliz; 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan eskura daiteke.
b) Erakunde eskatzailearen datu orokorrak, agindu honen III. eranskinean eta 21. artikuluan aipatutako egoitza elektronikoan dagoen eskabide normalizatua erabiliz, salbu eta aurretik aurkeztu badira Osasun Sailean, eta, betiere, indarrean baldin badaude eta hala adierazten bada eskabidean.
c) Honako hauek egiaztatzeko ziurtagirien kopia arruntak: elkartea eratu izana eta kasuan kasuko administrazio-erregistroan inskribatu izana, eta zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea. Elkarteak ziurtagiri horiek aurkeztu beharko ditu, baldin eta, eskabidearen bidez, berariaz baimena ukatu badio organo kudeatzaileari ziurtagiriak zuzenean eskura ditzan kasuan kasuko administrazio publiko eskudunetan.
d) Finantzaketa zer jarduera egiteko eskatu den hobeto ezagutzeko beharrezkoa den dokumentu osagarri oro.
8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
1.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, deialdi hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Eskabide bat aurkeztu behar da elkarte bakoitzak aurkezten duen proiektu bakoitzeko.
3.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira, 21. artikuluan adierazitako euskadi.eus egoitza elektronikoa erabiliz.
4.– Identifikazio elektroniko aitortua duten elkarteen ordezkariek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, agindu honen 21.3 artikuluan xedatutakoari jarraituz:
a) Ordezkaria identifikatu bada erakundeen ordezkarientzako ziurtagiri elektroniko baten bidez, ez du egiaztatzeko inolako izapiderik egin behar.
b) Pertsona fisikoentzako ziurtagiri baten bidez identifikatu bada, ordea, ordezkaritza egiaztatu beharra dauka, ordezkarien erregistro elektronikoan, agindu honen 21.2 artikuluan adierazitakoari jarraituz.
5.– Elkarte eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta horri erantsi beharreko gainerako dokumentuak. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 6.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz.
9. artikulua.– Eskabideko akatsak zuzentzea.
Dirulaguntzetarako eskabide-inprimakiak ez badira guztiz betetzen, edo haiekin batera ez bada adierazitako dokumentazioa aurkezten, erakunde eskatzaileari hamar egun balioduneko epea emango zaio hutsegitea konpontzeko edo behar diren dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko da. Administrazioak eskabide horiei buruzko berariazko ebazpen bat eman eta jakinarazi beharko du, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21. artikuluetan.
10. artikulua.– Datuak eta eskakizunak egiaztatzea.
Erakundeak, eskaeraren bidez, baimena eman ahal izango dio organo kudeatzaileari, dagokion administrazio publikoan kontsultatu edo eskatu ditzan erakundearen nortasun-datuak eta, halaber, egiazta dezan eskakizunak betetzen direla. Erakundeak baimena ematen duela ulertuko da, eskaeran ez badu espresuki aurkakoa adierazten. Ez badu baimenik ematen, aldiz, erakundeak ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu nahitaez.
Organo kudeatzaileak behar beste egiaztapen egin ahal izango ditu prozedura legezkoa dela bermatzeko. Nolanahi ere, laguntzak eman eta ordainketa bakoitza egin baino lehen, beharrezko diren egiaztapenak egingo ditu.
Erantzukizunpeko adierazpen batean edo harekin batera aurkezten diren datu, adierazpen eta dokumentuetan, funtsezko zehaztasun-gabeziaren bat, faltsukeriaren bat edo ez-egiteren bat badago, prozedura bertan behera geldituko da, gertakari horiek jakiten diren unetik, horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak alde batera utzi gabe.
Halaber, egoera horren berri ematen duen administrazio publikoaren ebazpenak ezar dezake dirulaguntza itzuli behar izatea interesdunak –hala balegokio– eta, denbora-tarte jakin batez, ezin abian jarri ahal izatea helburu bereko beste prozedura bat; hori guztia, aplikatu beharreko arauetan ezarritakoaren arabera.
11. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
1.– Jarraian, balioespen-irizpideak zehazten dira, eta irizpide bakoitzari zenbat puntu dagokion esaten. Irizpide hauek erabiliko dira, hain zuzen eskabideen lehentasun-ordena ezartzeko.
a) Jardueraren justifikazioa, zer egoerari erantzun nahi zaion (deskribapena), zer faktoreren gainean eragin nahi den: 14 puntu, gehienez.
b) Dirulaguntza eskatu den jarduera eginda zer helburu espezifiko lortu nahi den: 14 puntu, gehienez.
1) Helburu egingarriak: 7 puntu, gehienez.
2) Baliabide egokiak erabiltzea: 7 puntu, gehienez.
c) Jardueraren garapenari buruzko deskribapena (edukiak, faseak, zereginak, kudeaketa-prozesuak, jardueraren kokapena edo lurralde-eremua, jarduera garatuko den leku fisikoa, denboralizazioa, aurrekontua eta abar): 20 puntu, gehienez.
1) Jarduketa-eremua: 7 puntu, gehienez.
a) EAE: 7 puntu.
b) Lurralde historikoa: 5 puntu.
c) Eskualdea: 4 puntu.
d) Udalerria/auzoa: 3 puntu.
2) Faseen, denboralizazioaren eta lanen deskribapena: 8 puntu, gehienez.
a) Proiektuaren faseen deskribapena: 2 puntu, gehienez.
b) Proiektuaren denboralizazioaren deskribapena, 4 puntu, gehienez.
c) Proiektuaren lanen deskribapena: 2 puntu, gehienez.
3) Giza baliabideak eta baliabide materialak: 5 puntu, gehienez.
d) Jardueraren ebaluazioa: jardueraren onuradunen karakterizazioa (sexua, adina), jarraipenaren adierazleak eta jardueraren inpaktua eta onuradunen balioespena: 7 puntu, gehienez.
1) Adinaren eta sexuaren arabera ezaugarritzea jardueraren onuradunak: 3 puntu, gehienez.
2) Ebaluazioan, adierazle kuantitatiboak zehaztea: 2 puntu, gehienez.
3) Ebaluazioan, adierazle kualitatiboak zehaztea: 2 puntu, gehienez.
e) Desberdintasunak aintzat hartzea: ezberdintasun sozioekonomikoei aurre egiteko neurriak (egoera sozioekonomikorik eskasenean direnek ere bidea izan dezaten); proiektuan genero-ikuspegia ere barneratzea (osasun- eta gaixotasun-prozesuetan generoak eragiten dituen ezberdintasunak kontuan hartzea); jarduerara iristeko bidea erraztea (elkarteren batean direnak eta ez direnak, lurraldeko bazter guztietako bizilagunak eta abar): 20 puntu gehienez.
1) Desberdintasun sozioekonomikoetan arreta jartzea: 7 puntu, gehienez.
2.) Genero-ikuspegia txertatzea: 7 puntu, gehienez.
3) Jarduerara heltzeko neurriak: 6 puntu, gehienez.
f) Jarduera diseinatzeko kontuan hartutako irizpideak, xede-populazioaren eta boluntarioen parte-hartzeari dagokionez: 15 puntu, gehienez.
1) Xede diren biztanleek parte-hartzea diseinuan, kudeaketan eta ebaluazioan: 8 puntu, gehienez.
2) Elkarren arteko laguntza eta boluntariotza sustatzea: 7 puntu, gehienez.
g) Jarduera beste elkarte, federazio edo beste jarduketa-esparru batzuetako erakundeekin lankidetzan gauzatzea: 5 puntu, gehienez.
h) Koordinazioa eta sinergia, aurreikusitako jardueraren eta osasun-esparruko eta/edo osasun- eta gizarte-esparruko prestazio, zerbitzu, jarduera eta politika publikoen artean: 5 puntu, gehienez.
2.– Gehienezko puntuazioa 100 puntukoa izango da, eta gutxienekoa 50ekoa. 50 puntura heltzen ez diren jarduerek ez dute dirulaguntzarik jasoko. Halaber, a), b) eta c) apartatuetan adierazitako puntuazioaren erdia gutxienez lortzen duten eskaerek bakarrik jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak.
12. artikulua.– Eskabideen balioespena eta dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Balioespen-batzorde batek balioetsiko ditu eskabideak, eta honako kide hauek izango ditu: Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria (Juan Jose Aurrekoetxea Agirre jauna), batzordeburu jardungo duena, eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Osasun Sailaren lurralde-ordezkaritzetan dituen zuzendariordeak (Joseba Bidaurrazaga Van-Dierdonck jauna, Elena Albisua Cortazar andrea, Juan Carlos Fernández Crespo jauna). Batzordeburuak batzordekideen artean izendatutako pertsonak beteko du kide anitzeko organoko idazkaritza.
2.– Epean eta modu egokian aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balioespen-batzordeak.
3.– Balioespen-batzordeak zehaztuko du zein den proiektu bakoitzaren puntuazioa eta proiektu horri eman dakiokeen gehieneko dirulaguntza, betiere agindu honetan finkaturiko irizpideei jarraikiz.
4.– Osasun Publikoko eta Adikzioen zuzendariak, laguntzak kudeatzen dituen organoa izanik, eta/edo balioespen-batzordeak behar beste informazio eta dokumentazio osagarri eskatu ahal izango diete elkarte eskatzaileei, aurkeztutako proiektua edo jarduera hobeto ulertzeko helburuarekin, betiere.
5.– Lehiaketa izango da agindu honetan araututako dirulaguntzak emateko prozedura. Diruz lagundutako proiektu bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa proportzionaleko sistema bat aplikatuko da: 11. artikuluan zehaztutako irizpideak aplikatuz, balioespen-fasean lortzen den puntuazioaren arabera banatuko da 3. artikuluan zehaztutako zuzkidura ekonomiko osoa. Horretarako, balio ekonomiko bat esleituko zaio lortutako puntu bakoitzari; formula honen arabera kalkulatuko da:
BE = AZ/PB.
BE = Puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoa.
AZ = Deialdiaren aurrekontu-zuzkidura.
PB = Dirulaguntza jaso dezaketen proiektu guztiei esleitutako puntuen batura.
Balioespen-fasean lortutako puntuak puntu bakoitzari esleitutako balio ekonomikoarekin (VP) biderkatuz egiten da hasierako banaketa.
Hasierako banaketan esleitzen den zenbatekoak 6. artikuluan ezarritako mugaren bat gainditzen badu, muga hori aplikatuko da, eta balioespen-fasean lortutako puntuazioarekiko modu proportzionalean banatuko da soberakina, muga horiek gainditzen ez dituzten proiektuen artean. Birbanaketa hori egingo da banaketa baten ondoren mugaren bat gainditzen bada edo harik eta diruz lagundutako eskabide guztiak gehienezko zenbatekoen arabera ordaintzen diren arte.
Banaketan, elkarte batentzat ezarritako muga gainditzen bada, zenbatekoa proportzionalki murriztuko da, diruz lagundutako proiektu bakoitzean lortutako puntuazioarekiko.
6.– Aurkeztutako proiektuen ebaluazio konparatua –ezarritako irizpideen arabera– egin ondoren, eta dagozkien zenbatekoak zehaztu ondoren agindu honetan horretarako ezartzen denaren arabera, ebazpen-proposamena egingo dio balioespen-batzordeak Osasuneko sailburuordeari, eta han, honako hauek adieraziko dizkio: zer dirulaguntza ematea proposatzen duen, zein diren elkarte onuradunak, zenbat diru emango zaion finantzatuko den proiektu bakoitzari, eta, hala badagokio, zein diren dirulaguntza ukatu zaien proiektuak eta zergatik ukatu zaien.
13. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, ebazteko eta jakinarazteko epea, jakinarazteko modua eta publikotasun-prozedura.
1.– Prozedura bakar batean izapidetuko dira aurkeztutako eskabideak, eta haren ebazpenean erabakiko dira elkarte interesdunek azaldutako gai guztiak. Osasuneko sailburuordeari dagokio ebazpen hori ematea, balioespen-batzordearen proposamena kontuan hartuta.
2.– Ebazpenean xedatuko da eskatutako dirulaguntzak ematen edo ukatzen diren. Laguntzak ematea erabakitzen bada, honako hau adierazi beharko da: zein diren elkarteak, guztira zenbateko dirulaguntza emango zaion horietako bakoitzari eta zenbat diru emango zaion finantzatutako proiektu bakoitzari. Dirulaguntza ukatuz gero, aldiz, zergatia azaldu beharko da.
3.– Gehienez ere lau hilekoa izango da prozedura ebatzi eta ebatzitakoa interesdunei jakinarazteko epea, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe hori igarota, ebazpenik argitaratu ezean, dirulaguntza eskaera ezetsi egin dela ulertu ahal izango dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta jakinaraziko zaie interesdunei.
5.– Ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
6.– Agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak elkarte onuradunei esleitu, eta, hala badagokio, ordaindu aurretik, amaituta egon behar dute Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek eta administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko erakunde publikoek emandako antzeko dirulaguntzen esparruan hasita dauden eta oraindik izapidetzen ari diren itzultze- edo zehatze-prozedurek.
14. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Diruz lagundutako proiektua benetan egin dela justifikatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu behar ditu elkarte onuradunak:
a) Dirulaguntza jaso duen jardueraren deskribapen- eta ebaluazio-memoria, eredu normalizatuaren araberakoa (agindu honen IV. eranskinean dago, eta 21. artikuluan adierazitako egoitza elektronikoan ere eskura daiteke). Memoria horretan, aurkeztutako proiektuaren guztizko aurrekontuaren arabera egindako gastuen ziurtagiri guztiek egon behar dute (eta adierazi egin behar da ziurtagiri-mota, azalpena, igorlea, data, zenbatekoa eta jarduerari dagokion ehunekoa). Gastuen frogagiri horiek bat etorri behar dute aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin eta kontzeptu bakoitzak aurrekontu osoarekiko duen proportzioarekin.
b) Dirulaguntzaren xede den proiektua eta ordainketa benetan gauzatu direla egiaztatzen duten fakturen edo bestelako egiaztagirien kopia arrunta, erakunde eskatzailearen ordezkariak izenpetuta. Gainera, agiri horiek egiazkoak direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko du.
c) Erakunde onuradunak boluntarioen lana balioztatzeko egindako ekarpen propioa justifikatu behar izanez gero, erakundearen legezko ordezkariak izenpetutako ziurtagiriaren kopia, honako hauek jasota: boluntarioaren datuak (izen-abizenak eta NAN zk.); ordu kopurua; kostua orduko; guztizko zenbatekoa, eta boluntarioaren sinadura. Elkarteak egindako ekarpen propioa justifikatzeko baino ez da kontuan hartuko langile boluntarioen balioespena, eta orduko 20 euroko gehieneko muga ezarriko da. Boluntarioak balioesteko, elkartearen inguruko pertsonek proiektuaren helburuak lortzeko eta ordainsaririk jaso gabe egindako lanaren kuantifikatze ekonomikoa egingo da.
d) Diru-sarreren eta gastuen zerrenda, eta beste dirulaguntzarik, laguntzarik edo diru-sarrerarik eskuratu bada, hala adieraztea.
e) Jarduerarekin zerikusia duten dokumentu publikoak, hala nola prentsa-ebakinak edo proiektuko funtsekin ordainduta egin, kopiatu eta zabaldutako ikasmateriala; dokumentu horiek berak aurkez daitezke edo horietarako esteka elektronikoak eman.
f) Osasun Sailaren babesa jaso dela adierazi izana egiaztatzen duen dokumentazioa (17.i eta 17.j artikuluetan jasotako kasuetan).
g) Proiekturako funtsekin ordaindutako tailer eta ikastarorik antolatu bada, haietan zenbat lagunek parte hartu duten. Hala behar denean, sexuaren arabera banakatuta aurkeztuko dira datuak.
2.– Dirulaguntza jaso duten jarduera gauzatzean sortutako gastuak ordaindu beharko dira emandako laguntzarekin. Honako gastu hauek dirulaguntzaren kargura behar bezala justifikatutzat joko dira:
a) Elkarte onuradunaren izenean igorritako fakturaren bidez justifikatutakoak. Faktura guztiak 2019an egindakoak izango dira.
b) Banku-zordunketako ordainketa-agirien bidez justifikatutakoak (finantza-entitateek egiten dituzte, eta faktura bati dagozkion datuak izaten dituzte, zenbakia eta seriea izan ezik).
c) Lan-kontratudun langileei dagozkien gastuetan, soldaten ordainagirien bidez justifikatutakoak (ordainagiriek eredu ofizialen eta Gizarte Segurantzako kotizazioko aldizkari ofizialen araberakoak izan behar dute).
d) Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita dauden noizbehinkako lanetan eta lan horiek enpresariak edo profesionalak ez diren pertsona fisikoek egiten dituztenean (hartzaileak), elkarte onuradunak idatzi bat egingo du gastua justifikatzeko, eta haren ordezkariak sinatuko du. Idatzi horrek honako hauek jaso behar ditu, gutxienez: ordezkariaren, elkartearen eta hartzailearen izen-abizenak edo izen soziala, identifikazio fiskaleko zenbakia eta helbidea; eragiketaren deskribapena eta guztizko zenbatekoa; idatziaren jaulkipen-data; «hartu dut» eta pertsona hartzailearen sinadura, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren atxikipena.
e) Boluntarioen kasuan, haien aseguruaren bidez justifikatutako gastuak. Finantzatu beharreko boluntarioaren aseguruak bi kontingentzia estali behar ditu nahitaez: istripuak eta erantzukizun zibila. Azken horretan, urtean, gutxienez 300.506,05 euro izango da ezbehar bakoitzeko kapital aseguratua, polizako boluntario guztientzat. Boluntarioen asegurua diruz lagundu ahal izateko, aseguratzaileak egindako egiaztagiri bat adierazi behar da justifikazioan. Egiaztagiri horretan, datu hauek agertu behar dute, gutxienez: erakundeak bere boluntarioentzat kontratatutako aseguru-polizen estaldurak, aseguruan sartzen den pertsona-kopurua eta polizaren guztizko zenbatekoa.
3.– Aldez aurretik eginiko gastuak ordaindu daitezke jasotako dirulaguntzarekin, baldin eta gastu horiek dirulaguntza jaso duten jardueretan sartzen diren ekintza eta kontzeptuen kostu errealak badira eta 2019. urtean sortutakoak.
4.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko da dirulaguntza justifikatzeko dokumentazioa, izapidetze elektronikoari buruzko 21. artikuluan azaltzen den moduan.
5.– 2020ko urtarrilaren 31 da dokumentazioa aurkezteko azken eguna.
6.– Artikulu honetan zehaztu gabeko gaietarako, hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 51.1.g) artikulua, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen haren testu bategina, eta dirulaguntzen arloko Estatuko oinarrizko araudia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 30. artikuluan jasotzen dena.
15. artikulua.– Justifikazio-akatsak zuzentzea.
Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hutsegiteren bat edo ez-egiteren bat egonez gero laguntza justifikatzeko aurkezten den dokumentazioan, erakundeari hamar egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera, hutsegitea konpon dezan edo eskatutako dokumentazioa aurkez dezan.
Eskakizun hori ez badu garaiz eta modu egokian betetzen, dagokion eskakizuna egiaztatu gabe dagoela ulertuko da, eta agindu honen 22. artikuluan aurreikusitako ondorioak aplikatuko dira.
16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
1.– Honela ordainduko dira dirulaguntzak:
a) % 70: laguntza ematea onartzen den unean, ebazpena onartu eta argitaratu ondoren, eta laguntza espresuki edo isilbidez onartu ondoren, 17.a artikuluan ezarritako epean.
b) Gainerako % 30a, diruz lagundutako proiektua egin ondoren, elkarte onuradunak justifikatu eta gero diruz lagundutako proiektua egin dela eta proiektu horren guztizko gastua zein izan den, 14. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2.– Edozein ordainketa egin baino lehen, erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatuko da, baita dirulaguntzen alorreko itzulketa-prozeduretatik eratorritako zor guztiak ordaindu dituela ere.
17. artikulua.– Elkarte onuradunen betebeharrak.
Indarrean dagoen araudiak xedatzen dituen eta ezartzekoak diren beste betebehar batzuk eragotzi gabe, eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak eta Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan jasotakoak eragotzi gabe, honako betebehar hauek dituzte agindu honetan ezarritako dirulaguntzen onuradun diren elkarteek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, laguntza onartutzat joko da, baldin eta, onuradunek berariaz laguntzari uko egiten ez badiote hamar egun balioduneko epean, dirulaguntza eman izanaren ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Ordainketak ahalbidetu daitezen hirugarren interesdunaren datuei alta emateko Eusko Jaurlaritzaren inprimakia, edo, hala dagokionean, hirugarrenaren datuak aldatzeko eskaera betetzea, salbu eta aurretik Eusko Jaurlaritzan aurkeztu badira. Inprimaki hori eskuragarri dago euskadi.eus egoitzan: http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
3.– Dirulaguntzaren xede den proiektua gauzatzea, eta horretara bideratzea jasotako laguntza guztia.
4.– Eskatu eta kontuan hartu den eskakizunen batean dirulaguntzak ematerakoan, aldaketaren bat izan bada, horren berri idatziz ematea organo kudeatzaileari, aldaketa gertatu eta 5 egun balioduneko epean, gehienez ere.
5.– Helburu bererako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortu bada beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribaturen baten aldetik, horren berri ematea organo kudeatzaileari, hori gertatu eta 5 egun balioduneko epean, gehienez ere.
6.– Dirulaguntza emango duen erakundeari egiaztatzea betetzen direla laguntza jasotzeko eta baliatzeko ezarritako betebehar eta baldintza guztiak, baita dirulaguntza jaso duen jarduna gauzatu dela ere.
7.– Osasun Sailari laguntzea jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, segimendua egin, ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan, eta honako kontrol-saio hauen mende jartzea: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari dagozkionak –Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargura emandako laguntzak diren heinean–, eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren berariazko araudian aurreikusitakoak.
8.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoaren fiskalizazio-funtzioak betetze aldera, eskatutako informazio guztia ematea.
9.– Jasotako funtsak zertan erabili diren frogatzen duten dokumentuak 5 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatuak eta kontrolatuak izan daitezkeen bitartean.
10.– Osasun Sailaren babesa dutela aipatzea egiten dituzten dokumentuetan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan ezarritakoaren arabera txertatuko da; euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri: http://bit.ly/2QfLDY4
11.– Elkartearen eta haren jardueren publizitatea baliabide komunitario gisa egitea Euskadi aktiboa plataformaren bitartez, http://bit.ly/2JWNHDp web-orrian.
12.– Eusko Legebiltzarraren Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean eta Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako printzipioak eta betebeharrak betetzea.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirulaguntzak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere, dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen bada– eta, hala badagokio, dirulaguntza horrekin batera Eusko Jaurlaritzak edo beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuek emandako dirulaguntzaren bat edo laguntzaren bat jaso bada. Horretarako, dagokion aldaketa-ebazpena emango du Osasuneko sailburuordeak, eta, ebazpen horretan, esleitutako dirulaguntzen zenbatekoak egokituko dira. Horiek emateko, honako irizpide eta muga hauek aplikatuko dira:
a) Gastuen justifikazioan % 25eko edo hortik beherako aldea egonez gero dirulaguntzarako aurkeztutako eta aintzat hartutako aurrekontuarekiko, eta hasieratik aurreikusi diren helburu guztiak lortu baldin badira, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da proportzio beraren arabera eta dagokion aldaketa-ebazpenaren bidez.
b) % 25 baino gehiagoko aldea baldin badago aurkeztutako aurrekontuarekiko, dirulaguntzarako eskubidea galduko da.
Bi kasuetan, soberan jaso dituzten zenbatekoak itzultzera behartuta egongo dira erakunde onuradunak, 22. artikuluan xedatutakoaren arabera.
19. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren jarraipena.
Osasun Sailak komenigarri iritzitako alderdi guztiak gainbegiratuko, ikuskatuko eta egiaztatuko ditu, xedapen honetan ezarritako arau guztiak betetzen direla bermatzeko. Era berean, edonoiz eman ahal izango die erabilera publikoa laguntza hauen bidez finantzatutako programa eta jardueren edukiari eta emaitzei.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorreko (EB) xedapenetan eta Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, agindu honetako dirulaguntzak eskatzeko ematen diren datuak ez zaizkio lagako ez beste pertsona ez beste erakunde bati, eta soilik erabiliko dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak laguntzok kudeatzeko, haren ardura baita datuok tratatzea. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean dago xedaturik nola egin behar den tratamendua, baldin eta bete beharreko misioa interes publikokoa bada edo tratamendu-arduradunak darabiltzan botereak helarazi egin bazaizkio.
Datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea dute interesdunek, bai eta datuen tratamendua mugatzeko edo hari aurka egiteko ere, informazio gehigarrian azaldu bezala; web-orri honetan dago eskuragarri: http://bit.ly/2QfHWBG
21. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Elkarte interesdunek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabideak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– euskadi.eus-en egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri ordezkarien erregistro elektronikoari buruzko informazioa: http://bit.ly/2QfGC1H
3.– Sinadura elektroniko aitortuko sistemen bidez identifikatuko dira erakundeak. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honetan daude eskuragarri identifikazio elektronikoa egiteko onartutako baliabideak: http://bit.ly/2HxO8CA
4.– euskadi.eus-eko egoitza elektroniko honetan daude laguntzak izapidetzeko jarraibideak, izapidetze elektronikorako zuzeneko sarbidea eta agindu honetan agertzen diren eranskinak: http://bit.ly/2QfHWBG
5.– Eskabidearen ondorengo izapideak eta izapideen jarraipena bide elektronikoen bidez egin beharko dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektroniko honen bidez: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/web01-sede/eu/
22. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Betebeharrak betetzen ez dituen erakunde onuradunak galdu egingo du eman dioten laguntza jasotzeko eskubidea. Eskubide hori galdu dela deklaratzeak berarekin dakar jasotako zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko betebeharra, eta, horrekin batera, sortutako berandutze-interesak –dirulaguntzei aplikatzen zaizkienak– itzuli beharko dira, hau da, ordainketa egin zen unetik laguntza itzuli beharra erabakitzen den egunera arte sortutakoak.
2.– Agindu honen 17. artikuluan adierazten den edozein betebehar bete ezean, jasotako laguntza itzuli beharko da. Artikulu horretan aurreikusi gabeko gaietan, aplikatzekoak izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53.1 eta 53.2 artikuluetan xedatzen diren itzulketa-arrazoiak, bai eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.1 artikuluko arrazoiak ere. Azken lege hori Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91., 92. eta 93. artikuluen bidez garatzen da.
3.– Agindu honen 5. artikuluan xedatzen denaren arabera, halaber, jasotako laguntza itzuli beharko da emandako laguntzaren zenbatekoak –bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin batera– proiektuaren kostua gainditzen duenean. Kasu horretan, aipatutako kostuari dagokionez soberan jasotako zenbatekora eta dagozkion berandutze-interesetara mugatuko da itzultzeko betebeharra.
4.– Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, 18. artikuluan aipatuak, laguntzaren parte bat itzuli beharko du erakunde onuradunak; betiere, jarduera osorik gauzatu ez arren, nabarmen hurbildu bada helburu horretara, eta egiaztatzen badu irmo ahalegindu dela bere konpromisoak betetzen. Baldintzetan egindako aldaketak ez dira inola ere onartuko, egindako jarduera bat ez badator deialdiaren 1. artikuluan adierazitako xedearekin, ez eta proiektuaren beraren xedea betetzen ez badu ere.
Halakorik gertatuz gero, laguntzaren zenbatekoari dagokionez soberan jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, laguntzaren aldaketa-ebazpenaren arabera. Eskabideak balioesteko deialdiaren 11. artikuluan jasotzen diren irizpideei jarraituz bideratuko da ebazpen hori.
5.– Osasuneko sailburuordearen bitartez hasi eta burutuko da itzulketa-prozedura, beharrezko prozesuko izapideak egin eta gero. Prozedura abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera izapidetuko da. Horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermea eta itzulketak arautzen dira, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta eginbeharrak ezartzen.
6.– Itzultzen diren diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Honako xedapen hauek aplikatuko zaizkie agindu honen bidez iragarritako deialdiari eta berau garatzeko jarduketei: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean oinarrizko araudi gisa ezarritakoa eta Dirulaguntzen Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera izapidetuko da prozedura.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote elkarte interesdunek Osasuneko sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Bi kasuetan, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira errekurtsoak jartzeko epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 21a.
Osasuneko sailburua,
MIREN NEKANE MURGA EIZAGAECHEVARRIA.
I. ERANSKINA
LAGUNTZAK ESKATZEKO FORMULARIO-EREDUA. LAGUNTZOK IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTEENTZAT DIRA, GAIXOEN ETA HAIEN FAMILIEN BIZI-KALITATEA HOBETZEN JARDUTEKO
II. ERANSKINA
GAIXOEN KOLEKTIBOEN ETA HAIEN FAMILIEN BIZI-KALITATEA HOBETZEKO JARDUERAK SUSTA DAITEZEN DIRULAGUNTZAK ESKATZEKO MEMORIA
III. ERANSKINA
ERAKUNDEAREN DATUAK JASOTZEKO INPRIMAKIA
IV. ERANSKINA
GAIXOEN KOLEKTIBOEN ETA HAIEN FAMILIEN BIZI-KALITATEA HOBETZEKO PROIEKTUA JUSTIFIKATZEKO MEMORIA ETA PROIEKTUAREN MEMORIA EKONOMIKOA