EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2019102

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 23koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez argitara ematen baita Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzenduta dauden eta kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzetarako 2019ko dirulaguntzen deialdia, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.

Xedapenaren data: 2019-05-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201902643
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2016/06/07an argitaratutako 2016/05/31ko 201600082 DEKRETUA

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2019ko maiatzaren 22ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, langabeei zuzenduta dauden eta kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzetarako 2019ko dirulaguntzen deialdia onartu du, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan. Lanbideren Estatutuetako 10.2 artikuluaren p) apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, Lanbideko zuzendari nagusiak eman behar du argitara erabaki hori. Lanbideren Estatutuak maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren.
Azaldutakoagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitaratzea 2019rako deialdi jakin bat, prestakuntza-ekintzak langabeentzat eta kontratatzeko konpromisoarekin egiteko diru-laguntzei buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak onartu baitzuen 2019ko maiatzaren 22ko bileran hartutako Erabakiaren bidez. Deialdia ebazpen honen eranskin moduan jasota dago.
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, zeinaren bidez deialdia onartzen baita, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 23a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, HELBURU DUENA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO LANGABEEI ZUZENDUTA DAUDEN ETA KONTRATATZEKO KONPROMISOA DAKARTEN PRESTAKUNTZA-EKINTZAK 2019AN EGITEA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN ENPLEGURAKO LANBIDE HEZIKETA ARAUTZEN DUEN MAIATZAREN 31KO 82/2016 DEKRETUAREN ESPARRUAN
Maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duenak, 2. artikuluan ezartzen du Enplegurako Lanbide Heziketa Lanbide Heziketaren sistemetako bat dela, enpresen artean eta langileen artean (langabeak nahiz lanean ari direnak) lehiakortasun- eta kualifikazio-beharrizanei erantzuteko prestakuntza bultzatzea eta zabaltzea xede duten tresna eta ekintzez osatua. Prestakuntza horrek, halaber, gizartea kohesionatzen eta ekonomia garatzen lagunduko du, ezagutzan oinarritutako ekonomiaren esparruan.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena), Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egozten zaio enplegu-politika, bai eta enplegurako lanbide-heziketa ere, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntza arloarekin koordinatuta, horixe baita lanbide-heziketa osoaren plangintza estrategikoa, diseinua eta jarraibideak prestatzearen arduraduna, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren lankidetzarekin, dauzkan erantzukizunei dagokienez.
Bestalde, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoari (Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari atxikita dago) dagokio, besteak beste, enplegu-programen, enplegurako prestakuntza-programen eta autoenplegua eta enpresen sorkuntza sustatzeko programen kudeaketa. Egiteko horren barruan dago diru-laguntzetarako deialdiak onartzea eta izapidetzea, hala ezarrita baitago maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onarturiko erakunde autonomoaren estatutuen 3.b) artikuluan. Enplegurako prestakuntzaren barruan, pertsona langabeei zuzendutako prestakuntza dago.
Kontratatzeko konpromisoarekin egiten den lanbide-heziketarako programaren xedea da prestakuntza espezializatua eta egokia ematea gure erkidegoan ezarrita dauden edo ezarri berri diren enpresek sortutako lanpostu berriei, kontuan hartuta prestakuntza-ekintzen lehentasunezko helburua dela langabeak laneratzea edo berriz laneratzea produkzio-sistemak behar dituen enpleguetan.
Alde horretatik, nabaritu da premiazkoa dela gure erkidegoko biztanleek lanbide-kualifikazio handia izatea, aldaketa teknologikoetara eta berrikuntzara egokitu ahal izateko, enpresa-eskariekin bat etorrita, eta, horrenbestez, enplegagarritasuna hobetuta.
Eskuratutako konpetentziak maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuak araututako Euskal Autonomia Erkidegoko Konpetentzien Erregistroan jasoko dira, dekretuaren 17. artikuluak esaten baitu erregistroaren xedea izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko langile guztien prestakuntza-curriculuma barne hartzea, prestakuntza-ibilbideak diseinatzeko tresna eraginkor bat antolatzeko, Bizialdi Osoko Ikaskuntzaren Europako Estrategiarekin bat etorriz.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren proposamenez, erakunde autonomo horretako Administrazio Kontseiluak, 2019ko maiatzaren 22ko bilkuran, 2019. urterako deialdi bat egitea onartu zuen, Euskal Autonomia Erkidegoko langabeentzat zuzenduta dauden eta kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzetarako diru-laguntzak banatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan, honako baldintza hauekin:
1. artikulua.– Xedea eta baliabide ekonomikoak.
1.– Deialdi honen xedea da 2019an arautzea Euskal Autonomia Erkidegoko langabeei zuzenduta dauden eta kontratatzeko konpromisoa dakarten prestakuntza-ekintzak finantzatzeko laguntzak, Euskal Autonomia Erkidegoan Enplegurako Lanbide Heziketa arautzen duen maiatzaren 31ko 82/2016 Dekretuaren esparruan.
2.– Deialdi hau finantzatzera 3.000.000 euro bideratuko dira, eta, horietatik, 1.500.000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.500.000 euro, 2020ko konpromiso-kredituari.
Guztira emango diren laguntzen bolumenak ez du gaindituko aipatutako kopurua edo hori eguneratzetik ateratzen dena, baldin eta indarreko legeriarekin bat aurrekontu-aldaketak onartzen badira, eta, hala bada, testuinguru hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eman beharko da argitara EHAAn.
3.– Deialdi honen xede diren diru-laguntzak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu ahal izango ditu, osorik edo partez, EGF Euskadi 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan. Hauta daitezkeen gazteen kasuan, Gazte Enplegurako Programa Operatiboa, 2014-2020 delakoaren barruan.
2. artikulua.– Entitate onuradunak.
1.– Honako hauek izan daitezke deialdi honetako laguntzen onuradun:
Euskal Autonomia Erkidegoan lantokia duten enpresak, edozein dela ere haien forma juridikoa, baldin eta lan-kontratuak egiteko konpromisoa hartzen badute. Baztertuta geratuko dira aldi baterako laneko enpresak, outsourcing direlako enpresak eta langileen zerbitzu anitzeko enpresak. Prestakuntza egin ahal izango dute:
a.1.– baliabide propioekin:
– Eman beharreko prestakuntzaren xedea bada profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea, egiaztatuta egon beharko dute prestakuntza-ekintza hasten denean.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, alta emango zaie behin-behinean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatzen duen prestakuntza-entitateen erregistroan. Prestakuntza-ekintza amaituta, enpresari baja emango zaio automatikoki.
a.2.– kontratatuta, helburu horretarako egokiak izanez gero.
b) Prestakuntza-erakunde pribatu edo publikoen bidez, baldin eta prestakuntza-ekintzaren eskaera egin baino lehen egiaztatuta eta/edo inskribatuta badaude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak kudeatutako prestakuntza-entitateen erregistroan, autonomia erkidegoren bateko prestakuntzarako beste entitate-erregistro batean edo Prestakuntza Entitateen Estatuko Erregistroan, diru-laguntza eskatzen den prestakuntza-ekintzei dagozkien espezialitateak irakasteko.
2.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak lortzeko, enpresek eta prestakuntza-entitateek laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak egiteko behar diren pertsonak eta bitarteko materialak izan beharko dituzte, edo diru-laguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jarduera hasten denean, haiek lortzeko konpromisoa hartu beharko dute.
Instalazio eta baliabide horiek propioak edo hirugarren entitate pribatu edo publikoenak izan ahal izango dira, eta EAEko lurraldean baliatu beharko dira.
Informazio hori egiaztatzeko, erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da eskaerarekin batera, entitateak dauzkan edo izango dituen eta prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko diren instalazioak eta giza baliabideak zehaztuta.
Edonola ere, erakunde eskatzaileak adierazpen horretan jasotako datuak egiaztatzeko dokumentazioa prest izan beharko du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuarentzat.
3.– Entitate onuradunek, halaber, eskakizun hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izan behar dituzte.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, bai laguntza ematerakoan bai ordainketak egiterakoan, eta, horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko; izan ere, betetzekoak izango dira, alde horretatik, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikulua.
Hala ere, erakunde eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, hala egiten badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Dirulaguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.
c) Ez izatea diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiborik, edo horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik, barnean hartuta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo Emakumeen eta Gizonen Benetako Berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexuagatiko diskriminazioa eragiteagatik gertatutakoak.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan eta zehazki 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
4.– Aurreko hiru ekitaldietako deialdiren batean Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagundutako kontratazio-konpromisoko prestakuntza-ekintzetan prestatutako ikasleen % 35, gutxienez, kontratatu ez duten enpresa edo erakundeek ezingo dute jaso kontratazio-konpromisoko prestakuntza-ekintzak egiteko diru-laguntzarik.
3. artikulua.– Diruz lagun daitekeen jarduera.
1.– Diruz lagundu ahal izango dira kontratatzeko konpromisoa daukaten prestakuntza-ekintzak; zehazki, 2. artikuluan deskribatutako entitate onuradunek garatu beharrekoak, zeinak eranskinean jasotako espezialitateei buruzkoak baitira; izan ere, eranskinean jasota daude «Prestakuntza-beharren diagnostikoa, 2018-2020» delakoan identifikatutako espezialitateak. Diagnostikoa Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egin zuen, eta argitaratuta dago erakunde autonomo horren web-orrian: www.lanbide.euskadi.eus
Era berean, eranskinean jasota ez dauden espezialitateak programatu ahal izango dira, enpresen beste prestakuntza-behar berezi batzuk betetzeko.
Diru-laguntza eskuratzeko, honako baldintza hauek bete behar dira:
1) Erakunde edo enpresa eskatzaileek egiaztatu beharko dute, diru-laguntza eskatu aurretik, ez direla aski kontratatu behar dituzten langintza eta profiletan izena emanda dauden langabeak. Horretarako, informazio hori eskatu behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoa egokian (LAN-F aplikazioan eskura dagoen ereduaren arabera). Eskatutako profila ezingo da izan prestakuntza amaitu ondoren lortuko dutena baino handiagoa.
Izangai aski ez dagoela ulertuko da kontrata daitezkeen langabeen kopurua txikiagoa bada enpresak eskatutako pertsonen kopurua halako lau baino.
2) Prestakuntza-ekintza amaitzen duten pertsonen % 50, gutxienez, kontratatzeko konpromisoa hartu behar dute enpresa edo erakundeek, eta kontratazio horiek ezaugarri hauek izan behar dituzte:
– Lanaldia: osoa edo partziala; gutxienez % 50ekoa.
– Kontratuaren iraupena:
• Lan-kontratua, lehentasunez, mugagabea izango da.
• Lanaldi osoko kontratua bada, etengabeko sei hilekoa izango da gutxieneko iraupena.
• Lanaldia % 50ekoa bada, etengabeko urtebetekoa izango da gutxieneko iraupena.
• Lanaldia partziala bada, baina % 50etik gorakoa, dagokion zati proportzionala izango da gutxieneko iraupena.
Kontratuak hasierako data jasoko du beti, eta amaierakoa aldi baterako kontratuetan.
3) Kontratazio-konpromisoaren betetze-ondorioetarako, kontrataziotzat hartuko da ikasleak bazkide-langile edo lan-bazkide gisa sartzea kooperatiba-sozietate batean, edo lan-sozietate batean bazkide-langile gisa sartzea. Horretarako, sozietate horretan sartu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira.
4) Laneratzea prestakuntza-ekintza egiteko eskaerarako oinarritzat hartutako enpresetan baino ez da egin behar izango. Enpresa horietako batean sartzea eragozten duten kausak –agiri bidez justifikatuak– daudenean soilik onartu ahal izango da beste enpresa batzuetan laneratzea, eta enpresa horiek konpromiso-agiria sinatu beharko dute. Kontratazio horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egingo dira.
5) Kontratazio-konpromisoaren ondorioz egiten diren lan-kontratuek laneko arautegiaren araberakoak izan beharko dute. Kontratu hauek ez dira baliozkotzat hartuko kontratazio-konpromisoa bete dela justifikatzeko: prestakuntza- eta ikaskuntza-kontratuak, eta merkataritzako kontratuak.
6) Kontratazioa irakatsitako prestakuntza-espezialitatearekin zerikusia duen langintza eta maila batean egin beharko da. Alde horretatik, lanpostu egokitzat hartuko da aurretiazko prestakuntzan eskuratutako ezagutza teoriko-praktikoei lotutako lanak egitea xede duena.
7) Lan-kontratua prestakuntza-ekintza amaitu eta hurrengo hiru hilabeteko epean hasi beharko da.
Horretarako, parte-hartzaile baten prestakuntza-ekintza amaitutzat joko da honako kasu hauetan:
– Helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada, prestakuntza-modulu praktikoa amaitutakoan.
– Gainerako prestakuntza-ekintzetan, diruz lagundutako ekintza teoriko/praktikoa amaitutakoan.
Prestakuntza-ekintzaren % 75 amaitu ondoren, kontratazioak onartu ahal izango dira. Kontratazioa ekintza amaitu baino lehen egiten bada, prestakuntza-ekintza amaitzen denean hasiko da kontratazio-konpromisoa betetzeko eskatzen den aldia.
2.– Prestakuntza-ekintzak emateko modalitatea presentziala baino ez da izango.
3.– Prestakuntza-ekintzek gehienez ere 300 ordu iraungo dute, erakunde eskatzaileak behar bezala arrazoitutako eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako kausa bat egon ezean. Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-ekintzetan, arautzen dituzten errege-dekretuetan xedatua izango da iraupena.
4.– Diruz lagunduko diren prestakuntza-ekintzak 2019ko ekitaldian hasi beharko dira, diru-laguntza emateko ebazpena jakinarazi ondoren, eta 2020ko uztailaren 31 baino lehen amaitu (lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua edo prestakuntza praktikoa barnean hartuta).
5.– Prestakuntza-ekintzak gehienez ere 20 parte-hartzaileentzat eta gutxienez 10entzat onartuko dira. Hala ere, laguntza jasoko dutenez gain, beste bi parte-hartzaile ere onartu ahal izango dira prestakuntza-ekintzetan, prestakuntza-zentroak kopuru hori hartzeko egiaztatuta edo inskribatuta badaude. Partaide gehigarri horiek ez dute diru-laguntzarik jasoko.
Ezingo da abian jarri 10 ikasle baino gutxiagoko prestakuntza-ekintzarik.
6.– Prestakuntza-ekintzaren atal teoriko-praktikoa soilik lagunduko da diruz.
Ez dira diruz lagunduko lantokian egingo den prestakuntza praktikoaren modulua, profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eta enpresetan egingo diren praktikak, gainerako espezialitateetan.
4. artikulua.– Prestakuntzaren hartzaileak.
Deialdi honen bidez diruz lagundutako prestakuntza-ekintzetan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile moduan izena emanda daukaten langabeek parte hartu ahal izango dute.
Horiez gain, lanean dihardutenek ere badaukate parte hartzea. Parte-hartzaile horiek, ordea, ezingo dira izan programatutako parte-hartzaile guztien ehuneko 30 baino gehiago.
5. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Eranskinean espezialitate bakoitzerako jasota dago zein den prestakuntza-ekintzak finantzatzeko diru-laguntzaren zenbatekoa.
Eranskinean jasota ez dauden espezialitateei buruzko prestakuntza-ekintzen kasuan, lanbide-arlo, lanbide-eremu eta kualifikazio-maila berekoa izanik eranskinean jasota dagoen prestakuntza-espezialitateari dagokion B modulua aplikatuko da.
Diru-laguntza inoiz ere ezin da izan prestakuntza-orduko eta ikasle parte-hartzaileko 8 euroko modulu ekonomikoa aplikatuta ateratzen den zenbatekoa baino handiagoa.
Horrenbestez, eranskinean jasotako diru-laguntzaren zenbatekoa prestakuntza-orduen eta ikasleen kopuruaz zatitzean ateratzen den modulu ekonomikoa orduko eta ikasleko 8 eurotik gorakoa bada, azken hori aplikatuko da.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Deialdi honen esparruko dirulaguntzak jasotzeko eskabideak elektronikoki izapidetuko dira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak prestakuntzarako duen aplikazio informatikoaren bidez (LAN-F). Aplikazio horretara sarbiderik ez duten erakundeek edo enpresek Lanbideren web-orriaren bidez eskatu ahal izango dute: www.lanbide.euskadi.eus
2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Enpresa edo entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, esaten duena laguntza-eskaeraren xede den prestakuntza-plana egiteko behar diren bitarteko pertsonalak eta materialak dituela, edo, diru-laguntza esleitu ondoren, prestakuntza-jardueraren hasieran, beroriek izateko konpromisoa hartu duela, entitateak dauzkan edo izango dituen eta prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko diren instalazioak eta giza baliabideak zehaztuta.
b) Enpresaren edo erakunde eskatzailearen identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Kontratazio-konpromisoari dagokion dokumentua (LAN-F aplikazioan eskura dagoen ereduaren arabera):
– Eranskina (enpresa): enpresa dirulaguntzaren onuraduna bada.
– Eranskina (prestakuntza-entitatea): baldin eta prestakuntza-entitatea bada konpromisoaren sustatzailea.
d) Prestakuntza-proiektuaren memoria, LAN-F aplikazioan eskuragarri dagoen ereduan, honako hauek jasoko dituena:
– Enpresaren jarduerari dagokionez, prestakuntza gauzatzeko eta gero parte-hartzaileak enpresan kontratatzeko beharraren txosten arrazoitua, honako hauek jasoko dituena:
– Kontratatu nahi diren pertsonen profila: ezaugarriak eta betekizunak. Ezingo da zehaztu sexua, adina edo kontratatu nahi den lanbiderako egokia ez den edozein betekizun, kontratazio hori programa bereziren baten barruan egin ezean.
– Egingo den kontratu mota eta berorren iraupena.
– Kontratazioa zer langintzatan eta lanbide-kategoriatan egingo den.
– Lanpostuaren edo lanpostuen kokapena.
– Kontratatutako pertsonek zerbitzuak bete behar dituzten enpresen zerrenda.
– Lanekoak ez diren praktiken planaren deskribapena, egoki izanez gero (edukia, iraupena eta abar).
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, proiektuaren berezitasunen arabera, eskatutako beste edozein informazio.
f) Prestakuntza-ekintzaren kontratazioaren kasuan, kontratazio-proposamena, hiru eskaintza eskatu izana eta azken aukeraketa justifikatuta, hala badagokio, bai eta Lanbideri aldez aurretik eskatutako baimena ere, 11. artikuluko 11. zenbakian adierazitako kasuetan.
Dokumentazio hori geroago aurkeztu ahal izango da, baina beti prestakuntza-ekintza hasi aurretik.
g) 3.1.1 artikuluak aipatzen duen izapidearen emaitzari buruz Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bulegoak egindako txostena, kontratatu nahi den langintza eta profilean behar adina langabe izena emanda ez dagoela egiaztatzeko.
3.– Eskabideak ez baditu baldintza guztiak betetzen, enpresa edo entitate interesdunari jakinaraziko zaio 10 egun balioduneko epea duela hutsunea edo akatsa zuzentzeko, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita. Hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko da, hala xedatzen duen ebazpena egin ondoren.
4.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da dirulaguntzen eskabideak aurkezteko epea, eta 2019ko urriaren 31n amaituko da.
7. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritza izango da prozedura izapidetzeko organo eskuduna, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia, berriz, prozedura ebaztekoa.
2.– Diru-laguntzak emateko prozedura ondoz segidako konkurrentzia izango da.
Eskabideek deialdi honetako eskakizunak betetzen dituztela egiaztatutakoan, ordenan emango dira laguntzak, espedientea osatzen den unearen arabera, jarduketa horietarako 1.2 artikuluan xedatutako aurrekontu-zuzkidura amaitu arte.
Diru-laguntza ukatzeko arrazoi izango dira:
– Behar adina langabe izena emanda egotea kontratatu beharreko langintza eta profilean (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak emandako txostenean adierazitakoaren arabera).
– Aurreko deialdietan onartutako prestakuntza-ekintzetan hartutako kontratazio-konpromisoak bete ez izana, 2.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Hasierako aurrekontu-zuzkidura eta balizko handitzea amaitu ondoren, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuta emango da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.
Eskabideak ebazteko eta ebazpenak jakinarazteko gehieneko epea lau hilekoa da, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erregistroan eskabidea sartzen denetik aurrera; epe hori igarota, enpresa edo erakunde interesdunari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, diru-laguntzaren eskaera baietsi dela ulertuko da.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenek amaiera ematen diote administrazio-bideari, eta, haien aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpenak jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
4.– Publikotasun-printzipioa betetzearren, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, argitara emango da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian deialdi honen babespean emandako laguntzen onuradun diren entitateen zerrenda, espresuki adierazita jasotako zenbatekoak, eta aipatuta EGFren baterako finantzaketa, EAEko 2014-2020 Programa Operatiboaren eta/edo Gazteen Enpleguaren 2014-2020 Programa Operatiboaren barruan.
8. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonak hautatzea.
1.– Hautagaiek honela parte har dezakete ikastaroan:
a) Ikastaroan parte hartzea eskatuz, bai Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren sareko bulegoren batean eskaera bat aurkeztuta, bai eskaera organismo autonomo honen webgunean beteta (www.lanbide.euskadi.eus). Prestakuntza-ekintzak, haietan izena emateko epea eta eskatzaileek bete behar dituzten sarbide-baldintzak adieraziko dira webgunean, bai eta prestakuntza-ekintza bakoitzaren xehetasunak eta ezaugarriak ere.
b) Enplegu-eskatzaile (eta DSBEren hartzaile) izanda, baldin eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko orientazio-zerbitzuek ikastaroa egiteko agindu baldin badio bere prestakuntza-ibilbidearen barruan.
c) Lanbidek enplegu-eskatzaileak deitu ditzake profesionaltasun-ziurtagiri bat osatzeko faltan dituzten prestakuntza-moduluez osatutako prestakuntza-ekintza bat egiteko.
2.– Enpresak eskabidearekin batera aurkeztu beharreko prestakuntza-proiektuaren memorian adierazitako pertsonen profila kontuan hartuko da, bat etor dadin kontratazio-beharrekin.
3.– Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, pertsonek Profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuaren 20. artikuluan bildutako baldintzak bete behar dituzte, lanbide-kualifikazioaren 2. eta 3. mailei dagokienez. Era berean, prestakuntza-espezialitateen katalogoan jasotako prestakuntza-espezialitateren bateko prestakuntza-ekintzetan parte hartzeko, katalogoan espezialitate bakoitzerako ezarritako sarbide-baldintzak bete behar dituzte parte hartu nahi dutenek.
4.– Ikastaroetan parte hartuko duten ikasleen azken hautaketa enpresa edo entitate onuradunak egingo du, Lanbidek igorritako hautagaien artean. Ondorio horietarako, ikastaroak emango dituen erakundeak eskura izango ditu izangaiak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren prestakuntzaren kudeaketarako aplikazioaren bidez (LAN-F), eta hautaketa-prozesua egingo du garaiz prestakuntza-ekintzak hasi aurretik, eta behar diren bermeekin.
Aurrez inskribatutako parte-hartzailerik ez izateak ez du salbuesten zentroa edo entitatea izangai berriak bilatzeko eta prestakuntza-ekintza gauzatzeko arduratik.
Beharrezkoa duten prestakuntza-ekintza guztietan, hautaketa-proba bat ere egingo dute, egoitzan bertan, Lanbideko teknikariekin aurrez adostuta, ikasleek ekintza behar bezala aprobetxatuko dutela ziurtatzeko eta ikusteko kualifikazio-ekintzetako helburuak lortzekotan, aurretik izan behar duten jakintza ba ote duten. Proba hori LAN-F aplikazioan dagokion atalean erantsiko da.
5.– Prestakuntza-ekintzara sartzeko eskakizunak betetzen dituzten eta aurreko apartatuan deskribatutako hautaketa-prozesua gainditzen duten langabeen artean, kolektiboen araberako lehentasun batzuk ezarriko dira, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko 2017-2020ko Enplegu Plan Estrategikoarekin eta Enplegua Aktibatzeko 2017-2020ko Espainiako Estrategiarekin; lehentasun-hurrenkera hau da:
a) Lehenik eta behin, 45 urtetik gorakoak.
b) Bigarrenik, eta lehentasun-maila berberarekin, lan-merkatuan sartzeko arazo bereziak dituzten pertsonak: 30 urte arteko gazteak; emakumeak, langabeen kolektiboan duten pisuaren proportzioan (langabeen % 56 emakumeak dira); iraupen luzeko langabeak; desgaitasuna duten pertsonak; langabezia dela eta daukaten babesa (langabeziako aparteko sorospena) amaitzen duten laguntza ekonomikoen hartzaileak; Gizarteratzeko Errenta Aktiboaren eta Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren onuradun diren langabeak; eta terrorismoaren eta genero-indarkeriaren biktimak.
c) Hirugarrenik, gainerako langabeak, orokorrean.
d) Laugarrenik, etendurako Enplegua Erregulatzeko Espediente baten eraginpean dauden langabeak, prestakuntza-ekintzara joan daitezen.
e) Bosgarrenik, lanean ari direnak.
6.– Pertsona batek ezin izango ditu bi ikastaro batera egin, baldin eta ikastaro horietan sartzeko baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskaerak badaude.
7.– Hautaketa amaitu ostean, enpresa eta entitate onuradunek emaitza jakinarazi beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari, LAN-F kudeaketarako aplikazio informatikoaren bitartez, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak horretarako emandako jarraibideak aintzat hartuta.
8.– Hautatuak izan direnen eta ikastaroetan parte hartzeko erreserba-egoeran gelditu direnen zerrendak erakutsi behar dituzte prestakuntza-entitateek beren instalazioetan, prestakuntza-ekintzak abiarazi baino 24 ordu lehenago gutxienez eta hautagaiei aldez aurretik adierazi zaien leku batean. Horrekin batera, prestakuntza-ekintzak non, noiz eta zer ordutan egingo diren adierazi behar dute.
Aurrez esandakoari eragin gabe, prestakuntza-zentroek egoki iritzitako bestelako bitartekoak balia ditzakete ikasleei ikastaroetan parte hartuko dutela jakinarazteko.
9. artikulua.– Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten pertsonen eskubide eta betebeharrak.
1.– Ikasleek doan egingo dituzte prestakuntza-ekintzak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak diruz lagunduko baititu.
2.– Ikasleek aseguru-estaldura izango dute ikastaroetan edo haietara bidean, arriskuen aurrean, Eusko Jaurlaritzak sinatutako aseguruak istripuak eta erantzukizun zibila estaliko baititu.
3.– Parte-hartzaileek ikastaroaren egutegia, prestakuntza-ekintzaren programa eta ikasleen eskubide eta betebeharrei buruzko dokumentua jasoko dituzte lehen eskola-egunean, eta jaso izanaren agiria sinatuko dute.
Halaber, informazio idatzia jasoko dute honako hauek direla eta: geroko kontratazioa, zerbitzuak beteko dituzten enpresak, egin asmo diren kontratuen kopurua eta baldintza zehatzak (lantokia non kokatuta dagoen, lanbide-kategoria, ordainsaria, lanaldia eta lan-ordutegia, kontratuaren iraupena eta abar).
4.– Ikasleek prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta haiei probetxua atera beharko diete. Horretarako, enpresa edo entitate onuradunek eguneroko bertaratze-partea egin beharko dute, eta irakasleak zein parte-hartzaileek sinatu beharko dute. Profesionaltasun-ziurtagirien kasuan, eguneroko parte hori bereiz egingo da prestakuntza-modulu bakoitzeko.
5.– Ikasleek ezin izango dute ikastaro batean baja eman beste prestakuntza-ekintza bat hasteko. Ezingo dute prestakuntza-ekintza utzi amaitu arte, kasu hauetan izan ezik: enplegua aurkitzen badute eta lanak eragozten badie prestakuntza-ekintzara joatea eta etekina ateratzea; edo, bestela, familian egoera larriren bat sortzen bazaie, edo egoera pertsonal larriren bat badute, behar bezala justifikatuz gero.
10. artikulua.– Ikasleak baztertzeko arrazoiak eta prozedura.
1.– Honako hauek izango dira ikasleak baztertzeko arrazoiak:
a) Prestakuntza-ekintzaren iraupen osoan % 25etik gorako ez-bertaratzea biltzea, dena delako arrazoiengatik, justifikatuta egon zein ez.
b) Ekintzatik etekinik ez ateratzea, edo ekintza behar bezala egitea eragozten duen jokabide desegokia izatea, osasun- eta higiene-arauak ere kontuan hartuta.
c) Hilean, hirutan baino gehiagotan ikastarora ez joatea justifikatu gabe.
Prestakuntza-zentroak prestakuntzako teknikariari jakinaraziko dio baztertzeko arrazoietako bat gertatu dela; hartarako dagoen eredua erabiliz. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak arrazoi hori aztertuko du, eta ontzat ematen badu, Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko zuzendariak baztertzeko prozedura hasteko erabakia hartuko du. Ikaslea baztertzeko proposamena egiteko arrazoia azalduko da erabaki horretan, eta ikasleak bost egun naturaleko epea izango du alegazioak aurkezteko. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebatziko du prozedura, gehienez hamabost eguneko epean. Egoerak hala eskatzen badu, behin-behineko neurriak har daitezke baztertze-prozedurari ekiteko erabakian, prestakuntza-jardueraren jarraipen egokia bermatzeko. Neurri horietako bat izan daiteke ikaslea behin-behineko izaeraz baztertzea ikastarotik, erabakia jakinarazten zaionetik prozedura ebazten den bitartean. Errekurtso-bideak adieraziko dira ematen den ebazpenean.
Asteren batean ikasleren baten hutsegiteak prestakuntza-ekintzaren ordu-kopuruaren % 25 baino gehiago badira, prestakuntza-zentroak horren berri emango dio Lanbideko Enplegurako Prestakuntzako eta Diru-sarrerak Bermatzeko Zuzendaritzari, ikaslea baztertzeko prozedura has dezan. Modulu oso bat geratzen bada egiteko, eta % 25etik gorako ez-bertaratzea arrazoi justifikatu batengatik gertatu bada (adibidez, gaixotasuna izatea edo lan-jarduera hastea), pertsonak geratzen den modulua egiteko aukera aztertu ahal izango da.
Ikasleren batek utzi egiten baldin badio prestakuntza-ekintzara joateari eta ez-bertaratzeen % 25a gainditzen baldin badu, zentroak egoera horren berri emango dio Lanbideri, eta ofizioz emango zaio baja, baztertze-prozedura erabili beharrik izan gabe.
11. artikulua.– Prestakuntza-jarduerak gauzatzea eta lortutako gaitasunak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren entitate edo enpresa onuradunak deialdi honetan ezarritakoari jarraituz, egin beharko ditu prestakuntza-ekintzak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ematen dituen ereduen arabera. Gainera, erakunde autonomo horrek eskura jartzen duen prestakuntzarako aplikazio informatikoa (LAN-F) baliatuta jakinarazi beharko ditu prestakuntza-ekintza bakoitzaren hasiera (benetan hasteko eguna baino 7 lehenago, gutxienez), geroagoko edozein aldaketa (gertatzen den une berean) eta amaiera, bai eta parte-hartzaileen asistentzia kontrolatu ere. Oro har, bestelako jarraibiderik ematen ez bada, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharreko guztia zazpi egun naturaleko epean helarazi behar zaio.
Enpresek, prestakuntza-ekintza abiarazi baino lehen, honako hauek jakinaraziko dizkiete langileek enpresan dituzten legezko ordezkariei: onartuta dagoela gauzatu beharreko eta kontratazio-konpromisoa dakarren programa, zein diren kontratazioa egiteko proposatutako oinarrizko baldintzak eta prestakuntza-ekintzan parte hartuko duten ikasleen zerrenda.
Prestakuntza-ekintzak ezingo dira hasi Lanbidek aldez aurreko baimena eman gabe, LAN-F aplikatiboaren bidez jakinarazita.
2.– Lanbidek baimendu beharko ditu, eta prestatzaileen fitxategian sartu, deialdi honetan prestakuntza ematen duten pertsonak, indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzen arabera.
Profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko ez diren prestakuntza-ekintzetan, enpresek eman behar badituzte zuzenean, ez da beharrezkoa izango Lanbidek prestatzaileak baimentzea. Irakasle horiei ez zaie alta emango Lanbideren prestatzaileen fitxategian.
3.– Onartutko ikasleez gain, beste bi ikaslek ere parte hartu ahal izango dute prestakuntza-ekintzan, haiengatik diru-laguntza jasotzeko eskubiderik gabe, prestakuntza-erakundeek hala eskatzen badute prestakuntza-ekintzaren hasiera jakinarazten dutenean (prestakuntza-ekintza hasi baino zazpi egun lehenago, gutxienez), baldin eta instalazio eta ekipamendu nahikoak badituzte, eta ikasle guztiek baldintza berak izango dituztela bermatzen badute Baimena eman aurretik ikusiko da instalazio eta ekipamendu egokirik eta eskatutako parte-hartzaile kopururako egiaztapenik dagoen ala ez, profesionaltasun-ziurtagiri bat izanez gero.
4.– Langabeek ezingo dute prestakuntza-ekintzetan egunean 8 ordu baino gehiago parte hartu. Nolanahi ere, astebeteko guztizko iraupenak ezingo du 40 ordutik gorakoa izan. Muga horien barruan sartuta egongo dira, hala dagokionean, profesionaltasun-ziurtagiri bakoitzari dagokion lantokiko prestakuntza praktikoko moduluaren orduak edo profesionaltasun-ziurtagiriez kanpoko ekintzen praktikak ere.
5.– Prestakuntza-erakundeak ahaleginduko dira prestakuntza-ekintzak ordutegi zentzuzkoetan programatzen, batez ere kolektibo ahulentzako ekintzen kasuan, ikasleek prestakuntza eta bizitza pertsonala bateratzeko aukera izan dezaten.
Prestakuntza-ekintza hasi ondoren, erregulartasunez emango da, eta ezingo da aldi batez eten, behar bezala justifikatutako eta Lanbidek onartutako ezinbesteko kasuetan izan ezik.
6.– Enpresa eta entitate onuradunek honako hauek emango dizkiete, gutxienez, parte-hartzaile guztiei prestakuntza-ekintzetan, ikastaroen hasieran:
– Eskuliburu bat, argitaratua edo euskarri informatikoan, espezialitateko eduki guztiak bilduko dituena.
– Ikastaroa behar bezala egiteko behar den idazmahaiko materiala.
– Beharrezkoak diren babes-elementuak.
– Geroagoko kontratazioari buruzko informazio idatzia, 9.3 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Orobat, 9. eta 10. artikuluetan araututako eskubide eta betebeharrak eta baztertzeko arrazoiak eta prozedurak jakinaraziko zaizkie ikasleei.
7.– Ikasle batzuek jarduera bertan behera uzten badute, beste ikasle batzuk sartu ahalko dira prestakuntzara haien ordez. Ordezkapen hori honako baldintza hauen arabera egingo da:
a) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotutako prestakuntza-ekintzetan, ordezkapena onartu egingo da prestakuntza-ekintzaren lehen bost irakastegunetan egiten bada, eta iraupen osoaren % 25 baino gehiago eman ez bada.
b) Profesionaltasun-ziurtagiriei lotuta ez dauden prestakuntza-ekintzetan, ordezkapena onartu egingo da prestakuntza-ekintzaren iraupenaren % 25 eman aurretik egiten bada.
Hasita dagoen prestakuntza-ekintza bati eransten zaizkion ikasleek maila jakin bat izan beharko dute, ikastaroari etekina ateratzeko moduko adina gaitasun bermatuko diena, ikastaroaren nondik norako arruntari eragin gabe. Hala, bada, prestakuntza-ekintzari etekina ateratzeko eta ekintza normaltasunez garatzeko, partaideen hautaketa-prozesuak irizpide batzuk ezarri beharko ditu, ikasleek prestakuntza-ekintza behar bezala jarraitzeko gutxieneko maila eskagarria dutela bermatze aldera.
8.– Prestakuntza-jardueran parte hartuko duten langabeei dagokienez, batez ere langabezia-prestazioa edo -subsidioa edo Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen badute, prestakuntza emateaz arduratzen diren enpresa eta entitate onuradunek berehala eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari parte-hartzaileen ukoen, ez-bertaratzeen eta uzteen berri, gertaera horien arrazoiak zehaztuta.
9.– Prestakuntzaren xedea ez bada profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea, parte-hartzaile bakoitzari asistentzia-ziurtagiria edo diploma emango zaio, prestakuntza ebaluazio positiboa lortuta gainditu badu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako ereduaren arabera. Agiri horretan, gutxienez datu hauek adieraziko dira: prestakuntza-ekintzaren izena, prestakuntza-edukiak, zer modalitatetan eman den, zer egunetan hasi eta amaitu den, eta ikasleak guztira jaso dituen prestakuntza-orduak, bai eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketari buruzko aipamena ere.
10.– Profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko baldin bada prestakuntza, ikaslearen ebaluazioa moduluka egingo da, ikaskuntzaren emaitzak eta, horrenbestez, eskumen profesionalak eskuratu dituela egiaztatzeko.
Ebaluazioa sistematikoki egingo da, aldez aurreko plangintza baten arabera, zeinean honako hauek adieraziko baitira, gutxienez, modulu bakoitzarentzat: ebaluazioa zer egunetan egitea kalkulatu den, zer tokitan egingo den, zer ebaluazio-tresna erabiliko diren, eta zenbat denbora iraungo duen (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera). Ebaluazio-tresna horiek eta parte-hartzaile bakoitzak egindako probak eskaneatu egingo dira eta aplikazioan gordeko dira.
Prestakuntza-moduluetan egiaztatu beharreko ikaskuntzaren emaitzak haien gaitasunetan eta ebaluazio-irizpideen jasotako ezaguerei eta trebetasun praktikei dagozkienak izango dira; horrela, osotasunean, lanbide-gaitasunak eskuratu direla egiaztatu ahalko dute.
Gaitasun-unitateen egiaztapena jasotzeko, emaitza positiboarekin gainditu beharko dituzte haiekin lotutako prestakuntza-moduluak, «gai» diren adierazita.
Prestatzaileek txosten batean jasoko dituzte ikasleek prestakuntza-modulu bakoitzaren ebaluazioan lortutako emaitzak. Txosten horretan adieraziko da ikasle bakoitzaren jarduna, aplikatutako ebaluazio-tresnen arabera, egindako zuzenketak eta lortutako puntuazioak (LAN-F aplikazio informatikoan eskura dagoen ereduaren arabera).
Modulua bukatu ondoren, Ebaluazio Akta bete beharko da LAN-F aplikazioaren bidez, eta parte-hartzaile bakoitzak lortutako emaitza jaso beharko da, adierazpen hauek baliatuz: «gai», «gai, ez egiaztagarria» edo «ez gai».
Lan-zentroko prestakuntza-modulu praktikoa egiten duten bitartean, ikasleen jarraipena eta ebaluazioa batera egingo dute prestakuntza-zentroak izendatutako tutoreek eta enpresak. Modulu hori gainditzen duten ikasleek ziurtagiri bat jasoko dute LAN-F aplikazioaren bitartez.
Ikastaroa bukatzean, gainditutako prestakuntza-moduluei dagokien Pilatzeko Egiaztatze Partziala (PEP) emango zaie parte-hartzaileei, eta profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prozedura hasiko da, hura osatu badute.
Ikasle batek ikastaroa amaitzen badu, baina ebaluazioa negatiboa bada, asistentzia-ziurtagiria emango zaio, bai eta, hala badagokio, gainditu dituen prestakuntza-moduluen Egiaztapen Partzial Metagarriak ere.
Profesionaltasun-ziurtagiriei dagozkien prestakuntza-ekintzak ematen dituzten prestakuntza-zentroek honako datu edo agiri hauek sartu beharko dituzte Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren LAN-F aplikazioan:
– Ikastaroa hasi aurreko zazpi egun balioduneko epean, hasieraren jakinarazpenean:
• Lanbidek ezarritako ereduaren araberako ebaluazioaren plangintza (eredua LAN-F aplikazioan egongo da eskuragarri).
• Erabili beharreko ebaluazio-tresnak, eta zuzenketak egiteko eta puntuazioa jartzeko dagozkien euskarriak.
– Ikastaroa bukatu ondoko 7 lanegunen barruan:
• On-line dokumentazioa LAN-F aplikazioan, ikasleek lortutako emaitzak Lanbidek ezarritako ereduaren arabera jasotzen dituena (eredua LAN-F aplikazioan eskuratu ahalko da).
• Ebaluazio-aktak betetzea.
11.– Dirulaguntzaren prestakuntza-entitate onuradunek zuzenean gauzatuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek eta ezingo dituzte hirugarrenekin kontratatu. Horretarako, onuradunak diruz lagundutako prestakuntza emateko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea ez da azpikontrataziotzat hartuko.
Onuraduna enpresa bat izanez gero, bitarteko propioak baliatuta eman dezake prestakuntza, edo kontrata dezake, helburu horretarako egoki izanez gero. Halaber, behin bakarrik azpikontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza erakunde egiaztatu eta/edo inskribatu batekin (onuraduna bera halakoa denean izan ezik), eta ez da azpikontrataziotzat joko irakasleak (pertsona fisikoak) kontratatzea diruz lagundutako prestakuntza emateko.
Kontrataziora joz gero, enpresa onuradunak hiru eskaintza eskatu beharko ditu gutxienez, kontratuen zenbatekoak gainditzen badu Sektore Publikoko Kontratuena den azaroaren 8ko 9/2017 Legeak 118. artikuluan kontratu txikientzat ezarritako zenbatekoen muga, ezaugarri bereziak izatearen ondorioz zerbitzu hori ematen duten erakundeen kopurua merkatuan nahikoa ez den kasuetan izan ezik. Aurkeztutako eskaintzen arteko aukeraketa eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera egingo da, eta berariaz justifikatuko da memoria batean, aukeratutakoa ez bada proposamen ekonomiko onena.
Azpikontrataziora joz gero, onuradunak aldez aurreko baimena eskatu beharko dio dirulaguntza eman dion organoari, azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 29. artikuluko 3. eta 7.d apartatuetan ezarritako moduan. Horretarako, eskaerarekin batera, aurreikusitakoaren arabera formalizatzekoa den kontratua aurkeztuko da.
Dirulaguntza eman duen organoak 20 eguneko epean ebatziko du baimena, izapidetzeko eskaera organo eskudunaren erregistroan sartu den egunetik hasita. Ebazpenik ematen ez badu, baimena eman duela ulertuko da.
Nolanahi ere, 11. zenbaki honetan aurreikusi ez den guztian zuzenean aplikatuko da Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. eta 31.3 artikuluetan xedatutakoa.
12. artikulua.– Lanekoak ez diren praktika profesionalak.
1.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiriak lortzea ez bada, justifikatu egin beharko da lanekoak ez diren praktika profesionalak egitea. Praktika horien iraupena ezingo da izan prestakuntza-ekintzarako orduen % 50 baino handiagoa, gehienez ere 200 ordukoa izango da, eta prestakuntza-ekintza amaitu ondorengo bi hileko gehieneko epean hasi beharko dira. Epe hori 3.3 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du.
2.– Prestakuntzaren helburua profesionaltasun-ziurtagiria lortzea bada:
– Praktiken iraupena eta edukiak bat etorriko profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen Errege Dekretuaren II. eranskinean ezarritako lantokiko prestakuntza praktikoko moduluarekin. Enpresak iraupena eta eduki horiek nahikoa ez direla irizten badio, praktika luzatu ahalko du, lanez kanpoko praktikaren akordio osagarri baten bitartez; hala ere, praktika biek batera ezingo dute gainditu 200 orduko iraupena.
– Enpresek edo prestakuntzarako zentro/erakundeek antolatu beharko dute prestakuntza praktikoko modulua lantokietan egitea, ikastaroetan parte hartzen duten ikasleen % 100entzat, profesionaltasun-ziurtagiriak arautzen dituen urtarrilaren 18ko 34/2008 Errege Dekretuak 5 bis artikuluan ezarritako salbuespenen batean dauden ikasleen kasuan izan ezik.
– Lehentasunez, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak bukatutakoan egingo dira, eta ebaluazio positiboarekin gainditu badira, eta azken modulua amaitu eta 4 hilabeteko gehieneko epean hasi behar dira. Epe hori 3.3 artikuluan adierazitakoak baldintzatuko du.
Salbuespenezko arrazoiek bultzatuta eta justifikatuta baldin badago, lanbide-praktikak gainerako prestakuntza-moduluak irakatsi bitartean egitea baimen dezake Lanbideak. Prestakuntza-ekintza emaitza positiboarekin gainditu duten ikasle guztiek lanekoak ez diren praktikak edo lantokiko prestakuntza praktikoko modulua egin ahal izango dute, beren administrazio-egoera edozein izanik ere.
Praktikak prestakuntza-ekintza egiten ari diren bitartean hasi dituzten eta azken emaitza negatiboa lortzen duten ikasleek praktiketan jarraitzeko aukera izango dute. Prestakuntza-ekintza uzteak, berriz, berari atxikitako lanez kanpoko lanbide-praktika utzi behar izatea ekarriko du.
3.– Profesionaltasun-ziurtagiri osoa ematen ez bada, lanekoak ez diren praktikak egin ahal izango dira, baina ez lantokiko prestakuntza-modulua, non eta langileak ez dituen egiaztatuak gainerako prestakuntza-moduluak.
4.– Lanekoak ez diren praktikak enpresen eta prestakuntza-erakundearen artean sinatutako eta prestakuntza-zentroek dinamizatuko dituzten hitzarmenen edo akordioen bidez arautuko dira. Hitzarmen horiek Lanbideri bidaliko zaizkio LAN-F aplikazioaren bitartez, baimendu ditzan, praktikak benetan hasi baino zazpi egun lehenago, gutxienez. Praktikak hasi baino lehen, akordio horren berri eman beharko zaie enpresako langileen legezko ordezkariei. Baldintza hori bete den ziurtatzeko, langileen legezko ordezkariek hitzarmenari buruzko informazioa jaso, jaso dutela adierazteko agiria erantsi beharko da (eredu ofiziala erabili beharko da horretarako, LAN-F aplikaziotik hartuta). Gainera, parte hartzen duten ikasleen zerrenda bat ere erantsi beharko da.
5.– Praktikak Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietan egin beharko dira, behar bezala justifikatutako arrazoirik ez bada, betiere Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurretiazko baimenarekin.
6.– Praktiken eguneko iraupena ezingo da 8 ordutik gorakoa izan.
7.– Lantokiko prestakuntza praktikoaren modulua abiatu aurretik, nahitaezkoa da Lanbidek praktiken hitzarmena balioztatzea. Ez baldin bada izapide hori betetzen, baliogabetu egin daitezke nahitaezko baimen hori ez duten praktikak.
13. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen jarraipena, kontrola eta egiaztapenak.
1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, prestakuntza ematen duen zentroarekin lankidetzan, prestakuntza-ekintzen jarraipena eta kontrola egingo ditu. Zeregin horiek ez dira mugatuko eskakizunak eta alderdi formalak betetzen direla egiaztatzera, barnean hartuko baitute prestakuntzaren emaitzen ebaluazioa; hartara, kalitatea bermatzeko balio izango dute. Horretarako, bisitak egingo dira prestakuntza-ekintza egingo den zentrora, eta diru-laguntza onartzeko ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko da (instalazioak, zuzkidura eta ekipamendua, bitarteko didaktikoak, irakasleak eta abar), edo aurkitutako irregulartasunak, halakorik balego, berariaz adieraziko dira, zuzen daitezen.
2.– Ikasturtean, gutxienez bi bisita egiten saiatuko da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua:
Ekintzaren hasieran. Honako hauek egingo ditu Lanbideko teknikariak bisita horretan:
– Prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, Lanbideren finantziazioak sortzen duen komunikazio-betebeharra barnean hartuta.
– Ikasleei jakinaraziko dizkie ikastaroari buruzko datu guztiak, ikastaroaren edukia eta garapena, bai eta zer eskubide eta betebehar dituzten eta Europako Gizarte Funtsak baterako finantzaketan parte hartu duela ere.
– Egiaztatuko du ikasleei informazio idatzia eman zaiela kontratazio-baldintzei buruz.
– Ikasleen zalantza eta kontsultei erantzungo die.
Ekintzaren amaieran. Honako hauek egingo ditu Lanbideko teknikariak bisita horretan:
– Prestakuntza ematen duen zentroaren baldintzak egiaztatuko ditu, Lanbideren eta Europako Gizarte Funtsaren finantziazioak sortzen duen komunikazio-betebeharra barnean hartuta.
– Ikasleei eskatuko die amaierako inkesta betetzeko.
– Ikasleei orientazioa emango die jasotako prestakuntzak ematen dizkien aukerei buruz eta une horretan dituzten prestakuntza-ibilbideei edo enplegu/prestakuntzako beste ekintza batzuei buruz, lan-merkatura errazago sar daitezen.
3.– Europako Erkidegoko araudiak xedatu bezala, Europako Gizarte Funtsak kofinantzatutako prestakuntza-ekintzen lagin batean egiaztapen-bisitak egingo dira in situ, Europako funtsek parte hartzearen ondoriozko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko.
4.– Prestakuntza-ekintzak ematen dituen zentroak, honako hauek bidaliko dizkio Lanbideri ikastaroko lehenengo hilabetea baino lehen:
– Ikastaroaren funtzionamenduari buruzko txostena, homologazio-baldintzak eta ikastaroaren hasierako komunikazioan adierazitakoa betetzen direla egiaztatzen duena.
– Ikasleei emandako kalitate-inkestak, haiek egindako ohartarazpenekin batera.
14. artikulua.– Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honen babesean emandako prestakuntza-ekintza guztien kalitatea ebaluatuko du, ebaluazio-sistema misto bera baliatuz. Ebaluazio-sistema misto horrek bereizitako bi iturritako informazioa bilduko du:
A) Ikasleek berek betetako galdera-sortak oinarri hartuta lortutako batez besteko emaitzak. Telematikoki beteko dituzte galdera-sorta horiek ikasleek.
B) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak prestakuntza-ekintzaren amaieran egindako bisitan emandako puntuazioa.
Nolanahi ere, eman diren prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko, nahitaezkoa izango da sintesi-adierazle bat egitea, prestakuntzarako zentro/erakundeak emandako prestakuntza-ekintza bakoitzerako. Adierazitako bi informazio-iturrietatik eskuratutako emaitzak haztatuko ditu sintesi-adierazle horrek, formula honen arabera:
A = Ikasleek betetako galdetegietan lortutako batez besteko puntuazioa, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoarena den 2009ko apirilaren 27ko Ebazpenaren arabera, zeinaren bidez argitaratzen baitira enplegurako prestakuntza-ekintzen kalitatea ebaluatzeko galdetegiak.
Atal horrek adierazlearen puntuazioan % 60ko pisua izango du.
B = Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikariak emandako puntuazio osoa, LAN-F aplikazio informatikoaren bidez eskura jarriko den ereduaren arabera.
Atal horrek adierazlearen puntuazioan % 40ko pisua izango du.
Hala eta guztiz ere, beste informazio-iturri batzuk ere aintzat hartu ahalko dira, dagokionean, adibidez, prestakuntza-zentro edo erakundeei edo kanpo-erakundeei agindutako kalitatea ebaluatzeko ekintzetan lortutako emaitzak.
Prestakuntza-ekintzek parte-hartzaileen enplegagarritasunean izandako eragina ebaluatuko du Lanbidek, expost inkesten eta/edo ikerlanen bitartez.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea.
1.– Bi zatitan ordainduko da dirulaguntza:
a) Lehenengo ordainketa (% 50) diruz lagundutako prestakuntza-ekintza hasi ondoren egingo da, bai eta Lanbidek egiaztatu ondoren ere behar diren eta, hala egokituz gero, enplegurako lanbide-heziketari buruzko araudiak eskatzen dituen baliabide teknikoak, materialak eta giza baliabideak dituztela, prestakuntza-ekintzak diru-laguntza ematea erabaki zen unean proposatu bezala gauzatu ahal izateko.
Prestakuntza-ekintza enpresek kontratatuz gero, 11. artikuluko 11. apartatuan xedatutakoaren arabera, 6. artikuluko 2.f apartatuan adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da, eskabidea egitean aurkeztu ez bazen, egindako kontratuaren kopia barnean hartuta.
b) Bigarren ordainketa, gainontzeko % 50, 2020ko ekitaldian ordainduko da, prestakuntza-ekintza amaitu eta gero, hots, kontratuak aurkeztu, prestakuntza-ekintza justifikatu eta likidatu ostean.
2.– Ordainketa bakoitza egin aurretik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak bete direla.
Enpresa edo entitate onuradunak berariaz ukatzen badu egiaztapen hori egiteko baimena, aurreko baldintza hori betetzen duela frogatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.
Entitatea ez badago erregistratuta, edo aldatu nahi baditu Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak, inprimaki bat bete beharko du, helbide honetan adierazitako ereduaren arabera: www.euskadi.eus/gobierno-vasco/contenidos/autorización/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html
16. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa eta likidazioa.
1.– Behin diruz lagundutako jarduera bukatuta, dirulaguntza likidatuko da eta, hala behar izanez gero, egokituko, prestakuntza-orduko eta parte-hartzaileko 8 euroko modulu ekonomikoa gainditu ez dadin.
2.– Kontratazioa egiteko hiru hilabeteko epea igaro ondoren, dirulaguntzaren onuradunak 15 eguneko epea izango du justifikazio-memoria bidaltzeko LAN-F aplikazioaren bitartez. Lehenago, parte-hartzaileei kontratazio-konpromisoa betetzeko egindako lan-kontratuak gehitu beharko ditu, eta aipatu aplikazioan eskatutako datuak bete.
Ezarritako epeak amaitzen badira dokumentazio egokia aurkeztu gabe, organo eskudunak 15 eguneko epea emango dio onuradunari agiri horiek aurkez ditzan. Azken epe horretan justifikaziorik aurkeztu ezean, itzulketa-prozedura hasiko da.
17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola. Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Onuradunaren betebehar izango dira, deialdi honetako artikuluetan jasotakoez gain, oro har Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere.
2.– Zehazki, laguntzen onuradunek ondoren aipatzen diren erakundeen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila eta Herri Kontuen Euskal Epaitegia. Halaber, erakunde horiei aukera emango diete lokal eta instalazioetara sartzeko, eta prestakuntza-ekintzetako parte-hartzaileekin eta elkarrizketatu nahi dituzten beste pertsonekin harremana izateko.
EGFk finantzatzen lagundutako prestakuntza-ekintzek Europako Erkidegoko araudiaren ondorioz Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak, Europako Batzordeak eta Europako Kontuen Auzitegiak egiten dituzten egiaztapen- eta kontrol-jarduerak onartu beharko dituzte.
3.– Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honako hau bete beharko du:
– Ekimen finantzatuak egikaritu izanari edo ekintza horien bideragarritasunari buruzko informazioa ematea, baita jarraipena egiteko eskatzen zaizkion agiriak betetzea eta igortzea ere.
– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea beste erakunde batzuetatik diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla, deialdi honetan diruz lagundutako ekintza guztiei edo batzuei eragiten dietenak.
– Diruz lagundutako jardueraren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gertaera jakinaraztea, bai eta diru-laguntza emateko orduan kontuan hartutako edozein inguruabarren aldaketa ere.
4.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, ekintzaren jarraipena egiteaz gain, auditorien eta ikuskaritzen urteko plan bat ezarri ahalko du deialdian ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko eta diruz lagundutako ekintzak benetan zer baldintzatan gauzatzen diren aztertzeko.
5.– Diruz lagundu daitezkeen gastuek Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, entitate onuradunak laguntzarekin zerikusia duten transakzioak identifikatu beharko ditu, aparteko kontabilitate-identifikazio batekin eta kontabilitate-kode egoki batekin.
6.– Entitate onuradunek datu pertsonalen babesari buru 22. artikuluan aipatzen den informazioa jakinarazi beharko diete irakasleei eta prestakuntza-ekintzen parte hartzen dutenei.
Artículo 18.– Lanbideren finantziazioagatik eta EGFk lagundutako finantziazioagatik sortutako komunikazio-betebeharrak.
Lanbideren finantziazioa jasoko duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeek berariaz adierazi beharko dute finantziazio hori diruz lagundutako jarduera guztietan, bai eta berorien ondoriozko ekintzetan ere, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren komunikazio-eskuliburuan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte (LAN-F prestakuntza-aplikazioaren bidez erakunde onuradunen eskura jarriko da eskuliburu hori).
EGFk lagundutako finantziazioa jasoko duten prestakuntza-ekintzei dagokienez, erakundeek berariaz adierazi beharko dute Europako Gizarte Funtsak lagundutako finantziazioa dutela honako hauetan: Programa Operatiboa, EGF, Euskadi, 2014-2020 delakoaren barruan; Gazte Enplegurako Programa Operatiboa, 2014-2020 delakoaren barruan; sortzen diren material didaktiko guztietan nahiz bestelako materialetan; bai eta diruz lagundutako jardueren berri emateko, hedatzeko eta/edo publizitatea egiteko ekintzetan ere.
Halaber, diru-laguntzaren entitate onuradunen zerrenda argitara emango da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduaren 2. ataleko 115. artikuluan aurreikusitako zerrenda publikoan.
19. artikulua.– Dirulaguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, hasiera emango zaio itzultzeko prozedurari.
20. artikulua.– Beste dirulaguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honen xede diren laguntzak bateragarriak izango dira beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin; nolanahi ere, hainbat finantzaketa-iturritatik jasotako laguntzen zenbateko osoak ezin izango du gainditu deialdi honen babespean emandako dirulaguntzaren zenbatekoa. Zenbateko hori gaindituz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da.
21. artikulua.– Dirulaguntza itzultzea.
1.– Diru-laguntzaren ordainketa ezingo da eskatu, eta, hala badagokio, jasotako zenbateko guztiak edo haien zati bat itzuli beharko dira, diru-laguntza ordaindutako unetik aplikatutako berandutze-interesak eta guzti, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak 37. artikuluan adierazitako kasuetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 53.1 artikuluan jasotako egoeretan. Eta, bereziki, honako hauetan:
a) Jarduera egin izana eta laguntza ematea edo baliatzea baldintzatzen duten baldintza eta betekizunak bete izana justifikatu beharra ez betetzea.
b) Diru-laguntza lortzea horretarako eskatutako baldintzak bete gabe.
c) Jarraipen- eta kontrol-jardunak ukatzea edo oztopatzea.
d) Diruz lagundutako ekintzak egikaritzeko baldintzei buruzko datu faltsuak ematea, errealitatearekin bat ez datozenak.
e) Deialdi honetan zehaztutako beste edozein betebehar, baldintza edo betekizun ez betetzea.
2.– Balizko ez-betetzeen maila honako irizpide hauen arabera zehaztuko da:
a) Emandako diru-laguntzaren % 100 itzultzea eragingo dute erabateko ez-betetzeek, halakotzat jota honako hauek:
– Diru-laguntzaren helburuaren ez-betetze osoa.
– Diru-laguntza justifikatzeko betebeharraren ez-betetze osoa.
– Diruz lagundutako ekintzak helburuen % 25 lortzen ez badu, eta horiek honela neurtuko dira: prestakuntzaren ordu kopuruaren adierazlea bider ekintza bukatu duen ikasle-kopurua.
– Prestakuntza-ekintza bat amaitu duten langileen % 30 baino gutxiago kontratatzea, edozein kausagatik, betetzea eragotzi duten ezinbesteko kasuetan izan ezik, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan behar bezala justifikatuz gero. Ezinbesteko kasutzat joko dira Kode Zibilaren 1.105 artikuluan xedatutakoaren araberakoak.
b) Emandako diru-laguntzaren aldaketa edo itzultze partziala eragingo dute ez-betetze partzialek, halakotzat jota honako hauek:
– Diru-laguntzaren helburuaren ez-betetze partziala.
– Diru-laguntza justifikatzeko betebeharraren ez-betetze partziala.
– Prestakuntza-ekintza amaitzen duten langile langabeen kontratazio-ehunekoa % 30 eta % 50 artekoa denean. Kasu horretan, diru-laguntzaren ehuneko hauek ordainduko dira:
Kontratatuak ≥ % 45 eta < % 50: Diru-laguntzaren % 80.
Kontratatuak ≥ % 40 eta < % 45: Diru-laguntzaren % 70.
Kontratatuak ≥ % 35 eta < % 40: Diru-laguntzaren % 60.
Kontratatuak ≥ % 30 eta < % 35: Diru-laguntzaren % 50.
Ikasleek kontratazioari uko egiteak ez du justifikatuko konpromisoa ez betetzea, kontratatzeko ikasle gehiago egon ezean.
3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta laguntza jaso duen enpresa edo entitate onuradunari jakinaraziko dio, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko.
4.– Alegazioak aurkeztu ondoren, edo alegazio horiek egiteko epea igaro ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak ebazpena emango du.
Laguntzak itzultzeko prozedura gehienez ere 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.
5.– Ebazpenean ez-betetzeren bat izan dela iritziz gero, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean dagozkion diru-zenbatekoak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharra ezarriko da. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
Itzulketa borondatezko aldian egiten ez bada, itzuli beharrekoak premiamendu bidez berreskuratzeko izapideak hasiko dira.
22. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, datu pertsonalak babestearen arloan, honako hauetan xedatutakoa beteko du: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoa. Bildutako datu pertsonalak «Enplegurako eta enplegura bideratutako prestakuntzarako dirulaguntzak» izeneko tratamendu-jardueran sartuko dira. Lanbide da jarduera horren arduraduna, eta haren xedea da Lanbideren eskumeneko enplegu-politika aktiboekin zerikusia duten dirulaguntzak kudeatu eta kontrolatzea, iruzurrari aurre egitea eta estatistika-helburuak. Bildutako datuak beharrezkoak dira Lanbidek egotziak dauzkan botere publikoak balia ditzan eta lege-betebeharrak bete ditzan; gainera, arloan eskumenak dituzten administrazio publikoei haien berri eman ahalko zaie.
Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko, aurka egiteko eta datuen tratamendua mugatzeko eskubideak erabili ahal izango dituzte, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari idatzizko jakinarazpen bat bidalita: Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz.
Datuen babesari buruzko informazio gehigarri eta zehatza hemen kontsultagai: http://www.lanbide.euskadi.eus/orokorra/-/informazioa/erabiltzeko-baldintzak-eta-segurtasun-politika/
23. artikulua.– Aplikatu beharreko arauak.
1.– Laguntza-programa honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartuta; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.
2.– Laguntzak Europako Gizarte Funtsak kofinantzatu dituenez, bete beharrekoak dituzte, halaber, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1303/2013 (EB) Erregelamendua, eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2013ko abenduaren 17an emandako 1304/2013 (EB) Erregelamendua, Europako Gizarte Funtsari buruzkoa eta Kontseiluaren 1083/2006 (EB) Erregelamendua indargabetzen duena.
3.– Deialdi honetan aurreikusita ez dagoen guztian, honako hauek aplikatuko dira: 30/15 Legea, irailaren 9koa, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena; 694/2017 Errege Dekretua, uztailaren 3koa, zeinaren bidez garatzen baita irailaren 9ko 30/2015 Legea, Lan-arloko enplegurako lanbide-heziketaren sistema arautzen duena, eta TMS/368/2019 Araua, martxoaren 28koa, zeinaren bidez garatzen baita uztailaren 3ko 694/2017 Errege Dekretua, irailaren 9ko 30/2015 Legea garatzen duena.