EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2019092

AGINDUA, 2019ko maiatzaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dei egiten zaie itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, baliabide digitalekin irakasteko eta ikasteko Sare_Hezkuntza Gelan izeneko berrikuntzako proiektuan parte har dezaten, 2019-2020 eta 2020-20121 ikasturteetan. (L4. Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak).

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-05-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201902342
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/09/28an argitaratutako 2012/09/11ko 201200174 DEKRETUA

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak onartu duen Heziberri 2020 planak hauxe du helburu: Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.
Oinarrizko Hezkuntza da belaunaldi gazteak helduen bizitzarako prestatu behar diren hezkuntza-fasea. Bizialdi osorako oinarri sendoak ezartzen dira, beren bizitzak zentzuz gidatzeko gai izan daitezen, hauta ditzaten beren helburuak, ardura daitezen beren erabakiez eta modu aktibo, kritiko eta arduratsuan parte hartu dezaten gizartean.
Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzat definitutako abiapuntuko profil orokorra, hau da, Oinarrizko Hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: beharrezkoak dira arazoak konpontzeko edo bizitzako zenbait egoerari aurre egiteko. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak. Oinarrizko zehar-konpetentzietako bat da komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala).
Aipatutako komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) eskuratzeko, Hezkuntza Saila proiektuak eta esperientziak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, deialdi espezifikoen bidez zein zuzenean aldaketak sartzeko jarduerak proposatuta, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak, eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.
Gizartean izandako aldaketa eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Hainbat programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan; esaterako, Eskola 2.0-ren bidez. Une honetan, sare eta gailu digitalak erabili nahi dira aldaketa pedagogikoa eta metodologikoa sustatzeko. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen eta gelaren espazio fisiko eta denborazkoa zabaltzen ikasketarako ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan ditzakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, beharrezkoa da irakasteko eta ikasteko prozesuan baliabide digitalen (baliabide metodologikoak eta tresnak) erabilera eta ezaguera pixkanaka hartzen joatea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma sortu eta Heziberri 2020-ren arabera ezartzen duen 236/2015 Dekretuak zuzeneko ehun bat erreferentzia egiten die eskumenei eta errealitate digitalari, sarreratik hasi «Oinarrizko Hezkuntza amaitu duen ikasleak konpetentzia digitala eta mediatikoa izan behar du, konpetentzia digitalaren arloko esparru europarraren ildoan, egungo herritarrek eskatzen duten alfabetatze eta gaikuntza funtzional osoa bermatzeko», komunikaziorako konpetentzia (hitzezkoa, hitzik gabekoa nahiz digitala) oinarrizko zehar-konpetentzietako bat bezala zehazten duen 7.2 artikulutik igaro, eta 30.4.h) artikuluraino, non zehazten baita «irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan prestakuntza sustatzea, baliabide digitalen bidez». «Informazio eta Komunikazio Teknologiak txertatzea irakaskuntza- eta ikaskuntza-prozesuetan» kontzeptua zehaztasunez definitzeko erabiltzen da 12. artikulu guztia, bere lau atalekin.
Ikastetxeei bultzada eman nahi zaie zenbait proposamen pedagogiko esplora ditzaten eta garatzen jarrai dezaten, eta, alde horretatik, 174/2012 Dekretua eta 174/2012 Dekretuaren eranskina eguneratzen duen 2017ko urriaren 16ko Agindua dira proposamen horien oinarrietako batzuk. Ikastetxeetako teknologia-heldutasuneko eredua zehazten du dekretu horrek, eta titulartasun publiko nahiz pribatuko zentroetan aplikatzen da.
Konpetentzia digitalen esparrua oso dinamikoa da; beraz, beste ikastetxeentzako hezkuntza-praktika ona osatzen duten ikastetxe bokazio berritzailedunak bultzatu, lagundu eta ezagutzera emateko unea da orain, eta Sare_Hezkuntza izeneko lehendabiziko ikastetxe-sarea sortzeko, eta, horrela, sare horren bilakaera eredu bihurtzeko eta beste ikastetxe batzuei hobetzeko bideak erakutsi ahal izateko.
Ikasketarako eta jakintzarako teknologiak erabiltzeko, beharrezkoa da hezkuntza-baliabide digitalak bilatu, hautatu eta erabiltzea; dagokion ikasturteko programazio didaktikoa osatzen duten ikasketa-jarduerak aurrera eramatea erraztuko duten baliabide digitalak, hain zuzen. Proiektu honek eskatzen du ikasleekin egiten diren hezkuntza-prozesuak aldatzea. Horretarako, Ikasketarako eta Jakintzarako teknologiak jarriko dira ikastetxeen eskura, baliabide horiek erabil ditzaten. Eta horren osagarri, irakasleak prestatzeko zenbait jarduera egingo dira, banaka zein taldean, teknologia horiek erabiltzeko eta curriculumean ezartzeko beharrezkoak diren ezaguerak eta trebetasunak eskura ditzaten.
Gailu digitalak erosteko laguntzen (laster iragarriko dira) onuradun izan ahal izango dira hautatutako ikastetxe hauetako ikasleak, betiere beka baten onuradun izan badira unibertsitateaz kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko beka eta ikasketa-laguntzen ebatzitako azken deialdian, eskola-materialetarako.
Horregatik, kontuan hartuta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua –Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren eremuko dirulaguntzak erregulatzeari buruzkoa–, bai, halaber, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan ezarritako oinarrizko araudia –zeinaren bidez onesten baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren erregelamendua–, eta apirilaren 9ko 193/2013 Dekretua –zeinaren bidez ezartzen baita Hezkuntza Sailaren egitura organiko eta funtzionala–, abenduaren 22ko 5/2017 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, eta aplikatu daitezkeen gainerako xedapenak, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta zuzkidura ekonomikoa.
1.– Agindu honen xedea da dei egitea itunpeko sareko ikastetxeei eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeei eta federazioei, parte har dezaten «Sare_Hezkuntza Gelan» izeneko berrikuntzako proiektuan. Proiektu horren helburua da sustatzea irakaste-ikaste prozesuan material eta baliabide digitalak prestatu, horiek gelan erabili eta hori burutu ahal izateko prestakuntza teknologikoa eta pedagogikoa erraztea.
2.– Helburu hori lortzeko, oro har, 300.000 euro bideratuko dira 2019-2020 ikasturterako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.
3.– Lehiaketa-prozeduraren bidez ebatziko da deialdi hau.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– «Sare_Hezkuntza Gelan» hezkuntza-berrikuntzako proiektuan parte hartu ahal izango dute Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza edo Batxilergoa irakasten duten itunpeko sareko ikastetxeek, bakarka, eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden eta maila horiek irakasten dituzten unibertsitatez kanpoko ikastetxeekin estatutu- zein erregelamendu-harremanak dituzten erakundeek eta federazioek.
2.– Aurreko atalean aipatutako erakundeen eta federazioen kide diren ikastetxeek ezin izango dute bakarka «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartu, baldin eta dirulaguntzaren onuradun den erakundea edo federazioa deialdi honetara aurkezten bada.
3.– Ikastetxe bakoitzeko, banakako proiektu bat aurkeztu beharko dute erakundeek eta federazioek.
4.– 50 ikastetxe hautatuko dira, gehienez.
3. artikulua.– Proiektuaren baldintzak eta edukia.
1.– «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuak bi ikasturteko iraupena du; hortaz, epealdi horretan parte hartuko dutelako konpromisoa hartu behar dute beren gain parte-hartzaileek. Hautatutako ikastetxe berriek eta «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuaren 2015-2016 ikasturteko eta ondorengoetako deialdietan hautatuak izan zirenek osatzen dute «Sare_Hezkuntza Gelan» Sarea, non eta Berrikuntzako Zuzendaritzak ez duen aurkako ebaluazioa ematen edo OOGk berak ez duen uko egiten.
2.– Heldutasun teknologiaren oinarrizko mailan hasten diren ikastetxeak mailaz igo beharko dira deialdian parte hartu bitartean, eta dagokien IKT heldutasunaren ebaluazioan parte hartuko dute.
3.– Hautatutako ikastetxeetan proiektuan diharduten irakasleek, bestalde, parte hartu beharko dute dagokien berritzeguneak antolatzen duen Sare_Hezkuntza izeneko prestakuntzan eta/edo koordinazioan.
4.– Eskatzaileek egiaztatu behar dute badituztela beharrezko azpiegiturak, ekipamendua eta irakasleak proiektua beren gain hartzeko; horrez gain, ziurtatu behar dute azpiegitura berria jarri gabe bi ikasturtez ohiko jarduerari eutsiko diotela.
Komunikazioaren teknologien erabileran jarduera berritzaileak martxan jartzeko, aparatu eta/edo gailu espezifikoak erabili behar dira. Esperimentazio pedagogikoa baliabide horri lotuta dago, horren erabileraren eraginkortasuna kontrastatzeko. Hori dela-eta, deialdiaren xedearekin lotura eta/edo koherentzia duten materialak eskuratu ahalko dira.
5.– Eskatzaileek egiaztatu behar dute ikastetxeko zein erakundeko zuzendaritza-organoek badutela proiektuaren berri eta onartu egin dutela.
6.– Ikastetxe edo erakunde eskatzaileek «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan duten parte-hartzea zehaztuko dute proiektu baten bidez, edo hainbat proiektu bakarka, ikastetxez ikastetxe, Elkarteen eta Federazioen kasuan. Alderdi hauek jaso beharko dira:
a) Inplikazioa eta presentzia ikastetxearen hezkuntza-proiektuan.
b) Ikasketa digitaleko metodologia pedagogikoak, ikastetxearen, gelaren eta ikasleen eskalan.
c) Irakasleen trebakuntza teknologikorako zein pedagogikorako jardueren planifikazioa.
d) Proiektua koordinatzeko, haren jarraipena egiteko eta emaitzak ebaluatzeko prozeduraren xehetasunak eta garapena.
e) Gailu berriak eskuratzeko beharrak zehaztea.
f) Ikasketa digitaleko proiektuetan aurretik izandako esperientzia berritzaileak.
g) Proiektuan parte hartuko duten hezkuntza-taldeak edo -lerroak, irakatsiko diren arloak edo ikasgaiak eta esku hartuko duten irakasleak.
h) Hezkuntza-komunitatean planaren berri zabaltzeko eta familien parte-hartzea sustatzeko aurreikusitako neurriak.
i) Proiektuaren edukiak beste talde eta irakasle batzuei transmititzeko aurreikuspena.
j) «Sare_Hezkuntza Gelan» esperientzian parte hartzearen ondorioz ikasitakoa hedatzeko eta hezkuntza-alorreko beste eragile batzuk edo ikastetxe batzuk trebatzeko aurreikuspena.
k) Aurkeztutako aurrekontuaren justifikazioa eta banakapena.
7.– Kanpoan geldituko dira 2015-2016 ikasturtetik hezkuntza-berrikuntzako «Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartzen duten ikastetxeen proiektuak.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoen helburua da bi ikasturteko proiektu bat egitea laguntza eskatzen duen ikastetxean ezartzeko, edo erakunde edo federazioen bidez parte hartzen duten ikastetxe elkartuetan. Proiektu horretan, honako ildo hauetakoren bat edo gehiago landu beharko dira:
a) teknologia zein material berrien eta baliabide digitalen erabilera ikasgelan, irakasteko eta ikasteko prozesuan.
b) irakasleak teknologia eta pedagogia aldetik prestatzea, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan material eta baliabide digitalak erabil eta landu ditzaten.
c) material digitalak sortzea ikasgelan erabiltzeko. Material hori, hezkuntza-sisteman erabiltzeko, eskura jartzea adostuko da Hezkuntza Sailarekin.
2.– Dirulaguntzaren xede izango dira proiektuaren lehen ikasturtean zehar egindako honako gastu hauek:
a) proiektuaren zuzendaritza- koordinazio, jarraipen eta ebaluazio-kostuak oro har, eta prestakuntza-jarduerak eta material digitala prestatzeko lanen kostuak zehazki. Proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, segimenduari eta ebaluazioari egotz dakizkiokeen gastuek orduko 25 euroren muga izango dute.
b) prestakuntza-jarduera ematearen kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera (gehienez ere 90 euroko muga orduko), eta ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu-hartzeak edo otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Prestakuntza-jarduera hori osorik azpikontratatu ahal izango da.
Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo jan-edanetarako gastuak.
c) lizentzien kostua eta tresna digitalak erabiltzeko behar diren material curricularrena.
d) esperimentazioan erabiliko diren gailu teknologikoen kostua (ordenagailuak, tabletak eta pizarra digitalak), emandako laguntzaren % 50 gehienez, betiere ikastetxeak aurkeztutako proiektuarekin lotura zuzena badaukate.
5.– artikulua. Gutxieneko betekizunak.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan azaldutako egoeretakoren batean dauden erakundeak ezingo dira onuradun izan.
2.– Erakunde eskatzaileak ez du izan behar dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, eta ezta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, batez ere sexuaren bereizkeriaren ondoriozkorik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren arabera.
3.– Erakunde eskatzaileak egunean izan beharko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko beste laguntza batzuen esparruan horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei laguntzak hauek eman edo, hala badagokio, ordaindu ahal izateko.
6. artikulua.– Betekizunak egiaztatzea.
1.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako.
2.– Eskarietan aukera izango da laguntzak eskatzen dituen erakundeak berariaz adieraz dezan baimena ematen diola organo kudeatzaileari gainerako datu edo dokumentu guztiak lortu edo egiaztatzeko, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak egiaztapen, kontrol eta ikuskaritzaren alorrean dituen ahalmenak.
3.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:
a) Badituela beharrezko azpiegiturak, ekipamendua eta irakasleak proiektua beren gain hartzeko, eta, horrez gain, ziurtatu egiten duela azpiegitura berria jarri gabe bi ikasturtez ohiko jarduerari eutsiko diola.
b) Erakunde eskatzaileak adierazi behar du ea dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu duen helburu bererako, eta, hala badagokio, ea halakorik jaso duen beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.
c) Eskaria egiten duen pertsonak edo erakundeak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera ukatzen dion zigor administratibo edo penalik, ez eta dirulaguntzak jasotzeko legezko debekurik ere, sexuagatiko diskriminazioaren ondoriozko lege-debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren ildotik.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo/eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo dirulaguntzak direla-eta hasitako edozein itzultze- edo zigor-prozeduratan sartuta ez egotea.
e) Egiazkoak direla eskabidean eta horrekin batera aurkeztutako agirietan adierazitako edukiak.
f) Dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
g) Eskaera egin duen erakundeko zuzendaritza-organoek badutela proiektuaren berri eta onartu egin dutela.
h) Laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.
7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, https://www.euskadi.eus egoitza elektronikoan; aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabide-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri (I. eranskina): https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/sare-hezkuntza-gelan/web01-tramite/eu
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta gainerako dokumentuak. Prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak.
4.– Eskabideekin batera, honako agiri hauek aurkeztu behar dira:
● III. eta VI. eranskinetan ageri den «Laburpen fitxa eta proiektua», segun eta eskabidea ikastetxe bati bakarka dagokion ala federazio edo elkarte bati.
● Erakundeen kasuan, estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte eskatzailearekin erlazionatuta dauden EAEko ikastetxeen zerrenda, haren kodea adierazita.
8. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzak.
9. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria buru den edo hark izendatzen duen pertsona buru den batzorde batek aztertuko eta ebaluatuko ditu aurkeztutako proposamenak; batzorde horretan, gainera, honako hauek hartuko dute parte:
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako zerbitzuburu batek. Zuzendariak izendatuko du.
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako hiru lurralde-buruek.
– Berritzegune Nagusiko aholkulari batek. Berritzeguneko zuzendariak izendatuko du.
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako teknikari batek. Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuko ditu, eta idazkari-lanak egingo ditu.
2.– Batzorde horrek beharrezkotzat jotzen dituen txosten teknikoak eskatu ahal izango ditu, proiektuak behar bezala ebaluatu ahal izateko.
3.– Batzordeak proposamenak hezkuntzako sailburuordeari helaraziko dizkio.
10. artikulua.– Dirulaguntzak emateko irizpideak.
«Sare_Hezkuntza Gelan» proiektuan parte hartuko duten proiektuak hautatzeko, II. eranskinean eskaerak balioesteko ezarritako baremoa hartuko da kontuan. Baremoaren 2. atalean gutxienez 9 puntu lortzen ez dituzten proiektuak baztertu egingo dira esleipen-prozeduratik.
11. artikulua.– Dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Hautatutako 50 ikastetxeen proiektuen artean banatuko da deialdi honetako zuzkidura ekonomikoa, proiektuan lortzen duen puntuazioaren arabera.
2.– Hautatutako ikastetxeak, haien puntuazioaren arabera, 25 ikastetxeko bi taldetan banatuko dira. Puntuaziorik onena duten ikastetxeen erdiek 8.000 euro jasoko dituzte gehienez, baldin eta proiektua egiteak daukan kostua gainditzen ez bada. Gainerako 25 ikastetxeen artean, geratzen den diruaren bidezko banaketa egingo da, 300.000 eurora arte (muga, 8.000 euro ikastetxeko), baldin eta kasu bakoitzean ez bada gainditzen proiektua egiteak daukan kostua. Azpitalde bien artean berdinduta dauden ikastetxeen kasuan, hogeita bosgarrenak daukan puntuazio bera daukaten ikastetxe horiek lehentasuna daukan lehen azpitalde horretan sartuko dira.
12. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak bateraezinak dira 4. artikuluan xedatutako helburu berbererako beste edozein erakunde publikok edo pribatuk eman dezakeen beste edozein dirulaguntzarekin.
13. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hezkuntzako sailburuordeak emango du ebazpena, balorazio-batzordeak egindako proposamenak kontuan hartuta, eta bertan zehaztuko da aurkeztutako parte-hartze proiektuetatik zein hautatu den eta zein ez, bai eta hautatutako proiektuetarako dirulaguntzen zenbatekoa ere.
2.– Hartutako ebazpena elektronikoki jakinaraziko zaie eskaera egin duten erakundeei, agindu hau argitara eman eta hurrengo egunetik hasita sei hileko epean, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, herritar guztiei jakinarazteko.
3.– Gehienezko epea amaitu eta prozeduraren ebazpena jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal dute eskabidea ukatu zaiela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluaren ondorioetarako.
4.– Deialdiko dirulaguntzak esleitzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpenaren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena bera jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetako dirulaguntzak jasotzen dituzten onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotakoak (finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, dirulaguntzei buruzko lege horren 18. artikuluaren 3. eta 4. zenbakietan jasotakoarekin bat etorriz):
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.2 artikuluan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartua) ezarritakoak.
a) Jarduera gauzatzea edo dirulaguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Laguntza eman dien erakundeari justifikatzea baldintzak eta betekizunak betetzen dituztela, bai eta laguntza ematea edo laguntzaren onura jasotzea ekarri duen jarduera egin dutela ere.
c) Dirulaguntza ematen duen administrazioak egiaztatzeko egiten dituen jarduketak egiteko laguntza ematea, bai eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduketetarako ere.
d) Laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektiboa edo subjektiboa aldatu bada, horren berri ematea laguntza eman dien erakundeari.
3.– Emandako dirulaguntza onartzea. Alde horretatik, erakunde onuradunek, hamabost egun naturaleko epean –deialdiari buruzko ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
4.– Proiektua ikastetxeko urteko planean sartzea.
5.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko da, ez beste ezertarako.
6.– Hezkuntza Ikuskaritzari helarazi egin behar zaio ikastetxean garatzen diren programen inguruan eskatzen duen informazio guztia.
7.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin eta EHUrekin lankidetzan aritzea, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako irakasleak onartuz, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleen Prestakuntzako Unibertsitate Masterra ikasten diharduten praktiketako ikasleak ere, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntze aldera.
8.– Hezkuntza Saileko web semantikoaren bitartez, Hezkuntza Komunitatearen esku jartzea proiektuaren bi ikasturteetan zehar sortutako material guztiak.
15. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:
a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 60; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi, eta, gehienez, bi hileko epean ordainduko da.
b) Bigarrenean, gainerako % 40a, hurrengo paragrafoan adierazitako justifikazio-dokumentazioa dagokion epean jaso ondoren.
2.– 2020ko uztailaren 1a baino lehen (proiektuaren lehenengo ikasturtea), erakunde onuradunek, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean, «Justifikazio-kontua» agiria aurkeztu beharko dute behar bezala beteta (V. eranskina). Agiri hori modu elektronikoan aurkeztu beharko da Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/sare-hezkuntza-gelan/web01-tramite/eu
«Justifikazio-kontua» agirian, jardueraren gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da, eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, jaulkipen-data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbideratzeen berri ere eman beharko da.
Onuradunek zaintzapean eduki beharko dituzte justifikazio-kontuan gastu eta inbertsio gisa egiaztatzen dituzten agiriak.
3.– 2021eko uztailaren 1a baino lehen (proiektuaren bigarren ikasturtea), erakunde onuradunek, http://www.euskadi.eus/nirekarpeta helbidean, proiektuaren garapenari, egikaritzeari eta ebaluazioari buruzko txosten bat aurkeztu beharko dute (VI. eranskina). «Memoria» dokumentua behar besteko aurrerapenarekin argitaratuko da, atari horretan.
4.– Hezkuntza Sailak dirulaguntza egoki erabiltzen ari dela frogatzeko modua izateko iruditzen zaizkion justifikazio-kontuak egiaztatu ahal izango ditu, eta horretarako, gastu jakin batzuen justifikazio-agiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dio onuradunari.
5.– Programaren iraupena bi ikasturtekoa den arren, gastu guztiak artikulu honetako 2. apartatuan ezarritako epean aurkeztu behar den dokumentazioan justifikatu beharko dira –proiektuaren lehen ikasturteko gastuak–.
16. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Halaber, laguntza emateko kontuan izandako baldintzetan jazotako aldaketa oro jakinarazi beharko da, eta hura emateko ebazpena aldatzea eragin ahal izango du, baldin eta onuraduna izateko ezarritako baldintza minimoak errespetatzen badira, betiere. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute onartutako zuzkiduraren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.
17. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.
1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):
a) Hauetan adierazitako itzulketa-kausaren batean egotea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2033 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatua, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura.
b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.
c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.
d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.
e) Oro har, ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea), bai eta agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritakoak ere.
2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
18. artikulua.– Datu pertsonalak.
Agindu honetako prozeduretan aurkeztutako eskabideetan eta dokumentuetan jasotako datu pertsonalen tratamendua Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egingo du, datuen tratamenduaren «arduradun» gisa. Datu pertsonal horien tratamenduaren xede izango da deialdi hau kudeatu eta ebazpena ematea. Horren interes publikoan eta bertan parte hartzeko eskaeran oinarritzen da xede hori.
Interesdunek beren datuei buruzko irispide-eskubidea, zuzentzekoa, ezereztekoa eta transferitzekoa erabil ditzakete, bai eta datuen tratamendua mugatzekoa edo hari aurka egiteko eskubidea ere; horretarako, idazki bat bidali behar dute helbide honetara: Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010, Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legean; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategiaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapituluan; eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean jasotako oinarrizko araudian (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartua).
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 8a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.