EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2019090

AGINDUA, 2019ko apirilaren 17koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, zeinaren bidez arautzen baita euskal kirol-federazioen 2019ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzetarako deialdia.

Xedapenaren data: 2019-04-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201902274
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2000/12/30rean argitaratutako 2000/12/26ko 200000287 DEKRETUA

Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren xedea kirol-federazioen finantzabidea arautzea da, haien urteroko kirol-programetarako itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak emanez (2000ko abenduaren 30eko EHAA, 249. zk.).
287/2000 Dekretu horren 3. artikuluak xedatzen duenez, urtez urte egingo da aipatutako dekretuak arautzen dituen laguntzak jasotzeko deialdia, Kulturako sailburuaren –egun, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren– agindu bidez, eta agindu horretan gorabehera hauek zehaztuko dira: deitutako laguntzak finantzatzeko diru-hornidura; eskabideak aurkezteko epeak eta tokia; erakunde eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa; laguntzen zenbatekoa egiteko ponderazio-irizpideak, eta emandako laguntza justifikatzeko epea eta horretarako aurkeztu behar diren dokumentuak.
Kontuan hartuta zer xedatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen II. tituluaren IV. kapituluak, modu aktiboan hartuko da aintzat emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren helburua, diruz laguntzekoa den programa hau landu eta aplikatzeko orduan.
Beraz, 287/2000 Dekretuan xedatutakoari jarraituz, agindu honen bitartez gorabehera horiek zehaztuko dira, 2019. urtean laguntza-deialdia aplikatu ahal izateko.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren bidez araututako dirulaguntzetarako deialdian parte hartu nahi duenak hilabeteko epea izango du eskabideak aurkezteko, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Dekretu horren bidez, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako dirulaguntzak emateko modua arautzen da.
2. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Erakundeek dirulaguntza bide elektronikotik izapidetu behar dute nahitaez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Erakunde interesdunek euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez egin ahal izango dituzte eskabideari lotutako izapide guztiak, helbide hauetan:
www.euskadi.eus/servicios/0130103
www.euskadi.eus/zerbitzuak/0130103
Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira:
http://www.euskadi.eus/micarpeta
http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Orobat, prozeduran zehar, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
4.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
3. artikulua.– Entitate eskatzaileek aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Eskabideekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Eskabidea.
b) Erakundearen 2019ko aurrekontua, batzar nagusiak onartua, VI. eranskineko kontabilitate-ereduaren arabera. Antolaketa-arrazoiengatik, aurrekontu hori aurretiaz Zuzendaritza Batzordeak aurkeztu ahal izango du edo Batzar Orokorrak izendatutako organoak, eta Batzar Nagusiak berretsi beharko du gero.
c) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria, eskatutako laguntzei edo onuradunak jasotzea espero direnei buruzkoa, haiek ematen dituen erakunde publiko nahiz pribatua aipatuz, bai eta eskaeraren zenbatekoa eta egoera ere (ukaturik, ebatzi gabe, emanik). Horrelakorik eskatu ez bada, dirulaguntzara aurkeztutako programetarako bestelako laguntzarik eskatu edo jaso ez dela adierazten duen dokumentua.
d) Kirol-programa azaltzen duen memoria, honako hauek adierazita:
– Federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak. Lehiaketen gutxi gorabeherako kopurua, espezialitate edo diziplinen eta kategorien arabera. Parte hartuko duten kirolari eta kluben kopurua eta parte hartuko duten kluben ehunekoa adierazi beharko da, federazioan afiliatuta dauden klub guztien aldean.
– Kirol-prestakuntzako jarduerak. Egingo diren jardueren zerrenda, eta zenbat partaide arituko den eta zenbat ordu, gutxi gorabehera.
– Zuzendari teknikorik dagoen. Haren titulazioa, dedikazioa ordutan eta federazioarekin duen lotura.
– Federazioak antolatutako jarduerak, parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
– Kirol-selekzioen jarduerak.
– Kirol-mota bertokoa den.
e) 2018ko abenduaren 31n federazioak afiliatuen artean zituen goi-mailako kirolarien zerrenda (Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak).
f) Federazioak euskara zenbateraino erabiltzen duen adierazten duen memoria. Honako hauek aipatuko dira:
– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.
– Euskarazko web-orria izatea.
– Jendeari euskaraz kasu egitea.
– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.
– Federazioko kideekin euskara erabiltzea.
– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau dioena: erakunde eskatzaileak ez duela 38/2003 Legearen 13. artikuluan bildutako debekurik edo dirulaguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dion legezko debekurik. Berariaz aipatuko da, halaber, ordainduta dauzkala dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak.
i) Txapelketa ofizial propioen egutegia, Federazioko idazkariak sinatua eta presidenteak ontzat emana, Batzar Nagusiak zein egunetan onartu duen adierazita. Dirulaguntza eskatzeko dokumentazioa bidaltzen den egunean onartuta ez badago, Batzar Nagusira bidaliko den behin-behineko egutegia bidal daiteke. Batzar Nagusiak onartzen duenean behin betiko egutegia bidaliko da.
j) Federazioko idazkariak egin eta lehendakariak sinatutako dokumentua, non aipatzen baita Federazioak zer ekintza bultzatzen dituen emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak baztertzeko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko. Gainera, Kirol Erakundeen Erregistroan dauden datuak erabiliko dira Zuzendaritza Batzordearen osaera adierazteko.
k) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak ontzat emana, 2018ko abenduaren 31n izapidetutako lizentzien kopurua eta Kirol-lizentziak izeneko plataformaren erabilera adierazten dituena.
l) Federazioko idazkariak egindako ziurtagiria eta lehendakariak sinatua, federazioaren dokumentazio ekonomiko hau jasotzen duena:
1.– Balantzea 2018ko abenduaren 31n.
2.– Altxortegi garbia 2018ko abenduaren 31n.
3.– Finantza-erakundeekiko zorrak 2018ko abenduaren 31n.
4.– Azken bi ekitaldietako mozkin eta galeren kontua.
m) «Kudeaketa Aurreratuko Diploma», Euskalit-en 3K Programakoa: diploma horrek aintzat hartzen ditu Euskalit-en kanpoko kontrastearen zerbitzua jaso eta kudeaketa aurreratua edo haren baliokidea osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak.
Emandako dokumentazio guztiak hizkuntza inklusibo eta ez-sexista izan beharko du. Gainera, emandako datu guztiek sexuaren arabera bereizita egon beharko dute.
Eskabidea aurkezteak berekin dakar eskatzaileak organo kudeatzaileari baimena ematea zuzenean egiaztatu dezan federazio eskatzaileak betetzen dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Dagokion federazioak berariaz uka dezakebaimen hori, eta, kasu horretan, dagozkion ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezko denean, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dauzkaten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Dirulaguntza horiek emateko, eta, bidezkoa denean, ordaintzeko, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta hala eskatzen duen ebazpena ematen bada itzulketa-prozeduraren bukaeran.
4. artikulua.– Diru-zuzkidura.
2019ko ekitaldirako, agindu honetan arautzen diren laguntzak finantzatzeko bideratu den aurrekontu-zuzkidura bi milioi laurehun eta berrogeita bost mila (2.445.000) eurokoa da.
5. artikulua.– Laguntzak koantifikatzeko irizpideak.
Segidan zehazten diren zenbatekoen batuketak esango du agindu honen deialdian parte hartuko duten federazioei zenbateko dirulaguntza emango zaien:
1.– Federazio bakoitzak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko urtarrilaren 24ko Aginduaren babesean 2018ko kirol-programak finantzatzeko eskuratu zuen dirulaguntzaren erdia (% 50). Agindu horren bidez, Euskal kirol-federazioen 2018ko kirol-programak finantzatzeko dirulaguntzen deialdia arautu zen.
2.– Aurreko puntuaren arabera federazio eskatzaile bakoitzarentzako diru-kopurua zehaztu ondoren, horien guztien batuketa agindu honetako 4. artikuluan zehaztutako kopuruari kenduko zaio eta gelditzen dena irizpide hauen arabera banatuko da:
a) Kirol-programa (puntuen % 60).
Honako hauek hartuko dira kontuan kirol-programaren interesa balioesteko:
– Federazioak antolatu asmo dituen kirol-lehiaketa ofizialak.
– Kirol-prestakuntzako jarduerak.
– Zuzendari teknikorik dagoen.
– Federazioak antolatutako jarduerak, parte-hartzera bideratutako kirolen inguruan (jolas, aisia eta osasunerako kirola).
– Kirol-selekzioen jarduerak.
– Kirol-mota bertokoa den.
b) Lizentzia federatua eta Kirol-lizentziak izeneko plataformaren erabilera duten kirolarien kopurua (puntuen % 5).
c) Euskararen erabilera (puntuen % 10). Puntu bana emango zaie euskaraz osoki egindako honako ekintza hauei, eta puntu erdia euskaraz partez egindako ekintza bakoitzari: guztizko zazpi puntuak lortzen dituenari beste hiru emango zaizkio, eta horrela gehieneko hamarrak lortuko ditu.
– Euskaraz emandako prestakuntza-ikastaroak.
– Euskararen erabilera federazioaren dokumentu eta argitalpenetan.
– Euskarazko web-orria izatea.
– Jendeari euskaraz kasu egitea.
– Federazioaren kanpo-harremanetan euskara erabiltzea.
– Federazioko kideekin euskara erabiltzea.
– Federazioko hizkuntza-paisaian euskara erabiltzea.
d) Autofinantzaketa-maila (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
– % 0,00 - % 49,99: 0 puntu.
– % 50,00 - % 74,99: 2 puntu.
– % 75etik gora: 5 puntu.
e) Goi-mailako kirolarien kopurua, Kirol Kontseilu Gorenak edo Eusko Jaurlaritzak onartuak (puntuen % 5), honako banaketa honen arabera:
f) «Kudeaketa Aurreratuko Diploma», Euskalit-en 3K Programakoa: diploma horrek aintzat hartzen ditu Euskalit-en kanpoko kontrastearen zerbitzua jaso eta kudeaketa aurreratua edo haren baliokidea osatzen duten elementuak garatzeko konpromisoa erakusten duten erakundeak. (puntuen % 5).
g) Federazioak emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak baztertzeko, emakumeen parte-hartzea sustatzeko eta haien arteko berdintasuna sustatzeko bultzatutako ekintzak (puntuen % 10).
3.– Aurreko paragrafoan zehaztutako balorazioa egin ondoren, federazio bakoitzari dagokion gainontzeko diru-zenbatekoa honela kalkulatuko da: federazio bakoitzak lortutako puntuazioak federazio guztien puntuazioarekiko erakusten duen ehunekoa aplikatuko zaio artikulu honen 2. puntuan aipatzen den guztirako kopuruari.
6. artikulua.– Laguntzak ordaintzeko prozedura.
1.– Dirulaguntzaren onuradun izateko eskakizunak betetzen direla egiaztatu ondoren, eta agindu honen 3. artikuluan eskatzen den dokumentazioa eta dirulaguntza-eskabidea aurkeztu ondoren, Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendariak ebazpena emango du onuradun bakoitzak jasoko duen lehenengo aurrerapena zenbatekoa izango den zehazteko eta ordainketa egiteko, abenduaren 26ko 287/2000 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako ordainketa-arautegian xedatzen denarekin bat etorriz (dekretu horren bidez, euskal kirol-federazioen kirol-programetarako dirulaguntzak arautzen dira).
2.– Bigarren ordainketa aurreratua Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendariaren ebazpen baten bidez egingo da, betiere aurreko urtean jasotako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu eta onetsi ondoren. Bigarren zati hori aipatutako urteko dirulaguntzaren % 25 izango da.
3.– Dirulaguntzaren gainerakoa, alegia, eskaera egin den urterako onartutako dirulaguntzaren guztia osatu artekoa, aurreratutako ordainketetan emandako zenbatekoak justifikatu ondoren likidatuko da.
7. artikulua.– Laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legearen 30. eta 31. artikuluetan ezarritakoa aintzat hartuz, dirulaguntzaren bat jaso duten federazioek diru hori agindu honetan eta dirulaguntza emateko ebazpenean zehaztutako helburuetarako erabili dela egiaztatu behar dute 2020ko otsailaren 15a baino lehen, honako dokumentazio hau aurkeztuz:
a) 2019ko aurrekontuaren likidazioa, Batzar Nagusiak onartua.
b) Burututako kirol-proiektuari buruzko memoria zehatza. Horrekin batera, eskabidean zehaztutako jarduerak burutu direla erakusten duen dokumentazioa aurkeztu behar da.
c) Helburu bererako beste dirulaguntzaren bat jaso bada eta deialdi honetarako eskaera aurkeztu zen unean horren berri ez bazuten, horien zerrenda aurkeztu behar dute federazioek.
d) Egindako gastuak fakturak eta ordainketa-ziurtagiriak aurkeztuz justifikatzea.
e) Eskabidea egiterakoan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko konpromisoa aurkeztu duten federazioei dagokienez, konpromiso hori betetzen dela egiaztatzen duten agirien aleak.
Dokumentazio guztia bide telematikoen bitartez aurkeztuko da.
2.– Aurkeztutako dokumentazioa aztertuta, Jarduera Fisikoko eta Kiroleko zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du eta, hala badagokio, dagoeneko ordaindu den baina itzuli egin behar den zenbatekoa adieraziko du, betiere Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin bat etorrita.
8. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradun diren erakundeek bete beharko dute bi xedapen hauetan araututako betebehar-erregimena: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikulua.
Batez ere 38/2003 Lege Orokorraren 18.4 artikulua bete beharko da, eta programen, ekintzen, inbertsioen eta dirulaguntza jasotzen duten bestelako jardueren finantzaketaren publikotasunari buruzko bidezko publizitatea egingo da, erregelamenduz ezarritako baldintzen arabera.
9. artikulua.– Ez-betetzeak.
2. artikulu honetako aurreko paragrafoan aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere bi arau hauen arabera: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena. Zehatzago, itzultzekoak izango dira bi xedapen hauetan jasotako egintzak eta egoerak: Dirulaguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikulua eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 53. artikulua.
XEDAPEN GEHIAGARRIA.– Datu pertsonalak babestearen arloko informazio-klausula.
– Arduraduna: Kultura eta Hizkuntza Politika Saila; Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritza.
– Helburua: Euskadiko kirol-federazioen kirol-programetarako dirulaguntzak kudeatzea.
– Legitimazioa: Interes publikoan edo tratamenduaren arduradunari emandako ahalmen publikoak erabili bitartean egiteko bat betetzeko behar den tratamendua (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina).
– Hartzaileak: arlo honetan eskumenak dituzten administrazio publikoei eman ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
– Eskubideak: zuk zure datuak atzitzeko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta tratatuak izateko mugak jartzeko eta aurka egiteko ere, informazio gehigarrian esaten den moduan.
– Informazio gehigarria: datuen babesari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, jo web-orri honetara: www.euskadi.eus/rgpd/0130103
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beronen aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 17a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.
I. ERANSKINA
DIRULAGUNTZAREN ESKABIDEA
II. ERANSKINA
KIROL-PROIEKTUA AZALTZEN DUEN MEMORIA
III. ERANSKINA
2018KO ABENDUAREN 31N LIZENTZIA FEDERATUA DUTEN KIROLARIEN KOPURUA
IV. ERANSKINA
EUSKARAREN ERABILERAREN BERRI EMATEN DUEN MEMORIA
V. ERANSKINA
ERANTZUKIZUNPEKO ADIERAZPENA
VI. ERANSKINA
ERAKUNDEAREN 2019KO EKITALDIRAKO AURREKONTUA
VII. ERANSKINA
2019KO AURREKONTUAREN LIKIDAZIOA