EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019096

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 7koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena. Honen bitartez, lanperna (Pollicipes pollicipes) ustiatzeko plana onartzen da Gorlizko Billano lurmuturraren eta Bakioko Birjilandaperen arteko itsasertzean.

Xedapenaren data: 2019-05-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201902453
Maila: Agindua
Itsas arrantzaren martxoaren 13ko 6/1998 Legearen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat, itsas jarduna antolatu eta arautzeko finkatzen diren neurriek, jasangarritasuna oinarri dutela, itsas baliabideak babestera eta kontserbatzera joko dute, eta itsasaldeko komunitateak garatzera. Halaber, lege horren 6. artikuluaren arabera, itsas baliabideen ustiapena egokia eta arrazoizkoa izateko, baliabideok legez baimendutako bitartekoak eta aparailuak erabiliz ustiatu behar dira, eta oreka jasangarria bermatu behar da jardueraren errentagarritasun ekonomikoaren eta itsasoko baliabide eta ekosistemen babes eta kontserbazioaren artean.
Premisa horietatik abiatuz, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak lanperna ustiatzeko plan esperimental bat ezarri zuen 2014an, Gorlizko Billano lurmuturraren eta Bakioko Birjilandaperen artean kokatzen den itsasertzeko tartean; plan hori luzatuz joan da.
Plan horren emaitza eta, bereziki, baliabidearen lehengoratze-gaitasuna ebaluatu ostean, bidezkoa da ustiapen plan mugagabea ezartzea, baliabidearen erauzketa jasangarria bermatuko duena.
Agindu honen helburua da lanpernaren (
Plan hori aplikatzearen ondorioz, lanpernak harrapatzeko debekua ezartzen zaie bai aisialdiko arrantzaleei, bai eta espresuki baimenduta ez dauden arrantzale profesionalei ere.
102/1997 Dekretuaren azken xedapenetako lehenengoaren bidez, ahalmena ematen zaio arrantza gaietan eskumena duen sailburuari debekualdien eta gutxieneko neurrien taula orokorra aldatzeko, kirol-arrantzaleentzat debekatuta dauden espezieen kopurua handitzeko, eta biltzeko garaia, era eta tokiak finkatzeko, txosten eta irizpen teknikoen arabera.
Hori kontuan izanik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Billano lurmuturraren (43.º 26´02.99´´N eta 2.º 56´40.62´´W) eta Bakioko Birjilandaperen (43.º 25´55.52´´N eta 2.º 48´41.19´´W) artean kokatzen den eremuan lanperna (
Bigarrena.– Billano lurmuturraren (43.º 26´02.99´´N eta 2.º 56´40.62´´W) eta Birjilandaperen (Bakioko udalerria, 43.º 25´55.52´´N eta 2.º 48´41.19´´W) artean lanpernak biltzea debekatzea bai aisialdiko arrantzaleei bai plana betearazteko baimenduta ez dauden profesionalei.
Hirugarrena.– Ahalmena ematea Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari agindu honetan xedatutakoa gauzatzeko behar diren neurriak har ditzan.
Laugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Bosgarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 7a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
LANPERNAK USTIATZEKO PLANA BILLANO LURMUTURRAREN ETA BAKIOKO BIRJILANDAPEREN ARTEKO ITSASERTZEAN
1.– Ustiatu daitekeen espeziea.
Planaren xedea lanperna (
2.– Ustiapen-eremua.
Gorlizko Billano lurmuturraren (43.º 26´02.99´´N eta 2.º 56´40.62´´W) eta Bakioko Birjilandaperen (43.º 25´55.52´´N eta 2.º 48´41.19´´W) arteko itsasertzaren zatia da ustiapen-eremua.
3.– Planaren indarraldia.
Ustiatzeko plan honek ez du epemugarik; hala ere, bi urtean behin ebaluatuko da lanpernaren populazioaren egoera.
4.– Jardueraren baldintzak. Baimenak.
Planaren ustiapen-eremuan, planaren aurreikuspenen arabera edo plana garatzen duten ebazpenen arabera baimendutako pertsonek baino ezin izango dituzte lanpernak bildu.
Baimena eskatuko zaio Eusko Jaurlaritzaren Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzari.
Planaren ustiapen-eremuan, lanpernak biltzeko baimena eskatu ahalko dute itsaski-bilketa oinez –lanpernak, kasu honetan– egiten dutenen erroldan izena emanda dauden pertsonek.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak lanpernak biltzeko baimena eman ahalko die itsaski-biltzaileen erroldan ez dauden arrantzale profesionalei, baldin eta gomendagarria bada.
Planean parte hartzeko baimena ematen badute, ebazpenek berariazko baldintza eta jarraibideak eduki ahal izango dituzte bai lanperna-bilketari buruz bai datuen aurkezpenari buruz.
5.– Gehieneko ustiapen-kuota.
Gehienezko 2.000 kg-ko hasierako ustiapen-kuota ezartzen da sasoiko. Sasoia maiatzaren 1ean hasi eta hurrengo urteko apirilaren 30ean amaitzen da. Gehienezko kuota hori bi urtean behin berraztertuko da, dagokion baliabide-ebaluaketaren ondoren.
6.– Biltzeko aldia.
Biltzeko aldia urte osoa izango da, debekualdirik gabe.
Baliabidearen ebaluaketa egiten den urtean, hiru hileko debekualdia ebatziko da, ekain eta abuztu bitartean, ebaluaketa ez eragozteko.
7.– Gutxieneko neurria.
Ale solteentzat 40 mm-ko gutxieneko neurria ezartzen da; horretarako, lanpernak, tenkatu gabe dela, guztira zer luzera duen (L) neurtuko da, kapituluaren muturretik pedunkuluaren oinarriraino, eskema honi jarraituz:
Biltzerakoan lanpernak «multzoan» ateratzen badira, gutxieneko neurri horretara heldu beharko dute, gutxienez, multzo bakoitzaren pisuaren % 60 osatzen duten aleek.
8.– Bilketarako metodoak eta baldintzak.
Debekatuta dago lanpernak biltzea larunbateko 00:00etatik igandeko 24:00etara bitartean, baita jaiegunetan ere. Debeku hori salbuetsiko da astean zehar itsaski-bilketa ezin izan bada burutu arrazoi objektiboak direla-eta: baldintza meteorologikoak, itsasoaren egoera txarra, etab.
Debekatuta dago urpean igeri egiteko ekipamendu edo sistema autonomoak edukitzea edo erabiltzea. Oinez baino ez da onartuko itsaski-bilketa.
Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzak 3. zerrendakoak ez diren ontziak erabiltzea baimendu ahal izango du, itsaski-biltzaileak bilketa eremuetara joateko eta harrapakinak garraiatzeko. Ontzi horiek ezin ezingo dira erabili, inolaz ere, itsaski-bilketako berariazko jardueran.
Marearteko zonan besterik ez da bilduko.
9.– Salmenta-oharra.
Arrantza-politika komunaren kontrolari eta gainerako garapen-arauei buruzko Kontseiluaren azaroaren 20ko 1224/2009 Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz, «salmenta-oharra» agiria formalizatu beharko da eta erakunde ofizialei jakinarazi, ohiko bitartekoak erabiliz.
10.– Bildutakoaren jarraipena.
Arrantza-egunkaria emango zaie lanpernak biltzeko baimena duten pertsonei, bete dezaten. Hil bakoitzaren 1etik 5era bitartean, arrantza-egunkaria igorriko zaio Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzari, joan den hileko harrapaketen informazioarekin.
Egunkarian, bildutako kopuruaz gain, jasota utziko da zer tokitan bildu diren, egunean-egunean, lanpernak.
11.– Baliabidearen jarraipena.
Bi urtean behin, baliabidearen egoeraren jarraipena egingo da, AZTIk ezartzen duen metodologiari jarraituz. Beharrezkoa bada, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak debekualdia aginduko du, aztertu beharreko eskualdeetan.
12.– Arau-hausteak.
Kudeaketa-plan honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, edo Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak baimenetan edo kudeaketa-plana garatzeko ebazpenetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, zehapenak ezarriko dira, aplikatzekoa den arrantza-araudiaren arabera.
13.– Lizentzia ezeztatzea eta etetea.
Lizentzia ezeztatu egingo da titularrak bete beharreko baldintzak betetzeari uzten badio.
Dagozkion zehapenez gain, lizentzia ezeztatu egingo da bi arau-hauste edo gehiago eginez gero itsaski-bilketa arloan sasoialdi batean. Ondorio honetarako, arau-haustetzat joko dira plan honetan aurreikusten diren baldintzak ez betetzea, eta bereziki arrantza-egunkaria ez igortzea Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzari, harrapaketen informazioarekin.
Lizentzia ezeztatzeko espedienteak izapidetu bitartean, baimena etenda uzteko kautela-neurria hartu ahal izango da.
14.– Ustiapen-plana etetea eta aldatzea.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, arrazoitutako ebazpenaren bidez, kudeaketa-plana eten eta planaren ustiapen-eremuan lanpernak biltzea debekatu ahal izango du, hala egitea komeni dela erabakitzen bada, espezieen kontserbazio-egoerari eta jasangarritasunari eragiten dieten baldintzak egonez gero.
Halaber, plan honetan aurreikusi den gehieneko ustiapen-kuota gehienez ere % 25 igo edo jaitsi ahal izango da, jarraipenaren emaitzak ikusita. Plan honen kuota % 25 baino gehiago igo edo jaisteko, ustiapen-plan berria onartu beharko da.