EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2019090

EBAZPENA, 2019ko maiatzaren 3koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, Donostiako portuan 6. zerrendako ontziek amarralekuak erabiltzeko emakidarako deialdia ebazten duena.

Xedapenaren data: 2019-05-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201902268
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/01/31n argitaratutako 2019/01/23ko EBAZPENA [201900524]

Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren 2019ko urtarrilaren 23ko Ebazpenaren bidez erabakitzen da deialdi publikoaren bitartez honako prozedura hau hastea: Donostiako portuan 6. zerrendako ontziek amarralekuak erabiltzeko emakidak ematea. Deialdi publikoa denez, ebazpena 2019ko urtarrilaren 31ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (22. zk.) argitaratu zen, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduan, aisiako ontzien titularrei amarralekuak emateko prozeduraren araubidea arautzekoan azaltzen denari jarraikiz.
Donostiako kirol-portuaren eta horri atxikitako eremu eta instalazioen kudeaketa eta ustiapena Euskadiko Kirol Portua SA sozietate publikoak dauzka esleituta. Aginduta daukan portuko zerbitzu publikoaren eduki funtzionala eta esleipenerako baldintzak uztailaren 27ko 161/2015 Dekretuan ezartzen dira. Dekretu horrek xedatzen duenez, sozietate horrek badu eskurik, zerbitzu egokia ematearren, beharrezko jarduketak egiteko eta beharrezko negozio juridikokoak formalizatzeko, betiere bere izaera juridikoaren ondoriozko mugapenekin; izan ere, izaera hori dela-eta ahalmen administratiboak baliatzea dakarten funtzioak esleipen horretatik kanpo geratzen dira.
Deialdiaren xedea da 6. zerrendako ontzietarako amarralekuak ematea, baldin eta aisiako ontzien alokairurako erabiltzen badira. Horretarako hiru amarraleku eskaintzen dira, eta amarraleku horien dimentsioak deialdiaren hirugarren oinarrian zehazten dira. Eskatzaileek zenbait betekizun bete behar dituzte, 2017ko urriaren 19ko Aginduko bederatzigarren oinarrian ezartzen direnez gain, eta laugarren oinarrian azaltzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte.
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, 2019ko martxoaren 1ean, bost eskabide aurkeztu dira. Euskadiko Kirol Portua SAk eskabide horiek aztertu ditu, eta halaber, proposamenak baloratu ditu deialdiaren ebazpenean jasota dauden irizpideen arabera, eta horretan oinarrituta amarralekuak esleitzeko proposamena egin du.
Aurkeztutako agiriak aztertutakoan egiaztatu denez, bost proposamenetatik hiruk ez dute betetzen deialdiko bederatzigarren oinarrian azaltzen diren eskakizunetako bat, ontziaren patroi izango diren pertsonen lanbide-titulazioari buruzkoa, alegia. Horregatik, ebazpen honen eranskinean azaltzen diren eskabideak esleipen-prozeduratik kanpo geratzen dira, eskakizunak ez betetzeagatik. Bestalde, onartutako bi proposamenak baloratu dira eta eranskinean azaltzen diren bi amarralekuak emateko proposamena egin da.
2017ko urriaren 19ko Aginduaren 15. artikuluak ezartzen duenez, portuen arloan eskumena duen zuzendaritzaren titularrak amarralekuen erabilera-emakidak emateko ebazpena emango du. Bertan, ukatutako eskabideak ere adieraziko dira, eta itxarote-zerrenda prestatuko da eskatutako baldintzak bete arren lekurik lortu ez duten eskabideekin.
Aginduaren 15.4 artikuluan ezarrita dagoenaren arabera, ebazpenean hamar eguneko epea emango zaie amarraleku bat erabiltzeko emakida jaso eta dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko beste portu edo portu-instalazio batean ontzi berarentzako amarraleku bat erabiltzeko titulu gaitzailea zeukatenei, zer amarralekutako tituluri uko egiten dioten jakinaraz dezaten.
Ekainaren 28ko 2/2018 Legearen, EAEko Portuen eta Itsas garraioarenaren 5.2.c) artikuluak ezartzen duenez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren funtzioetako bat da Autonomia Erkidegoko portuetan emakidak eta baimenak ematea, aldatzea edo kentzea.
Horregatik, apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenaren 7.h) eta 23.c) artikuluek zuzendaritza honi esleitzen dizkioten ahalmenei jarraikiz, eta Euskadiko Kirol Portua SAk emakidak esleitzeko egindako proposamena aztertuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Amarralekuen adjudikazioak onartzea eranskineko zerrendan dauden eskatzaileentzat. Onarpen horrek ondorioak sortuko ditu ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, lau urteko eperako.
Bigarrena.– Hilabeteko epea ematea, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik, esleitutako amarralekua okupatzeko.
Amarralekua Euskadiko Kirol Portua SAko langileak aurrean direla okupatuko da, eta langileek dagokion neurketa egingo dute.
Hirugarrena.– Eranskinean agertzen diren eskabideak ukatzea, betekizunak ez betetzeagatik.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hamar eguneko epea ematea deialdi honetan amarralekua erabiltzeko emakidaren adjudikaziodunei, baldin eta ontzi berberarekin lehendik amarralekua erabiltzeko baimena badaukate Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskumeneko beste edozein portu eta instalaziotan, hala badagokio Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari epe horretan jakinaraz diezaioten zer amarralekuri egiten dioten uko.
Bosgarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari, edo ebazpena eman duenari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Seigarrena.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko maiatzaren 3a.
Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,
AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.