EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019084

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Donostiako «MZ.032 IYOLA II» HE-ko A.500.10.7 eta A.500.1.8 lurzatietako xehetasun-azterketaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2019-04-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201902119
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
Donostiako Udalak, 2018ko urriaren 23an, eskabide bat aurkeztu zuen «MZ.032 IYOLA II» HE-ko A.500.10.7 eta A.500.1.8 lurzatien ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari ekiteko (aurrerantzean, Plana). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2019ko urtarrilaren 29an kontsulta-izapidea egin zitzaien eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei, egoki irizten diren oharrak egin zitzaten, oinarritzat har bailitezke ingurumen-txosten estrategikoa formulatzeko eta, beharrezko iritziz gero, ingurumen-inpaktu estrategiko arruntaren ebaluazioa egiteko. Ohar horiek aintzat hartuko dira zehazteko nolako zabalera, xehetasun-maila eta zehaztasuna izan behar duen ingurumen-azterlan estrategikoak. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari eta Bide Azpiegituretako Departamentuaren Kudeaketa eta Plangintza Zuzendaritza Nagusiari, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari, Haritzalde Elkarte Naturalistari eta Eguzki, Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari. Era berean, Donostiako Udalari ere jakinarazi zitzaion prozeduraren hasiera.
Halaber, espedientean jasotzen diren agiriak eskuragarri ipini ziren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdun orok egokitzat jotzen zituen ingurumen-arloko oharrak egiteko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen planen, programen eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
«MZ.032 IYOLA II» HE-ko A.500.10.7 eta A.500.1.8 lurzatien xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten du eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoarena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostian «MZ.032 IYOLA II» HE-ko A.500.10.7 eta A.500.1.8 lurzatien xehetasun-azterketarako ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako baldintza hauetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Planaren xedea da «MZ.032 IYOLA II» HE-ko A.500.1.7 eta A.500.1.8 lurzatiak elkartzea eta berri bat konfiguratzea («A.40.47» izenekoa), eta bat-egite horretatik eratorritako lurzatiaren behin betiko lerrokadurak eta sestrak adieraztea eta zuzentzea.
Baimendutako gehieneko eraikigarritasuna kontuan hartuta, eta antolamendu xehatuan lurzatiaren mugei dagokienez ezartzen den 5 metroko atzerapena mantenduz, elkarren artean paraleloki atxikitako etxebizitza-moduluekin osatutako antolamendu bat proposatzen da, 7 etxebizitzaz osatua, sestra gaineko oinplano batean. Lurzatiaren maldara egokitzeko, etxebizitzak mailakatuta egongo dira. Modulu bakoitzak oinezkoentzako sarbide bereiziak izango ditu lurzatiaren barnean, baina etxebizitza multzorako ibilgailuen sarbidea bakarra izango da, guztientzat bera.
Sestra azpian solairu bat eraikitzea planteatzen da, etxebizitzaren erabilera osagarrietarako, eta proposatutako sestra azpiko eraikigarritasunak ez ditu gehieneko 843,52 m
Lurzatiek hirigintzako zerbitzu guztiak dituzte; horiek bide publikoarekin mugatuko dituen itxitura egitea bakarrik falta da.
B) Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, zehazteko ea Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen esparru bat proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako: urbanizazio-proiektua eta eraikitze-proiektua proposatzen ditu Planak, geroago garatzeko. Aurkeztutako agiriak ikusita, Planak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zer neurritan eragiten duen beste plan edo programa batzuetan: plana bateragarria da hierarkikoki goragoko mailakoak diren lurralde-plan, plan sektorial eta hirigintza-planekin.
c) Plan berezia egokia den ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: planak ingurumen-irizpideak txertatzen ditu, besteak beste, lurzoruaren erabilera optimizatzea baitu helburu, hura modu efizientean erabiliz.
d) Planarekin edo programarekin loturiko ingurumen-arazo esanguratsuak: ingurumenean nolabaiteko inpaktua izan dezaketen Planetik eratorritako jardunek obra-faseekin dute zerikusia batez ere: lur-mugimenduak, makineria-zirkulazioa, lurzoru-okupazioa, ustekabeko isurpenak, uraren kalitatearen gaineko eragina, hondakinak sortzea, soinu-mailen igoera, partikulek eragindako kontaminazio atmosferikoa eta abar.
Ingurumen-dokumentuak zehazten duenez, lurzatiaren soinu-mailak bizitegi-erabilerarako eta geroko garapenerako araudian finkatutako helburuak gainditzen ditu, baina lurzatia kokatuta dagoen eremua Babes Akustiko Bereziko Eremu bat da. Horrenbestez, dagokion Eremuko Plana egin beharko da. Bertan zehaztutako neurriek teknikoki zein ekonomikoki egokiak izan beharko dute eremu akustikoen kanpoaldea babesteko, eta helburu-balioak betetzen direla zainduko da. Horretarako, zarata entzuten den eraikin guztien solairu guztietan egingo dira neurketak. Eraiki gabeko lurzoruetan ere egingo dira neurketak, lurretik 2 metroko altueran. Kalitate akustikoko helburu aplikagarri guztiak betetzeagatik kanpoaldea ezin badaiteke babestu, neurri osagarriak garatuko dira, gutxienez, eraikuntzen barnealdean kalitate akustikoko helburuak betetzeko. Eremuko Planean jasotako neurriak ezarri ondoren, kalitate akustikoko helburuak bete gabe jarraitzen badute, eremu hori Babes Akustiko Bereziko Eremutzat joko du Tokiko Administrazioak; horren ondorioz, epe luzera kalitate akustikoa hobetzeko neurri osagarriak zehaztu beharko dira, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak betetzera bideratuta, hain zuzen ere.
Horregatik guztiagatik, esan daiteke ez dela hauteman Plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, baldin eta, eraginpeko eremuan egiten diren esku-hartzeak eta jarduerak gauzatzean indarrean dagoen araudia betetzen bada, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta kultura-ondarearen babesari dagokienez, besteak beste.
e) Planaren egokitasuna ingurumenaren arloko legedia ezartzeko: plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko Europako nahiz Espainiako legeria txertatzeko.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Planaren xede den eremua Miramon-Zorroaga auzoko bizitegi-eremu batean dago kokatuta. Gertuko bide-azpiegituretako lanek aldatutako eremu bat da, eta euste-horma bat du iparraldean eta mendebaldean.
Planaren xede diren lurzatiek hiri-lurzoruaren izaera dute. Itxura angeluzuzena dute eta mugakideak dira. Bi lurzatiek topografia laua dute aurrealdean eta malda nabarmena atzeko mugara aldera; gaur egun eraiki gabe daude.
Eremuak ez du elementu natural garrantzitsurik, ezta ingurumen-arriskurik ere, ustezko higadura-arrisku baten kasuan salbu, malda handia duen lurzatiaren eremuan.
Eragin akustikoari buruzko azterketarekin bat etorriz, azterlanaren xede-eremuak kalitate akustikoko helburuak (KAH) gainditzen ditu lurzatiaren iparraldean kokatuta dagoen etxebizitzaren ipar-ekialdeko fatxadan. Neurri zuzentzaile gisa pantaila akustikoak ezarrita ere, ez da aurreikusten KAH horiek bete ahal izateko mailak murriztuko direnik. Babes Akustiko Bereziko Eremu gisa aitortuta dagoela kontuan hartuta, etxebizitzak Etxebizitza Kode Teknikoaren DB-HR Oinarrizko Dokumentuari jarraikiz eraiki beharko dira. Are isolamendu handiagoa eman beharko zaie hala behar duten fatxadei, lurzatian eraikitzen diren eraikuntzen barruan KAH horiek betetzen direla bermatzeko.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak aplikatzerakoan, bete beharko dira egungo araudia, ingurumen-txosten estrategikoa egiteko ebazpen honetan ezartzen diren arauak, bai eta, aurrekoak betetzea ezertan eragotzi gabe, ingurumen-agiri estrategikoa eta Plana bera ere. Aplikatu behar diren neurrien artean, nabarmentzekoak dira proiektua exekutatzearen ondoriozkoak; neurri horiek, gainera, lotuta egon beharko dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin. Besteak beste, Planetik eratorritako proiektuetako obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaile hauek bete beharko dira:
a) Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
b) Hondakinak sortzea eta kudeatzea: eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Obrak egin eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arau espezifikoetan xedatutakoa beteko da.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, uztailaren 20koa, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duena).
c) Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
d) Induskatutako lurzoruen kontrola: Donostiako Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22.2 artikulua betetzeko.
e) Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisio arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioik obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo kaleak erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Jasangarriari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
1.– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kopurua murriztea.
2.– Energia. Energia-kontsumoa murriztea edo iturri berriztaezinen bidezko energia sortzea.
3.– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
4.– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
5.– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
6.– Barne-kalitatea. Barne-airearen kalitatea, konforta eta osasungarritasuna hobetzea.
Zaratari dagokionez, ikusirik fatxadetako hargailu batzuek kanpoaldeko kalitate akustikoko helburuen gainetiko zarata-mailak dituztela eta ez dela existitzen ekonomikoki eta teknikoki bideragarri den neurri zuzentzailerik xede horiek kanpoko eremuan betetzeko, isolamendurako azterlan espezifiko bat garatu beharko da eraikitze-proiektuan, eta, han, zehaztu nolako isolamendua behar den, bai EKTan (BR-HR) ezarritako isolamenduak betetzeko, bai barnealdeko kalitate akustikoaren helburuak uneoro betetzeko.
Bigarrena.– Xedatzea, ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzen arabera, ez dela aurreikusten ingurumenean ondorio nabarmenik izango denik «MZ.032 IYOLA II» HE-ko. A.500.10.7 eta A.500.1.8 lurzatiei dagokionez; horrenbestez, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik izango.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, «MZ.032 IYOLA II» HE-ko A.500.10.7 eta A.500.1.8 lurzatien xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Halako kasuetan, berriro hasi beharko da Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.