EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2019091

74/2019 DEKRETUA, maiatzaren 7koa, zeinaren bidez aitortzen baita «Albaola, Asociación para la difusión del Patrimonio Cultural Marítimo Vasco» elkartea onura publikokoa dela.

Xedapenaren zenbakia: 201900074
Xedapenaren data: 2019-05-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201902298
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak dioenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, Pasaiako «Albaola, Asociación para la difusión del Patrimonio Cultural Marítimo Vasco» elkarteak aitorpen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez onura publikoko erakundea dela aitortzea merezi duelako, egiten duen lanagatik.
«Albaola, Asociación para la difusión del Patrimonio Cultural Marítimo Vasco» elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatu zen 2000ko urtarrilaren 26an (erregistro zenbakia: AS/B/08404/2000).
Bere estatutuen 2. artikuluari jarraikiz, elkarteak xede hauek lortzea du helburu sozialtzat:
«1.– Euskal Herriaren itsas nortasuna garatzea.
2.– Euskal ontzi tradizionalen sortzea, sustatzea eta eraberritzea eraikuntza eta erabilera arloetan bultzatzea.
3.– Euskal ontzi tradizionalei buruzko interesa eta ezagutza sustatzea, hezkuntza, gizarte eta kirol arloetako elkarte eta erakundeekin bat eginez.
4.– Ameriketatik trainerua kudeatzea, bai eta elkarteak aurrerantzean izango dituen ontziak ere.
5.– Harremanak eta trukeak izatea itsas ondarea defendatzea eta zabaltzea helburutzat duten arlo eta nazionalitate desberdinetako erakundeekin.
6.– Ikerlanak eta arkeologia esperimentaleko lanak egitea eta argitaratzea, horretarako behar diren bitarteko teknikoak erabiliz.
7.– Euskal itsas irudiak munduan zehar sustatzea.
8.– Turismo-jarduera zenbait eremu geografikotan garatzea (eskualde, autonomia-erkidego, Europa eta nazioarte mailan), sorkuntza-ekintzak eginez eta turismoko esperientziak eta produktuak eskainiz, bai eta turismo-sortetan edo -bisitetan eta turismo-sustapeneko ekintzetan parte hartuz ere.
9.– Ingurumenaren defentsan lan egitea, itsasoaren eta ibaien egoeran arreta berezia jarriz.
10.– Hitzaldia, topaketak, ontzien elkarretaratzea, ikastaroak antolatzea eta itsas historiaren ezagutza eta zabalkundea sustatzeko ekitaldiak eratzea.
11.– Herritarren eta itsaso eta ibaien arteko harremana sustatzea.
12.– Aurreikusitako helburuak garatzeko behar besteko funtsak lortzea.
13.– «Ozentzio» ontzia osorik kudeatzea.»
Bete dira honako arau hauetan ezarritako eskakizunak: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Errolda Nagusiaren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 145/2008 Dekretuan, eta Onura Publikoko Elkarteei eta beren Babesletzari buruzko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 29ko 146/2008 Dekretuan.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan eta Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.2.f) artikuluan ezarritakoaren arabera, dagokion espedientea instruitu da eta elkartea onura publikokoa dela aitortzen da, Gobernu Kontseiluak hartutako Dekretuaren bidez.
Horregatik guztiagatik, Gobernantza Publiko eta Autogobernuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuen proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko maiatzaren 7an egindako bilkuran gaia aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Pasaiako «Albaola, Asociación para la difusión del Patrimonio Cultural Marítimo Vasco» elkartea, Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean AS/B/08404/2000 zenbakiarekin inskribatuta dagoena, onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueraren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko maiatzaren 7an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.