EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2019102

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako laneratze- eta gizarteratze-proiektu berezien garapenerako dirulaguntzen 2019ko ekitaldiko deialdia.

Xedapenaren data: 2019-05-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201902645
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko maiatzaren 22ko batzarrean hartutako Erabakiaren bidez, 2019. urterako dirulaguntzen deialdia onartu du lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu berezien garapenerako. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluaren p apartatuan xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu berezien garapenerako laguntzen 2019. urterako deialdia argitara ematea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiaren bidez onartu zen, 2019ko maiatzaren 22ko batzarrean, eta ebazpen honi erantsi zaio, eranskin gisa.
Bigarrena.– Laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Erabakiak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hirugarrena.– Deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren Ebazpenaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 23a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
LANA DUTEN LANGILEEI ETA LANA LORTZEKO EDO HARI EUSTEKO ZAILTASUNAK DITUZTEN PERTSONA LANGABEEI ZUZENDUTAKO LANERATZE- ETA GIZARTERATZE-PROIEKTU BEREZIEN GARAPENERAKO LAGUNTZEN 2019. URTERAKO DEIALDIA
Urriaren 13ko 3/2011 Legeak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren izaera, helburuak eta eginkizunak arautzen dituenak, honako hau ezartzen du 2. artikuluan: helburua da enplegu egonkor eta kalitatekoa lortzeko eskubidearen garapen osoari laguntzea, eta langileen enplegagarritasuna bermatzen lagunduko duen lan-merkatuaren garapenaren alde lan egitea, eta enpresaren eskakizunei egokitutako langileen beharrizanak asetzea, bai eta gizartearen eta lurraldearen kohesioari laguntzea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenen eremuan esleitzen zaizkion enplegu-politikak kudeatuz eta lan-arloko legeria egikarituz.
Era berean, maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onartzen dituenak, 15. artikuluan ezartzen du Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari dagokiola sostengua ematea, enplegurako prestakuntza planifikatzea eta diseinatzea, eta babesa, laguntza eta prestakuntzarako ekintza osagarriak ematea, baita enpleguaren eta prestakuntzaren arteko jarduera mistoak egitea ere.
Zehazki, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, 26. artikuluaren 2. apartatuan adierazten du, programa espezifikoei eta lanean eta gizartean txertatzeko proiektuei dagokienez –deialdi honetan proiektu berezi izendatu ditugu–, prestakuntza-helburuak dituen arreta osoko proiektu baten bitartez, zenbait motatako esku-hartzeak beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin biltzen edo koordinatzen dituen proiektu baten bitartez pertsona langileak gizartean eta lanean txertatzera zuzendutako ekimenak direla, parte hartzen duten pertsonen enplegagarritasuna hobetzea lortzeko asmoz.
Bestalde, arestian aipatutako 82/2012 Dekretuaren 14. artikuluari erreparatuz, Lana Aktibatzeko Zuzendaritzari dagokio enplegua, laneratzea, lan-merkatuko bitartekaritza eta orientazioa sustatzeko prozesuak planifikatzea eta diseinatzea. Modu berean, enpleguaren oinarrizko araudian, Enpleguaren Legearen testu bateginean, urriaren 23ko 3/2015 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutakoan, enplegurako politika aktiboen printzipioetan langabezian dauden pertsonek, haien enplegagarritasuna hobetzeko, tratamendu indibidualizatua eta espezializatua behar dutela, eta lanean ari diren pertsonek, berriz, enpleguaren kalitateari eusteko. Gainera, enpresek giza kapital, enplegu eta prestakuntzan dituzten beharrei erantzutea bermatu behar da.
Ondorioz, kontuan hartuz 82/2012 Dekretuaren 3. artikuluaren b) apartatuan aipatutakoa, non, besteak beste, esaten den Lanbidek honako funtzio hau duela: «Enplegu-programak, enplegurako prestakuntza-programak eta autoenplegua sustatzeko eta enpresak sortzeko programak kudeatzea, dagozkion deialdi diruz lagungarrien onarpena eta izapidea barne. Enplegua sortzeko jarduera eta izaera ekintzailea sustatzeko helburua duten programak kudeatzea.»; eta hori k) puntuarekin lotuz, hau da «Laneratzeko eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboei zuzendutako enplegu-programa bereziak egitea.», dirulaguntza hauek sortu dira, eta ondorioz, Lanbideren hainbat zerbitzu deialdi bakar batean koordinatuko eta bateratuko dira, parte-hartzaileak lan-merkatuan sartzeko jarduera integral bat ziurtatze aldera.
Enplegurako lanbide-heziketa eta lana aktibatzea enplegu-zerbitzu publikoek beren zerbitzuen barruan langileei eskaintzen dieten bi tresna dira, erabakigarriak inondik ere, haiei lan-merkatuan sartzen laguntzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko. Ekintza horien bidez, pertsona hartzaileak haren gaitasun profesionalak eta pertsonalak bereganatzea, hobetzea edo eguneratzea lortzen du, baita enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzea ere.
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailera atxikita dagoenari, esleitzen dizkio enplegu-arloko, enplegurako prestakuntzarako eta lan-merkatuan sartzeko politika publikoen antolakuntza eta plangintza orokorra, sektoriala eta lurraldekoa.
Hortaz, deialdi honen bidez diruz lagundutako jardueren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei prestakuntza jasotzeko aukera ematen zaie, lana aktibatzeko ekintzekin batera, lan-merkatuan sartzea bermatzeko. Dirulaguntza lerro hori beste erakunde batzuen finantzaketa jadanik baduten proiektuak batera finantzatzeko dela nabarmendu behar da, eta helburua ahaleginak batzea eta koordinatzea, eta helburuak lortzea bermatzea dela.
Beraz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariaren proposamenari jarraikiz, erakunde autonomo horren Administrazio Kontseiluak, 2019ko maiatzaren 22an, lana duten langileei eta lana lortzeko edo hari eusteko zailtasunak dituzten pertsona langabeei zuzendutako laneratze eta gizarteratze proiektu berezien garapenerako 2019ko ekitaldirako deialdia onartu zuen, maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, zeinaren bidez Euskadiko Enplegurako Lanbide Heziketa honako baldintza hauen arabera arautzen baita:
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da Proiektu Bereziak finantzatzera bideratutako 2019. urterako laguntzak arautzea, gizartean eta lanean txertatzeko edo langileen enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak diren aldetik, zenbait motatako esku-hartzeak beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin biltzen edo koordinatzen dituenak.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– 2019. urteko Proiektu Bereziak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.000.000 eurokoak dira, horietatik 2.000.000 euro 2019ko ordainketa-kreditukoak dira, eta 2.000.000 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2020ko aurrekontuko konpromiso-kreditukoak dira.
2.– Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat eginez aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu ahalko da proiektu berezien betearazpena. Proiektu bereziak izango dira prestakuntza-, orientazio- edo enplegu-ekintzak edo proiektu horietan parte hartzen dutenen enplegagarritasuna nabarmen hobetuko duen beste edozer neurri bateratuko dituzten proiektuak:
a) Prestakuntza ematea, bai Kualifikazio Profesionalen Sistema Nazionalaren berezko eskumen profesionaletan, bai Profesionaltasun Ziurtagiriak eskuratzeko oinarrizko eskumenetan, edo Prestakuntza Espezialitateen Katalogoan erregistratutako premiazko prestakuntzetan edo Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako beste prestakuntzetan. Lanpostuan bertan prestakuntza-ekintzak egiteko aukera ere egon daiteke, prestakuntza enpleguarekin txandakatuz.
b) Orientazio profesionaleko eta laneratzeko ekintzak, laneratze-ibilbide pertsonalizatu bat egitea sustatze aldera, parte hartzen duten pertsonen jarraipen pertsonala eta emaitzen ebaluazioa egiteko.
c) Enplegu-aukerak aztertzea, agente kontratatzaileak izan daitezkeenekin harremanetan jartzeko eta tartean sartzeko, lan-merkatuko beharrak identifikatuz eta proiektu berezian parte hartzen duten pertsonen kontratazioa bultzatuz.
d) Hartzaileen enplegagarritasunaren hobekuntza bermatzeko helburua duen beste edozein jarduera.
2.– Dirulaguntza eskatzen den proiektu bereziak dirulaguntzak ezarritako aldian burutu beharreko proiektu osoaren % 10eko finantzazio ekonomikoa lortu beharko du gutxienez Administrazio Publikoaren eskutik edo erakunde pribatuen eskutik, eta azkeneko kasu horretan, erakunde eskatzailea ez den beste erakunde baten eskutik, eta betiere eskaera aurkeztu aurretik.
3.– Jarduerak garatu eta iraunarazteko adina aurrekontu-zuzkidura izan beharko da.
4.– Proiektu berezia 2019. ekitaldian hasi beharko da.
5.– Proiektu berezi bakoitzaren azkeneko ekintzaren amaiera-data 2020ko irailaren 30aren aurrekoa izan behar da.
6.– Partaidetza-proposamenek emaitzetan oinarritutako ikuspuntua izan beharko dute. Eskakizun hori proposamenaren gauzatzearen eta adierazleen emaitzen adierazleen bidez kalkulatutako balioen arabera aztertuko da.
4. artikulua.– Hartzaileak.
Proiektu Berezien ekintzak laneratzeko zailtasun espezifikoak dituzten pertsonei zuzenduta daude:
1.– Langabeak:
a) Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sisteman arreta jaso duten pertsonak, Diru-sarrerak bermatzeko eta gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen esparruan.
b) Gazteak; prestakuntza-defizita dutenei arreta berezia jarrita.
c) Emakumeak.
d) Luzaroko langabeak.
e) 45 urtetik gorakoak.
f) Familia-erantzukizunak dituzten pertsonak.
g) Desgaitasunen bat duten pertsonak.
h) Arrisku egoeran edo gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak.
i) Etorkinak.
j) Lanean ari diren langileak edo langabeak, atzerrian bizi eta Euskadira lanera itzultzeko asmoa dutenak, itzultzeko borondatea duten pertsonen erregistroan izena emanda daudenak.
2.– Lanean ari diren pertsonak, lan-merkatuan jarraitzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko prestakuntza espezifikoko beharrak dituztenak.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Deialdi horren esparruan, honako erakunde hauek izan ahalko dira kofinantzaketaren onuradunak, horretarako eskaera egin ondoren:
– Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.
– EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko entitateak.
– EAEko sektore publikoko entitateak.
– EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.
– Prestakuntza-erakunde pribatu akreditatuak edo/eta dagokion Prestakuntza Erakundeen Erregistroan agertzen direnak.
– Hezkuntza Sailaren edo Ekonomiaren Garapen edo Azpiegitura Sailaren mendeko prestakuntza-erakunde publikoak.
– Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko EAEn bitarteko egokiak duten entitateak, baldin eta horien merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan bere irabazien % 70 xede sozial horiek lortzean inbertitu badute.
Zuzendaritza kudeatzaileak hori egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen agiriak eskatu ahalko ditu, hala nola: ikuskapen-ziurtagiriak, emaitzen kontuak, irabaziak xede sozialetan aplikatu izanaren egiaztagiriak, etab.
– Noizean behin eta Proiektu Berezi bat zuzen garatzeko beharrezko baliabideak eta bitartekoak arrazionalizatzeko helburuarekin, aurreko atalaren barruan dauden erakundeen arteko lankidetza ahalbidetuko da.
Eskaera formalizatzeko, Proiektu Berezi horretan parte hartzeko interesa duten erakundeek, bere eskaera onartuz gero, legez eratzeko konpromisoa hartu beharko dute honako modu hauetako batean:
a) Aldi baterako enpresa-elkarte bat. Kasu horretan, erakundeetako bat aukeratu behar da elkartea ordezkatzeko eta Lanbidez-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko, edo
b) Zuzenbide publikoko partzuergo bat, hainbat Administrazio Publikoren edo sektore publiko instituzionala osatzen duten erakundeen artean, edo erakunde pribatuen parte-hartzearekin.
3.– Erakunde onuradunek Proiektu Berezia bermearekin garatzeko behar diren baliabide teknikoak eta giza baliabideak egiaztatu beharko dituzte.
4.– Aurreko paragrafoetan adierazitakoaz gain, erakunde onuradunek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar beste aldiz, eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, dirulaguntza eman eta ordainketa bakoitza egin aurretik, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak xedatzen duenari jarraituz.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Deialdi honen barruan diruz lagundutako jarduerak egiteko, proiektuaren kostua baino zenbateko handiagoko dirulaguntzarik ez jasotzea.
c) Zigor- edo administrazio-arloan dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
d) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izatea.
e) Ez egotea itzulpen- edo zigor-prozeduren eraginpean, EAEko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzaren bat dela eta.
f) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
5.– Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzak (lan-eskaintzak hautematea, erregistratzea eta kudeatzea) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jarduteko ahalmena duten Enplegu Agentziak egin ahalko dute, jarduera horiek burutze aldera, hala ezartzen baitu Lanbideko zuzendari nagusiaren urtarrilaren 23ko Ebazpenean aurreikusitako prozedurak (2015-02-02ko EHAA, 21. zk.).
6. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazio osagarria aurkeztea.
1.– Eskaerak aurkeztu beharko dira deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita, 2019ko urriaren 31ra arte.
2.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F). Aplikazio horretarako sarbiderik ez duten erakundeek www.lanbide.euskadi.eus webgunearen bidez eska dezakete.
3.– Dirulaguntzaren eskaera deialdiaren I. eranskinean jasotako modelo ofiziala erabiliz aurkeztuko da, prestakuntzako Lan-F aplikazio informatikoan eskura dagoena. Honako eremu hauek bete behar dira:
1) Proiektu bereziaren datu orokorrak:
1.1) Proiektuaren izena.
1.2) Proiektua koordinatzeko harremanetarako pertsona(k).
1.3) Hasiera- eta amaiera-data.
2) Lan-merkatuko premien diagnostikoa. Testuingurua eta zioak.
3) Proiektu bereziaren garapenaren deskribapena: prestakuntza-ibilbidea, laneratze-ibilbidea eta planaren garapenaren deskribapena (beharrezko azpiegitura, lan-metodologia eta ahultasunen eta aukeren azterketa).
Orientazio-ekintzetan artatuko diren parte-hartzaile kopurua eta ordu-kopuru totala zehaztuko da.
Enplegagarritasuna hobetzeko jardueretan jarduera deskribatuko da, jarduera hori gauzatzeko behar diren ordu-kopurua jasoz, eta hala badagokio, baita artatutako parte-hartzaile kopurua ere.
4) Parte-hartzaileak aukeratzeko prozedura, dagoeneko hasi diren proiektu bereziak diruz laguntzeko eskaera eginez gero.
5) Helburu orokorra.
6) Helburu espezifikoak.
7) Helburu operatiboak eta emaitzakoak.
8) Proiektuaren aurrekontu globala, jarduerak eta eskatutako aurrekontu espezifikoa xehatuz.
9) Beste erakunde batzuen kofinantzaketa.
10) Oharrak.
11) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena.
Eskabidearekin batera dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) 3.2 artikuluan aipatzen den kofinantzaketa egiaztatzeko dokumentazioa.
b) Erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) 5.2 artikuluan aurreikusitako kasuan, legez ABEE edo zuzenbide publikoko partzuergoa eratzeko konpromisoa izatea.
4.– Eskaera bat aurkeztuko da dirulaguntza eskatzen den Proiektu Berezi bakoitzeko, eta eskaera bakoitza administrazio-espediente bat izango da.
5.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, izandako hutsune edo akatsa konpontzeko, edo aurkeztu beharreko dokumentuak aurkezteko. Hori egin ezean, eskaera ezetsitzat hartuko da. Ebazpen bidez ezetsiko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendaria izango da prozedura kudeatzeko eta izapidetzeko organo eskuduna, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia, berriz, ebaztekoa.
2.– Emakidarako prozedura segidako konkurrentziaren araberakoa izango da. Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte, 2. artikuluaren 1. apartatuan aurreikusitakoa betez.
Behin hasierako aurrekontu-zuzkidura eta luzapen posiblea amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
2.1.– Eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko helburuarekin, izaera teknikoko ebaluazio-batzorde bat sortuko da. Batzordea honela osatuko da:
– Prestakuntzako eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errentako zuzendaria.
– Lan-aktibazioaren zuzendaria.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikari-profila duten lau pertsona, berariaz izendatuak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza adierazteko zein botoa emateko eskubidea izango du.
2.2.– Balioespen Batzordeak ezaguera-arlo jakin batzuetako adituen aholkularitza eskatu ahalko du eskabideak aztertzeko orduan, ebaluatu beharreko irizpidearen edo azpi-irizpidearen izaerarengatik gomendagarria denean.
2.3.– Eskabideak aztertzean, Balioespen Batzordeak agiri gehiago aurkezteko eskatu ahalko diete eskatzaileei aurkeztutako proposamena hobeto ulertzeko beharrezkoa bada.
2.4.– Eskaerak deialdi honen 8. artikuluan zehaztutako irizpideen arabera balioetsi ondoren, Balioespen Batzordeak aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpen-proposamena egin eta igorriko dio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari.
2.5.– Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, Balioespen Batzordea kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arauei lotuko zaie, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak Atariko Tituluaren II. kapituluaren Hirugarren atalean xedatutakoaren arabera.
3.– Balioespen Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusirik, Lanbideko zuzendari nagusiak Emate-erabakia edo laguntza ukatzea aginduko du Proiektu Bereziak egiteko, eta agindu hori banaka jakinaraziko da.
4.– Ebazpena LAN-F aplikazio informatikoaren bidez jakinaraziko da, eta 5 egun balioduneko epea emango da, emate-erabakiaren jakinarazpenetik zenbatzen hasita, erakunde onuradunek dirulaguntza onar dezaten. Epe hori igaro ondoren dirulaguntza onartu ez bada, dirulaguntza baztertu dela ulertuko da.
Gainera, 5.2 artikuluan aipatutako erakunde onuradunak ABEE edo zuzenbide publikoko partzuergo eratu beharko dira legez 15 egun balioduneko epe barruan, emate-erabakia jakinarazten den egunetik aurrera zenbatzen hasita hori ere. Epe hori igaro ondoren legez eratu ez bada, dirulaguntza baztertu dela ulertuko da.
5.– Eskaera onartzen ez bada, ebazpenak horren arrazoi zehatzak adieraziko ditu, ezarritako eskakizun eta balioespen-irizpideetan oinarrituta.
Emateko ebazpenak honako eduki hauek izango ditu, gutxienez:
– Erakunde onuradunaren izena eta onartutako jarduketa-ildoen izendapena.
– Proiektu Bereziaren helburua eta indarraldia.
– Onartutako jarduketa-ildoen deskribapen laburra.
– Laguntzaren zenbatekoa.
– Justifikazio- eta ordainketa-sistema.
– Ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-sistema.
6.– Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa da, eskabidea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan sartzen den egunetik aurrera. Epe hori igarotakoan erakunde interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, dirulaguntzaren eskaera baietsi dela ulertuko da.
7.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
8.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaz emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian zer enpresak jaso duten dirulaguntza deialdi honen babesean eta zenbateko laguntza jaso duten.
9.– Onuradunei dirulaguntzak eman eta, hala dagokionean, ordaintzea baldintzapean dago; hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidetze-fasean dagoen edozein itzulketa- edo zigor-prozedura amaitzearen baldintzapean.
8. artikulua.– Eskabideak balioesteko irizpideak.
1.– Proiektu Bereziak garatzeko dirulaguntzak amaierako puntuazio baten arabera emango dira. Puntuazio hori ondoren zehazten diren ebaluazio-irizpideen balioespenean eskuratutako puntuen batuketaren emaitza izango da:
a) Proiektuaren hartzaile-multzoaren enplegagarritasunean izandako hobekuntzaren inpaktua. Prestakuntza-ibilbideak eskuratzeko %-a, zein erakundeak agindutako elkarren segidako prestakuntzetan egindako sartzeen edo izen-emateen %-a, I. eranskinaren 7. puntuaren helburu operatiboen arabera balioetsiko dira.
Hiru aldagairen arabera neurtuko da, eta eskuratu beharreko gehieneko puntuazioa, oro har, 45 puntukoa izango da:
– Proiektuak lortutako prestakuntza-ibilbideen ehunekoa. 1etik 20ra arteko puntuazioa.
– Proiektuak lortutako ibilbide profesionalen ehunekoa. 1etik 25era arteko puntuazioa. Irizpide horren arabera, lortu daitekeen puntuazio maximoa, kontratuen iraupena kontuan harturik, 25 puntukoa izango da.
Puntu horiek jardunaldi osoko kontratuenak izango dira, eta lanegunaren iraupenaren arabera murriztuko dira proportzionalki. Parte-hartzaileen lanegunak ez dira metagarriak izango eta ez dute puntuatuko % 50 baino gutxiago badira.
– Proiektuan emandako elkarren segidako prestakuntzen izen-emateen ehunekoa. 1etik 10era arteko puntuazioa.
Elkarren segidako prestakuntza zera izango da, parte-hartzaileak parte hartu duen proiektua amaitu ondoren, lan-munduan sartzeko garapen pertsonala eta profesionala ematen diona, eta proiektuaren justifikazioa bidaltzeko gehieneko epearen barruan gauzatzen dena eta baliozko egiaztagiriarekin egiaztatu daitekeena.
b) Proiektuaren kofinantzaketaren ehunekoa. 1etik 15era arteko puntuazioa.
c) Proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren berariazko balioespena, eskaeran oinarritzen dena. 1etik 25era arteko puntuazioa.
d) Proiektu Berezien erakunde eskatzaileak 2017ko deialdian gauzatutako betearazpena. 1etik 5era arteko puntuazioa.
e) Proiektu Berezia zuzendu den talde hartzailearen balioespena. 1etik 10era arteko puntuazioa.
2.– Erakunde eskatzaileak 50 puntu lortu beharko ditu guztira eta 15 puntu gutxienez artikulu honen 1. puntuko c) irizpidean dirulaguntza eskuratu ahal izateko. Puntuazio hori lortzen ez duten proiektu berezien eskaerak gaitzetsi egingo dira.
9. artikulua.– Parte-hartzaileen aukeraketa.
1.– Proiektu Berezi bakoitzeko parte-hartzaileen aurre-aukeraketa egiteko, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Proiektu Berezian parte hartzeko deitutako enplegu-eskatzaileen artean aukeratuko du; parte-hartzaile horiek 4. artikuluan deskribatutako talderen batean parte hartu beharko dute, eta eskaeraren sarrera-profilean deskribatutako ezaugarriren bat izan.
2.– Proiektu Berezietan parte hartzeko ikasleen azken aukeraketa erakunde onuradunak egingo du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bidalitako hautagaiak oinarri harturik. Hortaz, erakunde emailea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Prestakuntza Kudeaketaren (LAN-F) aplikazioan sartu ahalko da izena eman duten hautagai guztien informazioa eskuratzeko, eta hautaketa-prozesua programatutako ekintzen hasiera baino nahiko lehenago eta behar besteko bermearekin egingo du.
Behar den guztietan eta proiektuak arrakasta duela bermatzeko, hautaketa-proba bat egingo da Lanbideko teknikariekin aurretiaz adostu ondoren, ekintzak ondo aprobetxatzen direla eta taldea maila akademikoan homogeneoa dela ziurtatzeko. Proba hori LAN-F aplikazioaren dagokion atalean erantsiko da.
3.– Proiektu Berezian sartzeko baldintzak betetzen dituztenen artean, lehentasun-ordena bat ezarriko da:
– Lehenik, eta lehentasun maila berean, 4. artikuluan deskribatutako taldeetakoak diren eta 6.3.3 artikuluaren eskaeraren sarrera-profilarekin lotzen diren langabetuak; gizonen eta emakumeen artean proportzio bera dagoela ziurtatuko da.
– Bigarrenik, lana dutenak. Kasu horretan ere, ziurtatuko da gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunaren gaineko araudian adierazitakoa betetzen dela.
4.– Hautaketa amaitu ondoren, erakunde onuradunek hautaketa horren emaitza jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-Fren bidez.
5.– Erakunde onuradunak hautatuak izan direnen eta Proiektu Berezian parte hartzeko erreserba-egoeran gelditzen direnen zerrendak erakutsi behar ditu bere instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, Proiektu Berezia non, noiz eta zer ordutan egingo den adierazi behar dute.
6.– Proiektu berezia kofinantzatua izan bada eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren dirulaguntza emateko ebazpenaren aurretik hasi bada, proiektu berezian enplegu-eskatzaile edo beste hainbat zerbitzuren eskatzaile moduan izena ematea eskatuko du Erakunde Publikoak.
10. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Dirulaguntzaren zenbateko maximoa izango da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako proiektu bakoitza osatzen duten ekintzen prezio maximoaren eta kofinantzaketaren arteko aldea.
2.– Ekintza-mota bakoitzaren dirulaguntza kopurua honako zenbateko hauen arabera kalkulatuko da:
A) Prestakuntza-ekintzen kopuruak ezingo ditu honako modulu ekonomiko maximoak gainditu:
– Prestakuntza presentziala: 110 euro/ordu/talde, betiere parte-hartzaile kopurua 14 edo 14 baino handiagoa bada.
Parte-hartzaile kopurua 14 baino txikiagoa bada, modulu ekonomikoa ezarriko da, hau da, 8 euro parte-hartzaile eta prestakuntza-ordu bakoitzeko.
Prestakuntza-ekintzak gehienez ere 20 parte-hartzaile eta gutxienez 10 dituztenen arteko taldeentzat onartuko dira. Prestakuntza-ekintzak ezin izango dira hasi 10 parte-hartzaile baino gutxiago badago.
Salbuespenez, eta prestakuntzaren kalitatea bermatzeko helburuarekin, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimena eman ondoren, prestakuntza-ekintzetan parte hartzen dutenen kopurua 8ra arte murriztu ahalko da, gehienez ere, Proiektua egingo duen taldea pertsona desgaituekin osatuta badago.
– Teleprestakuntza: 1,61 euro/ordu/ikasle.
Dirulaguntzaren zenbatekoa Lanbidek baimendutako jardueren gastu zuzenak eta zeharkakoak ordaintzera bideratuko da.
B) Lan-aktibazioarekin eta enplegu-aukerak aztertzearekin lotutako ekintzetan, ezin dira zenbateko hauek gainditu:
– Enplegurako orientazio-ekintzak eta -zerbitzuak, eta laguntzeko prozesuak garatzeko dirulaguntzen gehienezko zenbatekoa orduko 34 eurokoa izango da, jarduera horri lotutako gastu arrunt zuzenetara eta zeharkakoetara zuzenduko direnak.
– Enplegu-aukerak aztertzeko ekintzen zenbatekoa 140 eurokoa izango da, lortutako kontratua 3 hilabetekoa denean eta % 50eko laneguna duenean. Ordaindu beharreko zenbatekoa handitu egingo da honako taula honetan definitutako arrazoiak gertatzen direnean:
Finantzaketa izan dezaketen azterketa-ekintzak proiektuaren parte-hartzaileen lan-kontratuaren ondoriozko eskaintzaren atzemate-, erregistro eta kudeaketa-jarduerak izango dira.
C) Enplegagarritasuna hobetzea ziurtatzen duten gainerako ekintzei dagokienez, gehieneko kostua 34 euro/ordu izango da.
3.– Proiektu Bereziaren balioespenean guztira 50 puntu dituzten eta proiektuaren kalitatearen eta koherentziaren inguruko 8.1 artikuluaren c) irizpidean 15 puntu dituzten erakundeek Lanbideri eskatutako laguntzaren kopuru osoa jasoko dute.
4.– 5. artikuluan aipatutako erakunde bakoitzak ezingo du jaso guztira deialdi honen 2. artikuluaren 1. puntuan adierazitako baliabide ekonomikoen % 10 baino gehiagoko dirulaguntza, parte hartzen duen Proiektu Berezien kopurua alde batera utzita.
5.– Proiektu bakoitzeko dirulaguntzaren zenbatekoa ezingo da proiektu horren kostuaren % 90 baino handiagoa izan.
11. artikulua.– Diruz lagunduko ekintzak gauzatzea.
1.– Erakunde onuradunek diruz lagundutako ekintzen zati bat edo ekintza guztiak azpi-kontratatu ahalko dituzte.
Kontratatzen baditu, onuradunak, gutxienez ere, hiru eskaintza eskatu beharko ditu kontratuen zenbatekoak munta txikiko kontratuen zenbatekoa, azpikontratazioaren unea indarrean dagoen kontratu-araudian aurreikusitakoa, gainditzen duenean, ezaugarri bereziengatik merkatuan zerbitzua ematen duen nahikoa erakunde ez badago. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukera eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.
Era berean, erakunde onuradunak aurrez Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena eskatu beharko du hirugarrenekin azpikontratatutako prestakuntza-jardueraren zenbatekoa dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20tik gorakoa denean eta zenbateko hori 60.000 eurotiko gorakoa denean edo kontratua hari lotuta dauden pertsona edo erakundeekin sinatuko denean. Azken kasu horretan, gainera, kontratazioa merkatuko baldintza normalen arabera egin behar da. Horretarako, baimen-eskaerarekin batera, sinatu nahi den kontratuaren kopia aurkeztuko da, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du. Baimena eman dela ulertuko da, hori aurkeztu eta 20 eguneko epearen barruan ez bada esanbidez ebazten.
Dena den, atal honetan aurreikusi ez denari dagokionez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan ezarritakoa aplikatuko da zuzenean.
2.– Prestakuntza-ekintzen arabera, dirulaguntzaren prestakuntza-erakunde onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek eta ezingo dute hirugarrenekin kontratatu.
Diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak kontratatzea ez da azpikontrataziotzat joko. Irakasleak kontratatzea pertsona fisikoak kontratatzea soilik dela ulertzen da.
12. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa Erakunde onuradunari emandako kopuru totalaren % 50 izango da, proiektua hasi ondoren.
b) Bigarren ordainketa gainerako kopurua izango da, proiektua osatzen duten ekintzak egin direla eta helburu operatiboak lortu direla justifikatu ondoren.
Lehenengo ordainketa 180.303,63 euro baino handiagoa bada, erakunde onuradunak bankuko abala aurkeztu beharko du, lotura-baimenarekin batera jakinarazitako jarraibideei jarraituz.
13. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Proiektu bakoitza amaitzen denean, erakunde onuradunek jarduera-memoria bat aurkeztu beharko dute, honako hau jasoko duena:
a) Proiektuaren betearazpenaren deskribapen-txostena, Proiektuan aurkeztutako helburu orokorren, berariazkoen eta operatiboen betetze maila xehatuz.
b) Helburu horiek bete izanaren egiaztagiriak.
c) Zenbatekoaren egiaztagiria, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez emandako dirulaguntzaren aurretik eskuratutako Administrazio Publikoaren edo erakunde pribatuaren finantzaketaren ezarpena.
2.– Diruz lagundutako Proiektu Berezia osatzen duten ekintzei dagokien likidazioa proiektu bakoitzaren arabera egingo da, benetan egikaritu diren ekintzei dagokionez, eta lortutako helburu operatiboen araberako proportzionaltasunean. Likidazio-zenbatekoa inola ere ezin da izan handiagoa hasiera batean onartutako dirulaguntzarena baino.
a) Prestakuntza-ekintzak egiteagatik eskuratutako laguntzen likidazioa hasitako taldeen eta prestakuntza-ekintzen emaitzen arabera egingo da; emaitza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F prestakuntza-aplikazioko kalifikazioen eta datuen bidez neurtuko dira.
b) Orientazio-ekintzak egiteagatik jasotako laguntzen likidazioa egiteko, Orientazio Zerbitzuen Eskaintzan horretarako artatutako pertsonak eta eskainitako eta justifikatutako ordu kopurua hartuko dira kontuan.
c) Azterketa-ekintzak, hau da, dakion eskaintza hautematea, erregistratzea eta kudeatzea egitearen ondoriozko laguntzen likidazioa egiteko, kontratu batean amaitzen diren laguntzak hartuko dira kontuan, baita kontratatutako pertsona Proiektu Bereziaren parte-hartzailea izan ote den ere, betiere laguntza horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lan-bitartekaritzaren aplikazioan kudeatu badira.
d) Enplegagarritasuna hobetzeko jarduerak egitearen ondoriozko laguntzen likidazioa benetan gauzatutako orduen arabera egingo da; hori egiaztatzeko, beharrezko egiaztagiriak aurkeztuko dira.
3.– Proiektu bereziaren eta proiektu horren jarduera guztien justifikazioa 2 hilabeteko epean aurkeztu behar da proiektua amaitzen denetik zenbatzen hasita, eta epemuga 2020ko urriaren 31 izango da.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan adierazitakoez gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Dirulaguntza eman den helbururako erabiltzea.
b) Solaskide moduan jardutea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean.
c) Lanbiden izena emandako pertsonen hautaketa egitea.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren kofinantzaketa aipatzea laguntza horien berri emateko material eta ekintza guztietan.
e) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta dirulaguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabar objektiboren nahiz subjektiboren aldaketa ere.
f) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarekin lankidetzan jardutea diruz lagundutako jarduera egiaztatzeko, ikuskatzeko, jarraipena egiteko eta kontrolatzeko, ofizioz edo alde batek eskatuta; eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten dituzten egiaztatze- eta kontrol-jardunen eraginpean jartzea.
g) Deialdi hau jakinarazi eta zabaltzeko, enpresak erabiliko duen dokumentazio, publizitate, irudi edo material orotan, hizkuntza ez sexista erabili beharko du, emakumeen irudi diskriminatzaile edo estereotipo sexista oro saihestu beharko du, eta irudi jakin bat sustatu beharko du, balio hauek izango dituena: berdintasuna, emakume eta gizonen presentzia orekatua, aniztasuna, ardura partekatua, eta rol eta genero identitate plurala.
h) Dirulaguntzaren erakunde onuradunak Proiektu Berezietako ekintza guztien gauzatzeaz eta kudeaketaz arduratu behar du, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzako aplikazio informatikoa erabiliz.
i) Erakunde onuradunak Proiektu Singularren ekintzetan parte hartzen duten pertsonei helarazi beharko diete 18. artikuluan aipatzen diren datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero, hala nola benetan gauzatutako ekintza-kopurua, laguntza betearazteko gauzatutako benetako ordu-kopurua edo bete gabeko eta agindutako helburu operatiboen ehunekoa, emandako dirulaguntza alda daiteke, dirulaguntzen onuraduna izateko deialdi honen 3.2 eta 5. artikuluetan ezarritako baldintza minimoak salbu. Baldintzen aldaketa horren ondorioz dirulaguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
16. artikulua.– Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzeko prozedura.
1.– Ezin izango da eskatu dirulaguntza ordaintzea, eta hala badagokio, jasotako kopuruak erabat edo partzialki itzuliko dira, eta dirulaguntza ordaintzen den unetik aurrera ezarri daitezkeen berandutze-interesak eskatuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan aurreikusten diren kasuetan. Bereziki, honako hauek:
a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.
b) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruz datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Justifikatutako arrazoirik ez dagoenean, balizko ez betetzeak neurtuko dira, honako irizpide hauen arabera:
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta laguntza jaso duen erakundeari jakinaraziko dio, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ekarriko du. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
17. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuk aldi berean jasotzea.
Kofinantzaketa nahitaezkoa denez, agindu honetan jasotako dirulaguntzak bateragarri izango dira helburu bera izan eta beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman ditzakeen dirulaguntza guztiekin, baldin eta horrek gehiegizko finantzaketarik ez badakar. Halakorik gertatuz gero, dagokion gehieneko mugaraino murriztuko da dirulaguntza.
Bestetik, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak ez dira bateragarriak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, diruz lagundu daitezkeen beste programa batzuen babespean kontzeptu berarengatik edo helburu bererako emandako beste edozein motatako dirulaguntzekin edo laguntzekin edo diru-sarrerekin.
18. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuen tratamendua.
Datu pertsonalak babesteari dagokionez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (EB 2016/679 Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta eskubide Digitalen Bermeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoari jarraituko dio. Jasotako datu pertsonalak «Enplegu eta enplegurako prestakuntzako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueraren parte izango dira, Lanbideren eskumenekoak diren enplegu-politika aktiboekin lotutako dirulaguntzak kudeatzea eta kontrolatzea helburu duena, baita iruzurraren jazarpena eta helburu estatistikoak ere. Jasotako datuak beharrezkoak dira Lanbideren esku dauden botere publikoak baliatzeko eta lege-betebeharrak betetzeko, eta, gainera, arlo horretan eskumenak dituzten administrazio publikoei jakinarazi ahal izango zaizkie.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, aurka egiteko eta tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte. Horretarako, idazki bat igorri beharko dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/informacion/condiciones_de_uso_y_politica_de_privacidad/.
19. artikulua.– Dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Dirulaguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako dirulaguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era berean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).