EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2019101

AGINDUA, 2019ko apirilaren 19koa, Hezkuntzako sailburuarena, Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibentzako dirulaguntzen deialdia egiten duena (IE 1 Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza).

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-04-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201902601
Maila: Agindua
EAEko hezkuntza-sistemarentzat ezinbestekoa da bertan sartuta dauden gizarteko sektore guztien parte-hartzea eta haien guztien laguntza, ezarrita dauzkan helburuak lortuko baditu. Zehazki, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren 29. artikuluan xedatzen da gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea dutela haurren eta nerabeen eskolako hezkuntzaren jarraipena egiteko eta hartan parte hartzeko.
EAEko Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planak, Heziberri 2020 Planaren barruan, lerro estrategikoak zehazten ditu euskal hezkuntza-sistema osoa zuzentasunaren eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko funtsezkotzat jotzen diren alderdiak antolatzeko, 2015-2016 ikasturtetik 2019-2020 ikasturtera bitartean. Lehenengo lerro estrategikoak (IE 1 Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza) nahitaezkotzat jotzen du hezkuntza-komunitate osoa (irakasleak, zuzendaritza-taldeak, irakasle ez diren langileak, eta familiak) prestatzea. Eta, familiei dagokienez, beren prestakuntza eta parte-hartzea funtsezko kate-mailatzat jotzen ditu hezkuntzaren arrakastaren ekuazioan. Bigarren lerro estrategikoak (IE 2 Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta) zehazten du nola erantzun behar dion gizarteak, eta derrigorrezko hezkuntzak, horren parte den aldetik, aniztasunari; praktikan, hezkuntza-erantzunaren ardatza kalitateko hezkuntza justu, ekitatibo eta guztiei aukera berdinak emango dizkien batera lekualdatzea dakar.
Hirugarren lerro estrategikoak (IE 3 Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren esparruan) euskararen gainean ezarriko du hezkuntza eleaniztunaren ardatza, bi hizkuntza ofizialen arteko egungo desoreka gainditzeko –gaur egun gaztelaniaren aldekoa baita– eta bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala eta ikasleen aukera-berdintasuna sustatzeko. Laugarren lerro estrategikoak (IE 4. Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) nahitaezko ikusten du teknologia digitala sartzea, ikasketa-metodologia eraldatzaile batetik abiatuta.
Beraz, heziketa integrala lortzeko, irakaskuntza arautuak behar-beharrezkoa du jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko ekintzak gauzatzea, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planeko lerro estrategikoekin lotutakoak. Eta hori parte-hartzearekin bakarrik lortzen da, hala nola, irakaskuntza-kooperatibenarekin, indarrean dagoen legeriak ezarritakoaren arabera eratutako elkarteen bitartez.
Ondorioz, Hezkuntza Sailak arrazoizko ikusten du irakaskuntza-kooperatibei zuzendutako berariazko deialdia egitea eta horrela laguntzea, aurrekontu-mugen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz besteko mailetako ikasleentzako hezkuntza-jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak abiarazten. Jarduera horiek ikasleen gurasoek antolatuko dituzte, irakaskuntza-kooperatibetan bilduta eta behar den erregistroan hala inskribatuta.
Aipatutako guztiarekin bat, egokia da laguntza-deialdi bat egitera, horretarako esleitutako aurrekontu-zuzkiduraren kargura.
Hori dela eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzak emateko moduari buruzkoa– ezarritakoaren arabera, eta laguntza eta dirulaguntzen arloko hutsegiteen eta zehapenen araubideari buruzko arau beraren VII. tituluko III. kapituluan ezarritakoarekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrarekin eta 38/2003 Legearen araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez ezarritako oinarrizko araudiarekin eta oro har aplikatu behar diren gainerako xedapenekin bat etorriz,
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza-kooperatiben gastuei aurre egiteko dirulaguntzen deialdia egitea. Gastuok 3. artikuluan zerrendatzen diren diruz lagundu daitezkeen jardueren ondoriozkoak izan behar dute, eta 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 20ra bitartean sortutakoak.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Helburu horretarako, hogeita hamahiru mila (33.000) euroko kreditua esleitzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan 2019. urterako.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Hezkuntza Sailak, deialdi honen bidez, Hezkuntza Sistema Hobetzeko Planeko ildo estrategikoei lotutako prestakuntza bultzatzen du, eta, batez ere, ildo hauekin lotutakoa.
– IE 1. Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza.
– IE 2. Hezkuntza inklusiboa eta aniztasunerako arreta.
– IE 3. Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren esparruan.
– IE 4. Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak.
Agindu honetako laguntzak helburu hauek betetzeko dira:
a) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoei bideratutako prestakuntza-jarduerentzat, baldin eta irakaskuntzok atxikita badaude Hobekuntza Planeko lerro estrategikoei, zeinak inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegia aintzat hartuz diseinatu eta gara tuko baitira. Gastutzat hartuko dira ikastaroak, mintegiak, tailerrak, konferentziak, eta horiek antolatzeak dakartzanak (hizlariaren joan-etorrietarako, osaturako edo mantenurako dietak, lokalen alokairua, prestakuntza-jarduerari lotutako materiala erostea).
b) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei bideratutako prestakuntza-jardueren gastuentzat, baldin eta irakaskuntzok atxikita badaude Hobekuntza Planeko lerro estrategikoei, zeinak inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegia aintzat hartuz diseinatu eta gara tuko baitira. Gastutzat hartuko dira ikastaroak, mintegiak, tailerrak, konferentziak, eta horiek antolatzeak dakartzanak (hizlariaren joan-etorrietarako, osaturako edo mantenurako dietak, lokalen alokairua, prestakuntza-jarduerari lotutako materiala erostea).
c) Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei bideratutako jarduera osagarrietarako gastuentzat (irteerak, txangoak, topaketak), baldin eta irakaskuntzok atxikita badaude Hobekuntza Planeko lerro estrategikoei, zeinak inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegia aintzat hartuz diseinatu eta gara tuko baitira. Gastutzat hartuko dira jarduera osagarriak antolatzeak dakartzanak (ostatua, joan-etorriak, dietak, lokalen alokairua, jarduera osagarriari lotutako materiala erostea).
Inklusioaren eta hezkidetzaren ikuspegia zera da: proposatzen diren ekintzetan kontuan hartuko dela ikasleetan dagoen aniztasuna (generoa, kultura, hezkuntza-behar espezifikoak eta bereziak), bai eta haren familietan dagoena ere, eta behar diren neurriak hartuko dira ikasle guztiek parte hartu ahal izan dezaten ekintza horietan.
4. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Honako hauek izango dute deialdi honetan parte hartzeko eta laguntzen onuradun izateko aukera: unibertsitateaz kanpoko mailen irakaskuntza-kooperatibak, haur-hezkuntzako bigarren zikloko, lehen hezkuntzako, derrigorrezko bigarren hezkuntzako, lanbide-heziketako zikloetako eta batxilergoko hezkuntza-mailak ematen dituztenak, zuzenbidearen arabera eratuta badaude eta haien helburuek bat egiten badute indarreko legedian ezarritakoarekin, eta dagokion kooperatiben erregistroan izena emanda badaude, irakaskuntzakotzat jota.
2.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.
3.– Gainera, erakunde eskatzaileek legez eratuta eta dagokien kooperatiben erregistroan izena eta alta emanda egon beharko dute.
5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Erakunde interesdunek baliabide elektronikoak erabiliko dituzte eskaerak, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak egiteko.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.
3.– Eskabide-orriak eta erantzukizunpeko adierazpenak modu elektronikoan nola egin jakiteko argibideak eta ereduak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ampa_koop/web01-tramite/eu
4.– Eskaeraren ondorengo izapideak elektronikoki egingo dira, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire karpeta» izeneko atalean: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoan izapideak bitarteko elektronikoen bidez egiteko ordezkari bat izendatzen denean, pertsona horrek alta emanda egon beharko du Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko Ordezkarien Erregistro Elektronikoan: https://www.euskadi.eus
6. artikulua.– Gutxieneko eskakizunak egiaztatzea.
1.– Ofizioz egiaztatuko da dagokion irakaskuntza-kooperatiben erregistroko izen-ematea eta alta, baldin eta EAEko Kooperatiben erregistroan inskribatuta badago kooperatiba. Hala ez bada, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu kooperatibak.
2.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako.
3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua betez, erantzukizunpeko adierazpen bat sartu beharko da eskabidean, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
a) Eskabidea, eta ala badagokio, edozein administraziori edo erakunde publiko zein pribaturi xede bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatu eta, jaso izanez gero, jaso direla.
b) Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen direla laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
c) Eskatzaileak ez duela dirulaguntzak edo laguntza publikoak jasotzeko debekurik zigor- eta administrazio-arloan, ez eta laguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexu-bereizkeriaren ondoriozkoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
d) Eskatzailea ez dagoela sartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan.
e) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
4.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diotela organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak eragotzi gabe.
5.– Betekizunak eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik egiaztatuko dira, edo, eskabidea zuzendu egin behar bada, zuzenketa-epean; horretarako, dagokion ziurtagiria aurkeztuko dute, edo baimena emango dute organo kudeatzaileak zuzenean egiaztatu ditzan.
6.– Era berean, prozedura honetan parte hartzen duten erakundeek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak benetakoak direla.
7. artikulua.– Dokumentazioa aurkeztea, eta horretarako epea.
1.– Erakunde eskatzaileek «Eskabidea» (I. eranskina) eta «Gastuen aurrekontua» izeneko formulario normalizatuak (II. eranskina) aurkeztu beharko dituzte, behar bezala beteta. Ereduak eskuragarri daude Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ampa_koop/web01-tramite/eu
2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Dokumentazioa bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu behar da, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ampa_koop/web01-tramite/eu
4.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete dokumentazioa, beraiek nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
5.– Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko mailen irakaskuntza-kooperatiba batek ofizialki onartutako bi zentrotan badihardu, bi eskabide egingo ditu, zentro bakoitzeko bat. Zentro batean bi irakaskuntza-kooperatiba edo gehiago badihardute, irakaskuntza-kooperatiba eskatzaile bakoitzak adieraziko ikasleen zer ehunekori ematen dion zerbitzua, «Gastuaren aurrekontua» izeneko formulario normalizatuan.
8. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ikusten badu aurkeztutako dokumentazioa osorik beteta ez dagoela edo nahitaezko agiri guztiekin batera aurkezten ez bada, pertsona interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean akats hori zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
2.– Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da.
3.– Jakinarazpena burututzat joko da interesdunak jakinarazpena jaso izanaren agiria elektronikoki sinatzen duenean.
4.– Jakinarazpen elektronikoa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Karpeta» atalean kontsultatu beharko da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
5.– Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
9. artikulua.– Datu pertsonalak.
Agindu honetako prozeduretan aurkeztutako eskabideetan eta dokumentuetan jasotako datu pertsonalen tratamendua Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egingo du, datuen tratamenduaren «arduradun» gisa. Datu pertsonal horien tratamenduaren xede izango da deialdi hau kudeatu eta ebazpena ematea. Horren interes publikoan eta bertan parte hartzeko eskaeran oinarritzen da xede hori.
Interesdunek beren datuei buruzko irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa eta transferitzekoa erabil ditzakete, bai eta datuen tratamendua mugatzekoa edo hari aurka egiteko eskubidea ere; horretarako, idazki bat bidali behar dute helbide honetara: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
11. artikulua.– Dirulaguntzak zenbatzeko prozedura.
1.– Laguntzen banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honetan ezarritako banaketa-sistema aplikatuko da. Zenbateko hori ez da inola ere izango kooperatiba bakoitzak eskatutako zenbatekoa baino handiagoa:
a) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoen prestakuntza-jardueren gastuak, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 100ean ordainduko dira.
b) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuak, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 100ean ordainduko dira.
c) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako bestelako jardueren gastuak –11.1.b) artikuluan jasota ez daudenak–, gehienez ere, jarduera horien kostuaren % 50 ordainduko dira.
2.– Hauxe izango da banaketa-sistema:
a) 162 euroko hasierako laguntza bat esleituko zaie onartutako eskabide guztiei.
b) Jarraian, kooperatiba bakoitzari esleituko zaio bi puntuazio hauen batura:
i) Diharduen zentroetako ikasle-kopuruagatik dagokion puntuazioa. Puntu bat emango da ikasle bakoitzeko.
ii) Zentroko bekadunen kopurua bider hiru egitean lortutako puntuazioa.
Kooperatiba bakoitzari esleitutako ikasleen eta ikasle bekadunen kopurua eskabidea aurkezteko epea amaitzean dokumentazio estatistiko ofizialean jasotakoa izango da.
c) Deialdiaren zenbatekoari (33.000 euros) hasierako laguntzen zenbatekoa kenduko zaio. Kenketa horren emaitza izango da banatu beharreko soberakina.
Banatu beharreko soberakin hori kooperatiba guztiei emandako puntu guztien baturarekin zatituko da, eta faktore konstante horrekin biderkatuko da kooperatiba bakoitzari esleitutako puntuazioa.
d) Lortutako zenbatekoari hasieran emandako 162 euroko laguntza gehituko zaio, kooperatiba bakoitzari eman beharreko dirulaguntzaren guztizko zenbatekoa zehazteko.
12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzorde bat izendatuko du, laguntzak esleitzeko proposamena egiteko. Hauek osatuko dute batzordea:
a) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuaren zuzendaria edo hark izendatzen duen ordezkoa: batzordeburu jardungo du.
b) Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Berrikuntza Pedagogikorako lurralde-burutza bakoitzeko ordezkari bana.
c) Pedagogia Berriztatzeko Zerbitzuko ordezkari bat; idazkari jardungo du.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak emango du eta interesdunei jakinaraziko zaie Eusko Jaurlaritzako Egoitza Elektronikoan argitaratuz (https://www.euskadi.eus/y22-ediktu/eu), lau hileko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatuta. Aurkeztutako eskaerei dagokienez, kooperatiba onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoa adieraziko da edo, dagokionean, eskaera ezesteko edo ez onartzeko arrazoiak.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, SMSak edo mezu elektronikoak igorriz, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara. Abisu horiek ez dute inolaz ere jakinarazpen-baliorik izango.
Gainera, dirulaguntzak emateko ebazpena EHAAn argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.
2.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Artikulu honen lehenengo zenbakian aipatutako epea igarota, ebazpena onuradunei jakinarazten ez bazaie, dagokion eskabidea ezetsi egin dela uler dezakete onuradunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.
14. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honen bidez lortutako laguntza bateragarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren bidez edo beste edozein administrazio publikotik eta erakunde pribatutik lortutakoekin, betiere guztien baturak ez badu gainditzen dirulaguntza honen xede den gastuaren % 100. Gainditzen badu, egindako gastutik gora jasotzen den kopurua kenduko zaio deialdi honen arabera legokiokeen dirulaguntzari.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betekizunak.
Agindu honetan araututako laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak, finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak barne, Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 18. artikuluaren 4. zenbakian eta 46. artikuluan jasotakoarekin bat etorriz.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.
a) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
c) Dirulaguntza ematen duen administrazioak egiaztatzeko egiten dituen jarduketak egiteko laguntza ematea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketetarako ere.
d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea dirulaguntza eman duen erakundeari.
e) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, jakinarazpenaren osteko hamabost eguneko epean ez bada berariaz eta idatziz uko egiten, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.
4.– Diruz lagundutako jardueren ondorioz sor daitezkeen arriskuak bere gain hartzea eta, hala badagokio, arrisku horiek estaltzeko asegurua egitea.
16. artikulua.– Laguntzen ordainketa.
1.– Agindu honen babesean emandako laguntzak bi zatitan ordainduko dira:
a) Lehen ordainketa batean emandako zenbatekoaren % 75 ordainduko da, dirulaguntza eman dela jakinarazi ostean, hamabost eguneko epean onuradunak ez badio dirulaguntzari espresuki uko egiten.
b) Gainerako % 25a, ordea, «Gastuaren justifikazioa» izeneko formulario normalizatua (III. eranskina) behar bezala beteta aurkeztean ordainduko da. Formulario horrekin batera, onartutako dirulaguntzaren zenbatekoa edo handiagoa osatzen duten fakturak ordainagiriak aurkeztu beharko dira. Agiri horiek aurkezteko epea 2019ko abenduaren 20an amaituko da, egun hori barne.
2.– Administrazioak laguntzak eta dirulaguntzak ordaindu ahal izan ditzan, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Hirugarrenen Erregistroaren datu-basean egon behar du erakunde eskatzaileak. Datu hori ofizioz egiaztatuko da.
Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko duzu bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: http://www.ogasun.ejgv.euskadi.eus/r51-341/es/contenidos/informacion/regtelter_infor/es_rtt/infor_rtt.html
3.– Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo dirulaguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei dirulaguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
17. artikulua.– Justifikazioak aurkezteko tokia eta modua.
1.– Justifikazioak modu elektronikoan aurkeztu ahalko dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ampa_koop/web01-tramite/eu
2.– «Gastuaren justifikazioa» izeneko formulario normalizatua aurkeztuko da, behar bezala beteta eta faktura eta ordainagiriekin edo horien fotokopia konpultsatuekin batera. Formularioa Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/ampa_koop/web01-tramite/eu
3.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dirulaguntza justifikatzeko jatorrizko dokumentazioa eskatu ahal izango dio erakunde onuradunari.
4.– 2. artikuluan esleitutako zenbatekoarekin lotutako gastuek zuzeneko lotura izan beharko dute antolatutako jarduerekin. Diru hauen izaera osagarria dela eta, faktura eta ordainagirien justifikazio-balioa beren edukiaren araberakoa izango da, eskala hauei jarraikiz:
a) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleen gurasoei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuen % 100.
b) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako prestakuntza-jardueren gastuen % 100.
c) Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxeen titular diren irakaskuntza-kooperatibetako ikasleei zuzendutako bestelako jarduerei dagokienez, 17.4.b) artikuluan jasota ez dauden jardueren kostuaren % 50 ordainduko da gehienez ere.
5.– Esleitutako dirulaguntza adierazitako epeetan justifikatu ezean edo esleitutako dirulaguntza baino gutxiago justifikatuz gero, ebazpena aldatzeko prozesua hasiko da, dagokion kopuruaren heinean, eta, hala badagokio, galdu egingo da laguntza eskuratzeko eskubidea.
18. artikulua.– Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa orok, laguntzaren helburua bete dela jotzen bada, ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, betiere dirulaguntzaren onuradun izateko ezarri diren gutxieneko baldintzei eusten bazaie. Ondorio horietarako, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak dagokion likidazio-ebazpena emango du; ebazpen horretan, emandako laguntzen zenbatekoak berriz doituko dira, eta laguntza horiek emateko ezarritako irizpideak eta mugak aplikatuko dira. Hartzaileek, beraz, sobera jasotako zenbatekoak itzuli beharko dituzte. Baldintzak aldatzeak emandako dirulaguntza osoa edo haren zati bat itzuli beharra baldin badakar, 19. artikuluan araututako itzultze-prozedura hasiko da.
19. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.
1.– Dirulaguntzen pertsona onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura bitartean jasotako itzulketa-kausaren bat egoteagatik.
b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.
c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.
d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.
e) Oro har ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua), agindu honetan edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritako betekizunak.
2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
AZKEN XEDAPENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 19a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.