EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2019089

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 30ekoa, Segurtasuneko sailburuordearena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Ertzaintzaren karrerako funtzionarioentzat gordetako Ertzaintzako Intendente, Komisario eta Komisariondoko kategorietako lanpostuak izendapen aske bidez behin betiko betetzeko prozedurari (C175) eta Ertzaintzako Intendenteburu, Intendente, Komisario eta Komisariondoko kategorietako lanpostuen zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozedurari (C176) ekiteko.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2019-04-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201902239
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/02/25ean argitaratutako 2019/02/18ko AGINDUA [201901001]
  • Ikus 2019/03/07an argitaratutako 2019/03/04ko AGINDUA [201901239]

Segurtasuneko sailburuaren 2019ko otsailaren 18ko Aginduaren bidez onartutako Ertzaintzako lanpostuen zerrenda (EHAA, 39. zk., otsailaren 25ekoa) eta agintari beraren hutsen zuzenketari buruzko 2019ko martxoaren 4ko Agindua (EHAA, 47. zk., martxoaren 7koa) ikusita, eta eskala goren eta beterazpen-eskalako aginte-funtzioei dagozkien lanpostuak direla-eta, zeinak izendapen askez betetzen baitira, beharrezkoa da hutsik dauden lanpostuak behin betiko betetzea.
Kontuan hartu behar da orain arte ez dela erabat garatu Ertzaintzaren egitura, eta ez dagoela lanpostuen zerrendan eskatzen den kategoria-betekizuna betetzen duen langile nahikorik; horrela, bada, lanpostuak behin betiko betetzeko prozedura bukatu ondoren, segurtasun publikoaren zerbitzuak Ertzaintzaren erabateko operatibitatea eskatzen duenez, beharrezkoa izango da goragoko kategoriako funtzioak esleitzea, kategoria-betekizuna bete ez arren, eskala bereko edo beheragoko hurrengoan dauden langileei (Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluko 1. eta 5. zenbakiak), berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-irizpideekin bat etorriz eta prozedura publiko baten bidez, Euskal Herriko Poliziaren Legearen 72. artikuluko 1. eta 5. zenbakietan ezarritakoaren arabera eta Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudiaren 25. eta 26. artikuluen arabera.
Lanpostuak legez ezarritako sistemaren bidez ahalik eta lasterren betetzeko beharrizana kontuan hartuta, zerbitzu publikoari behar bezalako arreta eskaintzeko, eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 3. artikuluan ezarritako elkarlan eta efizientzia printzipioak kontuan hartuta, komenigarria da lanpostuak behin betiko betetzeko hautaketa-prozeduraren eta zerbitzu-eginkizunak esleitzeko prozeduraren deialdia aldi berean egitea, erakundearen barruan eskatutako kategoria duten karrerako funtzionario nahikorik ez egoteagatik hutsik dauden lanpostuei dagokienez.
Indarrean dagoen lanpostuen zerrendan, deialdi honetako lanpostuetarako, aintzat hartuta zuzendaritzakoak eta erantzukizun berezikoak direla, izendapen askez betetzeko direla ezarri da, Euskal Herriko Poliziaren uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, zeinen araubide juridikoa Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 17.etik 22.era bitarteko artikuluetan aurreikusten baita; beraz, lanpostuak behin betiko esleitzeko, aldez aurretik egokitasun-txostena behar da, proposamena arrazoitzeko, merezimendu- eta gaitasun-printzipioek eskatuta eta Espainiako Konstituzioaren 9.3., 23. eta 103.3 artikuluetan agindutakoak eskatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 535/2014 eta 89/2016 epaien arabera, besteak beste.
Prozeduran aurkeztuko den hautagai-kopurua eta eskainitako lanpostuak kontuak izanda, komenigarritzat jotzen da ahalik eta gehien luzatzea egokitasun-txostenak emateko epeak eta hura bukatzeko ebazpena ematea, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak hornitzeko Araudia ezartzen duen abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren 19. eta 20. artikuluekin bat etorriz, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 32. artikuluarekin lotuta.
Segurtasun Sailaren egitura organiko eta funtzionalari buruzko apirilaren 11ko 83/2017 Dekretuaren 14.2.d) artikuluak (apirilaren 2ko 60/2019 Dekretuaren bidez aldatua) Segurtasuneko sailburuordeari ematen dizkion eskumenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehena. - Onartzea eta argitaratzea Ertzaintzaren egituraren barruan, Ertzaintzako karrerako funtzionarioentzat gordetako zenbait lanpostu, izendapen askearen sistemaren bidez, behin betiko betetzeko deialdia, baita ondorengo zerbitzu-eginkizunen esleipena ere, I. eranskinean jasota dauden oinarriak aintzat hartuta.
Bigarrena.– 1.– Deialdi honen bidez behin betiko beteko diren lanpostuak II. eranskinean jasota daude.
2.– Ebazpen honen II. eranskinean azaltzen da bete beharreko dotazio-kopurua.
Hirugarrena.– 1.– Prozedura honetan ematen diren egintza eta xedapen guztiak Gurenet atarian argitaratuko dira, hurrengo atalean eta deialdiaren oinarrietan ezarritakoari kalterik egin gabe.
2.– Segurtasuneko sailburuordearen ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuko da, behin betiko atxikipenen eta zerbitzu-eginkizunen ebazpena Gurenet atarian noiz jarriko den jakitera emateko. Iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den egunak mugatuko du zein izango den balizko inpugnazioak edo errekurtsoak jartzeko epeak zenbatzen hasteko eguna.
Laugarrena.– 1.– Prozedura kudeatzerakoan, hautapen-prozedura honetako izangaiak zenbaki profesionalaren bidez identifikatuko dira eta datu pertsonalen tratamendua egingo da Segurtasun Sailaren Giza Baliabideen Zuzendaritzako Langileen Kudeaketa Integratuko fitxategiaren bidez. Datu pertsonalak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta aurka egiteko eskubideak gauzatzeko, idazki bat zuzendu beharko zaio Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzari, fitxategiaren ardura duen administrazio-organoari; haren mendeko administrazio-zerbitzuak hemen daude: Larrauri Mendotxe bidea 18, 48950 – Erandio, Bizkaia.
2.– Prozedura honetatik ondorioztatzen diren datu guztiak aipatutako fitxategian sartuko dira, hautapen-prozedura honetan aplikatu behar den araudian aurreikusitakoa betetzeko.
Bosgarrena.– Aurreikusi ez den guztirako, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
Seigarrena.– Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraz, horren aurka eta eranskinen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko diote Segurtasuneko sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 30a.
Segurtasuneko sailburuordea,
JESÚS MARÍA ZUBIAGA NIEVA.
I. ERANSKINA
DEIALDIAREN OINARRIAK
II. ERANSKINA
LANPOSTU ZERRENDA
III. ERANSKINA
ESKAERA