EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019096

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 30ekoa, Kulturako sailburuordearena, zeinaren bidez Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeari delegatzen baitzaio Euskadiko Artxibo Historikoaren zaintza- eta segurtasun-zerbitzuaren kontratazioa (Maria Diaz Haroko kalea 3, Bilbao).

Xedapenaren data: 2019-04-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201902460
Maila: Ebazpena
Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako Sailburuordetzari dagokio kontratazioa egitea kudeaketa bateratuaren arloan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Sektore Publikoaren kontratazio-araubidea onartzeko uztailaren 27ko 116/2016 Dekretuaren 15. eta 17. artikuluetan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala onartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 19.d) artikuluan.
Bestalde, aipatutako 116/2016 Dekretuaren 20. artikuluan ezartzen denez, kontratazio zentralizatukotzat deklaratu ahal izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren erakundeek orokorrean eta ezaugarri nagusi bertsuekin kontratatzen dituzten hornidura, obra eta zerbitzuak.
Duela urte batzuetatik hona, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak egiten du, modu independentean, Euskadiko Artxibo Historikoaren eta probintzietako artxibo historikoen zaintza- eta segurtasun-zerbitzuaren kontratazioa. Halere, ekainaren 12ko 86/2018, 87/2018 eta 88/2018 Dekretuen bidez –horien bitartez onartzen da 2018ko ekainaren 4ko Erabakia, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen arteko Transferentzien Batzorde Mistoena–, estatuaren titulartasuneko artxiboen arloko egitekoak eta zerbitzuak transferitu zaizkie foru-aldundiei. Ondorioz, hiru lurralde historikoetako probintzietako artxibo historikoen kudeaketa dagoeneko ez du Eusko Jaurlaritzak egiten. Euskadiko Artxibo Historikoaren kudeaketa bakarrik geratzen da Eusko Jaurlaritzaren eskumen-eremuaren barruan.
Aurrekoa aintzat hartuta, egokitzat jotzen da modu bateratuan egitea zaintza- eta segurtasun-zerbitzuaren kontratazioa, zerbitzuen kudeaketa hobetzeko eta gastu publikoa arrazionalizatzeko. Horrela, kontratazioa modu zentralizatuan egiteko bide edo formula egokiena da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 9 artikuluan eskumenak delegatzeko jasotakoa, eta honako hau xedatzen du:
«1.– Administrazio publikoetako organoek beste organo batzuei delegatu diezazkiekete beren eskumenak, baldin eta organo horiek administrazio berekoak badira, nahiz eta hierarkikoki bata bestearen mendekoa ez izan,...».
Horregatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 82/2017 Dekretuak Kulturako sailburuordeari esleitzen dizkion eskumenak baliatuz –haien artean dago sailaren kontratazio-organoa izatea–, honako hau
EBAZTEN DUT:
I.– Administrazioko eta Zerbitzu Orokorretako sailburuordeari delegatzea Euskadiko Artxibo Historikoa dagoen eraikinaren zaintza- eta segurtasun-zerbitzua 2019an eta 2020an kontratatzeko eskumena (Maria Diaz Haroko kalea 3, Bilbao).
II.– Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean aurreikusitako arlo hauetara zabalduko da delegatzea, betiere kontratuari aplikatzekoak badira:
– Kontratua prestatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 1. atala).
– Kontratua adjudikatzea (II. liburua, I. titulua, I. kapitulua, 2. atala).
III.– Delegatzen duen organoaren barruan jarraituko dute kontratazio-organoari dagozkion gainerako prerrogatiba eta eskumenek, eta, bereziki, egindako zerbitzuen betetzeari onespena emateko eta haien ordainketa agintzeko eskumenek.
IV.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da delegatze hau, eta argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 30a.
Kulturako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.