EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2019093

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 29koa, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onartzen, deitzen eta argitaratzen baitira garapen-bidean dauden itsasoko energia teknologia berriztagarriak erakusteko eta balioztatzeko inbertsioak sustatzeari begirako dirulaguntzen programaren 2019. urteko oinarri arautzaileak.

Organo emailea: ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEA
Xedapenaren data: 2019-04-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201902371
Maila: Ebazpena
EEE zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren mende dago, eta energia aurreztea eta energia-eraginkortasuna, energia-baliabide berriztagarriak, energia-dibertsifikazioa eta energia-azpiegituren sustapena bultzatzeko jarduerak egiten ditu Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eremuan.
Ildo horretan, EEE zenbait ekintza garatzen ari da 2030eko Euskadiko Energia Estrategian (3E-2030) bildutako helburuak betetzeko. Jarduera horietako bat da zenbait laguntza-programa abian jartzen dituela, energia-eraginkortasuna sustatzeko eta energia berriztagarriak aprobetxatzeko jarduera-sektore guztietan.
Hortaz, laguntzen programa honen helburu nagusia da proiektuak sustatzea, EAEko barruan garapen bidean dauden itsasoko energia teknologia berriztagarriak erakusteko eta balioztatzeko.
Adierazitako guztiagatik, honako hau
Ebazten dut:
Lehenengoa.– 2019ko garapen-bidean dauden itsasoko energia teknologia berriztagarriak erakusteko eta balioztatzeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzea eta deialdia egitea, EEEren zuzendaritza-organoen eginkizunak arautzen dituen otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz (otsailaren 3ko 10/2015 Dekretuak martxoaren 5eko 64/1985 Dekretua bigarrengoz aldatzen du). Programaren edukia ebazpen honekin batera doa, I. eranskin gisa.
Bigarrena.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuaren 49.2 artikuluarekin bat etorriz, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea, oso-osorik, 2019ko garapen-bidean dauden itsasoko energia teknologia berriztagarriak erakusteko eta balioztatzeko inbertsioak sustatzeko laguntzen programari dagozkion oinarri arautzaileak onartzen dituen ebazpen hau.
Bilbao, 2019ko apirilaren 29a.
Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
IÑIGO ANSOLA KAREAGA.