EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2019082

AGINDUA, 2019ko apirilaren 5ekoa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baitira 2018-2019 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2019-04-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201902078
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/03/25ean argitaratutako 2011/03/15eko 201100035 DEKRETUA
  • Ikus 2013/02/27an argitaratutako 2013/02/19ko 201300166 DEKRETUA

Batxilergoko Sari Nazionalak arautzen dituen uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduaren xedea da Batxilergoko Sari Nazionalak sortzea Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan –Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatua– zehazten diren batxilergoko modalitateetako edozein aprobetxamendu bereziz burutu duten ikasleak saritzea. Gainera, haren laugarren artikuluan xedatzen duenez, Batxilergoko Sari Bereziak iragarri eta eman ahal izango dituzte eskumeneko hezkuntza-administrazioek, dagokien eskumenen eremuetan.
Otsailaren 19ko 166/2013 Dekretuak –martxoaren 15eko 35/2011 Dekretua aldatzen duena– Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko Sari bereziak arautzen ditu, eta horiek emateko eskakizunak ezartzen. Proba urtero deituko dela xedatzen du dekretu horrek, eta urteroko deialdiak nola gauzatu behar diren ere azaltzen du.
Hezkuntza Sailaren xedea da 2018-2019 ikasturtean Batxilergoko ikasketak ibilbide akademiko bikainarekin burutzen dituzten ikasleen esfortzua eta lana aitortu eta sustatzea.
Horretarako, eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren proposamenari jarraikiz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– 2018-2019 ikasturteko Batxilergoko Sari Berezien deialdia onartzea, agindu honen I. eranskinearen oinarriekin bat.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Prozedurari dagokionez agindu honetan arautu gabeko kasuetan, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak ezarritakoa aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Datu Pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorrita, eta Datu Pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 legearekin bat etorrita, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak parte-hartzaileek tratatzea eta argitara ematea baimendu dituztenak «Batxilergoko Aparteko Sariak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua deialdi hau eta, hala badagokio, Batxilergoko Sari Nazionalak kudeatzeko, baita deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren ardura Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak du. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideak baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
AZKEN XEDAPENETAKO LAUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 5a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
2018-2019 IKASTURTEKO BATXILERGOKO SARI BEREZIEN DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehenengoa.– Xedea eta aplikazio-eremua.
2018-2019 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak iragartzen dira, deialdi honetan ezarritako baldintzetan.
Bigarrena.– Eskakizunak.
Batxilergoko Sari Berezia eskuratu ahal izateko, eskakizun hauek bete beharko dituzte ikasleek:
a) 2018-2019 ikasturtean, batxilergoko edozein modalitatetako bigarren maila EAEko zentroren batean eginda eta gaindituta izatea, aurrez aurre edo urrutitik.
b) Ikasleek batxilergoko bi ikasturteetan gutxienez 8,75 puntuko edo gehiagoko kalifikazioa izatea, batez beste. Batezbesteko nota izango da kontatzen duten 1. eta 2. mailetako ikasgai bakoitzean lortutako kalifikazioen batez besteko aritmetikoa, ehunen gertuenera biribilduta, eta distantzia berean egonez gero, handienera jota.
Hirugarrena.– Sarien kopurua.
1.– 2018-2019 ikasturtean, 15 Batxilergoko Sari Berezi deituko dira EAEn.
2.– Batxilergoko Sari Berezia eskuratzen dutenek horren egiaztagiria jasoko dute. Gainera, Hezkuntza Sailak antolatzen duen bidaia-programan parte hartu ahal izango dute, ingelesezko ikastaroak atzerrian egiteko, dagokion deialdian zehaztutakoaren arabera.
3.– Sari Berezia lortzen duten ikasleak Batxilergoko Sari Nazionala jasotzeko hautagai izan daitezke, baldin eta aurrez horretarako izena ematen badute eta, gainera, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko Estatuko Idazkaritzaren Ebazpenean ezarritako eskakizunak betetzen badituzte.
Laugarrena.– Izena emateko prozedura eta epea.
1.– Batxilergoko bigarren mailari dagokion azken ebaluazioko saioa egin ondoren, eta ikasleei azken kalifikazioak jakinarazi eta gero, ikastetxeek agindu honetan ezarritako eskakizunak eta baldintzak betetzen dituzten ikasleei informazioa emango diete Batxilergoko Sari Berezietara aurkezteko aukerari buruz.
Deialdi honetan aurreikusitako data eta jardueren egutegia II. eranskinean jasota dago.
2.– Agindu honen bigarren oinarrian xedatutako eskakizunak betetzen dituzten eta Batxilergoko Sari Berezia eskuratzeko hautagai izan nahi duten ikasleek, izena eman nahi badute, «on line» eskabidea aurkeztu beharko dute beren ikastetxeko idazkaritzan, III. eranskineko ereduari jarraituz, Hezkuntza Administrazioak horretarako prestatuko duen aplikazioaren bidez.
Ikasle bakoitzak dagokion ikastetxearen idazkaritzan aurkeztuko du eskabidea, behar bezala sinatuta, eta hark sarrera-erregistroa emango dio.
3.– Hautagai bakoitzak sinatutako eskabidea eta ikastetxeko zuzendariak behar bezala bete eta sinatutako agiri akademikoa dagokion ikastetxeko idazkaritzan gordeko dira, probako Epaimahaiaren eskura. Epaimahai horrek dokumentazio hori eskatu ahal izango du, bai probak egiten diren bitartean, bai probak amaitu ostean.
4.– Desgaitasunen bat duten ikasleek proba egiteko egokitzapenen bat behar badute, III. eranskinean aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko dute.
5.– Izena emateko epea amaitu eta hurrengo egunean, ikastetxe bakoitzak iragarki-taulan argitaratuko du izena eman duten ikasleen zerrenda.
6.– II. eranskinean adierazitako egunean, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko zerrenda, eta baztertutakoen kasuan adieraziko da horren zergatia eta zer epe dagoen balizko akatsak edo adierazi gabeko datuak zuzentzeko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluaren arabera.
7.– Egon litezkeen akatsak edo adierazi gabeko datuak zuzentzeko epea bukatu ostean, zeinak Epaimahaiko buruari bidaliko baitzaizkio, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko da onartutako ikasleen behin betiko zerrenda, bai eta, hala badagokio, baztertutako ikasleena ere, erabaki hori zergatik hartu den adierazita.
8.– Sarituren batek agindu honetan jasotako eskakizunen bat betetzen ez badu, saria galduko du, eta sari hori puntuaziorik altuena lortu duen hurrengo hautagaiari emango zaio.
Bosgarrena.– Proben edukia eta balioestea.
1.– Batxilergoko Sari Berezirako hautagaiek, proba euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dute, eskabidean eskatutakoari jarraituz.
Honako hau izango da probaren egitura:
Lehenengo zatia:
Modalitateko berezko nahitaezko irakasgaia: idatziz ebaztea batxilergoko 2. mailako modalitateko berezko nahitaezko irakasgaiaren edukiei buruzko galderak edo ariketa praktikoak; izena emateko III. eranskinean jasota egongo da irakasgai hori.
Bigarren zatia:
a) Gaztelania ala euskara: gai orokor bati buruzko testu bati buruzko idazlana edota iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, gaztelaniaz edo euskaraz idatzia (parte-hartzaileak izena emateko eskabidean adierazitako aukeraren arabera).
b) Atzerriko hizkuntza: gai orokor bati buruzko testu baten gaineko idazlana edota iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, eta batxilergoko 2. mailan nahitaezko irakasgai gisa ikasitako atzerriko hizkuntzan idatzita egongo da. Hiztegirik gabe egingo da ariketa, dagokion hizkuntzan.
2.– Honako hau balioetsiko da ariketetan: erantzunen zuzentasuna, azalpenaren argitasuna eta kalitatea, egituraketa, hiztegia egokitasuna, eta hizkuntzaren zuzentasuna.
3.– Epaimahaiak ez dio aukerarik emango hautagaiari aurrez izena emateko inprimakian aukeratutako irakasgaiak edo proba-aukerak aldatzeko.
4.– Probako ariketa bakoitza 0tik 10era bitarteko puntuekin balioetsiko da, bi hamartarrekin gehienez ere. Probaren azken kalifikazioa honela kalkulatuko da: lehenengo zatiko ariketan (modalitateko nahitaezko irakasgaia) lortutako kalifikazioa bider bi, gehi bigarren zatiko ariketetan lortutako kalifikazioen batura.
5.– Saria eskuratzeko aukera izateko, ariketa bakoitzean gutxienez 6,00 puntu lortu beharko dute hautagaiek, eta 32 puntutik gorako kalifikazio orokorra.
6.– Proban kalifikaziorik altuena lortzen duten hautagaiei emango zaizkie sariak.
7.– Berdinketarik egonez gero, lehenengo, bigarren eta hirugarren ariketetan eskuratutako puntuazioa hartuko da kontuan, ordena horretan. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da; epaimahaiko presidenteak emango du horren berri.
8.– Ariketak anonimoak izango dira, eta dagozkion neurriak hartu beharko ditu Epaimahaiko buruak hori bermatzeko.
9.– Deialdi honetan, honela banatuko da ariketak egiteko denbora:
Lehenengo zatia: 90 minutu.
Atsedena: 30 minutu.
Bigarren zatia: 120 minutu.
Seigarrena.– Probak egitea.
1.– Proba, EAErako bakarra, II. eranskinean adierazitako egoitzan, egunean eta orduan egingo da.
2.– Proba egiteko, hautagaiek beren NAN, AIZ edo beste egiaztagiri bat ekarri beharko dute, baita probak egiteko behar diren tresnak ere, IV. eranskinean ezarritakoaren arabera.
3.– Ariketetan jarraitu beharreko etika-, errespetu- eta ordena-arauak betetzen ez dituena probatik baztertzeko legezko gaitasuna du Epaimahaiak. Baztertzeak irakasgai guztietan 0 kalifikazioa ateratzea dakar berarekin.
4.– Hala eta guztiz ere, Epaimahaiak komenigarria dela iritziz gero, aurreko puntuak zabaltzen dituen informazio gehigarriaren berri emango du Hezkuntza Sailaren web-orrian.
5.– Proba egin aurretik, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira ariketa bakoitzaren ebaluazio- eta kalifikazio-irizpideak.
6.– Deialdi honi buruzko informazioa web-orri honetan jakinaraziko da:
http://www.euskadi.eus/batxilergoko-sari-bereziak/web01-a3hakade/eu/
Zazpigarrena.– Kalifikazioak argitaratzea.
1.– Parte-hartzaileek beren notak ikusi ahal izango dituzte horretarako prestatutako aplikazioaren bidez, NANaren zenbakia erabilita gako gisa, eta haren iraungitze-data pasahitz gisa.
2.– Epaimahaiak Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko ditu behin-behineko kalifikazioak, II. eranskinean adierazitako egunean.
Egon litezkeen alegazio edota akatsak zuzendu ostean, Hezkuntza Sailaren web-orri berean argitaratuko dira behin betiko kalifikazioak eta saritzeko proposatutako hautagaiak.
3.– Epaimahaiak sari-kopuru jakin bat proposatuko du guztira (deialdi honetan adierazitakoa, gehienez ere).
Zortzigarrena.– Erreklamazioak.
1.– Ikasleek edo haien legezko ordezkariek, ikasleak adingabeak izanez gero, egoki iritzitako alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote Epaimahaiko buruari, II. eranskinean ezarritako epean.
2.– Erreklamazioek arrazoituak izan beharko dute, eta Hezkuntza Administrazioak deialdi hau kudeatzeko sortutako aplikazioaren bidez egin beharko dira.
3.– Erreklamazio-eskaera eragin duten ariketekin hurrengo prozedura jarraituko da:
a) Lehenengo zuzenketa egin duen zuzentzailea ez den beste zuzentzaile batek berrikusiko ditu ariketa horiek.
b) Lehenengo eta behin, nota kalkulatzean akatsik egin ez dela berrikusiko da, eta ariketa osoa zuzendu eta baloratu dela kudeatuko da.
c) Horrelako akatsik egongo ez balitz, ariketa osoa zuzenduko litzateke. Azken kalifikazioa, lehen eta bigarren zuzenketen arteko batazbesteko aritmetikoa izango da. Lehenengo eta bigarren zuzenketen arteko kalifikazioen artean 2 puntuko aldea baino handiagoa egongo balitz, beste hirugarren zuzentzaile batek zuzenduko luke ariketa. Azken kalifikazioa, hiru zuzenketa horien batazbestekoa izango litzateke.
d) Akatsak egongo balira, horiek zuzenduko lituzke eta ondoren akatsik gabeko atalak zuzenduko lituzke. Behin betiko nota akatsik gabeko ataletan lortutako bi noten batazbestekoa izango zen gehiturik akatsak zuzendutakoan lortutako emaitza.
e) Berrikuspen bat izanik, behin betiko nota, hasierakoa baino altuagoa edo baxuagoa, edo mantendu daiteke.
f) Epaimahaiak behin betiko nota aintzat hartuko du, eta erreklamazio- eskaera egin duenari luzatuko dio ebazpen hori.
Bederatzigarrena.– Ebazpena.
1.– Deialdia Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebatziko du, Epaimahaiak proposatuta. Baldin eta eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazten, eskaerak ezetsitzat jo daitezke, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 122.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
2.– Ebazpen horren aurka, gorako errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoari jarraituz.