EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2019088

AGINDUA, 2019ko apirilaren 8koa, Hezkuntzako sailburuarena. Honen bidez, dirulaguntzetarako deialdia egiten zaie unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuen federazio eta elkarteei, prestakuntza-jarduerak egin ditzaten 2019-2020 ikasturtean, ikastetxeko hizkuntza-proiektuaren barruko berrikuntza-proiektuei lotuta.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-04-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201902219
Maila: Agindua
Heziberri 2020 Planaren «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoak» barruan hartzen ditu 2020 Europako Esparruan ezarritako helburuekin zerikusia duten jarduteko ildo nagusiak. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da.
Abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuak, esparru hori garatu eta Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma ezarri baitu Euskal Autonomia Erkidegoan, oinarrizko zehar-konpetentziatzat hartzen du hitzezko komunikaziorako, hitzik gabeko komunikaziorako eta komunikazio digitalerako konpetentzia, horiek guztiak modu osagarrian erabilita, ganoraz eta egoki komunikatu ahal izateko egoera pertsonal, sozial eta akademikoetan. Era berean, diziplina barruko oinarrizko konpetentziatzat hartzen da hizkuntza- eta literatura-komunikaziorako konpetentzia. Konpetentzia horren helburua da ahozko eta idatzizko testuak –euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntza batean edo gehiagotan– erabiltzea, hizkuntza-aniztasunarekiko modu egokian, eraginkorrean eta adeitsuan komunikatzeko, bizitzako hainbat egoeratan, bai eta literaturaren inguruko hezkuntza bat garatzea ere, norbere burua eta inguruko mundua hobeto ezagutu ahal izateko.
Gainera, dekretu horretan ezartzen denez, hezkuntza-eskumenak dituen sailak elebitasuna bultzatuko du hezkuntza eleaniztun baten barruan, indarrean dauden hizkuntza-ereduak hobetzen eta garatzen laguntzeko. Horretarako, lehentasunezko tratua bermatuko da euskararentzat, bi hizkuntza ofizialen erabilera sozial desorekatua konpentsatzeko, ikasleek Oinarrizko Hezkuntza amaitzen dutenean komunikazio-gaitasun praktikoa eta eraginkorra izan dezaten euskaraz nahiz gaztelaniaz, eta atzerriko lehen hizkuntzan ere oinarrizkoa. Hori guztia, atzerriko bigarren hizkuntza batean oinarrizko ezagutzak lortzeko aukera baztertu gabe, Hizkuntza-proiektuan hala jasoa duten ikastetxeetan. Halaber, xedatzen da sailak berak sustatuko duela hizkuntzen trataera integratua eta integrala, komunikazio-konpetentzia eleaniztuna garatzeko asmoz. Hori guztia, honako hauetan jasotako xedapenak betetzeko, hizkuntzaren alorreko EAEko arau-esparrua osatzen baitute: 10/1982 Legea, azaroaren 24koa, Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizkoa; 1/1993 Legea, otsailaren 19koa, Euskal Eskola Publikoari buruzkoa; eta 138/1983 Dekretua, uztailaren 11koa, Euskal Herriko unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzan hizkuntza ofizialen erabilera arautzen duena; orobat, abenduaren 22ko 236/2015 Dekretua.
Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Hobekuntza-plan horretan jasotako ildo estrategikoen artean dugu, alde batetik, «Elebitasuna hezkuntza eleaniztunaren barruan» izenekoa, eta, bestetik, «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza». Hobetzeko alorren artean, beren-beregi aipatzen dira hauek: ingelesezko irakaskuntza areagotzea eta zabaltzea; irakasleek hizkuntzen didaktikan duten konpetentzia hobetzea, eta hizkuntzak irakasten dituzten irakasleek koordinatuta lan egiteko antolaketa-bideak ezartzea, hizkuntzen tratamendu integratuaren ikuspegia aplikatuz; Hizkuntzakoak ez diren arlo eta ikasgaietako irakasleek arlo eta gai horren erabilera espezifikoei dagokien hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia modu integral eta sistematizatuan lantzeko beharrezko prestakuntza eskaintzea, eta ikastetxe guztiek hizkuntza-proiektua landu eta dinamizatuko dutela ziurtatzea.
Deialdi honi lotutako prestakuntzaren eta harekin zerikusia duten proiektuen helburua da hezkuntza-komunitate bakoitzak –bere ikasleen hizkuntza-komunikaziorako konpetentzia maila eta inguru soziolinguistikoa zein diren jakinik, eta berariazko prestakuntza batetik abiaturik– diseina eta gara dezala bere irakurketa-plana, eta/edo abian jar ditzala erabaki didaktiko-metodologikoak hizkuntzen inguruan, oro har, eta, bereziki, euskararen tratamendu didaktiko espezifikoaren inguruan, bai eta hizkuntzek ikastetxean izango duten erabileraren eta antolamenduaren inguruan ere, ikasleek ahalik eta gehien gara dezaten konpetentzia hori. Erabaki horiek guztiek lagundu egingo dute ikastetxeko hizkuntza-proiektua gara dadin, ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren barruan.
Horiek horrela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan jasotako xedapenekin, baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin ere (EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak arautzen dira titulu horretan), eta abenduaren 22ko 5/2017 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekontu-zuzkidura nahikoa badagoenez (5/2017 Legearen bidez, EAEko 2018ko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren; aurrekontu horiek 2019ra luzatu ziren), eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta aurrekontu-zuzkidura.
1.– Agindu honen xedea da Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa ematen duten itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio eta elkarteentzako dirulaguntzen deialdia egitea, baldin eta, 2019-2020 ikasturtean, berrikuntza-proiektuak egiten badituzte ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko modalitate hauetakoren batean:
A) Ikastetxeko hizkuntza-proiektua, irakurketa-plana lehentasuntzat hartuta eta hizkuntzen tratamendu integral eta integratuaren ikuspuntutik garatuta. I. eranskina.
B) Ikastetxeko hizkuntza-proiektu eleaniztuna, euskara ardatz hartuta eta curriculum-alor edo -gaiak atzerriko hizkuntzetan irakastean zentratuta. I. eranskina.
Bi modalitateetan, berrikuntza-proiektuek barnean hartu beharko dituzte ikastetxearen hizkuntza-proiektuaren garapenari lotutako prestakuntza-jarduerak.
2.– Agindu honen bidez deitutako dirulaguntzak finantzatzeko, 1.332.000 euro bideratuko dira guztira, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Dirulaguntza hauei heldu ahal izango diete 5. artikuluko betekizunak betetzen dituzten eta unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako itunpeko ikastetxe pribatuekin harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak dituzten federazio edo elkarteek, bai Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe pribatuek bakarrik eratutakoak direnek, bai Estatukoak direnek ere. Estatu osokoak direnek egoitza izan beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoan.
2.– Dirulaguntzak jasotzeko, aurreko apartatuan deskribatutako erakundeek Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan garatu beharko dute hizkuntza-proiektua, hiru ikastetxe izan beharko dituzte gutxienik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta itunpeko 50 gela edo gehiago.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango da ikastetxeko hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuei lotutako irakasleen prestakuntza, estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte onuradunekin erlazionatuta dauden ikastetxeetan.
2.– Hau izango da diruz lagundu daitekeen prestakuntza:
– Prestakuntza-jarduerak, Irakurketa Planaren diseinuari eta garapenari lotuak.
– Prestakuntza-jarduerak, ikasleen irakurmena garatzen laguntzeko metodologia aktibo eta berritzaileekin zerikusia dutenak (batez ere, euskaraz).
– Prestakuntza-jarduerak, euskararen (eskolatze-hizkuntza) tratamendu didaktiko espezifikoa sendotzekoak, bai eskolatze-aldiko lehen urteetako egokitzapen didaktikoak definitzeko, bai hizkuntzakoak ez diren arloetan hizkuntzen tratamendu integralean sakontzeko.
– Prestakuntza-jarduerak, alor eta gai guztietako irakasleei zuzenduak, ikasleen komunikazio-gaitasunaren garapena hobetzeko eta hizkuntzen tratamendu integratuari eta integralari ekiteko.
– Prestakuntza-jarduerak, hizkuntzen irakaskuntzarekin eta atzerriko hizkuntzan ematen diren gaien irakaskuntzarekin zerikusia dutenak, metodologia aktibo eta berritzaileak garatzeko, hizkuntzen tratamendu integratua eta integrala sustatze aldera.
– Prestakuntza-jarduerak, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuaren B2 edo C1 mailakoak, gutxienez 50 ordukoak, bi urteko epean ziurtagiri egokia (B2 edo C1) lortzea helburu duten irakasleek atzerriko hizkuntzan duten hizkuntza-gaitasuna lortzera bideratuak. B modalitateko hizkuntza-proiektuen jardueretarako bakarrik.
3.– Deialdi honetatik kanpo geratuko da atzerriko hizkuntza baterako gaitasuna hobetzeko prestakuntza, baldin eta helburutzat ez badauka irakasleek curriculum-gaiak atzerriko hizkuntza batean emateko ziurtagiri egokia lortzea (B2 edo C1) bi urteko epean. Horretarako, honako hauek baliatuko dituzte interesa duten irakasleek: Hizkuntza Eskola Ofizialen egitura (matrikulatzeko lehentasuna baitute irakasleek) eta Hezkuntza Sailak irakasleen etengabeko prestakuntzarako eskaintzen dituen ikastaroak (Prest_Gara).
4.– Proiektuan diharduten irakasleen % 80k parte hartu beharko du prestakuntza-jarduera horietan.
5.– Deialdi honen kontura diruz lagunduko diren gastuak egiteko aldia 2018ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2019ko ekainaren 15ean bukatuko.
4. artikulua.– Ikastetxearen hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuen ezaugarriak.
1.– Ikastetxearen hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuek, bi modalitateetatik edozeinetakoak direla, atal hauek eduki beharko dituzte:
– Diagnostikoa:
• Ikasleek euskaran, gaztelanian eta ingelesean izandako emaitzak –barne- eta kanpo-ebaluazioetatik atereak– aztertzetik ondorioztatzen direnak.
• Hobekuntza-arloak, emaitzen azterketatik ondorioztatuak.
• Ikastetxe elkartuek nolako ibilbidea duten hizkuntzekin zerikusia duten esperientzietan.
– Hartzaileak:
• Parte hartuko duten irakasleak.
• Berrikuntza-proiektua zer hezkuntza-talde eta -mailatan zehaztuko den.
– Zer helburu estrategiko garatuko den proiektuaren iraunaldian. Plangintza eta exekuzio-egutegia, barne hartuta astero zenbat koordinazio-saio beharko diren proiektuaren garapena bermatzeko.
– Ikasturtean garatuko diren helburu orokorrak, haien ondoriozko ekintzak, arduradunak, denbora-antolaketa eta lorpen-adierazleak.
– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jardueren aurrekontua.
– B modalitateko berrikuntza-proiektuen kasuan, zehaztu egin beharko da hizkuntzez kanpoko zer gai emango den (edo emango diren) atzerriko hizkuntzan, bai eta zenbat ordu izango dituen atzerriko hizkuntzak eta zenbat ordu emango diren atzerriko hizkuntzan.
Atzerriko hizkuntzan irakatsiko diren irakasgaiak aukeratzeko orduan, ikastetxe bakoitzeko irakasleek kontuan hartuko dute hau: ikasle-talde baten barruan, atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopurua berdina izatea denentzat, kontuan izan gabe zer arlo edo irakasgai aukeratzen dituzten.
Euskaraz, gaztelaniaz eta atzerriko hizkuntzan emandako ordu-kopuruari eta irakasgaiei dagokienez, adieraziko da zein den hasierako egoera eta zer garapen aurreikusten den bi urteetan, halako moldez non, ekitatearen mesedetan, maila beraren barruko ikasle guztiak eta ikastetxeko maila guztiak hartuko dituen, arian-arian.
Garapen horrek kontuan hartuko du ikastetxearen egoera soziolinguistikoa, eta ezingo du ekarri A eta B ereduetan euskaraz irakatsi beharreko ordu-kopurua txikiagoa izatea. Adierazi beharko da, talde bakoitzari dagokionez, zer irakasgairi eta zer irakats-hizkuntzari kenduko zaizkion orduak edukiak atzerriko hizkuntzan emateko.
5. artikulua.– Betekizunak eta haien egiaztapena.
1.– Federazioek eta elkarteek (hau da, erakunde eskatzaileek) honako betekizun hauek bete beharko dituzte:
a) Ikastetxe elkartuen berrikuntza-proiektuak aurkeztea 1.1 artikuluan jasotako modalitateen arabera. Oraingo ikasturterako lan-plana jaso beharko du, 4. artikuluan ezarritako edukiekin bat etorrita.
b) Egingo den prestakuntza zehaztea, eta prestakuntza jasoko duten ikastetxe eta irakasleen kopuruaren gaineko aurreikuspen bat egitea.
c) Ikastetxeen konpromiso hau izatea: ikastetxe bakoitzetik proiektuak abian jartzea ziurtatzeko adina irakaslek parte hartu duela proiektuei lotutako prestakuntzan.
d) Proposatutako proiektuetan gutxienez bi urtez parte hartzeko konpromisoa lortzea parte hartuko duen ikastetxe bakoitzaren aldetik.
e) Gainera, ezin izango dira erakunde onuradun izan honako egoeraren batean dauden erakundeak:
– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean daudenak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboa edukitzea, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta egotea, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.
Alde horretatik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.
2.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, hala badagokio, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei. Azkenean, prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza dakarren zehapena edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako dirulaguntza hori indargabetu egingo litzateke, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batzuetan egoteagatik –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13.2 artikuluko a), g) eta h) letretan ezarri dira egoera horiek–.
3.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkeztuta, eskatzaileak baimena ematen dio laguntza ematen duen organoari zuzenean egiaztatzeko laguntzak eskatzen dituzten erakundeek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, hala ezarrita baitago Dirulaguntzei buruzko Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den moduan.
4.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:
– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.
– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.
– Estatu-esparruko erakundeen kasuan, erakunde eskatzaileak egoitza duela Euskal Autonomia Erkidegoan, nortasun juridikoa eta ahalorde askietsia dituela, bai eta, gutxienez, EAEn kokatutako hiru ikastetxe ere.
5.– Erakunde onuradunak dokumentuak ez aurkezteko eskubidea du, baldin eta haiek kasuan kasuko prozedurari aplika dakizkiokeen arauek eskatzen ez badituzte, edo administrazio jardulearen eskuetan badaude, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua aplikatuz.
Alde horretatik, dirulaguntza eskatzen duen federazioak edo elkarteak ez du aurkeztu behar dokumentazio osagarririk. 6.4 artikulua (eskrituraren eta/edo eratze-aktaren kopiarik, dirulaguntza eskatzeko ahalorde askietsiaren dokumentaziorik eta eskatzen duen federazio edo elkartearekin zerikusia duten ikastetxeen zerrendarik), baldin eta dokumentazio hori Hezkuntza Sailaren aurreko deialdietan aurkeztu bada eta aldatu ez bada.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira, hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskabide-eredua eskuragarri egongo da egoitza elektroniko honetan: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2019/eleaniztasunerantz/y22-izapide/es
3.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ web-orriaren bidez egin beharko dira, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai eta justifikazio-izapidea ere.
4.– Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
– Federazio edo elkarte eskatzailearen eratze aktaren edo eskrituraren kopia konpultsatua.
– Dirulaguntza eskatzeko ahalorde askietsia egiaztatzeko agiriak, eskabidea sinatzen duenaren alde.
– Estatutuz edo erregelamenduz federazio edo elkarte eskatzailearekin erlazionatuta dauden EAEko ikastetxeen zerrenda, haren kodea adierazita.
– Laburpen-fitxa, II. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: federazio edo elkarte eskatzaileari buruzko datuak; federazioari edo elkarteari dagozkion ikastetxe guztietan ezarriko den A modalitateko eta B modalitateko hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datu orokorrak, eta aurreikusitako prestakuntza-jardueren laburpena.
– Deskripzio-fitxa, III. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: A modalitateko hizkuntza-proiektuari buruzko oinarrizko datuak, ikastetxearen hizkuntza-proiektuetarako lan-planaren ezarpenaren laburpenarekin batera, irakurketa-plana ardatz (A modalitatea). Taula bat beteko da parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez, eta hauek ere jasoko dira: ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren datu espezifikoak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.
– Deskripzio-fitxa, IV. eranskinean jasotakoa, non honako hauek jasotzen baitira: ikastetxeetako bakoitzean ezarriko den B modalitateko hizkuntza-proiektu eleaniztunari buruzko oinarrizko datuak. Taula bat beteko da parte hartzen duen ikastetxe bakoitzeko, dagokion elkarte edo federazioak aurkeztutako eskaeraren bidez, eta hauek ere jasoko dira: ikastetxe bakoitzean garatu beharreko proiektuaren datu espezifikoak eta zer prestakuntza-jardueratan parte hartu nahi den.
– Prestakuntza-jardueren deskripzio-fitxa, V. eranskinekoa, non zehazten baitira sareko ikastetxeetan bi modalitateetako hizkuntza-proiektuak garatzeko beharrezkoak diren irakasleentzako prestakuntza-jarduera guztiak.
– Elkartearen edo federazioaren hizkuntza-proiektu globala; proiektuak, gutxienez, 4. artikuluan adierazitako atalak jaso beharko ditu, bi urterako proiekzioa kontuan hartuta.
5.– Ikastetxe jakin batek aldi berean harreman estatutarioak edo erregelamenduzkoak baditu federazio batekin eta elkarte batekin, edo federazio edo elkarte bat baino gehiagorekin, agindu honetatik erator daitezkeen helburuetarako, ikastetxea haietako bakar batekin azalduko da lotua. Horretarako, ikastetxearen legezko ordezkariaren adostasunezko idatzia atxiki beharko da.
6.– Aurkeztutako eskaeran akatsen bat, datu ez-zuzenen bat dagoela edo agiriren bat falta dela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio eskatzaileari arazoa zuzen dezan.
7. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko du agindu honetan ezarritako dirulaguntzak emateko prozedura.
8. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Hautaketa-batzorde bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko. Honako hauek osatuko dute:
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakasleen Hobekuntzarako arduraduna: batzordeburu jardungo du.
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak izendatutako bi teknikari. Haietako batek idazkari lanak egingo ditu.
– Berritzegune Nagusiko bi aholkulari, hizkuntza-arloan adituak direnak.
9. artikulua.– Hautaketa-prozedura.
1.– Hautaketa-batzordeak eskaera bakoitza ebaluatuko du, agindu honetako VI. eranskinean jasotako baremoa kontuan hartuta. Horretarako, behar diren txosten teknikoak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.
2.– Eskaera kanpoan geratuko da, baldin eta lan-planaren balorazioak gutxienez 9 puntu lortzen ez baditu 1.1 apartatuan, VI. eranskinean jasotako baremoa aplikatuta.
3.– Eskabideen balorazioa kontuan izanik, hautaketa-batzordeak ebazpen-proposamen bat prestatu eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari igorriko dio. Proposamen horretan jasoko da zer hizkuntza-proiektu –bi modalitateetakoak– hautatu diren, eta zer ikastetxetan egingo diren proiektu horiek, baita federazio edo elkarte bakoitzari zer dirulaguntza ematea proposatzen den ere. Halaber, kanpoan utzitako eskabideen zerrenda ere jasoko da, arrazoiak adierazita.
10. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Federazio edo elkarte bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbateko osoak elkarte edo federazioak aurkeztutako hizkuntza-proiektua garatzeko jasotako prestakuntza-jardueren kostu osoa estali ahal izango du, eskatutako modalitatearen arabera, kontuan hartuta ikastetxe bakoitza agindu honen 1. artikuluan azaldutako modalitateetako batean soilik egon ahalko dela, eta betiere Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakoaren arabera, eta honako muga hauekin:
a) Gehienez ere, 100 euro ordainduko dira hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektuan jasotako prestakuntza-jarduera bakoitzean emandako ordu bakoitzeko. Jarduera emateari egotzitako gastu gisara zenbatu ahalko dira honako hauek: batetik, prestakuntza-jardueraren kostua, prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera; eta, bestetik, ikastaroa emango duen irakaslearen joan-etorriek, ostatu hartzeak eta otorduek eragindako gastuak, baldin eta prestakuntza-erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek justifikatuta badaude proiektua gauzatzeko aurkeztutako proiektuan. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen joan-etorrietarako edo otorduetarako gastuak.
Prestakuntza-jarduerak emateko ondorioetarako, prestakuntza-zerbitzuak azpikontratatu ahal izango dira elkarteak eta/edo federazioak prestakuntza hori emateko langile kualifikaturik ez badu. Gehieneko muga diruz lagundutako guztizko zenbatekoaren % 50 izango da, azpikontratu guztien prezioak batuta.
Lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditu egiten dituenean Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean –zeinaren bitartez Espainiako ordenamendu juridikoan txertatzen baitira Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB Zuzentarauak– kontratu txikirako ezarritako zenbatekoak, onuradunak hornitzaile desberdinen gutxienez hiru eskaintza eskatu beharko ditu, zerbitzua emateko konpromisoa hartu aurretik, salbu eta ezaugarri bereziak izateagatik merkatuan ez badago halako zerbitzurik eskaintzen duen nahikoa erakunde, edo salbu eta gastua dirulaguntzaren aurretik egin bada.
Aurkeztutako eskaintzen artetik aukeraketa egiteko (justifikazioan edo, hala badagokio, dirulaguntzaren eskabidean aurkeztuko dira), efizientzia-eta ekonomia-irizpideak erabiliko dira, eta txosten baten bidez berariaz justifikatu beharko da proposamen ekonomikorik onena aukeratzen ez denean.
b) Ez da diruz lagunduko 10 ordu baino gutxiagoko prestakuntza-jarduerarik.
c) Ez dira ordainduko eta ez dira kostu moduan hartuko jardueran parte hartzen duten irakasleak ordezteko langileak kontratatzearen ondoriozko gastuak.
d) Hizkuntza-proiektuak eta haietan jasotako irakasleen prestakuntza garatzeko beharrezkoa bada prestakuntzarako material bibliografiko lagungarriak erostea, horregatik ordaindu beharreko kopurua ezingo da izan proposatutako dirulaguntza osoaren ehuneko hogei baino gehiago.
e) Diruz lagundu ahalko dira proiektua garatzeko zuzendaritza-, koordinazio-, segimendu- eta ebaluazio-gastuak, proiektua ikastetxeetan ezartzeari lotutakoak, eta proiektuari dagozkion prestakuntza-jarduerei lotutakoak. Orduko 25 euroko muga izango dute proiektuaren zuzendaritzari, koordinazioari, segimenduari eta ebaluazioari egotz dakizkiekeen gastuek.
2.– 1. artikuluan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura ez bada nahikoa eskaera guztiei erantzuteko proiektuaren kostuaren ondoriozko zenbatekoan –artikulu honen aurreko apartatuan aurreikusitako mugekin–, dirulaguntzen zenbatekoa banaketa proportzionalaren sistemaren bidez kalkulatuko da. Sistema horren arabera, diru-zuzkidura globala eskaera bakoitzak lortu duen puntuazioaren araberako proportzioan banatuko da –V. eranskineko baremoaren irizpideak aplikatuta–, betiere proiektuaren kostua eta eskatutako zenbatekoa gainditu gabe. Dirulaguntza kalkulatzeko, VII. eranskinean zehaztutako irizpideei jarraituko zaie.
11. artikulua.– Hizkuntza-proiektuak garatzeko laguntzak.
1.– Hizkuntza-proiektua garatzeko berrikuntza-proiektua burutzen duten ikastetxeek kasuan kasuko Berritzeguneko erreferentziazko aholkulari bat izendatua izango dute, eta hura onartutako proiektuaren segimendua eta ebaluazioa egiteko lanen arduraduna izango da, ikastetxeen elkarteak edo federazioak izendatutako pertsonarekin eta ikastetxean proiektuaren koordinatzaile denarekin batera.
2.– Hizkuntza-prestakuntza horretan parte hartzen duten irakasleek lehentasuna izango dute berritzeguneetako aholkulariek hizkuntzen didaktikaz emandako prestakuntza jasotzeko.
12. artikulua.– Ziurtatzea.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak 30 prestakuntza-ordu ziurtatuko dizkie, ofizioz, deialdi honen babespean euren hizkuntza-proiektuak garatzen dituzten ikastetxe elkartuetako irakasleei, baldin eta partaide izan den irakasle bakoitzak proiektuan izandako arduraldiaren eta beharrezko prestakuntza-jardueretan izandako parte-hartzearen ehunekoa ikastetxe bakoitzean erabilitako ordu guztien % 80tik gorakoa bada. Horretarako, 2019-2020 ikasturtea amaitutakoan, parte hartzen duten ikastetxeei ahalmena emango zaie partaide izandako irakasleei buruzko datuak sartzeko aplikazio informatiko honetan: https://ikasgunea.euskadi.eus
13. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.
Deialdi honen babespean ematen diren dirulaguntzak bateraezinak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandakoekin.
14. artikulua.– Prozeduraren ebazpena.
1.– Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hilera ebatziko du deialdia Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak.
2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie erakunde interesdunei eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.
3.– Epe horretan ebazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez dio amaiera emango administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetako dirulaguntzen erakunde onuradunek honako betebehar hauek dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotako betebeharrez gainera (izan ere, finantzaketa publikoa dela jakinarazteko publizitate egokia emateko neurriak ere hartu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko Legearen 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat etorriz):
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretan, onartzen dela ulertuko da, salbu eta erakunde onuradunak berariaz eta idatziz uko egiten badio ebazpena elektronikoki jaso eta hamar eguneko epean.
b) Dirulaguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea, hau da, hizkuntza-proiektua garatzeko eta, proiektu horri lotuta, irakasleak prestatzeko.
c) Konpromisoa hartzea hizkuntza-proiektuen garapenean ikasitakoa hezkuntza-komunitate osoari helarazteko, EAEko hezkuntza-administrazioak eleaniztasunari buruz antolatutako ikastaroetan, jardunaldietan edo prestakuntza-saioetan.
d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, eskatzen duten informazioa ematea deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz.
e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatuk helburu bererako emandako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
f) Dirulaguntza emateko kontuan hartutako edozein inguruabar aldatuz gero, horren berri ematea Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
g) Lankidetzan aritzea Hezkuntza Sailarekin prestakuntza-jardueretan parte hartu duten irakasleen segimendu eta ebaluazioan, bai eta orokorrean hizkuntza-proiektuen ebaluazioan eta proiektu horiek gauzatzen diren ikastetxeetan proiektuok duten eraginari buruzko ebaluazioan ere.
16. artikulua.– Ordainketa.
Dirulaguntza bi zatitan ordainduko da, eta honela egingo dira ordainketak:
a) Lehen ordainketa emandako dirulaguntzaren zenbateko osoaren herena izango da, eta deialdiari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hilabeteko epean egingo da, baldin eta tartean laguntzari berariaz uko egin ez bazaio eta lehen ordainketari dagokion zenbatekoaren gutxienez % 50 justifikatu badu erakunde onuradunak.
b) Bigarren zatian gainerakoa ordainduko da, erakunde onuradunak 17. artikuluan aipatutako frogagiriak ikasturtea amaitu eta 2019ko ekainaren 15era bitarte aurkeztu ondoren, egun hori barne.
17. artikulua.– Laguntzak justifikatzea.
1.– Artikulu honetan aipatutako justifikazio-agiriak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztu beharko dira honako helbide honetan: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Erakunde onuradunek, 2019-2020 ikasturtea amaitutakoan, ekainaren 15era arteko epea izango dute hautatutako hizkuntza-proiektuari buruzko memoria aurkezteko. Memorian, honako hauek jasoko dira:
– Hizkuntza-proiektua zer neurritan gauzatu den parte hartu duten ikastetxeetako bakoitzean, eta hura orokorrean ebaluatzea.
– Zer prestakuntza-jarduera egin diren, eta haietako bakoitzaren txostena, honako hauek adieraziz: edukia, eskainitako plaza-kopurua, parte-hartzaile kopurua eta zenbatek gainditu duten ikastaroa. Zehaztu beharko da, era berean, zer kostu ekonomiko izan duen prestakuntza-jarduera bakoitzak.
– Hizkuntza-proiektuak ikastetxeetako bakoitzean izandako eraginaren adierazleak: zenbat ikasle-taldetan ezarri den, eta hizkuntzetan izan dituzten emaitzen ebaluazioa, ikasturtearen hasiera abiapuntutzat hartuta; prestatu ondoren, atzerriko hizkuntzetan B1, B2 edo C1 maila dutela frogatzeko proba ofizialetara aurkezten diren irakasleak zenbat diren, eta haien ehunekoa.
– Jasotako dirulaguntza zertarako erabili den azaltzen duen balantze ekonomikoa, eta federazioko edo elkarteko organo gorenaren akta, balantze hori onartzen duena.
3.– Erakunde onuradunak, memoriarekin batera, gastu-frogagiriak, fakturak edo bestelako dokumentuak aurkeztuko ditu, emandako dirulaguntzaren xede diren hizkuntza-proiektua eta prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzeko. Era berean, honako justifikazio hauek ere aurkeztuko ditu: batetik, 10. artikuluko 1. zenbakiko a) letran adierazitakoak, hornitzaileen eskaintzei dagokienez, eta, bestetik, hizkuntza-proiektua edozein modalitatetan gauzatzeko azpikontratazio-ehunekoari buruzkoak.
18. artikulua.– Segimendua.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak onartutako hizkuntza-proiektuen eta ikastetxeetan duten ezarpenaren segimendua egingo du, dirulaguntzaren helburua betetzen dela bermatzeko.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretakoren bat aldatzen bada, jakinarazi egin beharko da, eta gerta liteke horren ondorioz laguntza emateko ebazpena ere aldatzea.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Dirulaguntzen onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubidearen pean egongo dira, eta, Dirulaguntzei buruzko azaroko 38/2013 Lege Orokorraren 37.1 eta 2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako kasu hauetan itzuli beharko dute eman eta jasotako zenbatekoa, osorik edo partez, bai eta aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barnean dela):
– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatuan jasotako itzulketa-kausaren bat denean.
– Dirulaguntza erabiltzen ez denean eskatu eta eman zen helburu zehatzerako.
– Dirulaguntza eragin zuen jarduera burutzen ez denean.
– Justifikatzen ez denean dirulaguntza erabili dela eman zen helburu zehatzetarako.
– Oro har, betetzen ez direnean azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo dirulaguntza emateko ebazpenean ezarritakoak.
– Dirulaguntzaren gutxieneko aplikazio-ehunekoa, haren xedeari dagokionez, hau izango da: egiten direnean bi modalitateetarako diruz lagundutako ikastetxeko hizkuntza-proiektuen % 80 eta horretarako diseinatutako irakasleen prestakuntza-jardueren ehuneko bera. % 80 baino gehiagoko ehunekoa ez egitea erabateko ez-betetzetzat hartuko da, eta, horrelakoetan, jasotako dirulaguntzaren zenbateko osoa gehi bidezkoak diren legezko interesak itzuli beharra egongo da. Ez-betetze partziala izango da, berriz, gutxienez % 80 egitea baina % 100era iritsi gabe. Horrelakoetan, dirulaguntzaren zati bat itzuli beharko dute, zati proportzionala, diruz lagundutako proiektu globalaren egite-mailaren arabera.
2.– Dirulaguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, alde batera utzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak (698/1991 Dekretuaren bidez, arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira). Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
21. artikulua.– Datuen babesa.
Deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako prestakuntza- eta berrikuntza- proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, 19. zenbakiaz, dirulaguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan prozedura-arloan aurreikusten ez den guztirako, lege hauetan ezarritakoa aplikatuko da: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 8a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.