EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019085

73/2019 DEKRETUA, apirilaren 30ekoa, «ApoyoDravet» Dravet-en sindromearen aldeko boluntarioen elkartea onura publikokoa dela aitortzeko dena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900073
Xedapenaren data: 2019-04-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201902132
Maila: Dekretua
Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 42. artikuluak honela dio: Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dauden elkarteak onura publikokotzat aitortu ahal izango dira, baldin eta elkarteok, beren jardueren bitartez, interes orokorra edo guztien ongia lortzen laguntzen badute, eta, horretarako, eskuzabaltasun-, altruismo-, elkartasun- eta aniztasun-balioak nabarmen gauzatzen badituzte.
Lege horren babesean, «ApoyoDravet» Dravet-en sindromearen aldeko boluntarioen elkarteak aitormen hori eman dakiola eskatu du, bere ustez erakundea onura publikokoa dela aitortzea merezi duelako, Dravet-en sindromea eta beste sindrome epileptiko batzuk dauzkaten pertsonei laguntzeko egiten dituen jarduerengatik.
«ApoyoDravet» Dravet-en sindromearen aldeko boluntarioen elkartea Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatuta dago, Herri Administrazio eta Justizia Saileko Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako Zuzendaritzaren 2015eko martxoaren 9ko Ebazpena dela bide.
Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean erregistro-zenbaki honekin inskribatuta dago: AS/G/19142/2015.
Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten du batez ere.
Eratu zenetik, «ApoyoDravet» Dravet-en sindromearen aldeko boluntarioen elkarteak bere helburu nagusiak lortzeko behar diren jarduera guztiak egiten ditu; hauexek dira helburu nagusi horiek: Dravet-en sindromea eta antzeko gaixotasunak dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eta haientzako sendabidea bilatzea, berrikuntza sozialaren, pertsonengan zentratutako teknologiaren eta ikerketa aurreratuaren bidez.
Gizarteak benetan interes orokorrekotzat jotzen ditu jarduera horiek guztiak.
7/2007 Legearen 45.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, onura publikoaren deklarazioa Gobernu Kontseiluak erabakitako dekretu baten bidez egingo da, kasuan kasuko sailek –gaiaren arabera– proposatuta. Agindu hori betez, dagokion espedientea izapidetu da, eta, ondoren, sailei eta erakundeei eskatu zaizkien txostenak erantsi zaizkio espedienteari.
Ondorioz, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuaren eta Hezkuntzako sailburuaren proposamenez, erakunde eta entitate interesdunek emandako txostenak ikusi ondoren, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko apirilaren 30ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– «ApoyoDravet» Dravet-en sindromearen aldeko boluntarioen elkartea (Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorreko AS/B/19142/2015 erregistro-zenbakia) onura publikokoa dela aitortzea, bere jardueren bidez interes orokorraren alde egiten duela uste baita.
Horrekin batera, aitorpen honi dagozkion eskubideak aitortzen zaizkio, hain zuzen ere, Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen 43. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko apirilaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.