EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019096

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 24koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, Mercedes Benz lantegiaren inpaktua txikitzeko hiriaren inguruan.

Xedapenaren data: 2019-04-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201902456
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Vitoria-Gasteizko Udalak, 2018ko urriaren 17an, eskabide bat aurkeztu zuen hasiera emateko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari, honako plan honi dagokionez: Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, Mercedes Benz lantegiaren inpaktua txikitzeko hiriaren inguruan. Eskabidearekin batera zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori landu duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2019ko urtarrilaren 30ean kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki iritzitako oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, honako hauei egin zitzaien kontsulta:
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetza.
– Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza.
– Ingurumen eta Hirigintzako Zuzendaritza. – Arabako Foru Aldundia.
– Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritza.
– Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (URA Uraren Euskal Agentziaren bitartez).
– Ihobe, Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa.
– GADEN, Grupo Alavés para la Defensa y Estudio de la Naturaleza Elkartea.
– Ekologistak Martxan Araba.
– «Eguzkizaleak» aisialdirako elkartea.
Era berean, Vitoria-Gasteizko Udalari izapidearen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eta Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak (biak Eusko Jaurlaritzakoak), Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Zuzendaritzak eta URA Uraren Euskal Agentziak. Espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan jasotako kasuen artean dago Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa, Mercedes Benz lantegiaren inpaktua txikitzeko hiriaren inguruan; izan ere, artikulu horretan ezartzen da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egin beharra, ingurumenerako eragin garrantzitsuak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Aztertuta geratu dira planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Mercedes Benz lantegiaren inpaktua hirian txikitzeko Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egindako aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa formulatzea, jarraian zehazten den moduan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
HAPO aldatzearen xedea da Mercedes Benz lantegiak haren inguruan duen inpaktua txikitzea; lantegiaren jarduera handitzen ari denez, instalazio berriak eraikitzeko premia sortzen ari da eta lantegitik plataforma logistikora doazen ibilgailuen trafikoa handitzen.
Beraz, honako hau proposatzen da:
– honako sektore hauek hiritar bezala birsailkatzea: S20 sektorea –565.378 m
– lantegiaren ekialdean aparkaleku bat egitea; horretarako, antzinako ST4 sektorearen ekialdean kokatuta dagoen partzela birkalifikatuko da, hiriko berdegune izatetik aparkaleku pribatu izatera pasatzeko.
– lantegia Vitoria-Gasteizko Garraio eta Logistikako Zentro Intermodalarekin lotzea.
– lantegiaren produkzio-gunea handitzea; horretarako, EQ-1 –4.863 m
– aldaketa honen esparruan Torrogiko errekak indarreko Plan Orokorraren dokumentazio grafikoan jasota duen marraketa zuzentzea, egoera errealera moldatzeko; erreka horretan egin zen ubideratze-obra bat, baina ez dago jasota aipatutako planoan.
Eremuaren ezaugarri nagusiak:
Izaera industrialeko hiritar eremu kontsolidatua da, eta trenbidearen ondoan dago.
HAPOren aldaketaren eremutik igarotzen da Torrogiko erreka; erreka horren zati batean ubideratze-obra egin zen bere garaian. Erreka horren inguruan –20. eta 4. sektoreen artean– berdegune bat dago, Zadorraren ibaiertzak eta Zuazoko basoa eta Vitoria-Gasteizko mendi garaiak lotzeko sortu zena, Vitoria-Gasteiz inguratzen duen eraztun berdeari segida emanez.
Mercedes lantegia kokatuta dagoen lurzati osoa eta S20 sektorean kokatutako lurzatiak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan daude jasota, eta honako kodeak dituzte: 01059-01463 (ibilgailu motordunen mantentze-lanak eta konponketak jasan ditu) eta 01059-00342 (ibilgailu motordunen fabrikazioa jasan du). Halere, ez da aurreikusten aldaketak eragingo dienik.
Akuiferoen kutsadurarekiko kalteberatasun handiko bezala kalifikatuta dago eremua, Vitoria-Gasteizko akuifero kuaternarioaren gainean kokatua baitago.
Zortasun hidraulikoko, eta trenbidearen eta aireportuaren zortasun akustikoko guneek eragiten diote eremuari. Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, kalitate akustikoaren helburuak betetzen dira.
Eremutik 300 metrora gutxi gorabehera, Zadorra ibaiaren ES 2110010 KBE Kontserbazio Bereziko Eremua dago, eta 400 metrora gutxi gorabehera, hegoalderantz, ES2110013 Arabako Lautadako Irla-hariztiak KBEa; inguruan, EAEko Korridore Ekologikoen Sarearekin lotutako elementuak daude; bestalde, aldaketaren jarduketa-eremuan, Batasunaren intereseko habitata dago –9240 Quercus faginea eta Quercus canariensis harizti iberiarrak– eta Batasunaren intereseko beste habitat batzuekin egiten du muga, 4090-elorri triskadun txilardi oromediterraneo endemikoekin, esaterako; ingurumen-dokumentu estrategikoan zehazten da aldaketak ez diela eragiten ez eremu babestuei ez eta haien babes-eremu periferikoei ere.
HAPO aldatzeak ingurumenari dagokionez agian eragin ditzakeen inpaktu esanguratsuak.
Agian izan ditzakeen ondorio kaltegarriak: eraztun berdean egun dagoen ebakia handitzea –egungo 20 metrokotik 22 metrokora– bidea egitearen ondorioz. Era berean, obrak egitean, lurzorua okupatzeaz gain, honako hauek gerta daitezke: lur-mugimenduak, hondeaketa-soberakinak, hondakinak sortzea, hautsa, zarata eta herritarrei eragindako eragozpenak, lurpeko urak kutsatzeko arriskua, landaredia galtzea; aurreikusitako jarduketak burutu ondoren, aipatzekoak dira baliabideak kontsumitzea, lantegiarekin zerikusia duten hondakinak sortzea, sistema hidrologikoari eragitea –lurzoruaren iragazgaiztasuna handitzea, akuiferoak kargatzeko ahalmena gutxitzea–, besteak beste.
Ingurumen-dokumentu estrategikoan jasota daude aurreikusitako jarduketek agian eragingo dituzten ondorioak txikitzeko neurriak.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, HAPO aldatzeak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen beste proiektu batzuetarako esparrua: aurkeztutako dokumentazioaren arabera, HAPOren aldaketak ez du biltzen ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorik beharko luketen proiektuak garatzeko zehaztapenik.
b) Planaren eragina beste plan eta programa batzuetan: ingurumen-dokumentu estrategikoan jasota dago zortasun hidraulikoek, trenbidetakoek, aeronautikoek eta aireportuetakoek eragiten diotela eremuari. Araudi horietan xedatutakoa bete beharko da, zehazki araudi hidraulikoan ezarritako zehaztapenak.
c) Planaren egokitasuna ingurumen-baldintzak integratzeko, zehazki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin: lortu nahi den helburuetako bat da lantegiak bere inguruan duen inpaktua txikiagotzea, inguruetan trafikoa gutxitzea ingurune industrialera desbideratzeko. Gainera, artifizialdutako lurzoruen erabilera handitzea sustatzen da, lurzoru berriak okupatu ordez.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo garrantzitsuak: espero daitezkeen inpaktu garrantzitsuenak eraikina eta bide berriak eraikitzeko obrekin zerikusia dutenak izango dira (lurzorua okupatzea, lur-mugimenduak, partikulak aireratzeak eta zaratak direla-eta eragindako kutsadura atmosferikoa, landaredia galtzea, baliabideak kontsumitzea...) eta aurreikusitako jarduketak inplementatzeari lotutakoak, esaterako sistema hidrologikoaren eragitea (lurzoruaren iragazgaiztasuna handitzea, akuiferoak kargatzeko ahalmena gutxitzea) eta Vitoria-Gasteizko eraztun berdearen gaineko zuloa handitzea.
e) Plan Berezia egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– ezartzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Ondorioen eta agian eragindako eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta zehaztapenetan kontuan hartuta HAPO aldatzea eta ingurumen-txosten estrategiko honetan adierazitako alderdiak, ez da aurreikusten hura gauzatzetik sortutako ingurumen-arazo garrantzitsurik izango denik, betiere, besteak beste, honako gai hauetan indarrean dagoen araudian ezarritakoa betetzen bada: segurtasuna eta osasuna, ingurumena, natura-ondarea, kultura-ondarea, paisaia, kutsadura akustikoa, hondakinak eta lurzoru kutsatuak eta urak; bereziki, indarreko uren araudian xedatutakoari jarraituko zaio.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak honako arau hauei jarraituz gauzatuko dira: indarreko araudia, ingurumen-txosten estrategikoa formulatzen duen ebazpenean ezarritakoak, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den edozertan, ingurumen-agiri estrategikoan eta HAPOren aldaketan bertan jasotakoarekin bat etorriz. Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
– Torrogiko errekaren ibilgunearen indarreko HAPOren dokumentazio grafikoa zuzentzeko proposamenari dagokionez egun duen egoerara egokitzeko, eta, dagoeneko egina dagoen ubideratze-obraren trazadura berriaren muga alde batera utzita, aintzat hartu behar da trazadura zaharra oraindik ere jabari publiko hidraulikoa dela, eta, horrela jasota geratu beharko dela proposatutako ordenazio-plano berrietan. Urei buruzko legeetan ezarritakoa bete behar da, batik bat EAEko Ibaiak eta Errekak Antolatzeko Lurralde Plan Sektorialak ezarritakoa. Aurreikusitako aparkalekua ezingo da kokatu errekaren gainean ez eta hura babesteko zortasun-eremuan ere.
Beraz, HAPOan proposatutako aldaketa onartzeko dokumentazioan, jabetza publiko hidraulikoaren mugaketa grafikoarekin zerikusia duten alderdiak eta Mercedes lantegia CTV Gasteizko Garraio Zentroarekin lotzeko bidearen diseinua zuzendu beharko dira.
– Obra-proiektua gauzatzean, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.
Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.
Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.
Jarduketa-eremuan espezie inbaditzaileen presentzia detektatzen bada, gai horretan eskumena duen organoari kontsulta egitea gomendatzen da, espezie horiek deuseztatzera bideratutako neurriak hartzeko.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakinak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko araudietan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinak Eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen Kudeaketa arautzen duen uztailaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
– Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
– Induskatutako lurzoruen kontrola: Vitoria-Gasteizko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
Era berean, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak izan dituzten edo dituzten lurzoruak ukituak izan badaitezke, lurzoruaren kalitatea adierazteko izapidea egin beharko da, baldin eta Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 23. artikuluan aurreikusitako egoeraren bat gertatzen bada.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea:
Obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentu-tranpak edo iragazkiak.
– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria:
IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikingintza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Iturri berriztaezinen bidez sortutako energia-kopurua edo -kontsumoa murriztea. Etorkizuneko eraikingintzara hobekien egokituko den energia berriztagarria aprobetxatzeko sistemak ezartzeko bideragarritasuna aztertzea (eguzki-energia, termikoa, fotovoltaikoa, energia geotermikoa edo biomasa).
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa murriztea. Eraikingintza berrian, ura eta energiaren kontsumoa aurrezteko sistemak ezartzea (difusoreak, itzaltzeko eta pizteko sentsoreak, kontsumo baxuko argiztapena eta abar).
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
Hiritartu beharreko eremu berrietan kontsumo baxuko argiztatze-sistemak erabiltzeko aukera aztertu beharko da, argiaren kutsadura saihesteko eta energia aurrezteko.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea. Eraikuntza berrien barne-erabilerak banatzeko orduan, argi naturalaren aprobetxamendu eraginkorra hartu beharko da kontuan, besteak beste.
– Hondakinen gaikako bilketarako gune egokiak sortzea.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Mercedes Benz lantegiaren inpaktua hirian txikitzeko Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egindako aldaketak eragin garrantzitsurik izango duenik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Vitoria-Gasteizko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Vitoria-Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean egindako aldaketa onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 24a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.