EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2019102

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 14koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako prestakuntza-ekintzetarako deialdia egiten baita, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2019-2020 Planaren barruan.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-05-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201902646
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/06/01ean argitaratutako 2018/05/07ko AGINDUA [201802891]

Hezkuntza Sailari dagokio unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako irakasleen prestakuntza arautzea, eta bermatzea baldintza egokietan eta kalitatez betetzen dela irakasleek irakasle diren aldetik prestakuntza jasotzeko duten eskubidea eta betebeharra, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 102. artikuluan ezarritako moduan, haien behar profesionaletara egokituta, eta ikasleak izanik prestakuntza-prozesuen azken helburua. Izan ere, prestakuntzaren helburua da hezkuntza-sistemaren ekitatearen eta bikaintasunaren bidean aurrera egitea, eta, bide horretan, ikaslea da erreferentzia, hark ematen baitio zentzua hezkuntzaren arloko prestakuntzari eta berrikuntzari.
Horregatik, Hezkuntza Sailak unibertsitateaz kanpoko irakasleentzako urteko prestakuntza-plana egin du, Heziberri 2020 Planaren barruan. Prestakuntza-plan horren helburua da prestakuntza-proposamenak egitea irakasleei, beren lanbide-gaitasuna hobe dezaten, eta, era berean, azpimarratzea zer eragin izan behar duen prestakuntza horrek ikastetxean eta hezkuntza-sistema osoan egiten den lana hobetzen, alde batera utzi gabe jardunean dauden irakasleek beraiek sentitutako eta egindako eskaerak. Alde horretatik, Hezkuntza Sailak konpromisoz eta arduraz jokatzeko eskatu nahi die prestakuntza egitea erabakitzen duten irakasleei, eskuratzen dituzten ezagutza horiek eragina izan dezaten ikasgelan egiten dituzten jardueretan, eta eragina izan dezaten, halaber, ikastetxean, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzen laguntzeko.
Prestakuntza-jarduerak egiteko, Hezkuntza Sailak, bere baliabideez gainera, honako entitate hauen laguntza izango du: 2019-2020 ikasturtean, Prest_Gara planean, Euskal Autonomia Erkidegoko irakasleentzako banakako prestakuntza-ikastaroen kontratazioa egiteko prozeduran esleipendun izan diren entitateak.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Hauxe da deialdi honen xedea: ezartzea hobekuntza-jarduerak egin nahi dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasleek zer prozedura jarraitu behar duten eskaera egiteko, zer baldintza bete behar dituzten parte hartzeko eta zer prozedura erabiliko den parte-hartzaileak aukeratzeko, Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako Prest_Gara 2019-2020 Planaren barruan
2. artikulua.– Prestakuntza-ekintzak.
2019-2020 ikasturterako prestakuntza-jardueren zerrenda Hezkuntza Sailaren webgunean kontsulta dezakete irakasleek, 2019ko ekainaren 3tik aurrera. Prestakuntza-jarduera bakoitzak deskribapen-fitxa bat dauka, eta fitxa bakoitzak informazio hau jasotzen du:
– Ikastaroaren izena, kodea eta entitate arduraduna; zeinek emango duen; ordu kopurua; plaza kopurua; ikastaroaren hasiera- eta amaiera-datak; non emango den, eta ordutegia.
– Hartzaileak eta prestakuntza-jarduera bakoitzaren berariazko betekizunak, onartzeko nahitaez bete behar direnak.
– Gaitasunak.
– Programa xehatua: helburuak, edukiak eta metodologia.
– Emateko modalitatea (aurrez aurre edo online) eta jardueraren zereginak edo faseak (praktikak egitea, proiektua, txostena edo memoria bat egitea... aurreikusten den).
– D: jarduera aurrez aurre eta irakas-orduetatik kanpo ematea.
– B: jarduera aurrez aurre ematea, partez edo osorik irakas-orduetan, liberaziorik gabe.
– H: jarduera online ematea.
– G: txosten edo memoria bat egitea.
– F: ikasgelan praktika bat egitea.
3. artikulua.– Hartzaileak.
1.– Honako hauek parte har dezakete prestakuntza-jardueretan:
a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan, publikoetan edo itunpekoetan, lan egiten duten eta jardunean dauden irakasleak, heziketa-zikloetako irakasleak izan ezik. Lehenengo postuan egongo dira lehentasun-ordenan.
b) Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroetako (Berritzeguneetako) langileak, Irakaskuntza Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeko langileak, Ingurumenarekiko Irakasbideen Hezkuntza eta Ikerketarako Ikastegietako langileak, Itsuen Baliabidetegietako langileak, Irale ikastegietako langileak eta hizkuntza-eskola ofizialetako langileak. Bigarren postuan egongo dira lehentasun-ordenan, salbu eta jarduera berariaz zerbitzu horietako langileentzat bada, edo jardueran plazak gordeta badaude zerbitzu horietako langileentzat.
c) Lanbide Heziketako langileek prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izango dute. Hirugarren postuan egongo dira lehentasun-ordenan.
2.– Hezkuntza Bereziko lan-legepeko langileek hezkuntza-premia bereziei buruzko jardueretan parte har dezakete, jarduera horietarako jartzen diren baldintzetan.
3.– Ikastetxe publiko edo pribatu baimenduetan Haur Hezkuntzan (0-3 urteko zikloa) lan egiten duten irakasleek ziklo horretarako jardueretan parte hartuko dute, prestakuntza-jarduera horietan parte hartzeko zehazten diren baldintzen arabera.
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskaera telematikoki egingo da, Hezkuntza Saileko aplikazioan, Irakaslegunea atarian. Ikastetxe publikoetako nahiz itunpeko ikastetxeetako langileak sar daitezke han.
2.– Prestakuntza-jarduera batzuetan parte hartzeko beharrezkoa baldin bada titulu jakin bat lortu izana atzerriko hizkuntzaren batean, hori frogatzeko nahikoa izango da eskabideari erantsita dagoen erantzukizunpeko adierazpena sinatzea. Nolanahi ere, egiaztatuko da titulazio hori egon badagoela eskatzailearen espedientean, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.
5. artikulua.– Eskaera egiteko epeak.
1.– Eskaerak egiteko bi epe irekiko dira. Epe bakoitzean, epe horri dagozkion prestakuntza-jardueretarako soilik aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
a) Lehen eskaera-epea:
– 2019ko uztailean, abuztuan, irailean eta urrian hasten diren jarduerak.
– Eskaera egiteko epea: 2019ko ekainaren 3tik 14ra bitarte, biak barne.
b) Bigarren eskaera-epea:
– 2019ko azarotik 2020ko ekainera bitartean egiten diren jarduerak.
– Eskaera egiteko epea: 2019ko irailaren 9tik 27ra bitarte, biak barne.
2.– Epe bakoitzaren barruan, nahi adina prestakuntza-jarduera eska daiteke, eta eskaera-orrian haien lehentasun-ordena adieraziko da. Dena den, emate-garaiaren arabera multzo bat osatzen duten jardueren artetik bakar batean onartuko da eskatzailea; artikulu honen 3. eta 4. paragrafoetan ezarritakoa izango da salbuespen bakarra.
3.– Aldi bateko prestakuntza-jarduera bat eskatu dutenen artean, bateraezintasun-arrazoiengatik kanpoan geratzen direnek (talde bereko beste jarduera batean onartuta egoteagatik), ikastaroan sartzea eskatu ahalko dute, baldin eta plaza hutsak geratzen badira deialdia ebatzi ondoren. Eskabidea onartzeko, justifikatu egin beharko da talde bereko jarduerak bateragarriak direla jardueren egunak eta ordutegiak bat ez datozelako. Eskabidea eskatzaile bakoitzaren lanlekuari dagokion Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzan aurkeztu beharko da.
4.– Eskatu ez dituzten ikastaroetan hutsik geratu diren plazak bete nahi dituztenek beren lanlekuari dagokion Hezkuntzako lurralde ordezkaritzan aurkeztu beharko dute eskabidea. Eskabideak aurkezpen-hurrenkeraren arabera onartuko dira, hutsik dauden plazak bete arte, aurreko apartatuan ezarritako lehentasuna errespetatuz, eta, betiere, onartu zaizkien beste prestakuntza-jarduera batzuen egun eta orduekin bateragarria dela egiaztatzen bada.
6. artikulua.– Parte-hartzaileak aukeratzea.
1.– Ikastaroan sartzeko betekizun guztiak betetzen dituzten eskabideek eta artikulu honen 4. paragrafoko kanporatze-arrazoi batean ere ez daudenak I. eranskinean ezarritako baremoen arabera baloratuko dira. Atzerriko hizkuntzen jakintza-mailaren egiaztagiria eskatzen duten hizkuntzen prestakuntza-jarduerei dagokienez, titulazio hori kontuan hartzeko eta eskatzaileak jardueran parte hartu ahal izateko, egiaztagiri hori interesdunaren espedientean egon beharko da, Hezkuntza Sailaren langileen erregistroan.
2.– Puntuazio-berdinketa badago, 3. artikuluko lehentasun-ordena aplikatu ondoren, lehentasuna izango dute eskaera egiteko unean haien lantoki den ikastetxean bekadun-ehunekorik handiena duten eskatzaileek. HHEko irakasleei ez zaie aplikatuko irizpide hori. Berdinketak bere horretan jarraitzen badu, ebazteko, eskatzaileak zerbitzuan eman duen denborari erreparatuko zaio.
3.– Prestakuntza-jardueraren batean onartuak izan eta gero arrazoirik gabe huts egiteagatik Prest_Gara 2017-2018ko eta 2018-2019ko deialdietan zigortuak izan diren eskatzaileek deialdi honetan parte hartzeko eskaera egin dezakete, baina 0 punturekin sartuko dira aukeraketa-prozeduran.
4.– Prestakuntza-jardueretan parte hartzeko eskaerak aukeraketa-prozeduratik baztertuta geratuko dira honako kasu hauetan:
– Eskaerak ez baditu betetzen jardueran parte hartzeko beharrezko den baldintzaren bat edo batzuk, barnean hartuta prestakuntza-jarduera batzuetan eskatzen diren hizkuntza-ziurtagiriak edo tituluak izatea, dagokion prestakuntza-jardueraren deskribapen-fitxan parte hartzeko adierazten diren baldintzei jarraituz.
– Eskatzaileak eskatu duen ikastaroan adierazitakoa baino handiagoa den ziurtagiri bat edo maila handiagoa badu atzerriko hizkuntzan, baldin eta ikastaroaren fitxan adierazten bada hori baztertua izateko arrazoi bat dela.
– Eskatzaileak galdu egin badu dirulaguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera, zigor penal edo administratibo baten ondorioz, edo horretarako ezgaitzen duen lege-debekuren batean sartuta badago, barnean hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik gertatutakoak.
7. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak eskaera-epe bakoitzerako ebazpen-proposamena egingo du, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da. Ebazpen-proposamenak hau jasoko du:
– Egingo den prestakuntza-jarduera bakoitzaren behin-behineko zerrenda, eskaera bakoitzaren egoera adieraziko duena (onartuta, erreserban eta baztertuta, ukatzeko arrazoia emanda).
– Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin-behineko zerrenda.
Ikastaroetara onartutako pertsonen behin-behineko zerrendak 2019ko ekainaren 21ean argitaratuko dira, lehen matrikulazio-eperako, eta, urriaren 7an, berriz, bigarren matrikulazio-eperako.
2.– Interesdunek, alegazioak egin edo parte hartzeari uko egin nahi izanez gero, uztailaren 1era arte izango dute, lehen matrikula-epean, eta urriaren 18ra arte, bigarren matrikulazio-epean.
3.– Behin erreklamazioen epea amaituta, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak prozedura amaitzeko ebazpena egingo du. Ebazpen hori Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuko da, honako eduki honekin:
● Eskatzaileen jarduerakako zerrenda alfabetikoa. Zerrenda horretan, eskatzaileek eskatutako jarduera bakoitzean duten egoera azalduko da:
a) Onartua: ikastaroan plaza duten eskatzaileak.
b) Gordeta: ikastaroan parte hartzeko baldintzak bete arren, esleitutako azken plazak baino puntuazio txikiagoa izateagatik plaza lortu ez duten eskatzaileak.
c) Baztertua: deialdiko edo ikastaroan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileak, edo aldi horretan bertan beste ikastaro baterako onartuak izateagatik bateraezintasun-egoeran daudenak. Honako hauek dira baztertzeko arrazoien kodeak:
– C: langilea ez dago jardunean.
– I: ikastaro-mota bateraezina da (garai berean emango den beste jarduera baterako onartua izateagatik).
– K: ez da betetzen prestakuntza-jardueran parte hartzeko baldintza espezifikoren bat.
– L: ikastaroa bertan behera geratu da.
– H: eskatzaileak uko egin dio.
– T: ez da betetzen atzerriko hizkuntzarako eskatzen den maila egiaztatzeari buruzko betekizun espezifikoa.
● Plaza libreak dituzten prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda.
● Bertan behera geratu diren prestakuntza-jardueren behin betiko zerrenda, onartutako eskaeren gutxieneko ratioa ez betetzeagatik (gutxienez 6 plaza, hizkuntza-ikastaroetan, eta gutxienez 8 plaza, gainerako ikastaroetan).
4.– Behin betiko ebazpenaren kontra, interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratzen denetik hasita.
5.– Deialdi honetan araututako prozedura ebazteko eta jakinarazteko, hiru hilabeteko epea dago, gehienez ere, eskabideak aurkeztutako epea bukatzen den egunetik hasita. Epe hori igaro ondoren ez bada ebazpenik jakinarazi, interesdunek ulertu beharko dute eskaera ezetsi dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, alde batera utzi gabe lege horrek administrazioari berariaz ebazteko ezartzen dio betebeharra.
8. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.
1.– Eskatzaileek, prestakuntza-jardueran parte hartzean, konpromisoa eta ardura hartzen dute eskuratutako ezagutzak praktikan jartzeko eta ikastetxean eta ikasgelan egiten duten eguneroko lanean aplikatzeko. Alde horretatik, atzerriko hizkuntzetan espezialistak ez diren irakasleek atzerriko hizkuntzetako prestakuntza jasotzeari dagokionez, parte hartzen duten irakasleen asmoa izan beharko da arloko edukiak hirugarren hizkuntza batean emateko behar den gaitasuna lortzea.
2.– Eskatzaileak behartuta daude onartuak izan diren prestakuntza-jardueran programatutako fase eta zeregin guztiak gauzatzera, bai eta adierazitako datetan honako dokumentazio hau aurkeztera ere:
a) Inprimakia: prestakuntza-jardueraren hasieran aurkeztuko da, eta bertan adierazi behar da zer motibazio dituen eskatzaileak eskatutako banakako prestakuntza-jarduera egiteko, eta zer itxaropen dituen eskuratutako ezagutzak ikasgelaren edo ikastetxearen errealitatean aplikatu ahal izateari buruz. Galdetegia Irakaslegunean dago eskuragarri.
b) Ikastetxeko zuzendaritzaren txostena. Prestakuntza-jardueraren hasieran aurkeztuko da, eta, han, adieraziko da zer neurritan egokitzen den eskatutako banakako prestakuntza ikastetxearen behar, helburu eta proiektuetara. Ikastetxeak eskuragarri izango du galdetegia, Hezkuntza Sailaren kudeaketa-aplikazioen atarian.
c) Prestakuntza-jarduera baloratzeko fitxa: aplikazio informatikoan erantzun beharko da, hilabeteko epean, prestakuntza-jarduera amaitzen den egunetik aurrera.
3.– Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, arrazoi justifikatuak badaude soilik onartuko da prestakuntza-jardueran parte hartzeari uko egitea; adibidez, gaixotasunen kasuan edo ustekabeko lan-egoeraren baten kasuan. Uko egiteko jakinarazpena dagokion lurralde-ordezkaritzako hezkuntza berriztatzeko lurralde-arduradunari bidali beharko zaio, uko egitea justifikatzen duen gertaera jazo ondoren, eta, hala badagokio, dagokion dokumentu-euskarria erantsi beharko zaio.
4.– Onartutako pertsonen artetik justifikaziorik gabe uko egiten dutenak edo prestakuntza-jardueraren saioetara agertzen ez direnak zigortu egingo dira, eta 0 punturekin hartuko dute parte Prest_Gara Planaren babesean hurrengo bi edizioetan (2020-2021 eta 2021-2022) egingo diren prestakuntza-jardueretan. Justifikatu gabeko uko-egitetzat hartuko da aurrez jakinarazi gabe eta inolako arrazoirik frogatu gabe saioetara ez agertzea.
5.– Eskatzaileek uko egin dutelako edo saioetara agertu ez direlako hutsik geratzen diren plazak betetzeko, erreserba-zerrendako pertsonei deituko zaie, zerrendan duten postuaren ordenari jarraituz. Oro har, ez dira hutsik dauden plazak beteko, behin prestakuntza-jardueraren bigarren saioa eman ondoren. Nolanahi ere, salbuespenak egin daitezke, baldin eta jarduerak iraupen luzea badu, ez bada aurrez aurreko prestakuntza edo salbuespena egiteko beste baldintza batzuk betetzen badira.
6.– Atzerriko hizkuntzen ikastaroetan onartutako pertsonek, ikastaroa hasi baino lehen, hasierako ebaluazio-proba bat egingo dute, erakunde antolatzaileak prestatua. Eskatzailearen maila ez badator bat ikastaroaren hasierako diseinuarekin, erakundeak Irakasleen Hobekuntza Zerbitzuari jakinarazi beharko dio. Eskatzaileari entzunaldi-izapidea egin ondoren, plaza hori erreserban dagoen beste eskatzaile batek betetzea erabaki ahal izango da.
7.– Parte-hartzaileei ez zaie inolako diru-zenbatekorik ordainduko lekualdatze-gastuengatik edo Prest_Gara Planeko prestakuntza-jardueretan parte hartzearekin lotutako inolako kontzepturengatik.
8.– Gai izateko, prestakuntza-jardueretan parte hartzen dutenek jarduera-orduen % 80ra joan behar dute, gutxienez, zeregin guztiak egin beharko dituzte, eta proiektu, txosten edo memoria bat entregatu beharko dute, eta balorazio-fitxa bete beharko dute ikastaroa bukatutakoan, hala ezarrita baldin badago ikastaroa gainditu ahal izateko. Prestakuntza-jardueretan parte hartu duenak hura gaindituz gero, hala jasoko da Hezkuntza Saileko irakasleak berritzeko eta prestatzeko jardueren datu-basean; Interesdunek datu-base hori kontsultatu ahal izango dute, indarrean den legediaren arabera, eta Berritu eta Prestatzeko Jardueren Ziurtagiria inprimatu ahal izango dute datu-base horretatik. Gai gisa ebaluatzen ez diren parte-hartzaileek ez dute inolako ziurtagiririk lortuko onartuak izan diren prestakuntza-jarduerarekin lotuta.
9. artikulua.– Prestakuntza-jardueren jarraipena.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio prestakuntza-jardueren segimendua eta ebaluazioa egitea. Horretarako, behar diren jarraibideak eman ditzake, eta laguntza-zerbitzuen edo Berritzeguneen laguntza eska dezake.
10. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ziurtagiriak» 5. fitxategia izeneko fitxategi batean sartuko dira, dirulaguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdi honetan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko.
Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarena da, eta zuzendaritza horretara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) jo beharko da datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen aurka egiteko eskubideez baliatzeko.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 14a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO