EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019084

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 10ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ASK Chemicals España SAU enpresan (Zierbena, Bizkaia) produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan kanpoaldean biltegiratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren txostena egiten den.

Xedapenaren data: 2019-04-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201902120
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Zierbenako Udalak 2018ko azaroaren 5ean egin zion eskabidea Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, ASK Chemicals España SAU enpresan produktu kimikoak edukiontzi mugikorretan kanpoaldean biltegiratzeko proiektuari buruzko Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Sinplifikatua has zedin, 21/2013 Legeak, abenduaren 9koak, ingurumen-ebaluazioari buruzkoak, xedatzen duenaren arabera. Proiektuak adierazitako prozedura jarraitu behar du aipatutako arauaren 7.2.a artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluak ezarritakoari jarraituz, ingurumen-organoak kontsulta egin zien proiektuak eragiten dien administrazio publikoei zein interesdunei, aipatu proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin behar zaion zehazte aldera.
Ildo horretan, honako hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzari, biak Eusko Jaurlaritzarenak; Bilboko Portu Agintaritzari; IHOBE, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari; URA-Uraren Euskal Agentziari; eta Bizkaiko Ekologistak Martxan eta Eguzkizaleak elkarteei.
Kontsultak egiteko izapidea amaitu ondoren, honako hauen erantzunak jaso dira: Osasun Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarena eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzarena, biak Eusko Jaurlaritzarenak; Bilboko Portu Agintaritzarena; IHOBE, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarena; eta URA-Uraren Euskal Agentziarena (espedientean daude horien emaitzak). Aipatutako txostenak kontuan izanik, ingurumen-organoak badu aski judizio-elementu ingurumen-inpaktuaren txostena egiteko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.2 a) artikuluan xedatutakoa aplikatuz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egingo zaie arau horren II. eranskinean biltzen diren proiektuei; kasu honetan, proiektua eranskin horren 6. taldeko c) epigrafera egokitzen da. Horrenbestez, ingurumen-ebaluazioaren arloko indarreko legeria aplikatuta, ASK Chemicals España SAU enpresan (Zierbena, Bizkaia) produktu kimikoak ontzi mugikorretan kanpoaldean biltegiratzeko proiektuari ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura aplikatu behar zaio; haren bidez zehaztuko da proiektuak ingurumenean eragin esanguratsurik duen, eta, beraz, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta aplikatu behar zaion ala ez.
Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-espedientean dauden dokumentu teknikoak eta txostenak aztertu ondoren, eta ikusirik proiektuaren ingurumen-txostena zuzena dela eta indarrean dagoen araudian xedatutako alderdietara egokitzen dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren txostena eman behar du (erakunde hori da eskuduna aipatutako otsailaren 27ko 3/1998ko Legearen arabera, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera). Txosten horretan, aztertuko da aipatutako proiektuak ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzakeen, eta, ondorioz, proiektuari ohiko ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin behar zaion.
Hauek ikusirik: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– ASK Chemicals España SAU enpresan (Zierbenan, Bizkaia) produktu kimikoak ontzi mugikorretan kanpoaldean biltegiratzeko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko txostena egitea, jarraian adierazten diren baldintzetan:
A) Proiektuaren bitartez, ontzi mugikorretan biltegiratu nahi dira produktu kimikoak, ASK Chemicals España SAUk Bilboko Portuan (Zierbenan, Bizkaian) dituen instalazioen barruan eraiki asmo dagoen pabiloi berri batean. Biltegian, lehengaiak eta produktu amaituak gordeko dira, gaur egungo instalazioetakoak nahiz enpresa beraren beste instalazio batzuetakoak.
B) Ingurumen-inpaktuari buruzko txostena emateko ebazpen honetan, proiektuaren ingurumen-txostenaren edukia aztertzen da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) III. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere:
1.– Proiektuaren ezaugarriak eta kokapena:
ASK Chemicals España SAUk Zierbenan (Bizkaia) bateratu ditu bere zentro ekoizle batzuk. Bere jarduerak hobeto garatu ahal izateko, produktuak ontzi mugikorretan kanpoaldean biltegiratzeko parke bat ezarri behar da, lehengaiak sartu eta produktu amaituak ateratzeko eragiketak hobetu ahal izateko.
Biltegi-parke berriak 2.266 m
Eremuak -1 m kotara kokatutako zamalanetako kai bat izango du, salgaiak kamioien atzealdetik kargatu/deskargatu ahal izateko. Horrez gain, 0 kotan behar adina leku utziko da kamioien aldeetatik ere zamalanak egin ahal izateko.
Biltegiratze-guneak 32 apalategi izango ditu, 16 lerrokaduratan banatuta. Aprobetxamendu hobea izateko, eta bi isurkiko estalkia duela kontuan hartuta, apalategien altuera aldakorra da (biltegiratzeko 3-7 maila izan ditzake). Biltegiratze-bolumena 1.640 m
Apalategien okupazio-tasa % 63koa da, produktu bakoitzean aurreikusitako batez besteko bolumenekin; hau da, apalategien % 37 geratuko litzateke erabili gabe.
Produktuak edukiontzi itxietan biltegiratuko dira, batik bat 1.000 litroko IBC edukiontzietan, eta 3.500 mm-ko tartea utziko da apalategien artean.
Honako produktu hauek biltegiratuko dira:
– Erretxinak 1. zatia.
– Erretxinak 2. zatia.
– Erretxina furanikoak.
– Katalizatzaile azidoak.
– Beste katalizatzaile batzuk.
– Alkohol-oinarriko pinturak.
– Dimetiletil amina.
– Alphaset.
– Erretxina fenoliko alkalinoak.
– KP.
Arestian adierazi den moduan, gaur egun ASK Chemicals España SAU enpresak Bilboko portu autonomoan (Zierbenan, Bizkaia) okupatzen duen lurzatian eraikiko da pabiloi berria, guztiz artifizializatuta dagoen gune batean.
2.– Izan dezakeen inpaktuaren ezaugarriak:
Ez dago ondare naturaleko elementu esanguratsurik, dagoeneko aldatuta dagoen gune bat baita. Printzipioz, ez dago kultura-ondareko elementurik, eragindako eremua itsasoari hartutako lursailetan egindako betegarri bat baita.
Lurzatia lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak izan dituzten edo dituzten lurzoruen inbentarioan dago sartuta, industriarako lurzati gisa (48913-00015 kodea).
Bidalitako dokumentazioari jarraikiz, lurzoruaren kalitatearen inguruko aldez aurretiko adierazpena egin zen lurzati horretan eta, gero, ASK Chemicals España SAUren gaur egungo instalazioak eraikitzeko prozesuan zehar, induskatutako materialak ikuskatu eta kudeatu ziren. Hondar-lurzoruaren eta lurpeko ur-laginen karakterizazio-emaitzetako kontzentrazioak erabilitako kontraste-balioetakoak baino txikiagoak ziren.
Proiektuak eragindako inpaktu nagusia biltegiratutako produktu kimikoek izan ditzaketen ihesekin edo isuriekin dago lotuta. Eragin horiek minimizatzeko, pabiloiaren lurzorua iragazgaiztuta egongo da, eta atxikipen-askak jarriko dira biltegiratutako produktuen artean.
Gainerako inpaktuak, hala nola zarataren igoerarekin –kamioien trafiko handiagoa dela eta– eta obra-fasearekin lotutakoak, ez dira garrantzitsutzat hartzen, betiere ingurumen-dokumentuan proposatzen diren zuzenketa-neurriak eta ingurumen-txostenean zehazten direnak hartzen badira.
Bigarrena.– Nolanahi ere, neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsatzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo ataletan adierazitakoa kontuan hartuta, eta ASK Chemicals España SAU enpresak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
Sustatzaileak aurkeztutako ingurumen-dokumentuak prebentzio- eta zuzenketa-neurriak zein neurri osagarriak biltzen ditu, proiektuak sor ditzakeen inpaktuei dagokienez. Inpaktu horiek mugatzea, murriztea edo minimizatzea izango da neurri horien xedea eta, horien artean, honako hauek azpimarratu behar dira: pabiloiko lurzorua iragazgaiztea eta balbula itxiko atxikipen-askak instalatzea; horrela, sor daitezkeen ur kutsatuak ez dira euri-uren sarera bideratuko.
Obra-faserako zenbait prebentzio-neurri aurreikusi dira, batik bat sortutako hondakinak modu egokian kudeatzeko, makinek isurketarik ez izatea bermatzeko eta atmosferara igorritako partikulak eta egindako zaratak kontrolatzeko.
Neurri hauek guztiak obra kontratatzeko baldintza-pleguetan sartu beharko dira, eta baldintza horiek betetzen direla bermatuko duen aurrekontua ere izan beharko dute. Era berean, jardunbide egokiak ezarriko dira obretan.
Hirugarrena.– Kontuan izanik sustatzaileak planteatutako neurri babesle eta zuzentzaileek nahiz baimen sektorialetan ezarri diren neurriek ingurumenarekiko kalteak murrizten dituztela, ez da aurreikusten ingurumenean eragin negatibo nabarmenik sortzea. Horrenbestez, ez da beharrezkoa ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren mende jartzea ASK Chemicals España SAU enpresan (Zierbena, Bizkaia) produktu kimikoak ontzi mugikorretan kanpoaldean biltegiratzeko proiektua.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia ASK Chemicals España SAU enpresari eta Zierbenako Udalari (Bizkaia) jakinaraztea.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko Legearen (abenduaren 9ko 21/2013 Legea) 47.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-inpaktuaren txosten honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, aipatutako proiektua baimenduko ez balitz. Halako kasuetan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 10a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.