EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2019084

EBAZPENA, 2019ko apirilaren 8koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Arabako Parke Teknologikoko PT1 eremuko Xehetasun Azterketaren 2. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita, B sektoreari dagokiona.

Xedapenaren data: 2019-04-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201902118
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2019/02/14an argitaratutako 2019/02/06ko IRAGARPENA [201900806]

AURREKARIAK
2019ko otsailaren 4an, Arabako Parke Teknologikoko PT1 eremuko Xehetasun Azterketaren 2. aldaketaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua abian jartzeko eskaera egin zuen Gasteizko Udalak, B sektoreari zegokiona. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan eskatutako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa betetzeko, 2018ko ekainaren 24an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituen oharrak egiteko, ohar haiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzari, biak Eusko Jaurlaritzarenak; Arabako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzari; eta Arabako Ekologistak Martxan eta Eguzkiri.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki iritzitako ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, zenbait txosten bidali dituzte Eusko Jaurlaritzako Arabako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzak eta Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, eta Arabako Foru Aldundiaren Kultura Zuzendaritzak (espedientean daude horien emaitzak).
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 42. artikuluaren arabera, ingurumen-eraginaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia sartzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak aintzat hartuta.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Arabako Parke Teknologikoko PT1 eremuko Xehetasun Azterketaren 2. aldaketa (B sektoreari dagokiona) kasu horien artean dago.
Aztertu dira Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta plana aplikatzearen inpaktu garrantzitsuen gaineko iritzia ematen, baita sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere, ingurumen-ondorioetarako soilik.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Gasteizko Arabako Parke Teknologikoko PT1 eremuko Xehetasun Azterketaren 2. aldaketaren ingurumen-txosten estrategikoa egitea (B sektoreari dagokiona), honako baldintza hauetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak –2001eko urtarrilaren 19an onartu zen behin betiko izaeraz– lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen du Arabako Parke Teknologikoko ST-5 sektorea, erregimen iragankorrean eta industriarako kalifikazioarekin. Sektore horren plan partzialak (1995ean onartua) 9 aldaketa izan ditu; horietatik azkena 2009ko urriaren 19an onartu zen. Plan Partzialak irabazizko aprobetxamendua duten 6 gunetan banatzen du sektorea (horietako bat da PT-1 eremua); azken horren Xehetasun Azterketa 1995eko urriaren 9an onartu eta 2000ko urtarrilaren 3an aldatu zen. Xehetasun Azterketak bi sektoretan (A sektorea eta B sektorea) antolatzen du gunea. B sektorearen bidez lotzen dira PT-1 guneko enpresa handienak kokatuta dauden eremua eta haren gune zentral eta soziala, eta Xehetasun Azterketak eraikuntzaren bost mugimendu-eremu zehazten ditu B sektore horretan, bulegoetarako bost eraikin eraiki ahal izateko; horietatik hiru eraikita daude dagoeneko eta, beraz, BE-1 eta BE-2 lurzatiak geratzen dira hutsik.
PT1 gunearen Xehetasun Azterketaren 2. aldaketak honako aldaketa hauek aurreikusten ditu B sektorearen antolamendu xehatuan:
– Hutsik dauden BE-1 eta BE-2 eremuak zehazten ditu geometrikoki, gainazalari eta esleitutako m
– Bi bulego-eremu horiei erabilera teknologikoa/hirugarren-arloko industria-erabilera esleitu zaie, Plan Partzialean aurreikusitako erabilera, malgutasun handiagoa eskaintzen duelako enpresa-ekimen berriak ezartzeko.
– Erreserbatutako aparkalekuen kopurua benetako premietara egokitu da eta, beraz, aldatu egin da ratioa (22 m
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Xehetasun Azterketaren aldaketak BE-1 eta BE-2 eremuei esleitzen dien erabilera teknologikoa edo espezializatua eta zerbitzu aurreratuetarako hirugarren arloko industria-erabilera Plan Partzialaren 32. artikuluak PT-1 irabazizko aprobetxamendu-gunerako zehazten duen erabilera da (B sektoreari dagokiona). Artikulu horretan debekatu egiten dira 1961eko azaroaren 30eko Dekretuak (2414/1961 Dekretua) osasungaitz eta arriskutsutzat jotzen dituen industriak, Ordenantza hauetan arautzen diren higiene- eta segurtasun-neurrietara edo eragozpen-mailara egokitzen ez direnak, edo une bakoitzean Arabako Teknologi Elkartegia SA sozietateak zehazten dituen neurrietara egokitzen ez direnak. Zentzu horretan, Xehetasun Azterketaren aldaketak ez du aldaketarik eragiten PT1 gunearen erabilera-erregimenean.
b) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik: Planak industrialde baten barnean dauden lurzoru artifizializatu hutsak okupatzea ahalbidetzen du.
c) Planarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Gasteizko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean ezarritako antolamendu zehatzari dagokionez Planak sartzen dituen aldaketek ez dakarte berekin garapen berrietara bideratutako azalera handitzea ez eta haren ondorio posibleak handitzea ere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, natura-ondareari, kultura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari eta urei dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira planaren esku-hartze eta jarduerak betiere.
d) Plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2.– Ondorioen eta kalteak paira ditzakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, ez da aurreikusten Planak ondorio adierazgarriak izango dituenik ingurumenaren gainean, betiere gauzatzen diren jardunak eta jarduerak indarreko araudia eta babes-neurriak eta ondorengo apartatuan ezarriko diren neurri babesle eta zuzentzaileak kontuan hartuta egiten badira.
3.– Nolanahi ere, neurri babesle eta zuzentzaileak indarrean dagoen araudiaren arabera ezarriko dira, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera eta, aurrekoaren aurka ez doan guztian, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta eremua antolatzen duten planetan jasotakoaren arabera.
Bestalde, eraikuntza-proiektuak gauzatzean aplikatu beharreko neurriak lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta uraren eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ebazpen honen I. eranskinean jasota daude Planetik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).
Eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoak izan daitezen beharrezko diren ezaugarriei dagokienez, EAEko Etxebizitzen Eraikigarritasun Jasangarriari buruzko Gidaliburuan jasotako neurriak eta ingurumen-jardunbide egokiak erabiliko dira, eraikinen energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko eta energia berriztagarriak sustatzeko. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
– Materialak. Lehengai ez-berriztagarrien kontsumoa murriztea.
– Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energiaren kopurua edo kontsumoa murriztea.
– Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
– Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
– Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago igortzea.
– Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarritzat hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Arabako Parke Teknologikoko PT1 eremuko (B sektoreari dagokiona) Xehetasun Azterketaren 2. aldaketak eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Gasteizko Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategikoak indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Arabako Parke Teknologikoko PT1 eremuko (B sektoreari dagokiona) Xehetasun Azterketaren 2. aldaketari buruzko xehetasun-azterketa onartuko ez balitz. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 8a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.