EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2019102

AGINDUA, 2019ko apirilaren 3koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Fundación Gaituzsport Fundazioa»ren eratzea inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Xedapenaren data: 2019-04-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201902639
Maila: Agindua
«Fundación Gaituzsport Fundazioa»ren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatzeko aurkeztutako espedientea aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2019ko otsailaren 12an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Fundación Gaituzsport Fundazioa»ren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko; honako hauek sortu zuten fundazio hori: Porfirio Hernández Zubizarreta, Xabier Leicea Ortega, Juan Jauregizar Eskurtza eta «Kirol Aurreratuaren Euskal Federazioa». Eskabidearekin batera, eraketaren eskritura publikoa aurkeztu zen.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroak 2019ko otsailaren 22an eta martxoaren 5ean fundazioari eskatu zion zuzen zitzala bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak, eta 2019ko otsailaren 27an eta martxoaren 6an sartu zen eskatutako dokumentazio hori, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeak 2019ko apirilaren 1ean aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Laugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, hauek dira fundazioaren interes orokorreko helburuak:
«– Jakintza ekintza bihurtzea, laguntza-sare bat sortzeko eta gizarte-kohesioaren alde egiteko, zeharkako ikuspegi batetik (Prestakuntza-Ikerketa-Sentiberatzea eta Zabalkundea- I+G+b).
– Gizarte irekia, aktiboa eta osasuntsua eraikitzea jarduera fisikoaren eta kirolaren bidez.
– Gizarte askotariko baten gaitasunak azpimarratzea, jarduera fisikoan eta kirolean inklusioa sustatuz.
– Administrazio publikoekin eta entitate pribatuekin lankidetzan jardutea, era guztietako hitzarmenak eta akordioak izenpetuz.
– Integrazioko, normalizazioko eta gizarte-inklusioko programak sortzea, oinarrizko jarduera fisiko inklusiboaren eta egokituaren bidez.
– Ikastetxeetan lan egitea desgaitasuna duten ikasleen inklusioa lortzeko gorputz-hezkuntzan, jarduera fisikoan eta kirolean.
– Elkarteen sarean inklusioa lortzearen aldeko ahalduntzea.»
Bosgarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: Julia Gaiarre etorbidea 44 behea, Bilbao. Fundazioak bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du bere jarduna.
Seigarrena.– Fundatzaileek 30.000 euroko ekarpena egin dute, fundazioaren hasierako hornidura gisa. Ekarpen hori egin dela jasota geratu da erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira (iraupen mugagabea izango dute karguok):
– Lehendakaria: Porfirio Hernández Zubizarreta.
– Lehendakariordea: «Kirol Aurreratuaren Euskal Federazioa», Luis María Aramburu Uriarte ordezkari duela
– Idazkaria: Xabier Leicea Ortega.
– Diruzaina: Juan Jauregizar Eskurtza.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legearen 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak eman behar du, agindu bidez, eratze-espediente honi buruzko ebazpena, honako arau hauetan xedatutakoarekin bat etorriz: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzari buruzko Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzeko Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua, eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa duen pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 7.etik 12.erako eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplikatu beharreko gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau inskribatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan, egun honetan eta F-444 erregistro-zenbakiarekin: Bilboko «Fundación Gaituzsport Fundazioa»aren eraketa eta Patronatuaren hasierako osaera. Patronatuko kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte beren karguak, betiere 2019ko otsailaren 12an Lorena Lamana Riesco notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako eran (protokolo-zk.: 238).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 3a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.