EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2019098

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 10ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez baimena ematen baita UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolaren izena aldatzeko.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-05-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201902515
Maila: Agindua
Autonomia Estatutuaren 16. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak irakaskuntza-eskumena du, eskumenaren luze-zabalean, maila eta gradu guztietan, eta modalitate eta espezialitate orotan, eta, betiere, arau hauekin bat: Konstituzioaren lehen xedapen gehigarria; Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoa –apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua–; Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legea.
Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, gerora apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoaren bidez aldatua izan zenak, 8.2 artikuluan arautzen du autonomia-erkidegoei dagokiela unibertsitate publikoetako irakastegiak sortu, aldatu edo kentzea, eta erabaki hori beren kabuz har dezakete, unibertsitateetako gobernu-kontseiluaren adostasuna jasota, edo unibertsitateren baten ekimenez, haien gobernu-kontseiluak egindako proposamenaren bidez. Kasu batean zein bestean, gizarte-kontseiluaren aurretiazko eta aldeko irizpena behar da.
Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legearen 62.2.c) artikuluan arautzen da unibertsitateen gai-alorrean eskumenduna den sailaren ahalmenetako bat izango dela fakultateak, goi-mailako eskola tekniko edo politeknikoak, unibertsitate-eskolak, unibertsitate-eskola politeknikoak, ikerketako unibertsitate-institutuak edo ikasgelatik kanpoko irakaskuntza antolatzen duten beste erakunde edo ikastetxe batzuk sortu, aldatu edo ezabatzea.
Euskal Herriko Unibertsitateak proposatzen du UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolaren izena kendu eta haren ordez UPV/EHUko Doktorego Eskola jartzea. Proposamenak ez dakar zentro horren izaera edo funtzioak aldatzea, izen-aldaketa hutsean oinarritutako aldaketa da-eta, eta hori horrela, Unibertsitatean zein Eskolan bertan irakasten denaren errealitateari eta legediari egokitzeko asmoz.
Otsailaren 15eko 17/2011 Dekretuak onartu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak egun indarrean dituen estatutuak, eta araudi horren 10. artikuluak arautzen du Unibertsitateak zer egitura izango dituen. Eskolak eta fakultateak dira egitura horietako batzuk. Arau horren 130. artikuluak, halaber, arautzen du Gobernu Kontseiluari dagokiola fakultateak eta/edo eskolak sortu, aldatu eta ezabatzeko proposamenak egitea.
2019ko urtarrilaren 31ko Erabakiaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak onartu zuen UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolaren izena kendu eta haren ordez UPV/EHUko Doktorego Eskola jartzea.
2019ko martxoaren 27ko Erabakiaren bidez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte Kontseiluak erabaki zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari proposatzea UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolaren izena kendu eta haren ordez UPV/EHUko Doktorego Eskola jartzea.
Horrenbestez, Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak 2019ko urtarrilaren 31n hartu zuen erabakia eta haren Gizarte Kontseiluak 2019ko martxoaren 27an eman zuen aldeko irizpena ikusita, eta proposamen hori, abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoaren 8.2 artikuluak arautzen duen moduan, Euskal Autonomia Erkidegora igorrita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Onartzea UPV/EHUko Master eta Doktorego Eskolaren izen-aldaketa, haren ordez UPV/EHUko Doktorego Eskola izena jarriko baitzaio.
Bigarrena.– Eskolak, bere jardunean, bete beharrekoak izango ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Estatutuak, Irakaskuntza Zentroen Esparru Erregelamendua eta betetzekoak dituen gainerako arauak.
Hirugarrena.– Agindu hau Unibertsitate Politikako Biltzar Nagusiari eta Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioari jakinaraztea, azken honek proposamena Gobernuari igor diezaion zentroaren ofizialtasuna ezartzeko, Unibertsitate, Zentro eta Tituluen Erregistroan inskriba dezan (irailaren 12ko 1509/2008 Errege Dekretuaren bidez arautua) eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara eman dezan.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 10a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.