EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019096

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 6koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez egiten baita Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1eko eraikina ordezteko xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-05-06
Hurrenkenaren zenbakia: 201902457
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Getxoko Udalak eskatuta, 2019ko otsailaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak kontsulta-izapidea abian jarri zuen abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta, horrenbestez, hainbat erakunderi eskatu zien ingurumen-organoak egin behar duen ingurumen-txosten estrategikoaren oinarria izateko egoki iritzitako oharrak egin zitzaten.
Zehazki, honako interesdun hauei eta ukitutako administrazio publiko hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza; Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritza; eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkartea eta «Eguzkizaleak» aisialdiko elkartea, interesduntzat jo baitira.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Indarreko araudian erantzunak jasotzeko ezarrita dagoen epea amaituta, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzarena jaso dira.
Ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulten izapidearen emaitza ebazpen honetan dago jasota.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan xedatuta dago zer planek eta programak jaso behar duten ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua.
Aipatutako 6.2 artikuluan dago zehaztuta, besteak beste, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dutela (eta, horretarako, 29.etik 32.erako artikuluetan arautzen den prozedura erabili) etorkizunean proiektuak baimentzeko esparrua ezartzen duten hiri- eta landa-lurraldeen antolamenduari eta lurzoruaren erabilerari buruzko plan eta programek, baldin eta 6.1 artikuluan aipatutako betekizunak betetzen ez badituzte.
Dokumentazio teknikoa eta xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1eko eraikina ordezteko xehetasun-azterketaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du txostenak, eta bera aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Hauek ikusirik: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen hirugarren xedapen iragankorra; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1eko eraikina ordezteko xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea –aurrerantzean, plana–, zehaztapen hauen arabera:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Algortako Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1ean dago aldaketa-eremua, Getxoko «San Nikolas» 27ko arloan, Algortaren erdialdean, Usategi, Algorta, Arrigunaga, Sarri eta Portu Zaharrarekiko mugan. Lurzatia hiri-lurzoru gisa dago sailkatuta, eta bizitegi-lurzoru misto gisa kalifikatuta, dentsitate ertaineko gisa, non eraikuntza nagusia etxebizitza kolektiboa den, etxe-uharte itxikoa eta bloke irekikoa. Orubearen azalera 879,91 m
Eremu hori Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1eko eraikina ordezteko xehetasun-azterketaren ingurumen-dokumentu estrategikoko –aurrerantzean, plana– 1. planoan dago –ortofotoa, A3 1:500 eskalakoa–.
Iparraldeko muga Rementeriena kalea da; hegoaldekoa, Abasota kaleko 4 eta 6ko eraikin kolektiboak; ekialdean, Jardinagane etxea eta Arrigunagako Jaitsiera kalea; mendebaldean, Ansoena-Osteicoa etxaldea.
Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1eko eraikina ordezteko xehetasun-azterketaren helburua da: lerrokadurak eta sestrak definitzea, bolumenak ordenatzea eta eraikuntzaren eta obra osagarrien alderdi eta ezaugarriak arautzea lurzati guztiaren urbanizazioan, bertan dagoen eraikina eraisteko eta etxebizitza eraiki berriak ezartzeko asmotan.
3 solairuko eraikuntza dago aurreikusita (beheko solairua + 2), orotara sestra gaineko 676,24 m
Hortaz, planaren ingurumen-ebaluazioaren helburuak hauexek dira: etxebizitza-bloke berria urbanizatu eta eraikitzeko antolamendu xehatuaren ondorioz ingurumenean izango diren eraginak kalkulatzea, eta eragin horiek ez izateko, zuzentzeko edo konpentsatzeko behar diren zehaztapenak sartzea.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira, plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Etxebizitza-bloke bat eraiki ahal izateko irizpide eta baldintzak ezartzeak ez du esan nahi esparrua ezartzen denik legez ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa izan behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Ez da bateraezintasunik aurkitu planaren eta beste lurralde-plan edo plan sektorial konkurrente batzuen artean.
c) Planaren helburua egokitzat jotzen da garapen jasangarria sustatzen duten ingurumen-irizpideak txertatzeko; bereziki, eraikingintzan eta eraikuntzan efizientzia handiagoz jokatzeari dagokionez, bai baliabideen erabileran, bai gero, amaieran, hondakinak aprobetxatzean.
d) Era berean, plana egokitzat jotzen da Europako edo Espainiako ingurumen-legedia ezartzeko; hain zuzen ere, hondakinei, energia aurrezteari, energiaren errendimenduari eta energia berriztagarriak sustatzeari dagokienez.
2.– Efektuen eta eraginpean hartuko omen den eremuaren ezaugarriei dagokienez:
Eremuak hiri-lurzoru finkatuaren izaera duenez, ez dago ingurumen-babeseko araudirik duen espaziorik –esaterako, Natura 2000 Sarea–, ezta balio naturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere.
Balio kulturalen ikuspegitik, xehetasun-azterketaren eremuan, ez dago ez monumentu-multzo kalifikatu gisa deklaratutako kultura-ondasunik, ez inbentariatu gisa deklaratutako kultura-ondasunik, ez Euskal Kultura Ondarearen Inbentario Nagusikorik, Euskal Kultura Ondarearen 7/1990 Legearen arabera (1990-08-06ko EHAA); hala ere, Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1ean dagoen eraikina Getxoko HAPOren udal zaintzaren mendeko eraikinen zerrendaren barruan dago. Hala eta guztiz ere, inguruabar hori ez da oztopoa baimena eman ahal izateko eremu horretarako HAPOn ezarrita dauden arauek xedatutakoa betetzen duten jarduketak egin daitezen, eraistea eta ordeztea barnean izanik; izan ere, horietarako, bete egin beharko da horri dagokion udal irizpenean xedatutakoa.
Horretaz gain, ez da identifikatu planerako ingurumen-arazo nabarmenik ere.
Bestalde, ez da aurreikusten aldaketaren bidez ezarriko denik nahitaezko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar duten proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua.
Beraz, seguruenik, afekzio nagusiak urbanizazio- eta eraikitze-lanei eta horiek lasaitasun publikoan izango duten eraginari loturikoak izango dira: kutsatzaileen immisioak –batez ere, lurrak mugitzeak eta kamioiak ibiltzeak harrotuko dituen partikulena eta hautsarena– eta zaratak biztanleen osasunean izan dezaketen eragina, eta zirkulazio-egoeraren aldaketak eta hondakinen sorrerak eragindakoa.
Horregatik guztiagatik, aurreikusitako efektuak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan proposatzen diren neurri babesle eta zuzentzaileak aztertuta –kanpoko zarata-mailak murriztera zuzenduak, hautsaren edo partikulen atmosferarako isurketak sortzen dituzten eragiketak mugatzera zuzenduak eta hondakinak edo obrako soberakinak behar bezala kudeatzera zuzenduak–, ez da espero ingurumen-efektu garrantzitsurik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko arauen arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurkakoa ez den guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan adierazitakoaren arabera.
Planean, honako zehaztapen hauek sartuko dira, bertan aurreikusitako garapen-proiektuetan kontuan har daitezen:
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Obrek eta garbiketa-kanpainak dirauten bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Horretaz gain, obrako hondakinen birziklatzeari dagokionez, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko (bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzea), jarraian aipatzen direnak sustatu beharko dira, honako hurrenkera honetan: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu egin beharko da obra-proiektuaren eraikuntza- eta eraispen-hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete behar dituzte eta itxita egon beharko dute baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen. Dekretu horren bidez, Hondakin Toxiko eta Arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da.
Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1988 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurrak eta soberakinak kudeatzea: baimendutako soberakin-biltegira eramango dira proiektuan sortutako indusketa-soberakinak, eta indarreko legeetan ezarritakoaren arabera kudeatuko da biltegia.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Getxoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta soinu-igorpenei dagokienez, obrak egiteko erabiliko diren makinak egokitu beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-igorpenei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakoaren arabera.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Lorategiz hornitzea.
Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» deritzon argitalpenean emandako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hura Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.
Bigarrena.– Azkenik, aurreko guztia dela eta, ondorioztatzen da ezen, Getxoko Udalak bere eskumeneko gaietan egin ditzakeen kontsiderazioak kaltetu barik, txosten teknikoan ezarritako irizpideekin bat eta kontuan hartuta egindako kontsulten emaitza eta V. eranskinean ezarritako irizpideak, Getxoko Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1eko eraikina ordezteko xehetasun-azterketak ez daukala ingurumenaren aurkako efektu garrantzitsurik, txosten honen arabera; beraz, ez duela ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar.
Azkenik, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen xedearen eta helburuaren eta IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoaren arabera, planak ingurumen-kontsiderazioen integrazioa sustatu beharko du, batik bat garapen jasangarria sustatzeko, hauen bidez:
– Obrako hondakinen birziklatzea, eraikuntzan eta eraikingintzan baliabideak beren bizi-ziklo osoan zehar modu efizienteago batean erabiliko direla sustatzeko, bereziki obrak amaitutakoan hondakinak aprobetxatzeari dagokionez. Beraz, helburua honako hauek eta hurrenkera honetan sustatzea izango da: eraikingintzako eta eraispenetako hondakinen prebentzioa, berrerabiltzea, birziklatzea eta beste balorizazio-modu batzuk, eta, hala badagokio, ezabatze-eragiketen trataera egokia. Horretarako, bermatu beharko da eraikingintzako eta eraispenetako hondakinak gai honi buruzko arauen arabera sortu eta kudeatzen direla.
– Arkitektura jasangarria, eraikinen aurrezki eta efizientzia energetikoa eta energia berriztagarrien sustapena bultzatzeko xedez. Horretarako, eraikuntza-proiektuan, ahal den neurrian, kontuan hartu beharko dira Eraikuntza eta Birgaitze Jasangarriaren Gida, Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetarako dena. Eusko Jaurlaritza. 2015.
Ezarri beharreko neurriek jardun-eremu hauetan izan behar dituzte ondorioak, aplikagarritasunaren arabera, kasu zehatz bakoitzerako:
– Iturri berriztaezinen bidez sortzen den energiaren sorkuntza edo kontsumoa murriztea.
– Lehengai berriztaezinen kopurua murriztea.
– Materialak garraiatzeko prozesuak murriztea.
– Hondakin solido gutxiago sortzea.
– Lurzoruaren okupazioa murriztea.
– Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur gris gutxiago sortzea.
– Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
– Naturaren funtzioak hobetzea eta biodibertsitatea handitzea.
– Garraio-prozesu gutxiago egitea eta pertsonen mugikortasuna hobetzea.
– Barneko airearen kalitatea hobetzea.
– Konforta eta osasuna hobetzea.
Hirugarrena.– Getxoko Udalari jakinaraztea ebazpen honen edukia.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-txosten estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen ondorioak sortzeari utziko dio, baldin eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Arrigunagako Jaitsiera kaleko 1eko eraikina ordezteko xehetasun-azterketa onartzen ez bada. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 6a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.