EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019083

AGINDUA, 2019ko martxoaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baitzaie unibertsitateaz kanpoko ikasketak –heziketa-zikloak izan ezik– ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei hezkuntza-bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuak egin ditzaten, 2019-2020ko ikasturtean (L1. Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza).

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-03-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201902099
Maila: Agindua
Hezkuntza Sailak onartu duen Heziberri 2020 planak hauxe du helburu: Europako esparruan, hezkuntzaren eta prestakuntzaren arloan, 2020rako ezarritako berrikuntza- eta garapen-ildo estrategikoak bateratzea hezkuntzak gure testuinguruan eta ingurunean dituen erronkekin. Plan horretan sartuta dago «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa», hezkuntza-eredu pedagogikoaren ildo nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigma-aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren planteamendutik abiatzen da. Konpetentzien araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea, egoera funtzional konplexuak konpontze aldera.
Horrenbestez, oinarrizko konpetentziak hartuz lortzen da ikasleentzat definitutako abiapuntuko profil orokorra, hau da, Oinarrizko Hezkuntzaren helburua. Oinarrizko konpetentzien artean, batzuk zeharkako edo generiko gisa definitzen dira: beharrezkoak dira arazoak konpontzeko edo bizitzako zenbait egoerari aurre egiteko. Beste batzuk, berriz, espezifikoak dira, diziplina-alor batekoak edo batzuetakoak.
Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duen abenduaren 22ko 236/2015 Dekretuaren arabera, hauek garatu behar ditu Oinarrizko Hezkuntzak modu integralean: pertsonaren gaitasunak, eta norberaren errealizazio eta garapenerako bizi osoan zehar beharko dituen oinarrizko konpetentziak, herritar aktiboak, gizarteratzea eta enplegua lortzeko. Era berean, zehaztuta dago ikasleek, Oinarrizko Hezkuntza amaitzen dutenerako, hezkuntza-xedeak betetzeko eta bizitzaren esparru eta egoera guztietan moldatzen jakiteko oinarrizko konpetentziak barneratuta izan behar dituztela. Eta, hori lortzeko, euskal hezkuntza-sistemako irakasleek konpetentzien profil egokia eduki behar dute, beren egitekoak eta lanak baldintza onenetan bete ahal izateko. Alde horretatik, irakasleen prestakuntzaren helburua da behar den konpetentzia-profila erdiestea ikasleek irteera-profilean ezarritako konpetentziak eskura ditzaten. Hortaz, hezkuntza-arloan eskumena duen sailak bultzatutako prestakuntza-jardueren ezaugarriak, besteak beste, honako hauek izango dira: hezkuntza berriztatzeko proiektuak sustatuz bikaintasuna sustatzea eta profesionalen arteko lankidetza-prozesuetan laguntzea (berdinen arteko prestakuntza, sareak sortzea).
Testuinguru horretan, Hezkuntza Sailak, 236/2015 Dekretuaren bosgarren xedapen gehigarria betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistema hobetzeko plana onartu du. Plan horretan, euskal hezkuntza-sistema osoa ekitatearen eta kalitatearen aldetik bikaintasunerantz joateko neurri guztiak daude jasota, eta, bertan, garrantzi berezia izango dute konpetentzien araberako ereduaren bidez Oinarriko Hezkuntzaren helburuak lortzeko estrategiek. Plan horretan jasota dauden ildo estrategikoetako bat da «Hezkuntza-komunitatearen prestakuntza» bultzatzea. Unibertsitateaz kanpoko irakasleen etengabeko prestakuntzarako planaren lehentasuneko ildo bat ere bada. Nazioarteko ikerketek bat egiten dute esatean irakaskuntza hobetu nahi duen edozein ekimen irakasleen mende dagoela, aldaketaren eragile nagusiak baitira; izan ere, hezkuntzaren kalitatearen hobekuntza irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzaren mende dago.
Ekitatearen eta bikaintasunaren helburu horiek lortzeko, hezkuntza-sistemak prest egon behar du hezkuntza-lanaz eta eskola-testuinguruko ikaskuntzaz etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetzeko. Eta hezkuntza-komunitate osoa, bai hezkuntza-zentroa, bai irakasleak eta gainerako profesionalak, baita familiak ere, funtsezko eragileak dira irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan, eta etengabeko hobekuntza-prozesuaren eragile aktibo izan behar dute.
Horregatik, proposatzen da prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, inpaktu nabaria izan dezaten, hasierako egoera aldatzen dela ikusteko gisan. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta -esperientziek inpaktu handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitiete, eta antolaketa aldatzeko bidea izan baitaitezke. Hori dela eta, Hezkuntza Sailak ikastetxe guztiak gonbidatzen ditu proiektuak aurkez ditzaten, irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntzaren bidetik eramateko, inpaktu positibo bat sorraraziz ikastetxearen ohiko dinamikan eta lan-praktika egokiak partekatuz, bai ikastetxean bertan bai beste ikastetxeekin, eta horrela «inter pares» prestakuntzaren balioa azpimarratuz.
Horiek horrela, xedapen hauekin bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra; Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua, zeinaren bidez arautzen baitira EAEko herri-administrazioaren dirulaguntzak; eta, 2019rako luzatutako 2018ko Aurrekontu Orokorrak onetsi zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legeak baimendutako kredituen arabera, nahikoa aurrekontu-zuzkidura badagoenez; eta bat etorriz aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da dirulaguntzak ematea 2019-2020ko ikasturtean zehar hezkuntza-sistemaren bikaintasuneranzko bidean honen bidez zehaztuko den prestakuntza-proiektu motaren bat egiten duten unibertsitateaz kanpoko edozein maila eta motatako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei –heziketa-zikloak soilik ematen dituztenei izan ezik–:
– Berrikuntza-proiektu integralak.
– Curriculuma aberasteko proiektuak.
– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
2. artikulua.– Onuradunak.
Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan unibertsitateaz kanpoko edozein irakaskuntza-maila edo -motak emateko baimena badute, heziketa-zikloetako irakaskuntzak soilik ematen dituztenak izan ezik.
3. artikulua.– Deialdiaren diru-zuzkidura eta dirulaguntzak emateko prozedura.
1.– Helburu hori lortzeko, 480.000 euro bideratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partiden kontura.
2.– Zuzkidura hori honela banakatuta geratzen da, diruz lagundu daitezkeen proiektu-modalitateen eta lurralde historikoen arabera:
a) 104.000 euro, berrikuntza-proiektu integraletarako, lurraldeka honela banatuta: 16.000 euro Arabarako, 50.000 euro Bizkairako eta 38.000 euro Gipuzkoarako.
b) 30.000 euro, curriculuma aberasteko proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 8.000 euro Arabarako, 12.000 euro Bizkairako eta 10.000 euro Gipuzkoarako.
c) 346.000 euro, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 56.000 euro Arabarako, 165.000 euro Bizkairako eta 125.000 euro Gipuzkoarako.
3.– Lehiaketa bidezko prozeduraren bidez esleituko da lurralde historiko bakoitzeko eta diruz hornitu daitekeen proiektu-mota bakoitzeko dirulaguntza. Horretarako, aurkeztutako eskabideak konparatu eta lehentasunak finkatuko dira, I. eranskineko balorazio-baremoaren arabera. Ondoren, agindu honek ahalbidetzen duen gehieneko zenbatekoa esleituko zaie, 14. artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntuazioa lortzen dutenen artean, puntu gehien lotu dutenei; eta, horrela, hurrenez hurren, balorazio-faseko puntuazioaren beherako hurrenkeran, ezarritako onuradunen gehieneko muga bete arte edo, hala badagokio, prozedura honi esleitutako kontsignazio ekonomikoa agortu arte. Berdinketarik badago, honako hauek izango dute lehentasuna: 2018-2019ko ikasturtean, ikasturte horretarako deialdiaren babespean finantzaketa ekonomikorik lortu ez zuten ikastetxeen proiektuek. Hala eta guztiz ere, berdinketak bere horretan segitzen badu, honako hauek izango dute lehentasuna: ikasle bekadunen ehunekorik handiena duten ikastetxeek.
4.– Ebazpenaren helburu izango dira, lehenik, berrikuntza-proiektu integralei dagozkien prozedurak. Prozeduraren batean esleitutako diru-zuzkidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektu integral nahiko aurkeztu ez direlako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino txikiagoak direlako, sobera geratzen den dirua lurralde historiko bereko hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagokien zuzkidurari gehituko zaio. Bigarrenik, curriculuma aberasteko proiektuei dagokien prozedura ebatziko da. Lehengo prozeduran egindako modu berean, baldin eta esleitutako diru-zuzkidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten curriculuma aberasteko proiektu nahiko aurkeztu ez direlako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino txikiagoak izan direlako, sobera geratzen den dirua hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagokien zuzkidurari gehituko zaio. Azkenik, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuei dagozkien prozedurak ebatziko dira.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak eta dirulaguntzen zenbatekoa.
1.– Ikastetxe eskatzaile bakoitzak proiektu mota bakarrerako finantzaketa eskuratuko du deialdi honen kontura (berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak). Nolanahi ere, 1. artikuluan jasotako modalitate bakoitzerako eskabidea aurkez daiteke. Kasu horretan, honela jardungo da:
– Baldin eta ikastetxe berak proiektu mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta eskabide bi horietako proiektuen edukia bera bada, hautaketa-prozeduretatik kanpo geratuko dira biak.
– Ikastetxe berak proiektu mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta proiektuon edukia desberdina bada, berrikuntza-proiektu integrala baloratuko da lehenik, eta, dirulaguntza ematen bazaio, curriculuma aberasteko proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua ez dira sartuko balorazio-fasean, eta dagokien esleipen-prozeduratik kanpo geratuko dira.
2.– Zer proiektu finantzatzeko ematen den, hura garatzeko eta gauzatzeko zuzeneko gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko dirulaguntza; nahi izanez gero, gastu guztiak ordaintzeko, hala nola hizlariak kontratatzekoak eta proiektuan parte hartzen duten irakasleek proiektuari loturiko jarduerak egitekoak. Prestakuntza-jardueraren gastu gisa hartu ahal dira honako hauek: prestakuntza-jardueraren kostua –prestakuntza ematen duen erakundeak aurkeztutako aurrekontuaren arabera–, prestakuntzarako laguntza-material bibliografikoa eta hizlariaren lekualdatzeak, ostatuak edo mantenuak eragindako dietak, hizlaria prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa bada eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen badira. Hizlariaren lekualdatzeak, ostatuak edo mantenuak eragindako gastuei dagokienez, hemen ezarritako irizpide ekonomikoak hartuko dira kontuan: 121/2006 Dekretua, ekainaren 13koa, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzko dekretua hirugarren aldiz aldatzeko dena. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdaketa- edo mantenu-gastuak.
3.– Proiektuari atxikita egonda diruz lagundu daitezkeen gastuen % 100 lagunduko da diruz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31 artikuluan xedatuaren arabera, gehieneko hauekin, betiere:
– 3.000 euro, berrikuntza-proiektu integralen edo curriculuma aberasteko proiektuen modalitatean, lehendabizi aurkeztutako proiektuetarako.
– 2.000 euro, 2018-2019ko deialdian modalitate horretarako dirulaguntza eskuratu zuten berrikuntza-proiektu integralek eta curriculuma aberasteko proiektuek bigarren urtea egin dezaten.
– 1.000 euro, 2017-2018ko eta 2018-2019ko deialdietan modalitate horretarako dirulaguntza eskuratu zuten berrikuntza-proiektu integralek eta curriculuma aberasteko proiektuek hirugarren urtea egin dezaten.
– 2.000 euro, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako.
4.– Dirulaguntzarako gastuak 2019ko irailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era bitartekoak izango dira. Azpikontratazioaren gehieneko ehunekoa % 50 izango da. Azpikontratazio horrek bete beharko du oinarrizko araudi gisa hauek xedatutakoa: Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. artikulua (2003ko azaroaren 18ko BOE, 276. zk.) eta Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamenduaren 68. artikulua (2006ko uztailaren 25eko BOE, 176. zk.).
5. artikulua.– Baztertzeak.
Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, bai eta honako hauek ere:
a) «L3. Elebitasuna, hezkuntza eleaniztunaren esparruan» bultzatzeko lehentasuneko ildoko berrikuntza-proiektu integralak, curriculumak aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, ildo hori berori beste deialdi batzuen barruan egoteagatik.
b) «L4. Ikasmaterialak eta Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak» bultzatzeko lehentasuneko ildoko berrikuntza-proiektu integralak, curriculumak aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, ildo hori berori beste deialdi batzuen barruan egoteagatik.
c) Ikastetxe berak aurkezten dituen berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta haien edukia bera bada.
d) Irakasleentzako jarduerak bakarrik garatzen dituzten eta irakaskuntza-lanaren ondorio diren berrikuntza-proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta ikastetxeko ohiko jardunaren parte badira eta ez irakaskuntza-ikaskuntza prozesuena.
e) Hiru ikasturtean garatutako berrikuntza-proiektu integralak.
f) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
g) Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta aurkezten dituzten ikastetxeek horrelako proiektuak egiteko zuzkidura eskuratu bazuten aurreko bi ikasturteetan (2017-2018 eta 2018-2019) eta proiektu berri horrek alderdi berritzailerik ez badakar edo aurreko ikasturtean landutako gaiak garatzen ez baditu.
6. artikulua.– Berrikuntza-proiektu integralak eta curriculuma aberasteko proiektuak.
1.– Deialdi honen ondorioetarako, berrikuntza-proiektu integralen eta curriculuma aberasteko proiektuen ezaugarriak honako hauek dira:
a) Ikastetxeak bultzatu nahi duen hezkuntza-ereduaz sakon hausnartzeko proiektuak dira hezkuntza berriztatzeko proiektu integralak, eta aldatu nahi den hezkuntza-jardueraren zeharkako alderdi nagusiei ekitea dute helburu. Garrantzitsuak izateagatik, ikasturte bat baino gehiago behar dute horrelako gaiek, baita hezkuntza-komunitatearen akordioa ere. Heziberri 2020 planaren esparruan, hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta zentroaren hezkuntza-ereduaren gainean hausnartzeko aukera ematen diete ikastetxeei, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan behar diren hobekuntzak sartzeko, konpetentzietan oinarritutako ikuspegitik. Bi ikasturte iraungo dute gutxienez, eta hiru gehienez.
b) Curriculuma aberasteko proiektuak dira ikasgelan metodologia aktiboak ezartzea, eta maila goreneko gaitasunak izan zein ez, ikasle guztien gaitasun bikainak edo berariazko talentuak atzemateko, ulertzeko eta aberasteko jarduera-programak garatzea helburu duten horiek, ikasleengan ikasteko motibazioa eta lorpen pertsonala eta kolektiboa izateko motibazioa pizteko. Proiektuak eskolaz kanpoko jarduerak egiteko aukera ere jaso ahal izango du, baldin eta egiten diren jardueren % 25 baino gehiago ez badira.
Curriculuma aberasteko proiektuak hiru ikasturtetan egingo dira. Lehenengoan, irakasleek prestakuntza jasoko dute curriculuma aberasteari, gaitasun bikainei eta askotariko adimenei buruz eta ikastetxean ikaste-prozesuetan bestelako beharrizanak dituzten ikasleak atzematen ikasiko dute. Bigarren urtean, proiektuak ikasleenganako arreta eta ikasgelan curriculuma aberasten lagunduko duten metodologia aktiboen garapena izango ditu ardatz. Hirugarren urtean, proiektua finkatzera bideratuko da eta emaitzak ebaluatuko dira, proiektuan ezarritako adierazleen arabera.
2.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek eta curriculuma aberasteko proiektuek ikastetxeko hezkuntza-proiektua, irakurketa-plana eta urteko plana izango dituzte erreferente gisa –ebaluazio diagnostikoaren ondorio baitira–, eta Hezkuntza Sailak finkatutako oinarrizko konpetentzia edo ildo nagusi bati edo gehiagori helduko diote. Interesa duen ikastetxeak eskura zaion aplikazio informatikoan (https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2019/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/) bete beharko ditu proiektu integralaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak, eta ikastetxearen urteko plana erantsiko du.
3.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek eta curriculuma aberasteko proiektuek honako apartatu hauek izan beharko dituzte:
– Diagnostikoa.
– Helburu estrategikoak, proiektuak dirauen bitartean garatuko direnak.
– Helburu orokorrak, ikasturtean zehar garatuko direnak.
– Hartzaileak.
– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.
– Aurrekontua.
– Plangintza eta gauzatzeko egutegia Garapen-faseak eta epeak.
– Proiektua ebaluatzeko irizpideak, eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.
4.– Jarraipen-eskabidean, 2017-2018ko edo 2018-2019ko deialdietan berrikuntza-proiektu integral bat egiteko dirulaguntza eskuratu zuten eta 2019-2020ko ikasturtean ere dirulaguntza eskuratu nahi duten ikastetxeek aipatu beharko dituzte bai aurreko puntuan aipatutako apartatuak bai proiektuaren bigarren edo hirugarren urteari dagozkionak.
5.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralean eta curriculuma aberasteko proiektuan sartuta egon behar du klaustro osoak, orotara. Proiektu bakoitzak gutxienez 45 ordu izango ditu aurreikusita garatzeko eta gauzatzeko.
6.– Nahiz eta proiektu mota biek (hezkuntza berriztatzeko proiektu integrala eta curriculuma aberasteko proiektua), hezkuntza-mailako ikasturte batek baino gehiago iraun, eskatutako dirulaguntza 2019-2020ko ikasturterako baino ez da izango. Beraz, hurrengo ikasturteetan proiektuak ezartzeko, dirulaguntzarik behar izanez gero, proiektua egiten den urteroko deialdietan eskatu beharko da.
7. artikulua.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
1.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuen helburua da ikastetxean garatzen den hezkuntza-jardueraren arloren bati ekitea eta hor esku hartzea, ikasturte bakar baten barruan. Heziberri 2020 planaren esparruan, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek zeharkako gaitasunak lortzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete ikastetxeei, eta, era berean, aukera eskaintzen diete ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukitik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko.
2.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek kontuan izango dute ikastetxearen hobekuntza globala, eta, hortaz, honako hauek izango dituzte erreferentzia nagusi gisa: batetik, ebaluazio diagnostikotik sortzen den urteko plana eta, bestetik, Hezkuntza Sailak finkatutako ildo nagusiak. Gainera, arreta berezia jarriko dute irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan eta oinarrizko konpetentzien garapenean. Gutxienez hezkuntza-etapa batean aplikatuko da, eta hango irakasleek parte hartu beharko dute. Aplikazio informatikoan (https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2019/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/), proiektu integralaren edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuari buruzkoak adieraziko dituzte ikastetxeek, eta, hala badagokio, ikastetxearen urteko plana erantsiko dute.
Proiektuak honako atal hauek izan beharko ditu:
– Diagnostikoa.
– Helburu orokorrak.
– Hartzaileak.
– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.
– Aurrekontua.
– Plangintza eta gauzatzeko egutegia Garapen-faseak eta epeak.
– Proiektua ebaluatzeko irizpideak, eta emaitzak eta inpaktua neurtzeko adierazleak.
3.– Ez da eskabiderik onartuko baldin eta eskabideko hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak 2016-2017ko, 2017-2018ko edo 2018-2019ko deialdietako batean ikastetxeek beraiek aurkeztutako proiektuen errepikapen soila badira.
4.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eragiten dien irakasleen % 80 inplikatu behar ditu gutxienez, eta proiektuko ataza bakoitzean parte hartzen duten pertsonak hartuko dira kontuan. Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu aurreikusita garatzeko eta gauzatzeko.
8. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.
1.– Prozeduran parte hartzeko, eskabidea behar bezala eta epean aurkeztu beharko dute ikastetxeek, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan, deialdi honen 10. artikuluan xedatuarekin bat etorriz.
2.– Honako egoeraren batean dauden ikastetxeek ezin izango dute laguntza eskatu, eta ezin izango dira erakunde onuradun izan:
– Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan azaldutako egoeraren batean daudenak.
– Dirulaguntza edo laguntza publikoak jaso ahal izateko aukera galtzea dakarren zigor penal edo administratiboren bat duten zentroak, eta horretarako ezgaitzen duten lege-debekuetan sartuta daudenak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexuagatiko diskriminazioan erortzeagatik gertatutakoak barne.
– Zentro eskatzaileek egunean izan behar dituzte dirulaguntzak itzultzeko ordainketa-betebeharrak; betekizun hau eskatuko da bai onuradun bihurtzeko bai emandako dirulaguntza likidatu arte onuradun izaten segitzeko.
Alde horretatik, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango dute erakundeek, erakunde onuradun izateko debekua dakarten egoeretan sartuta ez daudela justifikatzeko; dena dela, horrek ez du balioko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela justifikatzeko.
3.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, hala badagokio, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
4.– Dirulaguntzaren eskabidea aurkezteaz batera eskatzaileak laguntza ematen duen organoari baimena ematen dio zuzenean egiazta dezan laguntzak eskatzen dituzten erakundeek zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; izan ere, organo kudeatzaileak automatikoki eta behar beste aldiz egiaztatuko du hori, eta ez du eskatzaileen baimenik beharko horretarako, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorra onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 22. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz. Erakunde eskatzaileak berariaz egin diezaioke uko baimen horri, eta, hala eginez gero, ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu, Dirulaguntzen Erregelamendu Orokorraren 22. artikuluan azaltzen den moduan.
5.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:
– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako dirulaguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik ezein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.
– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
– Eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela, eta ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasotako egoeraren batean.
– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak badakiela zer proiektu aurkeztu den eta onartu egin duela.
– Proiektuaren datuak bete dituela hemen:
https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2019/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/
6.– Deialdiko dirulaguntzen onuradun bihurtzeko eskatutako betekizunak bete egin behar dira emandako dirulaguntza likidatu arte; beraz, egiaztatuko da bete egiten direla dirulaguntza emateko orduan eta ordainketak egiteko orduan.
9. artikulua.– Proiektua aurrera eramateko laguntzak.
1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du proiektu integrala, curriculuma aberasteko proiektua edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua martxan jartzen direla; eta ikasketa-burutzak garapen guztia koordinatu behar du, edo, bestela, irakasle bat jarri behar du koordinatzaile gisa. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.
2.– Ikastetxeak, bere burua antolatzeko autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-ordutegiak egokitu ahal izango ditu, eskola-orduen kopuruari eta banaketari dagokienez, proiektuan duten funtzioarekin bateragarri egiteko; betiere, kasuan kasuko irakaskuntzen ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.
3.– Proiektu integral bat, curriculuma aberasteko proiektu bat edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu bat onartuta daukaten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat izango dute gutxienez, zonako Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz. Gainera, curriculuma aberasteko proiektu bat onartuta duten ikastetxeetako irakasleek lehentasuna izango dute Berritzegune Nagusiak esparru horretan antolatzen duen prestakuntzan.
6. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Egoitza elektronikoan aurkeztu beharko dira, bitarteko elektronikoen bidez: https://www.euskadi.eus Ikastetxe bakoitzak hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektuaren modalitateetariko bakoitzerako eskabide bat aurkeztu ahalko du. Modalitate bererako eskabide bat baino gehiago aurkezten badu, horiek guztiak ezetsiak izango dira.
2.– Eskabide-eredua (II. eranskina) egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2019/bikaintasunerantz/y22-izapide/eu/ 1. artikuluko proiektu-mota baterako edo gehiagorako eskabidea egin ahal izango dute ikastetxeek.
3.– Zentro eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten moduan. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskabidea egin ostean, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ web-orriaren bidez egin beharko dira hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak, bai eta justifikazio-izapidea ere.
4.– Eskabideak oso-osorik betetzen ez badira, ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
11. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak.
12. artikulua.– Ebaluazio-batzordea.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio-batzorde bat sortuko da. Bertan, bi sexuetako ordezkariak egongo dira, eta gutxienez % 40ko orekari eutsi beharko zaio. Honako hauek osatuko dute balorazio-batzordea:
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburua izango dena.
– Hezkuntza Berriztatzeko Lurraldeburutzen arduradunek edo haiek izendatutako ordezkariak.
– Berritzeguneko zuzendari bat, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.
– Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuko teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.
13. artikulua.– Eskabideak hautatzea.
1.– Proiektuak aukeratzeko, eskabideak baloratzeko finkatutako I. eranskineko baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten proiektuak.
2.– Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahal izango dizkie laguntza-zerbitzuei.
3.– Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dizkio. Proposamen horietan, onartzeko proposatutako proiektuen zerrenda sartuko da: proiektu integralak, curriculuma aberasteko proiektuak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak. Zerrendarekin batera, adierazita agertuko da horietariko bakoitzari zer dirulaguntza ematea proposatzen den. Halaber, kanpoan utzitako eskabideen zerrenda ere sartuko da, arrazoiak adierazita.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebaluazio-batzordearen proposamena ikusiko du eta, sei hileko epean, ebazpena emango du agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadin.
2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.
3.– Epe horretan jakinarazi ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen; horrenbestez, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen elektronikoa egin eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Erakunde onuradunei dirulaguntza horiek emateko –eta, hala badagokio, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo dirulaguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
15. artikulua.– Ziurtagiriak.
Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta egiteko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jaso badu soilik, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio proiektu-mota bakoitzerako ezarritako orduak: 45 ordu, proiektu integrala edo curriculuma aberasteko proiektua bada; 30 ordu, hezkuntza berritzeko prestakuntza-proiektu bat bada. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean proiektu-deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, inoiz ez zaio irakasle berari emango 90 ordu baino gehiagoren ziurtagiririk Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.
16. artikulua.– Dirulaguntzen bateraezintasuna.
Dirulaguntza hauek ezin dira bateratu helburu bererako beste ezein laguntzarekin, iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak izan.
17. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen betebehar espezifikoak.
Deialdi honetako dirulaguntzen ikastetxe onuradunek beti bete beharko dituzte Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluak adierazitako betebeharrak, bai eta finantzaketaren izaera publikoak dakarren publikotasun egokirako neurriak hartzeko betebeharra ere lege beraren 18. artikuluaren 3. eta 4. apartatuetan jasotakoarekin bat:
a) Emandako dirulaguntza onartzea. Ildo horretatik, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera– ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badute, onartutzat joko da dirulaguntza.
b) Proiektua ikastetxeko urteko planean sartzea.
c) Zertarako ematen den dirulaguntza, horretarako erabiltzea; hau da, onartutako berrikuntza-proiektu integrala, curriculuma aberasteko proiektua, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua eta proiektuotan adierazitako jarduerak egiteko erabiltzea.
d) Zonako Berritzegunearekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin lankidetzan jardutea, proiektuarekin zerikusia duten aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan.
e) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako diru-zuzkidura dela eta.
f) Proiektua gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea.
g) Berrikuntza-proiektu integralak edo curriculuma aberasteko proiektuak egiteko diru-zuzkidura esleitzen zaien ikastetxeei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin eta EHUrekin elkarlanean arituko dira, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntzeko, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako ikasleak onartuz, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterreko praktiketako ikasleak ere.
18. artikulua.– Dirulaguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko dirulaguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:
a) Lehendabizikoan, parte hartzeko hautatutako proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 70; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, berariazko ukapenik egon ezean.
b) Bigarren igorpena 2020an egingo da, hurrengo apartatuan aurreikusitako baldintzen arabera emandako dirulaguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.
2.– 2020ko ekainaren 15a baino lehenago, proiektuaren garapenari eta ebaluazioari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko dituzte ikastetxe onuradunek, https://www.euskadi.eus/nirekarpeta/ webgunean.
Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira inpaktuaren adierazle gisa: landutako materialen kopurua eta edukia; zenbat ikaslerengan izan duen eragina; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa, eta ea, prestakuntzaren barruan, praktikaren bat ezarri den ikasgelan.
Justifikazio-kontuan, jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Dirulaguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, adieraziko da zer desbideraketa egon den aurrekontu hori oinarritzat hartuta, bai eta dirulaguntzako jarduera finantzatu duten bestelako sarreren xehetasunak ere, zenbat eta nondik etorri diren adierazita.
3.– Hezkuntza Sailak justifikazio-kontuan aipatutako gastuen egiaztagiriak bidaltzeko eskatuko die proiektu integralak edo curriculuma aberasteko proiektuak aurkeztu dituzten hiru zentro onuraduni (bat lurralde bakoitzeko) eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (bi Arabakoak, hiru Bizkaikoak eta beste hiru Gipuzkoakoak), dirulaguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.
19. artikulua.– Dirulaguntzaren baldintzak aldatzea.
Dirlaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan aldaketarik eginez gero, jakinarazi egin beharko da eta, ondorioz, gerta daiteke dirulaguntzak eman dituen ebazpena aldatzea, betiere onuraduna izateko dirulaguntza-arauan ezarritako gutxieneko baldintzak errespetatuta. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako dirulaguntzaren zenbatekoa gainditzen, zuzkidura hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.
20. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Ikasturtearen amaieran, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du aukeratu diren hezkuntza-bikaintasunerako prestakuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten horiek Irakasleen Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde Burutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.
2.– Proiektuen garapenean, ikasturtean zehar, gorabehera esanguratsurik gertatuz gero, zonako Berritzeguneko zuzendaritzak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari eta Lurralde Burutzari emango die horren berri, eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak behar diren neurriak har ditzan deialdi hau behar bezala bete dadin.
3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak, ikastetxeei egindako bisitaldietan, kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren proiektuak, ikastetxeko urteko planean jaso behar baitira. Ez-betetzerik ikusiz gero, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraziko dio.
21. artikulua.– Ez-betetzearen araubidea.
1.– Dirulaguntzen erakunde onuradunek, nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontuen kargurako laguntza publikoak erabiltzeagatik ezartzen den zehapen-araubideari eutsi beharko diote, eta –Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritakoa aplikatuz– honako kasu hauetan, berriz, eman eta jasotako zenbatekoa itzuli beharko dute, osorik edo partez, baita aplika daitezkeen legezko interesak ere (berandutze-interesa barne dela):
a) Hauetan adierazitako itzulketa-kausaren batean egotea: Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluaren 1. apartatua, edo Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 91. artikulutik 93. artikulura.
b) Erakunde onuradunak dirulaguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen xede bererako.
c) Ez gauzatzea dirulaguntza ematea eragin zuen jarduera.
d) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.
e) Oro har, ez betetzea Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan ezarritako betebeharrak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen aipatutako legea), bai eta agindu honetan edo emakida-ebazpenean ezarritakoak ere.
2.– Itzulketarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedura beteko da, hargatik eragotzi gabe bidezkoak diren gainerako ekintzak; dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
22. artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 13ko 3/2018 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako prestakuntza- eta berrikuntza- proiektuak» izeneko fitxategi batean sartuko dira, 19. zenbakiaz, dirulaguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eskubideak eta tratamenduaren aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo behar da (Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten lagunek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan aipatutako dirulaguntzak honako hauetan xedatutakoaren mende egongo dira: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 30/2015 Legea; Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. tituluan eta VII. tituluaren III. kapitulua; Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean adierazitako oinarrizko araudia, eta azken horren erregelamendua onartzen duen 887/2006 Errege Dekretua.
Agindu honetan araututako laguntzek EBko Funtzionamendurako Tratatuaren 107.1 artikuluan ezarritako eskakizun guztiak betetzen ez dituztenez, ez dira estatuaren laguntzatzat hartzen; beraz, ez zaio Europako Batzordeari jakinarazpenik egin behar.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Agindu honek ondorioak izango ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.