EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2019093

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 26koa, Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita Eusko Jaurlaritzako zentroetako zerbitzuak ematen dituzten garbiketa-enpresa emakidadunen eta langileen soldatak eguneratzeko eta atzerakinak (2013-2018) ordaintzeko akordio partziala erregistratu, argitaratu eta gordailutzea (hitzarmenaren kode-zk.: 860100013012013).

Organo emailea: LAN ETA JUSTIZIA SAILA
Xedapenaren data: 2019-04-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201902369
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2019ko apirilaren 12an aurkeztu da, REGCONen, soldatak eguneratzeko eta atzerakinak (2013-2018) ordaintzeko akordio partzialaren arauzko dokumentazioa. Eusko Jaurlaritzako zentroetako zerbitzuak ematen dituzten garbiketa-enpresa emakidadunen eta langileen lan-hitzarmena negoziatzeko batzordeak adostu zuen akordio hori.
Bigarrena.– 2019ko martxoaren 22an, UGT, LAB, LSB-USO eta CC.OO. sindikatuek eta patronalaren ordezkariek sinatu zuten akordio hori.
Hirugarrena.– Akordio partzial hori sinatu dutenek pertsona bat izendatu dute, sinatze-aktan, akordioa erregistratu eta argitaratzeko izapideak egin ditzan.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Lan-agintaritza honi dagokio Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 90.2 eta 3 artikuluan aurreikusitako eskumena, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua (2015-10-24ko BOE), betiere bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuarekin, zeinaren 16. artikuluan sortzen baita Lan eta Justizia Saila eta lehen xedapen iragankorrean ezartzen baitu erregelamendu organikoak indarrean direla. Aplikagarriak dira, halaber, apirilaren 9ko 191/2013 Dekretua, urtarrilaren 25eko 9/2011 Dekretuari dagokionez, eta maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretua, hitzarmen kolektiboen erregistroari buruzkoa.
Bigarrena.– Sinatutako akordioak Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 85., 87., 88., 89. eta 90. artikuluek xedatutako eskakizunak betetzen ditu.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Akordio hau Euskadiko Hitzarmen eta Akordio Kolektiboen Erregistroan inskribatu eta gordailutzeko agintzea, eta alderdiei jakinaraztea.
Bigarrena.– Akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 26a.
Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzendaria,
MARÍA ELENA PÉREZ BARREDO.
Akordio Partziala, Eusko Jaurlaritzako zentro hauetan zerbitzuak ematen dituzten garbiketa-kontratetako langileen soldatak eguneratzeko eta 2013tik 2018ra bitartean sortutako atzerakinak ordaintzekoa: Lakua, Samaniego, Arkautiko Ikastegia, Herrizaingoko bulegoak, Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritzako EJIE Dokumentazio-zentroa, Emakunde, Arartekoaren bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Vitoria-Gasteizko Justizia Jauregia, Lehendakaritza, Euskadiko Zerga Koordinaziorako Organoa, SOS Deiak, Neiker-Arkautiko etxalde eredua, LHK, Zuzenean, Arabako eta Bizkaiko Osalaneko zentroak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Artxibo Historiko Probintzialak
Batu dira Lan Harremanen Kontseiluan, Gasteizen, batetik, patronalaren ordezkari gisa, Uni2 Servicios Integrales SA, Comercial de Limpieza Villar SA eta Clece SA enpresak eta, bestetik, UGT, LAB, USO eta CC.OO. sindikatuak. Sindikatu horiek, negoziazio-batzordearen alde sozialari dagokionez, % 53,33ko ordezkaritza dute, 2013ko uztailaren 2ko eratze-aktan jasotakoaren arabera.
ADOSTU DUTE:
Lehenengoa.– Hitzarmenaren aurreraeragina aplikatuz aurreikusitako soldata-igoerak onartzea, hitzarmenaren 48. artikuluan jasotako eran. Hona hemen:
2013. urtea: % 0
2014. urtea: % 0
2015. urtea: % 0
2016. urtea: % 0,3
2017. urtea: % 1
2018. urtea: 2017ko taulen gaineko % 1,5, urtarriletik ekainera, eta 2017ko taulen gaineko % 1,75, uztailetik abendura.
Bigarrena.– Enpresek konpromisoa hartzen dute, batetik, aipatutako igoerek sortutako atzerakin guztiak ordaintzeko, eta, bestetik, langileen soldatak eguneratzeko (eranskineko soldata-taulen arabera).
Hirugarrena.– Akordio honek eraginkortasuna izango du Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 87., 88. eta 89. artikuluen babesean, eta argitaratzen denetik aurrera nahitaez bete beharko da. Hura izapidetzeko, Lan Harremanen Kontseiluari ematen diogu baimena. Edonola ere, akordioa argitaratzen denetik, enpresek hilabeteko epea izango dute atzerakinak ordaintzeko.