EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2019087

AGINDUA, 2019ko otsailaren 18koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baita «Fundación Fondo De Promoción Cooperativa Promokoop» fundazioaren azkentzea eta likidazioa, inskribatzen baita hori Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan eta agintzen baita bere erregistro-orria ezeztatzea.

Xedapenaren data: 2019-02-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201902180
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2017ko urriaren 19an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko erregistroan «Fundación Fondo De Promoción Cooperativa Promokoop» fundazioaren azkentzearen eta likidazioaren eskritura publikoaren kopia bikoitz baimendua, 2017ko urriaren 10ean egiletsia José Luis Amérigo García notarioaren aurrean (protokolo-zenbakia: 643).
Bigarrena.– Eskritura publiko horrek barne hartzen du Rosa María Lavín Ibarra andreak eta Agustín Mendiola Gorospe jaunak (batzorde likidatzailearen kideak) 2017ko uztailaren 10ean emandako ziurtagiria, zeinetan jasotzen baitira patronatuaren eta batzordearen bilerak. Bilera horietan honako erabaki hauek hartu ziren aho batez:
1.– Fundazioaren likidazio-balantzea onartzea, bai eta egindako likidazio-eragiketen txostena ere.
2.– Fundazioaren likidazio-eragiketak onartzea, onartutako likidazio-egitaraua gauzatu ondoren, eta likidazioa kudeatu duen erakundeari zor zaizkion zenbatekoak ordaindu eta gero.
3.– Fundazioaren likidazio-prozedura amaitutzat ematea, fundazioaren ondasunen norabidearen gaineko erabakia gauzatu ondoren.
Horrez gain, eskritura publikoak fundazioaren ondasunak eta likidazioa egiteko eragiketen txostena barne hartzen du, baita fundazioaren likidazioaren ondoriozko soberakinaren norakoaren justifikazioa ere.
Laugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta, ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusita dago lau lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Espedienteari, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta beraz, bete dira honako xedapen hauetan ezarritako baldintzak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legeko 42. artikuluan, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartu duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 31. eta 47. artikuluetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluan, eta Fundazioaren estatutuetan.
Hirugarrena.– 100/2007 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenez, iraungitzeko erabakiak edo, hala badagokio, hori erabakitzen duen ebazpen judizialak fundazioaren ohiko jarduerak amaitutzat emango ditu eta hasiera emango die likidazio-eragiketei.
Bestalde, artikulu horretan bertan adierazten denez, fundazioko gobernu-organoak egingo du azkendutako fundazioaren likidazioa, Babeslaritzaren kontrolpean, betiere. Horretarako, fundazioaren gobernu-organoak aktibo- edo likidazio-eragiketa bakoitzaren berri emango dio Babeslaritzari.
100/2007 Dekretuaren 36.6 artikuluak ezartzen du zein elementu izan behar dituen Fundazioa likidatzeko eskritura publikoak.
Laugarrena.– Bete egin dira fundazioak likidatzeko ezarritako izapideak. Horrez gain, egiaztatu da aurreikusitako helbururako erabili direla Fundazioaren ondasunak.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da likidazio-prozesua bukatutzat jotzea, eta fundazioari dagozkion idazpenak ezereztea.
Aipatutako manuak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak IKUSITA, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aretxabaletako (Gipuzkoa) «Fundación Fondo De Promoción Cooperativa Promokoop» fundazioaren likidazioa onartzea –bigarren aurrekarian adierazitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat datorrena–; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea likidazio-erabakia, eta fundazioaren erregistro-orria ezeztatzeko agintzea.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 18a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.