EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019085

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 10ekoa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez argitaratzen baita 2019an literatura-itzulpenetarako dirulaguntzak emateko modua arautzen duen deialdia, Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa.

Xedapenaren data: 2019-04-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201902141
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak honako helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adierazmoldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du institutu horren eskumenekoa dela euskal kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horrek bere 19. artikuluaren 2.g) letran aipatzen du, jarduera-arlo gisa, euskal literatura, pentsamendua eta ikerketa sustatzea, pentsamendu eta ikerketa zientifikoko obrak eta euskal pentsamenduko eta kulturako aldizkariak kanpora atereaz. Bestalde, artikulu horren f) letran, Institutuaren funtzioen artean aipatzen da kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskal literaturako lanak eta Euskal Autonomia Erkidegoko egileenak b hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.
2019ko martxoaren 22an onartu zituen Zuzendaritza Kontseiluak literatura-itzulpenetarako dirulaguntzak eta horien irizpideak.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da, 2019an, honako itzulpen-jarduera hauek diruz laguntzeko baldintzak arautzen dituen Zuzendaritza Kontseiluaren akordioa argitaratzea:
– Jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak edozein hizkuntzatara itzultzea.
– Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatutako idazleek jatorriz gaztelaniaz idatzi eta argitaratutako literatura-obrak euskara ez den beste edozein hizkuntzatara itzultzea.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honetarako gehieneko zenbatekoa hogeita hemeretzi mila (39.000) eurokoa izango da.
2.– Itzulpen lanak bakarrik ordainduko dira, ondoren zehaztutakoaren arabera:
a) Itzulgaiaren zailtasun-maila oinarrizkoa denean, 0,012 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
b) Itzulgaiaren zailtasun-maila apartekoa denean, 0,021 euro karaktereko, zuriunerik gabe, jatorrizkoan zenbatuta.
Balorazio-batzordeak erabakiko du zein testu den hizkuntzaren aldetik aparteko zailtasunekoa. Edozein kasutan, aparteko zailtasunekotzat joko dira hegemonikoak ez diren hizkuntzetara egindako itzulpenak.
Ezin izango da diruz laguntzeko moduko gastutzat hartu BEZaren zenbateko kengarria, erakunde eskatzaileak zerga horren aitorpena egin beharra duenean.
3.– Hori guztia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
3. artikulua.– Dirulaguntzen esleipena.
1.– Ebazpen honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskaerak erkatuko dira, 11. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen araberako hurrenkera ezartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskaeretatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte, betiere % 50eko gutxieneko puntuazioa lortuta.
2.– Obra berak ez du jasoko hiru hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko laguntzarik urte bereko deialdian. Hiru eskaera baino gehiago izanez gero, puntuazio handiena duten hiru eskaerek jasoko dute dirulaguntza.
3.– Honela egingo da proiektu bakoitzak jaso dezakeen diru-kopurua zehazteko kalkulua: deialdi honetan finkatutako tarifen arabera legokiokeen dirulaguntzaren zenbatekoari edo kontratuan ageri den kopuruari (deialdiaren arabera legokiokeena baino txikiagoa bada kontratuan ageri den kopuru hori) balorazioan lortutako puntuazioaren ehunekoa aplikatuko zaio, eta hortik sortzen den emaitza izango da jasoko den laguntza.
4.– Eskaera bakoitzak lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa zortzi mila (8.000) eurokoa izango da, eta eskatzaile bakoitzak deialdi honetan lortu ahal izango duen gehieneko zenbatekoa, aldiz, hamabi mila eta bostehun (12.500) eurokoa.
5.– Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
4. artikulua.– Onuradunak.
Ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona fisiko edo juridikoa izatea, bere lanbide edo xedeen artean argitalpen- eta itzulpen-lanak dituena.
b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren baitan jarduerarekin zerikusi zuzena duen epigrafean, dagokion herrialdean beharrezkoa balitz.
Salbuespen gisa, baldintza hori ez dute bete beharko itzultzaileek berek idatzitako lanaren itzulpena egingo badute.
5. artikulua.– Eskatzaileen betekizunak.
Eskatzaileek betekizun hauek bete beharko dituzte laguntzaren onuradun izateko:
– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izatea.
– Erakunde mota hauetakoren bat ez izatea: nagusiki kapital publikoa duten erakunde pribatuak, fundazioak edota dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteak.
– Dirulaguntza eta laguntza publikoak lortzea galarazten dion zigor penalik edo administratiborik ez izatea.
– Legez debekatuta ez izatea laguntza edo dirulaguntza publikoak jasotzea, berariaz aipatuta sexu-bazterkeriagatik ezarritako zehapenak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo dirulaguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da dirulaguntza eman eta, hala dagokionean, ordaindu.
– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13.2 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
– Baldintza horiek guztiak, onuradun izateko ez ezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.
6. artikulua.– Eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileak Nafarroakoak direnean zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute, eta atzerrikoak direnean, aldiz, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela egiaztatzen dutenak, edo horien baliokideak; baita, hala badagokio, eskatutako bete edozein agiri ere.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuarekin aldaketarekin bat eginez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
– Eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.
3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
7. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Arloari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenari jarraipena egingo dio, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerari erantzutera.
8. artikulua.– Eskabideak aurkeztea eta epeak.
1.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte pertsona fisikoek:
– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: euskadi.eus gunean aurkeztu ahal izango dira eskabideak, artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.
Bide bat edo bestea erabili, eskatzaileak prozedurako edozein unetan aldatu ahal izango du ordura arte hautatutako bidea.
2.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 4. atalean adierazitako helbidean.
3.– Salbuespenez, eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahal izango dituzte atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek.
4.– Eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu, formularioa eta argibideak euskadi.eus egoitza elektronikoaren honako helbide honetan egongo dira eskuragai:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2019/literatura_itzulpenak/y22-izapide/eu
Eskabidearen izapide hauek gune honetan egingo dira bide elektronikoa erabiliz gero:
https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
5.– Eskatzaileak euskara edo gaztelania erabili ahal izango du eskabidean eta gainerako agirietan. Halaber, eskaeraren ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Identifikazio elektronikorako onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratutako bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.
7.– Eskaerak aurkezteak esan nahiko du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
8.– Jarduerako eskabide bana aurkeztuko da. Eskatzaile batek eskabide bat baino gehiago aurkezten baditu, nahikoa izango da eskatzaileari dagokion administrazio-dokumentazioa behin aurkeztea.
9.– Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, deialdia EHAAn argitaratu eta biharamunetik hasita.
10.– 2020ko abenduaren 30a izango da diruz lagundutako itzulpenak argitaratzeko gehieneko epea.
11.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentuak:
a) Itzuli nahi den liburu edo testua euskarri informatikoan (Word formatua).
b) Itzulitako lagina: 15.000 karakterekoa (zuriunerik gabe zenbatuta), euskarri informatikoan.
c) Itzultzailearen curriculuma eta argitaletxearen azken katalogoa.
d) Liburua itzultzeko eta argitaratzeko egile-eskubideen baimena edo ziurtagiria.
e) Itzulpena egiteko kontratua, bi aldeek sinatuta. Kontratuak ordainduko den zenbatekoa adierazi beharko du.
f) Argitaletxearen konpromisoa sinatua.
g) Jatorrizko lana gaztelaniazkoa bada, egilearen errolda-agiria.
9. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gehienez hamar egun balioduneko epean, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan. Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileak 10 egun balioduneko izango du akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, edo dagokion izapidea egitea galduko du. Epe hori igarota, Etxepare Institutuko zuzendariaren ebazpenez, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan.
10. artikulua.– Balorazio-batzordea.
1.– Eskaerak aztertu eta ebaluatzeko balorazio-batzordea osatuko da. Batzordea honela osatuko da:
a) Lehendakaria: EEIko Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria.
b) Bokalak 3-5 kide, EEIko zuzendariak izendatuko ditu, aditu diren gizon-emakume eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio-batzordearen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du, eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.
11. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatu eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Honako hauek izango dira aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatzak:
a) Jatorrizko itzulgaiaren literatura-arloko interesa: puntuazioaren % 30 arte.
b) Itzulpen-laginaren kalitatea: % 25 arte.
c) Itzultzailearen ibilbide profesionala: % 15 arte.
d) Liburua argitaratuko duen argitaletxearen ibilbide profesionala, katalogoa eta nazioartean lan egiteko irizpideak, plana, proiektua...: % 15 arte. Bereziki hartuko dira kontuan aurreko lanak zabaltzeko atzerrian egindako ekintzak.
e) Kontratuan proposatzen diren argitalpenaren ezaugarriak: argitara emango den ale-kopurua, tamaina, formatua eta bestelakoak: % 5 arte.
f) Lana jatorriz euskaraz idatzitakoa bada, itzulpena zuzenean jatorrizkotik abiatuta egindakoa izatea: % 10.
3.– Dirulaguntza jasotzeko ezinbestekoa izango da % 50eko puntuazioa lortzea. Alabaina, itzulpen-laginaren kalitatearen atalean nahiz argitaletxearen ibilbidearen atalean puntuazioa ez bada erdira iristen, ezingo da dirulaguntzarik lortu, nahiz eta % 50 horretara iritsi.
12. artikulua.– Ebazpena.
1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeak aurkeztutako ebazpen-proposamena aztertu eta ebazpena ematea.
2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzaren iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat.
3.– Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera, gehienez lau hilabeteko epean argitaratuko da ebazpena. Epe hori argitaratu gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
13. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Dirulaguntzaren ebazpena argitaratu eta ondorengo hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin duela ulertuko da.
2.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea eta diruz lagundutako itzulpena 2020ko abenduaren 30a baino lehen argitaratuko dela bermatzea.
3.– Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, hala eskatuz gero.
4.– Itzulpen lana argitara ematen den euskarrian eta zabalkundea edo aurkezpena egitean. EEIren logoa jartzea (EEIren webgunean egongo da eskuragai), eta bi kasuetan zehatz adieraztea itzulpenerako dirulaguntza jaso duela, honako esaldi honen bidez: Liburu honen itzulpenak Etxepare Euskal Institutuaren dirulaguntza izan du. La traducción de este libro ha sido subvencionada por el Instituto Vasco Etxepare, edo dagokion hizkuntzako itzulpena.
5.– Diruz lagundutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinaraziko dio EEIri edo «Nire kudeaketak» helbidearen bitartez, izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
6.– Onuradunak diruz lagundutako proiektuarekin lotutako irudi eta materiala erabili ahal izateko baimena bermatzea EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
14. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.
1.– Ebazpen honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da, prozedura honi jarraituz:
% 75 onartutzat ematen denetik hasi eta hilabeteko epean.
% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hilabeteko epean.
Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio indarreko zerga-araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.
Kasua bada, jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena, onuradunak eskatu beharko du. Eskaera hori justifikazio unean aurkeztu beharko da.
2.– Justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte pertsona fisikoek:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte honako helbide honetan: Etxepare Euskal Institutua, Andre Zigarrogileak plaza 1, Tabakalera eraikina, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte biharamunean: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
3.– Justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte pertsona juridikoek, aurretik adierazitako helbide elektronikoan.
4.– Salbuespenez, eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte atzerriko pertsona fisiko edo juridikoek.
5.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola izapidetu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honen 8.4 artikuluan adierazitako helbidean.
6.– Bi hileko epea izango da justifikazioa egiteko, argitalpena kaleratzen denetik hasita. 2020ko abenduan kaleratutakoen kasuan, hilabetekoa izango da epe hori.
7.– Justifikazioa egiteko, honako hauek aurkeztu beharko dira:
a) Itzulitako lanaren argitalpenaren 3 ale, paperean bada, kopia bat euskarri informatikoan edo edizio digitalerako sarbidea.
b) Itzultzailearen lana ordaindu dela egiaztatzen duen agiria, eskatzailea argitaletxea edo editorea bada.
c) Eskaera aurkeztu ondoren helburu bererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko du onuradunak.
d) Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
15.– Likidazio-ebazpena.
Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hileko epean.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ez-betetzea ebazpen honetan edo izaera orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak.
2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez betetzea gertatu dela ulertuko da, eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
5.– Halaber, aplikagarria izango da dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta agortu ez badira EEIren beste dirulaguntza deialdi batzuk esleitu ondoren aurrekontuetako izakinak. Aldaketa hori eskaeren gaineko erabakia hartu aurretik egin beharko da. EEIren zuzendariaren ebazpen baten bidez eman beharko da adierazitako aldaketaren berri, eta ebazpena EHAAn argitaratuko da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (2013-12-24ko EBAO, L 352. zk.) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamendurako Tratatuko 107. eta 108. artikuluak «minimis» laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Dirulaguntza hauek «minimis» izaera dute, hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga-ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira Europar Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 zenbakiaren aplikazio-eremuan sartzen.
Dirulaguntzaren onuradunak dagokion zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan jasotako «minimis» izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu pertsonalen babeserako informazio klausula.
Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.
Helburua: literatura-itzulpenetarako dirulaguntzak.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Jasotzaileak: gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita haien tratamendua mugatzeko eta haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide honetan/hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago: www.euskadi.eus/dbao/1032404
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2019ko apirilaren 10a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.