EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2019102

45/2019 EBAZPENA, maiatzaren 14koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari zenbait jarduera egiteko emandako gomendioa aldatzeko erabakia, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201900045
Xedapenaren data: 2019-05-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201902641
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 2018/05/24an argitaratutako 2018/05/18ko 201800098 EBAZPENA aldatzen du

Gobernu Kontseiluak, 2019ko maiatzaren 14an egindako bileran, erabaki du Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emandako gomendioa aldatzea, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko. Horrenbestez, erabaki horri publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematea erabaki bat, zeinaren bidez aldatzen baita Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari emandako gomendioa, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko. Erabakia honi atxikitako eranskinean jasotzen da.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 14a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN MAIATZAREN 14KO 45/2019 EBAZPENARENA
ERABAKIA, GOBERNU KONTSEILUARENA, 2019KO MAIATZAREN 14KOA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENTZEN BAITA RED FERROVIARIA VASCA-EUSKAL TRENBIDE SAREARI EMANDAKO GOMENDIOA ALDATZEA, SANTURTZIKO ANTONIO ALZAGA KALEKO 2, 4 ETA 8 ZENBAKIETAKO ETXEETAN ETA LOKALETAN ERAGINDAKO KALTE GUZTIAK KONPONTZEKO
Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 7. artikuluak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren esku utzi zituen trenbideen gaineko egitekoak.
Bilboko metropoli-trenbidearen gainean dituen eskumenetan sartzen diren proiektuak, obrak eta gainetiko jarduketak eta Bilboko metropoli-trenbidearekin zerikusia duten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eskumeneko gainerako jarduketak Garraio Azpiegituren Zuzendaritzaren esku uzten ditu Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta egitekoak xedatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 22.1.d) artikuluak.
Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari buruzko maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen bidez, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea zuzenbide pribatuko erakunde publikoa sortu zen, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 15. artikuluan aurreikusten direnetakoa (1/1997 Legegintzako Dekretua, azaroaren 11koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duena). Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoaren eskumena zabaltzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren eta enkargatzen zaizkion trenbide-azpiegitura guztietara (egungoak edo etorkizunean eraikiko direnak).
Gainera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen maiatzaren 21eko 6/2004 Legearen 5.4 artikuluaren arabera erakundearen helburuetan sartzen da, halaber, Jaurlaritzak agintzen dion eta, zuzenean edo zeharka, trenbide-garraioko azpiegiturak eraiki, zaindu eta administratzearekin zerikusia duen beste edozein eginkizun, eta, bereziki, hauek: azterlan eta proiektuak idaztearekin zerikusia duten eginkizunak, eta trenbide-garraioko politikari, telekomunikazio-zerbitzuei eta gune publikoen erabilerari loturik dauden azpiegituren kudeaketarekin zerikusia dutenak, edozein dela ere kudeaketa horretarako erabiltzen den negozio juridikoa, betiere zuzenbidean onartzen direnetakoa bada.
2005eko uztailaren 19an, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan trenbide-azpiegituren eskumena duen sailak Bilboko metropoli-trenbidearen 2. lineako Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko obra-kontratua esleitu zion Santurtzi ABEEari, zeina Construcciones y Promociones Balzola SA, Nortunel SA eta Urazca Construcciones SA enpresek osatzen baitute.
Obra horien barruan, 1.744,41 metro lineako tunel eraiki ziren, errail bikoitzekoak eta 8,80 metroko zabalerakoak, eta bi geltoki hondeatu ziren, baita horiei dagozkien sarrera-kanoiak, larrialdietarako aireztapen-galeriak, nasa azpiko aireztapen-galeriak eta igogailua ere.
2005eko azaroaren 8an sinatu zen kontratua, eta zuinketa egiaztatzeko akta, berriz, 2005eko azaroaren 11n.
Kontuan hartu beharreko zenbait kalte antzeman ziren Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan. Horren ondorioz, Santurtziko Udalak hainbat erreklamazio egin zituen eta alderdiek zegozkien aditu-txostenak eman zituzten (bizilagun-erkidegoek, Santurtziko Udalak, Euskal Trenbide Sareak eta Portugalete-Santurtzi tarteko obren esleipendun izan zen ABEEak).
2012ko abenduaren 28an, Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako jabe-erkidegoek ondare-erantzukizuneko erreklamazioa egin zioten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, higiezinetan eragindako kalteengatik. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak 2014ko urriaren 9an emandako Agindu bidez gaitzetsi zen erreklamazio hori, eta kalkulatu zen higiezinek 75.168,67 euroko, 237.508,74 euroko eta 246.219,36 euroko kalteak zituztela, hurrenez hurren.
2017ko otsailaren 10ean, EA-NV, EH-Bildu, Elkarrekin-Podemos, ES-SV parlamentuko taldeek legez besteko proposamena aurkeztu zioten Eusko Legebiltzarreko Mahaiari. Proposamen horretan, hau zegoen jasota: «Eusko Legebiltzarrak eskatzen die administrazio eskudunei eta, zehazki, Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, berriro hel diezaiotela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitza eta lokalen espedientearen azterketari. Helburua da beharrezko neurriak hartzea, sortutako kalte guztiak konpondu eta horiei irtenbidea emateko. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako dagokion partidarekin ordainduko dira horren ondoriozko kostuak».
Legez besteko proposamen hori honela justifikatu zen:
«Iragan abenduaren 29an, Santurtziko Udalaren Osoko Bilkurak aho batez mozioa onartu zuen, Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8. zenbakietako etxebizitzen egoerari buruz.
Mozio horren zioen azalpenaren arabera, eraikinak egin zirenetik –duela 50 urte baino gehiago– lur-mota eta eraikinen eraikuntza-mota ez dira arazo izan, erabiltzeko moduan baitzeuden metroa egiteko lanak iritsi ziren arte.
Udalbatzak hiru puntu onartu zituen. Horietako bat zen Eusko Legebiltzarrari erabakia jakinaraztea, mozioaren helburua betetzeko behar diren ekimenak bultza ditzan.
Santurtziko Udalak Ganbera honi egindako eskariaren muina da Eusko Legebiltzarrak politikoki bultzatu dezala egoera hori konpontzeko eskumena duten administrazioen esku-hartzea. Zehazki, eskatzea Bizkaiko Garraio Partzuergoari, Euskal Trenbide Sareari eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari berriro hel diezaiotela Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8. zenbakietako etxe eta lokalen espedientearen azterketari. Helburua da beharrezko neurriak hartzea, sortutako kalte guztiak konpondu eta horiei irtenbidea emateko».
2017ko apirilaren 25eko bileran, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordeak onartu egin zuen 51/2017 zenbakidun legez besteko proposamen hori, Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzen eta lokalen egoerari buruzkoa (eta 2017ko maiatzaren 12ko Eusko Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, 28. zk.). Legez besteko proposamena Batzordean eztabaidatzeko aurkeztu zenaren baldintza beretan onetsi zen.
Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzetan eta lokaletan eragindako kalteetan erantzukizunik zegoen zehazteko, Tecnaliako Azpiegiturak sailak 2018ko otsailean txosten hau eman zuen: «Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako eraikinak: mugimenduak eta kalteak. Egoera, kausak eta eraginak aztertzeko txostena». Bertan, honako hau adierazi zuen: «Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanetan, hiru haustura nabarmen zulatu zituzten arrokan, Antonio Alzaga kaleko eraikinen inguruetan. Haustura horietatik, ura drainatu da lurzorura, hein txikiagoan ala handiagoan. Drainatze horrek eraikinen azpiko lurzoruaren egoera eta propietateak aldatu ditu, eta haien zimenduen oreka ahula hautsi. Halaber, asentu bereizgarriak ere eragin ditu, eta horien ondorioz, larritasun-maila desberdinetako kalteak sortu zaizkie egiturari eta itxiturei, eraikinetako biretan». Txostenak honako ondorio hau eman zuen: «horrenbestez, irizten zaio Sestao-Portugalete eta Portugalete-Santurtzi tarteetako metro-tunelen obrak egiteko hondeaketa-lanek erantzukizuna badutela, Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako eraikinetan eragindako kalteetan».
Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako higiezinak konpontzeko lanen egikaritzapena, jarraipena eta kontrola gauzatzeko jarduketa materialei eta teknikoei eta zerbitzu-jarduketei dagokienez, arrazoi teknikoak eta materialak zirela medio, komenigarria zen jarduera horiek Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari gomendatzea. Izan ere, erakunde hark zuzendu zituen Bilboko metropoli-trenbidearen Portugalete-Santurtzi tartea eraikitzeko lanak, eta, hain zuzen ere, lan horiek eragin dute Santurtziko Antonio Alzaga kaleko higiezinetan izandako kalteen gaineko erreklamazioa. Gomendio hori Gobernu Kontseiluak onartu zuen 2018ko maiatzaren 15ean.
2018ko maiatzaren 15ean onartutako gomendioaren seigarren apartatuan azaldutako lanen aurrekontua, hasiera batean, zortziehun mila (800.000) euroan zenbatetsi zen, BEZa barne, 2018ko ekitaldirako ordainketa-kreditu gisa.
2018ko ekitaldiaren amaieran, behin betiko itxi da «Santurtziko (Bizkaia) Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxebizitzak birgaitzeko proiektua». Proiektu hori TYPSA enpresak idatzi du, eta ETSk proiektu horren aldeko txostena egin du.
Etxebizitzak birgaitzeko guztizko kostua, horri lotutako kostu guztiak barnean hartuta, milioi bat bederatziehun eta hamabost mila (1.915.000) eurokoa dela ezarri da.
Aurreko guztia eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak planteatutako jarraibideak aintzat hartuta, handitu egin behar da hasieran aurreikusitako aurrekontua, eta aurrekontu-banaketa egokitu behar da egin beharreko lanen aurreikusitako egikaritzera.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren proposamenez, eta hura aztertu ondoren, Gobernu Kontseiluak hau erabakitzen du:
ERABAKIA
Lehenengoa.– Aldatzea Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari eginiko gomendioaren 6. puntua (Lanen balorazioa eta ordainketa), Santurtziko Antonio Alzaga kaleko 2, 4 eta 8 zenbakietako etxeetan eta lokaletan eragindako kalte guztiak konpontzeko.
Bigarrena.– Gomendio hori burutzeko baldintza zehatzak aipatutako erabakiaren eranskinean daude jasota.
Hirugarrena.– Kudeaketa-gomendio hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
ERABAKIAREN ERANSKINA
6.– Lanen balorazioa eta ordainketa.
Gomendioan jasotako lanen zenbateko zenbatetsia milioi bat bederatziehun eta hamabost mila (1.915.000) eurokoa da, BEZa barne, kontzeptu hauen arabera:
1) Obra egikaritzea: zenbateko zenbatetsia 1.765.000 euro (BEZa barne).
2) Obrak zuzentzea: zenbateko zenbatetsia 150.000 euro (BEZa barne).
Guztira: 1.915.000 euro (BEZa barne).
Urteko kuota hauetan banatuta:
Enkargu honen ondorioz egiten diren lanak hilero ordainduko dira, egindako lanak justifikatu ondoren betiere.
Horretarako, kasuan kasuko faktura aurkeztu beharko zaio Administrazioari.