EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019085

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 2koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, zeinaren bidez jakinarazten baita 2019an euskal kultura kanpoan zabaltzeko, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza, eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak emateko deialdia, Institutuaren Zuzendaritza Kontseiluak onartutakoa.

Xedapenaren data: 2019-04-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201902140
Maila: Ebazpena
Etxepare Euskal Institutua (aurrerantzean, EEI) Sortzeko eta Arautzeko 3/2007 Legearen 3.b) artikuluak honako helburu hau xedatzen du aipatutako Institutuarentzat: «Euskal Kultura bere hizkuntza ofizialetako edozeinetan eta zeinahi adierazpen, euskarri, bide eta adiera-moldetan kanpoan ezagutarazten eta hedatzen laguntzea, bereziki euskaraz sortutako kultura-eskaintza sustatuz eta hedatuz».
Bestalde, EEIren antolakuntza- eta jarduera-araudia onartzen duen 2008ko maiatzaren 13ko 88/2008 Dekretuak xedatzen du Institutu horren eskumenekoa dela Euskal Kultura Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustatzea eta hedatzea. Dekretu horren 19. artikuluaren 2. atalean dio Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko arloak musika, arte eszenikoak, ikusizko arteak, zinea, arkitektura eta diseinua hartzen dituela bere baitan. Bestalde, artikulu horren f) letran Institutuaren funtzioen artean aipatzen da kultura-eragileei laguntzeko programak diseinatzea euskal sorkuntza nazioartean ezagutzera emateko.
Hori dela eta, EEIri jarduteko arlo gisa adierazi zaizkion eskumenen barruan, interesgarritzat jo da euskararen eremu geografikotik kanpo arte plastiko eta ikusizkoen, musikaren, dantzaren eta antzerkiaren inguruan antolatzen diren jardueretan parte hartzeko dirulaguntzak emateko modua arautzea.
2019ko martxoaren 22an, Zuzendaritza Kontseiluak dirulaguntza-deialdi hau onartu zuen, haren irizpideekin batera.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da, euskal kultura 2019. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo zabaltzeko, arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza, eta antzerki arloko sortzaileen mugikortasuna sustatzeko dirulaguntzak emateko baldintzak arautzea.
2. artikulua.– Deialdiko modalitateak.
II. kapitulua: Arte plastikoak eta ikusizkoak.
III. kapitulua: Musika.
IV. kapitulua: Dantza.
V. kapitulua: Antzerkia.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi honetarako gehieneko zenbateko orokorra hirurehun eta hirurogei mila (360.000) eurokoa izango da, eta honako hau izango da modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa:
a) Arte plastiko eta ikusizkoetarako, hirurogei mila (60.000) euro
b) Musika-bira eta kontzertu berezietarako, ehun eta hogeita bost mila (125.000) euro honela banatuta:
– Ehun eta hamar mila (110.000) euro, musika-biretarako.
– Hamabost mila (15.000) euro, kontzertu berezietarako.
c) Dantzarako, berrogeita bost mila (45.000) euro.
d) Antzerki-bira eta –denboraldietarako, ehun eta hogeita hamar mila (130.000) euro.
2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako edo baldintzak betetzen ez dituztelako, ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, modalitate baterako dirulaguntzen zenbatekoa handitu ahal izango da beste modalitatearen soberakinaren bitartez, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Horretarako, EEIko zuzendariak ebazpena emango du. Kasu horretan, eskaera-kopuruaren eta dagoen diru-kantitatearen arteko desoreka handiena duen modalitateak izango du lehentasuna.
4. artikulua.– Dirulaguntzak emateko modua, zenbatekoa eta mugak.
1.– Ebazpen honen bidez emango diren dirulaguntzak lehiaketa bitartez esleituko dira. Dirulaguntzak horrela emateko, aurkeztutako eskabideak erkatuko dira, 13. artikuluan finkatutako aukeraketa- eta balorazio-irizpideen arabera hurrenkera jakin batean jartzeko.
Baloraziorik altuenak lortzen dituzten eskabideetatik hasita esleituko dira dirulaguntzak, proportzionalki lortutako puntuazioaren arabera, harik eta horretarako diru-baliabideak amaitu arte.
2.– Dirulaguntza esleitzeko orduan, eskabidearekin batera aurkeztutako aurrekontuan EEIk diruz laguntzen dituen gastuen atala soilik hartuko da kontuan.
3.– EEIk diruz laguntzen dituen gastuak:
Dagokion jaialdi edo jardueran parte hartzekoak: joan-etorria, ikuskizuna jendaurreko egingo den tokiko muntaketa-gastuak, eszenografia edo materialaren garraioa, ostatua eta dietak. Antzerki denboraldietan, promozio gastuak ere bai. Artisten katxetak eta nominak ez dira diruz lagunduko. Ez da gastu amortizagarririk diruz lagunduko.
4.– Laguntzen zenbatekoak:
a) Ostatu eta otorduetarako gehieneko gastuak, pertsonako eta eguneko: Espainiar Estatuan, hirurogeita hamabost (75) euro ostaturako eta berrogei (40) euro dietarako. Estatutik kanpora, ehun eta hogei (120) euro ostaturako eta hirurogei (60) euro dietarako.
b) Honako dieta hauek onartuko dira: emanaldi egunetakoak, eta joan-etorrietarako beste egun bat.
Arte plastiko eta ikusizkoen erakusketen kasuan, soilik joan-etorrietako eta muntaketa eta inauguraziorako dietak onartuko dira. Astebeteko dietak onartuko dira gehienez ere.
c) Automobila erabiliz gero, zero koma hogeita bost (0,25) euro km-ko gehi autobidea eta aparkalekua. Furgoneta erabiliz gero, zero koma hogeita hamabost (0,35) euro km-ko gehi autobidea eta aparkalekua. Kilometro-kopurua kalkulatzeko, dirulaguntza-eskaera egin duen pertsona fisiko edo juridiko pribatuaren sozietate egoitza hartuko da abiapuntutzat.
d) Ibilgailua alokatua denean, alokairuaren faktura, erregaia, autobidea eta aparkalekua.
e) Hegazkina, trena edo bestelako garraio publikoren bat erabiliz gero, soilik maila arrunteko txartela onartuko da.
5.– Hori guztia, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 3 8/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin jasotakoaren kalterik gabe.
5. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publikoek edo pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehieneko mugaraino.
6. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunak.
1.– Ebazpen honek araututako dirulaguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira:
a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta errolda edo egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Zabaldu nahi den obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, errolda edo egoitza soziala euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira. Pertsona fisikoek errolda agiria aurkeztu beharko dute hau ziurtatzeko, eta pertsona juridikoek dagozkien agiriak.
Honako hau hartuko da euskararen eremu geografikotzat: Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Komunitatea, eta Euskal Hirigune Elkargoa.
b) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako, alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean, arte plastiko eta ikusizkoak modalitatean salbu.
2.– Ez da onartuko nagusiki kapital-ekarpen publikoa duten entitate pribatuen, fundazioen, eta dagokion modalitateko sektorearen jarduerarekin lotura zuzenik ez duten elkarteen eskaerarik.
3.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko ordainketak egunean izatea.
4.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 11. eta 13.2 artikuluetan eta haren garapen-araudian, izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
5.– Baldintza horiek guztiak, onuradun izateko ez ezik, jasotako dirulaguntzaren kitapena eman arte bete beharko dira.
7. artikulua.– Erakunde edo pertsona eskatzailearen betekizun jakin batzuk egiaztatzea.
1.– Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluarekin bat etorriz, interesdunak eskubidea dute ez aurkezteko Administrazio jardulearen esku dauden edo beste edozein Administrazio batek egindakoak diren eskatutako agiriak. Horrela, haien kontsulta eta ateratzea Administrazioak egin ahal izango du, interesdunak aurka egin ezean. Kasu horretan, eskatzaileak aurkeztu beharko ditu.
Eskatzaileak Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
Errolda edo egoitza soziala Euskal Hirigune Elkargoan dutenek dagozkien Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta zerga-betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko dute, baita eskatutako beste edozein agiri ere.
2.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren aldaketa betez, betebehar hauek egiaztatuko dira, eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpen bidez:
– Helburu bererako dirulaguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu, eta, hala badagokio, jaso direla adierazi beharko da, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
– Egungo zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan eskatutako eta, hala badagokio, jasotako beste «de minimis» laguntza batzuk jakinaraztea.
– Pertsona edo erakunde eskatzaileak ez izatea zigor administratibo edo penalik, dirulaguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarrenik, ez eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere.
Halaber, eskatzaileak honako hauek adieraziko ditu eskabidean: egiazkoak direla dokumentazioan jasotako datuak eta betetzen dituela laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak.
3.– Eskaera beste pertsona baten izenean egiten denean, legezko ordezkariaren identitatea eta daukan legezko ordezkaritza ahalmenaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
8. artikulua.– Dirulaguntzak kudeatuko dituen organoa.
Etxepare Euskal Institutuaren Euskal Kultura Sustatzeko eta Hedatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak kudeatzea.
EEIk proiektuen garapenaren jarraipena egingo du, eta onuraduna behartuta egongo da horretarako eskatutako ikuskapen- edo informazio-eskaerei erantzutera.
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epeak eta modua.
1.– Bira edo proiektuko eskabide bat aurkeztuko da. Eskatzaile berak eskabide bat baino gehiago aurkeztuko badu, nahikoa izango da behin aurkeztea eskatzaileari buruzko administrazio-dokumentazioa.
2.– Modalitate guztietan, ebazpen hau EHAAn argitara eman eta biharamunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskabideak. Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, hau EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
3.– Hau aurkez daiteke: 2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte egitekoak diren jarduerak.
4.– Pertsona fisikoek eskabideak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre: eskabideak helbide honetan aurkeztuta: Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileak Plaza 1, 3. solairua, 20012 Donostia, goizeko 08:30etik 14:00etara. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Zuzenean bulegoetan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Bide elektronikoa: www.euskadi.eus gunean aurkeztu ahalko dira eskabideak, artikulu honetako 6. atalean adierazitako helbidean.
Eskabidea egiteko eta dokumentazioa aurkezteko bide horietako bat erabiltzeak –presentziala edo elektronikoa– ez du esan nahi bidez aldatu ezin denik prozeduraren ondorengo izapideetan, alegia, edonoiz aldatu daiteke bidea.
5.– Pertsona juridikoek eskabideak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, artikulu honetako 6. atalean adierazitako helbidean. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoen kasuan, aldiz, eskatzaileek bide presentziala ere aukeratu ahal izango dute.
6.– Eskaerak nola izapidetu aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz, erantzukizun peko adierazpenak eta gainerako ereduak azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en honako helbide honetan daude ikusgai:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/zabalkundea_arteak/y22-izapide/eu
Eskabidearen izapide hauek bide elektronikoa erabiliz egin daitezke: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko zeinahi hizkuntza ofizialetan aurkeztu ahal izango du eskaera, atxikitako agiriekin batera. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan eta prozedura osoan, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
8.– Identifikazio elektronikorako, onartutako eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan argitaratuta dagoen bitarteko elektronikoren bat izan beharko du eskatzaileak.
9.– Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
10. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:
Eskaera onartua izateko, dagokion jaialdi, azoka, antzoki, erresidentzia, edo birako emanaldiak hartuko dituzten areto guztien kontratua, gonbidapen ofiziala edo ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, antolatzaileak sinatuta. Agiri horrek honako hauek zehaztuko ditu gutxienez: ekitaldiaren data, lekua, baldintza ekonomikoak eta antolatzailearen kontakturako informazioa.
11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, eskatzaileei jakinaraziko zaie 10 egun balioduneko epea dutela akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko.
Era berean, ohartaraziko zaie ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin dutela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egitea galduko dutela, aurretiazko ebazpen bidez.
12. artikulua.– Balorazio-batzordeak.
1.– Modalitate bakoitzerako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzordeak osatuko dira. Batzordeak honela osatuko dira:
a) Lehendakaria: EEIko Euskal Kultur zuzendaria, ala hark izendatzen duen ordezkoa.
b) Bokalak: EEIko zuzendariak izendaturiko 3-5 kide, modalitate bakoitzean adituak diren gizon-emakumeak eta administrazioko teknikarien artetik.
c) Idazkaria: Batzordearen idazkari-lanak EEIko teknikari batek egingo ditu, zuzendariak izendatua izango da, eta bileretan hitzez bai, baina botorik gabe jardungo du.
2.– Balorazio-batzordeko kideak izendatzerakoan, Gizonen eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 3.7 artikuluan xedatutakoa beteko da.
3.– Balorazio-batzordeen osaera EEIko zuzendariak ebatziko du, eta EHAAn argitaratuko da. Nolanahi ere, errespetatu egingo dira parte ez hartzeari eta errefusatzeari buruz legez ezarritako zehaztapen eta baldintzak.
13. artikulua.– Eskaerak aztertzeko irizpideak eta ebazpen-proposamena.
1.– Balorazio-batzordearen zeregina izango da aurkeztutako eskaerak ebaluatzea eta ebazpen-proposamena egitea Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari.
2.– Honako hauek izango dira aurkeztutako proiektuak aztertu eta baloratzeko irizpide-ardatz nagusiak:
a) Eskatzailearen ibilbide profesionala: kide kopurua (3p.), taldearen antzinatasuna (3p.), sorturiko kultur ekoizpenen berritasuna (6p.), azken hiru urtean atzerrian burututako ekitaldi kopurua (8p.). Puntuazioaren % 20ra arte.
b) Jarduera garatuko d(ir)en espazioa(k)/gertakizuna(k): birako ikuskizun kopurua (arte plastikoetan izan ezik) (10p.); hauek burutuko diren hiriak eta herrialdeak (10p.); antzoki, areto ala espazioaren ezaugarriak, hala nola, edukiera, nazioarteko programazioa eta izaera profesionala (15p.); Puntuazioaren % 35era arte.
c) Proiektuaren auto-finantzaketa maila (10p.). Puntuazioaren % 10era arte.
d) Eskatzailearen presentzia digitala (5p.). Web-orri, sare sozial, eta gainontzeko komunikazio-euskarri digitaletan euskarazko eta ingelesezko bertsioa izatea.
e) Proiektuaren ezaugarriak eta Etxepareren helburuekin duen lerratze maila: jasotako sariak, kritika espezializatuak eta autore edo taldearen proiekzioa (10p.); euskararen presentzia proiektuan (10p.); proiektuak euskal kulturaren nazioarteko zabalkundeari egiten dion ekarpena (10p.). Puntuazioaren % 30era arte.
3.– Balorazioan lor daitezkeen puntuen % 50 lortzen ez duten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.
4.– Ez da 500 eurotik beherako dirulaguntzarik emango. Jasotako puntuazioari dagokiona muga honetatik beherakoa bada, proiektu horrek ez du laguntzarik jasoko.
14. artikulua.– Ebazpenak.
1.– EEIko zuzendariari dagokio balorazio-batzordeek aurkeztutako ebazpen-proposamenak aztertu eta ebazpenak ematea.
2.– Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita, gehienez lau hilabeteko epean eman eta jakinaraziko dira modalitateetako ebazpenak. Epe hori jakinarazpenik gabe igarotzen bada, eskaerak ez direla onartu ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
15. artikulua.– Dirulaguntzaren onarpena.
Ebazpena Eusko Jaurlaritzako iragarki-taula elektronikoan argitaratzen den egunean hasi eta hamabost eguneko epean onuradunak berariaz uko egiten ez badio, dirulaguntza onartu egin dela ulertuko da.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Dirulaguntza adierazitako helburu zehatzerako erabiltzea, eta diruz lagundutako jarduera 2019. urtean burutzea.
2.– Esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa edozein delarik ere, dirulaguntzaren onuradun orok diruz lagundutako egitasmoaren eta gastuen gauzatzea justifikatu behar du. Justifikazioari ekiteko, dirulaguntza esleitzeko orduan erabilitako gastu-aurrekontu onartua erabiliko da.
3.– Ebazpena eman aurretik eskabidean aurkeztutako proiektuan edo aurrekontuan aldaketaren bat eginez gero, horren berri idatziz jakinarazi beharko dio EEIri, edo «nire kudeaketak» helbidearen bitartez izapide elektronikoaren kasuan. Berri hori jasotzen duenetik, EEIk 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko. Erantzunik ez bada, aldaketa onartutzat joko da.
4.– Deialdi honen bidez jasotako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea Ogasun eta Ekonomia Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, hala eskatuz gero.
5.– Esleipen-ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera, katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta argitaratzen diren gainerako material grafiko zein soinudunetan, Etxepare Institutuaren babesa jaso dutela adieraztea logoaren bitartez. Nolanahi ere, betebehar hori betetzetik kanpo egongo dira dirulaguntza esleituz eman beharreko ebazpena eman aurretik gauzatutako egitasmoak.
6.– Diruz lagundutako proiektuarekin lotutako materiala eta irudiak erabili ahal izateko baimena bermatzea onuradunak EEIri, horrek informazioa hainbat euskarritan zabal dezan.
7.– Halaber, aplikagarria izango da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
17. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Ebazpen honetan ezarritako dirulaguntzen onuradunek 2018ko abenduaren 31ra arteko epean aurkeztu beharko dituzte jarraian zerrendatzen diren agiriak. Salbuespenez, abenduan egindako jardueren kasuan, 2019ko urtarrilaren 31ra arte luzatu ahal izango da epea.
2.– Pertsona fisikoek justifikazioak aurrez aurre edo bide elektronikoa erabiliz aurkeztu ahalko dituzte:
– Aurrez aurre aurkeztu ahal izango dituzte honako helbide honetan:
Etxepare Euskal Institutua, Tabakalera eraikina, Andre Zigarrogileak Plaza 1, 3., 20012 Donostia, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
– Justifikazioak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dituzte honako gune honetan: https://www.euskadi.eus//nirekarpeta
3.– Pertsona juridikoek justifikazioak bide elektronikoa erabiliz aurkeztuko dituzte, aurretik adierazitako helbide elektronikoan. Euskal Hirigune Elkargoko pertsona juridikoek bide presentziala ere aukeratu ahal izango dute.
4.– Justifikazioak, bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz, nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak euskadi.eus-en egongo dira ikusgai, agindu honen 9.6 artikuluan adierazitako helbidean.
5.– Justifikaziorako, jarraian zerrendatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira:
a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.
b) Justifikaziorako eredu-orriak jarraituz zehaztuko dira egindako gastuak, eta, halakorik balego, jasotako bestelako dirulaguntzak.
c) Gastuen justifikaziorako, aurrekontu onartuan Etxeparek diruz laguntzen dituen kontzeptuetako gastu guztiak egiaztatu beharko dira. Horrekin batera, gastu eta diru-sarreren balantzeari buruzko zinpeko adierazpena aurkeztu beharko da.
EEIk ausaz eta zozketaz eskatuko dizkie onuradunetako batzuei aurkeztutako aurrekontua bere osotasunean justifikatzeko agiriak.
d) Gastu guztien zerrenda ordenatua jasotzen duen taula sinatua.
Etxepare Institutuak edozein momentutan eskatu ahalko ditu goian aipaturiko gastuak justifikatzeko fakturak. Fakturek eskatzailearen izenean egon beharko dute, eta indarrean dagoen zerga-araudiaren arabera baliozkoak izan beharko dute. Bestelako monetatan egindako fakturen kasuan, gastua eurotan zenbatekoa izan den adierazi beharko da, horretarako erabilitako kanbio-tasa adieraziz.
e) Dietak justifikatzeko, aski izango da dagokion formularioan jasotzen den taula bete eta sinatzean. Halere, dieten taularen bidez zuritutako laguntza ezingo da jasotako laguntzaren % 50 baino gehiago izan, ezta 2.000 euro baino handiagoa ere.
f) Norberaren ibilgailuan egindako bidaietarako, nahikoa izango da onuradunak dagokion kilometraje taula bete eta sinatzea. Honela kalkulatuko da kilometro kopurua: jarduera egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen sozietate egoitzara edo establezimendura dagoen joan-etorriko distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Bidesarien eta aparkaleku-gastuen tiketak edo fakturak aurkeztu beharko dira.
g) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinudunen ale bana, hala badagokio.
h) Helburu bererako jasotako bestelako dirulaguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste dirulaguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, onuradunak izenpetua.
i) Kontratu ala ziurtagiriak, antolatzaileek sinatuak, egindako emanaldien baldintzak jasotzen dituztenak.
j) Dagokion modalitatearen eranskinetan justifikaziorako dokumentazio zerrendan eskatutako beste edozein agiri.
k) Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
18. artikulua.– Likidazio-ebazpena.
1.– Dirulaguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hileko epean. Ebazpen honetan dirulaguntzaren itzulpena aginduko balitz, hau jasotzen denetik bi hileko epea egongo da itzulketa egiteko.
2.– Ez-betetze partzialaren kasuetan, itzuli beharreko diru-kopurua finkatzeko, proportzionaltasun-printzipioari jarraituko zaio.
3.– Salbuespen gisa, esleitutako dirulaguntzaren zenbatekoa ez da gutxituko baldin eta aldi berean gertatzen badira jarraian azaltzen diren hiru baldintzak:
a) % 15etik beherakoa izatea aurreikusitako gastu-aurrekontuaren eta behin betikoz exekutatutakoaren arteko aldea.
b) Esleitutako dirulaguntzak behin betikoz exekutatutako gastuaren % 60 ez gainditzea.
c) Gainfinantzaketarik ez gertatzea.
19. artikulua.– Ordainketa.
Ebazpen honetan oinarrituz emandako dirulaguntzen ordainketa bi zatitan egingo da honako prozedura honi jarraituz:
% 75 dirulaguntza onartzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean.
% 25 jarduera amaitu, justifikazioa egin eta gehienez ere sei hileko epean.
Dirulaguntzaren zenbatekoari kendu egingo zaizkio indarreko araudiaren baitan dagozkion atxikipen eta konturako ordainketak.
Kasua bada, onuradunak eskatu beharko du jarduera hasteagatik aplikagarria den atxikipena. Eskaera hori justifikazio-unean aurkeztu behar da.
20. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Ez betetzea ebazpen honetan edo maila orokorragoko aginduetan ezarritako betebeharrak.
2.– Emandako dirulaguntza guztia edo zati bat ebazpen honetan aurreikusitako jarduera ez den besteren batean erabiltzea.
3.– Hala badagokio, dirulaguntzaren likidazio-ebazpenean zehaztutako diru-kopurua ez itzultzea, horretarako emandako epean.
4.– Halakorik gertatu dela egiaztatzen bada, ez-betetzea gertatu dela ulertuko da, eta, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitakoari jarraikiz, pertsona edo entitate onuradunak itzuli egin beharko dizkio EEIri jasotako diru-kopuruak eta horiei legez dagozkien interesak.
5.– Halaber, aplikagarria izango da Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. eta 40.1 artikuluetan eta haren garapen araudian izaera orokorrarekin aurreikusitakoa.
II. KAPITULUA
ARTE PLASTIKOAK ETA IKUSIZKOAK
21. artikulua.– Xedea.
2019. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo arte garaikideko erakusketak edo gertakizunak antolatzea eta/edo beraietan parte hartzea (lehiaketak, jaialdiak, erakusketak, egoiliar gisako proiektuak...).
Xede honetarako, ez dira aintzat hartuko urteko programazioak, ezta ohiko jarduntzat hartzen direnak ere, erakusketa iraunkorrak kasu. Hortaz, ohiz kanpokotzat jo daitezkeen proiektu edo ekimen zehatzak onartuko dira soilik.
22. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Modalitate honetarako gehieneko zuzkidura hirurogei mila (60.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila eta bostehun (12.500) euro baino handiagoa.
a) Ez da inbertsio amortizagarririk onartuko.
b) Joan-etorri bati dagozkion gastuez gain, egoiliar proiektu bakoitzeko eman daitekeen gehieneko zenbatekoa lau mila eta berrehun (4.200) eurokoa izango da, eta hilabeteko gehienez ere zazpiehun (700) eurokoa.
23. artikulua.– Egoiliar proiektuak.
Egoiliar proiektutzat honako hau hartuko da: gutxienez bi asteko iraupena izango duen prestakuntza artistikoa hobetzeko egonaldia. Egoiliar zentroak helburu horretarako prestatutako tokia izan beharko du, eta egonaldiaren helburuak, baldintzak, zerbitzuak, ikasgaiak, arduradunak eta gainerako zehaztasunak egoiliar zentroko arduradunak sinatutako ziurtagiri edo dokumentu batean jasoko dira.
Eskatzaileak dagokion agiri edo ziurtagiri hori aurkeztu beharko du dirulaguntzaren eskabidearekin batera.
III. KAPITULUA
MUSIKA
24. artikulua.– Diru-baliabideak.
Honako hauek izango dira dirulaguntza hauetarako aintzat hartuko diren jarduerak: musika-birak eta kontzertu bereziak.
1.– Modalitate honetarako gehieneko zuzkidura ehun eta hogeita bost mila (125.000) eurokoa izango da. Ehun eta hamar mila (110.000) euro musika-biretarako, eta hamabost mila (15.000) euro kontzertu berezietarako.
2.– Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete. Halere, musika talde bakoitzeko bira bakarra eta kontzertu berezi bakarra hartu ahal izango da kontuan, eta jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango honako kopuru hauek baino handiagoa:
– Hamabi mila bostehun (12.500) euro taldeko.
3.– musika-birako jaso ahal izango den gehieneko zenbatekoa:
– Espainiar Estatuko biretarako: bi mila eta bostehun (2.500) euro.
– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
4.– Honako hau izango da kontzertu berezi baterako jaso ahal izango den gehieneko zenbatekoa (materialen garraioa eta tokiko muntaketa-gastuak barne):
– 1.200 km arteko tokietarako: bi mila (2.000) euro.
– 1.201 eta 5.000 km arteko tokietarako: lau mila (4.000) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: sei mila (6.000) euro.
5.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitzara zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, honako web-orrialde hau erabiliko da: http://www.distancefromto.net/
25. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Musika-birak.
Deialdi honen ondorioetarako, honako hau hartuko da musika-biratzat: euskararen eremu geografikotik kanpo, 2019. urtean zehar, gutxienez 5 kontzertu jotzea 3 hiri desberdinetan.
Musika-biretako emanaldiak zenbatzean, ez dira kontuan hartuko kontzertu berezietako emanaldiak.
2.– Kontzertu bereziak.
Honako hau hartuko da kontzertu berezitzat: euskal musika nazioartean zabaltzearren aparteko interesa izan dezakeen azoka, jaialdi edo gertakizun batean kontzertua ematea 2019an.
Kontzertu berezi moduan onartzeko baldintzak:
– Diruz lagunduko den musika-taldeak prestigiotsua izan behar du, eta gutxienez 5 urteko ibilbide profesionala. Talde berriak ere izan ahalko dira baldin eta aurrez aipaturiko baldintzak betetzen dituzten musikariz osaturik badaude.
– Kontzertua emango den musika azokak, jaialdiak, edo gertakizunak prestigiotsua eta nazioartean oihartzun zabalekoa izan behar du.
– Dirulaguntzaren eskatzaileak kontratatzailearen gonbidapen-gutun sinatua (musika-taldearen kontratazio-baldintzak zehazten dituena) edo kontratua aurkeztu beharko du eskabidearekin batera.
– Kontratatzaileak diruz lagunduko den kontzertuaren kostuaren % 25 gutxienez hartuko du bere gain.
3.– Honako hauetarako ez da dirulaguntzarik emango, musika-bira nahiz kontzertu berezia izan:
a) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.
b) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.
IV. KAPITULUA
DANTZA
26. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Modalitate honetarako gehieneko zuzkidura berrogeita bost mila (45.000) eurokoa izango da.
2.– Eskatzaile bakoitzak eskabide bakarra aurkez dezake nazioarteko birako.
3.– Distantziaren arabera, honako hau izango da dantza-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehieneko zenbatekoa:
– Estatu Espainiarreko biretarako: bi mila eta bostehun (2.500) euro.
– 5.000 km arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
4.– Artikulu honetan ezarritako distantziak honela kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, honako web-orrialde hau erabiliko da: http://www.distancefromto.net/
27. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Honako hau hartuko da aintzat hartuko den formatua: dantza-bira.
Dantza-biratzat hartuko da 2019. urtean zehar gutxienez 3 emanaldi egitea beste horrenbeste hiritan.
Salbuespen modura, nazioarteko dantza-azoka profesional batean parte hartzea biratzat onartuko da.
2.– Honako hauetarako ez da dirulaguntzarik emango:
a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.
b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.
c) Kalean kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.
V. KAPITULUA
ANTZERKIA
28. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Modalitate honetarako gehieneko zuzkidura ehun eta hogeita hamar mila (130.000) eurokoa izango da.
2.– Dirulaguntzen zenbatekoak eta mugak.
Eskatzaileek nahi beste eskabide aurkez ditzakete, baina eskatzaile bakoitzak jasotako dirulaguntza guztien batura ez da inoiz izango hamabi mila bostehun (12.500) euro baino handiagoa.
3.– Distantziaren arabera, honako hau izango da antzerki-bira bakoitzeko jaso ahal izango den gehieneko zenbatekoa:
– 5.000 km-ra arteko tokietarako: sei mila eta bostehun (6.500) euro.
– 5.000 km-tik haragoko tokietarako: hamabi mila eta bostehun (12.500) euro.
Artikulu honetan ezarritako distantziak honelaxe kalkulatzen dira: emankizuna egiten den herritik pertsona fisiko edo juridiko pribatu eskatzailearen egoitza edo establezimendura zuzenean dagoen distantzia. Bira bateko emanaldiak denboran jarraian egiten badira, emanaldi bat egiten den tokitik hurrengo emanaldiaren tokirainoko distantzia ere kontuan hartuko da. Distantzia hori neurtzeko, web-orrialde hau erabiliko da: http://www.distancefromto.net
4.– Zortzi mila (8.000) eurokoa izango da antzerki-denboraldi bakoitzeko gehieneko zenbatekoa.
5.– Euskal konpainia eta kanpokoen arteko koprodukzioetan, gehieneko dirulaguntza kopuru hauek murriztuko dira, euskal konpainiak koprodukzio horretan duen ehunekoa aplikatuta. Salbuespenez, hiru baldintza hauetatik bi betetzen direnean, ez da murrizketa hau aplikatuko:
a) Zuzendaria euskal herritarra izatea;
b) Aktoreen herena baino gehiago euskal herritarra izatea;
c) Jatorrizko testua ala moldaketa egile euskaldun batena izatea.
29. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
1.– Antzerki-bira:
Gutxienez emanaldi bat egitea 2019. urtean zehar. Hiru baldintza hauetako bat bete beharko du:
a) Nazioarteko jaialdi edo azoka batean parte hartzea. Gutxienez 3 herrialdetako taldeen presentzia izan behar dute programazioan, eta jaialdi profesionalak izan behar dira. Azoka edo jaialdiaren webguneak ondorengo guztiak izan beharko ditu nahitaez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa eta jaialdiari buruzko informazioa, ingelesez. Arte diziplina askotariko azoka edo jaialdien kasuan, antzerki programazio lerro osoa izan beharko dute.
b) Estatutik kanpo arte eszenikoen alorrean programazio egonkorra duten antzokietan aritzea: Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu, edo bestela, prestigio handikoa izan beharko du. Antzokiaren prestigioa baloratzeko, ondorengoak hartuko dira kontuan: programazioaren antzinatasuna; sari prestigiotsuak jasotako taldeak programatzea; antzoki sare pribatu edo publikoen partaide izatea; erresidentzia erregimenean garatutako sorkuntza programak; publiko berriak sortzeko ekintza paraleloak edo antzokiak jasotako sari edo errekonozimenduak.
Antzokiak kaleko emanaldiak antolatzen dituenean, ez da antzokiaren edukiera kontuan hartuko.
Antzokiaren webguneak honako hauek izan beharko ditu nahitaez: antzezlanei eta taldeei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak on-line erosteko zerbitzua.
c) Eusko Jaurlaritzak zuzenki edo zeharka babestutako honako erakustaldi-plataforma hauetako batean parte hartu izanaren ondorioz sortutako emanaldia izatea (hau agiri bidez egiaztatu beharko da): Leioako Umore Azoka, Donostiako DFERIA, Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia, Tarregako Antzerki Azokako Euskal Teatroa espazioa, edo Valladolideko Antzerki eta Kale Artearen Nazioarteko Jaialdia.
2.– Antzerki-denboraldia:
Antzoki berean gutxienez 7 emanaldi egitea jarraian. Antzokiak gutxienez 150 eserleku izan beharko ditu.
Antzokiaren webguneak honako hauek guztiak izan beharko ditu nahitaez: antzezlanei eta konpainiei buruzko informaziodun programazioa, antzokiari buruzko informazioa eta sarrerak erosteko on-line zerbitzua.
3.– Honako hauetarako ez da dirulaguntzarik emango:
a) Izaera amateurra duten erakustaldi edo jaialdietarako.
b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldi eta berbenetarako.
c) Kalean, kontraturik gabe eta antzeko egoeretan egiten diren emanaldietarako.
d) Eskola emanaldietarako.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Eskatutako dirulaguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 3. artikuluan ezarritako zenbateko osoa handitu ahal izango da, baldin eta aurrekontuetako izakinak agortu ez badira EEIren beste dirulaguntza-deialdi batzuk esleitu ondoren. Aldaketa hori eskabideen gaineko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri EEIren zuzendariaren ebazpenaren bidez eman beharko da, zeina EHAAn argitaratuko baita.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ebazpen honetan araututako dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 Erregelamenduan (2013-12-24ko EBAO, L352. zk.) adierazitakoaren arabera arautuko dira –erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da–. Dirulaguntza hauek minimis izaera dute, hau da, pertsona juridiko nahiz fisiko batek jasoko duen dirulaguntza osoa ez da 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zerga-ekitalditan zehar. Diru-kopuru hori baino gutxiagoko dirulaguntzek ez dituzte ez merkataritza eraldatzen, ezta lehia baldintzak desitxuratzen ere; hori dela eta, ez dira sartzen Europako Batasuneko Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107.1 artikuluaren aplikazio eremuan.
Dirulaguntzaren onuradunak dagokion zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitalditan jasotako minimis izaerako dirulaguntzen berri eman beharko du eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpena betez, betiere jasotako dirulaguntzek Erregelamenduak adierazitako gehieneko muga gainditzen ez dutela egiaztatzeko asmoz.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Langileen datuen babeserako informazio-klausula.
Arduraduna: Etxepare Euskal Institutua.
Helburua: dirulaguntzak ematea arte plastiko eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkia 2019. urtean euskararen eremu geografikotik kanpo sustatu eta zabaltzeko.
Lege-oinarria: interes publikoaren mesedetan zein tratamenduaren arduradunari esleitutako ahal publikoak gauzatzean egindako zeregina betetzeko beharrezkoa suertatzen den tratamendua da (Dirulaguntzen Lege Orokorra eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legea).
Jasotzaileak: Gaiaren gaineko eskumena duten Administrazioei jakinarazi ahal izango zaizkie datu pertsonalak.
Eskubideak: zeure datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, baita haien tratamendua mugatzeko eta haren aurka egiteko ere, informazio gehigarrian adierazten den moduan.
Informazio gehigarria: web helbide hauetan aurkitu ahal izango duzu datu pertsonalen babesari buruzko informazio gehiago:
– Arte plastikoak eta ikusizkoak: www.euskadi.eus/dbao/1032507
– Musika: www.euskadi.eus/dbao/1032508
– Dantza: www.euskadi.eus/dbao/1032509
– Antzerkia: www.euskadi.eus/dbao/1032510
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Administrazio-bidea amaitzen duen erabaki honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek EEIko Zuzendaritza Kontseiluari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera, edota administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko dagokion aretoan, bi hileko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
Donostia, 2019ko apirilaren 2a.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,
IRENE LARRAZA AIZPURUA.