EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-05-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2019082

33/2019 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Euskadiko Udalen Elkartearekin (EUDEL) sinatutako lankidetza-hitzarmena, etxebizitza familiarretik botatzea dela-eta kalteberatasun-egoerak hauteman eta izaera sozialeko neurriak hartu ahal izateko.

Xedapenaren zenbakia: 201900033
Xedapenaren data: 2019-04-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201902075
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin eta Euskadiko Udalen Elkartearekin (EUDEL) sinatutako lankidetza-hitzarmena, etxebizitza familiarretik botatzea dela-eta kalteberatasun-egoerak hauteman eta izaera sozialeko neurriak hartu ahal izateko. Honen eranskinean dago jasota testu hori.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko apirilaren 4a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN APIRILAREN 4KO 33/2019 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, BOTERE JUDIZIALAREN KONTSEILU NAGUSIAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA EUSKADIKO UDALEN ELKARTEAREN (EUDEL) ARTEKOA, ETXEBIZITZA FAMILIARRETIK BOTATZEA DELA-ETA KALTEBERATASUN-EGOERAK HAUTEMAN ETA IZAERA SOZIALEKO NEURRIAK HARTU AHAL IZATEKO
Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 27an.
BILDU DIRA:
Carlos Lesmes Serrano jn, Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea, Kontseiluaren Osoko Bilkuraren 2013ko abenduaren 9ko (2. zkiko) Akordioaren arabera eta abenduaren 10eko 979/2013 Errege Dekretuz bidez izendatua (2013ko abenduaren 11ko EBO), Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren (ekainaren 28ko 4/2013 Lege Organikoak aldatu zuen lege hori) 585. artikuluak ematen dizkion ahalmenez baliatuz.
Beatriz Artolazabal Albeniz and., Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 75/2017 Dekretuarekin bat etorriz jarduten duena. Eta Gobernu Kontseiluaren baimena, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55. artikuluak ezarritakoarekin bat.
Iñaki Arriola Lopez jn., Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak xedatutakoarekin bat etorriz jarduten duena. Eta Gobernu Kontseiluaren baimena, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55. artikuluak ezarritakoarekin bat.
M.ª Jesús Carmen San José López and., Lan eta Justiziako sailburua, Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 84/2017 Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz jarduten duena. Eta Gobernu Kontseiluaren baimena, Eusko Jaurlaritzaren Zerbitzu Juridikoaren apirilaren 25eko 144/2017 Dekretuaren 55. artikuluak ezarritakoarekin bat.
Imanol Landa Jauregi jn., Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidentea, erakundearen izenean eta ordezkaritzan, elkarteko estatutuen 21. artikuluarekin bat etorriz.
Aldeek erabaki dute, ordezkatzen dituzten erakundeen izenean, eraginpeko pertsonaren edo pertsonen ohiko bizilekua den familia-etxebizitzatik botatzearen edo etxea utzaraztearen ondorioz sortutako kalteberatasun-egoerak hautemateari buruzko hitzarmen hau sinatzea, neurri sozialak hartu ahal izateko, eta hau
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa.– Konstituzioaren 122.2 artikuluarekin eta Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Legearen 558. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat etorriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia da Botere Judizialaren gobernu-organoa, eta lurralde nazional osoan betetzen ditu bere eskumenak. Halaber, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko presidentea izango da Botere Judizialaren eta Kontseiluaren beraren ordezkari.
Bigarrena.– Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuak 35.3 artikuluan ezartzen duenez, Autonomia Erkidegoari dagokio, bere lurraldearen barruan, Justizia Administrazioa funtzionatzeko beharrezkoak diren baliabide material eta ekonomikoez hornitzea, betiere Botere Judizialaren Lege Organikoan eskumen hori Gobernuari erreserbatzeko egindako zehaztapenen arabera.
Hirugarrena.– Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak eskumenak ditu gizarte-ongizatea eta gizarte-zerbitzuen arloan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 8.1.e) artikuluaren arabera (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena).
Laugarrena.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eskumenak ditu etxebizitzaren arloan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 9.1.g) artikuluan jasotakoa (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzekoa, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finantzatzekoa).
Bosgarrena.– Lan eta Justiziako sailburuak eskumenak ditu botere judizialarekiko harremanen arloan, halaxe xedatzen baitu Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 16.1.e) artikuluak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzekoa, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoa).
Seigarrena.– Euskadiko Udalen Elkartea (EUDEL) euren borondatez parte hartu nahi duten toki-erakundeek osatutako elkarte bat da, dagozkion funtzioak betetzeko nortasun juridiko osoa eta publikoa duena, eta hitzarmenak sinatzeko eta konpromiso zein eginbeharrak bere gain hartzeko gaitasun osoa. EUDELen xede dira, besteak beste, udal-autonomia sustatzea eta defendatzea, elkartekideen interesak instantzia politiko administratiboen aurrean defendatzea eta adieraztea, toki-erakundeek eta bestelako erakundeek batera jarduteko proiektuak sustatzea, erakunde arteko lankidetza bultzatzea, eta udal- erakundeen espiritu europarra garatzea, Europako nazioarteko erakundeetan ordezkariak izan ditzaten sustatuz.
Zazpigarrena.– Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 47. artikuluan xedatutakoaren arabera, Administrazio Publikoek lankidetza-hitzarmenak gauzatu ditzakete zuzenbide pribatuaren mende dauden bestelako erakunde publiko zein juridikoekin.
Zortzigarrena.– 2012. urtetik aurrera, Estatuan hainbat neurri hartu dira, krisialdi ekonomiko eta finantzarioaren ondorioz, familia ugariri eragiten dion kalteberatasun-egoerari aurre egiteko, batez ere hipoteka-zordunenari.
Hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko maiatzaren 14ko 1/2013 Legeak eta haren ondorengo aldaketek ekintza garrantzitsuak txertatzen dituzte arau horretan deskribatzen den ahultasun bereziko egoeran dauden hipoteka-zordunen hipoteka-zorra berregituratzeko.
Neurri horiek kaleratzea bera eten eta kaleratzearen xede den etxe hori bera errentamendu-erregimenean eskuratzeko aukera ematen dute.
Bederatzigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoan, 2012. urtean Eusko Jaurlaritzaren Hipoteka Bitartekotzarako Zerbitzua sortu zen, eraginpeko pertsonen etxegabetzearen ordezko aukerak negoziatzeko finantza-erakundeekin.
Gainera, 2012ko urriaren 15eko Aginduak, Etxebizitza, Herri-lan eta Garraio sailburuarenak, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoak, etxebizitzen esleipen-prozedura orokorretik etxebizitzak salbuesteko aukera jaso zuen, hipoteka betearazteko prozeduraren eraginpeko pertsonei esleitzeko, horiek baldintza batzuk betez gero.
Hamargarrena.– 2013ko ekainaren 18an, etxebizitza familiarretik botatzearen ondoriozko kalteberatasun-egoerak hauteman eta izaera sozialeko neurriak hartzea ahalbidetzeko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak (hemendik aurrera, EAEko Administrazio Orokorra) eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL). Hitzarmen horrek, hipoteka-zordunei ez ezik, errentamenduko ohiko etxebizitzatik botatako pertsonei ere eragiten zien.
2013ko ekainaren 25ean, Bizkaiko Foru Aldundia hitzarmenari atxiki zitzaion, eta haren eskura jarri ditu Azpiegiturak SAU foru-sozietate publikoaren etxebizitzak, Etxebizitzaren Foru Planaren barruan.
Lankidetza-hitzarmen horren xedea zen jarduteko protokolo bat ezartzea hipotekaren bat betearazteko prozeduren zein errenta ez-ordaintzeen ondoriozko utzarazpenetan kalteberatasun bereziko egoerak hautemateko.
Hamaikagarrena.– Ekainaren 11ko 5/2018 Legeak (urtarrilaren 7ko Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legea aldatzen duenak) etxebizitzaren legez kontrako okupazioaz xedatzen duenez, bizi diren etxetik ebazpen judizial baten ondorioz kaleratu behar diren pertsonei loturiko prozedura guztietan, egoera horretan egoteko zergatia dena dela ere, gizarte-politikaren arloan eskumena duten zerbitzu publikoetara jo beharko da, interesdunek horretarako baimena eman badute –zerbitzu horiek jardutea behar bada–, botere publikoek erantzun azkarra emateko kalteberatasun-egoera bereziko egoerak antzematen direnean.
Hamabigarrena.– 2013ko ekainaren 18ko hitzarmenaren betearazpenaren jarraipena egiterakoan, haren gauzapena eragin zuten kausak oraindik ere bere horretan daudela egiaztatu da, eta beraz, zeukan funtzioak eta helburuak bere horretan jarraitzen dutenez, erabateko indar eta aplikagarritasunari eusten dio, aldaketa batzuk eginda.
Kalteberatasun-egoerak hauteman eta gizarte-zerbitzuei ahalik eta arinen jakinaraztea komeni dela egiaztatu da, kasuaren balorazioa gauzatu eta gizarte-laguntza edo gizarte-zerbitzu egokienera jo ahal izateko, hipoteka-hartzekodunen zein pertsona errentatzaileen eskubideak bermatze aldera.
Gizarte-zerbitzuei egin beharreko jakinarazpena jasota dago ekainaren 11ko 5/2018 Legean (urtarrilaren 7ko Prozedura Zibilari buruzko 1/2000 Legea aldatzekoa); izan ere, haren arabera, bizi diren etxetik ebazpen judizial baten ondorioz kaleratu behar diren pertsonei loturiko prozedura guztietan, egoera horretan egoteko zergatia dena dela ere, gizarte-politikaren arloan eskumena duten zerbitzu publikoetara jo beharko da, interesdunek horretarako baimena eman badute –zerbitzu horiek jardutea behar bada–, botere publikoek erantzun azkarra emateko kalteberatasun-egoera bereziko egoerak antzematen direnean.
Beraz, dagoeneko badago auzitegiek gizarte-zerbitzuei espedienteak helarazteko legezko betebeharra, espediente horietan kalteberatasun berezia antzematen baldin badute (aurrez aipatutako arauetan zehaztutako kalteberatasuna).
Hitzarmen hau ibilbide azkar eta eraginkorrago bat ezartzen saiatzen da, bizi diren etxetik prozedura judizial baten ondorioz botatzen dituzten pertsonei konponbide bat eskaintzeko.
Erregistro informatiko bat edukitzea funtsezkoa da erakundeen arteko komunikazioa eta ekintzen azterketa estatistikoa errazteko, espedienteen kudeaketa arina eta eraginkorra izan dadin, eta hautemandako beharrekin bat datorren ikuspuntu sozialean oinarritutako plangintza gara dadin.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, EAEko Administrazio Orokorra eta Euskadiko Udalen Elkartea bat datoz azaldutako diagnostikoan eta prozedura judizialetan edo Justizia Administrazioaren jardunean hauteman daitezkeen kalteberatasun-egoerei erantzuna emateko neurriak modu bateratu eta koordinatuan hartzeko beharrean.
Halaber, bat datoz hitzarmenaren indarraldia mugatzeari dagokionez, bai lankidetza-hitzarmenak gauzatzeko baldintzen bidez, bai maiatzaren 14ko 1/2013 Legean jasotzen den etxegabetzeak eteteko neurriaren indarraldiaren bidez, lege horrekin bat etorri behar baita.
Hori guztia kontuan hartuz, alderdiek lankidetza-hitzarmen hau sinatzea adostu dute, eta 2013ko ekainaren 18koa ordezkatuko du sinatu zuten alderdiei dagokienez, honako klausula hauetan oinarrituz:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Lankidetza-hitzarmen honen xedea da jarduteko protokolo bat ezartzea bizi diren etxetik ebazpen judizial baten ondorioz kaleratu behar diren pertsonei loturiko prozedura guztietan, egoera horretan egoteko zergatia dena dela ere, kalteberatasun-egoera bereziko egoerak antzematen direnean.
Kalteberatasun berezikotzat hartuko dira hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzko maiatzaren 14ko 1/2013 Legean jasotako egoerak.
Bigarrena.– Jarduteko protokoloa.
Organo judizialak, prozedura-fasea edozein dela ere, eragindako pertsonei bizi diren etxebizitzatik kaleratzea lekarkiekeen auziren baten berri jasotzen badu, eta kalteberatasun bereziko egoeran sumatzen baditu, Euskadiko autonomia erkidegoko administrazioko eta foru- zein udal-administrazioetako gizarte-laguntzako zerbitzu eta prestazioei buruzko informazioa emango die, Prozedura Zibilari buruzko 150.4 artikuluan xedatutakoa betez.
Gainera, dagokion udaleko gizarte-zerbitzuei jakinaraziko zaie, betiere prozeduraren arauak eta datu pertsonalak babesteko legeari buruzko arauak betez, Administrazioak egoera aztertu eta behar diren neurri egokiak har ditzan.
Jakinarazpena egiaztatu eta egoera aztertu ondoren, udal organo eskudunak erabaki egokiena hartuko du, honako hauen artean:
Gizarte-zerbitzuek esku hartzeko proposamena egitea; erakundearen ordezkariaren bidez Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzari helarazi ahal izango zaio, babes publikoko etxebizitzak eta antzekoak eskuratzeko baldintzak betetzen badira.
Gizarte-laguntza edo -prestazioren bat izapidetzea.
Beste gizarte-zerbitzu batera bideratzea.
Ezestea, gizarte-zerbitzuen jarduera-alorrari dagokion egoeratzat hartzeko baldintzak betetzen ez direla iritzita, edo dauden bitartekoekin dagoeneko erantzuna eman zaiola uste badu.
Erabakia organo judizialari jakinaraziko zaio.
Hitzarmen honetan ezarritako kanala baliatzeko, alde esku-hartzaileek mota horretako espedienteak izapidetuko dituzten arduradunekin harremanetan jartzeko datuak eman beharko dizkiote elkarri, erregistro edo plataforma informatiko bat sortu eta esku hartzen duten alde guztien kudeaketa eta informazio-truke bateratu eta koordinatua ahalbidetzeko.
Hala, kudeaketa publikoa hobetzeko lagungarria izango da, bitarteko eta zerbitzu publikoak denek erabiliko baitituzte, eta onura publikoko jarduketak ere gehiago izango dira.
Hirugarrena.– Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren konpromisoak.
Inprimaki bat egingo du eragindako pertsonen adostasuna jasotzeko, eta pertsona horien espedientea gizarte-zerbitzuei helaraziko zaie.
Behar diren neurriak hartuko ditu gizarte-arloko zerbitzuei eta programei buruzko informazioa emateko eragindako pertsonei.
Bere eskumenen eremuan, hitzarmen honen xedeari, edukiari eta helburuari buruzko informazio-, prestakuntza- eta ezagutarazpen-jarduerak antolatuko ditu.
Bere eskumenen eremuan, abokatu eta prokuradoreen elkargoen lankidetza eta partaidetza sustatuko du, baita hitzarmen honen xedeen eta helburuen lorpenean esku-hartzea ere.
Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, erregistro informatiko bat egingo du erakundeen arteko komunikazioa eta egindako jarduketen azterketa estatistikoa ahalbidetzeko.
Erakundeko solaskideak nortzuk diren adieraziko du, eragindako espedienteen kudeaketa arina eta eraginkorra izan dadin.
Laugarrena.– EAEko Administrazio Orokorraren konpromisoak.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eta lurraldeko epaitegiei helaraziko die gizarte-zerbitzuen egiturari, sareei, antolaketari, funtzionamenduari eta gizarte-zerbitzuen baliabideei eta gizarte-laguntzako programei buruzko informazioa, informazio hori jasoko duen gida bat online jarriz.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren bidez, erakundeko solaskideak zehaztuko ditu, espedienteak modu arin eta eraginkorrean kudeatzeko.
Babes publikoko etxebizitza edo antzekoa emango du, eragindako udalak hala eskatuz gero, bizikidetza-unitateak etxebizitza horiek eskuratzeko baldintzak betetzen baditu eta Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emanda badago.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erregistro informatiko bat egingo du, erakundeen arteko komunikazioa eta egindako jarduketen azterketa estatistikoa ahalbidetzeko.
Lan eta Justizia Sailak, bere eskumenen eremuan, abokatu eta prokuradoreen elkargoen lankidetza eta partaidetza sustatuko du, baita hitzarmen honen xedeen eta helburuen lorpenean esku-hartzea ere.
Era berean, Lan eta Justizia Sailak, bere eskumenen eremuan, hitzarmen honen xedeari, edukiari eta helburuari buruzko prestakuntzako, informazioko eta dibulgazioko ekintzak antolatuko ditu.
Bosgarrena.– EUDELen konpromisoak.
Kideek hitzarmen honen berri izatea sustatuko du, bertan jasotako konpromisoak betetzen lagun dezaten.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eta lurraldeko epaitegiei helaraziko die udal guztietako gizarte-zerbitzuen egituren, sareen eta baliabideen nahiz gizarte-laguntzako programen gainean duen informazio guztia.
Udalek epaitegien eskaerei berehala erantzutea bultzatuko da.
Erakundeko kideak eta Ingurumen, EAEko Administrazio Orokorreko Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila etxebizitza egokiaren bilaketan lankidetzan aritzea sustatuko du, esleipena egokitzat jotzen bada eta beren etxebizitzak eskuragarri jarrita.
Seigarrena.– EAEko Administrazio Orokorraren, toki-erakundeen eta justizia-administrazioaren arteko komunikazioak.
Komunikazioak bitarteko elektronikoen bidez egingo dira.
Zazpigarrena.– Informazioaren eta emaitzen konfidentzialtasuna.
EAEko Administrazio Orokorrak eta EUDELek konpromisoa hartzen dute beren jardueren ondorioz eskuratzen dituzten datu pertsonalen konfidentzialtasun osoa bermatzeko, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko den abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoak xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, hitzarmena sinatu duten aldeek honako Erregelamendu honen xedapenak beteko dituzte hitzarmena bete eta betearaztean, eta dagozkien eskumenen esparruan eta jarduera-eremuetan: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa (DBEO), datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoen babesari eta datu horien zirkulazio askeari buruzko arauak ezartzen dituena eta 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak babesteko Erregelamendu Orokorra) indargabetzen duena.
Gainera, aldeek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen xedapenetan xedatutakoa beteko dute.
Zortzigarrena.– Hitzarmena gauzatzeko gastuak.
Hitzarmen honek ez dakarkie gasturik alderdi sinatzaileei; izan ere, Justizia Administrazioaren, EAEko Administrazioaren eta toki-administrazioen arteko koordinaziorako formulak egitea du helburu, eta alderdien betebeharrak bakoitzaren eskumenen ohiko garapenean txertatuta daude.
Hitzarmen honetako klausulak betez eta bakoitzak kudeaketa ekonomikoari dagozkion arauen arabera, egin beharreko jardueren kostuak beren gain hartuko dituzte hitzarmen hau sinatu duten aldeek.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren jarraipen-batzordea.
Hitzarmena betetzen eta aplikatzen dela zaintzeko eta kontrolatzeko eta administrazio-eztabaidei buruzko erabakiak hartzeko, organo misto bat sortuko da. Batzorde hori EAEko Administrazio Orokorreko, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta EUDELeko bina ordezkarik osatuko dute.
Batzordeak lau hilabetetik behin egingo ditu ohiko bilerak EAEko Administrazio Orokorraren egoitza nagusian, zerbitzuaren kalitatea bermatzea, disfuntzioak zuzentzea eta esperientzia aztertzea helburu hartuta; eta ohiz kanpoko bilerak egingo ditu behar izanez gero, edozein aldek eskatuta.
Eusko Jaurlaritzako funtzionario batek idazkari gisa jardungo du, hitzarekin baina botorik gabe.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da eta urtez urte urtebeterako luzatuko da –lau urtez gehienez ere– hitzarmenaren edo hitzarmenaren edozein luzapenen indarraldia amaitu baino gutxienez bi hilabete lehenago berariaz hartuko den erabakiaren bidez.
Hamaikagarrena.– Izaera juridikoa.
Hitzarmen honek administrazio-izaera du, eta bertan ezarritako klausulek arautuko dute. Klausula horietan adierazi gabeko alderdietan, berriz, urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean xedatutakoari jarraituko zaio, eta Administrazio Publikoek lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte zuzenbide pribatuaren mende dauden bestelako erakunde publiko zein juridikoekin.
Hamabigarrena.– Hitzarmena indargabetzea.
Hitzarmen hau indargabetzeko kausa izango da bertan ezarritako edozein betebehar eta/edo klausula ez betetzea aldeetako batek, bai eta gai horretan indarrean dagoen araudia eta zehazki Sektore Publikoko Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeko 51.2 artikuluan ezarritako kausak. Horrelakorik gertatuz gero, gainerako aldeek hitzarmena ezerezteko eskubidea izango dute. Horrenbestez, eragindako eskubide guztiak automatikoki baliogabetuko dira; ez, ordea, dagozkien betebeharrak.
Hamahirugarrena.– Aurreko hitzarmena ordeztea.
Hitzarmen hau 2013ko ekainaren 18ko hitzarmenaren nobazioa da, sinatu zuten aldeei dagokionez; lehenagoko hitzarmen hori ondoriorik gabe geratuko da hitzarmen hau sinatzen denetik aurrera.
Aldeek, ados daudela adierazteko, hitzarmen honen hiru ale sinatu dituzte, goiburuan aipatutako leku eta datan.
Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren izenean:
Auzitegi Goreneko eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Presidentea,
CARLOS LESMES SERRANO.
EAEko Administrazio Orokorraren izenean:
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Lan eta Justiziako sailburua,
MARÍA JESÚS CARMEN SAN JOSÉ LÓPEZ.
Euskal Udalen Elkartearen izenean:
Euskadiko Udalen Elkarteko Presidentea,
IMANOL LANDA JAUREGI.