EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2019101

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 15ekoa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, 2019. urtean gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiteko dena (Euskalgintza deialdia).

Xedapenaren data: 2019-05-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201902604
Maila: Agindua
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu zituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituen. Dekretu horren 14. artikuluak Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari, besteak beste, honako hauen inguruko egitekoak izendatu zizkion: hizkuntza politika eta euskararen sustapena.
Bestalde, 82/2017 Dekretuak, apirilaren 11koak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa ezartzen duenak, honako zeregin hau ezarri zion Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari 13.2.h) artikuluan (EHAA, apirilaren 21ekoa, 76. zk.): azaroaren 24ko 10/1982 Legea, euskararen erabilera arautzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak egoki garatzen eta aplikatzen direla zaintzea, hargatik eragotzi gabe administrazioko beste organo batzuek horretarako berariaz izendatuta dituzten funtzioak.
Halaber, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bere egiten ditu Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun Berritu Baterantz» izenburudun liburuan jasotako XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren lehentasunezko ildoak. Ondoren, Batzordeak euskararen erabilera areagotzea xede duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zuen. Plan hori, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2012ko uztailaren 24an onartu zuen eta Eusko Legebiltzarrak 2013ko irailaren 11n berretsi zuen. Ekintza plan horrek «Itun Berritu Baterantz» dokumentuan bildutako lehentasunezko ildoak neurri zehatzez mamitu eta praktikara eramateko moduan egokitu zituen. Ordutik Euskararen Agenda Estrategiko bi onartu dira. Azkena, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak 2017ko abenduaren 19an onartu zuen. Euskararen Agenda Estrategikoan 2017-2020 epealdian Eusko Jaurlaritzak euskara biziberritzearen alde egingo dituen ekintza eta jarduera nagusiak jasotzen dira.
Aurrekoari helduz eta jarriak dauzkan zereginak betetze aldera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero-urtero deitu eta ebatzi izan ditu arloz arloko laguntza-deialdiak. Oraingo agindu honen bitartez, gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko, 2019ko dirulaguntza deialdia egitea erabaki du.
Halaber, 2018ko urtarrilaren 31n, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2018-2020 epealdiko Plan Estrategikoa onartu zuen. Izaera programatikoa duen Plan Estrategiko hau Sailaren politika antolatzeko tresna da, dirulaguntzen bidez, gizartearen intereserako den jarduera bat sustatzea jomuga duten jardun-arloetan. 2019ko maiatzaren 6an, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agindua eman du. Agindu horren bidez, Sailaren 2019ko urteko dirulaguntzen urteko plana onartu da. Aginduaren eranskinean argi azaltzen da euskalgintza deialdia bideratzea aurreikusi dela.
Ondorioz, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanean diharduten pertsona fisikoek edo juridiko pribatuek 2019an burutuko dituzten egitasmoei zuzenduriko dirulaguntzak arautu eta dei egitea (Euskalgintza deialdia).
2. artikulua.– Epe-barrutia.
Laguntza deialdi honek 2019an burutuko diren egitasmoak baino ez ditu gogoan hartuko. Hori dela-eta, deialdi honetara biltzen diren egitasmoak gauzatzearen ondorioz eskaini, eman edota gizarteratu beharreko jardunak, zerbitzuak eta produktuak 2019ko abenduaren 31 baino lehen eskaini, eman edota gizarteratuko dira.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Hauek dira dirulaguntza deialdiaren hartzaileak: Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duen edozein estatutako naziotasuna edo helbide soziala duten pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak, baldin eta gaitasun juridiko osoa eta jarduteko gaitasun osoa badute eta legalki eratuta badaude indarrean dagoen araudiaren arabera, eta agindu honen 5. artikuluan aipaturiko egitasmoak burutzen badituzte.
Hala ere, kanpoan geldituko dira bere kapital gehiena publikoa duten entitate pribatuak eta fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-organoetan partaidetza nagusiki publikoa duten entitateak.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako dirulaguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin izango zaie dirulaguntzarik eman, ezta ordaindu ere.
3.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako pertsona fisiko edo juridiko hauek: zigor eta administrazioaren arloan dirulaguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango dira aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuak direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
4.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu honako pertsona fisiko edo juridiko hauek: Europar Batasunak ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratutako dirulaguntzarik onartu dutenak. Era berean, ezin izango dira aurkeztu, krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera, krisialdian dauden enpresak.
5.– Pertsona fisiko edo juridiko pribatu batek baino gehiagok elkarlanean gauzatzekoa den egitasmoaren kasuan, eskabidea pertsona fisiko edo juridiko pribatu horietako batek egingo du.
6.– Dirulaguntza deialdi hau ebazteko eta dagozkion ordainketak egin ahal izateko, dirulaguntzarik esleituz gero, onuradunak Ogasun eta Ekonomia Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko du.
Artikulu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen egitasmoak.
1.– Honako hauek dira, multzoka emanda, diruz lagun daitezkeen egitasmoak:
A multzoa:
– A1: euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak esparru ez formaletan, bereziki aisialdian garatzen direnak (aisialdiko begiraleen eskoletan euskarazko adarra bermatzeko egitasmoak, eta arlo horretan euskara integratzeko lagungarri izan daitezkeen ekimen berritzaileak; begiraleei zuzendutako prestakuntza eta material-prestakuntza; harreman-sareetan eta aisialdiko ekintzetan euskararen erabilera areagotu, sustatu eta indartzeko egitasmoak...). 16 urtetik gorako gazteei zuzendutakoak lehenetsiko dira.
– A2: euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabileraren aldeko jarrerak sustatzeko egitasmoak.
B multzoa: euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
C multzoa: euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
D multzoa: euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak (gehienez ere, 3 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
E multzoa: euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak (gehienez ere, 7 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
F multzoa: euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko ekitaldiak (gehienez ere, 2 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
G multzoa: euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak eta literatura gidak (gehienez ere, 7 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
2.– Nolanahi ere, honako egitasmo hauek ez dute laguntza-mota honetan sarbiderik izango eta, ondorioz, kanpoan utziko dira:
a) Hiztunen artean euskararen erabilera areagotzeko helburuarekin lotura zuzena ez duten ekintzak (hala nola, musika-emanaldiak, kantaldiak, dantzaldiak, bestelako ikuskizunak, herri kirolak, era guztietako jaialdiak, otorduak eta abar.).
b) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren gainerako deialdietan leku propioa duten egitasmoak.
c) Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuradun diren egitasmoak.
d) Liburu-azoketan parte-hartzearekin eta estrategiekin zuzeneko lotura daukaten egitasmoak.
e) Enpresa edo elkarteen ohiko jardunaren edota produktuen berri ematen duten argitalpenak, eta zuzenean euskararen erabileratik ez datozen gastuak.
f) Hedabideen sustapenerako egitasmoak.
g) Araubide orokorretan zein berezikoetan erabiltzekoak izanik, ikasketa-plan edo curriculumarekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten ikasmaterial inprimatu, ikus-entzunezko edo elektronikoak gauzatzeko asmoz aurreikusitako egitasmoak.
h) Haur eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea helburu duten egitasmo eta jarduerei dagokienez, eskola eremuan eta, zehatzago, eskola-orduetan garatzen direnak.
i) Literatura lanen zabalkundea egite aldera liburuen edizioa helburu duten egitasmoak, bai paperezko edizioak zein bestelako formatuetarako egiten diren bertsioak.
j) Euskara ikasteko metodoak eta helduen euskalduntze alfabetatzearen eremuko jarduerak.
k) Lan munduan euskararen sustapena edota garapena helburu duten egitasmoak.
l) Ikerketak, itzulpenak eta urtekariak.
m) Dantza, ikus-entzunezkoak, antzerkigintza... sustatzea helburu duten egitasmoak edota euskalgintzarekin lotura zuzena ez dutenak.
n) Bi hizkuntza ofizialetan egindako argitalpenak.
ñ) Webguneak sortzeko eta elikatzeko egitasmoak.
o) Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatzen dituen dirulaguntza deialdien bitartez lehendik diruz lagundutako liburuen edizio berriak edota jokoen bertsio gaurkotuak.
p) Eremu akademikoan euskararen sustapena edota garapena helburu duten egitasmoak. Kanpoan geratuko dira era guztietako erakundeek antolatutako ikastaroak eta euskara ikasteko kurtsoak.
5. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Begiz jotako xedeari aurre egiteko 979.200 euro erabiliko dira. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan jarritako aurrekontu-ataletik hartuko da.
2.– Kopuru hori honela banatuko da:
6. artikulua.– Dirulaguntzaren nondik norakoa, zertarakoa eta zenbatekoa.
1.– Ondorengoak joko dira agindu honetan jasotako araudiaren babesean diruz laguntzeko moduko gastuak: erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren gaineko aurrekontu banakatu eta xehatuan agertzen diren gastuak, baldin eta ezbairik gabe jarduera garatzearekin lotura badute. Nolanahi ere, kanpoan utziko dira honako hauek:
a) Egitasmoa erdaraz egiteari dagozkion gastuak.
b) Patrimonializa daitekeen ibilgetu materialean egindako inbertsioak.
c) Balio Erantsiaren gaineko Zergari (BEZ) dagokion gastua ez da kontuan hartuko. Hala ere, BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, gastutzat hartuko da, eta erakundeok dagokien foru aldundiko ogasun-sailaren ziurtagiri bidez egiaztatu beharko dute hori.
2.– Artikulu honen arabera ez laguntzeko moduko gastutzat jotzen diren horiek (neurriz kanpokoak direlako edo zuzenean zerikusia ez dutelako) agertzen badira, eskatzaileak aurkezten duen aurrekontuan, balorazio-batzordeak ezabatu edo araztu egingo ditu, dirulaguntza kalkulatzeko beharrezkoa den oinarrizko gastu-aurrekontua zehaztu ahal izateko.
3.– Egitasmo orok gastu eta sarrera-aurrekontu orekatua izan behar du, ezinbestean, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari egindako diru-eskabidea aintzat hartuta. Ondorioz, aurrekontu orekaturik ez duen egitasmoa kanpoan utziko da.
4.– Egitasmo orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean. Ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den egitasmoa kanpoan utziko da. Finantzaketa-maila hori gastu-aurrekontuaren % 20 izango da, gutxienez.
5.– Aurreko puntuan aipaturiko finantzaketa propioa honako diru-sarrera hauez osatuta egongo da:
a) Eskatzailearen diru-ekarpenak.
b) Zerbitzu-salmentatik eskuratutakoak.
c) Produktu-salmentatik eskuratutakoak.
d) Publizitatetik eskuratutakoak.
e) Entitate pribatuetatik jasotakoak.
6.– Defizitarioak diren egitasmoei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza, hots, aurreikusitako gastuak, eskatzaileak ezinbestean jarri beharreko finantzaketa propioarekin zein bestelako dirulaguntza publikoekin berdindu ezin dituzten egitasmoei. Ondorioz, defizitarioak ez diren egitasmoak kanpoan utziko dira.
7.– Egitasmo bakoitzari esleitutako dirulaguntza, gehienez ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari eskatutakoa bestekoa izango da. Edozein kasutan, gehienez ere, 30.000 eurokoa izango da eta, gutxienez, 2.000 eurokoa. Gutxieneko kopuru horretatik beherakorik ez da esleituko. Ondorioz, egoera horretan aurkitzen den egitasmoa ez da diruz lagunduko. Dena den, 75 puntutik gora lortzen dituzten egitasmoek, dagokien dirulaguntza jasoko dute, nahiz eta hori 2.000 euro baino txikiagoa izan. Nolanahi ere, agindu honen 13.1 artikuluaren a) atalean zehaztutako irizpidean 28 puntu lortzen ez duen egitasmoak ez du, inondik inora, 20.000 eurotik gorako dirulaguntzarik jaso ahal izango.
8.– Dirulaguntza bateragarria da edozein erakunde publikok zein pribatuk xede berberaz eman ditzakeenekin, betiere gainfinantzaketarik ez bada. Agindu honen epe-barrutia amaitu eta 21. artikuluan finkatutako justifikazioari ekin eta gero gainfinantzaketarik gertatu dela ikusten bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, betiere 19. artikuluan zehaztutako bideari jarraituz. Murrizketa hori gainfinantzaketa adinakoa izango da.
7. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.
1.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte. Nolanahi ere, dirulaguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak –presentziala nahiz elektronikoa– ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, eta edozein unetan alda daiteke batetik bestera.
– Aurrez aurre: eskabideak aurkeztea eta ondorengo izapideak egin ahal izango dira agindu honen 9.2 artikuluan adierazitako tokietan.
– Bide elektronikoa: eskabideak aurkeztu ahal izango dira, euskadi.eus gunean, artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, Euskadi.eus gunean, hurrengo atalean adierazitako helbidean. Era berean, bide horri jarraituko diote prozeduraren gainerako pausoetan ere.
3.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, izapidetze presentzialaren zein elektronikoaren bidez, euskadi.eus-eko gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/euskalgintza/web01-a2lingu/eu/
4.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz gero, honako gunearen bitartez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
8. artikulua.– Eskatzaileak egiaztatu beharreko zenbait baldintza eta horiek egiaztatzeko modua.
1.– Eskatzaileak egiaztatu beharrreko zenbait baldintza:
1.1.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izatea.
1.2.– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez izatea gehiena publikoa eta gainera fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez izatea nagusiki publikoa.
1.3.– Ez izatea dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere.
1.4.– Ez izatea inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
1.5.– Eskatzaileak onartu ez izana Europar Batasunak ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratutako dirulaguntzarik.
1.6.– Eskatzailea ez izatea, krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko Jarraibideetan xedatutakoaren arabera, krisialdian dagoen enpresa.
1.7.– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez izatea.
1.8.– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea izatea.
2.– Betebeharrak egiaztatzeko modua:
2.1.– Dirulaguntzaren eskatzaileak egunean izan behar ditu indarrean dauden xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak, erregelamenduz zehaztutako moduan. Hori egiaztatzea dirulaguntzaren organo kudeatzaileari dagokio. Azken honek behar adina aldiz egiaztatu ahal izango du, eskatzailearen aldez aurreko baimenik gabe, horrela araututa baitago honako xedapen honetan: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz ukatu dezake, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22.4 artikuluan ezarri bezala. Kasu horretan edo eskatzailearen helbide fiskala Espainiako Estatutik kanpo egonez gero, interesdunak dagozkion egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu. Era berean, eskatzailearen helbide fiskala Nafarroan baldin badago, kontuan izanik elkarreragingarritasun zerbitzuek ez dutela horrelako zerbitzurik ematen, interesdunak zerga-betebeharrak beteta dauzkala adierazten duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Kasu horietan guztietan ziurtagiriak, gehienez ere, 6 hilabete lehenago egindakoak izango dira.
2.– Eskabideek honako aukera hau jasoko dute: dirulaguntzaren eskatzaileak, edozein delarik izapidea egiteko bidea, baimena ematen dio organo kudeatzaileari gainerako datuak edo dokumentuak lortzeko edo egiaztatzeko. Hau guztia, Herri Administrazioari dagozkion egiaztatzeko eta ikuskatzeko eskumenak kaltetu gabe.
3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.6 eta 51.1 bis artikuluei jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso dituela adierazi beharko du eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Eskatzailea den entitate pribatuaren kapitala ez dela gehiena publikoa eta, horrez gainera, fundazio-ondarea edota gobernu- edo zuzendaritza-partaidetza ez dela nagusiki publikoa.
– Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio-zehapen edo zehapen penalik, ez eta laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion lege-debekurik ere. Era berean, ez duela inolako zigorrik sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
– Eskatzaileak ez duela Europar Batasunak ilegal eta merkatu komunarekin bateraezin gisa deklaratutako dirulaguntzarik onartu.
– Eskatzailea ez dela, Krisialdian dauden enpresa ez finantzarioen salbamendurako eta berregituratzerako estatu-laguntzei buruzko jarraibideetan xedatutakoaren arabera, krisialdian dagoen enpresa.
– Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskararen Erakunde Publikoa / Office Public de la Langue Basquek hizkuntza normalkuntzarako sinatutako hitzarmen markoaren baitan 2019ko dirulaguntzen deialdian onuraduna ez dela.
– Burutu nahi den egitasmoa egin ahal izateko jabetza intelektualari loturiko elementuen ustiapen-eskubideen jabea dela.
4.– Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroan egon ezean, edo bertan dauden bankuaren datuak aldatu nahi izanez gero, nahiz bide presentziala, nahiz elektronikoa erabili, honako gune honetan aurkitu daiteke informazioa: http://www.euskadi.eus/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html/
5.– Artikulu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da.
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta dokumentazioa.
1.– Laguntza-deialdi honetan parte hartu nahi duen orok nahi adina eskabide-orri aurkezteko aukera izango du, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hilabeteko epean.
2.– Pertsona fisikoen kasuan, izapidetze presentziala aukeratuz gero, eskabideak honako leku hauetan aurkez daitezke:
– Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
– Eskabideak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Postaz egin nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Euskara Sustatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, posta-langileak, ziurtapena egin baino lehen, data eta zigilua jar ditzan eskabide-orrian bertan.
3.– Bestalde, izapidetze elektronikoaren kasuan, agindu honen 7. artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntzan, euskaraz edo gaztelaniaz, aurkez ditzakete eskabideak eta haiei lotutako dokumentazioa. Halaber, dirulaguntza eskaeraren ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Arauzkotzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoari jarraituz.
5.– Eskabide-orriarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
5.1.– Eskatzaileari buruzko dokumentazioa.
a) Pertsona juridiko pribatuak:
Kasu guztietan entitatea legalki eratuta dagoela ziurtatu behar da. Era berean, legezko ordezkariaren nortasuna eta azken honek ordezkapena egiteko legezko ahalmena duela adierazteaz gain, eskatzailearen jarduera arautzen duten arau hauek ere egiaztatuko dira:
– Entitatearen legezko eraketa: sorrerako eskritura edo agiria, estatutuak edo sorrerako egintzaren berri ematen duen agiria.
– Ordezkariaren nortasuna (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Ordezkariaren legezko ahalmena (ordezkaria nor den adierazten duen ziurtagiria).
– Eskatzailearen IFZ.
Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Erregistroetan dagoen fundazioa, elkartea edo kooperatiba baldin bada, ez ditu aurkeztu beharko entitatearen legezko eraketa egiaztatzeko eskatutako dokumentuak. Kasu horretan, nahikoa izango da eskatzaileak hori adieraztea agindu honen eskabide-orrian, eta Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak ofizioz konprobatuko du entitatea delako erregistro horretan dagoela.
b) Pertsona fisikoak:
– Nortasunaren egiaztapena (NANaren edo pasaportearen fotokopia).
– Autonomoen Erregimenean edo dagokion lan-mutualitatean alta emanda dagoela egiaztatzea.
Eskatzaileak a) edo b) ataletan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazioan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako nahikoa izango da eskabide-orrian adieraztea zein sailetan edo zuzendaritzatan aurkeztu ziren.
Eskatzaileak eskabide-orri bat baino gehiago aurkezten duenean, erantsi beharreko dokumentazioa bakarra izan daiteke eskabide-orri guztientzat, egitasmoei dagokien dokumentazioa izan ezik.
5.2.– Egitasmoari buruzko dokumentazioa.
Eskabide-orriarekin batera, diruz lagun daitekeen egitasmoari buruzko informazioa jasotzen duen formularioa ere aurkeztu behar da.
10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean egindako akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, 10 egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartaraziko zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
Pertsona juridikoren batek aurrez aurre aurkezten badu eskaera, aurkezpen elektronikoaren bitartez zuzen dezala eskatuko zaio. Ondorio horietarako, zuzenketa hori egin den eguna joko da eskaeraren aurkezpen datatzat.
11. artikulua.– Dirulaguntzaren organo kudeatzailea.
Deialdi honen kudeaketa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio.
12. artikulua.– Esleipen-prozedura.
1.– Agindu honen babesean emango diren dirulaguntzak lehiaketa prozeduraren bidez esleituko dira, betiere ezarritako mugak errespetatuz eta finkaturiko irizpideak erabiliz. Zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak, eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatze aldera, honako urrats hauek emango ditu, hurrenez hurren:
1.1.– Egitasmoek Aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten aztertu.
1.2.– Adierazitako aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari dagokienez:
a) Eskabide-orrian adierazitako gastu-aurrekontua eta eskatutako dirulaguntzaren zenbatekoa hartuko ditu abiapuntutzat.
b) 6. artikuluan finkatutakoaren haritik, honako hau ikusiko da: laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion eskatzailearen jardun orokorreko gastuak (langileria, gastu arrunta, e.a.).
c) Aurreko atalean aipaturiko kontraste-lanaren ondorioz eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izanez gero, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuari eta eskatutako dirulaguntzari, betiere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Horrelakoetan, dirulaguntza kalkulatzeko orduan, onartutako gastu-aurrekontua eta laguntza-eskabidea hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.
1.3.– Puntuei dagokienez:
a) Aginduan ezarritako baldintzak betetzen dituzten egitasmoak, agindu honen 13. artikuluan finkatutako irizpideen arabera baloratuko dira.
b) Egitasmoek, aurrera egitekotan, jaso litezkeen puntuetatik 60 edo gehiago lortu beharko dituzte. Ondorioz, esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherakoa lortzen duten egitasmoek ez dute dirulaguntzaren banaketan sartzerik izango, eta, ondorioz, ez dute dirulaguntzarik hartuko.
c) Puntu horiek onartutako gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko dute. Estalpen-indize hori balorazio-batzordeak zehaztuko du, betiere puntu-tarteak finkatu eta gero.
2.– Egitasmo bakoitzari esleitu beharreko laguntza-kopurua zehazteko orduan, 6.7 artikuluan finkatutako mugak gordeko dira.
3.– Aurreko puntuetan esandako moduan kalkulatutako dirulaguntzen baturak diru-baliabideen muga gainditzen badu, kasuan kasu esleitu beharreko diru-kopurua banaketa-sistema proportzionalaren arabera finkatuko da.
4.– Ebazpen-proposamena lantzerakoan, balorazio-batzordeak, multzo bakoitzean dauden diru-baliabideak kontuan izanik, multzo jakin batean diru soberakina izan eta besteren batean diru-falta balego, diru-soberakinen birbanaketa egitea proposatuko du eta horrela jasoko da Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dion proposamenean, azken honek dagokion erabakia har dezan. Birbanaketa egiterakoan, multzoen beharrak izango dira gogoan. Horretarako, multzo bakoitzean eskatutakoaren eta esleitutakoaren arteko aldeak hartuko dira aintzakotzat, horiek estaltzeko beharrezkoak diren formulak erabiliz. Nolanahi ere, A, B eta C multzoen beharrak lehenetsiko dira, hurrenkerak finkatzen dituen lehentasunak gogoan izanik.
13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Laguntza-eskabideei buruzko ebazpen-proposamena landu eta diruzko zenbatekoak finkatzeko orduan, zeregin horretarako berariaz eratutako balorazio-batzordeak honako irizpide eta balio hauek izango ditu kontuan:
a) Euskararen Aholku Batzordearen «Euskara 21. Itun berritu baterantz. XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak» izenekoan jasotako ildo estrategikoei jarraituz (www.euskara.euskadi.eus), euskararen erabileran eta belaunez belauneko transmisioan izan dezakeen eragina. Originaltasuna, berritasuna, balio erantsia eta kalitatea: gehienez ere, 45 puntu.
b) Eragin-eremua (jasotzaileak): gehienez ere, 35 puntu.
c) Finantzaketa-maila propioa: gehienez ere, 5 puntu.
d) Proposatutako ekintzaren bidez eragileen arteko sare-lana indartzea, tokian tokiko elkarlana indartuz: gehienez ere, 10 puntu.
e) Genero-ikuspegiaren integrazioa: gehienez ere, 5 puntu.
2.– Aurreko puntuan finkatutako irizpideetako bakoitzari dagokion puntuazioaren zehaztapena, balorazio-batzordeak berariaz prestatutako ponderazio-taula batean jasoko da. Balorazio-batzordeak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egin beharreko ebazpen-proposamenari erantsiko zaio taula hori.
14. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak ebaluatzeko, berariazko balorazio-batzorde bat osatuko da.
2.– Balorazio-batzordea honako kide hauek osatuko dute:
a) Estibaliz Alkorta Barragán, Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Joseba Lozano Santos, Herri Administrazioetan Hizkuntza Normalizatzeko zuzendaria, batzordearen buruordea izango dena. Ordezkoa, Josune Zabala Alberdi, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria.
c) Edurne Ramon Olano, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Sustapen Zerbitzuaren arduraduna. Ordezkoa, Araceli Díaz de Lezana, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako Estandarizazio Zerbitzuaren arduraduna.
3.– Balorazio-batzordeak idazkaria izango du, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria den Jose Miguel Odriozola Mujika. Haren ordezkoa, Pablo Mendizabal Arnaez, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Idazkariak balorazio-batzordearen jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du. Idazkariak ziurtatu beharko du balorazio-batzordeak hartutako erabakiak eta burututako ekintzak legezkoak direla.
4.– Egitasmoak baloratzeko, balorazio-batzordeak iritzia eskatu ahal izango die adituei.
5.– Balorazio-batzordeak, deialdi honetan finkaturiko irizpideak eta mugak kontuan izanik, ebazpen-proposamena landuko du eta Hizkuntza Politikarako sailburuordeari aurkeztuko dio, hark, zuzen eta bidezko joz gero, behin betiko ebazpena eman dezan. Aipaturiko proposamenak honako atal hauek izango ditu gutxienez:
a) Deialdian finkaturiko baldintzak ez betetzeagatik baztertuak izan diren eskabideen zerrenda eta horietako bakoitza baztertzeko izandako zioa.
b) Diruz lagundutako egitasmoak; onartutako gastu-aurrekontua, baldin eta adierazitako gastu-aurrekontua aldatu bada; lortutako puntuak, osotara eta atalka, eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
c) Gutxieneko puntuak ez lortzeagatik dirulaguntzarik gabe utzitako egitasmoak eta horiek lortutako puntuak, osotara eta atalka.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio-batzordearen proposamena ikusita, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak agindu honek arautzen dituen dirulaguntzak esleitzeko ebazpena emango du. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik 6 hilabeteko epean jakinaraziko die interesdunei.
2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, dirulaguntzak esleitzeko ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, herritar orok jakin dezan eta ebazpenak jakinarazpen ondorioak izan ditzan. Hala ere, argitalpena ez da oztopoa izango beste mota bateko jakinarazpena egiteko. Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.
3.– Epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Laguntza-eskatzaileren bat hartutako ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabeteko epean Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.
1.– Dirulaguntzaren onuradunak esleitutako dirulaguntza onartu egin behar du. Ondorioz, dirulaguntza esleitu zaiola adieraziz Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak bidalitako jakinarazpena jaso eta 10 egun balioduneko epean dirulaguntza onartzen duela adierazi behar dio aipatu Zuzendaritzari.
2.– Dirulaguntzaren onuradunak onarpen-agiria epe horretan aurkezten ez badu, laguntzari uko egiten diola ulertuko da.
17. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
1.– Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen onuradunek 38/2003 Legearen 14. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Eskabide-orrian zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute dirulaguntza.
b) Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute horretarako dagoen epean, hau da, urte naturala. Horrela egin ezean, jasotako dirua bere osotasunean itzuli beharko dute.
c) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
d) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte. Hori betetzeko eta euskararen zuzentasuna eta egokitasuna bermatzeko, hizkuntza-ezagutza ziurtatuta daukan pertsona bat izendatuko dute.
e) Indarrean dauden lege-eskakizunak bete beharko dituzte jabetza intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
f) Laguntzagai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute jaso herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ezaugarri edo elementurik, ezta beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duen ezaugarri edo elementurik ere.
g) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologia arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
h) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea eta, gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea bermatuko du.
i) Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adieraztea, betiere 23. artikuluan esandakoaren arabera.
j) Dirulaguntzak emateko eta horien ordainketak bideratzeko, beharrezkoa izango da esleipendunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta dauzkatela ziurtatzea.
2.– Aipatutako betebehar horiek ez betetzeak jasotako dirulaguntza galtzea izango du ondorio.
18. artikulua.– Dirulaguntzaren ordainketa.
Dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Lehenengo ordainketan dirulaguntza osoaren % 65 ordainduko da, onarpena jasotzen den egunean hasi eta 2 hilabeteko epean.
b) Bigarren ordainketan, hala badagokio, gainerako % 35a ordainduko da, dirulaguntza justifikatzeko agiri guztiak jaso eta ontzat eman ondoren, hilabeteko epean.
19. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa.
Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, betiere dirulaguntzaren helburua betetzat jotzen dela eta agindu honek onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete badira, dirulaguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta ebazpen horretan emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berregokituko da. Horiek horrela, dagokion onuradunari horren berri emango zaio eta, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 82.2 artikuluak dioenaren arabera, interesdunek gutxienez 10 egun eta gehienez 15 egun izango dituzte egoki irizten dieten dokumentu eta egiaztapenak alegatzeko.
20. artikulua.– Ez-betetzeak eta itzultzeko ebazpena.
1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:
a) Jasotako dirulaguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzen bada.
b) Agindu honen 17. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzen ez badira.
c) Hala badagokio, likidazio-ebazpenak zehaztutako kopurua itzultzen ez bada horretarako emandako epean.
d) Beste xedapen batean, nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak betetzen ez badira.
2.– Agindu honen pentzutan emandako dirulaguntzaren onuradunak eskuratutako zenbatekoa eta legez aplikagarriak izan daitezkeen interesak itzuli egin beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari honako kasu hauetan: aurreko pasarteetan jasotakoak gertatuz gero edo, oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak edo Dirulaguntzen Lege Orokorraren 37. artikuluan jasotakoak betetzen ez badira. Aurreko hori Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan esandakoaren arabera egingo da.
3.– Eskabide-orrian aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatzen ez baldin bada, dirulaguntza itzultzeko prozedurak azaroaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 5.1 artikuluak ezarritakoari jarraituko dio eta interesdunak 15 egun balioduneko epea izango du alegazioak egiteko.
21. artikulua.– Dirulaguntzaren justifikazioa.
1.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren gauzatzea justifikatu behar du, ezinbestean, Euskara Sustatzeko Zuzendaritzaren aurrean. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
2.– Justifikazioa aurkezteko epea 2020ko martxoaren 31n bukatuko da.
3.– Pertsona fisikoen kasuan, izapidetze presentziala aukeratuz gero, dirulaguntzaren justifikazioa agindu honen 9. artikuluan aipatutako lekuetan aurkez daiteke.
4.– Era berean, justifikazioak aurkezterakoan bide elektronikoa erabiliz gero: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/
22. artikulua.– Justifikazioarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Aipaturiko justifikazioa justifikazio-kontu erraztuaren arabera egingo da. Justifikazio-kontu erraztuak aitorpen-izaera izango du. Dirulaguntzaren justifikazioa, Dirulaguntzen Lege Orokorraren 30. artikuluak arautzen baitu, honako hauek osatuko dute:
a) Diruz lagundutako egitasmoari eta lortutako emaitzei buruzko txostena. Hala dagokionean, sortutako materialaren ale bat.
b) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion aurrekontu likidatua.
c) Beste dirulaguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.
d) Diruz lagundutako egitasmoari dagozkion gastuen zerrenda sailkatua, finkaturiko kontzeptuen arabera.
e) Agindu honetako 17. eta 23. artikuluek ezarritako betebeharrak betetzeari buruzko aitorpena.
2.– Agindu honen 18. artikuluan aipatzen den dirulaguntzaren bigarren ordainketa egiteko, hala badagokio, dirulaguntzaren onuradunak, indarrean dauden xedapenei jarraituz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar ditu.
3.– Dirulaguntza ematen duen organoak behar adina frogagiri egiaztatuko du, dirulaguntza behar bezala erabili dela zentzuz agerian uzteko beharrezkoak diren guztiak, unitate monetaren laginketa teknikak erabiliz. Horretarako, berak hautatutako gastuen frogagarri diren faktura edo agirien kopiak eta, behar denean, ordainketaren egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko zaio onuradunari. Horien ordez, onuraduna den pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren Kontabilitateko Egunkaria aurkezteko aukera izango da.
4.– BEZa berreskuratu ezin duten erakunde onuradunen kasuan, agindu honen 6.1.c) artikuluak dioenari jarraituz, dagokion foru aldundiko ogasun sailaren ziurtagiria aurkeztuko dute.
5.– Justifikaziorako aurkeztutako dokumentazio guztia aztertzeko eta ontzat emateko jarraipen-batzordea eratuko da. Azterketa horren ondorioz bideratu beharreko ordainketak edota likidazio-ebazpenaren inguruko proposamenak Hizkuntza Politikarako sailburuordeari egingo dizkio. Honako hauek osatuko dute jarraipen-batzordea:
– Euskara Sustatzeko zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
– Sustapen Zerbitzuaren arduraduna.
– Euskara Sustatzeko Zuzendaritzako teknikaria. Azken honek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
23. artikulua.– Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesaren aipamena.
Laguntza-mota honen bidez diruz lagundutako egitasmo orok Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak emandako babesaren berri adierazi beharko du egitasmoaren argitan kaleratutako euskarri guztietan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzaren logotipo normalizatua agerrarazi behar dute.
Nolanahi ere, dirulaguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko informazio-klausula.
Tratamenduaren arduraduna eta harremanetarako datuak:
Euskara Sustatzeko Zuzendaritza.
Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Tel.: 945 01 88 00.
Eusko Jaurlaritzako Datuen Babeserako ordezkaria:
Tel.: 945 01 8511.
Helbide elektronikoa: dpd-dbo@euskadi.eus
Tratamenduaren xedea: gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko lanean diharduten pertsonei zuzendutako dirulaguntzak kudeatzea.
Datuak zenbat urtez gorde: EONALTBaren 44. artikuluan ezarritako preskripzio-epean gordeko dira, edo, prozedura judizialik izanez gero, hura amaitu artean.
Legitimazioa: Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena.
Hartzaileak: Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta, hala suertatuz gero, justizia-organoei ere jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: interesa duen pertsona orok eskubidea du bere datuetara sartzeko, datu horiek zuzentzeko eta ezabatzeko eskatzeko edo tratamendua mugatu edo horren aurka egiteko.
Informazio gehigarria: datu-babesari buruzko informazio gehiago aurkitu daiteke honako helbide hauetan:
– Esparru ez formalak: https://www.euskadi.eus/dbao/1000006
– Erdaldunak eta etorkinak: https://www.euskadi.eus/dbao/1000106
– Familia bidezko transmisioa: https://www.euskadi.eus/dbao/1000206
– Ondarea: https://www.euskadi.eus/dbao/1000306
– Jardunaldiak: https://www.euskadi.eus/dbao/1000406
– Omenaldiak: https://www.euskadi.eus/dbao/1000506
– Irakurketa: https://www.euskadi.eus/dbao/1000606
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Laguntza programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko (EB) 651/2014 Erregelamenduaren barruan dago, zenbait diru laguntza mota barne-merkatuarekin bateragarriak jotzen dituena, Itunaren (EBAO 2014, L 187, 2014-06-26) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz (Kategorien Araberako Salbuespen Araudi Orokorra edo 651/2014 Araudia).
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aurreikusi gabekoari dagokionez, honako arau hauetan ezarritakoa aplikatu beharko da: dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea; aurreko lege horren araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 15a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.