EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019083

AGINDUA, 2019ko apirilaren 16koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita dirulaguntzen deialdia 2019-2020 ikasturtean berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko, Lanbide Heziketako V. Euskal Planean zehaztutako estrategiari jarraitzen dioten Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-04-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201902101
Maila: Agindua
Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute etorkizuneko estrategiak diseinatzeko. «Globalizazio» prozesu horretatik sortzen da lehiakortasuna, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunaren baitan dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.
Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, haien gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, baita oinarrizko eta zeharkakoena ere, besteak beste, ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna.
Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, eta ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan egin.
Lanbide-heziketako ikastetxeentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua sor dadin erraztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak Horretarako, sektore produktiboen –batez ere, industriaren– premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai izanez, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea ekarriko dutenak.
Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duten gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen lagunduko zaie ETEei.
Era berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskadi 2020 Planak argi eta garbi egin du hazkunde jasangarri eta zentzuzkoa sustatzeko estrategia integralaren alde. Estrategiaren oinarrian, kapital intelektuala eta ezagutzaren kudeaketa efizientea daude, baita espezializazio eta berrikuntza aplikatua ere, enpresetan balioa sortzeko eta lehiatzeko abantailen iturri gisa, eta, ondorioz, enplegua sortzeko iturri gisa.
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemaren eraldaketak gidatzeko tresna gisa Lanbide Heziketako V. Euskal Plana eraginkortasunez ezartze aldera (2019ko otsailaren 12an onartua), itunpeko ikastetxe pribatuei dei egiten die jarduera eta proiektuetan parte hartu dezaten haien irakasleen bidez, irakasle horien konpetentziak indartzeko, helburu hauetarako: teknologikoki oso aurreratuak diren inguruneei erantzun diezaieten; Lanbide Heziketaren parte-hartzea sustatu dezaten enpresei laguntzeko, ETEei, batez ere, eta horiei eskainitako estaldura zabaltzea lortu dezaten; beharrizan teknologikoen aniztasunarentzako erantzun sistematiko bat sortu dezaten Lanbide Heziketatik; eta lehentasun teknologikoak eguneratu eta lerrokatu ditzaten Euskadiko berrikuntza-estrategiarekin, horretarako tresna sistematikoak ezarriz.
Hezkuntza Sailaren Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da deialdi hau.
Ondorioz, eta honako hauetan xedatutakoekin bat etorriz: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan dirulaguntzen araubidea arautzekoa); Laguntzen eta dirulaguntzen arloko arau-hausteen eta zehapenen erregimenari buruzko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VII. tituluko III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
Deialdi honen xedea da itunpeko ikastetxe pribatuetako irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzea, Lanbide Heziketako V. Euskal Planari lehentasunez jarraitzen dioten berrikuntza-proiektuak egin ditzaten 2019-2020 ikasturtean, eta, horrela, aldi berean, horietan ikasitakoak ikasleei, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-heziketako gainerako ikastetxeei eta enpresei, batik bat ETEei, helarazteko aukera ahalbidetu dadin.
2. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan araututako dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen titular diren pertsona fisiko edo juridikoek, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloak itunduta badituzte 2019-2020 ikasturtean.
3. artikulua.– Berrikuntza-proiektu diruz lagungarrien ezaugarriak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jaso ditzaketen proiektuek bat etorri beharko dute, lehentasunez, Lanbide Heziketako V. Euskal Planean eta Gobernuaren Ekintzaren Plangintza Estrategikoko ekimenen barruko planetan zehaztutako espezializazio adimendunaren estrategiarekin. Lotura hori ebidentzien bidez frogatu beharko dute, proiektuaren fitxan, II. eranskinean; izan ere, hori izango da hautaketa-irizpideetako bat. Ikus 10.3.a) artikulua.
Proiektu diruz lagungarrien artean, lehentasuna emango zaie arlo hauetako batekin lotuta daudenei:
a) Fabrikazio aurreratua. Prozesuen hobekuntzarekin eta horien simulazioarekin lotuta daudenak. Neurketa-elementuak jasotzen dira, bereziki prozesuko neurketak. Material berriak sartzea, bereziki konposite eta material arinak, baita horien eraldaketa- eta lotze-prozesuak ere. Fabrikazio-prozesu berriak, hala nola eranste-fabrikazioa, diseinutik hasi fabrikaziora eta post-tratamendura arte.
b) Fabrika digital eta konektatua. Hauekin lotutakoak: ekipamendu industrialetan sortutako informazioaren konexioa, monitorizazioa, trazabilitatea, kudeaketa eta tratamendua. Hauek barnean direla: konektibitatea, zibersegurtasuna, Big Data datu-tratamendua eta erabakiak hartzea. Produktu edo ekipamenduei adimena (funtzionalitateak) emateko teknologiak barnean direla. Gauzen Internetekin edo Makinen Internetekin lotutakoak.
c) Energia-efizientzia. Energia-efizientziara eta energia-sorkuntzara bideratutako alderdiak. Bizitegi-sektorea sartzen bada ere, interes berezia jartzen da industria-prozesuetako energia-efizientzian eta sare adimendunen kudeaketan, eta, bereziki, energia-kontsumitzaile handietan.
d) Biozientziak eta nanozientziak. Bio eta nano soluzioen merkatuko aplikazio praktikoarekin lotutakoak. Bio-osasunean arreta berezia jarrita.
e) Ekonomia jasangarria. Jasangarritasunarekin eta bioekonomiarekin lotutakoak. Arlo hauetara bideratuta: nekazaritza, elikagaien industriak, egurra eta altzariak, eraikuntza eta obra zibilak, eta itsasoa eta arrantza.
f) Errealitate birtuala/fusionatua. Ikaskuntza-prozesuan tresna horiek erabiltzearekin lotuta daudenak, enpresetara bideratutako zerbitzu- eta ezagutza-sortzaile gisa.
g) Osasuna 4.0. Hauekin lotutakoak: elektromedikuntza-ekipamenduen mantentze-lanak, eta teknologia eta baliabide teknologiko berriak sartzea osasunaren zaintzan.
h) Eusko Jaurlaritzaren espezializazio-estrategiekin duten lotura froga dezaketen beste batzuk, zerrenda honetan egon ez arren.
2.– Proiektuak banan-banan gara ditzakete onuradun izan daitezkeenek, agindu honen 2. artikuluan zehaztutako moduan, edo, bestela, lankidetzan, hainbat onuradunen artean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 11.3 artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Proiektu bat lankidetzakoa dela ulertuko da, baldin eta gutxienez bi onuradunek parte hartzen badute proiektua sortzen eta gauzatzen.
3.– Lankidetzako proiektuak badira, eskabidean berariaz adierazi beharko da elkartutako kideek zein ordezkari edo ahaldun bakar izendatu duten, eta behar adina ahalmen izan behar ditu onuradun gisa elkarteari dagozkion betebeharrak betetzeko. Elkartea ezingo da desegin harik eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 39. eta 65. artikuluetan aurreikusitako preskripzio-epea igaro arte.
4.– Aurkeztutako proiektuen iraupena 209 ordukoa izango da gutxienez, eta 2.504 ordukoa gehienez.
5.– Bikoiztasunak saihesteko xedez, ez dira diruz lagunduko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak beste programa edo deialdi batzuen bitartez lantzen dituen proiektuak. Lanbide-heziketan beste programa edo deialdi baten bitartez dagoeneko lantzen ari den proposamen bat aurkezten bada, kontsideratuko da proposamen hori ez datorrela bat deialdiaren xedearekin, eta horixe adieraziko da proposamenaren balorazioan.
Hauek dira Lanbide Heziketako V. Euskal Planean jasota dauden eta beste programa batzuen bidez lantzen diren esparruak (beraz, deialdi honetan ezin izango dute dirulaguntzarik jaso):
– Heziketa integratuaren esparrua. Helburuak: egokitzapena eta espezializazioa; berrikuntza pedagogikoa, eta bikaintasuna eta kalitatea.
– Ekintzailetza aktiboaren esparrua. Helburua: jarduera ekintzailea indartzea.
– Nazioartekotzearen esparrua. Helburua: lanbide-heziketa nazioartean zabaltzea.
– Lanbide-heziketako ikastetxeen esparrua. Helburuak: ikastetxe-eredu berriak; ikastetxeak ezagutza-unitate gisa, eta lanbide-heziketako ikastetxe espezializatuen sarea.
6.– Ikusten bada zenbait proiektu osagarriak direla edo antzeko helburuak dituztela, proiektuak batzea proposatuko da, proiektu bakarra garatzeko.
4. artikulua.– Gastu diruz lagungarriak.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluarekin bat etorriz, gastu diruz lagungarritzat hartuko dira irakaskuntza-jarduera (zuzeneko irakasletza) eta horri lotutako bestelako jarduera osagarriak garatzeko ordezko irakasleak kontratatzeko kostuak, betiere diruz lagundutako proiektua egiteko liberatutako irakasleei esleitutako orduetan garatzen badira jarduera horiek. Deialdi honen ondoreetarako, egotz daitezkeen kostutzat hartuko dira ordainsariak eta erakunde eskatzailearen konturako karga sozialak.
2.– Ordu diruz lagungarriei dagokienez, lanaldi osoko liberazio baterako, gehienez ere, 726 eskola-ordu eta 526 ordu osagarri egotz dakizkioke proiektuari. Ordezko langileak kontratatzeko, hogeita hamabost (35) euro orduko izango da proiektu diruz lagungarriari egotz dakiokeen gehieneko orduko kostua, irakasleei dagokienez. Lanaldi partzialeko liberazioak izanez gero, lanaldi osorako ezarritako gehieneko kopuruaren proportzioan kalkulatuko da proiektuan gehienez ere diruz lagunduko den ordu-kopurua.
3.– Gastu diruz lagungarrien estaldura-aldia diruz lagundutako jarduera hasten denetik amaitzen den arte kontabilizatuko da, betiere diruz lagungarri den aldian, hau da, 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra arteko aldian.
5. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Agindu honen xede diren proiektuak diruz laguntzeko, zazpiehun eta hirurogeita hamar mila (770.000) euro bideratuko da guztira.
2.– Proiektuen balorazio-fasea amaituta, lehentasunaren arabera ordenatuko dira proiektuok, handitik txikira, lortutako puntu-kopuruaren arabera. Berdinketarik gertatuz gero, handitik txikira ordenatuko dira, ondoz ondo honako artikulu hauetan ezarritako irizpideen arabera lortutako puntu-kopuruari erreparatuz: 10.3.a), proiektuaren egokitasunari buruzkoa; 10.3.c), proiektuaren helmenari eta eskalagarritasunari buruzkoa, eta 10.3.g), agindu honetan proposatutako helburuen koherentziari eta anbizioari buruzkoa. Berdinketak jarraituko balu, erregistroan zein eskabidek duen antzinatasun handiena begiratuko da ebazteko.
3.– Proiektuak esan bezala ordenatuta, eta hala ezarritako lehentasunari jarraikiz, dagokion dirulaguntza esleitzeari ekingo zaio horretarako, ezarritako kuantifikazio-irizpideak aplikatuta, harik eta deialdiaren zuzkidura agortzen den arte.
6. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.
Agindu honetako laguntzak lortu ahal izateko, eskakizun hauek betetzen direla egiaztatu behar da:
a) Itunpeko ikastetxe pribatua izatea, eta 2019-2020 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- edo goi-mailako heziketa-zikloak ematea.
b) Ez egotea Dirulaguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen duen sexu-diskriminazioagatiko zigor penal edo administratiboren baten eraginpean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.
Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita dirulaguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Emandako dirulaguntzak likidatu arte iraun behar dute eskakizun biek; beraz, betetzen direla egiaztatuko da, bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.
d) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoera batean.
e) Lankidetzako proiektuak badira, kide guztiek bete beharko dituzte eskakizunok.
7. artikulua.– Diruz lagundutako proiektuen iraupena.
Diruz lagundutako proiektua 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31ra bitartean egingo da.
8. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Ikastetxe interesdunen titularrek –lankidetzako proiektuak badira, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarrek– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko bitarteko elektronikoak erabiliz eskatuko, kontsultatuko eta egingo dituzte prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, zeinaren bidez onartu baitzen Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa.
3.– Eskabideen eta erantsi beharreko dokumentazioaren ereduak agindu honen eranskinetan daude jasota.
4.– Honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri eskabideak bide elektronikoz izapidetzeko xehetasunak, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honekin lotutako gainerako izapideak:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/proyivpvfp/web01-tramite/eu/
5.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barne, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Eskabideak (I. eranskina), behar bezala eta osorik beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dira, agindu honen 8. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Eskabidea aurkezteak berarekin dakar deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak berariaz eta formalki onartzea. Eskabide bat aurkeztu behar da dirulaguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.
3.– Agindu honen 3.2 artikuluan zehaztutako lankidetzako proiektuak badira, elkarteko ordezkari edo ahaldun bakarrak aurkeztuko du eskabidea. Kide guztiek sinatu behar dute, eta horietako bakoitza hartuko da dirulaguntzaren eskatzailetzat.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar hauek egiaztatzeko:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.
b) Ez egotea dirulaguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, berariaz adierazita sexu-bazterkeriagatik izandakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.
c) Egunean izatea dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.
d) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako eskakizunak.
e) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoera batean ere.
5.– Eskabidearekin batera, proiektu-fitxa aurkeztu beharko da. II. eranskina.
6.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan dirulaguntzen eskatzaileek betetzen dituztela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
7.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, ikastetxe interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko, eta, gainera, adieraziko zaio, aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen araberako ebazpena eman ondoren.
10. artikulua.– Hautaketa-irizpideak eta puntuazioa.
1.– Deialdi honen barruan diruz lagundu daitezkeen proiektuak norgehiagoka-prozedura bidez zehaztuko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 22. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan xedatutakoa betez; hau da, aurkeztutako eskabideak alderatuz, horien lehentasuna ezartzeko, jarraian zehazten diren balorazio-irizpideen arabera, eta, erabilgarri dagoen kredituarekin, irizpide horiei jarraikiz balorazio handiena lortu dutenak esleitzeko.
2.– Proiektua bat ez badator deialdiaren xedearekin, horixe adieraziko da, eta ez da haren baloraziorik egingo.
3.– Proiektuak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, dagozkien haztapenak eginda:
a) Aurre-proiektuak bere egokitasuna justifikatzen du, oso ondo justifikatuta dago: azken balorazioaren % 15.
0 eta 10 bitarteko balorazioa egiten da errubrika hauen arabera, eta balorazio osoa kalkulatzen funtsezko errubriken batura gisa:
● Proiektuaren egokitasuna esplizituki identifikatzen eta erlazionatzen da proiektuaren egokitasunari abala ematen dioten joera, azterlan, txosten edo araudiekin. 2 puntu gehienez.
● Proiektuaren egokitasuna esplizituki identifikatzen eta erlazionatzen da Lanbide Heziketako V. Euskal Planean lehenetsitako lerro batekin gutxienez. 2 puntu gehienez.
● Proiektuaren egokitasuna esplizituki identifikatzen eta erlazionatzen da Sareko Nodoetan lehentasuna eman zaion lerro batekin gutxienez. 2 puntu gehienez.
● Proiektuaren gai nagusiak zerikusi zuzena du 3. artikuluko 1. puntuan deskribatutako lehentasunekin. 2 puntu gehienez.
● Apartatu honen erredakzioaren koherentzia eta apartatu honen lotura proiektuaren helburu orokorren deskribapenarekin. 2 puntu gehienez.
b) Proposatzen den teknologia erabil dezaketen enpresak aurkezten ditu aurreproiektuak, eta, gainera, enpresen babesa dauka: azken balorazioaren % 15.
0 eta 10 bitarteko balorazio bat egiten da errubrika hauen arabera, eta balorazio osoa kalkulatzen proiektuaren aurkezpenean nabarmendutako errubriken batura gisa:
● Ikastetxeen arteko lankidetzan egiten da proiektua. 2 puntu gehienez.
● Proiektuaren emaitzetan interesa duten enpresen ebidentziak aurkezten dira. 2 puntu gehienez.
● Proiektua garatzen kolaboratzen duten enpresen ebidentziak aurkezten dira. 2 puntu gehienez.
● Proiektua garatzeko materiala edo instalazioak uzten dituzten enpresen ebidentziak aurkezten dira. 2 puntu gehienez.
● Proiektuaren kide diren enpresen ebidentziak aurkezten dira. 2 puntu gehienez.
c) Helmen zabala eta eskalagarritasuna ditu aurre-proiektuak: azken balorazioaren % 15.
0 eta 10 bitarteko balorazioa egiten da errubrika hauen arabera, eta balorazio osoa kalkulatzen funtsezko errubriken batura gisa:
● Helmena: publiko objektibo potentziala, proiektuaren emaitzak plantan ezarri ditzakeena. 4 puntu gehienez.
● Eskalagarritasuna: bere erabilgarritasuna edo balioa hedatu, mantendu eta hobetzeko behar diren baliabideak, hartzaile-kopurua handitzen den heinean. 4 puntu gehienez.
● Proiektuan barne hartutako hedadura. 2 puntu gehienez.
d) Proposatutako helburuen koherentzia eta anbizioa: azken balorazioaren % 15.
0 eta 10 bitarteko balorazioa egiten da errubrika hauen arabera, eta balorazio osoa kalkulatzen funtsezko errubriken batura gisa:
● Helburuen deskribapena: helburuei egokitzea eta horiek deskribatzea, bai orokorrak eta bai espezifikoak. 4 puntu gehienez.
● Helburuen adierazleak eta helmugak: helburu ezberdinetarako definitutako adierazleen eta helburu ezberdinetarako definitutako adierazleen helmugen zehaztapena. 2 puntu gehienez.
● Transferentzia: adierazitako transferentzia-helburuen definizioa eta zehaztapena. 4 puntu gehienez.
e) Proiektuaren faktore berritzailea: azken balorazioaren % 15.
0 eta 10 bitarteko balorazioa egiten da, proiektuaren helburuarekin hobekien bat egiten duen errubrika hautatuta.
● EAEko LHn zabalduta dago proiektuaren helburua. Ebaluatzaileak gutxienez 5 ikastetxeren ebidentziak ditu. Horrela bada, ez litzateke proiektua baloratu behar, ez baitu deialdiaren xedearekin bat egiten.
● Proiektuaren xedea ezaguna da, haren erreferentziak daude edo partzialki aplikatzen da LHn.
● Proiektuaren xedea ezaguna da, haren erreferentziak daude edo partzialki aplikatzen da enpresa-ingurunean baina ez LHn.
● 10 puntu, ez bada enpresetan aplikatzen denaren hurbileko erreferentziarik, orduan enpresa-sarearen trakzio-egile gisa kokatuko luke proiektuak LH.
f) Proiektuaren plangintza-maila: azken balorazioaren % 10.
0 eta 10 bitarteko balorazioa egiten da errubrika hauen arabera, eta balorazio osoa kalkulatzen funtsezko errubriken batura gisa:
● Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako planifikazioak bermatzen du aurreikusitako helburuak lortzea. 2 puntu gehienez.
● Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako planifikazioa zehatza eta koherentea da. Errubriken batura. 3 puntu gehienez.
● Deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako planifikazioa exigentea da, baina, halaber, haren bideragarritasuna demostratzen da. Errubriken batura. 2 puntu gehienez.
● Dauden arriskuak eta horiek geratzera egin beharreko ekintzak identifikatzen ditu deialdi honen xede den ikasturterako aurkeztutako planifikazioak. 3 puntu gehienez.
g) Beharrezko baliabideen eta proposatutako helburuen arteko koherentzia: azken balorazioaren % 15.
0 eta 10 bitarteko balorazioa egiten da errubrika hauen arabera, eta balorazio osoa kalkulatzen funtsezko errubriken batura gisa:
● Eskatutako giza baliabideen eta planteatutako helburu espezifikoen arteko optimizazioa baloratzen da. 2 puntu gehienez.
● Behar diren giza baliabideen eta planteatutako helburu orokorren arteko optimizazioa baloratzen da (espero den eragina). 2 puntu gehienez.
● Behar diren giza baliabideen eta proiektuaren helmena eta eskalagarritasuna baloratzen da. 2 puntu gehienez.
● Ikastetxearen konpromisoa. 4 puntu gehienez.
4.– Irizpide bakoitzeko puntuazioak 1etik 10era bitarteko eskala batean adieraziko dira, dezimalik gabe: puntuaziorik txikienari 1 dagokio, eta, handienari, 10. Proiektu bakoitzaren azken balorazioa irizpideotako bakoitzean lortutako puntuazioen batuketa haztatuaren bitartez lortuko da.
5.– Lankidetzako proiektuak batera baloratuko dira. Lankidetzako proiektu bat aukeratuko balitz, dagokien dirulaguntza banan-banan eman eta ordainduko zaie kideei, bakoitzak justifikatzen dituen eta bakoitzari egotz dakizkiokeen gastuen arabera.
11. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.
1.– Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak izango du laguntzak emateko prozedura bideratzeko eskumena.
2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideok:
a) Batzordeburua: Rikardo Lamadrid Intxaurraga jauna, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendaria.
b) Bokalak:
Txaro Díaz de Cerio Ruíz De Urra andrea, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna.
Jon Labaka Intxauspe jauna, TKNIKA Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroko Lanbide Heziketaren esparruko Berrikuntza Aplikatuaren arloko zuzendaria.
Laura Oleaga Pérez de Mendiguren andrea, Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzako teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza izango du, baina botorik ez.
3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatuta, ebazpenaren behin-behineko proposamena egingo du, behar bezala arrazoitua. Proposamen hori agindu honen 8. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko edo, baldin eta proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa bada, eskabidea berriro egin ahal izateko, hain zuen ere, eman daitekeen dirulaguntzara egokitzeko konpromisoak eta baldintzak. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.
4.– Nolanahi ere, eskabideak berriro egitean, dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburua ez ezik, ezarritako balorazio-irizpideak ere bete beharko dituzte.
5.– Aurkeztutako alegazioak eta eskabideak berriro formulatzeko proposamenak aztertuta, balorazio-batzordeak ebazpenaren behin betiko proposamena egingo du, dirulaguntza ematea proposatutako eskatzailea edo eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen zuzendariak, organo izapidegile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.
6.– Ebazpenaren behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen, aipatutako proposamenean onuradun gisa ageri diren pertsonen alde, harik eta laguntza emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
12. artikulua.– Ebazteko, jakinarazteko eta publikotasuna emateko prozedura.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.
2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako dirulaguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; emanez gero, adierazi behar dira pertsona edo erakunde onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zer proiektu finantzatu den, eta zenbateko dirulaguntza eman zaion. Horrez gain, nortasunik gabeko elkarteak badira, idatziz adieraziko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta bakoitzari aplikatu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta interesdunek, horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; halere, eta herritarrak jakitun izan daitezen, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da onuradunen zerrenda, eta adieraziko dira ikastetxea, finantzatutako proiektua eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta biharamunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, dirulaguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutako ondoreetarako.
6.– Agindu honetan aurreikusitako dirulaguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko dirulaguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.
13. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoaren arabera justifikatuko dira dirulaguntzak, eta, zehazki, agindu honen xede diren dirulaguntzen onuradunek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte, 2020ko irailaren 11 baino lehen:
a) IV. eranskina, proiektuaren azken memoria, non, besteak beste, alderdi hauei buruzko informazioa jasoko baita: programatutako helburuak zenbateraino lortu diren; proiektuaren bilakaera, kontrol-prozesua eta jarraipena; hobetzeko proposamenak; lortutako eraginaren ebaluazioa, eta garatutako transferentzia-ekintza eta -baliabideak.
b) V. eranskina, liberatutako eta ordezko irakasleen ordu-dedikazioaren ziurtagiria. Ziurtagiriarekin batera, Hezkuntza Jardueren Dokumentua (HJD) erantsiko da, bertsio itxian, behar bezala beteta eta ikastetxeko zuzendariak sinatuta. Bertan adieraziko da, «ProylVPVFP» gisa, diruz lagundutako proiektuan aritzen diren irakasleen liberazioa.
c) Ordezko irakasleen lan-kontratuaren kopia autentikoa.
d) Agindu honen 4.2 artikuluan ezarritako gastu diruz lagungarriaren estaldura-aldia osoari dagozkion ordezko irakasleen nominen kopia autentikoa.
2.– Justifikazio horiek aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire Kudeaketak atalaren bitartez:
https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
3.– Lankidetzako proiektuak badira, ordezkari edo ahaldun bakar gisa izendatutako pertsonaren ardura izango da jasotako dirulaguntzaren guztizkoa justifikatzeko dokumentazioa aurkeztea. Horretarako, proiektuan parte hartzen duen kide bakoitzaren gastu diruz lagungarriak justifikatzeko dokumentazioa bildu beharko du.
4.– Diruz lagundutako zenbateko osoa eskuratzeko, jasotako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dira ordezko langileak kontratatzeari egotz dakizkiokeen kostuak.
14. artikulua.– Dirulaguntzak ordaintzea.
1.– Dirulaguntzak zatituta ordainduko dira, zehazki, hiru ordainketa eginez. Honela egingo dira ordainketak:
a) Lehen ordainketa onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20koa izango da, 17.1 artikuluan adierazitako epea igarotakoan, dirulaguntzari uko egin ez bazaio.
b) Bigarren ordainketan, onuradun bakoitzari emandako dirulaguntzaren zenbatekoaren % 60 ordainduko da, 2020ko ekitaldian, proiektuaren % 50 garatu ostean, betiere Lanbide Heziketako Sailburuordetzak aldeko ebaluazioaren txostena egiten badu, eta ordezko irakasleen gastuen zerrenda 2020ko apirilaren 1ean aurkeztu ondoren (III. eranskina).
c) Hirugarren ordainketan ordainduko da gainerakoa, hots, gainerako % 20a, diruz lagundutako proiektua amaitzean, izandako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko apartatu guztiak bete ostean.
2.– Hautatutakoak lankidetzako proiektuak badira, proiektua lankidetzan sortu eta garatu duten entitate guztiei banan-banan eman eta ordainduko zaizkie dagozkien zenbatekoak.
15 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira dirulaguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, dirulaguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki iritzitakoak egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.
2.– Dirulaguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako dirua (osorik edo zati bat) eta dirulaguntzen arloan aplikatu beharreko berandutze-interesak. Hala ezartzen dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzudan ematen diren dirulaguntzen bermeen eta horiek itzultzearen erregimen orokorra arautzen duen 698/1991 Dekretuak.
3.– Lehen esandakoa alde batera utzi gabe, dirulaguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, dirulaguntza emateko ebazpena ere aldatu egin ahal izango da, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako eskakizunak betetzen badira.
4.– Justifikazioa aurkezten ez bada, edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan azaldutako kausaren bat jazoz gero, dirulaguntza osorik edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko da.
16. artikulua.– Dirulaguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste dirulaguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.
2.– Betiere, 2019-2020 ikasturtean, ezingo dira bateratu deialdi honen bidez diruz lagundutako proiektuetan parte hartzen duten irakasleen liberazio osoa edo partziala finantzatzeko jasotako dirulaguntzak eta Hezkuntza Sailaren beste laguntza edo dirulaguntza batzuk, edozein dela ere horiek gauzatzeko baliatutako tresna juridikoa.
17. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.
Proiektua egiteko, baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan dirulaguntzen onuradunek:
1.– Emandako dirulaguntza onartzea. Horretarako, dirulaguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz dirulaguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, hartarako erabili beharko dute.
3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea betetzen dituztela deialdian ezarritako eskakizunak eta baldintzak.
4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten dokumentuak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.
5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako dirulaguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
8.– Diruz lagundutako proiektu bakoitzaren kontrolaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, dela zuzenean, dela TKNIKAren, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketarako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren, bitartez.
9.– Jasotako dirulaguntzen berri emateko neurriak hartzea. Difusio-neurri horien euskarrietan –informatikoak zein bestelakoak izan– adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak finantzatutako jarduera».
10.– Onuradunek eskatutako jarduera amaitu arte mantendu beharko dute jarduera horretarako liberatutako irakaslea. Justifikatutako arrazoiak direla-eta pertsona horrek ezin badu proiektua amaitu arte jarraitu, ikastetxeak hura ordezteko baimena eskatuko dio Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu, baita aldaketaren arrazoia ere.
11.– Dirulaguntza jaso duten onuradun guztiek eskola-ordurik gabe utzi beharko dute liberatutako irakaslea proiektuaren fitxan adierazitako astegunetan. Egoera hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) bertsio itxian jaso behar da, «ProylVPVFP» gisa.
12.– Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.
18. artikulua.– Datuen babesa.
1.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, dirulaguntzen arloan eskumena duen zuzendaritzak tratatuko ditu eskabideetako eta kapitulu honek aipatzen dituen prozeduretan aurkeztutako dokumentazioko datu pertsonalak, hura baita datuen tratamenduaren «arduraduna». Datu pertsonalen tratamendu horren xedea da deialdi hau kudeatzea eta ebaztea, datu horien interes publikoan eta horietan parte hartzeko eskabidean oinarritutako xedea.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, baita datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta tratamenduaren aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, idazki bat igorri behar dute Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
2.– Berrikuntza-proiektuetan parte hartzeak berarekin dakar Teknologiaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan araututako dirulaguntzei honako hauetan xedatutakoa aplikatuko zaie: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 16a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
ESKABIDE-EREDUA
II. ERANSKINA
PROIEKTUAREN FITXA
III. ERANSKINA
JASOTAKO DIRULAGUNTZARI EGOTZ DAKIZKIOKEEN GASTUEN LABURPENA
IV. ERANSKINA
PROIEKTUAREN AMAIERAKO MEMORIA
V. ERANSKINA
HEZKUNTZA-ITUNA UKATZEN ZAIEN IKASTETXEEN ZERRENDA